Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 223. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 10ena)
Atarikoa
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren uztailaren 31ko 307/2006 Foru Aginduaren eta abuztuaren 31ko 317/2006 Foru Aginduaren bidez, hainbat unitate sortu ziren Nafarroako Larrialdietako Agentzian.
Otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia arautu eta haren estatutuak onetsi ziren, egitura organikoa ezarriz.
Aipatu den otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretua, azaroaren 2ko 232/2011Foru Dekretuaren bidez aldatu da, erakunde autonomoaren egitura arrazionalizatu eta errazteko. Horrek eta unitateak sortu eta arautu zirenetik iragan denborak zenbait aldaketa egin beharra erakusten dute, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren unitate mailako egitura organikoa esparru organiko eta funtzional berriaren arabera egokitzeko. Alde horretatik, segurtasun juridikoari eta arau argitasunari loturiko arrazoiek adierazten dute unitate mailako egitura organiko guztiaren erregulazioa xedapen bakar batean biltzea komeni dela.
Horrenbestez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia arautzen duen eta haren estatutuak onesten dituen otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuaren 36. artikuluak emandako ahalmenekin bat, agindu dut:
1. artikulua. Langileriaren Kudeaketarako Unitatea.
Langileriaren Kudeaketarako Unitateak, Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Langileen erregistroa mantendu eta eguneratzea.
b) Ezarririk dagoen erregelamenduzko prozedurari jarraituz aldi baterako langileak kontratatzearen arloko beharrak kontrolatzea.
c) Langileen nominako elementu aldakorren kudeaketa materiala eta kontrola.
d) Langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea.
e) Langileen osasun azterketak kudeatu eta kontrolatzea.
f) Aldi baterako ezintasun egoeran dauden Agentziako langileen baja-agiriak tramitatzea, bajak eta altak berrestea eta istripu-agiriak eta laneko gertakariak tramitatzea.
g) Bere esparruko azterlan bereziak (memoriak, azterlanak eta abar) egiten laguntzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Unitatea.
Kudeaketa Ekonomikoaren Unitateak, Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gastuen eta diru-sarreren espedienteak kontrolatzea, jarraipena egitea eta kontabilizatzea.
b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordainketa aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.
c) Agentziaren aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.
d) Azterlanak, txostenak eta proiektuak prestatzea, dagokion esparruan.
e) Kontabilitateari buruzko informazioa artxibatu eta kontrolatzea.
f) Aldian aldiko informazioa prestatzea, aurrekontuen eta kontabilitatearen jarraipena egin ahal izateko, eta izan litezkeen desbideratzeak aztertzea.
g) Agentziaren aurrekontuak betetzeko behar diren ordainketa eta kobrantza agiriak prestatu eta kontrolatzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. artikulua. Logistikaren eta Ekipoen Unitatea.
Logistikaren eta Ekipoen Unitateak, Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Baldintza teknikoen agiriak prestatzea, material teknikoaren eta ekipoen arloan, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzako Aginte eta Sostengu Arloarekin koordinaturik.
b) Zehaztapen teknikoak prestatu eta eguneratzea.
c) Langileen uniformeak eta ekipamendua proposatzea.
d) Ekipo, makineria, material, jantzi eta ekipamendu beharrei buruzko txostenak hartu eta prestatzea.
e) Inbentarioak, materialak, ekipoak eta ekipamendua kontrolatzea eta haien egoeraren berri izatea.
f) Bere eskumenen esparruko araudia eta legezko xedapenak bildu eta eguneratzea.
g) Azterlanak, txostenak eta proiektuak prestatzea, dagokion esparruan.
h) Bere eskumenaren esparruan metodoak eta prozedurak prestatzen eta ezartzen parte hartzea.
i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. artikulua. Talde Berezien Mantentze-lanetarako Unitatea.
Talde Berezien Mantentze-lanetarako Unitateak, Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Talde berezien materialak eta jantziak kontrolatu eta mantentzea.
b) Talde berezien material eta jantzien mantentze eta zainketari buruzko informazioa.
c) Partzuergoko langileei jarraibideak ematea talde berezien material eta jantzien erabileraren eta mantentzearen gainean.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
5. artikulua. Prestakuntza eta Gainbegiratze Unitatea.
Prestakuntza eta Gainbegiratze Unitateak, SOS Nafarroa Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Baliabideak larrialdietan mobilizatzeko protokoloak, baliabideen katalogoak eta, oro har, informazioa eta datu baseak prestatzen eta mantentzen laguntzea.
b) Larrialdiak kudeatzeko zentroko langileen jarduera gainbegiratzen laguntzea.
c) Eguneko jarduerari buruzko agiriak, oharrak eta jakinarazpenak egitea.
d) Larrialdiak kudeatzeko zentroko langileen txandak, egutegia eta ordutegia kontrolatzea.
e) Egindako prestazioen azterketa eta ebaluazioa.
f) Larrialdiak kudeatzeko zentroari atxikitako langileen prestakuntzarako programak prestatzea, Nafarroako Segurtasun Eskolan laguntza emanez tutoretza lanaren eta prestakuntza ekintzen kudeaketaren bitartez.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
6. artikulua. Larrialdien Koordinaziorako Laguntza Unitatea.
Larrialdien Koordinaziorako Laguntza Unitateak, Larrialdietako Koordinazioaren eta Plangintzaren Arloari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Babes Zibileko Planak prestatzen laguntzea, baita plan horiek ezartzen, operatibitatea mantentzen eta bitartekoak eta baliabideak katalogatzen ere.
b) Laguntza teknikoa ematea larrialdi planak aktibatzen direnean eta koordinazio organoetan.
c) Babes zibilerako plan berezien esparruan, simulakroen antolakuntzan parte hartzea.
d) Hondamendi arriskuen eta arrisku berezi eta berariazkoen gaineko ebaluazioak egiten parte hartzea.
e) Babes zibilerako lurralde, udal eta udalez gaindiko planen azterketa teknikoa egitea, baita autobabeserako planei dagozkienak ere.
f) Aurreko letran aipatutako planen erregistroa mantentzea.
g) Istripu larri eta txikiei buruzko eta, oro har, gertatzen diren larrialdi eta hondamendiei buruzko azterketak eta estatistikak egitea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
Lehen Xedapen Gehigarria. Izendapenak.
Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten unitateetako buruen izendapenak berresten dira, egin ziren baldintza beretan.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Unitateak kentzea.
Kendu egin dira Boluntarioen Unitatea eta Azpiegitura Teknikoen Unitatea.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta zehazki:
-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abuztuaren 31ko 317/2006 Foru Agindua, Nafarroako Larrialdietako Agentzian zenbait unitate sortu zituena.
-Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren apirilaren 26ko 282/2010 Foru Agindua, abuztuaren 31ko 317/2006 Foru Agindua aldatzen duena.
-Uztailaren 31ko 307/2006 Foru Agindua, Boluntario Unitatea eta Azpiegitura Unitatea sortu zituena.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.