(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

enlaces relacionados

Europako hauteskundeak

2014ko maiatzaren 25ean Europako Parlamenturako hauteskundeak egin ziren

Europar Batasuneko kide diren 28 estatuetako 500 milioi herritar baino gehiago zeuden deituta bozkatzera hauteskunde hauetan, 751 eurodiputatu hautatzeko, haietako 54 Espainian.

Zergatik izan ziren desberdinak hauteskunde hauek?


Elecciones Europeas 2014

Europako Parlamenturako maiatzaren 25eko hauteskundeak EBko historian garrantzitsuenak izan ziren, arrazoi hauengatik:

- Hauteskundeen emaitzak aurrenekoz hartu ziren aintzat Europako Batzordeko lehendakaria hautatzeko.

- Europako Parlamentua legegilea da orain, Kontseiluarekin batera, garrantzi handiko 40 gai berritan, arlo hauetan: nekazaritza, energia, immigrazioa, justizia eta egiturazko funtsak, besteak beste.

- Parlamentuaren bitartez, Europako boto-emaileek Batasunaren liderrek euro eremuko krisiari aurre egiteko egindako ahaleginak epaitu ahal dituzte orain, eta euren iritzia adierazi bateratze ekonomiko eta politikorako planei buruz.

Horrexegatik, hauteskundeen goiburua "Ekin, erantzun, erabaki" izan zen, eta mezu nagusia, berriz, "Oraingoan desberdina da".

Europako Batzordeko lehendakaria izateko hautagaiak

Nola egiten du lan?


Europako Parlamentuaren jarduera politikoa kidetasun ideologikoan oinarrituta sortutako parlamentu-taldeen bidez antolatzen da. Parlamentuaren historian behin ere ez du talde bakar batek bereganatu gehiengo osoa, eta, beraz, negoziazioa eta akordioa beharrezkoak dira EBren legeak eta aurrekontua onesteko; nolanahi ere, taldea zenbat eta handiagoa izan, orduan eta eragin handiagoa izanen du. Europako Parlamentuan taldeen barne diziplina ez da parlamentu nazional batzuetan bezain zorrotza, eta gerta daiteke batzuetan talde bereko eurodiputatu guztiek berdin ez bozkatzea, nazio edo eskualde mailako politikaren arrazoiengatik.

Eurodiputatuek eserlekuaren jabetza hartu, eta Europako Parlamentua eratu ondoren osatzen dira parlamentu-taldeak. Egungo legebiltzarrean zazpi talde daude, kide diren herrialdeetako 160 alderdi nazional baino gehiagoren ordezkari.

- Popularrak.

- Sozialdemokratak.

- Liberaldemokratak.

- Berdeak.

- Kontserbadore-erreformistak.

- Ezkerra.

- Nazionalistak.

Europako hauteskundeak Espainian

Espainia Europar Batasuneko kide da 1986az geroztik, eta bertako herritarrek 54 eurodiputatu hautatzen dituzte. Espainiako Gobernuak 2014ko maiatzaren 25eko hauteskundeetarako deialdia egin zuen martxoaren 31ko 213/2014 Errege Dekretua onetsiz; 2014ko apirilaren 1ean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Hauteskundeak barruti bakarrean egiten dira nazio lurralde osorako; horrek esan nahi du aurkezten den alderdi edo koalizio bakoitzak zerrenda bakarra izanen duela eta bozkatu beharreko zerrendak berberak izanen direla Espainiako hautesleku guztietan. Eserlekuak hautagai zerrenda bakoitzak eskuratutako boto kopuruen proportzioan esleitzen dira, D'Hondten formularen bidez zuzenduta.

Hauxe da hauteskundeetako egutegia:

. Apirilaren 1a. Deialdiari buruzko Errege Dekretua EAOn argitaratzea.

. Apirilaren 16tik 21era. Hautagai-zerrenden aurkezpena.

. Apirilaren 23a. Aurkeztutako hautagai-zerrendak EAOn argitaratzea.

. Apirilaren 29a Aldarrikatutako hautagai-zerrendak EAOn argitaratzea.

. Maiatzaren 6tik 23ra. Hauteskunde kanpaina.

. Maiatzaren 25a. Bozketa eguna.

. Maiatzaren 28tik ekainaren 14ra. Botoen kontaketa, eserlekuen esleipena eta hautagaien aldarrikapena.

Europako hauteskundeak Nafarroan

Nafarroan 498.679 hautesle daude deituta Europako hauteskundeetan parte hartzera; horietatik 475.263 Foru Komunitatean bizi dira, eta 21.656, berriz, atzerrian. Horrez gain, egoiliarren zentsuan 1.760 herritar daude, Europar Batasuneko 21 herrialdetakoak, botoa emateko eskubidea dutenak. Estatistikako Institutu Nazionalaren informazioa da.

Behin-behineko hauteskunde-zentsuaren zerrendak jendaurrean egonen dira udaletxeetan apirilaren 7tik 14ra bitarte, herritarrek kontsultatzeko, eta azken egun horretan itxiko da zentsuaren kontrako erreklamazioak egiteko epea.

Iruñean eta Tuteran bizi direnek informazio lokaleko 010 telefonora hots eginez eska ditzakete zentsuari buruzko argibideak.

012 telefonoaren zerbitzuaren bidez, Nafarroako Gobernuak zentsuari buruzko argibideak ematen dizkie zerbitzu horretan sartutako 46 udalerrietako bizilagunei, Foru Komunitateko 211.339 biztanleri alegia.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa