(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

12/2009 Foru Dekretua, otsailaren 16koa, Nafarroako Mendekotasun Agentzia arautu eta haren estatutuak onesten dituena

 

(20097ko 28. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 6an)

Atarikoa

Azkeneko hamarkada hauetan babes zibilaren eta suhiltzaileen arloetako zerbitzu publikoak zein bere aldetik arautu dira, baita atxikipen organikoari dagokionez ere. Zerbitzu horien kudeaketa berezitua egin den bitartean hartutako esperientzia, eta Barne Zuzendaritza Nagusiak larrialdi handi eta txikien prebentzio lanaren eta esku-hartze operatiboaren arloetan dituen behar berriak ikusita, beharrezkoa da antolaketa bide berriei ekitea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko baliabideak hobeki erabiltzeko eta beste administrazio publiko batzuek dituzten baliabideak eta larrialdi planetan aurreikusitako beste baliabide batzuk hobeki koordinatzeko. Bestalde, bistan da suhiltzaileen zerbitzuek modernizatze prozesuari ekin behar diotela; alde batetik, gizartearen behar berriak eta lege indardunen aurreikuspenak kontuan hartuta, beren eginkizunen zerrenda handitzeko, eta bestetik, gainerako baliabideetatik bereizita, bakarka aritu beharrean, Babes Zibileko beste baliabide batzuekin era integratuan lan egiteko, hala nola, larrialdietako osasun garraioaren sareko baliabideekin edo logistika eta komunikazio arloetako baliabide teknikoekin, larrialdietan esku hartzeko sare integratu profesional bat sortzeari begira.

Era berean, babes zibilaren arloan, lehentasunezkoa da langile profesionalen lana ondoko arloetako boluntarioen baliabideekin ahal den gehiena integratu eta osatzea: suhiltzaileak, babes zibila, osasun garraioa, erreskate eta salbamendua, eta laguntza logistikoa.

Halaber, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen onespenak berarekin ekarri zuen ordura arte Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoak eta Babes Zibilerako Zerbitzuak egiten zituzten zerbitzuetako baliabideei arintasun eta eraginkortasun administratibo handiagoa eta erantzun nahikoa eman beharra, eta orobat, haien artean ahalik eta koordinazio eta integrazio handiena lortzea, gizartearen beharrei berehalako erantzun integratua emate aldera.

Horretaz gain, aipatu foru legeak beste berrikuntza bat dakar, babes zibileko eta su-itzaltze eta salbamenduko egungo zerbitzuen eginkizunak nabarmen ugaldu baititu. Izan ere, egin behar hauek esleitu dizkie: larrialdien prebentzioari eta antolakuntzari heltzea, esku hartuko duten bitarteko propio zein kanpokoen koordinazioa, larrialdietako esku-hartze zuzena eta oinarrizko zerbitzuak berreskuratu eta lehengoratzeko lanak. Ildo horretan, zerbitzu horiei dagokie izaera diferenteko beste zerbitzu batzuk koordinatzea, bai eta haiek ordeztea ere, zerbitzu arruntek gainezka egiteagatik gizartearen oinarrizko beharrei aurre egiterik ez badute. Hortaz, ezinbestekoa da babes zibileko eta su-itzaltze eta salbamenduko egungo zerbitzuak berriro zehaztea eta, bereziki, haien ahalmen zuzentzaile eta eragilea sendotzea, gaur egungo antolaketa zaharkitua eta desegokia izanen litzatekeelako foru lege horren, aplikatu beharreko oinarrizko legediaren eta gizartearen beraren behar berrien ondoriozko eskakizunei eta oraingo arrisku berriei erantzuteko.

Horiek horrela, gomendagarria da erakunde autonomo berri bat sortzea, Nafarroako Foru Komunitateko herritar guztientzat, larrialdietako beharrei erantzun arin eta integrala emateko, bai esku-hartzearen arloan, bai larrialdi handi eta txikien prebentzioaren arloan.

Larrialdietan esku hartu behar duten gizarte baliabideen eta baliabide materialen kudeaketan eraginkortasun eta koordinazio handiagoa lortzearren, Nafarroako Gobernuak, prebentzioa, esku-hartzea eta larrialdien ondoriozko kalteak lehengoratzeko lana hobetu nahirik, egokitzat jo du, alde batetik, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa aldatzea eta, bestetik, Nafarroako Larrialdietako Agentzia izeneko erakunde autonomoa sortzea, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bitartez departamentu horri atxikia.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 103. artikuluak xedatutakoaren arabera, Gobernuaren ardura da erakunde autonomoak sortu eta haien estatutuak onestea, erakunde publikoak diren aldetik.

Hori horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat eta Nafarroako Gobernuak 2009ko otsailaren 16ko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren izaera.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia (NLA) Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikitako erakunde autonomo bat da, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari babes zibilaren, larrialdien eta su-itzaltze eta salbamenduaren arloetan dagozkion zerbitzuak kudeatzeko helburua duena.

2. artikulua. Estatutuak.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoaren estatutuak onetsi dira. Haien testu osoa foru dekretu honen ondotik agertzen da, estatutuak foru dekretuarekin batera Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar dira eta.

3. artikulua. Jarduketa plana.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomoaren jarduketa plana onetsi da. Haren testu osoa espedientean ageri da.

Lehen Xedapen Gehigarria. Dedikazio araubidea.

Babes Zibilerako Zuzendaritzako SOS-Nafarroa Arloko burua, Larrialdietako Koordinazio eta Zuzendaritzaren Arlokoa eta Sostenguko Arlo Teknikoko burua erabateko dedikazioaren araubidepean arituko dira eta horren araberako ordainsariak jasoko dituzte.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Baliabideen atxikipena.

Ekainaren 19ko 38/2006 Foru Dekretuaren xedapen iragankor bakarraren bidez egindako baliabideen atxikipenak indarrean segitzen du, hartan ezarri bezalaxe, erabakiak indarra hartu zuen egunetik beretik.

Xedapen Indargabetzailea. Xedapen indargabetzaile bakarra.-Indargabetzea.

Indarrik gabe utzi da ekainaren 19ko 38/2006 Foru Dekretua, Nafarroako Larrialdietarako Agentzia sortu eta haren estatutuak onetsi zituena, foru dekretu honen bigarren xedapen gehigarrian egindako salbuespena izan ezik.

Azken Xedapenetan Lehena. Erregelamenduzko gaikuntza.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari baimena eman zaio foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

NAFARROAKO LARRIALDIETAKO AGENTZIA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA. IZAERA, MENDEKOTASUNA, ATXIKIPENA ETA HELBURUAK

1. artikulua. Izaera.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia erakunde autonomo bat da, bere helburuak betetzeko nortasun juridikoa eta jarduteko ahalmen osoa dituena.

2. artikulua. Mendekotasuna eta atxikipena.

1. Nafarroako Larrialdietako Agentzia, bere helburuak betetzeko, Nafarroako Gobernuak eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak plangintza eta politika orokorrari dagokionez ematen dituzten aginpideen pean egonen da. Halaber, goi-zuzendaritza eta ikuskapena haien eginkizuna izanen da.

2. Nafarroako Larrialdietako Agentzia Barne Zuzendaritza Nagusiari atxiki zaio. Hortaz, hari dagokio estatutuek, foru legediak eta antolamendu juridiko administratiboak goi zuzendaritza, kontrol eta babespenaren arloan esleitzen dizkioten ahalmenak erabiltzea.

3. artikulua. Helburua eta eginkizunak.

Nafarroako Larrialdietako Agentziaren helburua da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko babes zibilerako zerbitzuen kudeaketa eta koordinazioa, bai eta larrialdiei lotutako baliabideena ere, larrialdi eta babes zibilerako planetan agindutakoari jarraikiz. Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak herritarren babeserako, suteen prebentzio eta itzaltzerako eta salbamendurako duen goi mailako erakunde teknikoa izanen da. Eginkizun hauek izanen ditu helburu berariazko:

a) Babes zibilaren esparruan, arriskuei aurrea hartzeko neurriak proposatzea.

b) Babes zibilaren gaineko ikerketak, katalogoak eta arriskuen mapak, bitartekoen katalogoak, estatistikak eta txosten teknikoak egitea.

c) Babes zibilerako planak prestatu eta etengabe eguneratzea.

d) Estatuko eta tokiko larrialdietako planetan parte hartzea.

e) Arrisku handiko egoeretan, ezbehar edo hondamendi publikoetan, larrialdi txikietan eta, batez ere, suteetan eta pertsonen eta ondasunen salbamendu eta erreskateetan esku hartzea.

f) Suteak itzaltzea, beste era bateko ezbeharrak murriztea eta inguruabar horiek direla-eta mehatxupean dauden pertsonak eta ondasunak babestea.

g) Larrialdietan parte hartzen duten zerbitzu edo entitateei laguntza ematea, plangintzari, logistika operatiboari eta komunikazioei dagokienez.

h) Larrialdiak kudeatzeko zentroa eta larrialdietako aginte postu aurreratuak kudeatu eta haiei sostengua ematea.

i) Nafarroako Babes Zibilerako Batzordeari laguntza tekniko eta administratiboa ematea, baita larrialdien edo babes zibileko planetako aurreikuspenen ondorioz eratzen diren koordinazioko organo tekniko guztiei ere.

j) Arriskuen prebentzioari eta babes zibilari dagokienez, Barne Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekoak diren gaiak ikuskatzea, hari laguntzeko organo teknikoa baita.

k) Suteen eta antzeko ezbeharren zergatikoak ikertzea.

l) Osasun arloko larrialdietarako osasun garraioko sarean parte hartzea.

m) Zentro eta lokal publikoei eta, kasua izanez gero, pribatuei laguntza ematea segurtasunari dagokionez.

n) Babes zibilaren gaineko informazioa eta prestakuntza ematea herritarrei eta planek ukitutako berariazko taldeei.

ñ) Babes zibilaren eta suhiltzaileen zerbitzuetako langile boluntarioen lana sustatu eta koordinatzea.

o) Sektore publiko nahiz pribatuari aholku teknikoa ematea, babes zibilari buruz.

p) Lankidetza programak ezartzea antzeko eginkizunak dituzten beste erakunde batzuekin.

q) Nafarroako Larrialdietako Agentziaren helburuak betetzen laguntzen duten eginkizun eta jarduera guztiak, aurreko lerroaldeetan aipaturik ez badaude ere.

4. artikulua. Jardunaren lurralde esparrua.

Nafarroako Larrialdietako Agentzia, oro har, Nafarroako Foru Komunitatean arituko da, baina, ezbehar, hondamendi, katastrofe edo arrisku larriko egoeretan, edo agintari eskudunek hala eskatuta, hortik kanpo ere aritzen ahalko dira.

II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA

I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak, unitate organikoak eta partaidetzako organoak

5. artikulua. Zuzendaritza organoak, unitate organikoak eta partaidetzako organoak

1. Hona hemen Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendaritza organoak:

a) Gobernu Batzordea.

b) Zuzendari kudeatzailea.

2. Nafarroako Larrialdietako Agentziak honako Zuzendaritza hauek izanen ditu bere egituran:

a) Babes Zibilerako Zuzendaritza Nagusia.

b) Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritza.

c) Kudeaketako Zuzendaritza.

3. Hona hemen Nafarroako Larrialdietako Agentziaren partaidetzako organoak:

a) Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea.

b) Babes zibilerako planetan kasuan kasu ezartzen diren batzorde aholku-emaileak.

II. KAPITULUA. Gobernu Batzordea

6. artikulua. Gobernu Batzordea.

Gobernu Batzordea ondoko kide hauek osatuko dute:

Batzordeburu: Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilaria.

Batzordeko buruordea: Barneko zuzendari nagusia.

Kideak:

Lehendakaritzako zuzendari nagusia.

Funtzio Publikoaren zuzendari nagusia.

Toki Administrazioko zuzendari nagusia.

Modernizazioaren eta Administrazio Elektronikoaren zuzendari nagusia.

Osasuneko zuzendari nagusia.

Herri Lanetako zuzendari nagusia.

Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuko zuzendaria.

Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuko zuzendaria.

Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistemaren Zerbitzuko zuzendaria.

Foruzaingoko burua.

Segurtasun Eskolako zuzendaria.

Iruñeko Udalaren ordezkari bat.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak izendatzen dituen bi ordezkari.

Batzordeko kide idazkaria: Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea.

7. artikulua. Gobernu Batzordearen eskudantziak.

Gobernu Batzordeak honako eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Erakunde autonomoaren aurrekontuen aurreproiektu proposamena onestea urtero, Barne Zuzendaritza Nagusiaren bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorri aurretik.

b) Erakundearen ekitaldi bakoitzeko planak eta jarduketa programak onestea.

c) Erakundearen zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.

d) Atxikia duen ondarea administratzea.

e) Nafarroako Gobernuari proposatzea Nafarroako Larrialdietako Agentziari atxikitzen ahal zaizkion ondasun higiezinak erosi edo lagatzeko.

f) Nafarroako Larrialdietako Agentziak egin beharreko jardueren tarifak onestea, hala behar bada.

g) Nafarroako Larrialdietarako Agentziari baimena ematea beste entitate eta erakundeekin hitzarmenak eta itunak sinatzeko, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak Nafarroako Gobernuari horretarako esleitzen dizkion eskumenak.

h) Nafarroako Larrialdietako Agentziako Gobernu Batzordeko buruak presako kasuetan ematen dituen ebazpenak eta probidentziak ezagutzea.

8. artikulua. Gobernu Batzordeko buruaren eskudantziak.

Gobernu Batzordeko buruaren eginkizuna izanen da:

a) Gobernu Batzordearen bileretarako deia egitea eta gai-zerrenda finkatzea, bilkuretako buru aritu eta zuzendaritza lanetan jardutea, eta bertan harturiko erabakiak eta Nafarroako Larrialdietako Agentziaren funtzionamendurako arauak bete daitezen begiratzea.

b) Presako kasuetan eman beharreko probidentzia eta ebazpenak hartzea, eta ondotik egiten den lehenbiziko bilkuran horien berri ematea Gobernu Batzordeari.

9. artikulua. Gobernu Batzordeko buruordearen eskudantziak.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako Gobernu Batzordeko buruordearen eginkizuna izanen da:

a) Batzordeko buruarenak, hura ordezten duenean edo kanpoan dagoenean.

b) Bereziki, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren jarduera gainbegiratzea, bai eta haren zuzendari kudeatzailearena eta hura osatzen duten organoena ere.

10. artikulua. Gobernu Batzordeko idazkariaren eskudantziak.

Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Gobernu Batzordearen bilkuretako akta egitea, harturiko erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Batzordearen liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiak egitea.

b) Gobernu Batzordearen erabakien betearazpena tramitatzea.

c) Bere esku uzten diren gainerako eginkizunak betetzea.

11. artikulua. Gobernu Batzordeko bilkuren araubidea.

Gobernu Batzordeak urtean behin eginen du nahitaez bere ohiko bilkura. Bilkura bereziak, berriz, batzordeburuak horrexetarako dei egiten duenean.

12. artikulua. Bilkuretarako deia.

Gobernu Batzordea biltzeko deia gutxienez hamar egun baliodun lehen jakinarazi beharko da, bilkura arrunta bada, eta egun baliodun bat lehenago, bilkura berezia izanez gero.

13. artikulua. Bilkuretara joan beharra.

Gobernu Batzordeko bilkuretara joatea nahitaezkoa izanen da, aski justifikaturiko ezinbesteko kasuetan salbu. Bilkurara joaterik ez duenak batzordeburuari aditzera eman beharko dio aldez aurretik, behar den denborarekin.

14. artikulua. Bilkuren balioa.

Gobernu Batzordea balio osoarekin eratu dadin, lehenbiziko deialdian, beharrezkoa izanen da batzordekideen gehiengo absolutua izatea bilkuran. Bigarren deialdian, ordea, nahikoa izanen da bost kide agertzea, balio osoarekin eratua gelditzeko. Dena den, ezinbestekoa izanen da batzordeko burua eta idazkaria eta, kasua izanez gero, haien ordezkoak, agertzea.

15. artikulua. Erabakiak.

Erabakiak bertaratzen diren kideen gehiengo soilak onartuta hartuko dira eta eguneko gai-zerrendan ageri diren aferei buruzkoak izan beharko dute, presako kasuetan izan ezik, betiere bilkuran daudenen gehiengoak halakotzat jotzen baditu.

16. artikulua. Beste pertsona batzuen laguntza.

Gobernu Batzordeak ahalmena izanen du jakintza, prestakuntza edo izen handia izateagatik edo beste arrazoi bategatik egoki iruditzen zaizkion pertsonen aholkua noiznahi eskatzeko. Horrelako kasuetan berariaz deituko zaie bileretara.

17. artikulua. Kide anitzeko organo gisa aritzea.

Batzordearen antolamenduaren eta funtzionamenduaren araubidea eta Gobernu Batzordeko kideen estatutu pertsonala, kide anitzeko organoentzat Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

III. KAPITULUA. Zuzendari kudeatzailea

18. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargu-uztea.

1. Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta izendatuko du Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea, foru dekretu bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren proposamena kontuan hartuta.

2. Eritasuna edo bestelako arrazoiren bat dela medio, Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzailea falta bada, haren ordez erakunde autonomo bereko zuzendariren batek jardungo du, hark izendatzen duenak.

19. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eskudantziak.

Nafarroako Larrialdietako Agentziako zuzendari kudeatzaileak eskudantzia hauek izanen ditu:

1. Agentziako zerbitzuen funtzionamenduaren ardura nagusia hartzea.

2. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren ordezkaritza arrunta, baita judiziala eta judizioz kanpokoa ere, bere gain hartzea jarduketa mota guztietan, eta ordezkaritza hori erabiltzeko ahalorde eta aginduak ematea.

3. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren jarduera, organo, zentro, ekipo eta instalazio guztien zuzendaritza, kudeaketa, ikuskatzailetza eta barne antolamendua.

4. Gobernu Batzordearen eta batzordeburuaren erabakiak aplikatu eta betearaztea.

5. Giza baliabideak eta baliabide material eta ekonomikoak modu bateratuan kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatezkoak eman ahal izateko.

6. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko kontseilariak edo Barneko zuzendari nagusiak espedienteen ebazpena eman dezaten lagungarri gerta daitezkeen proposamenak ematea.

7. Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiaren arabera erakunde autonomoen ordezkariek sinatu beharreko kontratuak sinatzea.

8. Erakunde autonomoaren transferentzietarako eta funtzionamendurako ordainketak eta gastuak baimentzea, indarra duen araudian ezarritakoarekin bat.

9. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren urteko memoria eta jarduketa planak prestatzea.

10. Agentziaren gastu eta diru-sarreren aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena egitea.

11. Lan metodoak hobetu, berrikuntza teknologiko aplikagarriak sartu, zentroak, eraikinak, instalazioak eta ekipoak zaindu eta diru-sarrera eta gastuak hobetzeaz arduratzea.

12. Atxikitako langileen buru izatea.

13. Diziplina espedienteak irekitzea, hutsegite arin, larri edo oso larriak egiteagatik.

14. Hutsegite arin edo larriengatik irekitako diziplina espedienteak ebaztea.

15. Babes zibilaren eta larrialdien kudeaketaren arloan, esker ona edo zorionak emateko proposamenak egitea.

16. Urteko oporren plana, lanaldiak eta ordutegiak onestea, Nafarroako Gobernuak onesten duen araubide orokorrarekin bat.

17. Erakunde autonomoko unitate organikoen burutzak betetzeko lehiaketetarako deialdiak proposatzea.

18. Arloetako eta unitateetako buruak behin-behinekoz izendatzea, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren aldeko txostena jaso ondoren.

19. Ebazpen bidez finkatzea zuzendarien eta Agentziako beste unitate organiko batzuetako titularren ordezkoak, kargua hutsik dagoenean edo titularrak kanpoan edo eri daudenean edo beste edozein arrazoi pertsonalengatik ezin dutenean, kargua aldi baterako bete dadin.

20. Agentziako plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egitea.

21. Langileei lanpostu bat esleitzea eta, Agentziaren barruan, lanpostu bete edo hutsei dagokienez, aldaketak egitea.

22. Langileen "behin-behineko eginkizun-gabetzea" deritzon egoera administratiboa adieraztea.

23. Agentziako langileen lanaldia murrizteko eskaeren gainean ebaztea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren, hala behar bada.

24. Langileei destinokoa ez den beste herri batean bizitzeko baimena ematea, kasuan kasuko unitate organikoko arduradunak txostena eman ondoren.

25. Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 53.1 artikuluan ezarritako lanpostuak betetzeko deialdiak onetsi, tramitatu eta ebaztea.

26. Lan arloko auzibidera eta auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioen gaineko ebazpena ematea, 48. artikuluan araututakoetan izan ezik.

27. Erregelamenduak ezarritako oporrak, lizentziak eta baimenak ematea.

28. Agentziako langileei baimena ematea aparteko orduak egiteko, arauetan ezarritako baldintzak kontuan hartuta.

29. Ondare erantzukizunaren gaineko erreklamazioak ebaztea.

30. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak, Gobernu Batzordeak edo Barneko zuzendari nagusiak, haren karguarekin loturik, esleitzen dizkioten eginkizun guztiak betetzea.

20. artikulua. Zuzendari kudeatzailearen eskudantziak eskuordetzea.

Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzia batzuk Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendarien eta arloetako buruen esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.

IV. KAPITULUA. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren Unitate Organikoak

21. artikulua. Agentziako zuzendaritzak.

Nafarroako Larrialdietako Agentziak honako zuzendaritza hauek izanen ditu bere egituran:

a) Babes Zibilerako Zuzendaritza Nagusia.

b) Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritza.

c) Kudeaketako Zuzendaritza.

22. artikulua. Zuzendarien izendapena eta kargu-uztea.

Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta izendatuko ditu zuzendariak, foru dekretu baten bidez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren proposamena kontuan harturik.

23. artikulua. Babes Zibilerako Zuzendaritzaren eginkizunak.

Babes Zibilerako Zuzendaritzak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Babes zibilaren arloan, arriskuei aurrea hartzeko planak eta programak prestatu eta martxan jartzea.

b) Babes zibilaren gaineko azterketa teknikoak egitea.

c) Nafarroako Foru Komunitatean aplikagarriak izanen diren Babes Zibileko planak prestatu, ezarri eta haien eraginkortasunari eustea.

d) Larrialdietarako tokian tokiko planak homologatzeko prozesua kudeatzea.

e) Nafarroako Foru Komunitateko baliabideen katalogoak, arriskuen katalogo eta mapak eta jarduera arriskutsuen katalogoak prestatu eta etengabe eguneratzea.

f) Babes zibileko planetarako laguntza baliabideak, bereziki irratikomunikazio eta telekomunikazioetakoak, planifikatu eta kudeatzea.

g) Larrialdiak kudeatzeko zentroa zuzentzea.

h) Larrialdien gaineko informazio sistemak diseinatu, abian jarri eta kudeatzea.

i) Babes zibilaren arloko koordinazio organoei laguntza tekniko eta administratiboa ematea.

j) Jarduera sailkatuei eta, oro har, arriskuen prebentzioari eta babes zibilari buruzko espedienteak direla-eta, behar diren ikuskapenak egitea eta behar diren txosten teknikoak kudeatzea, Barne Zuzendaritza Nagusiaren organo teknikoa baita.

k) Larrialdiei erantzuteko eta babes zibilerako kanpoko entitateekin sinatzen diren hitzarmenak eta itunak prestatu eta kudeatzea.

l) Indarra duten xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

24. artikulua. Babes Zibilerako Zuzendaritzaren arloak.

Babes Zibilerako Zuzendaritzak arlo hauek ditu bere egituran:

a) Plangintza Arloa.

b) SOS Nafarroa Arloa.

c) Larrialdietako Koordinazio eta Zuzendaritzaren Arloa.

d) Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntzaren Arlo Teknikoa.

e) Sostenguko Arlo Teknikoa.

25. artikulua. Plangintza Arloaren eginkizunak.

Plangintza Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuak onetsi beharreko babes zibileko planak proposatu eta prestatzea, bai eta haiek ezarri eta haien eraginkortasunari eustea ere.

b) Planen prestaketa eta ezarpena bultzatu eta koordinatzea, haien esparrua herria edo eskualdea denean edo haien prestaketa toki entitateen esku dagoenean.

c) Babes zibileko eskualde, udal eta udalez gaindiko planak homologatzeko proposamena eta azterketa teknikoa egitea.

d) Hondamendi arriskuen eta arrisku berezi eta berariazkoen gaineko ebaluazioak egitea.

e) Istripu larri eta txikiei buruzko eta, oro har, gertatzen diren larrialdi eta hondamendiei buruzko azterketak eta estatistikak egitea.

f) Zerbitzuko jarduerekin lotuta ezartzen zaizkion gainerako lanak.

26. artikulua. SOS Nafarroa Arloaren eginkizunak.

SOS Nafarroa Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) 112 SOS Nafarroa larrialdiak kudeatzeko zentroaren kudeaketa material eta operatiboa, funtzionamendurako Erregelamenduan agindutakoari jarraikiz.

b) Baliabideak larrialdietan mobilizatzeko protokoloak, baliabideen katalogoak eta, oro har, informazioa eta datu baseak prestatu eta mantentzea.

c) Operadoreen eta areto buruen jarduera ikuskatzea.

d) Eguneko jarduerari buruzko parteak, oharrak eta jakinarazpenak egitea.

e) Lan araubidea, txandak, egutegia eta ordutegiak kontrolatzea.

f) 112 SOS Nafarroa zentroan aritzen diren mediku koordinatzaileen goi koordinazio funtzionala egitea.

g) Larrialdiak kudeatzeko zentroari atxikitako langileen prestakuntza jarraitua ikuskatzea.

h) Egindako prestazioen azterketa eta ebaluazioa.

i) Larrialdietarako baliabideak kudeatzeko beste zentro batzuekin elkarlanean aritzea.

j) Zerbitzuko jarduerekin lotuta ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

27. artikulua. Larrialdietako Koordinazio eta Zuzendaritzaren Arloaren eginkizunak.

1. Larrialdietako Koordinazio eta Zuzendaritzaren Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Larrialdietan esku hartzeko eta zerbitzu operatiboen jarduketa bateratuetarako protokoloak prestatu eta mantentzea.

b) Zehaztuko diren ikuskatze eta kontrol prozeduren bidez, zerbitzu operatiboen jarduketa eta ezarritako protokoloak betetzen direla gainbegiratzea.

c) Protokoloen aplikazioak sortzen ahal dituen ohiz kanpoko egoerak ebaztea, bai eta larrialdiak kudeatzeko sistemaren funtzionamenduan gerta daitezkeen akatsak berehala zuzentzea ere.

d) Larrialdietako planak, aktibazio maila guztietan, kudeatzeko laguntza teknikoa ematea, zuzendaritza eta koordinazio lanak bere gain hartuta, zuzendaritza teknikoa edo batzorde aholku-emailea oraindik eratu ez bada.

e) Babes zibilerako informazio eta alarma sistemen eta sareen definizioa eta jarraipen teknikoa.

f) Larrialdi eta babes zibilerako erabaki, itun edo hitzarmenen proposamenak eta haien segimendua egitea.

g) Osasun zerbitzuekin batera larrialdiak planifikatzen eta kudeatzen parte hartzea, osasun kontuei dagokienez, bai eta hil edo biziko larrialdietarako protokolo berariazkoak prestatzen ere.

h) Osasun zerbitzuekin batera larrialdietarako osasun garraioko sarea kudeatzea.

i) Babes zibilerako plan bereziak direla-eta, simulakroak koordinatu eta antolatzea.

j) Zerbitzuko jarduerekin lotuta ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

2. Larrialdietan, oro har, eta babes zibileko planen aktibazio fase guztietan, arestian aipatutako eginkizunak betetzeko, segurtasuneko eta babes zibileko arloetako goi mailako teknikariak, suhiltzaile-ofizialak eta, kasua izanez gero, larrialdien kudeaketarekin loturiko bestelako teknikariak arituko dira. Langile horiek, eginkizunei dagokienez, Larrialdietako Koordinazio eta Zuzendaritzaren Arloari atxikiko zaizkio. Txanden eta guardien sistema bat ezarriko da, eta halaber, lana antolatuko da, une oro, gutxienez, aipatutako taldeetako ordezkari bana egon dadin, eta hortaz, etengabeko laguntza bermatu ahal izateko.

28. artikulua. Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntzaren Arlo Teknikoaren eginkizunak.

Larrialdietako Prebentzio, Informazio eta Prestakuntzaren Arlo Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Arriskuei aurre egitera bideratutako ekintza mota oro programatzea.

b) Beste entitate eta erakunde batzuei aholkularitza ematea arriskuei aurrea hartzeari buruz.

c) Hondamendien eta istripu larri eta txikien kontrako segurtasunaren gaineko ikerketa teknikoak egitea.

d) Suteen eta bestelako arriskuen kontrako segurtasun neurriei eta, bereziki, jarduera sailkatuei eta autobabeserako planei buruzko txostena egitea behar diren espediente administratiboetan.

e) Gertatutako ezbeharren ikerketa teknikoa egitea, haiek sortzeko arrazoiak eta garatzeko faktoreak zehaztearren, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzako unitateekin lankidetzan, protokoloak agindutako moduan.

f) Suteen eta bestelako arriskuen kontrako segurtasun neurriei buruzko jarduera plana prestatu eta haren segimendua egitea, Prebentzio, su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuen Zuzendaritzako unitateekin lankidetzan, protokoloak agindutako moduan.

g) Autobabesari eta babes zibilari buruzko neurriak jakinarazteko informazio eta prestakuntza jarduerak diseinatu, abian jarri, kudeatu eta ebaluatzea, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzako unitateekin lankidetzan, protokoloak agindutako moduan.

h) Zerbitzuko jarduerekin lotuta ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

29. artikulua. Sostenguko Arlo Teknikoaren eginkizunak.

Sostenguko Arlo Teknikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Larrialdiak kudeatzeko zentroko ekipoen eta instalazioen eta, bereziki, larrialdiak kudeatzeko sistemaren mantentze-lanak.

b) Nafarroan izaten diren larrialdiei erantzuteko irratikomunikazioen sareaz arduratzea eta jarraipen teknikoa egitea, eta sare hori eta dauden sare sektorialak elkarrekin koordinatzea.

c) Bereak dituen zerbitzuetan instalatutako komunikazio sistemen eta baliabideen inbentarioa egitea eta kontrolatzea, are haien erabilera babes zibilarekin nahiz herritarren segurtasunarekin loturiko beste zerbitzu, erakunde edo instituzio batzuei laga bazaizkie ere.

d) Nafarroako Larrialdietako Agentziarako informazio sistema propioa, aginte kuadroak eta telekomunikazio sistemak diseinatu eta martxan jartzea.

e) Zerbitzuko jarduerekin lotuta ezartzen zaizkion gainerako eginkizunak.

30. artikulua. Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzaren eginkizunak.

Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Suhiltzaileen unitateen eta Nafarroako suhiltzaile etxeen funtzionamendurako ildo nagusiak zuzentzea. Horretarako, jardueraren helburuak ezarri eta burutza bakoitzari bere eginkizunak betetzeko eskatuko zaio.

b) Nafarroako suhiltzaile etxeen erantzun operatiboa zuzendu eta ikuskatzea, erreskate taldeena eta talde bereziena barne, bai eta suhiltzaile boluntarioekiko koordinazio funtzional operatiboa ere.

c) Nafarroako suhiltzaile etxeetako ekintzen kudeaketa gainbegiratzea, txanden barne funtzionamendua, prestakuntza eta prebentzioa barne.

d) Guardia zerbitzuak planifikatzea.

e) Langileen jarduerak planifikatu eta programatzea.

f) Suhiltzaileen zerbitzuetako langileen txandak eta lan-egutegiak kudeatzea.

g) Burutzetako arduradunen segimendua eta koordinazioa egitea eta haiei aholku ematea.

h) Langileen prestakuntza eta birziklatzea gainbegiratzea, hala nola instrukzioko praktiken segimendua egitea.

i) Zerbitzu honi dagozkion zerbitzuak eta bestelako gaiak kontrolatu eta ebaluatzea.

j) Uniformeak eta ekipamendua zehaztea.

k) Zerbitzuen funtzionamendua gainbegiratu eta kontrolatzea.

l) Langileen lan araubidea, egutegiak, ordutegiak eta ordainsariak kontrolatzea.

m) Suhiltzaileen zerbitzuetan esku hartzen duten suhiltzaile talde boluntarioekin sinatzeko hitzarmenak eta itunak prestatu eta kudeatzea.

n) Suhiltzaileen zerbitzuaren jarduerekin loturik edo indarreko xedapenek eskuordeturik esleitzen ahal zaizkion bestelako eginkizunak.

31. artikulua. Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzaren arloak.

1. Prebentzio Zuzendaritzaren egituran arlo funtzional hauek daude:

a) Esku-hartzearen eta Suhiltzaile Etxeen Arloa.

b) Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Arloa.

c) Aginte eta Sostengu Arloa.

2. Arlo funtzional horiek talde operatiboak izaten ahalko dituzte, bai eta erreskate taldeak eta talde bereziak ere, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru agindu bidez sortuak. Agindu horietan taldeen tamainari eta berezitasunei buruzko irizpideak agertuko dira.

Taldearen ezaugarrien arabera, bakoitzean suhiltzaileen sarjentu edo kabo bat arituko da buru. Zehaztapen hori foru aginduan jasoko da.

3. Lurraldetasunari dagokionez, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritza eskualde eta suhiltzaile etxetan egituratzen da.

4. Eskualdeak finkatzen diren eremu geografikoak dira eta suhiltzaile etxe bat edo batzuk hartuko dituzte beren baitan. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru agindu bidez ezarriko dira.

Eskualdearen ezaugarrien arabera, bakoitzean suhiltzaileen ofizialorde edo sarjentu bat arituko da buru. Zehaztapen hori foru aginduan jasoko da.

5. Suhiltzaileen etxeak Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru agindu bidez sortu eta deseginen dira. Bertan zehaztuko dira haien tipologia, langileen eta esku-hartzearen kopurua, xede duten herriak eta arriskuen mapa.

Suhiltzaile etxe bakoitzean suhiltzaile bat arituko da buru. Haren maila suhiltzaile etxearen motaren araberakoa izanen da eta aipatutako foru aginduan agertuko da.

32. artikulua. Esku-hartzearen eta Suhiltzaile Etxeen Arloaren eginkizunak.

Esku-hartzearen eta Suhiltzaileen Etxeen Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Suhiltzaile profesionalen etxeen sarea kudeatzea, deitzen zaienean esku hartzeko edo aurrea hartzeko egin behar dituzten zerbitzuak zehazte aldera.

b) Nafarroako suhiltzaile boluntarioen etxeak operatiboan integratzea, deitzen zaienean haien parte-hartze operatiboa egokia izan dadin.

c) Suhiltzaile profesional zein boluntarioen suhiltzaile etxeetako giza baliabideen eta baliabide materialen eraginkortasun osoa bermatzea, zerbitzuei kalitate estandarren eta isokronen irizpideetatik ematen zaien erantzuna berdintsua izan dadin Nafarroa osoan.

d) Jarduerak, zentroak, establezimenduak eta instalazioak ikuskatzeko planetan agintzen zaizkion lanak egitea.

e) Zentro, instalazio eta jardueren autobabeserako eta hustuketarako planen prestaketa, mantentze lanak eta berrikuspenak gainbegiratzea, Babes Zibilerako Zuzendaritzako unitateekin koordinaturik.

f) Babes Zibilerako Zuzendaritzarekin koordinaturik, larrialdietarako autobabeseko eta babes zibileko neurriak zabaltzeari begira agintzen zaizkion planifikatutako informazio eta prestakuntza jarduerak egitea.

g) Esku hartzeko gutxieneko zerbitzuen eta langileen lan egutegien kontrola eta segimendua egitea.

h) Suhiltzaile etxeetako dotazioak aztertu eta kontrolatzea, esku hartzeko gaitasuna hobetzearren.

i) Langileen segimendu berariazkoa egitea laneko arriskuen prebentzioko eta lan osasuneko neurriei dagokienez.

j) Kudeaketa Teknikorako Zuzendaritzak prestatutako instalazioen, ibilgailuen, materialen eta ekipoen mantentze-planen kontrolean eta segimenduan laguntzea.

k) Lurraldeko suhiltzaile etxeetako biltegietako ekipamenduaren eta inbentarioen kontrola eta segimendua.

l) Langileen prestakuntza fisikoaren kontrola eta segimendua.

m) Indarra duten xedapenek agintzen edo eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak.

33. artikulua. Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Arloaren eginkizunak.

Kanpainen, Erreskate Taldeen eta Talde Berezien Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Suhiltzaileen zerbitzu bereziak diseinatu, martxan jarri eta kudeatzea, istripu handi eta txikietan edo babes zibileko larrialdietarako planetan ezarritako egoeretan aurrea hartu edo esku hartzeko lanetan sortzen diren beharretarako.

b) Nafarroako eskualdeetako oihan-suteen kontrako kanpainak diseinatu, martxan jarri eta kudeatzea.

c) Suhiltzaileen osasun unitateek larrialdietarako osasun garraioko sarean duten parte-hartzea koordinatzea.

d) Honako hauek diseinatu, martxan jarri, kudeatu eta etengabe ebaluatzea: uretako eta mendiko erreskate taldeak, bai eta aldi baterako edo modu iraunkorrean eratzen ahal diren esku-hartze talde bereziak ere, eta bereziki, tartean gai arriskutsuak eta NEBK gaiak dauden istripuetarako direnak.

e) Langileen esku-hartze eta mobilizaziorako protokoloak egitea.

f) Zerbitzuaren erantzun operatiboa aztertzea, ondokoei dagokienez: gutxieneko zerbitzuak, isokronen azterketa, eskualdeen araberako suhiltzaile etxeen banaketa eta erantzun-denborak.

g) Babes zibilerako planen aplikazio operatiboa, zerbitzuaren erantzun operatibotik abiatuta, batez ere ondoko gaiei buruzkoak: salgai arriskutsuak, tunelak, lurrikarak, uholdeak, oihan-suteak.

h) Babes zibilerako plan berezien esparruan, simulakroen antolakuntzan parte hartzea.

i) Indarra duten xedapenek agintzen edo eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak.

34. artikulua. Aginte eta Sostengu Arloaren eginkizunak.

Aginte eta Sostengu Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Suteen eta ezbeharren prebentzio lanaren inguruko araudia betetzen dela ikuskatzeko jarduerak egitea, Babes Zibilerako Zuzendaritzako unitateekin koordinaturik, protokoloak agindutako moduan.

b) Hondamendiei eta istripu handi eta txikiei aurrea hartzeko autobabeseko edo babes zibileko neurriak, oro har gizarteari eta, bereziki, ikasleei eta langileei, zabaltzeko planifikatutako informazio eta prestakuntza jarduerak egiten laguntzea, Babes Zibilerako Zuzendaritzako unitateekin koordinaturik, protokoloak agindutako moduan.

c) Entitateei eta erakunde publiko zein pribatuei laguntza eta aholkua ematea, hustuketarako eta autobabeserako planak egin ditzaten.

d) Zentro, instalazio eta jardueren autobabeserako eta hustuketarako planen prestaketa, mantentze lanak eta berrikuspenak gainbegiratzea, Babes Zibilerako Zuzendaritzako unitateekin koordinaturik, halako planak beharrezkoak diren kasuetan.

e) Gertatzen diren ezbeharren gaineko ikerketak egitea, haiek sortzeko zergatikoak eta garatzeko faktoreak zehaztearren, Babes zibilaren eta suhiltzaileen gainerako unitateekin eta, kasua bada, segurtasun indar eta kidegoetako unitateekin koordinaturik.

f) Suhiltzaile etxeei eta unitate operatiboei laguntza teknikoa ematea langileen, ibilgailuen, ekipoen eta bitarteko materialen kudeaketari dagokionez.

g) Nafarroako Segurtasun Eskolarekin elkarlanean, suhiltzaileen zerbitzuetarako prestakuntza jarraituko plana diseinatu, martxan jarri, kudeatu eta ebaluatzea.

h) Nafarroako Segurtasun Eskolari laguntzea ondokoen gaineko ekintzen kudeaketan eta tutoretzetan: suhiltzaileen zerbitzuen oinarrizko prestakuntza, prestakuntza berezia eta prestakuntza jarraitua.

i) Suhiltzaileen zerbitzuentzako prestakuntza fisiko jarraiturako programa diseinatu, martxan jarri, kudeatu eta ebaluatzea.

j) Suhiltzaile boluntarioen taldeek eta babes zibileko boluntarioek profesionalentzat antolatzen diren prestakuntza ekintzetan integratu eta parte har dezaten kudeaketa lanak egitea.

k) Indarra duten xedapenek esleitu edo eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak.

35. artikulua. Kudeaketako Zuzendaritzaren antolamendua.

1. Kudeaketako Zuzendaritzak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Zuzendari kudeatzaileari laguntzea zuzendaritza eta partaidetza organoak koordinatzen.

b) Agentziaren diru-sarrera eta gastuen aurrekontuetako aurreproiektuaren zirriborroa prestatzea.

c) Agentziaren kudeaketa ekonomiko eta administratiboa.

d) Kanpoko entitateekiko lankidetza hitzarmen eta itunei buruz azterketa eta txostenak egitea eta haien kudeaketa eta kontrol ekonomikoa egitea.

e) Agentziako unitate organiko guztietan programaturiko obra, instalazio eta ekipamenduetarako inbertsioak eta eskatzen zaizkion bestelakoak kudeatzea.

f) Agentziaren ondasun eta zerbitzuen hornidura planifikatu, koordinatu, kudeatu eta kontrolatzea.

g) Informazio sistemak, aginte-koadroak eta kalitatea bermatzeko eta lan arriskuei aurrea hartzeko sistemak prestatu eta kudeatzea.

h) Agentziako langileen kudeaketa materiala, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuarekin koordinaturik.

i) Sindikatuekiko eta langileen ordezkaritza organoekiko harremanak bermatzea, Barne Zuzendaritza Nagusiko Araubide Juridikoaren eta Langileriaren Zerbitzuak eta Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak berak babesturik eta koordinaturik.

j) Langileen lanaldiak kontrolatzeko sistema kudeatzea.

k) Aldi baterako ezintasun egoeran dauden agentziako langileek aurkezten dituzten baja-agiriak, baja berrestekoak eta alta-agiriak kudeatu eta tramitatzea.

l) Indarra duten xedapenek esleitu edo eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak.

2. Kudeaketako Zuzendaritzak arlo hauek ditu bere egituran:

a) Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloa.

b) Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Arloa.

3. Gai Ekonomiko-administratiboen eta Langileriaren Kudeaketaren Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Agentziaren ekonomiaren, kontabilitatearen eta aurrekontuen kudeaketaren ohiko kontrolaz arduratzea.

b) Onesten den aurrekontua kudeatu eta kontrolatzea.

c) Aldian aldiko informazioa prestatzea, aurrekontuen eta kontabilitatearen jarraipena egin ahal izateko, eta izan litezkeen desbideratzeak aztertzea.

d) Agentziaren aurrekontuak betetzeko behar diren ordainketa eta kobrantza agiriak kontrolatzea.

e) Ibilgetuaren inbentarioaren sorrera eta mantentze-lanak kudeatzea.

f) Ekipo eta instalazioen ordezpena eta haien mantentze-lanak planifikatu eta sustatzea, kasuan kasuko arlo eta unitateekin koordinaturik.

g) Agentziaren informazio lana, antolaketa lana eta agiriak kudeatu eta koordinatzea.

h) Datu estatistikoak kudeatzea.

i) Prozesu administratiboak koordinatzea, arloen arabera jarduteko irizpide uniformeak ezarriz.

j) Administrazioaren ekoizpena hobetzeko neurri teknikoak proposatu eta haien ezarpenaren segimendua egitea.

k) Agentziaren kontratuak kudeatzea, obrakoak, zerbitzuetakoak, laguntza teknikokoak eta hornidurakoak.

l) Bere zentroetako ondasun eta zerbitzuen hornidura koordinatu eta kontrolatzea.

m) Bestelako entitateekiko lankidetza itunak kudeatzea.

n) Aseguruak kudeatu eta kontrolatzea.

ñ) Agentziaren zentro eta zerbitzuak koordinatzea lan eskubide eta eginbeharrak begiratu eta betetzeko.

o) Langileriaren kudeaketa begiratu, koordinatu eta kontrolatzea.

p) Langileriaren arloko espedienteak tramitatzea, Agentziako zuzendari kudeatzaileari badagokio haien gainean ebaztea.

q) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusian tramitatzea Agentziari atxikitako langileen gai guztiak, betiere gai horiei buruzko ebazpena ematea haren eskumena bada.

r) Langileen erregistroa ireki, mantendu eta eguneratzea.

s) Ezarririk dagoen erregelamenduzko prozedurari jarraituz aldi baterako langileak kontratatzeko beharrak gainbegiratzea.

t) Absentismoa kontrolatu, baja-agiriak tramitatu eta langileen egutegirako, absentismorako, oporretarako eta lizentzietarako programa bat ezarri eta kudeatzea.

u) Lanaldiz kanpoko lanei buruzko araudi orokorra betetzen ote den begiratu eta kontrolatzea.

v) Kudeaketa administratiboaren eta langileriaren kudeaketaren arloetarako garatu beharreko aplikazio informatikoen beharrak jakinarazi eta kontrolatzea.

w) Jendearendako harrera zerbitzua gainbegiratu eta kontrolatzea.

x) Indarra duten xedapenek esleitu edo eskuordetzen dizkioten gainerako eginkizunak.

4. Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Arloak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Material teknikoaren, ibilgailuen, jantzien, ekipoen eta azpiegituren egoera begiratu eta arlo horietan planifikatzen eta programatzen dela begiratzea.

b) Agentziaren logistika kudeatzea, ongi ibil dadin.

c) Material, ibilgailu, ekipo eta azpiegituren beharrak atzeman direla, aztertzen ari direla eta, bidezko bada, konponbidean daudela koordinatzea.

d) Baldintza teknikoen agiriak prestatzea, ibilgailuen, material teknikoaren, ekipoen, ekipamenduaren eta azpiegituren arloetarako.

e) Zehaztapen teknikoak prestatu eta eguneratzea.

f) Langileen uniformeak eta ekipamendua proposatzea.

g) Eraikinen, instalazioen eta azpiegituren mantentze-lanez arduratzea.

h) Ibilgailu, ekipo, makineria, material, jantzi, ekipamendu eta azpiegituren beharrei buruzko txostenak hartu eta aztertzea.

i) Inbentarioak, materialak, ekipoak, ibilgailuak eta ekipamendua kontrolatzea eta haien egoeraren berri izatea.

j) Zehaztapen teknikoak, biltegia, ibilgailuak, materialak, ekipoak eta ekipamendua mantentzea.

k) Bere eskumenen esparruko arautegiak eta legezko xedapenak bildu eta eguneratzea.

l) Langileen eta arloari atxikiriko unitateen jarduera koordinatu, gainbegiratu eta sostengu ematea, helburuak ezarriz, haiek betetzen direla kontrolatuz eta haien jarduera koordinatuz, zuzendaritzak ematen dituen jarraibideekin bat.

m) Zuzendaritzarendako azterlan, txosten eta proiektuak prestatzea.

n) Beste arloei sostengu teknikoa ematea.

ñ) Oro har, indarra duten xedapenek agindu edo esleitzen dizkioten gainerako eginkizunak.

36. artikulua. Unitateak sortu, aldatu eta kentzea.

Estatutu hauetan aurreikusitakoetatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren foru agindu baten bidez eginen da, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek eta Barne Zuzendaritza Nagusiak txostena eginda.

37. artikulua. Agentziako zuzendaritzak eta burutzak betetzeko modua eta haietako ordainsariak.

1. Nafarroako Gobernuak zehaztuko ditu Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen ordainsariak, Babes Zibil, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen zuzendariarenak eta Kudeaketako zuzendariarenak. Ordainsari horiek Nafarroako aurrekontuei buruzko foru legeetan jasoko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 109. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

2. Arloetako burutzen eta bulegoekin parekatutako unitateetako burutzen kasuan, ordainsariak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren atalburutzetakoak eta bulegoburutzetakoak bezalakoak izanen dira hurrenez hurren, artikulu honen 3. atalean aurreikusitakoa alde batera utzita.

3. Arlo, eskualde eta suhiltzaile etxeetako arduradunek eta, kasua bada, Prebentzio, Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Zuzendaritzaren barrenean eginkizunak banatzeko eta eskualdeka aritzeko sortzen diren suhiltzaile taldeetako arduradunek beren lanpostuei dagozkien oinarrizko ordainsariak eta osagarriak baizik ez dute jasoko. Ez zaie inolako osagarririk aplikatuko burutzengatik, izan ere, aginte lanak suhiltzaileen kidegoan duten postuari dagozkio.

4. Arloko burutzak eta bulegoekin parekatutako unitateetakoak betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan, hurrenez hurren, atalburutzak eta bulegoburutzak betetzeko ezarritako prozedura berak erabiliko dira.

V. KAPITULUA. Partaidetza organoak

38. artikulua. Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea.

Nafarroako Babes Zibilerako Batzordea Nafarroako Larrialdietako Agentziaren partaidetza organo gorena da, deusetan galarazi gabe Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legeak eta hura garatzen duten arauek esleitzen dizkioten eskudantziak.

39. artikulua. Beste partaidetza organo batzuk.

Babes zibileko planetan ezartzen diren batzorde aholku-emaileak Nafarroako Larrialdietako Agentziaren partaidetza organotzat hartuko dira, plan horien xedearen eta eraginaren ondorioetarako eta, betiere, martxan jarri edo eguneratuak izan eta berehala.

III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA

40. artikulua. Ondarea.

Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen arabera, Nafarroako Larrialdietako Agentziari ondoko hauek atxiki zaizkio:

a) Nafarroako Ondarearenak izanik, erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion ondasun eta eskubide guztiak; Ondare horren ondasunak diren aldetik dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute, hori guztia aipatu foru legearen 61. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita dagoen bezala.

b) Nafarroako Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoarenak, aipatutako partzuergo hori desegiteko erabakian aurreikusitakoari jarraikiz.

41. artikulua. Baliabideak.

Nafarroako Larrialdietako Agentziak baliabide hauek izanen ditu:

a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen etekinak, errentak eta interesak.

b) Dituen helburuak betetzeko Foru Komunitateak atxikitzen dizkion baliabideak.

c) Nafarroako aurrekontu orokorren kontura emandako transferentzia eta ekarpenak.

d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak eta bereziak.

e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.

f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.

42. artikulua. Aurrekontuak.

1. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren kudeaketa urteko aurrekontuaren araberakoa izanen da. Aurrekontu hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.

2. Aurrekontuen egitura, diru-sarrera eta irteeren sailkatzeari eta horien zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako Gobernuko Aurrekontu Orokorretarako ezarririko arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor hauen barruan egonen baitira, bai eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko aurrekontuetan ere.

3. Aurrekontu hauen likidazioa eta exekuzioa Nafarroako Aurrekontu Orokorretarako ezarritako arau orokorrei jarraikiz eginen da.

43. artikulua. Kontu-hartzearen eta kontabilitatearen araubidea.

Nafarroako Larrialdietako Agentziak, bere eskudantziak erabiliz, tramitatu eta onartzen dituen egintza, agiri eta espedienteen kontu-hartzea eta kontabilitatea, eskubide eta betebehar ekonomikoak sortzen badituzte, Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarrita dauden modu eta baldintza berberetan eginen da. Edonola ere, Nafarroako ogasun publikoaren legedia aplikatuko zaie.

44. artikulua. Kontuen araubidea.

1. Nafarroako Larrialdietako Agentzia kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Foru Komunitatearen Administrazioak dituen baldintza berberetan.

2. Kontu-arrazoiak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurreikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.

IV. TITULUA. LANGILEAK

45. artikulua. Langileak.

1. Nafarroako Larrialdietako Agentziak langile hauek izanen ditu:

a) Nafarroako Gobernuak berak edo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko titularrak askatasunez izendaturik, Agentziaren egitura organikoko zuzendaritza karguetan dauden pertsonak.

b) Gaur egun Su-itzaltze eta Salbamendu Zerbitzurako Partzuergoari eta Babes Zibilerako Zerbitzuari eta hura osatzen duten unitate organikoei atxikirik dauden Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan kontratudunak.

c) Erakunde autonomoko bereko lan kontratudunak.

d) Erakunde autonomoari etorkizunean atxikitzen zaizkion funtzionario eta lan kontratudunak.

e) Estatuko edo toki entitateetako babes zibileko zerbitzuetatik edo su-itzaltze eta salbamendu zerbitzuetatik Nafarroako Foru Komunitatera transferitu eta gero Nafarroako Larrialdietako Agentziari atxikitzen zaizkion langileak.

46. artikulua. Guardiak.

1. Larrialdietan, bai babes zibilari bai suteen prebentzioari eta salbamenduari dagokienez, behar bezala jardun ahal izateko, Nafarroako Larrialdietako Agentziak guardia sistema bat izanen du. Bi motatakoak izanen dira: lokalizaturik egon beharrekoak eta lantokian egon beharrekoak, larrialdietako egoerei erantzunen zaiela bermatzeko.

2. Nafarroako Larrialdietako Agentziako langileek, halako guardiak egiten dituztenean, beren sailkapenaren arabera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileentzat erregelamenduz ezarritako zenbateko berberak jasoko dituzte.

V. TITULUA. EGINTZA ADMINISTRATIBOEN ARAUBIDE JURIDIKOA

47. artikulua. Egintza administratiboen araubidea.

1. Nafarroako Larrialdietako Agentziak ematen dituen egintza administratiboen araubide juridikoa, oro har, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen IV. tituluan eta 114., 115. eta 116. artikuluetan ezarritakoa izanen da.

2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko egintza administratiboei dagokienez, Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.

3. Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen egintzek eta ebazpenek ez diote administrazio bideari bukaera emanen eta beraz bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea haien aurka Barneko zuzendari nagusiari zuzendua. Edonola ere, ondare-erantzukizunaren arloan ematen diren ebazpenek eta legeetan espresuki aurreikusten diren beste ebazpen batzuek administrazio bideari bukaera emanen diote.

48. artikulua. Aurretiko erreklamazioak.

Lan arloko epaitegietara jo aurreko erreklamazioak, langileei buruzkoak, funtzio publikoaren arloan eskumena duen kontseilariak ebatziko ditu, Nafarroako Larrialdietako Agentziaren zuzendari kudeatzailearen aginduzko txostena jaso ondoren.

49. artikulua. Agentziaren ordezkaritza eta defentsa juridikoa.

Nafarroako Larrialdietako Agentziaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, salbu eta ordezkatu eta defendatzeko elkargoko abokatu bat izendatzen bada.

Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak Nafarroako Larrialdietako Agentziari aholku juridikoa ematen ahalko dio, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan agindutako moduan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa