Castellano | Euskara | Français | English
(2013ko 121. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 26an)
Atarikoa
Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak apirilaren 26an emandako 280/2010 Foru Aginduaren bidez, departamentuaren egitura organikoa onetsi zen bulegoen mailan. Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak apirilaren 26an emandako 281/2010 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren egitura organikoa onetsi zen bulegoen mailan.
Uztailaren 25eko 68/2012 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa desegin zen, eta haren eginkizun eta zerbitzuak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren organo desberdinen artean banatu eta bertan txertatu ziren. Era berean, uztailaren 25eko 69/2012 Foru Dekretuaren bidez, departamentuaren egitura organikoa ezarri zen. Bi arau horiek egoera iragankorra aurreikusi zuten orduan zeuden bulegoetarako, garapen neurriak hartu bitarte.
Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa eguneratzea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 24.4 artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, agindu dut:
I. KAPITULUA. Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzua
1. artikulua. Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoa.
Gobernu Idazkaritzako Kudeaketa Administratiboaren Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gobernuaren bilkuretarako deialdiak prestatu eta banatzea.
b) Gobernuaren bilkuretan aztertuko diren gaien dokumentazioa prestatzea, departamentuekin koordinatuta.
c) Gobernuaren erabakien eta foru dekretuen ziurtagiriak idaztea.
d) Gobernuak onetsitako foru dekretuak eta erabakiak biltzea.
e) Xedapen orokorrak eta, hala behar denean, bestelako egintzak Nafarroako Aldizkari Ofizialera eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igortzea.
f) Gobernuaren bilkuren Akta Liburuak prestatzea, bai eta Gobernuaren foru dekretu eta erabakienak eta Gobernuko lehendakariaren foru dekretuenak ere.
g) Testuen prozesu mekanizatua kudeatu eta koordinatzea, Gobernuko Idazkaritzaren eginkizunei loturik.
h) Aipatu eginkizun guztiekin zerikusia duen dokumentazioa, oro har, tramitatzea.
i) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. artikulua. Argibide eta Erregistro Bulegoa.
Argibide eta Erregistro Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Herritarrei Nafarroako Gobernuko argibide eta erregistro bulegoaren bidez arreta eta argibideak ematea.
b) Herritarrei eta Administrazioko unitateei telefonoz arreta eta argibideak ematea.
c) Herritarrek Foru Komunitateko Administrazioa hobeki ezagutzera bideratzen diren ekintzak gauzatzea.
d) Dokumentuak hartzea eta horien tratamendua egitea sistema mekanizatuan.
e) Aurkezturiko dokumentazioa kodetzea eta departamentu interesdunetara igortzea.
f) Espedienteen kontrola eta jarraipena egitea.
g Eragiketa arauak ematea Erregistroko sistema mekanizatuko terminalean.
h) Departamentuetako eta erakunde autonomoetako erregistro osagarrien arduradunekin koordinatzea.
i) Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren Erregistroa.
j) Indarra duten xedapenek ematen dizkioten gainerako eginkizunak eta aurrekoekin zerikusia duen edo haien ondoriozkoa den beste edozein.
k) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. artikulua. Posta Eginkizunetarako Bulegoa.
Posta Eginkizunetarako Bulegoak, Gobernuaren Idazkaritzako eta Araugintzako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Foru Komunitateko Administrazioari igortzen zaizkion gutunak postetxean bildu eta, gero, sailkatu eta banatzea.
b) Foruzaingoak egiten dituen segurtasun kontroletan laguntzea.
c) Foru Komunitateko Administrazioak sortzen dituen gutunak bildu, frankeatu eta igortzea.
d) Barneko posta bildu eta banatzea.
e) Frankeatzeko jasotzen diren objektuak kontrolatzea.
f) Egindako lanen kontabilizazioa.
g) Kanpoko enpresen esku uzten diren frankeatze eta igortze lanen kontabilizazioa.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. artikulua. Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoa.
Elkarte, Fundazio eta Lanbide Elkargoen Bulegoak, Legeen Garapenerako eta Koordinaziorako Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Helbidea Nafarroan duten eta Foru Komunitatean nagusiki aritzen diren elkarteen inskripzioa eta erregistroa kudeatzea.
b) Elkarteen arloko agiriak eta jakinarazpenak Estatuko Administrazio Orokorrari igortzea.
c) Elkarteei buruzko administrazio espedienteen tramitazioari buruzko informazioa.
d) Azaroaren 11ko 613/1999 Foru Dekretuak araututako Fundazioen Erregistroa kudeatzea.
e) Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoetako Kontseiluen Erregistroa, apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legeak sortua, kudeatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. atala. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren Zerbitzua
5. artikulua. Kalitate eta Kontrolerako Bulegoa.
Kalitate eta Kontrolerako Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofiziala Kudeatzeko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzen diren jatorrizko agiriak aztertzea.
b) Argitaratze prozesua kontrolatzea presari eta epeei dagokienez.
c) Argitaratu beharreko jatorrizko agiriak igortzen dituztenekin harremana izatea.
d) Nafarroako Aldizkari Ofizialaren proba aztertzea.
e) Dokumentu normalizatuak prestatzea eta horien mantentze-lana egitea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
6. artikulua. Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoa.
Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoak, Nafarroako Aldizkari Ofiziala Kudeatzeko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Zerbitzuaren ohiko kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontuei buruzkoa bere gain hartzea.
b) Nafarroako Aldizkari Ofizialeko harpidetzak, iragarkiak eta aleen salmenta kudeatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. atala. Justiziako Zerbitzu Juridiko Administratiboa
7. artikulua. Justiziako Langileen Bulegoa.
Justiziako Langileen Bulegoak, Afera Juridikoen eta Justiziako Langileriaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Justizia Administrazioko langileen datu baseen mantentze eta eguneratze lanak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren mendeko unitate organikoekin koordinaturik.
b) Justizia Administrazioko langileen ohiko kudeaketa, Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eskumenekin bat.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
4. atala. Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzua
8. artikulua. Hornidura Bulegoa.
Hornidura Bulegoak, Baliabide Materialen Kudeaketarako Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Justizia Administrazioaren material suntsikorraren, altzarien eta bulegoko materialaren hornidurak bideratu eta kontrolatzea, erosketa zentralizaturako Foru Komunitateko Administrazioak dituen organoen bitartez.
b) Emandako materialaren entrega kudeatu, eta haren jarraipena eta kontrola egitea.
c) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
9. artikulua. Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoa.
Justizia Administrazioaren Zerbitzu Orokorren Bulegoak, Ondasun Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Herritarrei argibideak eman eta harrera egitea, dela zuzenean, dela telefonoz dela agirien bidez.
b) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren posta eta paketeak jaso, banatu eta sailkatzearekin loturiko lan guztiak.
c) Justizia Zuzendaritza Nagusiaren paperak eta liburuak jaso eta banatzea eta organo judizialetako Liburutegi Zerbitzuari laguntzea.
d) Garbitze eta mantentze lanetan laguntzea.
e) Ate eta leihoak kontrolatzea eta organo judizialen bulegoetako sarrerak irekitzea.
f) Organo judizialen eta Justizia Zuzendaritza Nagusiaren ikus-entzunezko eta bulegoko baliabideen erabileraren eta eskuragarritasunaren inguruko guztiak.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
5. atala. Justiziako Gizarte Zerbitzua
10. artikulua. Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoa.
Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Justizia Administrazioari ukituen familien egoera, laguntzeko baliabideak eta egitarauen bilakaera jakinaraztea.
b) Eskubideez eta baliabideez argibideak eta aholkuak ematea.
c) Gizarte kontuei buruzko aholku espezializatuak ematea.
d) Gizarteak bazterturik dauzkan herritarrekin aurreneurriak hartu eta haiei gizarteratzen laguntzea.
e) Gizarte lankidetza sustatzea, hedapenerako eta gizartea sentiberatzeko ekitaldiei laguntza teknikoa emanez.
f) Eskatzen zaizkion txosten eta aditu-irizpen guztiak egitea.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
11. artikulua. Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoa.
Kudeaketa eta Laguntza Administratiborako Bulegoak, Justiziako Gizarte Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Justiziako Gizarte Zerbitzuaren administrazio lan orokorrak.
b) Orotariko argibideak delituen biktimendako laguntzez.
c) Nafarroako Doako Laguntza Juridikoaren Batzordeari sostengu administratiboa ematea.
d) Justiziako Gizarte Zerbitzuko datu baseak mantendu eta eguneratzea.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
II. KAPITULUA. Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusia
12. artikulua. Araubide Administratiboaren Bulegoa.
Araubide Administratiboaren Bulegoak, Laguntza Administratiboaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiaren kontrataziorako espediente guztien tramitazioaren, artxibatzearen eta kontrolaren jarraipena egitea; horietatik kanpo gelditzen dira beste unitate organiko batzuek tramitatu behar dituztenak.
b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
1. atala. Informazio Sistema Korporatiboen Zerbitzua
13. artikulua. Lurraldeko Informazio Sistemen Bulegoa.
Lurraldeko Informazio Sistemen Bulegoak, Proiektu Korporatiboen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemaren (SITNA) Koordinaziorako Batzordearen idazkaritza.
b) Foru Komunitateko administrazio publikoen eta, oro har, Nafarroako gizartearen esparruan informazioaren geoerreferentziazioa errazteko planak, proiektuak eta programak garatu eta haien jarraipena egitea.
c) Nafarroako Lurraldeari buruzko Informazio Sistemari eta horrekin zerikusia duten azpisistemei buruzko informazio eta zabaltze programak eta ekintzak garatzea, horrela komunikazioa eta sistema horien eskualde, nazio eta nazioarte mailako ezagutza errazteko.
d) Lurraldeari buruzko informazio sistemekin lotutako proiektuak garatu eta haien jarraipena egitea, Espainian zein Europar Batasunean beste instituzio eta erakunde batzuek bultzatutako programetan.
e) Lankidetza eta jarduketa lerroak garatu eta haien jarraipena egitea, lurraldeari buruzko informazio sistemekin lotutako eragile publiko eta pribatuen aurrean, Nafarroan Foru Komunitatean hori garatzeko beharrezko baldintzak lortzeko.
f) Indarreko xedapenek esleitutako gainerako eginkizunak.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
14. artikulua. Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoa.
Zuzendaritzarako Informazio Sistemen Bulegoak, Proiektu Korporatiboen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabakiak hartzeari loturiko datuak ikusi eta informazioa lortzeko sistemak eta programak ezarri eta haien jarraipena eta kontrola egiteko lanak kudeatu eta egitea.
b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabakiak hartzeari loturiko datuak ikusi eta informazioa lortzeko sistemen eta programen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea.
c) Foru Administrazioko departamentuekin eta erakunde autonomoekin eta Zuzendaritza Nagusiko gainerako unitateekin harremana eta koordinazioa izatea, zuzendaritzarako informazio sistemen euskarri diren datuak identifikatu, atera eta mantentzeko.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. atala. Azpiegitura Teknologikoen eta Euskarri Zentroaren Zerbitzua
15. artikulua. Sistemen Bulegoa.
Sistemen Bulegoak, Azpiegitura Teknologikoen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila ezarri eta garatzeko lanak zuzendu, haien jarraipena egin eta, behar izatera, horiek gauzatzea (ordenagailu zentrala, zerbitzu orokorretako eta departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, etab.).
b) Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparruan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen oinarrizko softwarearen administrazio teknikoko lanak zuzendu eta jarraipena egitea eta, behar izatera, horiek gauzatzea (sistema eragileak, datu baseak, teleprozesu monitorea, etab.).
c) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea.
d) Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
16. artikulua. Ekoizpen Bulegoa.
Ekoizpen Bulegoak, Ekoizpen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Informazio sistema nagusien erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, euskarri digitalean edo bestelako bitartekoetan dauden datuak igorri eta jasotzeari dagokionez.
b) Informazio sistema nagusien erabiltzaileekiko harremana zuzendu, kontrolatu eta horren jarraipena egitea, erabiltzaileek eskatutako prozesuak egiteari dagokionez.
c) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren mantentzea kontrolatu eta horren jarraipena egitea.
d) Nafarroako Foru Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen parke mikroinformatikoaren inbentarioa mantendu eta horren jarraipena egitea.
e) Ekipamendu mikroinformatikoaren eta azken erabiltzaileko software oinarrizkoaren hornidura eta instalaziorako espedienteak kudeatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
3. atala. Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzua
17. artikulua. Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoa.
Erietxeentzako Laguntza Informatikoaren Bulegoak, Osasun Arloko Informazio Sistemen Zerbitzuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Osasun Zerbitzuan erabilitako informazio sistemen euskarri diren azpiegitura teknologikoen zerbitzu maila garatu eta horren jarraipena egitea (departamentuetako zerbitzariak, lan-estazioak, oinarrizko softwarea, etab.).
b) Lehen mailako euskarriaren eskalatzea dela-eta gertatzen diren gorabeherak konpontzeko laguntza teknikoa ematea Nafarroako Osasun Zerbitzuan.
c) Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Nagusiak kudeatu eta mantentzen dituen sistema korporatiboetako eta transakzio sistemetako informazioaren segurtasun eta biltegiratze arauak garatu eta haien jarraipena egitea.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
III. KAPITULUA. Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia
1. atala. Langileriaren Gastuaren Kontrolaren eta Nominen Zerbitzua
18. artikulua. Gizarte Segurantzaren Bulegoa.
Gizarte Segurantzaren Bulegoak, Nominen eta Gizarte Segurantzaren Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen esparru guztietako Gizarte Segurantzaren kudeaketa koordinatzea, eta kudeaketa horretarako beharrezkoak diren informazio komunak mantentzea.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoen eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren arteko harreman eta komunikazio guztiak bideratzea.
c) Gizarte Segurantza kudeatzea gizarte aurreikuspeneko araubide horri loturik dauden langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren barrenean betiere.
d) Gizarte aurreikuspeneko beste araubide batzuk kudeatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako montepioko langileena izan ezik, betiere Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumenen barruan.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
2. atala. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua
19. artikulua. Zerbitzu Osagarrien Bulegoa.
Zerbitzu Osagarrien Bulegoak, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Langile laguntzaileen jarduerak banatzea.
b) Lokalak egokitzea prestakuntza eta hautapen jardueretarako, ekitaldi instituzionaletarako eta bestelakoetarako.
c) Lokalak erabiltzeko tokiak eta denborak kontrolatu eta banatzea.
d) Baliabide teknologiko didaktikoen mantentze lana egitea, eta haiek prest izatea prestakuntza jarduera, bilera, jardunaldi eta abarretarako.
e) Lokalen garbiketa eta mantentze lana gainbegiratzea.
f) Material suntsikorrak kontrolatu eta eskuratu beharrekoak proposatzea.
g) Institutuaren liburuxka, informazio eta gutunak banatu eta igortzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
20. artikulua. Prestakuntza arloko Berrikuntza Bulegoa.
Prestakuntza arloko Berrikuntza Bulegoak, Prestakuntza eta Garapen Atalari atxikita, eginkizun hauek beteko ditu:
a) Prestakuntzarako plan zuzentzaileak sortu eta zabaltzea, bai orokorrak bai berariazkoak.
b) Antolaketa garapenerako eta prestakuntza instituzionalerako prestakuntza arloei dagozkien programak eta jarduketak diseinatu eta garatzea.
c) Prestakuntzarako plan zuzentzaileekin lotutako arau teknikoak prestatzea (kanpoko nahiz barneko homologazioa, hornitzaile zerrenda, partaidetza, etab.).
d) Korporazioen eta negozio unitateen prestakuntza beharrak hauteman eta aztertzeko sistemak eta sareak abiaraztea.
e) Lanpostuetan, negozio unitateetan eta antolamenduan txertatzeari eta horietan duen eraginari dagokienez prestakuntza ebaluatzeko sistemak abian jartzea.
f) Irakas-ikasteko bide berriak aztertu eta prestakuntza lanean txertatzea, bai eta estrategia berriak eta garapen berritzaileak ere enplegurako prestakuntzaren arloan.
g) Korporazioen esparruan prestakuntzaren gaietako ezagutzaren kudeaketa dinamizatzea, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean prestakuntza sustatzen duten beste entitate batzuekin ere.
h) Autonomia erkidegoetan eta estatuan prestakuntza sustatzen duten entitateekin koordinatzea guztientzako eta elkarren arteko programa eta proiektuak abian jartzea.
21. artikulua. Euskarazko Prestakuntza Bulegoa.
Euskarazko Prestakuntza Bulegoak, Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ikastaro estentsiboak.
b) Ikastaro intentsiboak.
c) Birziklatze ikastaroak.
d) Prestakuntza tekniko espezializatuko ikastaroak.
e) Mailako eta egiaztapeneko probak.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
22. artikulua. Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoa.
Hizkuntza Komunitarioetako Prestakuntza Bulegoak, Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Ikastaro estentsiboak.
b) Ikastaro intentsiboak.
c) Birziklatze ikastaroak.
d) Prestakuntza tekniko espezializatuko ikastaroak.
e) Mailako eta egiaztapeneko probak.
f) Departamentuekin lan egitea eskualde arteko prestakuntza esperientziak planifikatzen eta garatzen.
g) Prestakuntza jardueretarako Europako finantzabideari buruzko informazioa bilatu eta antolatzea.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
IV. KAPITULUA. Idazkaritza Tekniko Nagusia
23. artikulua. Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoa.
Idazkaritza eta Dokumentazio Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Idazkaritza Tekniko Nagusian izapidetzen diren espedienteen jarraipena, artxiboa eta kontrola egitea.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Idazkaritza Tekniko Nagusiak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuaren 6. artikuluan aurreikusitako eginkizunetan laguntza administratiboa ematea.
c) Araubide Juridikoaren Atalari eta Barne Araubideko Atalari laguntza administratiboa ematea.
d) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
24. artikulua. Langileriaren Kudeaketarako Bulegoa.
Langileriaren Kudeaketarako Bulegoak, Barne Araubideko Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Departamentuari atxikitako langileen arloko gaiak tramitatzea, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuan ezarritakoarekin bat. Dekretu horrek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organo batzuetako langileriaren arloko eskudantziak zehazten ditu.
b) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
25. artikulua. Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiaren, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren eta Modernizazioaren eta Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiaren diru-sarreren eta gastuen espedienteak kontrolatzea, jarraipena egitea eta kontabilizatzea.
b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordainketa aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.
c) Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiari, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiari eta Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.
d) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu, gorde eta kontrolatzea.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
26. artikulua. Barne Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Barne Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Barne Zuzendaritza Nagusiko diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.
b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordainketa aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.
c) Barne Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.
d) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu eta kontrolatzea.
e) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
27. artikulua. Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoa.
Justizia Zuzendaritza Nagusiko Ekonomiaren eta Kontabilitatearen Kudeaketa Bulegoak, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Ekonomia Atalari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Barne Zuzendaritza Nagusiko diru-sarrera eta gastuen espedienteen kontrola, jarraipena eta kontabilizazioa.
b) Kutxako aurrerakinen eta justifikatu beharreko ordainketa aginduen kontuak koordinatzea, jarraipena egitea eta kontrolatzea.
c) Herritarrek Justizia Zuzendaritza Nagusiarekin izaten dituzten harremanak ukitzen dituen diruzaintzaren kudeaketa.
d) Justizia Zuzendaritza Nagusiari esleitutako aurrekontuaren exekuzioa kontrolatzen laguntzea.
e) Kontabilitateko dokumentazioa artxibatu eta kontrolatzea.
f) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
V. KAPITULUA. Nafarroako Administrazio Auzitegia
28. artikulua. Erregistro eta Izapide Bulegoa.
Erregistro eta Izapide Bulegoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Auzitegiko Idazkaritzan aurkeztutako dokumentuak erregistratzea.
b) Espedienteak ireki eta erregistratzea.
c) Aurkeztutako dokumentazioa aztertu, sailkatu eta banatzea.
d) Auzitegiko gainerako lantokietatik telefonoz nahiz beste edozein bidez eskatutako argibideak ematea.
e) Ematen diren probidentziak transkribatu eta jakinaraztea.
f) Hartu izanaren agiriak jaso eta epeen konputua kontrolatzea.
g) Harremanak beste erakunde batzuekin.
h) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
29. artikulua. Ebazpenen eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarekiko Harremanen Bulegoa.
Ebazpenen eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioarekiko Harremanen Bulegoak, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Idazkaritzari atxikirik, eginkizun hauek izanen ditu:
a) Auzitegiak emandako ebazpenak transkribatu eta jakinaraztea.
b) Ebazpenen jakinarazpenak hartu izanaren agiriak jaso eta kontrolatzea.
c) Administrazioarekiko auzien organo jurisdikzionalei bidali beharreko espedienteak prestatzea.
d) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoen kasuan, interesdunei bertaratzeko probidentziak jakinaraztea.
e) Nafarroako Administrazio Auzitegiko artxiboa kudeatzea.
f) Auzitegiaren kudeaketa ekonomikoari dagozkion kontabilitateko dokumentuak prestatzea.
g) Agintzen zaion beste edozein eginkizun.
Lehen Xedapen Gehigarria. Izendapenak.
Foru agindu honetan ezarritako egituraren arabera izen berari eusten dioten bulegoetako buruen izendapenak berresten dira, haiek egin zireneko baldintza beretan.
Bigarren Xedapen Gehigarria. Bulegoak kentzea.
Bulego hauek kendu dira:
–Klase Pasiboen Bulegoa, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren menpekoa.
–Kudeaketa Bulegoa, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren menpekoa.
–Psikoteknia Bulegoa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren menpekoa.
–Gai Administratiboen eta Langileriaren Kudeaketa Bulegoa, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren menpekoa.
Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.
Indargabetu egin dira foru agindu honetan ezarritakoaren aurkako maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta zehazki:
–280/2010 Foru Agindua, apirilaren 26koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.
–281/2010 Foru Agindua, apirilaren 26koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak emana, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuaren egitura organikoa ezartzen duena bulegoen mailan.
Azken Xedapen Bakarra. Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.