(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Justizia :
    • 361/2004 Foru Dekretua, azaroaren 30ekoa, Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea sortzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

361/2004 Foru Dekretua, azaroaren 30ekoa, Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea sortzen duena

 

(Jatorrizko testua 2004ko 145. NAOn argitaratua, abenduaren 3an. Aldaketak: 5/2007 Foru Dekretua, urtarrilaren 22koa de enero (BON de 5 de febrero 2007).)

Atarikoa

Azken urteotan, gizartean orohar eta baita Nafarroan ere, gero eta nabarmenagoa da Justiziako zerbitzu publiko kalitatekoa lortzeko gogoa.

Gogo hori asetzeko gizarteak eta erakundeek egin dituzten eskaeren ondorioz, hainbat mugarri jarri dira. Ondoko hauek dira aipagarrienak: "Justizia berritzeko Estatuko Ituna", Espainiako alderdi politiko garrantzitsuenek 2001eko maiatzaren 28an sinatu zutena eta horren ondorioz onetsi zen "Herritarrek Justiziaren aurrean dituzten eskubideen Gutuna", 2002ko apirilaren 16an Diputatuen Kongresuaren Osoko Bilkurak ez-legezko proposamen gisa aho batez onetsi zuena.

Horren ondorioz lege aldaketa batzuk egin behar izan dira. Horien artean, lehenbizi, Prozedura Kriminala partez berritzeko urriaren 24ko 38/2002 Legea aipatu beharra dago, "epaiketa laburrak" ezarri zituena, eta berrikiago, abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren bidez, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoari egindako erreforma nabarmena.

Hortaz, justiziako zerbitzu publikoa sakonki eta arlo guztietan berritzeko saio bat da honakoa, Justiziako Administrazioaren menpeko erakunde guztien inplikazio zuzena behar duena, baita lurralde guztietako administrazio publikoena eta ukituriko korporazioena, gizarteak eskatzen duen aldaketa sakon hori laster eta modu antolatu batean egin dadin.

Autonomi erkidegoei dagokienez, aldaketok arlo horretako eskumenak bestela banatzea ekarri dute eta horren ondorioz erkidegoen kudeaketa eremua zabalagoa da orain, batez ere langileen eta diru eta gauzazko baliabideen arloetan. Hori horrela, berebiziko garrantzia du Justiziako Administrazioaren zerbitzuko kidegoaren lege- eta estatutu-araubidea aldatzeak, eta Epaitegiko bulegoaren diseinuaren aldaketa sakon eta berritzaileak, hori ere lehen aipatutako abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren bidez egina. Legearen arabera, bulego horiek ezartzeko prozesuan, autonomi erkidegoen inplikazio eta esku-hartze handia behar da.

Erreforma hori Nafarroako Foru Komunitatean aplikatzeko moduaz den bezainbatean, indarreko araudiek inplikaturik dauden instituzio eta erakundeei esleitzen dizkieten eginkizunak deusetan galarazi gabe (gehien-gehienetan alde biek onartuak), Nafarroako Gobernuak uste du beharrezkoa dela Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea sortzea, Justiziako zerbitzu publikoan inplikatuenik dauden eta garrantzitsuenak diren sektore eta profesionalak ikasketa, eztabaida, parte-hartze eta aholkularitzarako foro batean biltzeko, bertan parte hartzen duten guztiek elkarrekin dituzten harremanak ager daitezen, horrela arazoak aisago atzemanen baitira eta, are garrantzitsuagoa dena, adostutako konponbideak aisago aurkituko. Hori guztia, bistan da, Nafarroako Justizia Administrazioaren eragingarritasuna eta kalitatea albait onenak izan daitezen.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta lauko azaroaren hogeita hamarrean egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Sorrera.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko Justiziaren zerbitzu publikoaren kalitatea hobetzeko bidean, azterketa, eztabaida, parte-hartze eta aholkularitzarako organo gisa.

2. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikita dago eta, beraz, horrek emanen dizkio egoki jarduteko behar dituen langileak eta baliabideak.

II. KAPITULUA. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko kideak

2. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko kideak honako hauek izanen dira:

a) Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria.

b) Nafarroako Auzitegi Nagusiko lehendakaria.

c) Nafarroako Botere Judizialeko gobernu-organoetako bi kide, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Gobernu Salak izendatuak.

d) Nafarroako Auzitegi Nagusiko Fiskaltzako fiskalburuak edo hori eskuordetzen duen fiskala.

e) Nafarroako Auzitegi Nagusiko Gobernuko idazkaria.

f) Nafarroako Abokatuen Elkargoaren bi ordezkari, elkargokideen artetik aukeratuak.

g) Nafarroako Prokuradoreen Elkargoaren ordezkari bat, elkargokideen artetik aukeratua.

h) Nafarroako Justizia Administrazioaren zerbitzuko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

i) Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoaren ordezkari bat, elkargokideen artetik aukeratua.

j) Nafarroako Gobernuko Justiziako zuzendari nagusia.

k) Justiziako Zuzendaritza Nagusiko Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboko zuzendaria.

2. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria eta Nafarroako Auzitegi Nagusiko lehendakaria izanen dira Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko buruak.

3. Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboko zuzendaria izanen da Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko idazkaria.

4. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko c), d) eta e) letretan aipatzen diren karguak kontseilukide izanen dira Kontseiluko kargu hori onartzea erabakitzen baldin badute."

 3. artikulua. Karguaren iraunaldia, ordezkapenak eta kargu-uzteak.

1. Karguaren ondorioz kontseiluan egon behar duten kideek kargu hori duten bitartean egon beharko dute kontseiluan.

2. Karguagatik ez, beste bide batetik Kontseiluan parte hartzen duten kideen kargualdia lau urtekoa izanen da, baina nahi beste kargualdi egon daitezke.

3. Karguagatik ez beste bide batetik Kontseiluan sartu diren kide horietako baten tokia hutsik gelditzen bada, ordezkoa kargua utzi duen kideari zegokion kargualdia bukatu bitarte arituko da kontseiluan.

4. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko kideek kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Kontseiluan egoteko eskubidea ematen dien kargua uzten dutenean.

b) Izendatu zituen entitateak proposatuta.

c) Gerora agertutako legezko ezintasunagatik.

d) Kargualdia bukatutakoan.

e) Karguari uko egiten diotenean.

f) Epaileen epai irmo baten bidez, kargu publikoetan aritzeko desgaitzeagatik.

5. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko kideek karguan segitu beharko dute ordezkoek kargua hartzen duten arte.

4. artikulua. Eskubideak eta eginbeharrak.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko kideek honako eskubide hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailearen osoko bilkuretarako eta parte hartzen duten lantaldeetarako deialdia jaso eta bertan parte hartzea, hizpidea eta botoa izanda.

b) Proposamenak egitea, kontseiluburutzaren bitartez.

c) Eratzen diren ponentzietan parte hartzea, osoko bilkurak erabakita.

d) Legeetan edo erregelamenduetan esleitzen zaizkien gainerako eskubideak.

2. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko kideek parte hartzen duten organoetako bilkuretara joan beharra dute, eta agertu ezin direnean hutsegitearen berri eman beharko dute.

5. artikulua. Ordainsariak.

Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailean parte hartzeak ez du inolako ordainsaririk, zerbitzu-gastuengatik ezartzen diren kalte-ordainak gorabehera.

III. KAPITULUA. Eginkizunak

6. artikulua. Eginkizunak.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Justizia Administrazioaren inguruko azterlanak egitea.

b) Nafarroako Justizia Administrazioaren jarduketa hobetzeko proposamenak egitea.

c) Kontseiluak berak egiten dituen proposamenak edo Nafarroako Justizia Administrazioa hobetzeko egiten diren gainerako proposamenak ezagutarazi eta, kasua bada, ezartzeko sustapen eta koordinazio lana egitea eskumena duten organo eta entitateen aurrean.

2. Aribide horretan, arreta berezia jarriko da Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoaren inplementazioarekin loturiko eginkizunetan.

3. Artikulu honetan adierazitako eginkizunetan jarduteak ez ditu galarazten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari, Estatuko Fiskaltza Nagusiari eta justiziako administrazioaren gainean eskumenak dituzten beste administrazioei dagozkien eskumenak.

4. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileak egiten dituen proposamenak, azterlanak eta proposamenak onartzea aukerakoa da, ez baitira lotzaileak.

5. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileak onartzen dituen proposamen eta azterlanak, zein arlo jorratzen duten, hartan interesa edo eragina duten entitate eta gizarte sektoreei jakinaraziko zaizkie.

IV. KAPITULUA. Antolaketa eta funtzionamendua.

7. artikulua. Kontseiluburutza.

Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko burutzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseilua ordezkatzea.

b) Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta eguneko gai-zerrenda finkatzea, kontseilukideen proposamenen arabera.

c) Bilkuren buru izatea eta eztabaidak gidatzea.

d) Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileari dagozkion eginkizunak, beste organo baten esku ez badaude.

8. artikulua. Idazkaria.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileko idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburutzak aginduta, bilkuretako deialdia egitea.

b) Bilkuretako aktak idaztea.

c) Kontseiluaren agiri eta artxiboak gordetzea.

d) Kontseiluburutzak ikus-onetsita, Kontseiluko bilkuren akten, erabakien eta bertaratzeen ziurtagiriak egitea.

e) Idazkari karguari dagozkion gainerako eginkizunak.

2. Kontseiluko idazkari kargua hutsik badago, idazkaria ez badago edo gaixo bada, kontseiluburutzak izendatzen duen kideak ordeztuko du.

9. artikulua. Osoko bilkura.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailearen osoko bilkura kontseiluburutzak, idazkariak eta kontseilukideek osatuko dute.

2. Osoko bilkura gutxienez ere urtean bitan eginen du bilera arrunta.

Bilera arruntetarako deia 8 egun lehenagotik egin beharko da gutxienez eta eguneko gai-zerrendarekin eta beharrezkoa den gainerako dokumentazioarekin batera bidali beharko zaie kontseiluko kideei.

3. Osoko bilkuraren bilera bereziak kontseiluburutzari egoki iruditzen zaion guztietan eginen dira, edo kontseiluko kideen laurden batek eskatuta.

Bilera berezietarako deia 4 egun lehenagotik egin beharko da, bilera arruntetarako ezarritako baldintza beretan.

4. Premia larriko kasuetan, kontseiluburutzak osoko bilkurarako deia egiteko ahalmena izanen du, hurrengo 24 orduetan biltzeko.

5. Kontseiluaren osoko bilkuraren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da, lehenbiziko deialdian, kontseiluburutza eta idazkaria edo haien ordezkoak, eta, bederen, kontseilukideen erdiak egotea.

Bigarren deialdian, horrelakorik bada, aski izanen da kontseilukideen herena agertzea.

6. Osoko bilkuraren erabakiak kontsentsuaren bidez hartuko dira.

10. artikulua. Lan taldeak.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailearen lanak prestatu, egin edo idazteko, osoko bilkurak ahalmena izanen du lan taldeak eratzeko.

2. Lan taldeetan kontseilutik kanpoko jendeak parte har dezake, taldearen lanetarako interesgarria baldin bada haiek parte hartzea, dela lanbidean duten eskarmentuagatik, dela ezaguera teknikoengatik.

3. Lan taldeak sortzeko erabakietan, alderdi hauek finkatu beharko dira:

a) Osaera.

b) Koordinatzailea, lan taldeko burua eta idazkaria izanen dena, beharren arabera.

c) Lan taldearen helburua eta, kasua bada, lanerako jarraibideak.

d) Lan taldearen emaitzak kontseiluburutzaren bitartez osoko bilkurari bidaltzeko epeak.

 e) Lan taldeak egoki jarduteko beharrezkoak diren gainerako arauak.

11. artikulua. Funtzionamenduko arauak.

Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emaileak ahalmena du bere barne-araubidea ezartzeko foru dekretu honetan, aplikagarri diren gainerako legeetan eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren barnean.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailearen eraketa.

1. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea foru dekretu honek indarra hartu eta hiru hilabete igaro baino lehen eratu beharko da.

2. Nafarroako Justiziako Kontseilu Aholku-emailea eratutzat hartzeko aski izanen da buruak, buruordeak, idazkariak eta 2.1.C) artikuluko d), e) eta f) letretan aipatzen diren kideek kargua hartzea, gainerako kontseilukideak gero sartzea deusetan galarazi gabe.

Azken Xedapenetan Lehena. Araubidezko garapena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatzeko behar diren arauak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa