(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

  • Euskara :
    • 102/1991 Foru Dekretua, martxoaren 21ekoa, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren Elebitasun Batzordea sortzen duena

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

102/1991 Foru Dekretua, martxoaren 21ekoa, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren Elebitasun Batzordea sortzen duena

 

(1991ko 49. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 19an)

Atarikoa

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legea irakaskuntzaren esparruan aplikatzeak neurri xedatzaile nahiz exekutiboak hartzea galdatzen du. Neurri horiek Nafarroako Gobernuari eta Administrazio Zentralari zegozkien, bakoitzak bere ahalmenen esparruan, alor horretako eginkizun nahiz zerbitzuen eskualdaketa eman arte.

Horretarako, bi Administrazioen artean honako hau sinatu zuten: "Nafarroako Ikastetxe Publikoetan Euskarari buruzko Foru Legea aplika dadin Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko akordioa" (1988.eko irailaren 16ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Aipatu Akordioaren boskarren puntuan Batzorde Parekide bat eratzen da. Lau kidek osaturik dago; Administrazio bakoitzak bi kide izanen ditu. Horietako bat Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzaren Nafarroako Zuzendari Probintziala eta bestea Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Hezkuntza Zuzendari Nagusia.

Behin Gobernu zentralak Nafarroako Foru Komunitateari hezkuntza alorreko eginkizun nahiz zerbitzuak eskualdaturik, arestion aipatu Batzordearen eginkizun zena orain Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura eta Kirol Departamentuko Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren ahalmen izanen da. Beraz, Euskarari buruzko Foru Legea aplikatzeko Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzarekin izenpetutako Akordioa indarrik gabe uztea bidezkoa da, beste Akordio bat sina dadin.

Hezkuntz administrazioaren esparruan, elebitasunak bere baitan arlo zenbait hartzen ditu. Horiek, uztailaren 31ko 190/1990 Foru Dekretuak ezarritako Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren egitura organikoari jarraikiz, Hezkuntz Antolamendu eta Ikuskaritza Zerbitzuaren, Irakaslegoaren Prestakuntza eta Berrikuntza Pedagogikorako Zerbitzuaren eta Euskara Zerbitzuaren iharduketa esparruari dagozkio.

Beraz, elebitasunari dagokion orotan zerbitzu horien iharduketak koordinatzea beharrezkoa da, eginen diren administrazio-iharduketak indarra duen legeriari jarraikiz bete eta hezkuntz estrategia amankomun baten barnean burutu daitezen.

Arestion errandakoa garatu ahal izateko, Nafarroako irakaskuntzarako Elebitasun Batzorde bat sortzea beharrezkoa da. Bost kidek osatuko dute eta Batzordeburua Hezkuntza Zuzendari Nagusia izanen da.

Horiek horrela, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariaren proposamenaz, eta Nafarroako Gobernuak mila bederatziehun eta laurogeitamaikako martxoaren hogeitabatean egindako bilkuran hartutako Erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

Hezkuntzako Elebitasun Batzordea sortzen da. Burua Hezkuntza Zuzendari Nagusia izanen da eta Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariak aukeratutako lau kidek osatuko dute.

2. artikulua

Batzorde honen eginkizunak hauexek izanen dira:

a) Nafarroan ematen den irakaskuntzan Euskarari buruzko Foru Legea aplikatzea. Aipatu aplikazio horren jarraipen eta ebaluazioa egitea.

b) Elebitasunaren alorrean Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiaren menpe dauden hezkuntz zerbitzuen iharduketa koordinatzea.

c) Elebitasunaren alorrean beste hezkuntza-mailei eta beste lurraldei dagozkien Administrazio nahiz Estamentuekin izandako iharduketak koordinatzea.

d) Nafarroako Hezkuntz Komunitatearen Estamentu desberdinek elebitasunaren arloan egindako eskariak jaso eta aztertzea.

Lehen Xedapen Gehigarria

Nafarroako Ikastetxe Publikoetan Euskarari buruzko Foru Legea aplikatu ahal izateko, Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sinatutako Akordioa, 1988.eko irailaren 1ekoa, eta bere Eranskina (indarrean egon daitekeen zatian), bai eta Euskarari buruzko Foru Legea aplikatzeko Hezkuntza eta Zientzia Ministraritzaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Akordioa, 1988.eko irailaren 1eko Erabaki horren Eranskina aldatzen duena, Foru Dekretu honek indarra hartzen duen egunean berean Nafarroako Gobernuak indarrik gabe utziko ditu.

Azken Xedapenetako Lehena

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Kontseilariari ahalmena ematen zaio Foru Dekretu hau burutu eta garatzeko beharrezkoak diren xedapen oro luza ditzan.

Azken Xedapenetako Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa