(Edukira Joan)

navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

34/2012 Foru Dekretua, uztailaren 2koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duena

 

(2012ko 130. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 4an)

Atarikoa

Ekainaren 22ko 11/2012 Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura eta departamentu bakoitzaren eskumen-esparrua finkatu ziren. Hortaz, bidezkoa da departamentu bakoitzaren oinarrizko egitura organikoa ezartzea, gero gehiago garatu badaiteke ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 20.2 artikuluak ezartzen du departamentu bakoitzak zuzendaritza nagusi bat edo gehiago izanen dituela, baita idazkaritza tekniko nagusi bat ere, zuzen-zuzenean kontseilariaren menpe egonen dena. Aurreko lerroaldean xedatutakoa gorabehera, artikulu horretako 3. lerroaldeak adierazten du departamentu guztietan beste organo batzuk ere egoten ahalko direla zuzenean kasuko kontseilari titularraren menpe. 25.2 artikuluak xedatzen du zerbitzuak zuzendaritza nagusien barrenean egon daitezkeela edo kontseilariaren menpe, zuzenean.

Bestalde, abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege horren 21.2 artikuluak adierazten du zuzendaritza nagusiak sortu, aldatu, bateratu edo kentzea, baita bakoitzak eskumenean izanen dituen arloak zehaztea ere, Nafarroako Gobernuari dagokiola, departamentu bakoitzeko kontseilari titularrak proposaturik.

Abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 100.2 artikuluak adierazten du erakunde autonomoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu bati edo zuzendaritza nagusi bati atxikita egonen direla.

Horrenbestez, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2012ko uztailaren 2ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

Artikulu Bakarra

Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren oinarrizko egitura:

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak, bere titularraren goi-zuzendaritzapean, honako organo hauek izanen ditu bere oinarrizko egituran:

a) Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusia.

b) Barne Zuzendaritza Nagusia.

c) Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusia.

d) Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusia.

e) Idazkaritza Tekniko Nagusia.

f) Nafarroako Administrazio Auzitegia.

2. Nafarroako Larrialdietako Agentzia izeneko erakunde autonomoa Barne Zuzendaritza Nagusiari atxikita egonen da.

Xedapen Gehigarri Bakarra. Idazkari tekniko nagusia.

Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentua zenaren Idazkaritza Tekniko Nagusiaren titularra oraingo Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiarena izanen da.

Lehen Xedapen Iragankorra. Arauak indarrean.

Departamentuaren zerbitzu eta atalen mailako egitura organikoa garatu arte, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 24ko 128/2011 Foru Dekretuan eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen irailaren 3ko 117/2007 Foru Dekretuan xedatutakoa aplikatuko da, baita Nafarroako Segurtasun Eskolaren antolaketa eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuan xedatutakoa ere, foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka ez dauden neurrian eta eskumen esparru berriari dagokionez; betiere, Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko Departamentuari buruz egiten diren aipamenak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari buruzkoak direla ulertuta.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Organoen eta eginkizunen jarraipena.

1. Departamentuaren zerbitzu eta atalen mailako egitura organikoa garatu arte, Lehendakaritza eta Justizia Zuzendaritza Nagusia da Afera Juridikoetako eta Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusiaren ondorengoa eta bere egiten ditu hark baliatzen zituen eskumenak, baita, justizia arloan, Justizia eta Barne Zuzendaritza Nagusiak baliatzen zituenak ere; aldiz, zuzendaritza nagusi horrek barne arloan baliatzen zituenak Barne Zuzendaritza Nagusiak egiten ditu bere.

2. Departamentuaren zerbitzu eta atalen mailako egitura organikoa garatu arte, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiak bere egiten ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoak (N.A.P.I.) baliatutako eskumenak, Politika eta Zerbitzu Publikoen Ebaluazio eta Kalitate Zerbitzuak baliatutakoak izan ezik, Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien Zuzendaritza Nagusiak egiten baititu bere, ezta Segurtasun Eskolak baliatutakoak ere, horren eginkizunak Barne Zuzendaritza Nagusiak egin baititu bere.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetako Lehena. Organoak eta erakundeak kentzea.

Kendu egiten dira:

-Afera Juridikoetako eta Lehendakaritzako Zuzendaritza Nagusia.

-Justizia eta Barne Zuzendaritza Nagusia.

-Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusia, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari atxikita baitago.

-Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua erakunde autonomoa (N.A.P.I.).

Azken Xedapenetako Bigarrena. Gaikuntzak.

Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariari eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariari gaikuntza ematen zaie behar diren xedapen guztiak eman ditzaten foru dekretu honetan xedatutakoa garatu eta betetzeko, eta bidezkoak diren langileen eta baliabide ekonomiko eta materialen esleipena eta banaketa egiteko.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Indarraldia.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa