(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

138/2011 Foru Dekretua, abuztuaren 24koa, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituena

 

(2011ko 172. NAOn argitaratua, abuztuaren 31n)

Atarikoa

Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak berdintasunaren printzipioa finkatzen du, bereizkeria mota guztiak baztertzen dituela, besteak beste sexuan oinarritutakoa. Bere aldetik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.18 artikuluak berdintasunerako politikaren arloko eskumen esklusiboak ematen dizkio Nafarroako Foru Komunitateari.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuari atxikita, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren helburu nagusia da Konstituzioak finkatutako agindu hori betearaztea, Nafarroako Foru Komunitateari arlo horretan eskuordetutako eskumenak gauzatuz, noiz zuzenean, noiz zeharka eta modu koordinatuan Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentu eta erakunde publikoekin batera.

Bere jardunaren bidez, erakunde autonomo honek generoan oinarritutako desberdintasun eta bereizkeria mota guztiak benetan desagerraraztea du helburu, eta Nafarroako bizitza politikoaren, ekonomikoaren, kulturalaren eta sozialaren eremu guztietan gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna lortzea, Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasuna Sustatzeko azaroaren 28ko 33/2002 Foru Legean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan eta aplikagarri diren gainerako arauetan xedatutakoa betetzeko.

Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa finkatu duen uztailaren 5eko 61/2011 Foru Dekretuak erakunde autonomo honi esleitu dizkio familiaren arloko eskumenak, modu berritzailean esleitu ere, arlo hori lotzen baita ardurakidetzarekin eta emakumeen eta gizonezkoen laneko, familiako eta norberaren bizitzako eginkizunak bateragarri egitearekin. Eskuordetza berri honen ondorioz, Haur Eskolak Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari atxiki behar zaizkio. Horrez gainera, genero indarkeriari aurrea hartzeko eta haren aurka jarduteko eskumena ere esleitzen zaio. Eskumen hori, bistan da, gainerako departamentuekin eta arlo horretan eskumena duten beste erakundeekin batera erabiliko du.

Eskumen eremu berria bere gain hartzearekin batera, beharrezkoa da erakunde autonomoaren egitura organikoa aldatzea, bere eginkizunak egoki betetzen dituela bermatzeko, hori guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 3. artikuluan jarduketa eta funtzionamendurako aurreikusita dauden irizpide orokorrei jarraikiz.

Arlo horren eta beste batzuen erregulazioa, eta bereziki Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legearen 104. artikuluan ezarrita dauden arloena, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren Estatutuen bitartez egin behar da. Estatutu berriak Nafarroako Gobernuaren foru dekretu baten bidez onetsiko dira.

Horiek horrela, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2011ko abuztuaren 24an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra. Estatutuak onestea.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Nafarroako Emakumearen Institutuaren gaineko eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren gaineko aipamenak.

Gaur egun dagoen araudian edo jadanik emandako egintza administratiboetan Nafarroako Emakumearen Institutuaz eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuaz egiten diren aipamen guztiak Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaz eginak bezala ulertuko dira.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Kudeaketa esleipenak.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak ahalmena izanen du departamentu bereko edo beste bateko organo edo erakunde publikoei esleitzeko hark dituen helburu eta eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren jarduera material edo teknikoak, edo zerbitzuetakoak, egitea, arlo hori arautzen duen legedian xedatutakoa betez.

Xedapen Iragankor Bakarra. Izendapenen aldi baterako berrespena.

1. Nafarroako Gobernuak izendapenak egiteko behar diren foru dekretuak eman artean, zuzendari kudeatzailearen eta honako zuzendariorde eta zerbitzuko zuzendari hauen izendapena berresten da, baina izena aldatuta:

a) Berdintasun Politiken Plangintza eta Kudeaketako zuzendariordea, izena aldatu eta Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria izanen baita.

b) Familiaren Sustapenerako Zerbitzuko zuzendaria, izena aldatu eta Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordea izanen baita.

2. Institutuko zuzendari kudeatzaileak bitarteko gisa betetzeko behar diren ebazpenak eman artean, edo hala badagokio, merezimendu lehiaketa bidez bete artean, atal hauetako buruen izendapenak berresten dira, baina izena aldatzen zaie:

a) Ebaluazio eta Azterlan Ataleko buruarena, hemendik aurrera Proiektu eta Programa Ataleko burua izanen baita.

b) Informazio eta Programa Ataleko buruarena, hemendik aurrera Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Ataleko burua izanen baita.

c) Familiaren Ataleko buruarena, hemendik aurrera Familien Ataleko burua izanen baita.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren Estatutuak onetsi zituen abenduaren 18ko 90/2006 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetan Lehena. Aurrekontu aldaketak.

Ahalmena eman zaio Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Arauen garapena.

Ahalmena ematen zaio Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2011ko abuztuaren 24an.-Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Yolanda Barcina Angulo.-Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriako kontseilaria, María Elena Torres Miranda.

NAFARROAKO BERDINTASUNERAKO ETA FAMILIARAKO INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA, ESKUMENAK ETA EGINKIZUNAK

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.

2. artikulua. Atxikipena eta babesa.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua, bere helburuak betetzeko, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteriak Departamentuak plangintza eta politika orokorrari buruz ematen dituen jarraibideen mendean dago, hari atxikita. Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazioaren antolamendu juridiko administratiboan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.

3. artikulua. Xedea eta helburuak.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren xedea da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna lortzea Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan, eta familiei buruzko politikak aplikatzea, zainketa lanetan gizonen eta emakumeen, gizarte eragileen, erakundeen eta instituzioen ardurakidetza sustatuz, herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzeko bide bat delako.

2. Institutuaren helburuak hauexek dira: emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna errazten duten baldintzak sustatzea, izatezko eta eskubidezko berdintasun osoa galarazten duten oztopoak kentzea, generoan oinarritutako bazterkeria eta desberdintasun guztiak desagerrarazten laguntzea (batez ere emakumeen aurkako indarkeria), eta familientzako politikak garatzea, horretarako programa eta baliabideak eta horien garapena laguntzen duten arau guztiak bultzatuz, kudeatuz eta finkatuz.

4. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari Nafarroako Foru Komunitateak emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako finkatzen dituen politikak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak dagozkio, baita familientzako politikak koordinatu eta kudeatzeko eskumenak ere.

2. Eskumen horiek gauzatzeko, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko xedapen orokorren proiektuak prestatzea.

b) Familien arloko xedapen orokorren proiektuak prestatzea.

c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari eta familiei buruzko gaietan Nafarroako Gobernuaren plangintza orokorra prestatzea, departamentuek beren plangintza sektorialak prestatzeko dituzten eskumenak galarazi gabe.

d) Nafarroako Foru Komunitatean berdintasunerako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitatean familientzako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea.

f) Genero indarkeriaren kontrako prebentzioa eta jarduketak koordinatzea.

g) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan eta familiei laguntzeko dauden baliabideak kudeatzea.

h) Haur eskolak kudeatzea bere eskumen eremutik.

i) Familientzako bitartekotza eta orientaziorako zerbitzuak koordinatu eta kudeatzea, hala nola familiak elkartzeko guneak.

j) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetan genero berdintasunerako unitateak ezar daitezela sustatu eta koordinatzea.

k) Nafarroako Gobernuak, sexu arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzeari dagokionez, emandako jarraibideak egoki aplikatu eta eraginkortasunez betetzen direla begiratzea eta txosten horiek prestatzeko behar den laguntza ematea, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean aurreikusita baitaude.

l) Ekintza positiborako neurriak diseinatu eta ezartzea, administrazio publikoentzat, instituzioentzat, entitateentzat, erakunde publiko edo pribatuentzat eta herri eta herritarren mugimenduarentzat berarentzat ere.

m) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan generoaren ikuspegia sar dadin bultzatzea, maila eta fase guztietan.

n) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoei laguntza ematea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiteko orduan.

o) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoei laguntza ematea herritarren ardurakidetza publiko eta pribatua bultzatzen duen politika bat gara dezaten familiei begira.

p) Familien errealitate eta beharrei egokitzen zaizkien baliabideak sustatu eta abian jartzea herritarrentzat, Etxe Lagunak konparazio batera, eredu guztiak eta Nafarroako Foru Komunitateko aniztasun geografikoa kontuan hartuz.

q) Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren arloan eta familien arloan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen, instituzioen, entitateen eta erakunde publiko nahiz pribatuen arteko harremanak sustatzea.

r) Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonezkoen egoeraren bilakaerari eta familiei buruzko azterlan eta ikerlanak egitea.

s) Sexuak eragindako bereizkeria kasu zehatzetan egindako salaketak aditzea eta bideratzea eta konponbidea ematea.

t) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren helburuak betetzen lagundu dezaketen gainerako eginkizunak.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak

5. artikulua. Zuzendaritza organoak.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuak zuzendaritza organo hauek ditu:

a) Gobernu Kontseilua.

b) Kudeaketako Zuzendaritza.

II. KAPITULUA. Gobernu kontseilua

6. artikulua. Osaera.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:

a) Kontseiluburua: Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilaria.

b) Kontseiluburuordea: Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko zuzendari kudeatzailea.

c) Kontseilukideak:

-Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusia.

-Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordea.

d) Idazkaria: Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarteko Institutuko Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria.

2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, departamentuko titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.

3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die berdintasunaren eta familien arloan aritzen diren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.

7. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.

Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:

a) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena onestea.

b) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren ondarea administratzea.

c) Urteko kudeaketa plana onestea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Nafarroako Gobernuak prestatzen dituen plan estrategikoak betez, bai eta prestatzen diren urteko txostenak ere.

d) Familien politiken arloko urteko kudeaketa plana onestea, baita prestatzen diren urteko txosten guztiak ere.

e) Erakundea autonomoaren zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

f) Haur Eskolak erabiltzeagatiko prezio eta tarifen araubidea onestea.

g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.

8. artikulua. Kontseiluburuaren ahalmenak.

1. Honako hauek dira kontseiluburuaren ahalmenak:

a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izan eta horiek zuzentzea.

b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta horren jardunaren arauak betearaztea.

2. Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, kontseiluburuaren ordez kontseiluburuordea arituko da.

9. artikulua. Idazkaritza.

1. Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordea Kontseiluaren bilkuretan botoz eta hizpidez parte hartuko du eta Gobernu Kontseiluko idazkaritzako eginkizunetan arituko da.

2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kontseiluburuaren aginduz Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta gainerako kideentzako zitazioak egitea.

b) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera, eta erabakien betearazpena tramitatzea.

c) Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

10. artikulua. Funtzionamendua.

1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak hala erabakirik eginen dira.

2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari men eginen zaio.

11. artikulua. Aholkularitza.

Gobernu Kontseiluak edozein unetan beste pertsona batzuen aholkua eskatzen ahalko du, haiek dituzten ezagupenak, prestakuntza, izen ona edo bestelako inguruabarrak direla kausa, esku hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.

III. KAPITULUA. Kudeaketako Zuzendaritza

12. artikulua. Izendatzea, kargutik kentzea eta ordeztea.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargutik kentzea Nafarroako Gobernuak erabakiko du askatasunez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak proposatuta.

2. Kargua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri denean, edo beste arrazoi batzuengatik beharrezkoa denean, Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariak edo Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordeak ordeztuko du, ordena horri jarraikiz.

13. artikulua. Eginkizunak.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:

a) Erakunde autonomoaren ordezkaria izatea.

b) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta, presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Kontseiluari horren berri ematea.

c) Erakundearen jardunaren goreneko ardura bere gain hartzea.

d) Berdintasun politiken arloan eta familientzako politiken arloan, urteko jarduketa-ildo nagusiak finkatzea.

e) Giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, osoki kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eman ahal izateko.

f) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren jardueren eta organoen zuzendaritza, koordinazioa eta barne antolaketa.

g) Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak espedienteen gainean ebazteko proposamenei buruz txostenak egitea.

h) Erakunde autonomoak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.

i) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak izenpetzeko erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien ahalmenak erabiltzea.

j) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren jarduketa programak prestatzea, bai eta aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena eta urteko memoria ere, eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.

k) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren funtzionamendurako behar diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarra duen araudiak ezarri bezala.

l) Erakundean lan egiteko metodoak hobetzeaz arduratzea.

m) Lan arloko auzibidera eta auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik, eta, orobat, ondarearen gaineko erantzukizuneko prozeduren ondoriozkoak, erakunde autonomoaren esparru materialaren barrenean.

n) Ataletako eta bulegoetako buruak eta, erakunde autonomoari atxikita izanik, ataletik beherakoak diren beste unitate batzuetako buruak bitarte baterako izendatzea.

ñ) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egitea eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentura igortzea.

o) Erakundeko langileen buru izatea, eta arlo horren gaineko araudiak langileriari buruz erakunde autonomoei esleitzen dizkien gainerako eskudantziak.

p) Departamentuko kontseilari titularrak, bere kargua dela-eta, agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

14. artikulua. Eginkizunak beste baten esku uztea.

Zuzendari kudeatzaileak ahalmena du bere eskudantzia batzuk Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariaren esku edo Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordearen esku uzteko, indarreko legedian ezarritakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA. Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzua

15. artikulua. Atxikipena, izendapena eta kargu uztea.

1. Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren menpe egonen da zuzenean.

2. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kargutik kenduko du Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen artetik izendapen librea eginez.

16. artikulua. Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuaren eginkizunak.

Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Berdintasun politiken esparruko jarduketen urteko plangintza proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari, adierazitako ildoei jarraikiz.

b) Nafarroako Foru Komunitatean prestatzen diren berdintasun politikak abian jartzeko plangintza egitea, mainstreaming estrategia dualetik eta ekintza positiboetatik abiatuta.

c) Genero berdintasunaren arloko araudia onesteko orduan, sustatzaile eta bultzatzaile lana egitea eta lankidetzan aritzea.

d) Erraztasunak ematea genero berdintasunaren arloan, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta haietan esku hartzen duten administrazio publiko eta erakundeekin batera, gauzatu nahi diren politika, plan eta programak prestatzeko eta haien gainean laguntza teknikoa jasotzeko.

e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baitan gauzatzen diren ekintza positiboen eta genero ikuspegiaren integrazioa koordinatzea eta horien jarraipena egitea.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetan genero berdintasunerako unitateen ezarpena koordinatzea.

g) Menpean izanen dituen unitate organikoen funtzionamendurako jarraibideak proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari.

h) Gai ekonomikoetan Kudeaketako Zuzendaritzari aholku ematea eta, zehazki, aurrekontuen aurreproiektuak prestatzerako garaian eta aurrekontuetako aldaketak proposatzean, bere eskumenen esparruan.

i) Erakunde autonomoaren aurrekontuen eta ekonomiaren kudeaketa kontrolatzea, bere eskumenen esparruan.

j) Eskuorde gisa, erakunde autonomoko langileriaren antolaketaren gaineko ahalmenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak bakoitzaren mailaren eta izendapenaren arabera banatzea eta absentismoa kontrolatzea barne, eta Kudeaketako Zuzendaritzari langileriaren arloko jarduketa egokiak proposatzea ere, hori guztia bere eskumenen esparruaren barrenean.

k) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko langileen urteko prestakuntza plana egitea eta horren jarraipena egitea, bere eskumenen esparruaren barrenean.

l) Kudeaketako Zuzendaritzak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

V. KAPITULUA. Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetza

17. artikulua. Atxikipena, izendapena eta kargu uztea.

1. Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordea Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren menpe egonen da zuzenean.

2. Nafarroako Gobernuak izendatu eta kargutik kenduko du Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako zuzendariordea, askatasunez, Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariak proposatuta.

18. artikulua. Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetzaren eginkizunak.

Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketako Zuzendaritzari proposatzea familientzako politiken urteko plangintza bat, jarduketak diseinatzeko orduan abiapuntuak izanik ardurakidetza, laneko, familiako eta norberaren bizitzako eginkizunak bateragarriak izan daitezen, eta zaintzaren etika.

b) Departamentuak familien arloan dituen plan eta programak diseinatzen, ebaluatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea.

c) Familien gaineko araudi guztia onesteko orduan, sustatzaile eta bultzatzaile lana egitea eta lankide gisa aritzea.

d) Erraztasunak ematea familien arloan, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta haietan esku hartzen duten administrazio publiko eta erakundeekin batera, gauzatu nahi diren politika, plan eta programak prestatzeko eta haien gainean laguntza teknikoa jasotzeko.

e) Haur eskolak kudeatzea, bere eskumen esparruaren barrenean.

f) Familientzako bitartekotza eta orientaziorako zerbitzuak eta familiak elkartzeko guneak koordinatzea.

g) Familientzat eta "Etxe lagunak" izeneko baliabidearentzat bideratutako diru-laguntzak kudeatzea.

h) Menpean izanen dituen unitate organikoen funtzionamendurako jarraibideak proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari.

i) Gai ekonomikoetan Kudeaketako Zuzendaritzari aholku ematea eta, zehazki, aurrekontuen aurreproiektuak prestatzerako garaian eta aurrekontuetako aldaketak proposatzean, bere eskumenen esparruan.

j) Erakunde autonomoaren aurrekontuen eta ekonomiaren kudeaketa kontrolatzea, bere eskumenen esparruan.

k) Eskuorde gisa, erakunde autonomoko langileriaren antolaketaren gaineko ahalmenak erabiltzea, lanak eta eginkizunak bakoitzaren mailaren eta izendapenaren arabera banatzea eta absentismoa kontrolatzea barne, eta Kudeaketako Zuzendaritzari langileriaren arloko jarduketa egokiak proposatzea ere, hori guztia bere eskumenen esparruaren barrenean.

l) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko langileen urteko prestakuntza plana egitea eta horren jarraipena egitea, bere eskumenen esparruaren barrenean.

m) Kudeaketako Zuzendaritzak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.

VI. KAPITULUA. Atalak

19. artikulua. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko atalak.

1. Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuak atal hauek ditu: Proiektu eta Programa Atala eta Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Atala. Unitate organiko horiek ondorengo artikuluetan ezarritako eginkizunez gainera, Nafarroako Gobernuko departamentuen arteko koordinazioaz ere arduratuko dira, sektorekako plangintzaren eta onesten diren berdintasun planen arabera.

2. Familientzako Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zuzendariordetzaren egituraren barrenean, Familien Atala dago.

20. artikulua. Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Atala.

Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Dokumentazio zentroa kudeatzea eta antolatzea, berdintasunaren arloko ezagupena kudeatzearen ardura duen unitate gisa.

b) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren web-orriaren edukia mantentzea eta eguneratzea.

c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eta familientzako politiken arloan Nafarroako Foru Komunitatean dauden baliabide, zerbitzu eta laguntzen gaineko informazioa ematea.

d) Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuari emakumeen aurkako indarkeriaren arloko plan eta programak proposatzea, baita herritarrak sentsibilizatzeko jarduketak ere.

e) Emakumeen aurkako indarkeriari arreta ematean eta aurreneurriak hartzean eraginkortasunez koordinatzeko erakundeen arteko Akordioaren betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa koordinatzea.

f) Genero indarkeriaren arloan onesten den urteko plangintza koordinatu eta betearaztea, dauden baliabideak eta programak emakumeen aurkako indarkeria mota guztietara egokituz.

g) Emakumeen trafiko eta sexu esplotazioaren arloan Nafarroan egiten diren jarduketak koordinatzea.

h) Emakumeen aurkako indarkeria kasu larrienetan, egin beharreko jarduketak eta kasuen jarraipena koordinatzea, indarreko araudia betez.

i) Emakumeei osoko arreta emateko Nafarroako zerbitzuak eta talde horietako langileen prestakuntza koordinatzea, baita esku-hartzeen homogeneotasuna, proportzionaltasuna eta profesionaltasuna ere.

j) Genero-indarkeriaren biktimei larrialdiko laguntza emateko espedienteak kudeatzea.

k) Genero indarkeriaren biktimentzako laguntzen espedienteak kudeatzea, biktimek baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatuz gero.

l) Genero indarkeriaren biktimei harrera egiteko baliabideak kudeatzea eta horiek erabiltzeko espedienteak tramitatzea.

m) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan jartzen diren salaketa polizialen jarraipena egitea.

n) Bereizkeria kasuengatik jarritako salaketak bideratzea.

o) Genero berdintasuneko politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.

p) Erakunde autonomoaren jarduerekin lotuta agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

21. artikulua. Proiektu eta Programa Atala.

Proiektu eta Programa Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuari genero berdintasunaren arloko jarduketa planak proposatzea, baita herritarrak sentsibilizatzeko jarduketak ere.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan generoko manstreaning-a ezartzeko estrategiak betearazi eta ebaluatzea, berdintasunerako unitateak sortuz.

c) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea Nafarroako Gobernuak onetsitako arau, plan eta programen sexu edo genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzeko orduan.

d) Emakumeek eta gizonezkoek Nafarroan duten egoera eta tokiari buruzko azterlan eta txostenak prestatzea.

e) Nafarroako emakumeen elkarteei zuzendutako berdintasun politikak diseinatu eta betearaztea, emakumeen ahalduntzea sustatuz eta Emakumeek Parte Hartzeko Kontseilua sortuz.

f) Enpresei aholku ematea genero berdintasunerako planak ezar eta gara ditzaten, eta lan hori koordinatzea, Nafarroako Gobernuaren genero berdintasunaren ezarpenerako prozeduraren bidez.

g) Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin lankidetzan, Nafarroako Foru Administrazioan berdintasunaren arloan abian jartzen diren jarduketa planak ebaluatzea.

h) Nafarroako Gobernuan toki administrazioaren arloko eskumenak dituen departamentuarekin lankidetzan, Nafarroako toki entitateei dagokienez prestatzen diren berdintasun politikak koordinatzea eta horien jarraipena egitea (Berdintasunerako Toki Planak).

i) Bizitzako, familiako eta laneko eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunen programa koordinatzea.

j) Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuarekin batera, Nafarroan dauden emakumeen eta gizonezkoen aukera-berdintasuneko agenteen prestakuntza koordinatzea.

k) Erakunde autonomoaren jarduerei buruz agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

22. artikulua. Familien Atala.

Familien Atalak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Familiendako zerbitzu eta prestazioak kudeatu eta koordinatzea: familia orientaziorako zerbitzua, familia bitartekotzarako zerbitzua eta familia elkartzeko guneak.

b) Familientzako diru-laguntzak tramitatzea eta horiek birformulatzeko proposamena egitea, familia ereduen bilakaeraren arabera, gizartearen errealitatearen arabera eta prestazio horiek zainketen ardurakidetzan (arlo publikoa eta pribatua) duten eraginaren arabera.

c) Haur eskolak kudeatu eta koordinatzea, bere eskumen esparruaren barrenean.

d) "Etxe lagunak" baliabidea koordinatzea eta baliabide horrentzako diru-laguntzak kudeatzea.

e) Familientzako politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.

f) Erakunde autonomoaren jarduerei buruz agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.

23. artikulua. Bulegoak eta antzeko unitateak.

Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gizarte Politika, Berdintasun, Kirol eta Gazteria Departamentuko kontseilariaren aginduz eginen da, zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.

VII. KAPITULUA. Haur Eskolak

24. artikulua. Haur eskolen atxikipena eta zuzendaritza.

1. Nafarroako Gobernuko haur eskolak Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren menpe egonen dira. Erakunde horri dagozkio, orobat, haur eskolen antolaketa eta koordinazio lanak.

2. Haur eskoletako zuzendari lanpostuak, lanpostu horien titularrek irabazi dituzten eskubideak galarazi gabe, izendapen librearen bidez beteko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langileen artetik.

3. Haur eskoletako zuzendarien ordainsariak Nafarroako Gobernuak plantilla organikoan finkatutakoak izanen dira.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA

25. artikulua. Ondare Zerbitzua.

Gai horiek erregulatzen dituen araudian xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren osagai izanen dira erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen ondasun eta eskubide guztiak. Ondare horren ondasun direnez gero, dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute.

26. artikulua. Baliabide ekonomikoak.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko baliabideak honako hauek izanen dira:

a) Hari loturiko ondasun eta eskubideen etekinak, errentak eta interesak.

b) Nafarroako Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako aurrekontu orokorren kontura egiten zaizkion transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.

f) Esleitzen ahal zaion beste edozein baliabide.

27. artikulua. Aurrekontuen araubidea.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menpe izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, diru-sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.

3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.

28. artikulua. Kontu-hartze Atala.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko kudeaketa ekonomikoa -hots, eduki ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.

29. artikulua. Kontabilitate araubidea.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.

2. Kontuak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. LANGILERIA

30. artikulua. Langileen araubidea.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko langileria honako hauek osatuko dute:

a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari atxikita daudenak eta atxikitzen zaizkionak.

c) Estatuko Administrazio Orokorretik edo beste administrazio batetik Nafarroako Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari atxiki zaizkion langileak.

d) Erakunde autonomo bereko lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.

V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA

31. artikulua. Orotariko araubide juridikoa.

1. Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

32. artikulua. Errekurtsoak.

Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko organoek emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.

33. artikulua. Laguntza juridikoa.

1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko beste abokatu profesional bat izendatzen den kasuetan salbu.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuari, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan ezarritako moduan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa