Castellano | Euskara | Français | English
(2011ko 46. NAOn argitaratua, martxoaren 8an)
Atarikoa
110/2003 Foru Dekretuak, maiatzaren 12koak, onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2011ko otsailaren 18an Gobernu Kontseiluak onetsi zuen erabakia argitaratzeko agintzen dut, ondoren adierazten den "Hitzarmenei buruzko Erregelamendua" onesteari buruzkoa:
”GOBERNU KONTSEILUAREN ERABAKIA, HITZARMENEI BURUZKO ERREGELAMENDUA ONESTEN DUENA
Nafarroako Unibertsitate Publikoa berezko nortasun juridikoa duen zuzenbide publikoko erakundea da, eta bere helburuak erdiesteko dituen tresnetako bat da elkarrekin jarduerak egitera bideratutako beste erakundeekin eta pertsona fisiko edo juridikoekin hitzarmenak sinatzeko ahalmena.
Erregelamendu honen bidez, Unibertsitateko komunitateari arau bat eskaintzen zaio Unibertsitatearen erakunde politikarako tresna garrantzitsuenetako bat ulertzea eta arautzea xede nagusi duena: Hitzarmenak.
Hasiera batean, Erregelamenduak, beste batzuen artean, hitzarmenaren eta bere helburuaren irudi juridikoaren kontzeptua argi mugatzen du, aplikazio eremuari dagokionez bazterketak egiten ditu, hitzarmen motak sailkatzen ditu eta negozio juridiko honen edukia adierazteko behar diren irizpideak ematen ditu.
Bigarren Tituluan, arauak xehetasunez aztertzen ditu hitzarmen bat tramitatzeko faseak, eta nabarmendu behar da kudeaketa eta jarraipena egiteko ardura duen Tramitazio Unitatearen aipua.
Azkenik, Hirugarren Tituluan, sinatu eta geroko jarduketak garatzen ditu, izan ere, sinatzen duten parteen onura premisa gisa daukan ituntzat hartzen baita hitzarmena, eta, ondorioz, alde batera utzita betetzen den edo ez, inguruabarren arabera adostutakoaren gaineko jarduketak eskatuko ditu.
Gure erakundearen eremuan Hitzarmenei buruzko xedapen arauemaile hau egin beharra sortu da Gobernu Kontseiluak erregelamendu independenteak onesteko ahalmena baitauka, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 20. artikuluaren o) letran ondorioztatzen denez.
Hori dela eta, bere kideek aurretik eztabaidatu eta gero, ondoko hau da Gobernu Kontseiluak, otsailaren 18an egindako bileran, hartu duen erabakia:
Lehenengoa
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hitzarmenei buruzko Erregelamendua onestea, Eranskinean azaltzen den moduan.
Bigarrena
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hitzarmenei buruzko Erregelamendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN HITZARMENEI BURUZKO ERREGELAMENDUA
I. TITULUA. APLIKAZIO-EREMUA
Lehena. Definizioa.
Hitzarmen bat borondate-akordio bat da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak beste erakunde nahiz pertsona fisiko edo juridiko batekin berdintasun egoeran sinatua, interes komuneko helburuak erdiesteko bere eskumeneko gaietan eta egitekoetan.
Bigarrena. Hitzarmenen xedearen betekizunak.
Hitzarmenen xedeak zehatza izan behar du, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren interes publikoen araberakoa, ordenamendu juridikoarekin bat datorrena, eta administrazio onaren printzipioen arabera kudeatua.
Hirugarrena. Hitzarmen motak.
Hitzarmenak mota hauetakoak izan daitezke:
a) Hitzarmenak Estatuko Administrazio Orokorrarekin, Administrazio Autonomikoarekin edo Toki Administrazioarekin.
b) Hitzarmenak unibertsitateekin eta ikerketarako zentro publikoekin.
c) Lankidetza hitzarmenak fundazioekin eta beste organismo publiko edo pribatuekin.
d) Lankidetza hitzarmenak enpresekin.
e) Hitzarmenak osasun erakundeekin.
f) Hitzarmenak nazioarteko programetan parte-hartzea arautzeko.
Laugarrena. Bazterketak.
Erregelamendu honen aplikazio-eremutik kanpo geratuko dira:
a) Administrazio Publikoen kontratuei buruzko legeriak araututako zuzenbidezko negozioak.
b) Ondare legeriak araututako kontratuak.
c) Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetako 138. artikuluan aurreikusitako kontratuak.
Bosgarrena. Hitzarmenen kalifikazioa.
Tratamendu homogeneoari eustearren, hitzarmenak formalizatzeko tresnek, beren izendapen espezifikoak gorabehera, kategoria hauetako bati dagokion kalifikazioa jasoko dute:
a) Lankidetzarako Esparru Hitzarmenak: Alderdi sinatzaileen artean betebehar juridikoak sor ditzaketen akordioak jasotzen dituzten tresnak dira, eta eraginkorrak izateko espreski eskatzen dute hitzarmen espezifikoak formalizatzea, betebehar horiek zehaztuko dituztenak eta haietan ezarritako edukia eta mugak errespetatu beharko dituztenak.
b) Hitzarmen espezifikoak: Aurretiazko esparru hitzarmen bat garatzeko, edo zuzenean hitzarmen hori gabe, tresna hauek ezartzen dituzte betebehar zehatzak eta alderdiek ezin hobeki mugatuak, eta galdagarriak, berehala edo esplizituki ezarritako epe edo baldintzen arabera.
Seigarrena. Hitzarmenen edukia.
Hitzarmenen edukia irizpide hauei egokitu behar zaie:
a) Hitzarmena egiten duten alderdiak, haietako bakoitzak jarduteko duen gaitasun juridikoa, bai eta sinatzaileen ordezkaritza ere.
b) Hitzarmenaren jardueraren oinarria diren arauak, arreta berezia emanez Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan horri buruz dauden aginduei eta jardueraren egokiera-arrazoiei.
c) Hitzarmenaren xedeak, alderdi bakoitzak bere gain hartzen dituen betebeharrak, eta Unibertsitatearentzat eduki ekonomikoa balute, haien finantzabidea.
d) Hitzarmena betetzeko beharrezkoak direla uste diren jardunak eta erakundeak.
e) Indarraldia, alderdi sinatzaileek isilbidezko edo esanbidezko akordioaren bidez hitzarmena luzatzeko aukera galarazi gabe.
f) Iraungitzeko beste arrazoi batzuk, bai eta hitzarmena salatzen denean hasitako jardunak bukatzeko modua ere.
g) Jurisdikzio eskumenduna gatazkak sortzen direnean.
h) Zein leku eta egunetan sinatzen den.
II. TITULUA. PROZEDURAREN TRAMITAZIOA
Zazpigarrena. Tramitazio Unitatea.
Hitzarmenaren tramitazioa kudeatu eta jarraitzea Hitzarmenetarako Bulegoari dagokio, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Idazkaritza Teknikoari atxikia eta haren mende dagoen Unitateari, eta eginkizun hauek ditu:
a) Unibertsitate Komunitateari informazioa ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako hitzarmenei buruz.
b) Hitzarmenen proposamenen egoera kontrolatu eta hari buruzko txostenak egitea tramitazio-aldian.
c) Hitzarmen proposamenak jasotzea eta betekizunak egiaztatzea tramitatzeko.
d) Tramitatutako proposamenei buruzko nahitaezko edo borondatezko txostenak egiteko eskaera formala egitea Zerbitzu eta Unitateei.
e) Espedientea osorik zaindu eta ordenatzea, eta, Erregelamendu honen arabera bidezkoa bada, erakunde eskumendunak formalizatzea sinatzeko.
f) Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hitzarmenen Erregistroa arteztea.
Zortzigarrena. Ekimena.
1.-Hitzarmenen tramitazioan ekimena organo hauei dagokie zuzenean:
a) Errektorea.
b) Errektoreordeak.
c) Idazkari nagusia.
d) Kudeatzailea.
2.-Xedearen arabera eskuduna den errektoreordetzak bere adostasuna formalizatu beharko du, honako hauek sustatutako hitzarmenei buruz:
a) Ikastegiek beren dekano, zuzendari edo pertsona eskuordetuaren bidez.
b) Sailek beren zuzendari edo pertsona eskuordetuaren bidez.
c) Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle, irakasle-ikertzaile eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileek.
Bederatzigarrena. Proposamenak tramitatzeko betekizunak.
Hitzarmenetarako Bulegoak egiaztatuko du betetzen ote diren hitzarmen-proposamena tramitatzeko nahitaezkoak diren betekizun hauek:
a) Hitzarmena abian jartzeko ekimen zuzena duen organoaren interesa formalizatuko duen dokumentua.
b) Hitzarmenaren bidez lortu nahi diren helburu, xede, ekintzak eta erakunde onura jasoko dituen txostena.
c) Bidezkoa bada hitzarmena formalizatu eta gero hura bete, kontrolatu eta kudeatzeko ardura duen hitzarmenaren kudeaketaria identifikatzea (erakundea, unitatea, lanpostua ...).
d) Hitzarmenaren behin betiko proposamenaren testua, gutxienez ere Nafarroako Foru Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako batean idatzia.
e) Txosten ekonomikoa, betiere hitzarmena dela-eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak diru-ordainketa egin behar badu bakarrik. Txosten horretan, gutxienez ere jaso beharko da gastuaren balorazioa guztira, eta gastua egotzi zaien aurrekontu-sailen identifikazioa.
Hamargarrena. Txostenak.
1.-Nahitaezko txostenak:
Proposamenaren tramitazioa baimendurik, espedientean sartuko dira hari buruzko nahitaezko txosten hauek, araudi aplikagarriaren arabera eskatu ahal diren organo pertsona bakarreko edo kolegiatuek emandako beste edozein txosten egitea galarazi gabe:
a) Idazkaritza Teknikoak egindako txosten juridikoa.
b) Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egindako txostena.
c) Kontu-hartzailetzaren aldeko fiskalizazioa, kontrol unitate horri aplikagarria den araudiaren arabera bidezkoa denean.
2.-Borondatezko txostenak:
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Hitzarmenetarako Bulegoak, prozedura hasteko organo eskumendunak eskatuta, hitzarmen proposamenaren edukiak ukituko dituen Unitate, Zerbitzu edo Organoei txostena egiteko eskaera formalizatuko du.
Hamaikagarrena. Proposamena onestea eta formalizatzea.
1. Txostenak espedientean sarturik eta hitzarmen proposamena emandako irizpenari egokitzen zaiola egiaztaturik, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Idazkaritza Teknikoak aldeko txostena igorriko dio araudi aplikagarriaren arabera sinatzeko eskumena duen organoari.
2. Zenbat alderdik parte hartzen duten hitzarmenean, hainbat aletan formalizatuko da.
III. TITULUA. FORMALIZAZIOAREN ONDORENGO JARDUNAK
Hamabigarrena. Berrestea.
1.-Berrestea esaten zaio hitzarmen bat baieztatzeko egintzari, eta aipatu egintzak baliozkotasuna ematen dio hitzarmenari bere indarraldi osoan.
2.-Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseilua da organo eskumenduna hitzarmenak berresteko organo kolegiatu hori arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera.
Hamahirugarrena. Hitzarmena betetzea.
1.-Hitzarmena beteko da bere klausuletan ezarritako moduan hitzarmenaren kudeaketariaren ikuskaritza eta kontrolpean, eta hitzarmena sinatzeko organo eskumendunak eskatutako informazio balioespen edo eskaeren mende geratuko da.
2.-Hitzarmenean itundutako betebehar ekonomikoak betetzea galarazi gabe, hitzarmena proposatzen duen Gastu Unitate Funtzional beraren kontura izango dira aldaketa, garraio edo zaintzatik eratorri eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari egotzitako gastu orokorrak.
Hamalaugarrena. Aldaketa.
Tramitazioa hasteko eskumena duen organoak ikusi beharko du hitzarmen bat aldatzeko premia dagoen, eta Erregelamendu honen II. Tituluan hitzarmen berriak sortzeko ezarritako ibilbide berari jarraituko dio erreforma prozedurak.
Hamabosgarrena. Iraungipena, indarraldia edo aurreikusitako jardunak amaitzeagatik.
1. Hitzarmena behin betiko etengo da bere klausuletan ezarritako indarraldia igarotzen denean, automatikoki luzatu ezean.
2. Hitzarmenaren helburua balitz jarduera zehatz bat egitea, jarduera burutzean iraungiko da.
Hamaseigarrena. Salaketa.
1. Salaketa esaten zaio hitzarmenean ezarritako lankidetzarekin ez jarraitzeko borondatea adierazteari. Edozein sinatzailek hitzarmen bat salatzeko, nahitaezkoa da arrazoiak jakinaraztea idatziz eta aurretik nahikoa denborarekin, eta epe hori ez bada esanbidez finkatzen, hiru hilabetekoa izango da.
2. Salatu nahi den hitzarmenarekin bat etorriz hasitako jardunak amaitzen saiatuko dira alderdiak.
3. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseilua da organo eskumenduna hitzarmenak salatzeko, organo kolegiatu hori arautzen duten arauetan ezarritakoaren arabera.
Azken Xedapen Bakarra
Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman, eta biharamunean hartuko du indarra Erregelamendu honek.