(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Nire NAOrako sarrera

143. ALDIZKARIA - 2012ko uztailaren 20a

  • 2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
    • 2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Diru-laguntzen deialdi publikorako oinarri arautzaileak, Burlatan euskara sustatu, hedatu eta normalizatzeko jardueretarako: ikasleen guraso elkarteak, ikastetxeak eta kultur elkarteak.
Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2012ko apirilaren 26an egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Diru-laguntzen deialdi publikorako oinarri arautzaileak, Burlatan euskara sustatu, hedatu eta normalizatzeko jardueretarako: ikasleen guraso elkarteak, ikastetxeak eta kultur elkarteak (2012ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, maiatzaren 30ean).

Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, hori aldatu baitzuen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak, eta jendaurreko epea inolako alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, bidezko da aipatu oinarri arautzaileak behin betiko onestea eta testua oso-osorik argitaratzea, bere ondorioak sor ditzan.

Burlatan, 2012ko uztailaren 10ean.–Alkatea, Juan-Carlos González Muñoz.

DIRU-LAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKORAKO OINARRI ARAUTZAILEAK, BURLATAN EUSKARA SUSTATU, HEDATU
ETA NORMALIZATZEKO JARDUERETARAKO: IKASLEEN GURASO ELKARTEAK, IKASTETXEAK ETA KULTUR ELKARTEAK

2012

Aitzinsolasa

Burlatako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, Burlatan euskararen erabilera sustatu, hedatu eta/edo normalizatzeko jarduketak bultzatzea proposatzen ditu.

Horrela, Burlatako Udalak deialdi honetan aurreikusita dauden jarduerak egiten dituzten ikasleen guraso elkarteei, ikastetxeei eta kultur elkarteei diru-laguntzak ematea sustatzen du, norgehiagokako araubidean.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzeko Ordenantza Orokorra, Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legea aplikatuko dira.

1. artikulua. Aurrekontua.

Deialdi honi 6.000 euro esleitu zaio, gehienez ere, sektore onuradun bakoitzarentzat (kultur elkarteak, ikasleen guraso elkarteak eta ikastetxeak) eta 18.000 euro dituen 451.548.002 (Laguntza batzuk) kontusailaren kargura.

2. artikulua. Diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua, eta entitate onuradunen betebeharrak.

Deialdi honen xedea eta helburua Burlatan euskararen erabilera sustatu, hedatu eta/edo normalizatzeko jarduerak egiteak ekartzen dituen gastuak, zati batean, estaltzeko diru-laguntzak ematea da Burlatako kultur elkarteei, ikasleen guraso elkarteei eta ikastetxeei, baldin eta aipatu jarduerak deialdi honetako 4. artikuluko xede eta edukietara egokitzen badira, betiere.

Deialdi honetako onuradunen betebeharrak ondokoak izanen dira:

2.1.–Xedea bete, jarduera egin eta diru-laguntza emateko oinarri izan den jarrera hartu.

2.2.–Emaniko diru-laguntza zein xedetarako jaso den, horren gastuak estaltzeko baino ezin izanen da erabili.

2.3.–Organo emailearen aurrean justifikatu oinarriok eskatzen dituzten baldintzak eta betekizunak bete dituztela, jarduera egin dutela eta diru-laguntzaren xede izan den helburu hori ere bete dutela.

2.4.–Organo emaileak egin beharreko egiaztapen eta finantza kontrol guztiei eta kontrol organo eskudunek egiten ahal dituzten egiaztapen eta finantza kontrol guztiei men egin eta aurreko jarduketen inguruan eskatzen dieten adina informazio eman, udalaren agiritegietan ez badago, betiere.

2.5.–Helburu bera duten beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero, organo emaileari horren berri eman. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa frogatu baino lehen.

2.6.–Diru-laguntzaren emate ebazpena eman baino lehen zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituztela egiaztatu. Burlatako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean daudela bermatzen duen konpromisoa ofizioz egiaztatuko da.

2.7.–Kontabilitateko liburuak, izapide erregistroak eta gainerako agiriak behar bezala ikuskatuak izan onuradunari kasuan-kasuan aplikatzen ahal zaizkion merkataritzako eta sektoreko legeriak ezarritakoekin bat, baita ondoko deialdiak edo diru-laguntzaren emate ebazpenak eskatzen ahal dituzten egoera orriak eta berariazko erregistroak ere, egiaztapen eta kontrol eskumenak modu egokian gauzatuko direla bermatzeko.

2.8.–Jasotako funtsen aplikazioa justifikatzen duten agiriak gorde, agiri elektronikoak barne, Legeak dioenaren arabera, horiek ere, egiaztapen eta kontrol jarduketen jomuga izan daitezkeelako.

2.9.–Diru-laguntza jaso duen jardueraren propaganda edo hedatzeetan “Laguntzailea: Burlatako Udala” testua erantsi.

2.10.–Lengoaiaren eta irudiaren erabilera sexista ez egin jarduerari lotutako publizitate eta komunikazioan.

2.11.–Jakinarazi Burlatako Udalari diruz lagundutako jardueren garapenean izandako aldaketa nabarmenak.

2.12.–2.12.–Jasotako diru guztia edo zati bat itzuliko da, Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzeko Ordenantza Orokorraren 22.1 artikuluak arautzen duen kasu bat gertatzen denean.

2.13.–Ikastaro bakoitza egiteak sortutako diru-sarreren eta gastuen fakturak zein bestelako justifikazio-agiriak aurkeztu. Fakturak indarrean den araudiaren arabera igorriko dira. Aurkeztutako jatorrizko fakturak zigilu-marka batekin itzuliko zaizkio entitateari. Modu horretan adieraziko da gastua diru-laguntza ematea eragin duenaren aplikazioan eta zein portzentaje egozten ahal zaion udalaren diru-laguntzari. Horrela, kontrol egokia eginen da helburu bererako diren beste diru-laguntza batzuen gainean.

2.14.–Jarduera guztiek 2012ko abenduaren 31 baino lehen eta Burlatan egitekoak behar dute izan.

3. artikulua. Entitate eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Diru-laguntza eskatu ahalko dute eskabideak aurkezteko epearen amaieran ondoko baldintzak beteko dituzten Burlatako kultur elkarteek, ikasleen guraso elkarteek eta ikastetxeek:

3.1.–Pertsona juridikoa izan, legez eratua, eta dagokion elkarteen erregistroan inskribatuta egon.

3.2.–Gizarte egoitza eta zergetarakoa Burlatan izan.

3.3.–Gizarte izaera izan eta irabazi asmorik ez izan.

3.4.–Aurkeztutako proiektua Burlatan garatzekoa izan.

3.5.–Diru-laguntza eskatzen duen proiektua egiteko adina giza baliabide eta baliabide material izan eta diru-laguntza jasotzeak edo ez jasotzeak ez dezala proiektua egin edo ez egin baldintzatu.

3.6.–Jardueren eraginkortasuna bermatzeko adinako egitura izan proposatutako helburuak modu eraginkorrean erdietsiko direla bermatzeko beharrezko eskarmentua eta jarduteko gaitasuna egiaztatuz.

3.7.–Burlatako Udalarekiko zerga betebeharrak egunean izan. Udalak bere kabuz egiaztatuko du hori, eta egoeraren berri jasoko du egoki den izapidearen bidez. Era berean, emate proposamenaren aurretik, bere kabuz egiaztatuko du ez duela udalaren diruzaintzara itzuli beharreko zenbatekorik.

3.8.–Zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak eguneratuak izan. Hartarako, diru-laguntza eskatzen duten elkarte eta entitateek aurkeztuko dute Foru Ogasunak luzatutako egiaztagiria, edo Ogasun Ministerio eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzakoa hala dagokionean, horiek hala direla frogatzen dutenak.

Berariaz deialdi honetatik at daude ondoko pertsonak:

a) Enpresak eta irabazi asmorik duen beste edozein entitate.

b) Aurreko bi ekitaldietan Burlatako Udalarekiko betebeharrak bete ez edo urratu dituzten entitate edo elkarteak, diru-laguntzen jasotzaile edo lankidetza hitzarmenen sinatzaile izanagatik.

c) Oro har, goiko puntuan zehazten diren oinarrizko baldintzetakoren bat betetzen ez dutenak.

Ez da beharrezkoa izanen udal agiritegietan dauden eta azken lau urteetan aldatu ez diren alderdiak agiri bidez frogatzea, oinarriotan berariaz eskatzen badira salbu.

4. artikulua. Diru-laguntzaren xede diren jardueren baldintzak.

Honako jarduera hauek diruz lagunduko dira:

4.1.–Euskararen erabilera sustatzeko jarduerak.

4.2.–Euskararen erabileraren aldeko motibazio eta sentsibilizazio jarduerak.

4.3.–Bertako euskarazko argitalpen eta komunikabideak.

4.4.–Euskarazko literatura zabaltzea helburu duten jarduerak, baita euskaraz irakurtzeko zaletasuna ere.

Ez dute diru-laguntzarik jasoko euskara sustatzeko eremu zehatzean interesa ez duten jarduerek, ez eta Burlatako Udalaren beste edozein organori dagokion beste araudiren baten esparruan diru-laguntza jaso ahal duten horiek (baldin eta organo horrek berariazko eskumenak baditu eskaeraren xede den gaian), ez eta, oro har, Euskara Zerbitzuaren jarduketa esparruaren barruan ez daudenek ere.

5. artikulua. Deialdia jakinaraztea.

Hiru modu hauetan jakinaraziko da deialdia, haietan iragarkia jarrita: www.burlada.es web orrian, Burlatako Udalaren iragarki-oholean, Burlatako Udalaren Egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.burlada.es) eta Udaleko Aldizkari Ofizialean (BIM).

6. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaera orriak eskatzaileak sinatutako instantzia bidez eginen dira, zeina I. Eranskinean aurreikusitako eredu ofizialera egokituko baita.

6.1.–IFKaren fotokopia.

6.2.–Proposatutako jarduera edo jardueren proiektu xehatua.

6.3.–Jarduera edo jarduerak egiteko gastu eta diru-sarreren aurrekontu xehatua.

6.4.–Hala badagokio, xede bererako beste organismo publiko edo pribatu batzuei egindako edo egin beharreko diru-laguntza eskaerak, izapidetuak edo izapidetzear daudenak; ondokoak zehaztuko dira: eskatutako zenbatekoa, entitateen izena eta, ebazpena eman bada, emandako kopurua edo, iazkoa aintzat hartuta, ematea aurreikusirik dutena.

Agiriak originalak edo konpultsatutako fotokopiak izanen dira.

Eskabideak aurkezteko epea deialdiaren iragarkian ezarriko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

Eskaerak ez baditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen, pertsona interesdunari gehienez ere hamar egun naturaleko epe luzaezinean zuzen dezala eskatuko zaio, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela, betiere aldez aurretik ebazpena emango delarik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71. artikuluak aurreikusitakoarekin bat.

Eskabideak Burlatako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira (Larrañeta plaza, z/g; 31600 Burlata) horretarako erantsitako eskabide eredua erabiliz, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 38. artikuluak aurreikusitako edozein lekutan.

7. artikulua. Diru-laguntzak bideratu eta ebazteko organo eskudunak.

Burlatako Udaleko Euskara Zerbitzua izanen da diru-laguntzen inguruko prozedura bideratzeko organo eskuduna eta bere kabuz beharrezko jotzen duen jarduketa oro eginen du, ebazpen proposamena emateko behar diren datuak zehaztu, ezagutu eta egiaztatzeko.

Ebazpen proposamena instrukzio organoak emanen du, espedientea kontuan harturik, eta ebazteko eskumena duen organoari helaraziko dio.

Diru-laguntzak emateko prozedura Tokiko Gobernu Batzordeak ebatziko du.

8. artikulua. Ebatzi eta jakinarazteko epea.

Ebazpena ebatzi eta jakinarazteko epea lau hilekoa izanen da gehienez ere. Epea hasiko da kontatzen diru-laguntzarako eskabidea aurkezteko epetik. Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jotzen ahalko du.

Diru-laguntzak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio bideari; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58 eta 59. artikuluek agindutakoarekin bat eskatzaileei jakinaraziko zaie eta Burlatako Udaleko iragarki oholean argitaratuko da. Diru laguntzen emate ebazpenean jakinaraziko dira berauen kontra jarri ahalko diren helegiteak.

9. artikulua. Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Udalak 18.000 euro bideratuko du diru-laguntza horietarako. Hiru zati berdinetan (6.000 euro) banatuko dira, entitate jasotzaile bakoitzerako, alegia (ikasleen guraso elkarteak, ikastetxeak, kultur elkarteak). Emanen den diru-laguntzaren zenbatekoa, hala bada, ezin izanen da inolaz ere dagokion jarduerarako guztizko zenbatekoa baino handiagoa izan.

Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa defizitaren %70 izanen da, gehienez ere, hau da, aurkeztutako jardueraren dokumentazioan zehaztu beharreko gastuen zein sarreren arteko aldearen %70. Ateratzen den defizita hasiaren aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntza benetako defizitera egokituko da bigarren zatian ordaintzean, hots, ehuneko bera mantenduko da.

Araudi honen bitartez aitortutako diru-laguntzak bateragarriak izanen dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede berbererako emandako beste edozeinekin, baina ezin izanen da gain-finantzazioa gertatu.

10. artikulua. Balorazio irizpideak.

Balorazio Batzordeak berari dagozkion eginkizunak beteko ditu eta batzordekide hauek izanen ditu: Ekonomia eta Administrazio gaietako Batzordeburua; Burlatako Udalaren Euskara zerbitzuko teknikaria; Hezkuntza Batzordeko teknikaria; Burlatako Udalaren kontu-hartzailea, eta Euskarabideako teknikari bat.

Aipatu Batzordeak eskabideak baloratuko ditu eta honako alderdiak izanen ditu kontuan:

1. Jarduerak Burlatako hizkuntza normalizazioan duen eragina.

2. Elkartearen nondik norakoa.

3. Jardueren interes, kalitate, originaltasun eta berrikuntza maila.

Ekonomia eta Administrazio gaietako Batzordeak diru-laguntza emateko proposamena helaraziko dio organo eskudunari, onar dezan eta interesatuari jakinaraz diezaion.

11. artikulua. Diru-laguntza jasotzen ahal duten gastuak.

Diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira diru-laguntzaren xede den jarduerarekin bat datozenak. Diru-laguntza jaso dezaketen gastuei dagokienez, emate kostua ez da inoiz merkatuko balioa baino handiagoa izanen.

Deialdi honetan ezarritako justifikazio aldia amaitu baino lehen ordaindutako gastua hartuko da egindako gastutzat. Oinarriok ezartzen duten gauzapen arotik kanpo egiten direnak ez dira diru-laguntzak estal ditzakeen gastu justifikagarritzat hartuko.

Zeharkako zergak ez dira inondik inora diru-laguntza jasotzen ahal duten gastutzat joko, berreskuratzeko edo konpentsatzeko modukoak badira. BEZari dagokionez, zehazki, diru-laguntza jasotzen ahal duten gastuak izanen dira kostu erreala izanik onuradunak ordaindu dituen zenbatekoak; hau da, onuradunak ordaindu dituenak eta kengarriak ez direnak. Izan ere, kengarriak izanez gero, onuradunak zerga hori berreskuratzen ahalko luke.

12. artikulua. Diru-laguntzaren xede diren jardueren finantzaketa.

Emandako diru-laguntzen zenbatekoak -ondasun propioetatik eratorritako beste erakunde edo elkarte batzuen (publiko zein pribatu) diru-laguntza edo laguntzekin batera- ezin izanen du inolaz ere garatu beharreko proiektuaren kostu osoa gainditu.

Diru-laguntzaren emate ebazpena aldatzen ahal da deialdi honetako oinarriekin bat, diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzetan gertatzen ahal den aldaketa ororen ondorioz, eta deialdi honetan onartzen diren kasuetatik kanpo izaten ahal den beste ekarpenen bat lortzearen ondorioz.

Oinarriok arautzen dituzten diru-laguntzak aurrekontu erabilgarriaren araberakoak izanen dira. Balorazioaren ondorioz, 2012. urterako Burlatako Udalbatzak onetsitako aurrekontuen erabilgarritasuna nahikoa ez balitz, banaketa proportzionaleko sistema erabiliko da, indize zuzentzailea aplikatuz.

13. artikulua. Diru-laguntzen bateragarritasuna edo bateraezintasuna.

Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio, entitate edo pertsona batzuek xede bererako eskaintzen dituzten diru-laguntzekin.

Diru-laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen diru-laguntzaren xedea den jardueraren kostua baino handiagoa.

14. artikulua. Diru-laguntzak ordaintzea.

Diru-laguntzak ondokoari jarraiki ordainduko dira:

Behin diru-laguntzei dagokien ebazpena eman eta gero, eskatzaileei jakinarazi eta emandako diru-laguntzaren %70eko aurrerakina emanen zaie kontura.

Gainontzeko %30a entitate onuradunak diru-laguntza eskatzean ezartzen ziren baldintzak betetzen dituela justifikatzen denean emanen da, ondoko agiriok aurkeztuz:

a) Idatzia, udal erregistroan sartuta, diru-laguntzaren ordainketa eskatzeko. Hartan agertuko dira onuradunaren izena eta helbidea, haren I.F.Z. eta egoitza, eta bankuko kontu zenbakia, hura ordaindu ahal izateko.

b) Onuradunaren zinpeko aitorpena, justifikatzeko aurkeztu dituen fakturak diru-laguntza izandako jardueran aplikatu direla dioena.

c) Egindako jarduerari eta gastuei buruzko txosten zehatza, emaitzak zehazturik, deialdiaren ereduan jasota dagoenarekin bat.

d) Jarduerak sortutako diru sarreren eta gastuen gaineko balantzea, deialdiaren eranskinean jasota dagoenarekin bat.

e) Jardueraren ondorioz sorrarazitako gastuen frogagiri orijinalak (edo fotokopia konpultsatuak) emandako guztizko zenbatekora arte.

f) Diruz lagundutako jarduerarako editatu edo argitaratutako foileto, kartel, liburu, bideo, CD-Rom eta abar bakoitzaren ale bat.

Agiri horiek Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, deialdiaren iragarkian ezartzen den epean.

Jarduerak beste edozein entitate publiko edo pribatutako kofinantzazioa jaso badu (beste diru-laguntza edo baliabide batzuen bidez), emandako funtsa horien jatorria eta funtsa horiek diruz lagundutako jardueretara aplikatu direla ere egiaztatu beharko da (justifikazioaren zati bat izanen da).

Aurkeztutako justifikazio agiria guztiek diru-laguntzaren xede den ekitaldi ekonomikoaren data eraman beharko dute.

Aldez aurretik, Burlatako Udalak bere kabuz kitatu ahal izanen ditu diru-laguntzen onuradunengandik kobratzeke dituen zorrak, diru-laguntza horiek konpentsatuz zor dituzten kopuruekin.

Diru-laguntza justifikatzeko obligazioa ez bada betetzen edo behar gisa ez bada justifikatzen, emandako dirua (guztia edo hein batean) itzuli beharko da ez betetze mailaren eta eragin duten inguruabarren arabera.

15. artikulua. Diru-laguntzak emateko hitzarmena aldatzea.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan, beste administrazio edo entitate publiko edo pribatuek emaniko diru-laguntzak edo laguntzak batera eskuratzen badira, horien berri aldez aurretik jakinarazi gabe, aldatzen ahalko da diru-laguntza emateko ebazpena.

16. artikulua. Jasotako zenbatekoen itzulera.

Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorraren 22. artikuluak araututako kasuetan osorik edo partez itzuliko ditu onuradunak jasotako zenbatekoak, eta zilegi izanen da haiei berandutze-korrituak ere eskatzea, diru-laguntza noiz jaso eta hortik aitzina.

Onuradunak zenbat diru itzuli behar duen zehazteko, baldintzak noraino ez diren bete neurtuko da, eta irizpide horri erreparatuko zaio; nolanahi ere, proportzionaltasun-printzipioari jarraitu beharko zaio.

17. artikulua. Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, jakitera ematen dizugu euskararen erabilera sustatu, hedatu eta/edo normalizatzeko jarduerak egitea helburu duten diru-laguntzak emateko jasotako datuak Burlatako Udala jabe duen fitxategi automatizatu batean bildu ahal izanen direla. Halaber, jakitera ematen dizugu baduzula datu horiek eskuratu, aldatu, baliogabetu eta horien kontra egiteko eskubidea. Halako eskubidea gauzatzeko, Burlatako Udalaren Erregistro Orokorrera jo behar duzu (Larrañetako plaza, z.g.; 31600 Burlata).

18. artikulua. Diru-laguntzak arautzeko arauak.

Diru-laguntza deialdi honek men eginen die agiri honetan jasotako oinarriei, bertan aurreikusten den orori eta ondoko legeetan xedatutakoari:

a) Burlatako Udalaren diru-laguntzak arautzen dituen Ordenantza Orokorra.

b) Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa.

c) Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa.

d) Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa.

19. artikulua. Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio ebazpenen aurka, ondoko errekurtsoak aurkezten ahalko dira:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren egile den organoari zuzendua. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina hilabeteko epean.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Iragarkiaren kodea: L1210480

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa