Castellano | Euskara | Français | English
(2012ko 150. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 31n)
Atarikoa
Ekainaren 22ko 11/2012 Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zen.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuari dagokio erakunde publikoen estatutuak onestea.
Uztailaren 2ko 35/2012 Foru Dekretuaren bidez Gizarte Politiketako Departamentuaren oinarrizko egitura organikoa ezarri zen.
Hartan, adierazten da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua dela departamentu horren menpe dagoen erakunde autonomoetako bat.
Foru dekretu honen helburua da Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren estatutuak onestea.
Hori horrela, Gizarte Politiketako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 25ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:
Artikulu Bakarra. Estatutuak onestea.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua erakunde autonomoaren Estatutuak onetsi dira. Horien testua foru dekretu honen eranskinean ageri da.
Lehenbiziko Xedapen Gehigarria. Nafarroako Emakumearen Institutuaren, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaren gaineko aipamenak.
Gaur egun dagoen araudian edo jadanik emandako egintza administratiboetan Nafarroako Emakumearen Institutuaz, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaz eta Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuaz egiten diren aipamen guztiak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaz eginak bezala ulertuko dira.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Kudeaketa esleipenak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak ahalmena izanen du departamentu bereko edo beste bateko organo edo erakunde publikoei esleitzeko hark dituen helburu eta eginkizunak betetze aldera beharrezkoak diren jarduera material edo teknikoak, edo zerbitzuetakoak, egitea, arlo hori arautzen duen legedian xedatutakoa betez.
Hirugarren Xedapen Gehigarria. Izendapena berrestea.
Berresten da, egin zen baldintza berberetan, Genero Berdintasuneko Politiken Plangintza eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendariaren izendapena, izena aldatuta, Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetza izanen baita.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indarrik gabe gelditzen dira foru dekretu honi aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak eta, bereziki, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Estatutuak onetsi zituen abuztuaren 24ko 138/2011 Foru Dekretua.
Azken Xedapenetan Lehena. Aurrekontu aldaketak.
Ahalmena ematen zaio Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari foru dekretu honetan ezarritakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu aldaketak egin ditzan.
Azken Xedapenetan Bigarrena. Arauen garapena.
Gizarte Politiketako kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu honetan ezarritakoa garatzeko eta gauzatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.
Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.
NAFARROAKO FAMILIARAKO ETA BERDINTASUNERAKO INSTITUTUA ERAKUNDE AUTONOMOAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA. IZAERA, ESKUMENAK ETA EGINKIZUNAK
1. artikulua. Izaera.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua administrazio izaerako erakunde autonomo bat da, nortasun juridiko propioa duena, bai eta jarduteko ahalmen osoa ere, xedeak bete ahal izateko.
2. artikulua. Atxikipena eta babesa.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua, bere helburuak betetzeko, Gizarte Politiketako Departamentuak plangintza eta politika orokorrari buruz ematen dituen jarraibideen mendean dago, hari atxikita. Departamentu horren esku gelditzen dira Institutua kontrolatu eta babesteko ahalmenak, Estatutuetan, foru legerian eta administrazioaren antolamendu juridiko administratiboan esleitzen zaizkionak, hain zuzen ere.
3. artikulua. Eskumenak eta eginkizunak.
1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari eskumen hauek dagozkio:
a) Nafarroako Foru Komunitateko emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako politikak koordinatzea eta kudeatzea.
b) Familia arloko politiken koordinazioa eta kudeaketa, baita haur eta nerabeentzako sustapenaren, arretaren eta babesaren arloko koordinazioa eta kudeaketa ere.
c) Adingabeen arretari eta genero indarkeriaren biktimen arretari dagokienez, gizarte zerbitzu orokorren zorroko prestazioak koordinatzea eta kudeatzea.
2. Eskumen horiek garatzeko, eta horien esparruaren barnean, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Xedapen orokorreko proiektuak egitea bere eskumenenen esparruan.
b) Dagokion esparruan Nafarroako Gobernuaren plangintza orokorra prestatzea, departamentuek euren plangintza sektorialak prestatzeko dituzten eskumenak galarazi gabe.
c) Nafarroako Foru Komunitatean berdintasunerako politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea.
d) Familiaren arloko eta haur eta nerabeentzako sustapen, arreta eta babesaren politikak diseinatu, abian jarri, koordinatu eta ebaluatzea, Nafarroako Foru Komunitatean.
e) Genero indarkeriaren kontrako prebentzioa eta jarduketak koordinatzea.
f) Bere eskumeneko arloei dagozkien baliabideak kudeatzea.
g) Haur eskolak kudeatzea.
h) Familientzako bitartekotza eta orientaziorako zerbitzuak koordinatu eta kudeatzea, hala nola familiak elkartzeko guneak.
i) Nafarroako Gobernuak, sexu arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzeari dagokionez, emandako jarraibideak egoki aplikatu eta eraginkortasunez betetzen direla begiratzea eta txosten horiek prestatzeko behar den laguntza ematea, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean aurreikusita baitaude.
j) Ekintza positiborako neurriak diseinatu eta ezartzea, administrazio publikoentzat, instituzioentzat, entitateentzat, erakunde publiko edo pribatuentzat eta herri eta herritarren mugimenduarentzat berarentzat ere.
k) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika, programa eta ekintza guztietan generoaren ikuspegia sar dadin bultzatzea, maila eta fase guztietan.
l) Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egiteko.
m) Nafarroako Administrazio Publikoei laguntza ematea herritarren ardurakidetza publiko eta pribatua bultzatzen duen politika bat gara dezaten familiaren arloan.
n) Familien errealitate eta beharrei egokitzen zaizkien baliabideak sustatu eta abian jartzea herritarrentzat, Etxe Lagunak konparazio batera, eredu guztiak eta Nafarroako Foru Komunitateko aniztasun geografikoa kontuan hartuz.
ñ) Bere eskumeneko arloetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta gainerako administrazio publikoen, instituzioen, entitateen eta erakunde publiko nahiz pribatuen arteko harremanak sustatzea.
o) Nafarroako Foru Komunitatean emakumeen eta gizonezkoen egoeraren bilakaerari eta familiei buruzko azterlan eta ikerlanak egitea.
p) Sexuak eragindako bereizkeria kasu zehatzetan egindako salaketak aditzea eta bideratzea eta konponbidea ematea.
q) Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen betetzea eta garapena sustatzea.
r) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeen egoeren gaineko sentsibilizazio eta prestakuntzarako eta haiei aurrea hartzeko programak garatzea.
s) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren helburuak betetzen lagundu dezaketen gainerako eginkizunak.
II. TITULUA. EGITURA ORGANIKOA
I. KAPITULUA. Zuzendaritza organoak
4. artikulua. Zuzendaritza organoak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak zuzendaritza organo hauek ditu:
a) Gobernu Kontseilua.
b) Zuzendaritza-Gerentzia.
c) Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetza.
d) Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetza.
II. KAPITULUA. Gobernu kontseilua
5. artikulua. Osaera.
1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Gobernu Kontseiluak kide hauek ditu:
a) Kontseiluburutza: Gizarte Politiketako kontseilaria.
b) Kontseiluburuordetza: Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea.
c) Kontseiluko kideak:
-Gizarte Politikako eta Kontsumoko zuzendari nagusia.
-Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako zuzendariordea.
-Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Genero Berdintasuneko Politiken zuzendariordea.
2. Departamentuak Gobernu Kontseiluan dituen kideen zuzendaritza karguren bat hutsik geldituz gero, departamentuko titularrak haien ordezkoak izendatuko ditu, aldi baterako, behin betiko izendapenak egin bitartean.
3. Gobernu Kontseiluak, bidezko baderitzo, baimena ematen ahalko die berdintasunaren eta familien arloan aritzen diren organo eta entitateen ordezkariei bilkuretan parte har dezaten. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.
6. artikulua. Gobernu Kontseiluaren ahalmenak.
Honako ahalmen hauek dagozkio Gobernu Kontseiluari:
a) Urtero, erakunde autonomoaren aurrekonturako aurreproiektuaren proposamena onestea.
b) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren ondarea administratzea.
c) Urteko kudeaketa plana onestea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako Nafarroako Gobernuak prestatzen dituen plan estrategikoak betez, bai eta prestatzen diren urteko txostenak ere.
d) Familia arloko politiken eta haur eta nerabeentzako sustapenaren, arretaren eta babesaren arloko urteko kudeaketa plana onestea, baita egiten diren urteko txosten guztiak onestea ere.
e) Erakundea autonomoaren zuzendaritza eginkizunak kontrolatu eta gainbegiratzea.
f) Haur Eskolak erabiltzeagatiko prezio eta tarifen araubidea onestea.
g) Esleitzen edo agintzen zaion beste edozein eginkizun, indarra duen antolamendu juridikoarekin bat.
7. artikulua. Kontseiluburuaren ahalmenak.
1. Honako hauek dira kontseiluburuaren ahalmenak:
a) Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea, eguneko gai zerrenda finkatzea, bilkuretako buru izan eta horiek zuzentzea.
b) Gobernu Kontseiluaren erabakiak eta haren jardunari buruzko arauak betearaztea.
2. Postua hutsik dagoenean, titularra kanpoan edo eri dagoenean edo justifikatutako gainerako kasuetan, kontseiluburuaren ordez kontseiluburuordetzaren titularra arituko da.
8. artikulua. Idazkaritza.
1. Genero Berdintasuneko Politiken zuzendariordeak Kontseiluaren bilkuretan botoz eta hizpidez parte hartuko du eta Gobernu Kontseiluko Idazkaritza eginkizunetan arituko da. Hura ez dagoenean, Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako zuzendariordeak ordez dezake.
2. Idazkariak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Kontseiluburuaren aginduz Gobernu Kontseiluaren bilkuretarako deia egitea eta gainerako kideentzako zitazioak egitea.
b) Gobernu Kontseiluaren lanak prestatzea, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearekin batera, eta erabakien betearazpena tramitatzea.
c) Gobernu Kontseiluaren bilkuretako aktak egitea, hartzen diren erabakien fede ematea eta eskatzen diren ziurtagiriak luzatzea, Gobernu Kontseiluaren liburu eta dokumentuak zaintzea eta deialdiez arduratzea.
d) Agintzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.
9. artikulua. Funtzionamendua.
1. Gobernu Kontseilua nahitaez urtean behin bilduko da bilkura arruntean. Bilkura bereziak kontseiluburuak hala erabakirik eginen dira.
2. Gobernu Kontseiluaren funtzionamenduari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean kide anitzeko organoentzat ezarritakoari men eginen zaio.
10. artikulua. Aholkularitza.
Gobernu Kontseiluak edozein unetan beste pertsona batzuen aholkua eskatzen ahalko du, haiek dituzten ezagupenak, prestakuntza, izen ona edo bestelako inguruabarrak direla kausa, esku hartzea egokitzat jotzen baldin badu. Kasu horretan, dei berezia eginen zaie horretarako.
III. KAPITULUA. Kudeaketako Zuzendaritza
11. artikulua. Izendatzea, kargutik kentzea eta ordeztea.
1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailearen izendapena eta kargutik kentzea Nafarroako Gobernuak erabakiko du askatasunez, Gizarte Politiketako kontseilariak proposatuta.
2. Eritasuna dela edo beste edozein arrazoi dela-eta ez dagoenean, Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako zuzendariordeak ordeztuko du, edo, hura ez badago, Genero Berdintasuneko Politiken zuzendariordeak.
12. artikulua. Eginkizunak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak eginkizun hauek izanen ditu, besteak beste:
a) Erakunde autonomoaren ordezkaria izatea.
b) Gobernu Kontseiluaren eta kontseiluburuaren erabakiak bete eta betearaztea eta, presako kasuetan, beharrezkoa bada, behar diren probidentzia eta ebazpenak ematea, eta hurrengo bilkuran Gobernu Kontseiluari horren berri ematea.
c) Erakundearen jardunean goreneko ardura bere gain hartzea.
d) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren eskumeneko arloetan urteko jarduera ildoak erabakitzea.
e) Giza eta finantza baliabideak, bai eta fisikoak ere, osoki kudeatzea, zerbitzu eraginkorrak eta kalitatekoak eman ahal izateko.
f) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren jardueren eta organoen zuzendaritza, koordinazioa eta barne antolaketa.
g) Gizarte Politiketako kontseilariaren espediente ebazpena sorrarazten duten proposamenen berri ematea.
h) Erakunde autonomoak jarduteko behar diren administrazio ebazpenak ematea eta administrazio egintzak bete daitezen agintzea.
i) Kontratazio administratiboaren arloan indarra duen araudiak kontratuak izenpetzeko erakunde autonomoen ordezkariei esleitzen dizkien ahalmenak erabiltzea.
j) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren jarduketa programak prestatzea, bai eta aurrekontuen aurreproiektuaren proposamena eta urteko memoria ere, eta horiek guztiak Gobernu Kontseiluari aurkeztea, onets ditzan.
k) Nafarroako Familiako eta Berdintasunerako Institutuaren funtzionamendurako behar diren ordainketak eta gastuak baimentzea, indarra duen araudiak ezarri bezala.
l) Erakundean lan egiteko metodoak hobetzeaz arduratzea.
m) Lan arloko auzibidera eta auzibide zibilera jo aurreko erreklamazioak ebaztea, langileriaren arloko erreklamazioak izan ezik, eta, orobat, ondarearen gaineko erantzukizuneko prozeduren ondoriozkoak, erakunde autonomoaren esparru materialaren barrenean.
n) Atalburuak, bulegoburuak edo atala baino maila beheragoko unitateburuak, erakunde autonomoari atxikiak, bitarte baterako izendatzea, funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentuak aldeko txostena egin ondoren.
ñ) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko plantilla organikoaren eta lan eskaintzaren arloko proposamenak egitea eta funtzio publikoaren arloan eskumena duen departamentura igortzea.
o) Erakundeko langileen buru izatea.
p) Bere eskumeneko arloetan zehapen espedienteak hasi, tramitatu eta ebazteko ahalmenak erabiltzea.
q) Bere karguarekin zerikusia izanik, Gizarte Politiketako kontseilariak agintzen dizkion eginkizun guztiak.
13. artikulua. Eginkizunak beste baten esku uztea.
Zuzendari kudeatzaileak bere eskudantzia batzuk Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako zuzendariordearen eta Genero Berdintasuneko Politiken zuzendariordearen esku uzten ahalko ditu, indarra duten legeetan ezarritakoarekin bat.
IV. KAPITULUA. Zuzendariordetzak
14. artikulua. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren zuzendariordetzak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak zuzendariordetza hauek ditu bere egituran, zuzenean Kudeaketako Zuzendaritzaren mendean:
a) Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetza.
b) Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetza.
15. artikulua. Izendapena eta kargutik kentzea.
Nafarroako Gobernuak libreki hautatu eta izendatuko ditu zuzendariordeak, foru dekretu baten bidez, Gizarte Politiketako kontseilariaren proposamena kontuan harturik.
16. artikulua. Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetza.
Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzak eginkizun hauek beteko ditu:
a) Berdintasun politiken esparruko jarduketen urteko plangintza proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari, adierazitako ildoei jarraikiz.
b) Nafarroako Foru Komunitatean prestatzen diren berdintasun politikak abian jartzeko plangintza egitea, mainstreaming estrategia dualetik eta ekintza positiboetatik abiatuta.
c) Genero berdintasunaren arloko araudia onesteko orduan, sustatzaile eta bultzatzaile lana egitea eta lankidetzan aritzea.
d) Erraztasunak ematea genero berdintasunaren arloan, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta haietan esku hartzen duten administrazio publiko eta erakundeekin batera, gauzatu nahi diren politika, plan eta programak prestatzeko eta haien gainean laguntza teknikoa jasotzeko.
e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren baitan gauzatzen diren ekintza positiboen eta genero ikuspegiaren integrazioa koordinatzea eta horien jarraipena egitea.
f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuetan genero berdintasunerako unitateen ezarpena koordinatzea.
g) Menpean izanen dituen unitate organikoen funtzionamendurako jarraibideak proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari.
h) Gai ekonomikoetan Kudeaketako Zuzendaritzari aholku ematea eta, zehazki, aurrekontuen aurreproiektuak prestatzerako garaian eta aurrekontuetako aldaketak proposatzean, bere eskumenen esparruan.
i) Erakunde autonomoaren aurrekontuen eta ekonomiaren kudeaketa kontrolatzea, bere eskumenen esparruan.
j) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak betetzea.
k) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko langileen urteko prestakuntza plana egitea eta horren jarraipena egitea, bere eskumenen esparruaren barrenean.
l) Kudeaketako Zuzendaritzak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.
17. artikulua. Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetza.
Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetzak honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Kudeaketako Zuzendaritzari proposatzea familientzako politiken urteko plangintza bat, jarduketak diseinatzeko orduan abiapuntuak izanik ardurakidetza, laneko, familiako eta norberaren bizitzako eginkizunak bateragarriak izan daitezen, eta zaintzaren etika.
b) Departamentuak familiaren eta adingabeen arretaren arloan dituen plan eta programak diseinatzen, ebaluatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea.
c) Familiaren eta haur eta nerabeentzako sustapen, arreta eta babesaren arloetako araudi guztia onetsi dadin sustapena egitea, bultzatzea eta laguntzea.
d) Erraztasunak ematea familiaren eta haur eta nerabeentzako sustapen, arreta eta babesaren arloan, Nafarroako Gobernuko departamentuekin eta haietan esku hartzen duten administrazio publiko eta erakundeekin batera, gauzatu nahi diren politika, plan eta programak prestatzeko eta haien gainean laguntza teknikoa jasotzeko.
e) Haur eskolak kudeatzea, bere eskumen esparruaren barrenean.
f) Familientzako bitartekotza eta orientaziorako zerbitzuak eta familiak elkartzeko guneak koordinatzea.
g) Familientzat eta "Etxe lagunak" izeneko baliabidearentzat bideratutako diru-laguntzak kudeatzea.
h) Haurrentzako eta Nerabeentzako Sustapenari, Laguntzari eta Babesari buruzko abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen betetzea eta garapena sustatzea.
i) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeen egoeren gaineko sentsibilizazio eta prestakuntzarako eta haiei aurrea hartzeko programak garatzea.
j) Menpean izanen dituen unitate organikoen funtzionamendurako jarraibideak proposatzea Kudeaketako Zuzendaritzari.
k) Gai ekonomikoetan Kudeaketako Zuzendaritzari aholku ematea eta, zehazki, aurrekontuen aurreproiektuak prestatzerako garaian eta aurrekontuetako aldaketak proposatzean, bere eskumenen esparruan.
l) Erakunde autonomoaren aurrekontuen eta ekonomiaren kudeaketa kontrolatzea, bere eskumenen esparruan.
m) Zuzendariordetzari atxikitako langileak antolatzeko ahalmenak betetzea.
n) Nafarroako Berdintasunerako eta Familiarako Institutuko langileen urteko prestakuntza plana egitea eta horren jarraipena egitea, bere eskumenen esparruaren barrenean.
ñ) Kudeaketako Zuzendaritzak agintzen dizkion gainerako eginkizunak.
V. KAPITULUA. Atalak
18. artikulua. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko atalak.
1. Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzak atal hauek izanen ditu bere egituran:
a) Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Atala.
b) Proiektu eta Programa Atala.
Unitate organiko horiek ondorengo artikuluetan ezarritako eginkizunez gainera, Nafarroako Gobernuko departamentuen arteko koordinazioaz ere arduratuko dira, sektorekako plangintzaren eta onesten diren berdintasun planen arabera.
2. Familiako eta Haur eta Nerabeentzako Arretako Zuzendariordetzak atal hauek ditu bere egituran:
a) Familien Atala.
b) Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atala.
c) Adopzioaren eta Familia-harreraren Atala.
19. artikulua. Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Atala.
Emakumeen aurkako Indarkeriaren eta Informazioaren Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Dokumentazio zentroa kudeatzea eta antolatzea, berdintasunaren arloko ezagupena kudeatzearen ardura duen unitate gisa.
b) Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren web-orriaren edukia mantentzea eta egunera jartzea.
c) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan eta familientzako politiken arloan Nafarroako Foru Komunitatean dauden baliabide, zerbitzu eta laguntzen gaineko informazioa ematea.
d) Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzari emakumeen aurkako indarkeriaren arloko plan eta programak proposatzea, baita herritarrak sentsibilizatzeko jarduketak ere.
e) Emakumeen aurkako indarkeriari arreta ematean eta aurreneurriak hartzean eraginkortasunez koordinatzeko erakundeen arteko Akordioaren betetze-mailaren jarraipena eta ebaluazioa koordinatzea.
f) Genero indarkeriaren arloan onesten den urteko plangintza koordinatu eta betearaztea, dauden baliabideak eta programak emakumeen aurkako indarkeria mota guztietara egokituz.
g) Emakumeen trafiko eta sexu esplotazioaren arloan Nafarroan egiten diren jarduketak koordinatzea.
h) Emakumeen aurkako indarkeria kasu larrienetan, egin beharreko jarduketak eta kasuen jarraipena koordinatzea, indarreko araudia betez.
i) Emakumeei osoko arreta emateko Nafarroako zerbitzuak eta talde horietako langileen prestakuntza koordinatzea, baita esku-hartzeen homogeneotasuna, proportzionaltasuna eta profesionaltasuna ere.
j) Genero-indarkeriaren biktimei larrialdiko laguntza emateko espedienteak kudeatzea.
k) Genero indarkeriaren biktimentzako laguntzen espedienteak kudeatzea, biktimek baliabide ekonomikorik eza eta lanpostu bat erdiesteko zailtasun bereziak dituztela frogatuz gero.
l) Genero indarkeriaren biktimei harrera egiteko baliabideak kudeatzea eta horiek erabiltzeko espedienteak tramitatzea.
m) Emakumeen aurkako indarkeriaren arloan jartzen diren salaketa polizialen jarraipena egitea.
n) Bereizkeria kasuengatik jarritako salaketak bideratzea.
ñ) Genero berdintasuneko politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.
o) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
p) Erakunde autonomoaren jarduerekin lotuta agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
20. artikulua. Proiektu eta Programa Atala.
Proiektu eta Programa Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Genero Berdintasuneko Politiken Zuzendariordetzari genero berdintasunaren arloko jarduketa planak proposatzea, baita herritarrak sentsibilizatzeko jarduketak ere.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan generoko manstreaning-a ezartzeko estrategiak betearazi eta ebaluatzea, berdintasunerako unitateak sortuz.
c) Nafarroako Gobernuko departamentuei aholku ematea Nafarroako Gobernuak onetsitako arau, plan eta programen sexu edo genero arrazoiengatiko eraginari buruzko txostenak prestatzeko orduan.
d) Emakumeek eta gizonezkoek Nafarroan duten egoera eta tokiari buruzko azterlan eta txostenak prestatzea.
e) Nafarroako emakumeen elkarteei zuzendutako berdintasun politikak diseinatu eta betearaztea, emakumeen ahalduntzea sustatuz eta Emakumeek Parte Hartzeko Kontseilua sortuz.
f) Enpresei aholku ematea genero berdintasunerako planak ezar eta gara ditzaten, eta lan hori koordinatzea, Nafarroako Gobernuaren genero berdintasunaren ezarpenerako prozeduraren bidez.
g) Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin lankidetzan, Nafarroako Foru Administrazioan berdintasunaren arloan abian jartzen diren jarduketa planak ebaluatzea.
h) Nafarroako Gobernuan toki administrazioaren arloko eskumenak dituen departamentuarekin lankidetzan, Nafarroako toki entitateei dagokienez prestatzen diren berdintasun politikak koordinatzea eta horien jarraipena egitea (Berdintasunerako Toki Planak).
i) Bizitzako, familiako eta laneko eginkizunak bateratzeko tokian tokiko itunen programa koordinatzea.
j) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiarekin batera, Nafarroan dauden emakumeen eta gizonezkoen aukera-berdintasuneko agenteen prestakuntza koordinatzea.
k) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
l) Erakunde autonomoaren jarduerei buruz agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
21. artikulua. Familien Atala
Familien Atalak eginkizun hauek izanen ditu:
a) Familientzako zerbitzuak eta prestazioak kudeatzea eta koordinatzea, hau da: familia orientaziorako zerbitzua, familia bitartekotzarako zerbitzua eta familia elkartzeko guneak.
b) Familientzako diru-laguntzak tramitatzea eta horiek birformulatzeko proposamena egitea, familia ereduen bilakaeraren arabera, gizartearen errealitatearen arabera eta prestazio horiek zainketen ardurakidetzan (arlo publikoa eta pribatua) duten eraginaren arabera.
c) Haur eskolak kudeatu eta koordinatzea, bere eskumen esparruaren barrenean.
d) "Etxe lagunak" baliabidea koordinatzea eta baliabide horrentzako diru-laguntzak kudeatzea.
e) Familientzako politikei buruzko dokumentazioa eta argitalpenak prestatzea.
f) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
g) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
22. artikulua. Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atala.
Adingabearen Babes eta Sustapenerako Atalak, adingabearen babesaren eta sustapenaren esparruan, honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeei laguntza emateko jarduketa programak diseinatzen laguntzea eta horiek gauzatzea.
b) Egoera gatazkatsuan diren edo arazo sozialak dituzten adingabeei buruzko espedienteak baloratu eta tramitatzea, eta familien esku-hartzerako eta adingabeak zentzatzeko programak garatzea.
c) Organo judizialek babesik gabe edo gatazka sozialeko egoeran eta zentzatzeko bidean dauden adingabeei buruz agindutako neurriak betearaztea.
d) Oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuekin eta adingabeak babesteko sistemaren esparruko bestelako zerbitzuekin koordinatzea.
e) Departamentuko, departamentuen arteko edo erakundeen arteko lantalde teknikoetan parte hartzea.
f) Haurren babesgabetasunari aurrea hartzeko sentsibilizazio kanpainen garapenean parte hartzea.
g) Bere eskumenen esparruko espedienteak kudeatu eta artxibatzea.
h) Erakunde autonomoaren jarduerei buruz agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
23. artikulua. Adopzioaren eta Familia-harreraren Atala.
Adopzioaren eta Familia-harreraren Atalak, adopzioaren eta familia-harreraren esparruan, honako eginkizun hauek beteko ditu:
a) Harrera familien eta adoptatzen duten familien balorazio psikosoziala, hautaketa, prestakuntza, jarraipena eta laguntza.
b) Hala badagokio, egokitasunaren ziurtagiriak eta jarraipena egiteko konpromisoa luzatzea.
c) Egitatezko zaintzan edo antzeko egoera batean dauden eta familietan hartzeko aukera duten adingabeen espedienteen balorazioa.
d) Familia harrerak formalizatzea, eta, kasua bada, epaitegian adoptatzeko proposamenak egitea, eta harreren jarraipena egitea.
e) Familia-harrerei buruzko datu-basearen eta Nafarroako Adopzioen Erregistroaren mantentze eta eguneratze lanez arduratzea.
f) Adingabeen familia-harreraren edo adopzioaren arloko koordinazioa eta lankidetza teknikoa, maila hauetan: departamentuak, maila autonomikoa, autonomia erkidegoen artekoa eta nazioartekoa.
g) Nazioarteko adopzio espedienteak tramitatzea Espainiako zein atzerriko agintari eskudunen aurrean.
h) Nafarroako Foru Komunitatean nazioarteko adopzioaren arloan diharduten entitate laguntzaileentzat jarraibideak eta egiaztagiriak prestatzea.
i) Bere eskumenen esparruko eskaerak jaso eta tramitatzea eta espedienteen gaineko kudeaketa eta instrukzio administratiboa egitea eta artxibatzea.
j) Erakunde autonomoaren jarduerekin loturik agintzen zaizkion gainerako eginkizunak.
24. artikulua. Bulegoak eta antzeko unitateak.
Bulegoak edo ataletatik beherako beste administrazio unitate batzuk sortu, aldatu edo kentzea Nafarroako Gizarte Politiketako kontseilariaren aginduz eginen da, zuzendari kudeatzaileak proposaturik, aurretik funtzio publikoaren, antolamendu administratiboaren eta ekonomiaren arloetan eskumena duten departamentuek txostena emanda.
VI. KAPITULUA. Haur Eskolak
25. artikulua. Haur eskolen atxikipena eta zuzendaritza.
1. Nafarroako Gobernuko haur eskolak Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren menpe egonen dira. Erakunde horri dagozkio, orobat, haur eskolen antolaketa eta koordinazio lanak.
2. Haur Eskoletako zuzendari lanpostuak erakunde autonomoaren unitate administratiboko gainerako burutzak bezala beteko dira, lanpostu horietako titularrek eskuratutako eskubideak deusetan kaltetu gabe.
3. Haur eskoletako zuzendarien ordainsariak Nafarroako Gobernuak plantilla organikoan finkatutakoak izanen dira.
III. TITULUA. ONDAREA, BALIABIDEAK, AURREKONTUAK ETA KONTROLA
26. artikulua. Ondarea.
Gai horiek erregulatzen dituen araudian xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren osagai izanen dira erakundeari bere helburuak betetzeko atxikitzen zaizkion Nafarroako Ondarearen ondasun eta eskubide guztiak. Ondare horren ondasun direnez gero, dagokien jatorrizko kalifikazio juridikoa mantenduko dute.
27. artikulua. Baliabide ekonomikoak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko baliabideak honako hauek izanen dira:
a) Hari atxikitako ondasun eta eskubideen interes, errenta eta mozkinak.
b) Nafarroako Foru Komunitateak erakundeari bere gizarte prestazio eta zerbitzuetarako atxikitzen dizkion baliabideak.
c) Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura egiten zaizkion transferentzia eta ekarpenak.
d) Bidezko diren xedapenen arabera jaso ditzakeen diru-sarrera arruntak nahiz bereziak.
e) Entitateek emandako borondatezko ekarpen edo diru-laguntzak.
f) Jaso dezakeen beste edozein baliabide.
28. artikulua. Aurrekontuen araubidea.
1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren kudeaketa urteko aurrekontuen araubidearen menpe izanen da, eta hori Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko du.
2. Aurrekontuen egitura, diru-sarrera eta gastuen sailkatzeari eta horien zehaztasun-mailari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorretarako ezarritako arau eta erregelei egokituko zaie, aurrekontu orokor horien barnean baitira.
3. Aurrekontuen exekuzioari eta likidazioari dagokienez, Nafarroako aurrekontu orokorrei aplikatzen zaizkien arau orokorretara joko da.
29. artikulua. Kontu-hartzea.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko kudeaketa ekonomikoa -hots, edukin ekonomikoko ondasun eta eskubideak sorrarazten dituzten egintza, agiri eta espedienteak- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarentzat ezarritako modu eta baldintza berberetan eramanen da kontu-hartzailetzari eta kontabilitateari dagokienez.
30. artikulua. Kontabilitate araubidea.
1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutua kontabilitate publikorako araubidearen menean geldituko da, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioak dituen modu eta baldintza berberetan.
2. Kontuak ematea Nafarroako Kontu Orokorretarako aurrikusitakoaren arabera formalizatu, tramitatu eta ebatziko da.
IV. TITULUA. LANGILEAK
31. artikulua. Langileen araubidea.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuko langileria honako hauek osatuko dute:
a) Nafarroako Gobernuak hautaturik, izendapen libreko zuzendaritza karguetan aritzen direnak.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioak eta lan-kontratudunak, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari atxikita daudenak eta atxikitzen zaizkionak.
c) Estatuko Administrazio Orokorretik edo beste administrazio batetik Nafarroako Foru Komunitatera transferitu eta Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari atxiki zazkion langileak.
d) Erakunde autonomoaren beraren lan-kontratudunak eta administrazio-kontratudunak.
V. TITULUA. EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA
32. artikulua. Araubide juridiko orokorra.
1. Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren egintzen araubide juridikoa Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen VIII. tituluaren I. kapituluan erakunde autonomoentzat ezarritakoa izanen da.
2. Langileei, kontratazioei eta aurrekontuei buruzko administrazio egintzei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren araudi berariazkoari jarraituko zaio.
33. artikulua. Errekurtsoak.
Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak emandako egintza eta ebazpenen kontra bidezko izanen da legez ezarritako errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak paratzea.
34. artikulua. Laguntza juridikoa.
1. Botere Judizialari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren ordezkaritza eta defentsa epaiketetan Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoan aritzen diren legelariei dagokie, ordezkatu eta defendatzeko elkargoko beste abokatu profesional bat izendatzen den kasuetan salbu.
2. Halaber, Nafarroako Gobernuko Aholkularitza Juridikoak aholku juridikoa ematen ahalko dio Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuari, urtarrilaren 5eko 4/1984 Foru Dekretuan ezarritako moduan.