(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

Parlamenturako hauteskundeak

Parlamentua edo legebiltzarra berrogeita hamar hautetsik osaturik dago, foru parlamentariek alegia. Parlamentuak Nafarroako herria ordezkatzen du.

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Foru Legeak ezarri zuen Nafarroako Parlamentua 1982an, Nafarroako Parlamentua edo Gorteak izenarekin, Nafarroako Erresuma Zaharreko Gorteak gogoan.

Nafarroako Parlamentuak hainbat arlori buruzko legeak egiten ditu, herritarren eguneroko bizimoduari eragiten dioten gai garrantzitsu askori buruzkoak barne: hezkuntza, osasuna, gizarte gaiak, etxebizitza, zergak, ingurumena, herri lanak, komunikazioak, kirola, gazteria, kultura, jarduera ekonomikoak, enplegua, etab.

 

Nola hautatzen da Nafarroako Parlamentua?

Nafarroako Parlamentua lau urterako hautatzen da boto-eskubidea izan, eta hautesle-erroldan behar bezala inskribaturik dauden 18 urtetik gorako nafar guztien bozketa unibertsal, libre, isilpeko eta zuzenaren bidez.

Legez eratutako alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteek beren hautagai-zerrendak aurkezten dituzte, hots, berrogeita hamar hautagairen zerrenda itxi eta blokeatuak, alderdi, federazio, koalizio edo elkartearen izenaren eta logotipoaren pean.

Hautesleek barruti bakarrean bozkatzen dute, eta barruti hori Foru Komunitatearen lurralde osoa da. Berrogeita hamar hautagaien izenak daude boto-txartel bakoitzean, eta hautesleak ezin du zerrenda horretan inolako aldaketarik egin, bestela bere botoa baliorik gabe geldituko baita.

Eserlekuak banatzeko, alderdi, koalizio edo hautesle-elkarte bakoitzak jasotako boto kopuruaren araberako sistema erabiltzen da, D'Hondt arauaren bidez zuzendua.

Hautagai bat foru parlamentari izanen da bere hautagai-zerrendak behar adina eserleku lortzen baditu eta bera zerrenda horretan behar bezain aurrean badago. Hautagai hautetsi batek ez badu bere parlamentari akta hartzen, zerrenda berean hurrena dagoen hautagaiari emanen zaio haren eserlekua.

Foru parlamentariek eskubidea eta betebeharra dute Parlamentuko osoko bilkuretan eta bakoitza kide den parlamentu-organoen bileretan parte hartzeko, hizpidearekin eta botoarekin. Nafarroako lurraldean foru parlamentariek immunitatea dute, delitu goria egiten dutenean izan ezik, eta ezin dituzte auzipetu beren karguan ari direla adierazitako iritziengatik.

   

Mahaia, parlamentu-taldeak eta eledunen batzarra

Hauteskundeen ondoren egiten den lehen bilkuran, Parlamentuak bere lehendakaria, bi lehendakariorde eta bi idazkari aukeratzen ditu. Horiek osatuko dute Parlamentuko Mahaia, parlamentarien barne-gobernuko organoa. Legebiltzarreko alderdi eta elkarteek parlamentu-taldeen bitartez bideratzen dute beren ekintza politikoa. Talde bakoitzak eledun bat izendatzen du eta eledun guztiek Eledunen Batzarra osatzen dute; Parlamentuko alderdi, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteen ekimenak eta jarduera politikoak organo horren bitartez bideratzen dira.

    

Nola hautatzen da Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria

Nafarroako Parlamentua eratu ondorengo lehen ekitaldi politiko garrantzitsuan Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria hautatzen da, hots, Foru Komunitatea ordezkatzen duen lehen instituzio politikoa. Honela funtzionatzen du:

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izateko hautagai bat proposatuko du, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi edo talde politikoek izendatutako eledunekin aldez aurretik kontsulta eginda.

Hautagaiak bere programa aurkeztuko dio Parlamentuari, eta lehenbiziko bozketan gehiengo osoa lortu beharko du hautatua izateko.

Halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orduren buruan bigarren bozketa eginen da, eta horretan hautagaiak gehiengo soila lortu beharko du.

Gehiengo hori ere lortzen ez bada, hautagaia arbuiatutzat hartu eta hurrenez hurreneko hautagai-proposamenak tramitatuko dira prozedura beraren bidez.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egiten direnetik hiru hilabete iragan eta hautagairik hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta berehala hauteskundeak deituko dira.

Parlamenturako hauteskundeak hurrengo legeek araututa datoz:

  • 16/1986 Foru Legea, azaroaren 17koa, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituena 
  • 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa (29. eta 30. artikuluak)
  • Nafarroako Gobernua

    Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa