(Edukira Joan)
comienza contenido web

navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

 

Maiz egiten diren galderak

Egia da testa oso erraza dela eta nik neronek egiten ahal dudala?

Bai. Oso proba erosoa da. Parte hartzeko asmoa duzula adierazten badiguzu, kit bat (poto ttiki bat) jasoko duzu etxean, baita kaken lagin bat hartzeko jarraibide argi-argiak ere. Gero, astindu eta hozkailuan gorde besterik ez da egin behar, osasun etxera eraman arte. Egun batzuk pasatuta, emaitzak jasoko dituzu.

Non eskatu behar dut hitzordua proba egiteko?

Ez da hitzordurik eskatu behar inon. Programa aldi berean dago martxan zenbait osasun etxe eta kontsultategitan. Programa zure eskualdera ailegatzen denean (ikusi egutegia), gonbidapen pertsonal bat jasoko duzu, eta, bertan, behar duzun informazio guztia egonen da.

Programa nire eskualdera ailegatu da, baina ez zait gonbidapenik ailegatu. Zer egin behar dut?

Programa, gutxika-gutxika, Nafarroa osoan zabalduko da (ikusi datozen bi urteetako egutegia). Eskualde bakoitzean, gonbidapen-sail bat baino gehiago bidaltzen dira. Dena dela, parte hartzeko gonbidapen-gutuna ailegatzen ez bazaizu, deitu 848 42 34 98 telefonora edo idatzi helbide honetara: precolon@navarra.es

Parte hatzeko gonbidapena ailegatu zait, baina ez dut inolako sintomarik. Beharrezkoa da parte hartzea?

Gonbidapena ailegatu bazaizu, oso komenigarria da parte hartzea. Ez du inporta gizona edo emakumea zaren. Bestetik, test honen helburua, hain zuzen ere, garaiz anomaliaren bat harrapatzea da, koloneko edo ondesteko minbiziak ez baitu sintomarik izaten hasieran.

Zer adinetan komeni da garaiz harrapatzeko proba egitea?

Programa 50 urtetik 69ra bitartekoentzat dago prestatua. Adin tarte horretatik kanpora, gomendatzekoa da egitea baldin eta lehen mailako ahaideen artean beste inork izan badu gaixotasuna, edo koloneko edo ondesteko gaixotasunen bat izanez gero. Zalantzarik baldin baduzu, galdetu zure familia-medikuari.

Mutualitate batean nago edo mediku partikularra dut, ez sare publikokoa. Parte har dezaket programan?

Programa Nafarroan bizi eta 50 urtetik 69ra bitarte duten gizon eta emakume guztientzat da, edozein osasun aseguru dutela ere. Programak, inolako kosturik gabe, proba egiteko aukera eskaintzen dizu. Positiboa bada, kolonoskopia edo proba alternatiboren bat eginen dizute tumorerik badagoen jakiteko. Dena dela, kirurgiarik edo bestelako probarik egin behar badizute, zure aseguru-konpainiaren bidez eskatu behar duzu.

Hesteetako problema batzuk izan ditut, eta dibertikulu batzuk aurkitu zizkidaten. Programatik deitu arte itxoin behar dut?

Programa 50 urtetik 69ra bitarteko pertsona asintomatikoentzat dago prestatua. Hesteetako problemarik eta dibertikulurik izanez gero, guregana jo. Edo, bestela, galdetu zure familia-medikuari. Berak azalduko dizu, egoera ikusita, komeni zaizun edo ez zaizun komeni gorozkietako odol ezkutuaren proba.

Gure aita koloneko minbizitik hil zen. Aditu dut halakoetan hobe dela kolonoskopia bat egitea. Hala da?

Familian aurrekariren bat izateak ez dakar beti kolonoskopia edo proba berezirik egin beharra. Guregana jo behar duzu. Edo, bestela, galdetu zure familia-medikuari. Berak azalduko dizu, egoera ikusita, komeni zaizun edo ez zaizun komeni gorozkietako odol ezkutuaren proba.

Orain dela urte batzuk hesteetako problema batzuk izan nituen, baina, kolonoskopia bat egindakoan, ongi nengoela esan zidaten. Orain egin behar dut programaren proba edo aski da egin zidatenarekin?

Kolonoskopia bat eginez gero, ez da beharrezkoa gorozkietako odol ezkutuaren proba egitea 5 urtean. Nolanahi ere, guregana jo, eta, zure egoera ikusita, proba egitea komeni ote den aztertuko dugu.

fin contenido web