Castellano | Euskara | Français | English
(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2007ko 128. NAOn argitaratua, urriaren 12an. Aldaketak: 64/2009 Foru Dekretua, abuztuaren 10ekoa; 96/2008 Foru Dekretua, irailaren 1ekoa)
Atarikoa
Nafarroako Gobernuko lehendakariak, abuztuaren 16ko 12/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumenen esparrua finkatu zituen. Foru dekretu hori 2007ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 17an.
Halaber, abuztuaren 20ko 57/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen oinarrizko egitura organikoa ezarri zen, gero gehiago garatu bazitekeen ere. Foru dekretu hori 2007ko 104. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 22an.
Bidezko da, beraz, Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bakoitzaren egitura behar bezala garatzea.
Horrenbestez, foru dekretu honek Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren egitura organiko berria finkatzea eta garatzea du xede.
Horiek horrela, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2007ko irailaren 3ko bilkuran harturiko erabakiarekin bat, dekretatu dut:
I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak
1. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren eskumen-esparrua.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak ondotik zehazten diren arloetan bereganatutako eskumenak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak baliatuko ditu: komunikabideak, Nafarroako Gobernuko departamentuetako politika informatiboak koordinatzea, Foru Komunitatearen irudia sustatzea, etorkinei arreta emateko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, Nafarroako Parlamentuarekiko eta Nafarroako zein kanpoko beste erakunde batzuekiko harremanak sustatu eta horiei eustea, hala nola indarreko xedapenek esleitzen dizkion gainerako eskurantzak.
2. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna.
1. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari, departamentuaren titularra den aldetik, foru dekretu honetako 1. artikuluan zehazten den eskumen-esparruari dagokionez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluan ezartzen diren eskurantzak dagozkio.
2. Bereziki, honako eskumen hauek:
a) Dirulaguntzak emateko deialdiak onetsi eta ebaztea.
b) Lankidetza hitzarmenak eta elkarlanerako itunak eta akordioak sinatzea Estatuarekin, autonomia erkidegoekin eta beste administrazio publiko batzuekin, deusetan galarazi gabe lehendakariari eta Nafarroako Gobernuko beste kontseilariei, nori bere eskumenen esparruan, dagozkien eskumenak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 90. artikuluan xedatutakoaren arabera.
c) Bere eskumenen esparruan beste administrazio batzuekin batera jarduteko planak onestea.
3. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari, departamentuaren titularra den aldetik, Nafarroako Gobernuaren eledun lanak egitea ere dagokio, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 15. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
4. Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari sostengu politiko eta teknikoa emateko unitate gisa, departamentuan kontseilariaren Kabinetea dago, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 19. artikuluari lotua dagoena, zuzenean haren mende.
3. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuaren antolaketa orokorra.
1. Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:
a) Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa.
b) Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia.
c) Nafarroako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritza-Zuzendaritza Nagusia.
d) Immigraziorako Bulegoa.
e) Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusia.
4. artikulua. Zuzendaritza nagusien eskurantzak.
Foru dekretu honen 2.2 artikuluan ezarritakoa alde batera utzi gabe, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko zuzendaritza nagusiek, kontseilariaren goi-zuzendaritzapean eta foru dekretu honetan esleitutako esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22. artikuluan eta azken xedapenetako lehenbizikoan ezarritako eskurantzak izanen dituzte eta, horiez gainera, indarra duten xedapenek esleitzen dizkieten edo Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak haien esku uzten duen beste edozein.
5. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren eskurantzak.
Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiak, foru dekretu honen 1. artikuluan azaldutako eskumen-esparruaren barruan, eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunaren goi-zuzendaritzapean, hari zuzenean atxikita baitago Idazkaritza Tekniko Nagusia, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 23. artikuluan eta Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuan ezarri diren eskurantzak izanen ditu, haren 8. artikuluan aurrekontuei buruz adierazitakoak barne, hala nola indarra duten xedapenek ematen dizkiotenak edo Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak haren esku uzten dituenak, eta horretarako behar diren ebazpenak emanen ditu.
6. artikulua. Zerbitzuen eskurantzak.
Zerbitzuek, foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparru materialaren barrenean, ondoko eginkizun hauek izanen dituzte: menpean dituzten atal edo unitate organikoen jardueren plangintza, koordinazioa, zuzendaritza eta kontrol lana egitea, arintasun, arrazionalizazio eta sinplifikazio printzipioen aplikazioa bultzatu eta sustatzea, indarra duten xedapenek ematen dizkietenak eta departamentuko organo eskudunek haien esku uzten dituztenak.
7. artikulua. Atalen eskurantzak.
Atalek, departamentuko goi mailako organoen zuzendaritzaren menpean, eta foru dekretu honetan bakoitzari esleitutako esparruaren barruan, ondoko eginkizun hauek izanen dituzte: beren eskumenen esparruko lanak betearaztea eta gainean duten buruarentzako txostenak eta proposamenak egitea, haien menpeko unitateek edo bulegoek egiten dituzten lanak koordinatu, zuzendu eta kontrolatzea eta departamentuko organo eskudunek agintzen dizkieten gainerako guztiak.
II. KAPITULUA. Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa
1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura
8. artikulua. Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoaren eskumenen esparrua.
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Foru Komunitateko politika informatiboak koordinatzea.
b) Kontseilariari Nafarroako Gobernuaren eledun lanetan laguntzea.
c) Komunikabideekiko harremanez arduratzea.
d) Iritzi azterlanak egitea.
e) Nafarroak Interneten duen atariko edukiak eguneratzea.
f) Nafarroako nortasuna hedatzea.
g) Publizitate instituzionala.
h) Ordainketak agintzea.
i) Indarreko xedapenek Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoari esleitzen dizkiotenak eta, orobat, agintzen zaizkion gainerakoak.
9. artikulua. Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoaren egitura.
Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoaren barrenean Komunikazio Zerbitzua dago.
2. atala. Komunikazio Zerbitzua
10. artikulua. Komunikazio Zerbitzuaren eskumenak.
Komunikabideen Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Gobernuak komunikabideekin dituen harremanen arloan finkatzen den politika sustatu eta betearaztea.
b) Foru Komunitatea sustatzea.
c) Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiei eta Gobernuko kideen jardunari buruzko informazioa prestatzea eta komunikabideek eskatzen duten informazioa ematea.
d) Departamentuei informazioa ematea.
e) Komunikabideentzako diru-laguntzak kudeatzea.
f) Informazioaren arloko lanbide-elkarteekiko harremanez arduratzea.
g) Ikus-entzunezko hedabideek jarduteko lizentziak ematea.
h) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.
11. artikulua. Komunikazio Zerbitzuaren egitura.
Komunikazio Zerbitzuaren egituran ondoko atalak daude:
a) Prentsa Bulegoaren Atala.
b) Sustapen Atala.
c) Interneteko Atariaren eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atala.
12. artikulua. Prentsa Bulegoaren Atalaren eskumenak.
Prentsa Bulegoearen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu arlo hauetan:
a) Komunikabideei Gobernuaren eta eta Administrazioaren jarduerei buruzko informazioa ematea.
b) Gobernuari eta departamentuei aholku teknikoak ematea komunikabideen arloan.
c) Nafarroari buruz edo Nafarroako Gobernuaren jardunari buruz idatzizko, ikus-entzunezko edo Interneten bidezko komunikabideetan argitaratzen edo agertzen diren informazioak jaso eta antolatzea.
d) Nafarroako Gobernuaren jardunari buruzko politika informatiboaren eraginkortasuna ebaluatzea.
e) Nafarroako Gobernuari buruzko berriak zabaltzea "Navarra.es" Interneteko Atariaren bidez.
f) Nafarroako Jauregiko Prentsa Aretoa kudeatzea.
g) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.
13. artikulua. Sustapen Atalaren eskumenak.
Sustapen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Foru Komunitatearen irudia sustatzea Nafarroan berean eta kanpoan.
b) Foru Komunitatearen irudia Nafarroan berean eta kanpoan sustatzeko ekintzak antolatu eta koordinatzea.
c) Nafarroako nortasunaren zabalkunderako materiala gorde, sustatu eta banatzea.
d) Administrazioak sustatutako publizitate-guneak kudeatzea.
e) Nafarroako Gobernuaren eta bere menpeko departamentuen eta erakundeen eremuan sortzen diren publizitate-kanpainak eta publizitate arloko kontratazio eta argitalpenak koordinatu, gainbegiratu eta, egin aurretik, baimentzea, eraginkortasunik handiena lortzeko eta diru-kostuak murrizteko asmoz.
f) Publizitate instituzionalean eta iragarki ofizialetan erabiltzen den Nafarroako Gobernuaren irudia homogeneizatzea.
g) Gobernuari eta departamentuei aholku teknikoak ematea publizitatearen arloan.
h) Nafarroako Gobenuak herritar guztientzat argitaratzen dituen zabalkunde-materialaren eta esku-orrien diseinua gainbegiratzea.
i) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.
14. artikulua. Interneteko Atariaren eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalaren eskumenak.
Interneteko Atariaren eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian, telefono eta gailu mugikorretarako atarian, TDT Lurreko Telebista Digitalaren plataforman eta etorkizunean sor daitezkeen beste plataforma teknologikoetan agertzen diren edukiak kargatu eta sustatzea, homogeneizatu eta kontrolatzea, eta haietan erabiltzen diren hizkuntzak koordinatzea.
b) Komunikazio Zuzendaritza Nagusia-Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoaren dokumentuen artxiboa abian jarri eta kudeatzea.
c) Nafarroako Gobernuak komunikabideekin dituen harremanetan teknologia berrien erabilera kudeatu, optimizatu eta sustatzea.
d) Ikus-entzunezkoen ekoizpenetarako laguntzak tramitatzea.
e) Ikus-entzunezko komunikabideen arloan, ikuskatu, kontrolatu eta zehapenak jartzeko ahalmenak, salbu eta eginkizun hori beste organo edo administrazio publiko batzuen eskumena denean.
f) Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluarekin harremanak izatea ikus-entzunezko komunikabideei buruzko gaiak jorratzeko.
g) RTVEren Kontseilu Aholku-emailearekin harremanak izatea.
h) Nafarroako Foru Komunitateak ikus-entzunezko komunikabideen arloan arauak eman eta betearazteko dituen eskumenak erabiltzea.
i) Soinuzko irrati-difusioko zerbitzuen, telebista zerbitzuen eta, orohar, ikus-entzunezko beste edozein zerbitzuren kontzesioak emateko laguntza administratiboa, halakoak banatzea Nafarroako Foru Komunitateari badagokio.
j) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.
III. KAPITULUA. Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura
15. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.
Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak foru dekretu honetan aipatzen diren eskurantzak izanen ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Parlamentuarekin eta Foru Komunitateko, beste autonomia erkidego batzuetako, Espainiako edo nazioarteko beste erakunde batzuekin harremanak artikulatu eta sustatzea.
b) Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatzea Espainiako eta Europako foro, batzorde, biltzar eta erakundeetan, deusetan galarazi gabe Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuen eskumenak.
c) Kontseilarien kabineteen arteko harremanak koordinatzea.
d) Nafarroako Gobernuaren protokoloaz eta zeremonialaz arduratzea.
e) Gobernuak beste erakunde eta entitate batzuekin eta beste erkidego batzuetako biltoki eta etxeekin dituen harremanetan segitu beharreko ildoak zehaztea.
f) Nafarroako Gobernuaren argitalpenez eta paperezko materialez arduratzea.
g) Indarra duten xedapenek Erakundeekiko Harremanetarako eta Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Departamentuari esleitzen dizkiotenak, zuzendaritza nagusiak bere duen esparruan.
16. artikulua. Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren egitura.
Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiak zerbitzu hauek ditu bere egituran:
a) Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzua.
b) Protokolo Zerbitzua.
c) Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzua.
2. atala. Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzua
17. artikulua. Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuaren eskumenak.
Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu arlo hauetan:
a) Nafarroako Gobernuaren eta gainerako foru erakundeen arteko harremanbideak modernizatzea.
b) Erakundeekiko harremanei eustea helburu duten politika publikoak bultzatu, haien segimendua egin eta gabinbegiratzea.
c) Nafarroako Gobernuaren legegintza programa aztertu, segimendua egin eta koordinatzea, fase parlamentarioan dagoenean.
d) Nafarroako Parlamentuaren eta bere menpeko erakundeen jardunari buruz aholkuak eman eta txostenak egitea, baita Nafarroako Gobernuarekiko harremanei buruz ere.
e) Administrazio Publikoen eta Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen arteko lankidetza sustatzea interes komuneko gaietan, herritarrei zerbitzu hobea emateko.
f) Parlamentuaren jarduerekin lotutako eginkizunetan Administrazioko departamentuei lagundu, aholku eman eta haiekin kolaboratzea.
g) Departamentuei informazioa ematea erakundeekiko harremanen esparruan garatutako jarduerei buruz, harreman horiek haien eskumenen esparruari lotuta baldin badaude.
h) Nafarroako Parlamentuarekin harremanak izateko bide arinak artikulatzea, bakoitzaren eskumen-esparrua elkarrekin kudeatzeko bideak hobetzeko.
i) Nafarroako Foru Komunitatearen Arartekoari laguntzea bere eginkizunak betetzeko egin behar dituen ikerketa eta ikuskapenetan, bat eginik herritarren eskubide eta askatasun konstituzionalak hobeki babestu eta sustatzeko asmoz.
j) Herritarrek bere zerbitzura dituzten foru erakundeak hobeki ezagutzeko sustapen lana egitea.
k) Erakundeen arteko lankidetza bultzatu eta sustatzea, bai autonomia erkidegoaren barrenean, bai atzerrian.
l) Departamentuei informazioa ematea beste herrialde eta autonomia erkidego batzuetako erakundeek garatutako jarduerei buruz, jarduera horiek haien eskumenen esparrukoak badira.
m) Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari aholku teknikoak ematea Europar Batasuneko erakundeekin dituen harremanetan, hots, Batzordearekin eta Parlamentuarekin, Europako Kontseiluarekin, Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkurarekin eta antzeko beste organo batzuekin.
n) Nafarroako Gobernuak Europako Erkidegoen inguruko Aferetarako Konferentzian dituen ordezkari instituzionalei laguntzea eta parte-hartze horren ondoriozko gaien segimendua egitea.
ñ) Europako Aferetarako Estatuko Idazkaritzarekin goi mailako harrremanak izatea.
o) Indarra duten legeek esleitzen dioten beste edozein edo Erakundeekiko Harremanetarako zuzendari nagusiak eskatzen dizkionak.
18. artikulua. Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuaren egitura.
Nafarroako Parlamentuarekiko eta beste Erakunde batzuekiko Harremanetarako Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Foru Erakundeekiko Harremanetarako Atala.
b) Autonomia erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atala.
c) Europako eta Nazioarteko Erakundeekiko Harremanetarako Atala.
19. artikulua. Foru Erakundeekiko Harremanetarako Atalaren eskumenak.
Foru Erakundeekiko Harremanetarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Parlamentuaren jardunaren segimendua egitea, Zerbitzuak finkatzen dituen irizpideekin bat.
b) Parlamentuaren jardueraren ondoriozko dokumentazioa kudeatzea eta tramitatzea.
c) Herritarrendako interesgarriak diren estatistikak prestatzea, Nafarroako Parlamentuari, Foru Komunitateko Arartekoari eta beste foru erakunde batzuei buruz.
d) Nafarroako Parlamentuaren eta Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen arteko harremanen ondoriozko espedienteak eta dokumentazioa artxibatzea eta kontrolatzea.
e) Nafarroako Parlamentuarekiko Harremanetarako Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun administratibo.
20. artikulua. Autonomia erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atalaren eskumenak.
Autonomia erkidegoetako eta Estatuko Erakundeekiko Harremanetarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Foru Komunitatean eragina izan dezaketen beste autonomia erkidego batzuetako eta Estatuko erakunde eta instituzioen ekimen eta jarduera administratiboaren segimendua egitea.
b) Nafarroako Foru Komunitatean eragina izan dezaketen beste autonomia erkidego batzuetako eta Estatuko erakunde eta instituzioen jarduerari buruzko dokumentazioa bildu, artxibatu eta txostenak prestatzea.
c) Beste autonomia erkidego batzuetako erakundeekin elkarlanean aritzea bientzat interesgarriak diren gaietan, politika bateratuak jorratzeko eta interes komunak behar diren instantzietan eta fondoetan batera defenditzeko.
d) Zerbitzuari aholkuak ematea eta laguntzea Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari estatuko eta autonomia erkidegoetako erakunde eta instituzioen arloetan laguntza teknikoa emateko dituen eginkizunetan.
e) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.
21. artikulua. Europako eta Nazioarteko Erakundeekiko Harremanetarako Atalaren eskumenak.
Europako eta Nazioarteko Erakundeekiko Harremanetarako Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Estatuko laguntzei, kexei eta zehapen prozedurei buruzko jarduketak tramitatu eta haietan bitarteko lanak egitea, hain zuzen Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioaren Europar Batasunerako Estatuko Idazkaritzaren bitartez Europako erakundeetarako bidaltzen direnenak, baina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beste departamentu batzuen eskumena deusetan galarazi gabe.
b) Aipatutako gai horien inguruan, Europako erakundeetan sortzen den dokumentazio juridikoa sistematizatu eta eguneraturik edukitzea.
c) Solvit Sarean egonik, Nafarroari dagozkion kasuen kudeaketa, Espainiako Solvit zentroarekin elkarlanean.
d) Europako Erkidegoen inguruko Aferetarako Konferentziarekin, Eskualdeetako Lantaldearekin edo eskualdeez edo nazioez gaindiko edo nazioarteko foro, erakunde eta instituzioekin zerikusia duten aferetan laguntza teknikoa ematea.
e) Haren esku uzten den beste edozein eginkizun, aipatutakoen antzekoa edo osagarria bada.
3. atala. Protokolo Zerbitzua
22. artikulua. Protokolo Zerbitzuaren eskumenak.
Protokolo Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Gobernuaren protokoloa eta zeremoniala.
b) Gobernuak erakundeekin, entitateekin eta pertsonekin dituen harreman sozialak.
c) Beste erkidego batzuetako etxe eta biltokiekiko harremanak.
d) Ohiz kanpoko ekitaldiak antolatzea eta horietan parte hartzea.
23. artikulua. Protokolo Zerbitzuaren egitura.
Protokolo Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Protokolo Jarduketen Atala.
b) Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atala.
24. artikulua. Protokolo Jarduketen Atalaren eskumenak.
Protokolo Jarduketen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Gobernuak, lehendakariak edo Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuek sustatzen dituzten ekitaldi ofizialak antolatzea.
b) Gobernuko kideei laguntzea egin behar dituzten bisitetan eta bestelako jarduera ofizialetan.
c) Gobernuari, Administrazioko beste organo batzuei eta toki entitateei protokoloaren, zeremonialaren eta ekitaldi ofizialak antolatzearen gaineko aholkuak ematea.
d) Nafarroako Jauregian, hots, Gobernuaren egoitzan, egiten diren jarduerak eta bertako bisitak koordinatzea.
e) Protokolo Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun.
25. artikulua. Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalaren eskumenak.
Nafar Etxeen, Erkidegoen Etxeen eta Elkarteen Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Erkidegoen etxe eta biltokikoentzako eta atzerritarren elkarteentzako laguntzak kudeatzea.
b) Nafar etxe eta biltokiak sustatzea.
c) Beste autonomia erkidego batzuek Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dituzten etxe eta biltokiekiko eta beste autonomia erkidego batean edo atzerrian dauden nafar etxe eta biltokiekiko harremanei eustea.
d) Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora, dela Espainiako beste toki batean, dela munduko beste herrialde batean bizi diren nafarrekin edo horien ondorengoekin eta erkidegoen etxeekin harremanak sustatu eta bultzatzea.
e) Protokolo Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun administratibo.
4. atala. Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzua
26. artikulua. Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzuaren eskumenak.
Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzuak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuen euskarri inprimatuan, ikus-entzunezkoan eta digitalean izaniko argitalpenen plangintza eta edizioa koordinatzea.
b) Nafarroako Gobernuari proposatzea Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen Katalogoa jendeari saltzeko prezioak baimentzea.
c) Edizio prozesuarekin lotutako edozein alderdiri buruzko aholkuak ematea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuei.
d) Nafarroako Foru Komunitatea ordezkatzen duten adierazpen grafikoen identitateari buruzko arauak proposatu, garatu, aplikatu eta kontrolatzea.
e) Garrantzi berezia duten Nafarroako Gobernuaren argitalpenak sustatzeko jarduerak antolatzea, inprimatuak izan, ikus-entzunezkoak, digitalak zein euskarri berezietan egindakoak.
f) Nafarroako Foru Komunitatearen iragana, oraina eta etorkizuna ezagutzeko garrantzi berezia duten lanak argitaratzeko proposamenak egitea Nafarroako Gobernuari, euskarri inprimitu, ikus-entzunezko zein digitalean.
g) Aldian-aldian munduko toki guztietan gertatzen diren ekitaldi handietan edo Nafarroako Gobernuak berak antolatu asmo dituenetan Nafarroaren parte-hartzea kudeatzea.
h) Nafarroako Gobernuak ekitaldi horietan zuzenean bultzatzen dituen ekintzak planifikatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea.
i) Nafarroak ekitaldi horietan presentzia izateak dakartzan lanetarako Nafarroako Gobernuak izenpetzen dituen kontratuen jarraipen administratiboa.
j) Ekitaldi horietan garatzen diren jarduera kulturalak proposatu, antolatu eta haien jarraipena egitea.
k) Osagai instituzional, zientifiko eta sustapenezko guztiak (paperezko argitalpenak eta digitalak) proposatzea eta haien jarraipena egitea, Nafarroako iraganeko eta oraingo errealitatea modu egokian aurkezteko beharrezkotzat jotzen badira.
l) Erakundeekiko Harremanetarako zuzendariak esleitzen dion beste edozein eginkizun.
27. artikulua. Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzuaren egitura.
Argitalpenen eta Nafarroaren Proiekzioaren Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:
a) Argitalpenak Kudeatzeko Atala.
b) Nafarroaren Proiekzioaren Atala.
28. artikulua. Argitalpenak Kudeatzeko Atalaren eskumenak.
Argitalpenak kudeatzeko atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuei edizio prozesuari buruzko aholku teknikoak ematea.
b) Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsaren obren edizio prozesuaren tramitazio administratiboa eta ikuskapen teknikoa.
c) Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsa gordetzea, sustatzea, argitalpenak erakundeetan eta saltokietan banatzea eta saltzea.
d) Nafarroako Gobernua ordezkatzen duten adierazpen grafikoak erakusten dituzten ohiko paper-inprimakiak argitaratzea.
e) Nafarroako Gobernuak herritar guztientzat argitaratzen dituen zabalkunde-materialaren eta esku-orrien diseinua gainbegiratzea.
f) Argitalpen Zerbitzuak agintzen dion beste edozein eginkizun administratibo.
29. artikulua. Nafarroaren Proiekzioaren Atalaren eskumenak.
Nafarroaren Proiekzioaren Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskudantziak ditu ondoko arlo hauetan:
a) Aldian-aldian munduko toki guztietan gertatzen diren ekitaldi handietan edo Nafarroako Gobernuak berak antolatu asmo dituenetan Nafarroaren parte-hartzea kudeatzea.
b) Nafarroako Gobernuak ekitaldi horietan zuzenean bultzatzen dituen ekintzak planifikatu, kudeatu eta haien jarraipena egitea.
c) Nafarroak ekitaldi horietan presentzia izateak dakartzan lanetarako Nafarroako Gobernuak izenpetzen dituen kontratuen jarraipen administratiboa.
d) Ekitaldi horietan garatzen diren jarduera kulturalak proposatu, antolatu eta haien jarraipena egitea.
e) Osagai instituzional, zientifiko eta sustapenezko guztiak (paperezko argitalpenak eta digitalak) proposatzea eta haien jarraipena egitea, Nafarroako iraganeko eta oraingo errealitatea modu egokian aurkezteko beharrezkotzat jotzen badira.
IV. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritza-Zuzendaritza Nagusia
30. artikulua. Nafarroako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritza-Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen esparrua.
Nafarroako Gobernuaren Madrilgo Ordezkaritza-Zuzendaritza Nagusiak ordezkari bat izanen du buru eta foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak izanen ditu, ondoko arlo hauetan:
a) Nafarroako Gobernuaren ordezkaritza instituzionala Estatuko Administrazioaren, autonomia erkidegoen, Espainian dauden ordezkaritza diplomatikoen eta bestelako instantzien aurrean, deusetan galarazi gabe Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiari dagozkion eskumenak.
b) Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuko kideei laguntzea Madrilen kokatuta dauden Estatuko beste instituzio batzuekin eta bestelako erakunde publiko zein pribatuekin dituzten harremanetan.
c) Nafarroaren presentzia Espainian eta nazioarteko beste eremu batzuetan dinamizatzen duten enpresa eta merkataritza ekinbideak sustatu eta haiei laguntzea.
d) Nafarroak arlo sozialean, kulturalean eta turistikoan dituen aukerak sustatu eta Foru Komunitatetik kanpora ezagutarazteko helburua duten jarduerak garatzea.
e) Indarra duten xedapenetan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak.
V. KAPITULUA. Immigraziorako Bulegoa
1. atala. Eskumenen esparrua eta egitura
31. artikulua. Immigraziorako Bulegoaren eskumenen esparrua.
Hauxe da Immigraziorako Bulegoaren helburua: etorkinek gizarte babeserako eta bizikidetzarako sistema normalizatu guztietan sartzeko bidea errazteko politika publikoak sustatu eta koordinatzea, horrela giza-talde horren beharrei erantzuteko, hobeki integra daitezen gizartean, lanean, arlo juridikoan, hezkuntzan, osasun sisteman, kulturan, lurraldeko bizikidetzan eta herritarrek parte hartzeko eremuetan. Horretarako, Immigraziorako Bulegoa sortu zuen abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako eskurantzak baliatuko ditu.
32. artikulua. Immigraziorako Bulegoaren egitura.
Immigraziorako Bulegoaren barrenean Programak Kudeatzeko eta Koordinatzeko Atala dago.
2. atala. Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atala
33. artikulua. Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalaren eskumenak.
Programak Kudeatu eta Koordinatzeko Atalak foru dekretu honetan ezarritako eskurantzak ditu arlo hauetan:
a) Foru Administrazioko departamentuekin koordinatzea etorkinen etorrerak haietako bakoitzaren eskumen esparruan duen eragina azter dadin eta, orobat, etorkinak gure erkidegora egokitzeko eta erkidego hartzaileak haiek onartzeko neurriak abian jar daitezen.
b) Toki entitateekin koordinatzea etorkinak gizarteratzeko jarduketak ezarri eta, beharrezkoa bada, egokitu daitezen.
c) Immigrazioaren arloan jarduten duten gizarte ekimeneko entitateekin koordinatzea etorkinei arreta emateko eta kulturen arteko elkarbizitza sustatzeko zerbitzu eta/edo neurriak abian jar daitezen.
d) Etorkinen elkarteekin lankidetzan aritzea eta arlo horretako asoziazionismoari laguntzea.
e) Bulegoak berez edo beste administrazio batzuekin lankidetzan garatzen dituen gizarte programak kudeatu eta koordinatzea.
f) Bulegoaren eskumenen esparruan dauden koordinazio eta ebaluaziorako taldeetan parte hartzea, hala nola bere eskumeneko arloarekin zerikusia duten lantalde teknikoetan.
g) Bulegoaren arduradunari bulegoaren kudeaketari buruz etengabeko informazioa ematea eta bere esku dauden gaiei buruzko txostenak eta ebazpen proposamenak ematea.
h) Atalaren jarduerak antolatu, banatu eta kontrolatzea.
i) Bulegoaren gainerako arloekin lankidetzan aritzea bulegoari esleitu zaizkion eskumenak betetzeko.
j) Bere eskumeneko programei lotutako gastu eta aurrekontuen segimendua egitea.
k) Aurrekoen antzekoa edo osagarria izanik, Bulegoko Zuzendaritzak agintzen dion beste edozein eiginkizun.
VI. KAPITULUA. Idazkaritza Tekniko Nagusia
34. artikulua. Idazkaritza Tekniko Nagusiaren egitura.
Idazkaritza Tekniko Nagusiak atal hauek izanen ditu:
a) Araubide Juridikoaren Atala.
b) Kudeaketa Administratiboaren Atala.
c) Atal Ekonomikoa.
35. artikulua. Araubide Juridikoaren Atalaren eskumenak.
Araubide Juridikoaren Atalak foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu, hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduko 5. artikuluan, 6. artikuluko a), b), c), d) eta f) ataletan eta 7. eta 9. artikuluetan aipatzen diren eskurantza juridiko eta administratiboei eta langileen arlokoei dagozkienak. Halaber, departamentuaren jarduketa eremuan sortutako ondare-erantzukizunaren ondoriozko espedienteak tramitatzea dagokio, departamentuko unitateei kontratazio espedienteak kudeatzen laguntzea eta, aurreko eginkizun horiei loturik egonda, bere kudeaketa eremukoak diren gainerako eginkizunak.
36. artikulua. Kudeaketa Administratiboaren Atalaren eskumenak.
Kudeaketa Administratiboaren Atalak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduko 6. artikuluko e) letran eta g) letratik h) letrara bitarte aipatzen diren eginkizun administratiboak eginen ditu eta, horiekin lotuak egonik, berak kudeatzen duen esparruari dagozkionak.
37. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Atalaren eskumenak.
Kudeaketa Ekonomikoaren Atalak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko idazkaritza tekniko nagusiak arautzen dituen Erregelamenduko 8. artikuluan aurrekontuen arloko eskumenei dagokienez, foru dekretu honetan aipatzen diren eginkizunak burutuko ditu eta, horiekin lotuak egonik, berak kudeatzen duen esparruari dagozkionak.
Lehen Xedapen Gehigarria. Eskumenak banatzeko betebehar orokorrak.
Indarra duten arauek organo bati ematen dizkioten eskumenak menpe dauden beste organo batzuei uzten ahal zaizkie, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko den ebazpen orokor baten bitartez, eskumenak esleitzeko arauetan finkatutako baldintzak bete beharra galarazi gabe.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Organotan banatzea.
Departamentuko zuzendari nagusiei eta Immigraziorako Bulegoko koordinatzaileari dagokie, nork bere eskumenen esparruan, kontratazioaren eta ondare-erantzukinaren arloetan Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari esleitutako eskurantza administratiboak beren gain hartzea eta erabiltzea.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Immigraziorako Bulegoa.
Immigraziorako Bulegoa zerbitzuen maila berean dago. Bulego honetako koordinatzailea Nafarroako Gobernuak izendatuko eta kargutik kenduko du, Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren kontseilariak proposaturik. Koordinatzailaren ordainsariak Nafarroako Gobenuak finkatuko ditu, eta Nafarroako Aurrekontuei buruzko foru legeetan agertu beharko dira.
Laugarren Xedapen Gehigarria. Immigraziorako Bulegoa sortu zuen abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren aldaketak.
1. Immigraziorako Bulegoa sortu zuen abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuan Barne Zuzendaritza Nagusiari buruz egiten diren aipamenak Erakundeekiko Harremanetarako eta Gobernuaren Eledunaren Departamentuari dagozkio eta Barne zuzendari nagusiari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari buruz egiten direnak, berriz, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari.
2. Immigraziorako Bulegoa sortu zuen abenduaren 18ko 91/2006 Foru Dekretuaren 4. artikuluan aipatutako Immigraziorako Departamentuarteko Batzordearen osaera aldatzen da. Horren ondorioz, batzordeburua Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eleduna izanen da; batzordeburuordea, Immigraziorako Bulegoko koordinatzailea; eta idazkari lanak, azkenik, Immigraziorako Bulegoko langile batek eginen ditu, batzordeburuak hautatzen duenak.
Bosgarren Xedapen Gehigarria. Burutzen izendapenak berrestea.
Honako izendapen hauek berresten dira, egin ziren baldintza berberetan:
-Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendariarena, hemendik aurrera Protokolo Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.
-Publizitate Ataleko buruarena, hemendik aurrera Sustapen Ataleko burua izanen baita.
-Protokolo Ataleko buruarena, hemendik aurrera Protokolo Jarduketen Ataleko burua izanen baita.
Seigarren Xedapen Gehigarria. Bere horretan gelditzen diren unitateak.
Foru dekretu hau garatzeko neurriak hartu bitartean, ataletik beherako unitate organikoek bere horretan iraunen dute eta oraingo izenari eta eginkizunei eutsiko diete. Behin-behinekoz egitura berriko organoei atxikiko zaizkie, orain arte betetzen zituzten eginkizunen arabera.
Xedapen indargabetzaile bakarra. Indargabetu beharreko arauak.
Indarrik gabe gelditzen dira:
1. Martxoaren 14ko 60/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren Eledunaren Bulegoa-Komunikazio Zuzendaritza Nagusia sortu eta arautu zuena.
2. Foru dekretu honek ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Azken Xedapenetan Lehena. Aurrekontuko aldaketak.
Ahalmena eman zaio Ekonomia eta Ogasun kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Garatzeko ahalmena.
Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.