(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

default2

2014ko maiatzaren 25ean Europako Parlamenturako hauteskundeak egin ziren Europar Batasuneko kide diren 28 estatuetako 500 milioi herritar baino gehiago zeuden deituta hautestontzietara, 751 eurodiputatu hautatzeko, haietako 54 Espainian.

Zergatik izan ziren desberdinak hauteskunde hauek?

 


Europako hauteskundeak 2014

Europako Parlamenturako maiatzaren 25eko hauteskundeak EBko historian garrantzitsuenak izan ziren, arrazoi hauengatik:

- Hauteskundeen emaitzak aurrenekoz hartu ziren aintzat Europako Batzordeko lehendakaria hautatzeko.

- Europako Parlamentua legegilea da orain, Kontseiluarekin batera, garrantzi handiko 40 gai berritan, arlo hauetan: nekazaritza, energia, immigrazioa, justizia eta egiturazko funtsak, besteak beste.

- Parlamentuaren bitartez, Europako boto-emaileek Batasunaren liderrek euro eremuko krisiari aurre egiteko egindako ahaleginak epaitu ahal dituzte orain, eta euren iritzia adierazi bateratze ekonomiko eta politikorako planei buruz.

Horrexegatik, hauteskundeen goiburua "Ekin, erantzun, erabaki" izan zen, eta mezu nagusia, berriz, "Oraingoan desberdina da".

Europako Batzordeko lehendakaria izateko hautagaiak

 

Europako hauteskundeak Espainian


 2014an zazpigarrenez egin ziren Europako Parlamenturako hauteskundeak Espainian. Aurrekoak 1987an, 1989an, 1994an, 2004an eta 2009an izan ziren.

Espainiako erroldan 36.546.270 hautesle zeuden.

Maiatzaren 25eko hauteskundeetarako, Hauteskunde Batzordeak 39 hautagai-zerrenda eman zituen ontzat, 2009an baino lau gehiago.

Hauxe izan zen hauteskundeen egutegia:

. Apirilaren 29a. Aldarrikatutako hautagai-zerrendak EAOn argitaratzea.

. Maiatzaren 9a. Hauteskunde kanpainaren hasiera.

. Maiatzaren 15a. Posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna.

. Maiatzaren 23a. Hauteskunde kanpainaren amaiera.

. Maiatzaren 25a. Bozketa eguna.

Zenbait zifra eta datu baliagarri Europako hauteskundeei buruz

Europako Parlamentuaren jarduera

Europako Parlamentuak Kontseiluarekin batera egiten ditu EBko legeak eta arauak, hiru prozedura erabiliz: ohiko prozedura erabakiak batera hartzea da, hau da, Parlamentuak eta Kontseiluak garrantzi bera dute arauen onespenean; kontsulta erabiltzen denean, Parlamentuak irizpen bat ematen du lege proposamenei buruz, Kontseiluak onetsi aurretik; eta hirugarrenez, onespena, Parlamentuari eskubidea ematen dio Kontseiluak onetsitako arau bati betoa jartzeko.

Azken legegintzaldian (2009ko uztailetik 2014ko apirilera) Europako Parlamentuak gai hauetan esku hartu zuen:

- Finantza ordena berria, etorkizuneko kolapso ekonomikoaren prebentzio gisa.

- Enplegua eta enpresen lehiakortasuna.

- Berrikuntza eta ikerketa.

- Programa sozialak eta langileen eskubideak.

- Nekazaritza eta arrantza ekologikoagoak eta jasangarriagoak.

- Osasun publikoaren babesa.

- Kontsumitzaileen eskubideak.

- Klima aldaketaren eta kutsaduraren kontrako borroka.

- Askatasun zibilen babesa.

- EBren kanpo harremanen gaineko kontrol demokratikoa.

Europako Parlamentuak VII. legegintzaldian betetako jardueraren laburpena

Botoa emateko eskubidea

Europako Parlamenturako hauteskundeak EBko kide diren 27 herrialdeetan egin ziren maiatzaren 22tik 25era, eta herrialde bakoitzak bere hauteskunde-legeak aplikatzen ditu. Espainian maiatzaren 25a da botoa emateko eguna.

Batasuneko lau herrialde hauetan botoa derrigorrezkoa da: Belgika, Grezia, Zipre eta Luxenburgo. Gainerako 23 herrialdeetan botoa librea da. Espainian, Hauteskunde Batzorde Zentralak onartzen duenez, "abstentzioa botorako eskubideaz baliatzea bezain legitimoa da", eta, beraz, botere publikoek egindako kanpainetan ez da botoa emateko dei aktiborik egiten, soilik herritarrei informazioa emateko hauteskunde egunaz, botoa emateko prozedura eta posta bidezko botorako baldintzez eta tramiteaz.

Botoa emateko eskubidea Europar Batasunean

Immigrazioa. Europaren desafioa

EBren xedea da ikuspegi orekatu bat ezartzea legezko migrazioaren gaiari heltzeko eta legez kanpoko immigrazioari aurre egiteko. Migrazioen kudeaketa egokirako beharrezkoa da, halaber, Estatu kideetan legez bizi diren EBtik kanpoko herritarrei tratu ekitatiboa ematea, legez kanpoko immigrazioaren kontrako neurriak hobetzea eta beste herrialde horiekiko lankidetza sustatzea arlo guztietan. EBren asmoa da legezko immigranteentzat eskubide eta betebehar maila bateratua lortzea, Batasuneko herritarren mailaren parekoa.

Europako immigrazioari buruzko txostena

Europako Parlamentuaren erronkak

Zein dira Europar Batasunaren agendako politikak hurrengo bost urteetarako? Zertan inbertitzen da Batasunaren aurrekontua? Galdera hauen erantzunak Europako Parlamentuko indarren araberakoak dira, eta Europar Batzordeko buru izateko hautatzen diren pertsonek erabakitzen dituzte. Bi faktore horiek Europako 2014ko maiatzeko hauteskundeen emaitzen araberakoak dira.

Europako Parlamentuaren legegintzako erronkak

Europako Parlamentuaren osaera

Europako Parlamentuko 751 diputatuek Batasuneko kide diren 28 estatuetako herritarrak ordezkatzen dituzte, 500 milioi herritar alegia; horietatik 400 milioi inguruk dute botorako eskubidea, eta 37 milioik aurreneko aldiz eman zezaketen botoa.

Parlamentuko eserlekuak Batasuneko kide diren herrialdeen artean banatzeko, "Beheranzko proportzionaltasuna" erabiltzen da; horren arabera, populazio handiagoa duten herrialdeek eserleku gehiago dituzte bizilagun gutxiago dituztenek baino, baina proportzionaltasuna zorrotz aplikatuz gero edukiko luketen eserleku kopurua baino handiagoa dute populazio txikiagokoek. Ordezkari kopuru handiena Alemaniak du (96), eta txikiena, berriz, Esloveniak, Luxenburgok, Maltak, Ziprek eta Estoniak (6na eserleku). Espainiak 54 europarlamentario hautatzen ditu.

Europako Parlamentuaren osaera

Hauteskundeei buruzko debatea

Maiatzaren 25eko hauteskundeen ondotik Europako Batzordeko lehendakaria izateko hautagaien arteko debatea Europako Parlamentuaren egoitzan egin zen, Bruselan, maiatzaren 15ean, gaueko 21:00etatik 23:30era bitarte. Hauexek hartu zuten parte: Jean-Claude Juncker (PPE, Talde Popularra), Martin Shulz (S&D, Talde Sozialista), Guy Verhofstadt (ALDE, Talde Liberala), Ska Keller (Berdeak) y Alexis Tsipras (Batasuneko Ezkerra).

Debatea 30 herrialdetako (EBko 28, Ukrainia eta Kanada) 146 hedabidek transmititu zuten. Espainian 43 hedabidek eman zuten: Canal 24 horas, TV3 Cataluña, Canal Sur, A3 Media, ABC.es, RN5, 20minutos.es, Huffingtonpost.es, Televisión de Castilla y León, Zaragoza TV, El Periódico.com, besteak beste.

Europako herritarrek #TellEurope traola erabiliz hartu zuten parte.

 

Balioen Europa

Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutuna legez lotzailea da kide diren estatuentzat 2009az geroztik, eta europarrei funtsezko eskubideez eta askatasunez baliatzea bermatzen die; horixe da Europako Parlamentuaren Askatasun Zibilen Batzordearen helburua.

Herritarren ahotsa Europan entzuteko bitartekoak bi organo hauek dira, biak Europako Legebiltzarraren menpekoak: Eskaeren Batzordea eta Europako Herri Defendatzailea.

Europako balioen sustapena Batasunaren mugetatik harago doa, Europako Parlamentuak betetzen duen lan diplomatikoaren bidez eta askatasunaren eta Kontzientzia Askatasunaren Sajarov Saria emanez giza eskubideen alde lan egiten dutenentzako aitortza gisa.

Europa: balioak dira gakoa

Emakumeak Europako Parlamentua

Europako Parlamentuko emakumezko diputatuen kopurua goraka joan da erakundea sortu zenetik hona, eta egun, VII. legegintzaldian (2009-2014) %36koa da, kide diren estatuetako parlamentu nazionaletan guztira dauden emakumezko diputatuen ehunekoa baino altuagoa. Herrialdez herrialde, Finlandiak du emakumezkoen ordezkaritza handiena (%61,5), eta txikiena, berriz, Luxenburgon. Espainian, emakumezkoen kopuruak eurodiputatuen guztien %38,9 egiten du.

Emakumeak Europako Parlamentua

Europar Batasunaren aurrekontua

Europako Batasuneko aberastasunaren %1 (240 euro inguru biztanleko) baizik ez da joaten Batasunaren urteko aurrekontura (urtean 120.000 milioi eurotik gorakoa da). Nazioetako zergei dagozkien kopuruekin alderatuta, oso ekarpen txikia da. Halere, diru horri esker, herritarrentzako onuragarriak diren politika garrantzitsuak finantzatu daitezke.

Zifra horien testuingurua hobeki ulertzeko, EBk azterlan bat argitaratu zuen 2011n, krisi ekonomiko bete-betean, eta bertan nabarmentzen zen Batasunaren urte hartako aurrekontuak (129,3 milioi eurokoa) Europako urteko BPGaren (12.649 milioi) %1,02 egin zuela. Bistan da alde handia dagoela zifra horren eta herrialde batzuen gastu publikoaren artean: Erresuma Batuko gastu publikoa, urte hartan, BPG nazionalaren %48, 5 adinakoa izan zen, Finlandiakoa %54,8koa eta Espainiakoa %45,2koa, adibidez).

Europar Batasunaren aurrekontua.

Hauteskunde sistemak Europar Batasunean

Europar Batasuneko kide den herrialde bakoitzak bere hauteskunde sistema du Europar Parlamentuan dagozkion eserlekuak banatzeko, aurkeztutako hautagai-zerrendek jasotako boto kopuruaren arabera. Espainian D'Hondt formula erabiltzen da, Europar Batasunean ohikoena den sistema alegia, Espainian ez ezik hauetan ere: Portugal, Erresuma Batua, Belgika, Holanda, Estonia, Hungaria, Errumania, Kroazia, Eslovenia, Austria, Danimarka, Finlandia, Frantzia eta Txekiar Errepublika

Beste metodo hauek ere erabiltzen dira:  Hare-Niemeyer (Bulgaria, Zipre, Grezia, Italia eta Lituania); St. Laguë (Alemania, Letonia eta Suedia); boto bakar eskualdagarria Droop (Irlanda, Malta, Ipar Irlanda) eta Droop (Eslovakia).  Luxenburgon Hagenbach-Bischoff sistema erabiltzen da, eta Polonian Hare-Niemeyer eta D'Hondt sistemen arteko nahasketa bat.

Hauteskunde sistemak Europar Batasunean.

Hauteskundeen emaitzei buruzko informazioa

Maiatzaren 25ean, gaueko 10etatik aurrera jakinarazi ziren lehendabiziko "boto proiekzioak" -hautestontzien ondoan egindako inkestetan oinarrituta eginda-, Parlamentuaren osaera berriarekin. Europa osoan izandako partaidetza datuak ere hasi ziren ematen ordu horretan. Eta gaueko 11etatik aurrera, Italiako azken hauteslekuak itxi ondoren, lehenbiziko emaitza ofizialak argitaratu ziren; gau guztian eguneratzen joan ziren aldiro-aldiro, hemiziklo berria eta haren osaera politikoa islatzen zituen grafiko zirkular batean adierazita.

Parlamentu berriari buruzko datu eguneratu guztiak denbora errealean eskuratzeko moduan dira apirilaren 1ean ikusgai zen web berezi batean (results-elections2014.eu), bai eta prentsa aretoan, hemizikloan eta Parlamentuko beste toki batzuetan ere. Hedabideek informazio hori erabili, jaitsi eta beren web orrietan txertatu ahal izan zuten.

Hauteskundeen emaitzei buruzko informazioa

Talde politikoak Europan

Europako Parlamentuak zazpi talde zituen aurreko legegintzaldian, joera politiko guztiak eta 160 alderdi nazional ordezkatzen zituztenak.

Europako alderdi politiko bat programa politiko bat betetzen duen eta herrialde batetako baino gehiagotako alderdiek eta parlamentariek osaturik dagoen erakunde bat da; hortaz, Europar Batasuneko kide diren estatu batean baino gehiagotan du ordezkaritza. Tratatuan esaten denez, "Europa mailako alderdi politikoak faktore garrantzitsua dira Batasunean integratzeko. Alderdi horiek asko laguntzen dute Europako kontzientzia sortzen eta Batasuneko herritarren borondate politikoa adierazten".

Talde politikoak Europan

Zer irabazten dugu Europarekin?

Europako Parlamentuak 1980ko hamarkadan aurrenekoz erabili zuen "Europa ezaren kostua" delako kontzeptua. Kasu honetan  erabiltzen denean, Europako egungo ekonomiak Europako Parlamentuak berriki defendatu dituen ekimen politiko batzuk aplikatuz gero izanen lituzkeen irabaziak zenbatesten ditu, edo zenbatekoak izanen liratekeen irabazi horiek egun dauden politikak sakonduz gero.

Europako Parlamentuko Balio Erantsiaren Unitateak egindako azterlan horretan nabarmentzen denez, neurri horiek denboran zehar ezartzen joanez gero Europako ekonomiak 800.000 milioi euroko hazkundea izan lezake edo EBren egungo BPGren %6koa.

Zer irabazten dugun Europarekin

Europako Parlamentuan lan egitea

Europako Parlamentuak 6.817 langile ditu, plantillakoak eta aldi baterakoak, zerbitzu administratibo, juridiko eta teknikoetan banatuta; langile horietatik %59 emakumezkoak dira, eta batez besteko adina 46 urtekoa da.

Eurodiputatuek beren langileak aukeratu ahal dituzte, Parlamentuak ezarritako aurrekontuaren barrenean; gaur egun, eurodiputatuen laguntzaileen kopurua 1.566 da. 80 kazetarik dute Parlamentuko informazioa zabaltzeko baimena; 900 kazetari dira, berriz, Europar Batasuneko erakunde guztien informazioa zabaltzekoa dutenak.

Europako Parlamentuan lan egitea

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa