(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Euskara :
    • 4/2015 Foru Legea, otsailaren 24koa, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea hein batean aldatzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

4/2015 Foru Legea, otsailaren 24koa, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea hein batean aldatzen duena

 

(2015eko 47. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 10ean; akats zuzenketa, 2015-04-28ko NAO)

Zioen Azalpena

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak eremu mistoari dagokionez aurreikusten du euskara irakaskuntzan sartuko dela pixkanaka-pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez, ikastetxeetan euskarazko irakaskuntza duten lerroak sortuz hala eskatzen dutenendako, eta euskara-ikasketak emanez hala nahi duten ikasleei, eskolatzearen bukaeran euskararen ezagutza behar adinakoa izan dezaten. Eremu ez-euskaldunari dagokionez, ordea, soilik aurreikusten da euskararen irakaskuntza bultzatzea eta, hala behar izanez gero, finantzatzea.

Legea onetsi zenetik mende laurdena baino gehiago iragan da, eta agerikoa da, izan diren gizarte-aldaketei erreparatuta, legea aldatzea komeniko litzatekeela. Eremu ez-euskaldunean bada euskaraz ikasteko eskaria, sarritan zailtasunak izan dituena erantzun bat eman dakion, eta erantzun bat eman behar zaiona; izan ere, ez dago inolako arrazoirik herritarren eskubideak eremu batetik bestera alda daitezen, hizkuntza-ofizialtasunaren araubidea berbera baita bi eremu horietan.

Espainiak 2001eko otsailaren 2an berretsitako Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartak 8. artikuluan ezartzen duenez, irakaskuntzaren arloan, hizkuntza horiek erabiltzen diren lurraldean, hizkuntza ofizialen irakaskuntzaren kaltetan gabe, honako konpromiso hauek hartuko dira: eskolaurreko irakaskuntza, lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza eta hezkuntza tekniko eta profesionala ziurtatzea erregio edo gutxiengoen hizkuntzetan; unibertsitateko edo goi mailako beste ikasketa batzuk aurreikustea, eta helduen heziketarako edo etengabeko heziketarako ikastaroak neurri handi batean edo erabat hizkuntza horietan eskain daitezen beharrezko erabakiak hartzea. Erregio edo gutxiengoen hizkuntzak aspaldidanik erabiltzen diren eskualdeetatik kanpo dauden lurraldeei dagokienez, berriz, honako konpromiso hau hartuko da: egoki iritzitako mailetan erregio edo gutxiengoen hizkuntzak edo hizkuntzetan irakatsi ahal izatea baimendu, sustatu edo ezartzea, hizkuntzaren hiztun kopuruak hala jardutea bidezko egiten badu.

Hortaz, Espainiak Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Kartaren esparruan sinatutako konpromisoekin bat, legedia egokitu eta berrikusi beharra dago, Administrazioak erantzun diezaion eremu ez-euskaldunean nahiz eremu mistoan dagoen gizarte eskariari, bai hezkuntza sistemaren barruan, bai sistematik kanpo.

Artikulu Bakarra

1. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea aldatzen da, ondoren ezarritakoarekin bat.

2. Foru Legearen 26. artikulua honela gelditzen da idatzita:

“26. artikulua.

1. Euskara irakaskuntzan sartuko da pixkanaka-pixkanaka, progresiboki eta nahikotasunez, egun dauden ikastetxe publikoetan euskaraz irakasten duten lerroak sortuz eskariaren arabera.

2. Hezkuntza maila ez-unibertsitarioetan euskara irakatsiko zaie eskaera egiten duten ikasle guztiei, halako moduan non euskararen ezagutza behar adinakoa izan ahalko baitute eskolatzearen bukaeran.

3. Eskariari sare publikoan erantzun ahal izan dakion, honako gutxieneko ikasle kopuru hau hartuko da aintzat: eskola-unitate bat taxutze aldera Hezkuntza Administrazioak irizpide objektiboei jarraikiz ezein irakaskuntza-eredutan baliatutakoa”.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Erregelamendu bidez ezarriko da zein izanen den gutxieneko ikasle-ratioa irakaskuntza-ereduetako edozeinetan eskola-unitate berri bat irekitzeko.

Azken Xedapena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa