Castellano | Euskara | Français | English
(Texto publicado en BON N.º 96 de 11 de agosto de 2006)
Atarikoa
Ekainaren 19an eman eta ekainaren 23an argitaratu zen 38/2006 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Larrialdietako Agentzia sortu zen. Horrixe atxiki zitzaizkion lehenagoko Herri Babeserako Zerbitzuaren baliabideak.
Nafarroako Larrialdietako Agentziako Estatutuek zuzendaritzetan, alorretan (atalekin parekatuak direnetan) eta unitateetan (bulegoekin parekatuak direnetan) egituratzen dute. Estatutuetan zuzendaritza eta alorren egitura garatzen da, ez, baina, unitateena. Horretarako, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak foru agindu bat eman behar zuen.
Barne Zuzendaritza Nagusian Larrialdietarako Bulegoa, Boluntario Bulegoa eta Azpiegitura Teknikoen Bulegoa daude, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak uztailaren 29an eman 78/2005 Foru Aginduko 9., 10. eta 11. artikuluen bidez esleitzen diren eginkizunetan aritzeko, hurrenez hurren. Foru agindu horren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen, bulegoen mailan. Agentzia sortu denez geroztik, eginkizun horiek harixe dagozkio.
Larrialdietarako Bulegoari dagokionez, foru agindu haren bidez eskuratu zituen eginkizunak, agentzia sortu zuen dekretuaren bidez, SOS-Nafarroa Alorrari esleitu zitzaizkion. Beraz, bidezko da Barne Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikotik kentzea.
Hala ere, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren egitura osatu beharra dago bulegoekin parekaturiko unitateen mailan eta Boluntario Bulegoak eta Azpiegitura Teknikoen Bulegoak egin izan dituzten eginkizunen iraupena bermatu behar da. Horretarako, antolamenduaren eta eginkizunen gaur egungo esparrua kontuan hartuz, bidezko da bulego horiek Nafarroako Larrialdietako Agentziaren antolamenduan sartzeko arauak onestea.
Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailearen proposamenak osaturiko espedientea eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren, Informazioaren Gizarterako Zuzendaritza Nagusiaren, Ekonomia eta Aurrekontu Politikaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Barne Zuzendaritza Nagusiaren adostasun txostenak ikusirik, ekainaren 19ko 38/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsiriko Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Estatutuetako 36. artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskurantzak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Larrialdietarako Bulegoa, Boluntario Bulegoa eta Azpiegitura Teknikoen Bulegoa kentzea.
Bigarrena
Boluntario Unitatea sortzea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Herri Babeserako Zuzendaritzari atxikia. Eginkizun hauek beteko ditu:
a) Herri babeseko boluntarioak sustatu, bultzatu eta koordinatzea.
b) Herri babesaren arloan sinatutako akordio, itun edo hitzarmenak betetzen diren eta emandako laguntzak aplikatzen ote diren kontrolatzea.
c) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
Hirugarrena
Azpiegitura Teknikoen Unitatea sortzea, Nafarroako Larrialdietako Agentziako Sostengu Alor Teknikoari atxikia. Eginkizun hauek beteko ditu:
a) Herri Babeserako Zuzendaritzari esleitutako ekipoen azpiegitura zaindu eta mantentzea.
b) Datu baseak mantendu eta ustiatzea.
c) Herri Babeserako Zuzendaritzak koordinatzen dituen erakundeetako ekipoen azpiegitura zaindu, mantendu eta bertan teknologia berriak sartzeko laguntza teknikoa ematea.
d) Komunikazioaren arloan teknologia berriak sartzeko proposamenak egitea, Herri Babeserako Zuzendaritzaren eta erakunde koordinatuen inguruan betiere.
e) Esleitzen zaion beste edozein eginkizun.
Laugarrena
Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematea.