Castellano | Euskara | Français | English
(Jatorrizko testua 2005eko 145. NAOn argitaratua, abenduaren 5ean. Aldaketak: 275/2009 Foru Agindua, apirilaren 27koa; 281/2010 Foru Agindua, apirilaren 26koa)
Atarikoa
Irailaren 12ko 112/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onetsi ziren. Institutuaren egitura organiko berria ezarri zen, institutua osatzen duten atal eta zerbitzuak finkatu ziren, hala nola bakoitzari dagokion esparru funtzional eta materiala, hori guztia, funtsean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean araututakoari egokitzeko. Bestetik, maiatzaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onetsi zen.
Horrek, beste ondorio batzuen artean, zenbait aldaketa eragin ditu antolamenduan, zenbait atal desagertu edo sortu baitira, edo egitura organikoan beste nonbait daudelako atxikita. Institutuan Idazkaritza Teknikoa sortzeak ere zenbait aldaketa sortu ditu. Hortaz, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren egitura organikoa berriz ezarri behar denez bulegoen mailan, egungo esparru organiko eta funtzionala kontuan hartuta, bidezkoa da dagokion erregulazioa onestea eta, segurtasun juridiko eta argitasun handiagoa izan dadin, xedapen bakar batean biltzea bulegoen egituraren garapen osoa; aldi berean, gaur egun indarra duten eta antolamendu berri honek ukitzen dituen xedapenak indarrik gabe geldituko dira.
Hori horrela, kontuan harturik Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua izeneko erakunde autonomoko estatutuak onesten dituen irailaren 12ko 112/2005 Foru Dekretuko 34. artikuluak aurreikusitakoa, eta Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuaren 8.2. artikulua (bertan Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari ematen zaio bulegoak sortu, aldatu eta ezabatzeko ardura), Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak proposaturik, eta ikusirik Funtzio Publikoaren zuzendari nagusiaren eta Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiko Antolaketa Zerbitzuaren txostena, hala agintzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen Hirugarren Xedapen Iragankorrak.
Agindu dut:
I. KAPITULUA. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua
1. artikulua.
Kudeaketa Bulegoak, Institutuaren Kudeatzailetzari atxikita eta Idazkaritza Nagusiaren menpe eta gainbegiratupean, honako eginkizun hauek beteko ditu:
-Administrazio espedienteak tramitatu eta bultzatzea.
-Institutuak egin beharreko obra, hornidura eta zerbitzuak tramitatu, haien jarraipena egin eta kontrolatzea, eta arlo horretan eskumena duten Administrazioko gainerako organoekin koordinatzea.
-Institutuaren aurrekontuen kontabilitateaz eta kontabilitate orokorraz arduratzea eta aurrekontua aldatzeari buruzko txostenak eta proposamenak egitea.
-Kontabilitate eta aurrekontuei buruz, aldizka informazioa biltzea eta gerta litezkeen desbideraketak aztertzea.
-Ondasunen eta materialen inbentarioa aldian-aldian eguneratu eta berrikustea.
-Institutuaren betetze-maila eta jarraipen ekonomikoaren kontrola, eta aldian-aldian kontuen egoera ematea.
-Administrazio artxibo orokorra eta Institutuaren dokumentazioa antolatu, eguneratu eta mantentzeaz arduratzea.
-Erregistro Orokorra antolatu eta mantentzeaz arduratzea.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
2. artikulua
Zerbitzu Osagarrien Bulegoak, Institutuaren Kudeatzailetzari atxikita eta Idazkaritza Nagusiaren menpe eta gainbegiratupean, honako eginkizun hauek beteko ditu:
-Laguntzaileen jarduerak banatzea.
-Prestakuntza eta hautapen jarduerak, ekitaldi instituzionalak etab. egiteko gelak prestatzea.
-Gelak erabiltzeko espazioak eta denbora kontrolatu eta banatzea.
-Baliabide teknologiko-didaktikoen mantentzeaz arduratu eta prestakuntza jarduera, bilera, jardunaldi eta abarretarako prestatzea.
-Gelen garbiketa eta mantentzea gainbegiratzea.
-Material suntsigarriak kontrolatu eta erosketak proposatzea.
-Institutuaren esku-orriak, informazioak eta gutunak banatu eta bidaltzea.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
3. artikulua
Psikoteknia Bulegoak, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuko Sustapen Atalari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:
-Proba psikologikoak irakurri, zuzendu, barematu eta balioztatzeko teknika informatizatuak aplikatzea.
-Proba objektiboak aplikatu, zuzendu eta aztertzea.
-Datuen tratamendu estatistikoa eta emaitzen txostena prestatzea.
-Proba objektiboen eta test psikologikoen datu baseen prestaketa eta mantentzea sustatu eta koordinatzea.
-Test eta proba objektiboak barematzeko datu bankua antolatu, eguneratu eta mantentzeaz arduratzea.
-Prozesuen automatizazio lanak koordinatzea.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
4. artikulua
Europar Batasunarekiko Lankidetza eta Harremanen Bulegoak, Prestakuntza eta Psikologia Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:
-Europar Batasunean Administrazio Zientzien alorra modernizatzeko egin diren esperientziak eta sortu den dokumentazioa biltzea.
-Europar Batasunetik bildutako informazioa aztertu, egituratu eta, egokia baldin bada, zabaltzea.
-Departamentuekin elkarlanean aritzea, eskualdearteko prestakuntza esperientziak planifikatu eta garatzeko.
-Prestakuntza jarduerek Europatik jaso dezaketen finantzaketaren gaineko informazioa eskatu eta antolatzea.
-Prestakuntza jarduerak Europako funtsen bitartez finantzatzeko bideak Zuzendaritzari proposatzea.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
5. artikulua
Euskarazko Prestakuntza Bulegoak, Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:
-Ikastaro estentsiboak.
-Ikastaro intentsiboak.
-Birziklatze ikastaroak.
-Prestakuntza tekniko espezializatuko ikastaroak.
-Maila probak eta kreditazioak.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
6. artikulua
Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoak, Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuari atxikita, eginkizun hauek izanen ditu:
-Ikastaro estentsiboak.
-Ikastaro intentsiboak.
-Birziklatze ikastaroak.
-Prestakuntza tekniko espezializatuko ikastaroak.
-Maila probak eta kreditazioak.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
II. KAPITULUA. Nafarroako Segurtasun Eskola
7. artikulua
Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Laguntza Juridikoaren eta Kudeaketa Administratiboaren Ataleko buruaren gainbegiratupean, eginkizun hauek beteko ditu:
-Nafarroako Segurtasun Eskolak egindako edo tramitatutako dokumentazioa erregistratu, tramitatu, artxibatu eta zaintzea.
-Nafarroako Segurtasun Eskolaren kudeaketa ekonomiko eta administratiboa bere gain hartzea.
-Nafarroako Segurtasun Eskolaren aurrekontuaren urteko aurreproiektuaren zirriborroa tramitatzea.
-Ekipamenduarekin eta baliabide teknikoekin, obra-kontratuekin, hornidurarekin eta zerbitzuekin zerikusia duten espedienteak tramitatzea.
-Nafarroako Segurtasun Eskolaren baliabide materialen eta lokalen mantentze-lanen ardura eta kontrola.
-Titulu, diploma eta ziurtagiriak emateko tramitazioa.
-Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
Lehenengo Xedapen Gehigarria. Izendapenak.
Berretsi egiten dira, gertatu ziren bezalaxe, foru agindu honetan ezarritako egiturako izenari eusten dioten bulegoburuen izendapenak.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Bulegoa ezabatzea.
Ezabatu egiten da Nafarroako Segurtasun Eskolaren Zerbitzuaren menpeko Kudeaketa Akademikoaren Bulegoa.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabetu beharreko arauak.
Indarrik gabe utzi dira foru agindu honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, zehazki, honako hauek:
-Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abenduaren 15ean emandako 87/2003 Foru Aginduaren 25. artikulutik 32.era bitartekoak. Foru agindu horren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zen.
-Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa bulegoen mailan ezarri zuen uztailaren 29ko 78/2005 Foru Aginduaren Bigarren Xedapen Gehigarria (Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana).
-Hezkuntza eta Kultura kontseilariaren otsailaren 17ko 42/1998 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen euskaltegiaren funtzionamendu arauak eguneratzen dituena.
Azken Xedapena
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.