(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

147/2003 Foru Agindua, urriaren 20koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, behi-azienda pirenaikoa arraza horretako Liburu Genealogikoan inskribatzea sustatzen duena

 

(2003ko 146. NAOn argitaratutako testua, azaroaren 17an)

Atarikoa

Nafarroako haragitako behien ustiategiak ezinbesteko egokitzapen prozesu batean daude murgildurik, Europako Batasunaren nekazaritza arloko politika aplikatzearen ondorioz.

Arraza pirenaikoa behi-arraza autoktonoa da, Nafarroako mendialdeko eta eskualde behartsuetako larreak modu estentsiboan aprobetxatzeko ezaugarri egokiak dituena. Hortaz, oso beharrezkoa da arraza horretako abelburuen kopuruari eustea. Gainera, Nafarroako Foru Komunitateko ingurumen baldintzei egokituta dauden abere-talde horien hazkuntzak jendea landa inguruneetan mantentzen laguntzen du, jende gutxi bizi den edo despopulazio handia izaten ari diren eskualdeetan.

Arraza horri etekinik handiena ateratzeko, purutasunari eutsi behar zaio, eta hori arraza pirenaikoaren Liburu Genealogikoan egiten diren inskripzioen bidez bermatzen da. Ardura horrek gastu gehigarri bat dakarkie abeltzainei, neurri batean konpentsatu beharko litzatekeena.

Europako Batzordeak, 33/01 laguntzari buruz 2002ko apirilaren 8an hartutako C745 (2002) Erabakiaren bidez, 280/2002 Foru Dekretuan azaltzen diren laguntzak onetsi ditu, nekazaritza sektorearentzako estatuetako laguntzei buruzko Europako Elkartearen jarraibideetan ezarritako baldintzen araberakoak direlakoan.

Abenduaren 30eko 280/2002 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatearen nekazaritza sektorearentzako Estatuko laguntzei buruzko Erregelamendua onetsi zen, non besteak beste behi-azienda pirenaikoa arraza horretako Liburu Genealogikoan inskribatzeko laguntzak aipatzen baitira, eta behi-azienda pirenaikoa Liburu Genealogikoan inskribatzea sustatzen duen Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariaren 1993ko abuztuaren 9ko Foru Agindua baliogabetu zen.

Orain, bidezkoa da behi-azienda pirenaikoa arraza horretako Liburu Genealogikoan inskribatzeko laguntzen oinarriak garatzea, aipatu foru dekretu horretan adierazitakoarekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36. artikuluko 2.b) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honen helburua da behi-azienda pirenaikoa arraza horretako Liburu Genealogikoan inskribatzeko 280/2002 Foru Dekretuan ezarrita dauden laguntzak Nafarroan eskatzeko arauak ezartzea.

2. artikulua. Onuradunak.

Laguntzen onuradunak abelburuak behi-azienda pirenaikoaren Liburu Genealogikoan inskribatzen dituzten Nafarroako abeltegietako titularrak izanen dira.

3. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek bete beharreko baldintzak:

a) Haien ustiategia Nafarroan egotea, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribaturik egotea eta behi-azienda pirenaikoaren Liburu Genealogikoan egotea.

b) Europako Batasunak ingurumenari eta abereen higieneari eta ongizateari buruz emaniko gutxieneko arauak betetzea.

c) Nekazaritza lanetan aritzeko lanbide prestakuntza aski izatea.

4. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

1. Laguntza, eskuarki, 12 eurokoa izanen da inskribaturiko abere bakoitzagatik.

2. Hala ere, beste 12 euro emanen dira abeltegiak osorik parte hartzen badu Behi Pirenaikoaren Hobekuntza Genetikorako Planean. Plan hori Behi Pirenaikoaren Hazleen Nafarroako Elkartea-ASPINAk garatu du eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsi.

3. Beste 6 euro emanen dira aurreko lerroaldean aipatzen diren abereendako, inskribaturiko abelgorri horiek Hobekuntza Genetikorako Plan horretan probaldian dauden hazitarako zezenen umeak badira.

4. Betiere, laguntzek ezin gaindituko dute erregistroko kostuen %30.

5. artikulua. Eskatzailearen betebeharrak eta konpromisoak.

1. Inskribaturiko abereen amak 6 urte bete arte abeltegian mantentzea.

2. Abeltegiko ugalketarako haragi-behi guztiak Liburu Genealogikoan inskribaturik dauden hazitarako zezen pirenaikoekin estali beharko dira, dela estaltze naturalaren bidez, dela intseminazio artifizialaren bidez.

3. Baldintza horiek bete ezean, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onuradunari eskatuko dio jaso duen laguntza oso-osorik itzul dezan.

6. artikulua. Eskabideak aurkeztea.

1. Laguntza eskatzeko, berariazko idazki edo inprimakiak erabili behar dira eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren edozein bulegotan aurkeztu. Orobat, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legearen bitartez aldatutako Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4. artikuluan aurreikusitako edozein tokitan aurkezten ahal dira.

2. Eskaerekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira, gutxienez:

a) Eskatzailearen NANaren edo IFZren fotokopia.

b) Behi Pirenaikoen Hazleen Nafarroako Elkarteak (ASPINA) egindako ziurtagiria, abereak Liburu Genealogiko horretan inskribaturik daudela eta, kasua bada, arraza horren Hobekuntza Genetikorako Planaren barrenean probaldian dauden hazitarako zezenen kumeak direla adierazten duena.

c) ASPINAren ziurtagiria, eskatzailea arraza horren Hobekuntza Genetikorako Planean ondorio guztiekin parte hartzen ari dela adierazteko.

3. Laguntza eskaerak urteko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dira eta aurreko urtean Liburu Genealogikoan inskribatu diren abere guztiak aipatu beharko dira. Horretarako inprimaki ofizialak erabiliko dira, ez besterik.

7. artikulua. Eskabideak izapidatu eta haien gainean ebazteko modua.

1. Aurkeztutako dokumentazioa Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak aztertuko du eta, akatsen bat aurkituz gero, interesatuei jakinaraziko die, gehienez ere hilabete batean okerrak zuzendu edo dokumentazioa osa dezaten eskatzen zaizkien datuak ekarriz; bestela, ebazpena eman ondoren, espedientea artxibatu eginen da.

2. Aurrekontua nahikoa ez bada aurkeztutako laguntza eskaera guztientzat, erregistroan sartzen diren ordenaren arabera emanen dira laguntzak, aurrekontuko diru guztia agortu arte, betiere eskatzen den dokumentazio guztia baldin badute. Laguntzarik jasotzen ez duten eskaerek hurrengo urtean aurkezten direnen aldean lehentasuna izanen dute.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak, dokumentazioa eta egiten diren txostenak ikusirik, foru agindu honetan aurreikusitako laguntzei dagokien ebazpena emanen du. Ebazpen hori positiboa izatera, zenbatekoa eta laguntza lortzeko baldintzak zehaztuko dira.

4. Kasuan kasuko administrazio ebazpena jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izanen da eskaera Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan sartzen denetik hasita. Epe horretan ez bada berariazko ebazpena jakinarazten, ulertuko da eskaera ukatu egin dela.

8. artikulua. Kontrolak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntza hauen segimendua eginen du, egoki iruditzen zaizkion kontrolen bitartez. Onuradunek kontrol lan horietan lagundu beharko dute.

9. artikulua. Neurria aplikatzen jarraitzea.

1. Konpromiso-aldian onuradunak laguntzaren xede den ustiategia osorik edo haren zati bat beste bati eskualdatzen baldin badio, lagapen-hartzaileak konpromisoari eutsi beharko dio hura amaitu arte eta aurreko onuradunaren beharkizun eta eskubideak bere gain hartuko ditu. Bestela, onuradunak jasotako laguntzak itzuli beharko ditu, gehi ordainketa eta itzulketaren artean igaro den aldiari dagozkion korrituak.

2. Hitzarturiko konpromisoak ez betetzeko ezinbesteko arrazoiren bat gertatzen bada, konpromisoari eutsi zaion aldiari dagokion dirua ez da eskatuko. Ezinbesteko kasuak honako hauek izanen dira:

a) Onuradunaren heriotza.

b) Onuradunaren lanerako ezintasun luzea.

c) Neurria aplikatu zaion ustiategiaren parte handi bat desjabetzea, konpromisoa hartu zen egunean desjabetzapena ezin bazen aurreikusi.

d) Laguntzapeko abeltegia ukitzen duten ezbehar natural larriak.

e) Onuradunaren ustiategian gaitzak agertzea, gaixotasuna errotik ateratzeko edo kontrolatzeko neurriak hartzera behartzen dutenak, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren gainbegiratzepean.

f) Abeltzaintza Zerbitzuak ohiz kanpokotzat hartzen duen beste edozein gorabehera, behar bezala dokumentatua.

Ezinbesteko kasuren bat gertatuz gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinarazi beharko zaio, ezbeharra gertatzen denetik hamar egun balioduneko epean gehienez.

10. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Foru agindu honetan aurreikusten diren laguntzak hartzen dituztenek honako hauek bete beharko dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak dirulaguntzen inguruan egiten duen edozein egiaztapen onartzea.

b) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari jakinaraztea helburu bereko beste dirulaguntza publikorik eskatu dutenetz.

c) Kontabilitatean edo liburu-erregistroan dirulaguntza erregistratzea, indarra duen arautegiaren arabera horretara beharturik egonez gero.

11. artikulua. Laguntza itzultzea.

Laguntzak emateko eskatzen diren baldintzak eta konpromisoak betetzen ez badira, oso-osorik itzuli beharko dira eta dagokion berandutza interesa ere eskatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan xedatutakoaren arabera.

12. artikulua. Ez-betetzeak eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenen araubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean finkatutakoa izanen da.

2. Arau-hausteak zehaztu eta zehapenak jartzeko prozedura abenduaren 9ko 369/1997 Foru Dekretuari lotuko zaio, nekazaritza, abeltzaintza eta elikadura arloko zehapen prozedura administratiboa onesten duen hari, alegia.

13. artikulua. Laguntzei uko egitea.

Abeltzainen bati eman zaion dirulaguntza interesatzen ez bazaio, laguntzari uko egiten diola idatziz jakinarazi beharko dio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, laguntza ematen duen ebazpena jakinarazi eta hogeita hamar eguneko epean. Hala egiten ez badu, onuradunak laguntza eta baldintzak onartzen dituela ulertuko da.

Lehendabiziko Xedapen Gehigarria

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoari men eginen zaio.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak aurrekontuetako mugen araberakoak izanen dira eta 2003ra arte luzatu diren 2002. urteko Nafarroako aurrekontu orokorretako eta hurrengo urteetako "Behi-azienda pirenaikoaren sustapena" izeneko 711001- 71310-4700-713200 kontusailaren kargura ordainduko dira.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Foru agindu hau aplikatzeko egintzen aurka, gora jotzeko helegitea aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, helegitearen xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Azken Xedapen Bakarra

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa