(Edukira Joan)

Navarra vivienda

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Zaharberritzea

  • Partekatu
  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook


Zaharberritzeko obretan Eraikuntzaren Kode Teknikoko DB-SUA delakoa zorrotz aplikatu ordez aurreikusten diren aukerek, zer muga dute?

Eraikuntzaren Kode Teknikoko DB SUA delakoa (Erabileraren Segurtasunari eta Irisgarritasunari buruzko Oinarrizko Agiria) indarrean jarritakoan irisgarritasunaren arloko eskakizunak areagotu egin dira, ia bete ezinak diren baldintzak ezarri baitira lehendik dauden eraikinak zaharberritzen direnerako. Hala ere, irisgarritasuna hobetu nahian, ordezko soluzioak onartzen dira Eraikuntzaren Kode Teknikoa zorrotz aplikatzea ezinezkoa gertatzen denean.

Aplikaziorako irizpide orokor batzuk gehitu dira DB SUA agirian. Besteak beste hauxe diote: “Oinarrizko Agiri honetako baldintzak lehendik dauden eraikinetako obretan betetzea teknika edo diru aldetik bideraezina edo eraikinek duten babes mailarekin bateraezina izanez gero, ordezko soluzioak aplikatu ahal izanen dira, aipatu baldintzetara ahalik ongien egokituta.”

Obra bat teknika edo diru aldetik bideragarria den ala ez zehazterakoan, beti ibiliko dira lehian administrazio desberdinen irizpideak, edo administrazioen irizpideak batetik eta teknikari edo herritarrenak bestetik.

Era berean, gerta liteke araudira “ahalik ongien egokituta” ere, arauzko parametroetatik urrun gelditzea, hainbesteraino non, arauen ez betetze larriak edo ugariak, edo eraikineko erabiltzaileen segurtasunaren kalterako ondorioak ezin onartu, eta obrak bideraezintzat jo behar bailirateke. Kasu horietan ere eraikuntzako agenteen arteko desadostasunak edo elkarren kontrako iritziak ager daitezke. Beraz, arauak interpretatzeko irizpideak zehaztu beharra dago, profesional guztiek, bai proiektuen egileek eta baita proiektuak gainbegiratu behar dituzten Administrazioko teknikariek ere, behar adinako segurtasunarekin jardun ahal izan dezaten. 

A. Erabileraren Segurtasunari eta Irisgarritasunari buruzko Oinarrizko Agiriaren (DB SUA) aplikazioa

DB SUA agiria ez zaie aplikatuko bere aplikazio eremuan egiten diren zaharberritze obrei, baldin eta agiri horrek indarra hartu aurretik eskatu bada obra lizentzia edo zaharberritze babestuaren behin-behineko kalifikazioa.

Obra lizentzia edo behin-behineko kalifikazioa eskatu gabe duten espedienteetan ere ez da DB SUA agiria bete-betean aplikatuko, baldin eta agiri horrek indarra hartu baino lehen eskaera egin bada hirigintzako araudian aldaketa egin dadin, aurretiazko urrats gisa, oztopoak kentzeko obretarako lizentzia edo behin-behineko kalifikazioa eskatu ahal izateko. Kasu horietan DB SUA agiriaren determinazioetako batzuk betetzeko eskatuko da, hain zuzen ere tramitatzen ari den arau-aldaketarekin bateragarriak direnak. 

B. Teknika edo diru aldetik bideraezintzat jotzen diren obrak

1.- Igogailua jarriz eta ibilbideko eskailera mailak ezabatuz oztopoak kentzeko obrak, ezin badira egin lehendik dauden elementu komunetako espazio fisikoan, ezta kanpoko lurzatian ere, eta modu sinesgarrian jasorik badago lokal edo etxebizitza jaberen batek ez duela eman nahi bere jabegoaren zati bat, beharrezkoa litzatekeena obrak araudian eskatzen den moduan egin ahal izateko.

2.- Oztopoak kentzeko obrak, baldin eta DB SUA agiriaren determinazio guztiak betetzekotan ezinbestez utzi behar bazaio biziegokitasun baldintzaren bat betetzeari edo nahitaez bete beharreko beste arau batzuk betetzeari.

3.- Oztopoak kentzeko obrak, baldin eta, DB SUA agiriaren determinazio guztiak betetzekotan, obrak gauzatzeko aurrekontua %20 baino gehiago igo behar bada ordezko beste soluzio batzuen aldean, eta beste aukera horiek, irisgarritasun baldintzak nabarmen hobetzen dituztelako, Etxebizitza Departamentuak onargarritzat jotzen baditu, C ataleko irizpideak erabiliz. 

C. DB SUA agiriaren eskakizunen murrizketa onargarriak

Murrizketak onargarriak izanen dira, bakar-bakarrik, DB SUA agiriaren parametro guztiak betetzea teknika edo ekonomia aldetik bideraezina denean, B atalean azaldutako irizpideen arabera.

Halakoetan, DB SUA agiriaren parametro guztiak bete ezin izateak ez du esan nahi honako atal honetan aurreikusitakoak hautatzen ahal direla besterik gabe, muga-balioak baitira. Kasu bakoitzean DB SUA agiriaren determinazioetara ahalik gehien hurbiltzea eskatuko da. 

1. Eskailerak

Eskaileraren zabalera 90 cm-raino murriztea onartu ahalko da, lehendik dagoen eskailera estutzen denean igogailua ezarri ahal izateko, edo, helburu berarekin, lehendik dagoen eskailera eraitsi eta berria eraikitzen denean, bere oinplanoko azaleraren %60 baino gehiago lehengo eskailera-kaxaren barnean daukana.

2. Arrapalak

Zabalera
Arrapalen zabalera 100 cm-raino murriztea onartu ahal izanen da, baldin eta tarteko atsedenguneetan, baita arrapala zati bakoitzaren hasierako eta amaierako lauguneetan ere, 120 cm-ko diametroa duen zirkulu bat sartu ahal bada.

Maldak

Gehieneko malda %12 izanen da 3 metro arteko luzera duten tarteetan, %10 izanen da 3 metrotik 8ra bitarteko tarteetan, eta %8 izanen da 15 metro arteko luzera duten tarteetan.

Arrapala-buruak

120 cm-ko diametroa duen zirkulu bat barnean hartzeko adinakoak izanen dira.

3. Korridoreak

Korridoreen gutxieneko zabalera 100 cm izanen da, baina 80 cm-raino murriztu ahalko da, betiere estututako tarteak 50 cm-tik gorako luzera ez badu zirkulazioaren norabidean. Hamar metrotik gorako luzera duten korridoreen hondoetan edo izkinetan biratzeko espazioak 120 cm-ko zirkulu bat barnean hartzeko adinakoak izanen dira. 

4. Igogailuak

Behean zehazten den moduan igogailuaren baldintzak murriztu, eta hala ere ezinezkoa bada igogailurik ezartzea, prestazio urriagoak dituzten igogailuak instalatu ahalko dira, eta horrelakoetan ulertu beharko da oztopo fisikoak ez direla kendu, baina irisgarritasun baldintzak hobetu egin direla.

Kabina
Kabinaren barnealdeko neurriak murriztu ahal izanen dira: zabalera 90 cm-raino eta sakonera 120 cm-raino. (120 x 120 cm, angelua egiten duen aterik baldin badago)
70 cm-tik beherako zabalera eta 90 cm-tik beherako sakonera dituen igogailua jartzea ez da biziegokitasun baldintzen hobekuntzatzat joko.

Ateak
Igogailuko ateek 75 cm-ko zabalera librea izanen dute gutxienez.

Sarbideak
Igogailuko atearen aurrean 120 cm-ko diametroa duen zirkulu bat sartzeko adina leku egonen da.

Itzuli


Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa