Castellano | Euskara | Français | English
463/1998 FORU AGINDUA, abenduaren 15ekoa, Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emana, Euskararen gaitasun Agiria (E.G.A.) titulua erdiesteko probak antolatu, prestatu, burutu eta zuzentzeari dagozkion eginkizun teknikoak Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuaren esku utzi eta lan hori burutuko duten EGA Azterketaren Batzorde Ofiziala eta epaimahaia eratzen dituena
(1999ko 3. NAOn argitaratutako testua, urtarrilaren 6an)
Atarikoa
Euskararen Gaitasun Agiria erdiesteko arauak 541/1986 Foru Aginduak eman zituen.
152/1990 Foru Aginduaren bidez Nafarroako Hizkuntza Eskolaren esku utzi ziren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) erdiesteko probak antolatu, burutu eta zuzentzeko eginkizun teknikoak.
Euskara Zerbitzuak aditzera eman du beharrezkoa dela E.G.A. titulua erdiesteko probei dagozkien guztiak berriz eskuratzea eta hartarako Nafarroako Gobernuaren beste EGA epaimahai bat sortzea eta halaber, antolatze eta aholku emate lanetarako Azterketa Batzorde Ofizial bat eratzea, prozesu guztiaren gainbegirale.
Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeko 36.2 c) eta d) artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
Lehena
Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agirirako (EGA) Epaimahai Ofiziala eratzea eta titulu hori erdiesteko probak antolatu, prestatu, burutu eta zuzentzeari dagozkion eginkizun teknikoak haren esku uztea. Epaimahaiak gutxienez hamabost mahaikide izanen ditu, euskararen irakaskuntzaren arlokoak, Hezkuntza Zuzendari Nagusiaren ebazpen baten bidez izendatuak.
Bigarrena
Hurrengo deialdietan orain arteko azterketa mota berberari eutsiko zaio: idatzizko proba bat, kanporagarria, eta ahozko probat bat, eta ezinbestekoa izanen da bi probak deialdi berean gainditzea titulua erdiesteko.
Hirugarrena
Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuak hartuko du bere gain antolatze eta aholku emate lana, eta bai hartarako Azterketa Batzorde Ofiziala eratuko ere, honako kideekin (Hezkuntza zuzendari nagusiaren ebazpen batek izendatuko ditu):
-Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuko zuzendaria.
-Iruñeko edo Tuterako Hizkuntz Eskola Ofizialeko Euskara Departamentuaren burua.
-Nafarroako Gobernuaren "Miluze" euskaltegiko zuzendaria.
-Euskara Zerbitzuko bi goi mailako euskara teknikari.
Laugarrena
Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Euskara Zerbitzuak bere gain hartuko ditu probaren matrikulazio eta kontrol lanak, eta agiriak emateko proposamena eginen du. Halaber, arlo honetan eskumenak dituzten beste komunitate autonomoetako erakunde ofizialekin izan beharreko harremanez ere arduratuko da.
Bosgarrena
EGA agiria Hezkuntza eta Kultura kontseilariak emanen du.
Seigarrena
Material gastuak Euskara Zerbitzuaren kontu izanen dira, eta bai halaber langile ez irakasleek eta EGA titulurako Epaimahai Ofizialeko kideek unean-unean indarra duten lege xedapenen arabera jaso behar dituzten diru ordainak eta kalte ordainak, probak prestatzen, burutzen eta zuzentzen egindako lanaren aldera. Gastu horiek urte hartako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan hartarako jarri den dirusailetik eginen dira.
a) Idazati honetan sartuko dira langile ez irakasleek beren lan orduez kanpo materiala prestatzen eta azterketa egin behar den lekua zaintzen ematen duten denbora guztia.
b) Halaber, epaimahaikidek azterketak prestatu, zaindu, zuzendu eta gainbegiratzen eta probak kalifikatzen emandako ordu guztiak ere bai.
Zazpigarrena
Foru Agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Zortzigarrena
Foru Agindu hau igortzea Euskara Zerbitzura, Idazkaritza Teknikora, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Miluze Euskaltegira, I.B.I.ra (Irakasleak Birtziklatzeko Ikastetxea) eta Iruña eta Tuterako Hizkuntz Eskoletara, ondorio egokiak izan ditzan.