(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

NAFARROAKO PARLAMENTUA Erregelamenduaren


 

(2011ko 190. NAOn argitaratutako testua, irailaren 26an)

Atarikoa

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, 2011ko irailaren 12an egindako bilkuran, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, hurrengo erabakia hartu zuen, besteak beste:

Ikusirik Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoek eginiko Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bateginaren proposamena eta Legelari Nagusiak prestaturiko txostena, eta Osoko Bilkurak 2011ko martxoaren 24an onetsitako Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren Aldaketaren azken xedapen bakarraren 2. idatz-zatiarekin bat, hona erabakia:

Lehena

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bategina onestea. Testu hori erabaki honi erantsirik dago.

Bigarrena

Erabaki honek eta Erregelamenduaren testu bateginak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere argitaratuko dira.

I. TITULUA. NAFARROAKO PARLAMENTUAREN OSAKETA

1. artikulua

1. Foru parlamentari hautetsiek beren izaera egiaztatuko dute hauteskunde organo eskudunak egindako egiaztagiria Parlamentuko Idazkaritza Nagusian utziz. Egintza berean, erregelamendu honetako 24. artikuluan aipatzen diren jarduera- eta ondasun-adierazpenak beteko dituzte, eta norberaren datuak, jaioteguna, ohiko helbidea eta jakinarazpen ofizialetarako ematen duten helbidea jasotzen dituen agiria ere bai.

2. Foru parlamentariek egintza horretan nortasun txartel bat hartuko dute, Parlamentuko idazkari nagusiak izenpetua.

2. artikulua

Foru parlamentari hautetsiak Parlamentuko Osoko Bilkuren aretoan bilduko dira Legebiltzarraren eratze bilkura egiteko, hauteskundeetarako deialdiak aipatzen dituen egun eta orduan edo, halakorik ezean, hauteskunde organo eskudunak foru parlamentariak aldarrikatu eta hirugarren larunbateko goizeko hamaiketan.

3. artikulua

Eratze bilkurak, hasieran, bertaratutako parlamentari hautetsietan zaharrena izanen du lehendakari; idazkari lanetan bi gazteenek lagunduko diote. Horiek denek Adineko Mahaia osatuko dute, Parlamentuko Mahaia hautatu arte aritzeko.

4. artikulua

Lehendakariak bilkurari hasiera eman zaiola adieraziko du, eta xedatuko du legelari nagusiak edo hori ordezten duenak irakur ditzala deialdiari buruzko foru dekretua, foru parlamentari hautetsien zerrenda, ebazteke dauden hauteskunde-auzietako errekurtsoak, bai eta horien ebazpenak uki ditzakeen foru parlamentarien izenak ere.

5. artikulua

Adineko Mahaiko lehendakariak zin egin edo aginduko du foru araubidea beti errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men egin diela eta bere karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko dituela, eta hori bera egin dezatela eskatuko die idazkariei eta, gero, gainerako parlamentari hautetsiei. Horretarako, alfabetoaren hurrenkeran dei eginen zaie.

6. artikulua

1. Horren ondotik, Parlamentuko Mahaiko kideak hautatuko dira: lehendakaria, bi lehendakariorde eta bi idazkari.

2. Baldin eta mahaikideak hautatzen badira foru parlamentariren baten hautapen edo aldarrikapenaren kontra inpugnazioren bat irmoki ebazteke dagoelarik, Mahaia behin-behinekoa izanen da.

Inpugnaziorik ez badago edo izan direnak ebatzi eta ezetsi badira, Mahaia behin betikoa izanen da.

3. Inpugnazioaren ondorioz, ordea, hasieran aldarrikatu ez den pertsona batek lortzen badu foru parlamentari kargua, hark mahaikideak berriz hauta daitezela eskatu ahalko du, Nafarroako Parlamentuko kide hautetsia dela aitortzen dion ebazpena irmoa izan eta hamar eguneko epean.

Eskabide hori behar den epean eta forman aurkeztuz gero, lehendakariak behar diren neurriak hartuko ditu Mahaia Osoko Bilkura batean berriz hautatzeko, eskabidea aurkeztu eta hamar egun balioduneko epean.

4. Aurreko idatz-zatian aipatzen den epean mahaikideak berriz hautatzeko eskabiderik aurkeztu ez bada, Mahaia behin betikoa izanen da.

7. artikulua

Bateraezinak dira Parlamentuko mahaikide kargua eta Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioko lehendakari edo kontseilari kargua.

8. artikulua

1. Lehenbizi, lehendakaria hautatuko da.

2. Lehendakaria hautatu baino lehen bilkura eten eginen da. Etenaldian, foru parlamentariek hautagaiak aurkeztu ahalko dituzte, Adineko Mahaiari zuzendutako idazkiaren bidez.

3. Bilkurari berriz ekinda, Adineko Mahaiko lehendakariak hautagaiak aldarrikatuko ditu, eta adieraziko du zer foru parlamentarik aurkeztu dituzten.

4. Lehendakaria txartel bidezko bozketa isilpekoaren bitartez hautatuko da. Foru parlamentari bakoitzak, aldarrikatutako hautagaietako bakar baten izena soilik idatzi ahalko du boto-txartelean. Zuriz emandakoek ere balioko dute. Gainontzekoak baliogabeak izanen dira.

5. Foru parlamentariei Mahaira dei eginen zaie izena esanez, alfabetoaren hurrenkeran, eta boto-txartela lehendakariari emanen diote. Lehendakariak hautestontzian sartuko du boto-txartela. Azkenik, Adineko Mahaiko kideek bozkatuko dute eta, horien ondotik, lehendakariak, eta orduantxe amaituko da bozketa. Jarraian botoak zenbatuko dira. Horretarako, lehendakariak txartelak hautestontzitik aterako ditu eta idazkari batek ozenki irakurriko ditu.

6. Botoak zenbatzen amaituta, lehendakariak emaitzaren berri emanen die foru parlamentariei.

7. Foru parlamentari hautetsien gehiengo osoaren botoak jasotzen dituen hautagaia izanen da lehendakari.

8. Lehenengo bozketan gehiengo hori lortzen ez bada, beste bat eginen da. Bigarren bozketan, lehenengoan boto gehien lortu duten biak soilik izan ahalko dira hautagai. Bozketa horretan, boto gehien zer hautagaik lortzen duen, hura izanen da lehendakari.

9. Bigarren bozketan berdinketarik gertatuz gero, hirugarrena eginen da berdindurik dauden hautagaien artean. Bozketa horretan, boto gehien zer hautagaik lortzen duen, hura izanen da lehendakari.

10. Hirugarren bozketan berdinketak bere horretan badirau, hautagairik zaharrenaren alde eginen da, eta hura aldarrikatuko da lehendakari.

9. artikulua

1. Lehendakari hautetsia aldarrikaturik, bi lehendakariordeak batera hautatuko dira.

2. Hautaketa horri aplikatuko zaio aurreko artikuluko 2tik 6ra bitarteko idatz-zatietan -biak barne- ezarritakoa.

3. Boto gehien eskuratzen duten bi hautagaiak izanen dira lehen eta bigarren lehendakariordeak, hurrenez hurren.

4. Berdinketarik gertatuz gero, hautagairik zaharrenaren alde eginen da.

10. artikulua

1. Bi idazkariak lehendakariordeak hautatu diren bezala hautatuko dira, aurreko artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2. Berdinketarik gertatuz gero, hautagairik gazteenaren alde joko da.

11. artikulua

Idazkariak hautatzen amaituta, Adineko Mahaiko lehendakariak batera aldarrikatuko ditu mahaikide hautetsi guztiak, nork bere eserlekua hartuko du eta, hori egitean, karguaren jabetza hartuko dute. Ondoren, lehendakariak Nafarroako Parlamentua eraturik dagoela aldarrikatuko du eta bukatutzat emanen du bilkura.

12. artikulua

Parlamentuko lehendakariak Erregeari, Nazioko Gobernuko lehendakariari, Foru Diputazioko lehendakariari eta Diputatuen Kongresuko eta Senatuko lehendakariei jakinaraziko die Parlamentua eratu dela.

II. TITULUA. FORU PARLAMENTARIAK

I. KAPITULUA. Foru parlamentarien eskubideak

13. artikulua

1. Foru parlamentariek eskubidea dute Osoko Bilkuretara eta izendatuak izan diren batzordeen bilkuretara joateko, eta haietan eskubidea izanen dute hitz egiteko eta botoa emateko. Nafarroako Parlamentuko gainerako batzorde arrunten bilkuretara ere joan daitezke, baina ez dute haietan hitz egiteko eta botoa emateko eskubiderik izanen.

2. Foru parlamentariek eskubidea dute gutxienez ere batzorde arrunt bateko kide izateko eta beren karguari dagozkion eskumen, abantaila eta eginkizunetan jarduteko, erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat.

14. artikulua

1. Foru parlamentariek eskubidea dute lanean jarduteko behar duten laguntza zuzenean edo beren parlamentu-taldearen bidez jasotzeko. Legebiltzarreko Zerbitzu Orokorrek emanen diete, bereziki, argibideei eta dokumentazioari buruzko laguntza.

2. Beren eginkizunak hobeki betetzeko, foru parlamentariek zilegi izanen dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta bere erakunde publiko, sozietate publiko eta fundazio publikoei eskatzeko administrazio eta ente horiek eginiko jarduketen ondorio diren datu, txosten edo administrazio-dokumentuak, baldin eta horiek ezagutzearekin urratzen ez badira datu pertsonalak babeste aldera legez ezarritako bermeak. Dokumentazioaren kantitatea dela-eta zaila bada dokumentazio horren kopia bidaltzea, administrazio-organo eskudunak foru parlamentariaren eskueran ipiniko du eskatu den dokumentazioa, egoki deritzen oharrak idatz ditzan.

3. Betiere, horretarako eskaera Parlamentuko lehendakariaren bitartez helaraziko da, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa behartuta egonen da eskaturiko dokumentazioa hogei eguneko epean eskueran ipintzera. Kontrako kasuan, aipaturiko administrazioak Parlamentuko lehendakariari jakinarazi beharko dizkio, hark eskatzaileari helaraz diezazkion, eskaera betetzea eragozten duten arrazoiak, zeinek zuzenbidean oinarrituta egon beharko baitute. Baldin eta publikoaren eskueran dauden iturri ofizialetan dauden datu, txosten edo dokumentuak eskatzen badira, Administrazioak zilegi izanen du haiek zer toki zehatzetan eskueran dauden adieraztera mugatzea, betiere eskatutakoak kopiatu ahal badira.

4. Foru parlamentariak eskatu ahalko du, halaber, Legebiltzarreko lehendakariaren bitartez eta taldeko eleduna aldez aurretik jakinaren gainean egonda, Estatuko Administrazioko agintari, organismo eta erakundeetako informazioa. Nafarroako toki entitateetako informazioa ere eskatu ahalko du.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere aurrekontu-kudeaketako sistemarako sarbide informatikoa emanen die foru parlamentariei, zehaztuko diren baldintzetan eta sistemaren segurtasunerako beharrezkoak diren bermeekin betiere.

6. Foru parlamentariek eskubidea dute Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen erregistroan sartu eta hura kontsultatzeko, jarduera-aitorpenen zatiari dagokionez betiere. Horretarako eskaera Parlamentuko lehendakariaren bitartez helaraziko zaio Foru Komunitateko Administrazioko organo eskudunari, eta gehienez ere bost eguneko epean onartu beharko da.

15. artikulua

1. Foru parlamentariek diru kopuru bat jasoko dute, bai eta laguntzak eta gastuen ordainak ere, beren eginkizuna eraginkortasunez eta duintasunez bete ahal izateko.

Diru kopuru hori jasotzeko hiru aukera daude, eta foru parlamentari bakoitzak ordainsari-mota horietako baten alde egin beharko du, parlamentari-agiria eskuratu eta ondoko hogei eguneko epean. Eginiko aukera aldatu ahalko du hiruhileko bakoitzeko azken hamabost egun naturaletan, salbu eta Parlamenturako hauteskundeak egiten diren urtean. Nolanahi ere, ezin izanen da bi aldiz baino gehiago aldatu legegintzaldi batean zehar.

Salbuespen gisa, eta interesdunak arrazoiak azalduz eskaera egin ondoren, Mahaiak zilegi izanen du aldaketa onartzea gorago adierazitako mugei lotu gabe.

Honakoak dira aukerak:

a) Aldizkako ordainsari finkoa, lanaldi osoko araubidearekin. Ordainsari-mota hori aukeratuz gero, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi karguentzat ezarritako bateraezintasun ekonomikoen araubidea aplikatuko zaie foru parlamentariei.

b) Aldizkako ordainsari finkoa, lanaldi osoko araubiderik gabe. Ordainsari-mota hori aukeratuz gero, funtzionario publikoentzat ezarritako ordainsari-bateraezintasunen araubidea aplikatuko zaie foru parlamentariei.

c) Bertaratzearen araberako ordainsaria; alegia, deitzen zaien parlamentu-ekitaldietara bertaratzearen truke dieta bat jasotzea.

Aurreko a) eta b) letretan aipatutako ordainsariak bateraezinak dira edozein erretiro-pentsio publiko jasotzearekin.

Foru parlamentariek ordainsaria jasotzeko eskubidea izanen dute hurrengo Legebiltzarra eratu arte.

2. Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, ordainsari-mota bakoitzaren eta gastuei aurre egiteko bidezko diren laguntzen eta ordainen zenbatekoak zehaztu eta kasuan kasuko aurrekontuen barrenean sartuko ditu, eta aipaturiko organoetako kide direnenak bereiziko ditu. Halaber, ordainsari horien araubide juridikoa zehaztuko du. Ordainsariak jasotzeko baldintzen artean ezarri beharko da erregelamendu honetako 21. artikuluan aipaturiko bertaratze-betebeharra.

3. Foru parlamentariek jasotzen dituzten ordainsari guztiak tributu arloko araudi indardunari lotuta egonen dira.

4. Urtero, urtarrilean, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira foru parlamentari guztiek aurreko urtean jasotako ordainsariak, edozein dela ere aukeratu duten ordainsari-mota.

16. artikulua

Parlamentuko lehendakariak jaun edo andre txit garaiaren tratamendua izanen du, eta foru parlamentariek, berriz, jaun edo andre txit argiarena.

17. artikulua

1. Aldizkako ordainsari finkoak jasotzen dituzten foru parlamentariei dagozkien Gizarte Segurantzarako kotizazioak ordainduko dira Parlamentuaren aurrekontuaren kargu.

2. Nafarroako Parlamentuak Gizarte Segurantzako erakunde kudeatzaileekin izenpe ditzake aurreko idatz-zatian ezarritakoa betetzeko behar diren itunak, baita Gizarte Segurantzan lehendik sarturik ez zeuden foru parlamentariak behar den araubidean afiliatzeko ere.

3. Lanaldi osoko araubidean sartzen diren eta, beren lanbidearengatik, Gizarte Segurantzaz bestelako aurreikuspen sozialeko sistema batekoak diren foru parlamentariek zilegi izanen dute sistema horretan segitzeko erabakia hartzea; kasu horretan, Parlamentuak kasuan kasuko mutualitate-kotizazioak ordainduko dizkie.

II. KAPITULUA. Foru parlamentarien abantailak

18. artikulua

Foru parlamentariak, baita agintaldia bukatu eta gero ere, ukiezinak izanen dira Parlamentuko egintzetan adierazitako iritziei eta beren karguan jardutean emandako botoei dagokienez.

19. artikulua

Foru parlamentariek immunitatea izanen dute, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 14. artikuluan ezarritako moduan.

20. artikulua

Parlamentuko lehendakariak berehala hartuko ditu Legebiltzarraren eta haren kideen eskubide eta abantailak zaintzeko egokitzat jotzen dituen neurri guztiak baldin eta foru parlamentari bat atxiki edo atxilotu izanaren berri badu edo eginkizun parlamentarioa betetzea eragozten dioten beste edozein epaile- edo gobernu-jarduketaren berri badu.

III. KAPITULUA. Foru parlamentarien eginbeharrak

21. artikulua

Foru parlamentariek Osoko Bilkuretara eta kide diren batzordeen bilkuretara joateko eta beren karguari dagozkion eginbeharrak zintzoki betetzeko beharra dute, betiere erregelamendu honetan ezarritakoari lotuz.

22. artikulua

Foru parlamentariak behartuak daude Parlamentuko ordena, gizalegea eta diziplina errespetatzera eta jarduketa nahiz ebazpen guztien sekretua gordetzera, baldin eta erregelamendu honetan ezarritakoaren arabera espresuki isilpekotzat jotzen badira.

23. artikulua

Foru parlamentariek ezin izanen dute aipatu edo baliatu beren foru parlamentari izaera merkataritza, industria edo lanbide jardueretan aritzeko. Eta Nafarroako Gobernuko kideak lotzen dituzten printzipio etiko eta jokabidezko berei lotuta egonen dira.

24. artikulua

1. Foru parlamentariak behartuak daude aitorpen-agiri hauek betetzera foru parlamentari izaera osoa eskuratzeko:

a) Jarduerei buruzko aitorpen-agiria.

b) Ondare-ondasunei buruzko aitorpen-agiria.

2. Jarduerei buruzko aitorpenak bilduko ditu aitortzaileak diharduen edozein jarduera -baldin eta, legeria indardunarekin bat, bateraezintasun zioa izan badaiteke- eta, orokorrean, dirusarrerak ekartzen dituzten edo ekar ditzaketen jarduerak.

3. Ondare-ondasunei buruzko aitorpenak bilduko du aitortzailearen edozein motatako ondasun higigarri eta higiezin, eta zehatz-mehatz adieraziko ditu edozein sozietatetan duen partaidetzaren araubidea eta norainokoa eta dauzkan gordailu nahiz ordezkatze-baloreak.

4. Foru parlamentari izaera osoki eskuratzeko, hasieran aurkeztu beharko dira aitorpen-agiri horiek, eta Legebiltzarreko Mahaiak onesten duen ereduaren arabera beteko dira, zein bere aldetik bete ere.

5. Jarduerei eta ondasunei buruzko aitorpenak Interes Erregistroan jasoko dira. Erregistro hori lehendakaria zuzenean buru duela eta legelari nagusiak zaindurik osatuko da Legebiltzarrean. Erregistroaren edukia publikoa izanen da, ondare-ondasunei buruzkoa salbu, Legebiltzarreko Mahaiaren esku soilik egonen baita.

6. Halaber, urte natural bakoitzean, lehen seihilekoan, foru parlamentariek jarduerei eta ondasunei buruzko beste aitorpen bat egin beharko dute. Aitortutako datuetan aldaketarik egon ez bada, aitorpen horren ordez aurreko aitorpenak berresten dituen aitorpen soila aurkez daiteke.

7. Orobat, foru parlamentari izaera galdu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko dituzte aitorpen horiek foru parlamentariek.

8. Foru parlamentariek ikerketa batzordeen esku utzi beharko dituzte pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarako eta ondarearen gaineko zergarako egin dituzten aitorpenen kopia kautotuak, baldin eta ikerketa batzordeek aitorpen horiek behar badituzte.

25. artikulua

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 15. artikuluan aipatzen den foru legeak bateraezintasunei buruz ezartzen dituen arauak bete behar dituzte foru parlamentariek. Mahaiak Osoko Bilkurara eramanen ditu foru parlamentari bakoitzaren bateragarritasun edo bateraezintasun egoerari buruzko kasuan kasuko proposamenak, foru parlamentariari entzun ondoren. Bateraezintasuna aldarrikatu eta interesdunari jakinarazi ondotik, foru parlamentariak sei egun balioduneko epea izanen du gehienez ere, Legebiltzarreko eserlekuaren eta horrekin bateraezina den karguaren artean aukeratzeko. Zein aukeratu duen Mahaiari jakinarazten ez badio, ulertuko da foru parlamentariak uko egin diola Nafarroako Parlamentuko eserlekuari.

IV. KAPITULUA. Foru parlamentari izaera eskuratu, eten eta galtzea

26. artikulua

1. Foru parlamentari izaera foru parlamentaria hautetsia dela aldarrikatzen den unean berean eskuratzen da.

2. Foru parlamentari hautetsiek betebehar hauek guztiak betetzen dituztenean lortuko dituzte beren eskubide eta abantaila osoak:

a) Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusian hauteskunde organo eskudunak emandako egiaztagiria aurkeztea.

b) 24. artikuluan aipatzen diren jarduerei eta ondasunei buruzko aitorpen-agiriak betetzea.

c) 5. artikuluan aipaturiko hitz-emate edo zin-egitea gauzatzea.

3. Legebiltzarraren eratze bilkuran hitz ematen edo zin egiten ez duten foru parlamentari hautetsiek Legebiltzarreko Mahaiaren aurrean egin beharko dute, geroago, hark ezartzen duen egun eta orduan.

27. artikulua

Foru parlamentariaren eskubide eta eginbehar parlamentarioak etenik geldituko dira ondoko kasuetan:

1. Lehendakariak, Mahaiak edo Osoko Bilkurak, erregelamendu honetan ezarritako ordena eta diziplina parlamentarioko arauekin bat, etetea erabakitzen dutenean.

2. Kondena-epai irmo batek etetea dakarrenean edo hura betetzeak eginkizun parlamentarioetan jardutea ezinezkoa egiten duenean.

3. Prozesatzeko autoa, edo prozedura legeen arabera horren baliokidea den egintza, irmoa izan eta behin-behineko presoaldian dagoenean eta horrek dirauen bitartean.

28. artikulua

Foru parlamentariak bere izaera galduko du ondoko kasuetan:

1. Epailearen erabaki irmo baten bidez hautaketa edo aldarrikapena baliogabetuz gero.

2. Epailearen erabaki irmo baten bidez kargu publikorako desgaitze osoko edo bereziko zigorrera kondenatuz gero.

3. Hiltzen bada edo epailearen erabaki irmo baten bidez haren ezintasuna deklaratzen bada.

4. Agintaldia bukatuz gero, epea bete delako; hori ez da eragozpen izanen legebiltzar berria osatu arte Batzorde Iraunkorreko kide titular zein ordezkoen eginkizunak luzatzeko.

5. Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren aurrean uko eginez gero.

III. TITULUA. PARLAMENTU-TALDEAK

29. artikulua

1. Beharrezkoa da gutxienez ere hiru foru parlamentari biltzea parlamentu-talde bat eratzeko.

2. Foru parlamentariak ezin izanen dira inola ere parlamentu-talde bat baino gehiagotako kide izan.

3. Alderdi politiko, hauteskunde elkargo edo koalizio batek ere ezin izanen du parlamentu-talde bat baino gehiago eratu.

Hautagai-zerrenda berean hautaturiko foru parlamentariek ezin dute inolako kasutan parlamentu-talde bereizirik eratu edo eratzen lagundu. Halaber, hauteskunde garaia denean aurretik inolako hauteskundetan parte hartu ez duten alderdi politikoetakoak diren foru parlamentariek ere ezin izanen dute parlamentu-talde bereizirik eratu.

4. Parlamentu-taldeek Legebiltzarrak egiten dituen bilkuretan beren kideren baten bidez ordezkatuak egoteko eskubidea eta betebeharra dute, erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat.

30. artikulua

Parlamentu-talde bat eratzea erabaki duten foru parlamentariek taldearen eraketaren akta igorriko dute Mahaira, Legebiltzarraren eratze bilkura egin eta gehienez ere bost egun balioduneko epean. Kide guztiek izenpetu beharko dute akta hori, eta bertan jasoko dira haien izen-deiturak, taldearen izena, eledunaren izen-deiturak eta eledunaren ordez arituko direnenak.

31. artikulua

1. Honakoak hartuko dira atxiki gabeko parlamentaritzat:

a) Aurreko artikuluetan ezarritakoaren arabera, hauteskundeetara aurkeztu ziren hauteskunde-zerrendako alderdi politiko, hauteskunde elkargo edo koalizioari dagokion parlamentu-taldean sartzen ez diren foru parlamentariak.

b) Kide diren parlamentu-taldetik joaten diren edo hartatik kanporatuak diren foru parlamentariak. Bi inguruabar horiek Parlamentuko Mahaiari jakinarazi beharko zaizkio, ezagut ditzan eta behar diren eraginak izan ditzaten.

2. Atxiki gabeko parlamentariek legegintzaldi osoan eutsiko diote izaera horri, salbu eta hauteskundeetara aurkeztu ziren hautagai-zerrendako alderdi politikoari dagokion parlamentu-taldera berriz sartzen badira, betiere haren eledunak berariaz horretarako baimena eman ondoren.

3. Parlamentari ez atxikiaren izaerak berarekin ekarriko du parlamentu-organoetan jatorrizko parlamentu-taldeak proposatuta betetzen diren karguak eta postuak galtzea.

4. Atxiki gabeko parlamentariek izanen dituzte foru parlamentariei banaka erregelamendu bidez aitortutako eskubide berak. Mahaiari egokituko zaio, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eskubide horietaz baliatzearekin zerikusia duten gai guztiak ebaztea.

5. Atxiki gabeko parlamentari bakoitzak eskubidea izanen du batzorde bateko kidea izateko. Batzorde hori zein den Parlamentuko Mahaiak zehaztuko du, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren.

6. Legebiltzarreko Mahaiak egokitzat jotzen dituen bitarteko materialak emanen dizkie atxiki gabeko parlamentariei, beren eginkizunak bete ditzaten, eta soilik 15. artikuluan aurreikusitako sari ekonomikoak egokituko zaizkie.

32. artikulua

1. Foru parlamentari izaera Nafarroako Parlamentuaren eratze bilkuraren ondoren lortzen duten foru parlamentariek hauteskundeetara aurkeztu ziren hauteskunde-zerrendaren taldeari atxiki beharko zaizkio izaera lortu eta bost eguneko epean, Legebiltzarreko Mahaiari egindako idatzi baten bidez. Idatzi horretan jasota geratu beharko da taldeko eledunaren oniritzia. Hauteskunde-zerrenda horretako kideek ezin badute talde berekirik sortu, Askotariko taldean sartuko dira.

2. Dagokien taldean sartzen ez diren parlamentariak atxiki gabeko parlamentaritzat hartuko dira.

33. artikulua

1. Askotarikoa ez beste parlamentu-talde bat osatu eta gero, talde hori bi kide baino gutxiagorekin gelditzen bada, taldea automatikoki deseginen da, eta haren kideak Askotariko taldeko kide izatera pasatuko dira automatikoki.

2. Taldea eratu eta gero kide bat aldi baterako galtzeagatik bi parlamentari baino gutxiagorekin gelditzen diren parlamentu-taldeek parlamentu-talde moduan iraunen dute, foru parlamentari berriak bere kargua hartu eta bost egun pasatu arte.

Bost egun pasatuta, foru parlamentaria talde izaten jarraitu duen parlamentu-taldean sartzen ez bada, taldea desegin eginen da eta haren kideak Askotariko taldea osatzera pasatuko dira automatikoki.

34. artikulua

1. Aurreko artikuluan aipatzen diren parlamentariez gainera, Askotariko taldea osatuko dute beren parlamentu-taldea eratzeko 29.1 artikuluan exijitutako gutxieneko parlamentari kopurura iristen ez diren alderdi politiko, hauteskunde elkargo edo koalizioetako foru parlamentariek.

2. Askotariko taldeko kideen mintzaldiek, eztabaidetan, parlamentu-talde batenak adina iraunen dute guztira.

3. Osoko Bilkuretan eta batzordeetan, Askotariko taldeko kideen mintzaldiak zati berdinetan banatuko dira mintzatzea eskatu dutenen artean, eta elkarri utzi ahalko diote mintzatzeko denbora.

4. Askotariko taldeko parlamentariei batzordeetan dagozkien eserleku guztiak haien artean berdinki banatuko dira. Horretarako, taldeak proposamen bat aurkeztu ahalko dio Mahaiari, taldeko kide guztiek sinaturik, adostasunaren erakusgarri.

Proposamenik ezean, Legebiltzarreko Mahaiak erabakiko du eserlekuen banaketa, taldeko kideei entzun ondoren.

5. Batzordeen bilkuretan, Askotariko taldeko parlamentariek elkar ordez dezakete, batzordeko Mahaiari igorritako idazkiaren bidez, titularrak eta ordezkoak izenpeturik, adostasunaren frogagarri.

6. Ulertuko da edozein ekimen parlamentario Askotariko taldeko kide guztiak ados jarrita egin dela, haren eledunak espresuki hala adierazten duenean.

7. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa ez da eragozpen izanen Askotariko taldeko kideek, nork bere sinadura soilarekin eta bere izenean, edozein ekimen parlamentario abiatzeko.

35. artikulua

1. Parlamentuak, parlamentu-taldeek beren eginkizunak bete ahal ditzaten, toki eta baliabide aski jarriko ditu haien esku. Hartara, dirulaguntza finko bat emanen die Parlamentuaren aurrekontuaren kargura, berdina guztientzat, eta beste bat, aldakorra, talde bakoitzak duen parlamentari kopuruaren araberakoa.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa gorabehera, parlamentu-taldeak osatu eta gero, Askotariko taldean legegintzaldian zehar sartzen diren foru parlamentarientzako dirulaguntzen zenbatekoak aurreko idatz-zatian aipatzen den parte aldakorra hartuko du bakar-bakarrik.

3. Legebiltzarreko Mahaiak ezarriko ditu, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, diru kopuru horren zenbatekoa, mota eta hori jasotzeko betebeharrak. Erregelamendu honetako 29.4 artikuluan ezartzen den bilkuretara joan beharra izanen da betebehar horietako bat.

4. Parlamentu-taldeek autonomia izanen dute beren antolamendua eta barne jarduketa ezartzeko.

IV. TITULUA. NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ANTOLAMENDUA

I. KAPITULUA. Mahaia

1. atala. Mahaiaren eskumenak eta jarduera

36. artikulua

Mahaia Legebiltzarra zuzentzen duen organoa da, Parlamentuko lehendakariaren agintaritzaren eta zuzendaritzaren menpe dihardu eta Parlamentuaren ordezkaritza kolegiatua dauka, parte hartzen duen ekitaldietan.

37. artikulua

1. Mahaiari eginkizun hauek dagozkio:

Lehenengoa. Legebiltzarreko lanaren antolamenduak eta barne araubide eta gobernuak behar dituzten erabaki eta neurriak hartzea.

Bigarrena. Legebiltzarrak hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea.

Hirugarrena. Legebiltzarreko aurrekontuari buruzko aurreproiektua onestea.

Laugarrena. Legebiltzarreko aurrekontuaren betetzea zuzendu eta kontrolatzea.

Bosgarrena. Legebiltzarraren gastuak antolatzea; hori ez da eragozpen izanen eskuordetzeak egiteko.

Seigarrena. Izaera parlamentarioko idatzi eta agiriak erregelamendu honen arabera eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren kalifikatzea eta horiek onartzekoak diren ala ez deklaratzea.

Zazpigarrena. Erabakitzea, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, izaera parlamentarioko idatzi eta agiri guztiak erregelamendu honetan ezarritako arauei jarraituz izapidetzea, eta ezartzea, izapidetzea erabakiz gero, zer batzorde den eskuduna gaiaz arduratzeko.

Zortzigarrena. Eledunen Batzarrari entzun ondoren, bilkuraldi bakoitzerako batzordeen eta Osoko Bilkuraren jardueren egutegia ezartzea.

Bederatzigarrena. Eledunen Batzarraren boto loteslearekin bat, arau bereziak ematea, ez baitira erregelamendu honetan jasotzen, beren izaerak hala eskatzen duten gaiak eztabaidatzeko.

Hamargarrena. Erregelamendu honek ematen dion beste edozein eginkizun eta, era berean, organo berezi bati esleiturik ez daudenak.

2. Parlamentu-talde bat edo foru parlamentariren bat ados ez badago Mahaiak aurreko idatz-zatian adierazitako seigarren eta zazpigarren eginkizunetan jardutean hartutako erabakiarekin, errekurtsoa aurkeztu ahalko dio Eledunen Batzarrari, erabakia jakinarazi edo argitaratu ondorengo bost eguneko epean. Hark behin betikoz erabakiko du, ebazpen arrazoituaren bidez.

3. Mahaiak 1. idatz-zatiko lehenengo. eta bosgarren eginkizunak erregelamendu bidez esleitu ahalko dizkie Nafarroako Parlamentuko Administrazioko beste organo batzuei.

38. artikulua

1. Lehendakariak deituko ditu Mahaiaren bilkurak, berak hala erabakita edo gutxienez ere bi mahaikidek hala eskatuta. Eskabide horrek, betiere, gai zerrenda eduki beharko du. Eskabideak betebehar hori betetzen badu, lehendakariak bilkurara dei eginen du, proposatutako gai zerrendarekin bat. Gehienez ere hamar egun balioduneko epean eginen da.

2. Parlamentuko legelari nagusiak edo horren ordezko legelariak emanen dizkio aholkuak Mahaiari. Hark eginen du bilkuren akta eta zainduko du, lehendakariak zuzenduta, erabakiak betetzen direla.

2. atala. Mahaikideak

39. artikulua

1. Osoko Bilkurak hautatuko ditu mahaikideak, Parlamentuaren eratze bilkuran, erregelamendu honetako I. tituluan ezarritakoarekin bat.

2. Osoko Bilkurak hautatuta beteko dira Mahaian legegintzaldian zehar hutsik gelditzen diren postuak, lehendakariari haiek jakinarazi eta hamabost eguneko epean eta erregelamendu honetako I. tituluan ezarritako moduan, zeina bete beharreko postu hutsen errealitatera egokituko baita.

3. Legebiltzarreko lehendakariak eta gainerako mahaikideek izaera hori galduko dute:

a) Foru parlamentari izaera galduz gero.

b) Karguari uko eginez gero.

c) Osoko Bilkurak kideen hiru bosteneko gehiengoaren bidez erabakiz gero kargua utzaraztea edo kargutik kentzea.

d) Bere parlamentu-taldeko kide izatetik geldituz gero.

4. Aurreko idatz-zatiko c) letran ezarritakoaren ondorioetarako, ondoko prozedurari jarraituko zaio:

a) Gutxienez ere Parlamentuko kideen hiru bostenek edo kopuru hori biltzen duten parlamentu-taldeek proposatu beharko dute kargu-uztea.

b) Proposamen hori aurkeztu eta zazpi eguneko epean, Parlamentuko lehendakariak, Legebiltzarreko Mahaiarekin bat eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren, kargu-uzteari buruz erabakitzeko Osoko Bilkurara dei eginen du. Bilkura hamar eguneko epean egin beharko da gehienez ere.

c) Kargu-uzteko proposamena onesten ez bada, proposamena sinatu dutenek ezin izanen dute beste bat aurkeztu bilkuraldi berean.

d) Kargu-uzteko proposamena onesten bada, bete gabeko kargua edo karguak hautatuko da edo dira bilkura berean, erregelamendu honetako I. tituluan ezarritakoarekin bat.

40. artikulua

1. Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarraren ordezkaritza dauka, lanak koordinatzen ditu, ongi doazela segurtatzen, eztabaidak zuzentzen eta horietako ordena gordetzen.

2. Lehendakariari dagokio Erregelamendua bete eta betearaztea eta zalantza kasuetan hura interpretatzea. Hutsune juridikorik egoteagatik ebazpen osagarririk eman behar baldin badu, Eledunen Batzarraren erabaki loteslea beharko du aldez aurretik.

Mahaikide batek proposatuta, Legebiltzarreko Mahaiak parlamentu-eztabaidetan sortutako zalantzazko gaiei buruzko aginduzko irizpideak finkatu ahalko ditu ondoren.

3. Halaber, legeek eta erregelamendu honek ematen dizkioten eginkizun guztiak betetzen ditu lehendakariak.

41. artikulua

Lehendakariordeek, hurrenez hurren, lehendakaria ordezten dute eta haren eginkizunak betetzen dituzte, baldin eta haren postua bete gabe badago, bete ezin badu edo ez badago, Idazkaritza Nagusiari behar bezala jakinarazita. Lehendakariak edo Mahaiak esleitzen dieten beste edozein eginkizun ere betetzen dute.

42. artikulua

Idazkariek, lehendakariak oniritzirik, Osoko Bilkuretako, Mahaiko nahiz Eledunen Batzarreko aktak eta eman beharreko ziurtagiriak ikuskatu eta ontzat ematen dituzte; laguntza ematen diote lehendakariari bilkuretan eztabaidetako ordena eta bozketen zuzentasuna segurtatzeko; Legebiltzarraren lanak normaltasunez egin daitezen laguntzen dute, lehendakariak xedatutakoaren arabera; eta lehendakariak edo Mahaiak esleitzen dieten beste edozein eginkizun betetzen dute.

II. KAPITULUA. Eledunen Batzarra

43. artikulua

1. Parlamentu-taldeetako eledunek Eledunen Batzarra osatzen dute, beti Legebiltzarreko lehendakaria buru duela bilduko dena. Lehendakariak dei eginen du Eledunen Batzarraren bilkuretara, berak erabakita, gutxienez ere bi parlamentu-taldek edo Legebiltzarreko kideen bostenak eskatuta. Eskabide horrek, betiere, gai zerrenda eduki beharko du. Eskabideak betebehar hori betetzen badu, lehendakariak bilkurara dei eginen du, proposatutako gai zerrendarekin bat. Gehienez ere hamar egun balioduneko epean eginen da.

2. Askotariko taldeko kideek izendatuko dute taldeko eleduna. Legebiltzarreko Mahaiari egindako idatzian aho batez eta askatasun osoz ezarriko dute eledunaren agintaldiaren modua eta iraupena. Askotariko taldeko parlamentari kopurua aldatzen den bakoitzean berretsi edo aldatu beharko da proposamena.

Aho bateko proposamenik ezean, auzia konpontzeko behar diren arauak emanen ditu Mahaiak, Eledunen Batzarrak -Askotariko taldeko eleduna salbu- aldez aurretik erabaki loteslea hartu ondoren.

3. Nafarroako Gobernuari Eledunen Batzarraren bilkuren deialdien berri emanen zaio, hark, egoki baderitzo, ordezkari bat, laguntzaile batekin joan ahalko dena, igor dezan.

4. Eledunen Batzarrera orobat joanen dira Mahaiko kideak -eztabaidetan hitz egiteko eskubidea izanen dute- eta legelari nagusia edo hura ordezten duen legelaria -Mahaiari dagokionez erregelamendu honek esleitzen dizkion eginkizunak beteko ditu-.

5. Taldea zenbat foru parlamentarik osatzen duen, horrenbeste boto edukiko ditu eledun bakoitzak Batzarrean.

Askotariko taldeko eledunak, berriz, ordezkaritza eman dioten taldekideak bezainbat boto edukiko ditu; idatziz egiaztatu beharko du ordezkaritza.

44. artikulua

Eledunen Batzarrari eginkizun hauek dagozkio:

Lehenengoa. Aldez aurretik entzuna izatea:

a) Parlamentuko Osoko Bilkuretako eta batzordeen bilkuretako gai zerrenda erabakitzeko.

b) Bilkura aretoko eserlekuak parlamentu-taldeei esleitzeko.

c) Erregelamendu honetako aginduren batek hala ezartzen duenean eta, bereziki, 37. artikuluan ezarritako kasuetan.

Bigarrena. Nafarroako Parlamentuko aurrekontu proiektua onestea.

Hirugarrena. Nafarroako Parlamentuko kontu orokorrak onestea.

Laugarrena. Mahaiak hartutako erabakien berri izatea, astero.

Bosgarrena. Mahaiak hiru hilabetetik behin Parlamentuko kontuen egoerari buruz argibideak eman diezazkion.

Seigarrena. Adierazpen politikoak egitea.

Zazpigarrena. Agintarien, funtzionarioen eta pertsonen agerraldia eskatzea, 56. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Zortzigarrena. Erregelamenduko 37.2 eta 130.2 artikuluetan aurreikusitako errekurtsoak ebaztea.

Bederatzigarrena. Erregelamendu honetako beste agindu batzuetan esleitzen zaizkion gainerako eginkizunak betetzea.

III. KAPITULUA. Batzordeak

1. atala. Arau orokorrak

45. artikulua

1. Batzordeak, non eta kontrakoa ezartzen ez den, parlamentu-taldeek izendatzen dituzten kideek osatuko dituzte, Parlamentuko Mahaiak, Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ondoren, talde bakoitzari buruz ezartzen duen kopuruan eta zenbakizko garrantziaren proportzioan.

2. Parlamentu-taldeek batzorde bati atxikirik duten kide bat edo gehiago ordez dezakete, haren edo haien ordez talde bereko beste bat edo batzuk jarriz, Legebiltzarreko Mahaiari aldez aurretik idatziz jakinarazita.

Ordezpena gai, eztabaida edo bilkura bakarrerako baldin bada, batzordeko mahaiari jakinarazi beharko zaio.

3. Parlamentariek batzorde aretoan eserlekua hartuko dute, atxikita dauden parlamentu-taldearen arabera. Talde bakoitzarentzako gordetako tokia Mahaiak zehaztuko du, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, talde bakoitzak adierazitako lehentasunen arabera eta hauteskundeetan lortutako boto-kopuruaren hurrenkeran.

46. artikulua

1. Legebiltzarreko lehendakariak parlamentu-talde bakoitzari eskatuko dio batzorde bakoitzeko kideak izenda ditzala.

2. Batzordeak osatuko dituzten foru parlamentariak izendatuta, Legebiltzarreko lehendakariak batzordeak eratzeko bilkuretara dei eginen du.

47. artikulua

Eratze bilkuran, Legebiltzarreko lehendakaria buru eta Mahaiko idazkari bat idazkari lanetan duela, batzordeek beren kideen artetik mahai bat hautatuko dute, osatua egonen dena lehendakari batez, lehendakariorde batez eta idazkari batez.

48. artikulua

1. Batzordeko Mahaiko kideak batean hautatuko dira, txartel bidezko bozketa isilpekoan. Haietan batzordeko kideek izen bana idatzi ahalko dute.

Nafarroako Gobernuko kide ez diren batzordeko kideak soilik izan ahalko dira hautagai.

2. Botoak zenbatuta, boto gehien lortzen duena aldarrikatuko da lehendakari; boto kopuruan hari darraiona, lehendakariorde, eta horiei boto kopuruetan darraiena, idazkari.

3. Berdinketa gertatuz gero bai lehendakari izateko bai lehendakariorde izateko, zaharrenaren alde joko da. Berdinketa idazkari izateko gertatzen bada, berriz, gazteena hautatuko da.

4. Bozketa egin eta Mahaiko karguren bat bete gabe gelditzen bada, bi zaharrenak aldarrikatuko dira, hurrenez hurren, lehendakari eta lehendakariorde, baldin eta horiek badira bete gabeko karguak, eta idazkari, aldiz, gazteena.

49. artikulua

Erregelamendu honetako 39. artikuluko 3. eta 4. idatz-zatietan xedatutakoa batzordeetako mahaietako kideei aplikatuko zaie, berezitasun hauek berezitasun:

a) Kargua uztea edo kargutik kentzea batzordeak erabakiko du, hura osatzen duten kideen gehiengo osoaren bidez.

b) Parlamentu-talde batek edo batzordeko kideen bostenak proposatu beharko du kargua uztea.

c) Kargua utzi edo kargutik kentzeko proposamena aurkeztu eta hamabost eguneko epean, batzordeko lehendakariak, haren bilkurara dei eginen du, erregelamendu honetako 53. artikuluan ezarritakoarekin bat.

50. artikulua

1. Kasuan kasuko batzordearen esparruan, bai mahaiak, bai mahaiko kideek, analogiaz, erregelamendu honetan Legebiltzarreko Mahaiari eta haren kideei ematen zaizkien eginkizunak beteko dituzte.

2. Parlamentuko lehendakaria edozein batzordetako buru izan daiteke, baina kide den batzordeetan bakarrik eman ahalko du botoa.

51. artikulua

1. Batzordeetako mahaietan, lehendakariaren postua bete gabe badago, bete ezin badu edo lehendakaria ez badago, lehendakariordeak ordeztuko du lehendakaria. Lehendakariordea ere kasu horietako batean badago, lehendakariaren ordez arituko da bere parlamentu-taldeko ordezkari bat, kasuan kasuko batzordeko kide dena.

2. Batzordeko lehendakariordearen edo idazkariaren ordez arituko da, kasu horietan, parlamentu-talde bereko ordezkari bat, kasuko batzordeko kide dena.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren ez-egoteak ezin badira esan bezala ordeztu, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio:

a) Batzordeko lehendakariordea ez badago, batzordeko kiderik zaharrenak ordeztuko du.

b) Batzordeko idazkaria ez badago, batzordeko kiderik gazteenak ordeztuko du.

52. artikulua

Eledunen Batzarrari entzun ondoren Legebiltzarreko Mahaiak esleitzen dizkien gaien ardura hartuko dute batzordeek, eta izapidetzen dituzten gai guztien irizpena prestatuko dute, non hartutako erabakiak jasoko baitira. Erabakiak, Parlamentuko Mahaiaren bidez eta lehendakariaren eta idazkariaren izenpeekin, Legebiltzarreko Osoko Bilkurara eramanen dira.

53. artikulua

1. Parlamentuko lehendakariak dei eginen du batzordeen bilkuretara, Legebiltzarreko Mahaiarekin bat eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren, berak hala erabakita edo gutxienez ere bi parlamentu-taldek edo batzorde horretako kideen bostenak eskatuta.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den eskabideak gai zerrenda eduki beharko du betiere. Bertan, kasuan kasuko batzordean erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat eztabaidatu eta bozkatzeko moduan egon daitezkeen gaiak besterik ez dira agertu ahal izanen.

3. Legebiltzarreko Mahaiaren iritziz, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eskabidea aurreko idatz-zatian ezarritakoarekin bat badator, lehendakariak bilkurara dei eginen du, proposatutako gai zerrendarekin bat.

54. artikulua

1. Erregelamendu honetan ezarritakoa gorabehera, batzorde arrunten bilkuretara joan daitezke:

a) Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin, batzordea osatzen duten foru parlamentariak edo haien ordezkoak, ordezkapena erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat egiaztatuta.

b) Hitz egiteko eskubidearekin baina botoa emateko eskubiderik gabe:

-Nafarroako Gobernuko kideak.

-Batzordeko kide ez diren foru parlamentariak, batzordeak izapidetu beharreko zuzenketarik edo beste edozein ekimen parlamentario aurkeztu badute. Aipatu parlamentariek hitz egiteko eskubidea izanen dute erregelamendu honek kasuan kasuko eztabaidarako ezarritakoaren arabera.

c) Hitz egiteko eta botoa emateko eskubiderik gabe:

-Gainerako foru parlamentariak.

-Hedabideen ordezkari behar bezala kreditatuak, erregelamendu honetako 78. artikuluan ezarritakoarekin bat isilpekotzat jotzen diren bilkuretara izan ezik.

2. Ondokoak joaten ahalko dira batzorde berezien bilkuretara:

a) Hizpidea eta botoa izanik, Batzordea osatzen duten foru parlamentariak edo haien ordezkoak, erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat bere izaera egiaztatu dutenak.

b) Hizpiderik eta botorik gabe:

-Gainerako foru parlamentariak.

-Hedabideen ordezkari behar bezala kreditatuak, erregelamendu honetako 77. eta 78. artikuluetan ezarritakoarekin bat isilpekotzat jotzen diren bilkuretara izan ezik.

Batzorde berezien aurreko agerraldiak Batzorde arruntetarako eta lan bileretarako araututakoari jarraituz eginen dira.

3. Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, batzordeen lan bilkurak egin daitezela erabaki dezake. Bilkura horiek informatzeko edo eztabaidatzeko izanen dira, eta ez da haien aktarik eginen. Proposamen-egileak eskaturik Mahaiak hala erabakiz gero, hedabideak bilkura horietara joan ahalko dira.

55. artikulua

1. Batzordeek bi hilabeteko epean bukatu beharko dute edozein gairen izapideak, salbu eta erregelamendu honek beste epe bat ezartzen badu edo Legebiltzarreko Mahaiak, izan litezkeen gorabehera bereziak kontuan hartuta, epe hori luzatzea edo laburtzea erabakitzen badu.

2. Batzordeek lantalde bat osatzea erabaki dezakete, eztabaidagaiari buruzko txosten bat prestatzeko. Lantaldean parlamentu-talde guztiak egonen dira ordezkatuta, eta txostenean lantaldeko kideen gehiengoaren jarrera jasoko da. Horretarako, parlamentu-taldeen ordezkariek beren parlamentu-taldeen kideak bezainbat boto edukiko dituzte. Askotariko taldeko eledunak, berriz, ordezkaritza eman dioten taldekideak bezainbat boto edukiko ditu; idatziz egiaztatu beharko du ordezkaritza.

Lantalde bat eratzen denean, zehaztuko da zer epetan emanen zaien ezagutzera txostena batzordeko kideei eta noiz helduko dion berriro batzordeak gaiaren eztabaidari.

Lantaldea eratuta, haren kideek barne funtzionamenduko arauak ezarriko dituzte eta lanen berri emanen diote Legebiltzarreko Mahaiari.

56. artikulua

1. Batzordeek, Parlamentuko lehendakariaren bidez, ondokoa egin ahalko dute:

a) Batzordearen eginkizunak betetzeko behar dituzten informazioa eta dokumentazioa eskatu Nafarroako Gobernuari eta administrazio publikoei.

b) Foru Diputazioko kideak nahiz eztabaidatzen ari den gaia dela-eta eskudun diren agintari eta funtzionario publikoak batzordera ager daitezela eskatu, galde egiten zaizkien aferei buruz informa dezaten.

c) Beste edozein pertsona ager dadila eskatu, helburu berarekin.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren agintari eta funtzionarioek ez badiote kasurik egiten argibideak emateko edo agertzeko batzordeak aurkeztutako eskabideari edo ez badute frogatzen ezin diezaioketela kasurik egin behar bezala, Legebiltzarreko lehendakariak kasuan kasuko nagusi hierarkikoari jakinaraziko dio, hark bidezko erantzukizunak eskatu ahal izan ditzan.

57. artikulua

Batzordeei beren eginkizunak betetzeko behar dituzten aholkuak emanen dizkiete legelariek -batzordeen mahaiei eta lantaldeei buruz ere bai-, eta hartutako erabakiak biltzen dituzten akta, txosten eta irizpenak prestatuko dituzte kasuan-kasuan.

2. atala. Batzorde arruntak

58. artikulua

1. Batzorde arruntak dira Foru Araubidekoa, Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordea eta Mahaiak legegintzaldi bakoitzaren hasieran zehazten dituenak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren; betiere, foru erkidegoko Administrazioaren departamentuen araberakoak izanen dira.

2. Erregelamendukoa ere batzorde arrunta izanen da, eta ondokoek osatuko dute: Legebiltzarreko lehendakariak -hura izanen da batzordeko lehendakaria-, Mahaiko gainerako kideek -haiek osatuko dute batzordeko mahaia- eta parlamentu-taldeek erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat izendatzen dituzten foru parlamentariek. Parlamentu-taldeek izendatutako foru parlamentariek bakarrik izanen dute botoa. Legebiltzarreko gainerako batzorde arrunten arauak aplikatuko zaizkio Erregelamendu Batzordeari.

3. Batzorde arruntak Parlamentuaren eratze bilkura egin eta hogeita hamar eguneko epean eratu beharko dira.

59. artikulua

1. Eskaera Batzordea ere batzorde arrunta izanen da. Eskaera Batzordea da herritarrek eskea egiteko eskubidea egikaritzean Nafarroako Parlamentuari zuzentzen dizkioten eskaerak izapidetzeko organo eskuduna. Batzordearen osaketa eta funtzionamendua lotuko zaizkio 45. artikuluak eta horrekin bat datozenek ezarritakoari.

2. Eskaera Batzordeak banaka aztertuko ditu Parlamentuak jasotzen dituen eskaera guztiak, haien onargarritasunari buruz erabakitzeko, eskaera eskubidea arautzen duen lege organikoak ezarritakoari jarraituz.

3. Eskaera aztertu ondoren, hura ez onartzea erabakitzen bada, Eskaera Batzordeak xedatuko du Parlamentuko lehendakaritzaren bitartez honakoei bidal dakiela:

a) Parlamentu-taldeei, Parlamentuan ekimenen bat bultzatu ahal izan dezaten, egoki baderitzote.

b) Nafarroako Gobernuari edo gaiaren arabera eskudun diren departamentuei, eta harekin batera, bidezkoa bada, eskaeraren edukiari buruzko azalpen-eskea.

c) Gaiaren arabera eskudun gisa hartzen duen administrazio publikoetako beste edozein organori, agintariri edo erakunderi.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari, bere foru lege arautzaileak ezarritako ondorioetarako.

4. Eskaera Batzordeak, eskaera bat aztertu eta onartezintzat deklaratu ondoren, beste izapiderik gabe artxiba dadila erabakiko du, betiere aurreko idatz-zatian adierazitako bidalketa bidezkoa ez bada.

5. Eskabide bat izapiderako onartu ondoren, Eskaera Batzordeak erabaki ahalko du eskatzaileek agerraldia egitea, komenigarritzat jotzen badu.

6. Eskaera Batzordeak egoki diren erabakiak hartuko ditu izapidera onarturiko eskaerei dagokienez, eta horiei buruzko gomendioak egin ahalko dizkie botere publikoei eta erakundeei.

7. Kasu guztietan, Parlamentuko Mahaiak eskaera jaso izanaren adierazpena emanen du, eta adierazpen hori Eskaera Batzordeari igorriko dio, zeinak, aurkezten denetik hiru hilabeteko epean, harturiko erabakien berri emanen baitie eskatzaileei.

60. artikulua

1. Parlamentuko Osoko Bilkurak, Mahaiak proposatuta eta Eledunen Batzarrarekin bat, erabakia hartzen den legegintzaldian batzorde arrunt izanen diren beste batzorde batzuk sortzea erabaki dezake.

2. Batzordea sortzeko erabakiak ezarriko du eskumenak zer irizpideren arabera banatuko diren batzorde horren eta ukituak gerta daitezkeenen artean.

3. Lehenengo idatz-zatian ezarritako prozeduraren bidez erabaki daiteke artikulu honetako batzordeak desegin daitezela.

3. atala. Batzorde bereziak

61. artikulua

Lan zehatz baterako sortzen direnak dira batzorde bereziak. Agindutako lana bukatzean iraungitzen dira eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.

62. artikulua

1. Foru Diputazioak, Mahaiak, bi parlamentu-taldek edo Legebiltzarreko kideen bostenak proposatuta, interes publikoko edozein gairi buruzko ikerketa batzorde bat sortzea erabaki dezake Parlamentuko Osoko Bilkurak.

2. Ikerketa batzordea sortzeko proposamena idatziz aurkeztu beharko da, Mahaiari egindako idatziaren bidez. Idatzian zehatz-mehatz azalduko dira ikertu beharreko gertaerak eta batzordearen beharra justifikatuko da.

3. Ikerketa batzorde bat sortzea erabakita, Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ondoren, haren osaketa, antolamendua eta funtzionamendua agintzen duten arauak emanen ditu.

4. Ikerketa batzordeek lan plan bat prestatuko dute eta lantaldeak izendatu ahalko dituzte beren barruan eta, Parlamentuko lehendakariaren bidez, edonoren agerraldia eskatu ahalko dute, entzuna izateko. Deitzen den pertsonari gutxienez ere hiru egun lehenago jakinaraziko zaio zeri buruz eman behar dituen argibideak.

5. Ikerketa batzordeek, beren helburuak betetze aldera, Nafarroako Gobernuko kideen eta Foru Komunitateko Administrazioko goi karguen jarduera eta interesen erregistroko informazio babestu guztia eskuratu ahalko dute.

6. Batzorde horien ondorioak, auzitegientzat lotesle izanen ez direnak eta epaile-ebazpenei eraginen ez dietenak, irizpen batean bildu beharko dira, eta irizpen hori Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.

7. Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Foru Diputazioari jakinaraziko zaizkio. Parlamentuko Mahaiak Ministerio Fiskalari ere igorri ahalko dizkio ondorioak, hark, bidezko denean, abiarazi beharreko ekintzak abiaraz ditzan.

8. Parlamentu-talde proposatzaileak eskatzen baldin badu, Parlamentuko Aldizkari Ofizialean boto partikularrak ere argitaratuko dira.

63. artikulua

Parlamentuko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki dezake aurreko artikuluan arautuak ez beste batzorde berezi batzuk sortzea eta badauden beste batzuekin nahasi edo elkartzea. Batzordea sortzeko erabakian, Mahaiak, Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ondoren, batzorde horien osaketa, antolamendua eta funtzionamendua agintzen duten arauak emanen ditu.

4. atala. Europako Gaietarako Lantaldea

64. artikulua

1. Europako Gaietarako Lantaldea izanen da organo eskuduna Gorte Nagusiek igortzen dituzten Europar Batasuneko legegintzako egintza proiektuek subsidiariotasun-printzipioa urratzen ote duten esateko. Lantalde horrek, zenbat parlamentu-talde egon, hainbeste kide izanen ditu. Parlamentu-taldeek beren ordezkaria izendatuko dute batzordeetako kideak izendatzen dituzten aldi berean.

2. Subsidiariotasun-printzipioa Europar Batasuneko legegintzako egintzetako proiektuetan betetzen den kontrolatzeko prozedurak honako arauak izanen ditu:

Lehena. 1.-Europar Batasuneko legegintzako proposamen bat jaso ondoren, Parlamentuko lehendakariak aipatu lantaldeko kideei igorriko die, posta elektronikoaren bidez. Halaber, Nafarroako Gobernuari ere igorriko zaio, bide bera erabilita, Gobernuak, bi asteko epean, proposamenari buruzko txostena eman dezan, eta, zehazki, legegintzako ekimena subsidiariotasun-printzipioarekin bat etortzeari buruz duen iritzia eman dezan. Txosten hori, jaso ondoren, lantaldeko kideei igorriko zaie.

2.-Halaber, Parlamentuko zerbitzu juridikoei igorriko zaie, txosten bat egin dezaten legegintzako egintza proiektuak Nafarroak arlo horretan dituen legegintzako eskumenetan duen eraginari buruz, subsidiariotasun-printzipioa betetzeari dagokionez. Txosten hori bi asteko epean eginen da, eta legelari nagusiak lantaldeko kideei igorriko die.

3.-Parlamentuko lehendakariak zilegi izanen du aurreko idatz-zatietan aipaturiko epeak luzatzea, beharrezkotzat jotzen duenean.

Bigarrena. Kasuan kasuko txostenak jaso ondoren, Parlamentuko lehendakariak lantaldearen bilkura deituko du, gutxienez ere 48 ordu lehenagotik, eta deialdian adieraziko da lantaldearen lanak amaitzeko epemuga.

Hirugarrena. Ezarritako epearen barruan, lantaldeak eskatu ahalko du arau-proiektuari dagokion alorrean adituak diren funtzionarioen eta pertsonen agerraldia. Lantaldeak zehaztuko du bere lanen egutegia, halako moduz non egin dezakeen irizpena amaituta egonen baita deialdian ezarritako egunerako.

Laugarrena. Lantaldeak uste badu aztertu duen proiektuak subsidiariotasun-printzipioa urratzen duela, arrazoitutako irizpen bat egin eta Parlamentuko lehendakariari igorriko dio, horrek Gorte Nagusietara igor dezan. Aldiz, uste badu arau-proiektua aipatu printzipioarekin bat datorrela, iritzi horren berri emanen dio lehendakariari, horrek Gorte Nagusiei jakinaraz diezaien, lantaldeak hala eskatzen badu espresuki.

Bosgarrena. Irizpen arrazoitua Gorteetara igortzeko epea lau astekoa izanen da gehienez, legegintzako egintza proiektua Nafarroako Parlamentuan jasotzen denetik hasita.

3. Lantaldearen lanak ohiko bilkuraldietatik kanpo egin behar direnean, legebiltzarreko lehendakariaren esku geratuko da lan horiek egiteko beharrezkoak diren egunak gaitzeko ahalmena.

IV. KAPITULUA. Osoko Bilkura

65. artikulua

1. Legebiltzarreko lehendakariak, Mahaiarekin bat eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren, dei eginen du Parlamentuko Osoko Bilkuretara, berak hala erabakita edo gutxienez ere bi parlamentu-taldek edo foru parlamentarien bostenak eskatuta.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den eskabideak gai zerrenda eduki beharko du betiere. Bertan, Osoko Bilkuran erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat eztabaidatu eta bozkatzeko moduan egon daitezkeen gaiak besterik ez dira agertu ahal izanen.

3. Mahaiaren iritziz eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren, eskabidea aurreko idatz-zatian ezarritakoarekin bat badator, lehendakariak dei eginen du bilkurara, proposatutako gai zerrendarekin bat.

66. artikulua

1. Foru parlamentariek bilkura aretoan eserlekua hartuko dute, zer parlamentu-talderi egon atxikirik eta horrela, eta betiere eserleku berean eseriko dira.

Talde bakoitzarentzako gordetako eserlekuak Mahaiak zehaztuko ditu, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, talde bakoitzak adierazitako nahiaren arabera eta hauteskundeetan lortutako boto-kopuruaren hurrenkeran.

2. Bilkura aretoan toki berezi bat gordeko da Foru Diputazioko kideak bertan esertzeko.

3. Aipatutako pertsonez gain, beren eginkizunak betetzen ari diren Parlamentuko funtzionarioak eta lehendakariak espresuki baimentzen dituenak soilik sartu ahalko dira bilkura aretoan.

V. KAPITULUA. Batzorde Iraunkorra

67. artikulua

1. Batzorde Iraunkorrak Parlamentuko lehendakaria izanen du buru eta Legebiltzarreko Mahaiak eta Eledunen Batzarreko kideek osatuko dute. Bere erabakiak Eledunen Batzarreko kideek adierazitako boto ponderatuaren bidez hartuko ditu. Gobernuko kideak ere bilkuretara joan daitezke.

Parlamentu-talde bakoitzak, gainera, hiru foru parlamentari ordezko izendatuko ditu gehienez ere, Legebiltzarra desegiten denetik aurrera iraunkorrak izanen direnak.

2. Batzorde Iraunkorreko Mahaia Nafarroako Parlamentuko Mahaia izanen da.

3. Lehendakariak dei eginen du Batzorde Iraunkorraren bilkuretara, berak hala erabakita edo gutxienez ere bi parlamentu-taldek edo Legebiltzarreko kideen bostenaren ordezkariek hala eskatuta. Eskabide horrek, betiere, gai zerrenda eduki beharko du. Gai zerrendan, erregelamendu honetan ezarritakoarekin bat Batzorde Iraunkorraren eskumen diren gaiak soilik agertu ahalko dira. Eskabideak betebehar hori betetzen badu, lehendakariak dei eginen du bilkurara, proposatutako gai zerrendarekin bat.

68. artikulua

Batzorde Iraunkorrak eginkizun hauek izanen ditu:

Lehenengoa. Parlamentuaren agintaldia bukatuz gero, ohiz kanpoko eta premiazko beharra baldin badago, Legebiltzarraren eginkizun guztiak bete ditzake.

Bigarrena. Bi bilkuraldiren artean, bilkura berezietara dei egiteko ekimena erabil dezake, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 17. artikuluan eta erregelamendu honetako 72.2 artikuluan aipatzen denari jarraituz.

69. artikulua

Parlamenturako hauteskundeak egin ondoren, Batzorde Iraunkorrak, Legebiltzarra osatu eta gero, aztertutako gaien eta hartutako erabakien berri jakinaraziko dio Osoko Bilkurari.

VI. KAPITULUA. Langileak eta baliabideak

70. artikulua

Parlamentuak bere eginkizunak betetzeko behar dituen langileak eta baliabideak edukiko ditu, zerbitzu teknikoak eta dokumentazio nahiz aholku zerbitzuak bereziki.

71. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak onetsiko ditu barne araubide eta gobernuari buruzko arauak. Lehendakariak, berriz, bere kabinetea osatu eta haren kideak izendatu ahal ditu.

2. Parlamentuko legelari nagusiak, Legebiltzarreko Idazkaritza Nagusiaren titulartasuna izanen baitu, Parlamentuko langile guztien eta haren menpeko zerbitzu guztien buruzagitza dauka, lehendakariak zuzenduta.

3. Lehendakariak Parlamentuko legelarien, Comptos Ganberako legelarien edo Nafarroako Gobernuko aholkulari juridikoen artetik legelari bat proposatuko du legelari nagusi izateko, eta Mahaiak izendatuko du eta kenduko du kargutik.

V. TITULUA. FUNTZIMENDUARI BURUZKO ARAU OROKORRAK

I. KAPITULUA. Bilkurak eta bilkurarako deiak

72. artikulua

1. Parlamentua urtean bi bilkuraldi arruntetan bilduko da: lehenengoa irailetik abendura, eta bigarrena urtarriletik ekainera.

2. Bilkura bereziak ere egin ahalko dira. Bilkura bereziak lehendakariak deituta eginen dira, Batzorde Iraunkorrak, parlamentarien bostenak, bi parlamentu-taldek edo eta Foru Diputazioak eskatzen dutenean, gai zerrenda aldez aurretik zehaztuta betiere.

3. Eskaera aurreko idatz-zatian ezartzen denarekin bat badator, lehendakariak bilkura berezirako deia eginen du, proposatu den gai zerrendarekin bat.

73. artikulua

1. Batzorde arrunt eta berezien bilkuretarako deiak 53. artikuluak ezarritakoari jarraituz eginen dira, eta Batzorde Iraunkorrarenak, berriz, 65.3 artikuluak ezarritakoari jarraituz. Osoko Bilkurarako deiak 63. artikuluak ezartzen duenaren arabera eginen dira, edota, bilkura berezia bada, aurreko artikuluko bigarren idatz-zatiak ezartzen duenaren arabera.

2. Parlamentuko Mahaiaren bilkuretarako deiak 38. artikuluak ezarritakoari jarraituz eginen dira, eta Eledunen Batzarrarenak, berriz, 43. artikuluak ezarritakoari jarraituz. Batzordeetako mahaien bilkuretakoak 130. artikuluak ezartzen duenaren arabera eginen dira.

3. Batzordeko kide izan ez arren, parlamentariei dei eginen zaie batzordearen bilkurara joateko baldin eta zuzenketa, mozio, galdera, jabeldura edo Parlamentuaren jarduerarekin zerikusia duen edozein idatzi aurkeztu badute, idatziok defenda ditzaten.

4. Deialdian jasoko dira bilkura eginen den eguna, ordua, tokia eta erregelamendu honetako 80. artikuluak ezarritakoaren arabera finkatuko den bilkuraren gai zerrenda. Deialdiari erantsiko zaizkio bilkuran eztabaidatuko diren txosten, irizpen eta testuak, salbu eta aurretik Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratu direnak, orduan, zer egunetan argitaratu ziren adieraziko baita deialdian.

5. Deialdiak bilkura eginen den eguna baino hiru egun baliodun lehenago bidaliko zaizkie foru parlamentariei. Epe hori hogeita lau ordukoa izan arte laburtu ahalko da gehienez ere, Legebiltzarreko lehendakariak hala erabakitzen badu, bilkurara deitutakoei telefonoz hots egin edo telegrafoz jakinarazi ondoren. Lehendakariak eskumen hori erabiltzen badu, erabakiaren zergatia azaldu beharko du bilkuraren hasieran.

6. Parlamentuko lehendakariak hogeita lau ordu baino aurrerapen gutxiagorekin ere deitu ahalko ditu Parlamentuko Mahaia nahiz batzordeetakoa, Eledunen Batzarra eta, hala behar denean, Batzorde Iraunkorra. Bilkura horiek bilkura horretan jorratuko diren gaiei buruz erabakirik hartzea bidezkoa ote den edo ez eztabaidatuz hasi beharko dira, eta horri buruzko erabakia bi hereneko gehiengoz hartuko da.

74. artikulua

1. Aurreko artikuluan deia egiteko ezarritakoa bete gabe egiten diren foru parlamentarien bilerek ez dute Parlamentua lotetsiko.

2. Bilkurarako deia egin eta bilkura hasi baino lehen deialdia bertan behera uztea Parlamentuko lehendakariari dagokio. Erabaki hori Mahaiarekin ados jarri eta Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren hartuko du, ekimena hartu duen edo dutenei entzun eta gero. Deia bertan behera uzteko erabakia arrazoitu egin behar da, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko zaie bai foru parlamentariei eta bai parlamentu-taldeetako eledunei.

75. artikulua

1. Bilkura da Nafarroako Parlamentuko edozein organok egiten duen lan parlamentarioaren denbora, deialdi baten gai zerrenda bukatu arte eztabaidatzeko erabiltzen dena. Bilera, berriz, egun bereko goiz edo arratsaldean zehar egiten den bilkura-zatia da.

2. Batzordeek ezin izanen dute bilerarik egin Osoko Bilkurarekin batera.

3. Organo bakoitzeko lehendakariak irekiko ditu bilkurak, deialdian ezarritakoaren arabera; lehendakaria ez badago, lehendakariordeak irekiko ditu, betiere deialdian ezarritako orduan.

4. Lehendakariak "Hasi da bilkura" esanez irekiko du bilkura. Bilkura etenda gelditzen bada, "Jarrai dezala bilkurak" esanez jarraituko du. Bilkura eteteko "Eten da bilkura" esanen du, eta amaiera emateko, berriz "Bukatu da bilkura" esanen du. Aipatutako esaldi horiek esan aurretik edo esan ondoren, hurrenez hurren, eginiko ezein egintzak ez du baliorik edukiko.

5. Deialdian aurreikusitako gai zerrendaren eztabaida bukatu gabe eten behar bada bilera, zer egunetan eta zer ordutan emanen zaion jarraipena zehaztu beharko du lehendakariak bilkura eten baino lehen. Edonola ere, bilkura jarraitzeko ez da beste deialdi idatzi bat egin beharko.

76. artikulua

Nafarroako Gobernuko kideek Osoko Bilkuretan zein Parlamentuko batzordeen bilkuretan parte hartu ahalko dute, erregelamendu honetan ezartzen denaren arabera.

77. artikulua

1. Osoko Bilkurak jendaurrekoak izanen dira, salbu eta:

Lehenengoa. Mahaiaren aburuz eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren, bilkura batean Legebiltzarraren edo foru parlamentariren baten izen ona eta ohorea ukitzen dituzten gaiak eztabaidatu behar direnean, edo foru parlamentari baten gabetzeaz eztabaidatu behar denean.

Bigarrena. Osoko Bilkurak bere kideen gehiengo osoz hala erabakitzen duenean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, Foru Diputazioak, bi parlamentu-taldek edo Legebiltzarraren kideen bostenak hala eskaturik. Isilpeko bilkura egiteko eskaera egin eta gero, horri buruzko eztabaida eginen da, automatikoki eta kasu guztietan isilpekoa izanen dena; eztabaida bukatu ondoren, erabaki bat hartuko da, eta bilkura jarraituko da erabaki den izaerarekin.

2. Batzordeen bilkurak ez dira jendaurrekoak izango. Halarik ere, hedabideen ordezkariak, nortasuna behar bezala egiaztatuta, ohiko batzordeetara joaten ahalko dira, bilkura horiek isilpekoak direnean izan ezik.

Batzorde berezietara ere joaten ahalko dira, erregelamendu honetako 54. artikuluak xedaturikoari jarraituz.

Hedabideak joan daitezkeen bilkurak ikus-entzunezko bitartekoak erabiliz erretransmititu ahalko dira.

3. Batzordeen bilkurak isilpekoak izanen dira bere kideen gehiengo osoak hala erabakitzen duenean, kasuko mahaiak, Nafarroako Gobernuak, bi parlamentu-taldek edo batzordeko kideen bostenak hala eskaturik. Isilpeko bilkura egiteko eskaera egin eta gero, 1. idatz-zatiko bigarrenean ezarritakoari jarraituko zaio.

Isilpeko izaerako bilkura bat bukatu ondoren, Parlamentuko lehendakariak hartu diren erabakien berri eman ahalko die hedabideei.

78. artikulua

1. Ikerketa batzordean eginen diren agerraldiak irekiak izanen dira komunikabideentzat. Ikerketa batzordeak berak erabaki dezake bilkura horiek isilpekoak izan daitezela, agertu behar dutenek hala eskatu dutelako edo batzordeko kideek beraiek hala proposatu dutelako, baldin eta beharrezkoa bada batzordearen helburuak bermatzeko edo pertsonen ohorerako eskubidea nahiz beste ondasun juridiko batzuk babesteko.

2. Ikerketa batzordeko gainontzeko bilkurak eta lanak isilpekoak izanen dira.

3. Parlamentuko Mahaiak, ikerketa batzordeak proposatuta edo bere ekimenez, ikerketa batzorde batek eginiko proposamenak, irizpenak, txostenak edo ondorioak eztabaidatuko diren Osoko Bilkura isilpekoa izanen dela erabaki dezake.

79. artikulua

1. Jendea bilkura aretora joan ahal izateko, gonbidatu-txartel zenbakitua aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da, baita lehendakariak une bakoitzean ezartzen dituen baldintzak behar bezala betetzea ere.

2. Gonbidatu-txartelak parlamentu-taldeen eledunei emanen zaizkie, talde bakoitzak duen kide-kopurua eta jendearentzat gorderik dagoen tokia zein diren, Legebiltzarreko lehendakariak ezartzen duenari jarraituz.

3. Hedabideetako profesionalen kopurua bilkura aretoan erabilgarri den tokiaren araberakoa izanen da.

4. Edonola ere, legelari nagusiak horretarako hautatzen dituen Legebiltzarreko zerbitzupeko funtzionario eta langileak Parlamentuko organoen bilkuretara joanen dira.

II. KAPITULUA. Gai zerrenda

80. artikulua

1. Legebiltzarreko lehendakariak finkatuko du Osoko Bilkuren eta batzorde arrunt nahiz berezien bilkuren gai zerrenda, Mahaiarekin bat etorriz eta Eledunen Batzarrari entzun ondoren. Parlamentuko Mahaiaren, Eledunen Batzarraren eta Batzorde Iraunkorraren bilkuretako gai zerrenda Legebiltzarreko lehendakariak finkatuko du, bestelako izapiderik gabe.

Hori guztia ez da eragozpen izanen, hala ere, Parlamentuko lehendakariaren ekimenik gabe deitzen diren bilkurei buruz erregelamendu honek ezarritakoari jarraituz egiteko gai zerrenda.

2. Parlamentuko edozein organoren gai zerrenda alda daiteke organo horretako kideen gehiengo osoaren erabakiaren bidez, lehendakariak berak, bi parlamentu-taldek edo organo horretako kideen bostenak hala eskaturik. Proposamena denean gai zerrendan beste gai bat sartzea, izapidera onartu ahal izateko aurrebaldintza izanen da organo hartan eztabaidatu ahal izateko Erregelamenduak ezartzen dituen izapide guztiak betetzea. Gai zerrendan beste gai bat sartzea eskatzen duten proposamenak idatziz arrazoitu beharko dira, eta proposatzen den enuntziatu zehatza, bilkuraren hasieran irakurriko baita, eman beharko da.

3. Foru Diputazioak eskatu ahalko du bilkura zehatz batean gai bat lehentasunez sar dadila, baldin eta gai horrek eztabaidatu ahal izateko beharrezkoak diren izapide guztiak bete baditu.

III. KAPITULUA. Quoruma

81. artikulua

Legebiltzarreko organoek beren bilkurak irekiko dituzte bertan diren parlamentarien zenbatekoa edozein izanik ere.

IV. KAPITULUA. Eztabaidak

82. artikulua

1. Lehendakariak bilkura hasita dagoela adieraziko du eta, ondoren, eztabaidatuko den gai zerrendako puntu zehatza irakurriko du.

2. Puntu zehatz hori irakurri orduko, gai zerrendako gai bakoitzaren eztabaida irekiko du.

3. Eztabaidak ondorengo artikuluek ezartzen dutenari lotuko zaizkio, gai zerrendako zein puntu ere den.

83. artikulua

1. Lehendakariak eztabaidak zuzentzen eta antolatzen ditu, Mahaiko gainerako kideen laguntzarekin.

2. Lehendakaritzak errespetua, ordena eta adeitasun parlamentarioa gordetzen direla zainduko du uneoro.

84. artikulua

1. Foru parlamentariek ezin izanen dute hitz egin baldin eta, aldez aurretik, lehendakariari hitza eskatu eta hark eman ez badie. Eztabaida-txandetan mintzatu ahal izateko, hizlariak txanden hasiera baino lehen eskatu beharko du hitza. Txanda iristen zaionean lehendakariak deitu eta hizlaria aretoan ez badago, bere txandari uko egin diola ulertuko da.

2. Parlamentu-talde batek edo foru parlamentari batek aurkeztutako zuzenketak, boto partikularrak, foru lege proposamenak nahiz bestelako proposamen eta ekimenak bertan behera geldituko dira baldin eta lehendakariak parlamentu-talde edo foru parlamentari horri defentsarako hitza ematen badio eta taldea edo parlamentaria une horretan bilkuran ez badago.

3. Foru parlamentariek mintzatokitik hitz egin beharko dute, baina lehendakariak horrela ez egiteko baimen zehatza eman ahalko die. Dena den, batzordeetako mintzaldiak eta ahozko galderei dagozkienak eserlekutik eginen dira.

4. Inor mintzatzen ari den bitartean, lehendakariak ez beste inork moztu ahalko du hizlaria, eta hark kasu hauetan baizik ez: denbora bukatu zaiola ohartarazteko, gaiari lotzeko edo ordena gordetzeko eskatzeko, hitza kentzeko edo Legebiltzarrari, Legebiltzarreko kide bati zein publikoari ordena gordetzeko eskatzeko.

5. Ezarritako denbora amaitu bada, lehendakariak hitza kenduko dio hizlariari, bukatzeko bi aldiz eskatu ondoren.

6. Hitza txanda berean eskatu duten foru parlamentariek txandaren hurrenkera eta denbora elkarri trukatu ahalko dizkiote, lehendakariak hitza eman eta gero. Mintzatzeko eskubidea duen edozein foru parlamentari talde bereko beste batek ordeztu ahal izanen du eztabaida jakin batean, aldez aurretik parlamentu-taldeko eledunak lehendakariari horren berri emanez gero.

7. Foru Diputazioko kideak haren izenean mintzatu ahalko dira hala eskatzen duten guztietan, Legebiltzarreko lehendakariak eztabaidak antolatzeko duen ahalmena gorabehera. Mintzaldi horrek ihardespen-txanda ekar dezake aurretik mintzatu den beste bati erantzuten badio, eta are eztabaida berriz ireki ere baldin eta lehendakariaren ustez eztabaidatzen ari den gaian berrikuntzarik badakar.

85. artikulua

1. Lehendakariak uste baldin badu eztabaida batean foru parlamentari bati edo haren jokabideari buruzko aipamena egin dela, aipatuari hitza eman ahalko dio, gehienez hiru minutuko txandan, hark, eztabaidatzen ari den gaiaren harira sartu gabe, adierazitakoari erantzun diezaion. Foru parlamentariak muga hori gainditzen badu, lehendakariak berehala kenduko dio hitza.

2. Aipamenak bilkura berean erantzun beharko dira. Aipatua bertan ez badago, parlamentu-talde bereko beste kide batek erantzun ahalko du haren izenean.

3. Aipamenak parlamentu-talde baten izen onari edo duintasunari eragiten badie, lehendakariak hitza eman ahalko dio taldearen ordezkari bati, artikulu honetako 1. eta 2. idatz-zatietan ezartzen diren denbora eta baldintzetan.

86. artikulua

Erregelamendu honetako 84.1 artikuluan ezarritakoa ez da eragozpen izanen edozein foru parlamentarik ondokoa eskatu ahal izateko:

1. Erregelamendua betetzea, eztabaida zertan ere den. Horretarako, zer artikuluren aplikazioa eskatzen ari den aipatu beharko du. Horren inguruan ezin izanen da eztabaidarik egin, eta egindako alegazioa ikusirik lehendakariak hartzen duen erabakiari men egin beharko zaio.

2. Eztabaidatzen ari den gaia argitzeko haren ustez baliagarriak diren arau nahiz dokumentuak irakurtzea, eztabaida bitartean edo bozketa egin baino lehen. Lehendakariak ukatu ahalko du gaiaz kanpokotzat edo alferrekotzat jotzen dituen irakurketak egiteko eskubidea, bai eta eztabaidatzen ari den gaiari buruzko erabakia hartzea luzatu nahi dutenena ere.

87. artikulua

Lehendakariak, berak hala nahita edo parlamentu-talde batek eskatuta, bilkura aldi baterako eten ahalko du, atsedenaldia emateko, kontsultak egiteko edo erabakiak errazteko. Bilkura eteten badu, zenbat denborarako eten den zehaztuko du.

88. artikulua

Lehendakariak bakarrik eman ahalko du bilkura bat bukatutzat, behin gai zerrenda amaitu ondoren, 124. artikuluan ezarritakoaren salbuespenarekin.

89. artikulua

Erregelamendu honetako 87. artikuluak aurreikusten ez dituen kasuetan, lehendakariak bilkura eten ahalko du, Mahaiarekin kontsulta egin ondoren, baldin eta inguruabarren arabera bilkura etetea komeni bada.

90. artikulua

1. Erregelamendu honetan berariaz arautu ez diren eztabaidak hasiko dira proposamen, zuzenketa, boto partikular edo kasuan kasuko ekimenaren defentsarekin, dena delako ekimena aurkeztu duen parlamentu-taldeak edo foru parlamentariak -beraren izenean- egindako defentsarekin hasi ere.

2. Ondoren, aldeko txanda irekiko da, eta, gero, aurkako txanda. Txanda horietako bakoitzean mintzatuko ahalko dira, zein bere ordezkarien bidez, parlamentu-talde guztiak, salbu eta aurreko idatz-zatian aipatzen den defentsa-txanda horretan mintzatu dena edo direnak. Parlamentu-taldeen mintzaldien hurrenkera talde bakoitzak dituen parlamentarien kopuruari begira ezarriko da, gehien dituztenetik hasi eta gutxien dituztenekin bukatzeko. Askotariko taldeko ordezkariak azkenak izanen dira mintzatzen.

3. Aurreko idatz-zatietan aipatzen diren txanden iraupena, non eta kontrakoa ezartzen ez den, ez da hamar minutukoa baino luzeagoa izanen, osoko eztabaidetan izan ezik, non ez baita hamabost minutukoa baino luzeagoa izanen.

4. Edozein eztabaidatan, proposamena, zuzenketa, boto partikularra edo bestelako ekimena aurkeztu duen parlamentu-taldeak edo foru parlamentariak ihardespen-txanda edukiko du -bost minutukoa gehienez ere-, aldeko eta kontrako txanden ondoren.

5. Zenbait parlamentu-taldek edo talde ezberdinetako foru parlamentariek izenpeturiko proposamenak eztabaidatzen direnean, defentsarako txanda izanen da izenpetu dutenetako batentzat, eta gainerakoak aldeko txandan mintzatu ahalko dira. Kasu horietan, ihardesteko txanda proposamenaren defendatzailearentzat izanen da.

Aurrekoa gorabehera, proposamen-egileek lehendakariari adierazi ahalko diote defentsa eta ihardespen txandak erabili nahi dituztela haien denborak elkarren artean banatuz.

6. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoa ez da eragozpen izanen lehendakariak eztabaida antolatzeko eta, eztabaidaren garrantziari erreparatuta, mintzaldien kopurua eta iraupena luzatu edo laburtzeko.

91. artikulua

1. Askotariko taldearen mintzaldiak foru parlamentari bakar baten bidez gauzatu ahalko dira, gainerako parlamentu-taldeek duten adina denbora erabiliz, baldin eta bertan dauden taldekide guztiek hori erabakitzen badute eta erabakia Legebiltzarreko lehendakariari jakinarazten badiote, dela eledunaren bidez dela haren ordez ari denaren bidez.

2. Horrelako erabakirik ez badago, mintzatu nahi duten kideen izena eskatuko dio lehendakariak Askotariko taldeko eledunari eta, zerrenda ikusirik, parlamentu-talde bati dagokion denbora mintzatu nahi dutenen artean zatitzetik ateratzen den denbora emanen dio bakoitzari.

92. artikulua

Legebiltzarreko zein Batzordeko lehendakariak, lehendakariordeek edo idazkariek eztabaidan parte hartu nahi badute, Mahaian daukaten tokia utzi beharko dute.

V. KAPITULUA. Bozketak

93. artikulua

1. Erabakiak hartu ahal izateko, Legebiltzarrak eta bere organoek erregelamenduak ezarritakoaren arabera bilduta egon beharko dute, eta kideen gehiengoak bertan egon beharko du.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den quorumik ote dagoen egiaztatzea edozein bozketa hasi aurretik bakarrik eskatu ahalko da. Behin bozketa hasiz gero, hartutako erabakia baliagarria izanen da, bertan dagoen parlamentari kopurua zein ere den. Bozketa hasi baino lehen arestian aipatutako quorumik ez dagoela egiaztatzen bada, bozketa bi ordu geroratuko da gehienez ere. Epe hori iraganik bozketa arauak eskatutakoaren arabera egiterik ez badago, gaia kasuan kasuko organoaren hurrengo bilkuran bozkatuko da.

94. artikulua

1. Erabakiak, baliodunak izateko, gehiengo soilaz onetsi beharko dira, salbu eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak, legeek eta erregelamendu honek berak ezartzen dituzten gehiengo bereziak eskatzen dituztenak.

2. Foru parlamentarien botoa pertsonala eta delegaezina da, honako kasuetan izan ezik:

a) Amatasuna dela-eta Osoko Bilkuraren saioetara joaterik ez duen parlamentariak bere botoa beste parlamentari baten esku utzi ahalko du, erditzearen ondorengo sei asteetan.

b) Behar bezala egiaztatutako ospitaleratze baten edo gaixotasun larri baten ondorioz Osoko Bilkuraren saioetara joaterik ez duten parlamentariek beren botoa beste parlamentari baten esku utzi ahalko dute.

Botoa delegatzeko eskaria Parlamentuko Mahaiari zuzendutako idazki batez eginen da. Idazki horretan, botoa delegatzen duen pertsonaren izena eta boto-delegazioa jasotzen duen pertsonaren izena agertuko dira, bai eta delegazio hori zein osoko bilkuratan erabili beharko den edo, kasua bada, delegazioak zenbat iraunen duen. Mahaiak, eskaerari buruz ebazterakoan, boto delegatua emateko prozedura ezarriko du.

3. Gehiengo soila lortzeko beharrezkoa da aldeko botoak aurkakoak baino gehiago izatea, abstentzioak, boto zuriak edo baliogabeak kontuan hartu gabe.

4. Gehiengo osoa lortzeko beharrezkoa da bozketa egiten duen organoko kideen erdiak baino gehiagok boto bera ematea.

95. artikulua

Bozketak ezin izanen dira ezergatik ere eten. Bozketak egiten diren bitartean, lehendakariak ez dio inori hitz egiteko baimena emanen, eta ezein foru parlamentarik ezin izanen du aretoa utzi edo aretoan sartu.

96. artikulua

Erregelamendu honek ezartzen dituen kasuetan eta lehendakariak, garrantzia edo izaera bakana dela-eta hala erabakitzen duenetan, bozketa ordu jakin batean eginen da. Lehendakariak aldez aurretik iragarri behar duen ordu hori iristean eztabaida bukatu gabe badago, lehendakariak bozketa egiteko beste ordu bat ezarriko du.

97. artikulua

Bozketa honelakoa izan ahalko da:

Bat. Lehendakariak egindako proposamenaren baiespenez.

Bi. Ohikoa.

Hiru. Jendaurrekoa, banan-banan deituta.

Lau. Isilpekoa.

98. artikulua

Lehendakariak egiten dituen proposamenek, behin iragarri eta gero, inongo eragozpenik edo oposiziorik eragiten ez badute, baiespenez onetsita daudela ulertuko da. Bestela, ohiko bozketa eginen da.

99. artikulua

Ohiko bozketa, lehendakariak zer erabakitzen duen, ondoren esaten den hauetako modu batez egin ahalko da:

Bat. Eskua altxatuta, aurrena onesten dutenek, hurrena onesten ez dutenek eta, azkenik, abstenitzen direnek. Lehendakariak idazkariei aginduko die zenbaketa egiteko baldin eta emaitzari buruz zalantzarik badu edo emaitza aldarrikatu ondoren, parlamentu-talderen batek erreklamazioa egiten badu. Hurrengo eztabaida hasiz gero ez da inongo erreklamaziorik onartuko.

Bi. Foru parlamentari bakoitzak zer boto eman duen eta bozketaren emaitza orokorrak egiaztatzen dituen prozedura elektronikoaren bidez.

100. artikulua

1. Bozketa jendaurrekoa izanen da, parlamentariei banan-banan deituta, edo isilpekoa, erregelamendu honek hala eskatzen badu edo bi parlamentu-taldek nahiz parlamentarien edo kasuan kasuko organoko kideen bosten batek hala eskatzen badu. Bestela egiteko eskaerarik baldin badago, bozketa isilpekoa izan dadila eskatzen duena nagusituko da. Legegintzako prozeduretan bozketa ezin izanen da inoiz ere isilpekoa izan.

2. Zentsura mozioaren eta konfiantza eskaeraren bozketa beti izanen dira jendaurrekoak eta parlamentariei banan-banan deituta.

101. artikulua

Parlamentariei banan-banan deituta egindako jendaurreko bozketan idazkari batek foru parlamentarien izenak esanen ditu, eta haiek "bai", "ez" edo "abstentzioa" erantzunen dute. Deia lehen deituren alfabetoko hurrenkeraren arabera eginen da. Foru parlamentari diren Nafarroako Gobernuko edo Diputazioko kideak eta Mahaia azkenak izanen dira botoa ematen.

102. artikulua

1. Isilpeko bozketa boto-txartelen bidez egin beharko da, eta erregelamenduak ezartzen duenean, pertsonak hautatu behar direnean edo 100.1 artikuluak ezartzen duenari jarraituz eskatu denean izanen da aplikatzekoa.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen bozketa egiteko, foru parlamentariak izenez deituak izanen dira mahaira, alfabetoko hurrenkeran, eta lehendakariari boto-txartelak emanen dizkiote, hark hautestontzian sar ditzan.

103. artikulua

Bozketa bukatu eta gero, idazkariek botoak zenbatuko dituzte, eta horietako batek emaitza iragarriko du. Ondoren, lehendakariak hartu den erabakia aldarrikatuko du.

104. artikulua

1. Bozketaren batean berdinketa badago, bigarren bozketa eginen da, eta oraindik ere berdinketa badago, bozketa eten eginen da, lehendakariak arrazoizkotzat jotzen duen epe batez. Epea bukatuta, bozketa errepikatuko da, eta, oraindik ere berdinketa badago, bozkatzen ari den irizpena, artikulua, zuzenketa, boto partikularra edo dena delako ekimena bazter utziko da.

2. Batzordeetako bozketetan, boto-berdinketa izanik ere berdinketarik ez dagoela ulertuko da baldin eta parlamentu-talde bereko kide guztiek berdin bozkatu badute eta berdinketa desegin ahal bada talde bakoitzak Osoko Bilkuran dituen botoen kopurua ponderatuz. Ondorio horietarako, batzordeko kide diren Askotariko taldeko parlamentarien botoak zenbatzean, taldeko zenbat kidek eman dioten eledunari ordezkaritza -idatziz kreditatu beharko du-, horrenbeste boto izanen ditu.

3. Alabaina, batzordeak eskumen osoaz jarduten duen legegintzako prozeduretan, 1. idatz-zatian aurreikusitako bozketak egin eta gero berdinketa badago, Osoko Bilkurak erabakiko du berdinketa nola ebatzi.

4. Aurreko idatz-zatietan xedaturikoa salbu, lehendakariak bozketa bat errepikatzea agindu ahalko du, Mahaiko gainerako kideei entzun ondoren, soil-soilik bozketa-mekanismoan akats bat izan denean edo bozketaren emaitza ez denean bertaraturiko parlamentarien egiazko borondatearen araberakoa, boto-emaileetakoren baten ageriko hutsegitearen ondorioz, eta berak berehalakoan eskatuta.

105. artikulua

1. Aurretiazko eztabaidarik izan ez duen gai bati buruzko bozketa egin ondoren, lehendakariak bost minutuko txanda eman ahalko die parlamentu-taldeei, haiek beren botoari buruzko azalpenak eman ditzaten. Halaber, txanda hori eman ahalko dio aurretiazko eztabaidan iragarritako botoa aldatzen duen parlamentu-taldeari.

2. Taldeen mintzaldien hurrenkera talde bakoitzak daukan kide kopuruaren arabera ezarriko da, betiere Askotariko taldetik hasi eta txikienetik handienera pasatuz.

3. Bozketa isilpekoa denean ez dago botoa azaltzerik.

4. Ez da onartuko nork bere botoa azaltzea.

VI. KAPITULUA. Bilkuren aktak

106. artikulua

1. Ondokoen bilkuretan, akta jasoko da: Osoko Bilkura, batzordeak, Eledunen Batzarra, Legebiltzarreko Mahaia, batzordeetako mahaiak eta lantaldeak. Aktan eztabaidatutako gaien, mintzatu diren pertsonen, gertatutako gorabeheren eta hartutako erabakien berri emanen da labur.

2. Idazkari batek izenpetuko ditu bilkura aktak, lehendakariak ontzat eman ondoren, eta gero Parlamentuko Zerbitzu Orokorretan geldituko dira, foru parlamentarien eskura. Bilkura bukatu eta ondorengo hamar egunetan akten edukiari buruzko erreklamaziorik ez badago, onetsita daudela ulertuko da; bestela, kasuan kasuko organoaren hurrengo bilkuran hartuko da erabakia.

VII. KAPITULUA. Epeak zenbatzea eta agiriak aurkeztea

107. artikulua

1. Non eta kontrakoa ezartzen ez den, erregelamendu honetan egunka adierazten diren epeak egun baliodunetan zenbatuko dira, eta hilabeteka adierazten direnak, berriz, datatik datara. Mugaegunaren hilabetean ez baldin badago zenbaketaren hasierako egunari dagokion egunik, ulertuko da epea amaitzen dela hilabeteko azken egunean.

Zenbaketari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbat eta igandea, Nafarroa eta Iruñeko lan-egutegian jai-egun gisa agertzen direnak eta Legebiltzarreko Mahaiak baliogabe izendaturiko egunak.

2. Zenbaketa honetatik salbuetsiko dira uztaila eta abuztua, salbu eta gaia bilkura berezi baten gai zerrendan sartuta ez badago edo Erregelamendu honetako 14.3 artikuluan aurreikusitako epea baldin bada. Legebiltzarreko Mahaiak ezarriko du zer egun bihurtu baliodun, betiere aipatu bilkura berezia egin ahal izateko izapideak betetzeko, ez beste ezertarako.

108. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak erregelamendu honetan ezartzen diren epeak laburtzea edo luzatzea erabaki dezake, salbu eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan ezarririk daudenak.

2. Oro har, luzapenak ez dira epea bera baino luzeagoak izanen, eta laburtzapenak ez dira epearen beraren erdia baino handiagoak izanen.

109. artikulua

1. Agiriak egun baliodunetan eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak ezartzen duen ordutegian aurkeztu ahalko dira Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean.

2. Erregistroko ordutegia hogeita lau ordukoa ez bada, agiriak aurkezteko erregelamendu honek ezartzen dituen epeak hurrengo egun balioduneko eguerdiko hamabiak arte luzatuko dira.

3. Parlamentuko organo bati igortzen zaion agiri oro Legebiltzarreko Erregistro Orokorrean ofizialki erregistratu beharko da.

4. Parlamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztu diren agiriak Mahaiak kalifikatu behar baditu, aurkeztu ondotik deitzen den lehen bilkurako gai zerrendan sartuko dira.

VIII. KAPITULUA. Presako prozedura

110. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak gai bat presako prozeduraz izapidetzea erabaki ahalko du, baldin eta Nafarroako Gobernuak, bi parlamentu-taldek edo foru parlamentarien bostenak hala eskatzen badute.

2. Izapidetzen ari den gai bat presako prozeduraz izapidetzea erabakiz gero, presako prozedura ondorengo izapideei aplikatuko zaie.

111. artikulua

Erregelamendu honetako 108. artikuluak ezarritakoa gorabehera, presako prozeduran epeek prozedura arruntean irauten dutenaren erdia iraunen dute.

IX. KAPITULUA. Nafarroako Parlamentuko argitalpenak eta bere lanen publizitatea

112. artikulua

Ondorengo hauek izanen dira Nafarroako Parlamentuko argitalpen ofizialak:

1. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofiziala.

2. Nafarroako Parlamentuko Bilkura Egunkaria.

113. artikulua

1. Parlamentuko Bilkura Egunkarian jasoko dira Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren, Batzorde Iraunkorraren eta Mahaiak erabakitzen dituen batzordeen jendaurreko bilkuretako mintzaldi eta erabaki guztiak nahiz gertatu diren gorabeherak, bilkura horiek egin eta hilabeteko epean. Egunkari horretan jasoko dira, halaber, ikerketa batzordeetan egiten diren agerraldi publikoak.

2. Isilpeko bilkuretan gorabeheren, mintzaldien nahiz erabakien hitzez hitzeko akta jasoko da, eta haren ale bakarra lehendakariak gordeko du. Foru parlamentariek kontsultatu ahalko dute, Mahaiak erabaki hori hartuz gero.

Hartzen diren erabakiak Bilkura Egunkarian eta Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, salbu eta Mahaiak isilpean gorde beharrekoak direla erabakitzen badu. Hori guztia ez da eragozpen izanen erregelamendu honetako 62. artikuluaren 7. eta 8. idatz-zatiek ezarritakoa betetzeko.

114. artikulua

1. Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira erregelamendu honetako arauetakoren batek agintzen dituen agiriak eta testuak, Parlamentuko izapidetze egokirako eta behar bezala ezagutzeko argitaratu beharrekoak diren agiriak eta testuak eta lehendakariak zein Mahaiak agintzen dituztenak.

2. Lehendakariak edo Mahaiak, presa dela-eta agindu ahalko du lehen idatz-zatian aipatzen diren testuak eta agiriak beste bitartekoren baten bidez erreproduzi daitezela eta eztabaidatu behar dituen organoetako kideei bana dakizkiela, ondoren Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko badira ere.

115. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak kasuan-kasuan hartu beharreko neurriak hartuko ditu hedabideei Parlamentuko organoen jarduerei, proposamenei eta ebazpenei buruzko informazioa emateko.

2. Mahaiak berak arautuko du hedabideen ordezkari grafiko eta literarioei kredentzialak ematea, Parlamentuan haientzat egokitzen diren tokietara eta joan ahal diren bilkuretara sar daitezen.

3. Inork ere ezin izanen du Parlamentuko organoen bilkuren grabaketa irudizko edo soinuzkorik egin, Legebiltzarreko lehendakariak horretarako baimena eman ez badio.

X. KAPITULUA. Parlamentuko diziplina

1. atala. Zehapenak

116. artikulua

Lehendakariak bilkura aretotik bota ahalko ditu foru parlamentariak, eta bilkuretara sarrera galarazi, 121. eta 123. artikuluek ezartzen dituzten kasuetan eta moduan.

117. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak, interesdunari entzun eta gero, eta erabaki arrazoituaren bidez, erregelamendu honek ematen dizkien eskubide guztiak edo batzuk kendu ahalko dizkie foru parlamentariei, ondoren zehazten diren kasuetan:

a) Bere borondatez Osoko Bilkuretara edo batzordeetako bilkuretara era nabarmenean edo behin eta berriro joateari uzten diotenean.

b) Erregelamendu honetako 22. artikuluak ezartzen duen sekretua gorde beharra hausten dutenean.

c) Foru parlamentaria, hiru aldiz ordena gordetzera deitu eta gero, bilkura aretotik kanporatua izan eta aretoa utzi nahi ez duenean.

d) Foru parlamentariak armarik eramaten badu edo Parlamentu barrenean iskanbila larriak sorrarazten baditu.

e) Foru parlamentariak erregelamendu honetako 23. artikuluak ezartzen duenaren aurka egiten duenean.

f) Foru parlamentariak jarduerari edo ondasunei buruzko aitorpenak betetzen ez dituenean edo ikerketa batzordeen esku uzten ez dituenean pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga aitorpenaren kopia kautotua edo ondasunaren gaineko zerga aitorpenarena, erregelamendu honetako 24. artikuluaren 6. eta 8. idatz-zatiek ezarritakoari jarraituz.

2. Hiru hilabetetik gorako zehapena ezarri ahal izateko, Mahaiak proposamena egin beharko dio Osoko Bilkurari.

3. Mahaiaren erabakiak zehaztuko ditu zehapenen iraupena eta norainokoa, erregelamendu honetako 35. artikuluak ezartzen dituen dirulaguntzak ere har ditzaketenak.

118. artikulua

1. Osoko Bilkurak, Mahaiak hala proposaturik eta isilpeko bilkuran eztabaidatu ondotik, erregelamendu honek ematen dizkion eskubide guztiak edo batzuk kendu ahalko dizkio foru parlamentari bati, ondoren zehazten diren kasuetan:

a) Aurreko artikuluan aurreikusitako zehapena ezarri eta bete ondoren, foru parlamentariak bere jarrerari eusten dionean.

b) Legebiltzarreko Mahaiak proposaturiko zehapena hiru hilabete baino gehiagokoa denean.

2. Mahaiaren proposamenak, interesdunari entzun eta gero egin eta arrazoitua izanen baita, eskubide-gabetzeak zenbat denbora iraunen duen zehaztuko du, eta epe horretan foru parlamentariak bere eskubide guztiak edo batzuk galduko ditu.

Eskubide-gabetzeak erregelamendu honetako 35. artikuluak ezartzen dituen dirulaguntzak zehazteko orduan ere izanen du eragina.

3. Eskubide-gabetzearen arrazoia, Mahaiaren iritziaren arabera, delitua ere izan ahal bada, lehendakariak kasuan kasuko erakunde judizial eskudunari pasatuko dio erruduntasun-testigantza.

2. atala. Gaiari lotzeko eta ordena gordetzeko deiak

119. artikulua

1. Lehendakariak gaiari lotzeko deia eginen die hizlariei eztabaidatzen ari den gaitik kanpo jarduten duten bakoitzean, edo aurrez eztabaidatu edo onartu diren gaiez jarduten duten bakoitzean.

2. Lehendakariak hitza kenduko dio hizlariari mintzaldi berean gaiari lotzeko hiru dei egin ondoren.

120. artikulua

1. Foru parlamentariei eta hizlariei ordena gordetzeko deia eginen zaie ondorengo kasuetan:

a) Legebiltzarraren nahiz bere kideen, Estatuko nahiz Nafarroako erakundeen edo beste edozein pertsonaren nahiz erakunderen izen onaren aurkako hitzak esaten edo kontzeptuak adierazten badituzte.

b) Eztabaidak behar bezala gauzatzeko ezarritakoaren aurka aritzen badira bere mintzaldietan.

c) Bilkuren ordena hausten badute, besteren hitza etenez edo beste modu batez.

d) Hizlari bati behin hitza kendu ondoren, hizketan segitu nahi badu.

e) Erregelamendu honetan aurreikusten diren gainerako kasuetan.

2. Aurreko idatz-zatiko a) letrako kasua gertatzen bada, lehendakariak aginduko du esandako irainak ez daitezela Bilkura Egunkarian jaso, eta hizlariari eskatuko dio hitzak erretiratzeko. Hizlariak uko egiten badio eskaera horri, ordena gordetzeko deiak egin ahalko dira, hurrengo artikuluan zehazten diren ondorioekin.

121. artikulua

1. Bilkura berean ordena gordetzeko hiru dei jasotzen dituen hizlariari hitza kenduko zaio, eta lehendakariak, eztabaidarik gabe, bilkura egiten ari den aretotik kanpora bidaltzearekin zehatu ahalko du, eta debekatu eginen dio bilkura horretan egotea.

2. Kanporatuak aretoa uzteari uko egiten badio, lehendakariak eten eginen du bilkura, gero, hura bertan ez dela, berriro hasiera emateko, eta kanporaketa eraginkor egiteko behar diren neurri guztiak hartuko ditu. Kasu horietan, lehendakariak, 117. artikuluan ezartzen dena gorabehera, deitua izan den hurrengo bilkurara joateko debekua ezarri ahalko dio.

3. atala. Parlamentu barruko ordena

122. artikulua

Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarreko gela guztietan ordena gorde dadin begiratuko du, eta, ordena urratzen bada, egoera lehengoratzeko egoki irizten dituen neurri guztiak hartuko ditu.

123. artikulua

Parlamentu barrenean, bilkuran edo bilkuratik kanpo, inork bere jokabidearekin egitez edo hitzez ordena larriki urratzen badu, berehala kanporatua izanen da.

124. artikulua

Lehendakariak bilkurak eten edo bukatutzat eman ahalko ditu, baldin eta bilkurak behar bezala egitea galarazten duten istiluak sortzen badira.

125. artikulua

1. Jendaurreko bilkuretan, jendea uneoro isilik egotera beharturik dago, inongo onespen edo gaitzespen adierazpenik azaldu gabe.

2. Lehendakariak aretotik kanporatuz zehatuko ditu ordena, aldez edo moldez, urratzen duten jendearen arteko pertsonak. Zalaparta sortzen bada edo ordena-urratzaileak identifikatu ezin baditu, lehendakariak jende guztia aretotik kanpora ateratzeko agindu dezake.

3. Mahaiak hurrengo bilkuretara joatea debekatu ahalko dio kanporatua izan den jendeari, eta parlamentu-talde bati gonbidatu-txartelak emateari utzi ahalko dio parlamentu-talde horrek gonbidatutakoak bilkura aretotik kanporatuak badira.

VI. TITULUA. LEGEGINTZAKO PROZEDURA

I. KAPITULUA. Legegintzako ekimena

126. artikulua

1. Nafarroako Parlamentuan gauzatu beharreko legegintzako ekimena hauei dagokie:

a) Foru Diputazioari.

b) Foru parlamentariei, erregelamendu honek ezartzen duen moduan.

c) Udalei, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 19.1.c) artikuluaren garapenez Nafarroako udalen legegintzako ekimena arautzen duen Foru Legeak ezartzen duenarekin bat.

d) Herritarrei, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 19.2 artikuluaren garapenez Herritarren legegintzako ekimena arautzen duen Foru Legeak ezartzen duenarekin bat.

2. Nafarroako kontu orokorrei eta aurrekontuei dagokienez, baita kreditu bereziei zein kreditu osagarriei nola Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 26. artikuluaren a) letrak aipatzen dituenei dagokienez ere, legegintzako ekimena Nafarroako Gobernuari dagokio bakar-bakarrik.

3. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 20.2 artikuluan aipatzen diren foru legeen xede izan behar duten gaietan, legegintzako ekimena Nafarroako Gobernuari eta foru parlamentariei dagokie bakar-bakarrik.

II. KAPITULUA. Legegintzako prozedura arrunta

1. atala. Foru lege proiektuak

I. Zuzenketen aurkezpena.

127. artikulua

1. Nafarroako Gobernuak igortzen dituen foru lege proiektuek zioen azalpena eta legez nahitaezkoak diren txostenak edukiko dituzte, baita haiei buruz iritzia eman ahal izateko beharrezkoak diren aurrekariak ere.

2. Parlamentuko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, foru lege proiektua izapidera onartzen den edo ez erabakiko du, kasuan kasuko batzordeari emanen dio proiektuari buruz irizpena emateko eskumena eta Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du.

128. artikulua

1. Behin Parlamentuko Aldizkari Ofizialean foru lege proiektu bat argitaratu eta gero, gutxienez hamabost egun balioduneko epea irekiko da, eta epe horrek iraun bitartean parlamentu-taldeek eta foru parlamentariek, nork bere izenean, zuzenketak aurkeztu ahalko dizkiote proiektuari, kasuan kasuko batzordeko mahaiari igorritako idatziaren bitartez.

2. Parlamentu-taldeek aurkeztutako zuzenketak taldeko eledunak izenpetuko ditu, eta foru parlamentariek, nork bere izenean, aurkezten dituztenak, parlamentaria kide den taldeko eledunak izenpetuko ditu, ezagutzaren ondorioetarako. Eledunaren sinadura eza ez da eragozpen izanen zuzenketa izapidetzeko, kasuan kasuko taldeak zuzenketari buruz daukan jarrera nolakoa den adieraziko ez duen arren.

3. Askotariko taldeko foru parlamentariek nork bere izenean aurkeztu ahalko dituzte zuzenketak, bere sinadura soilarekin.

4. Zuzenketak osotasunari aurkeztu ahal zaizkio, edo artikuluei.

5. Osoko zuzenketak dira foru lege proiektuaren egokitasunari, printzipioei edo oinarriei buruzkoak eta proiektua Gobernuari itzul dakion eskatzen dutenak, edo proiektuaren testuaren aurrean ordezko testu oso bat proposatzen dutenak.

6. Artikuluei aurkezten zaizkien zuzenketak kentzekoak, aldatzekoak edo gehitzekoak izan daitezke. Azken bi kasuetan, zuzenketak proposatzen den testua jaso beharko du.

7. Xede horrekin, eta, oro har, prozedura normatiboaren ondorio guztietarako, xedapen gehigarri, iragankor nahiz indargabetzaileak eta azken xedapenak artikulutzat joko dira, eta beste horrenbeste legearen titulua, legearen sistematizazioaren zati bakoitzaren idazpuruak, antolamendu sistematikoa bera eta zioen azalpena.

8. Artikuluei aurkeztutako zuzenketetatik ez dira onartuko aipagai duten testuarekin behar bezalako zerikusirik ez dutenak, ez eta, osotasunean aintzat hartuta, osoko zuzenketa batean jasotako ordezko testu guztiarekin identifikatzen direnak ere.

129. artikulua

1. Ekitaldiko kredituak gehitzea edo aurrekontu-dirusarrerak gutxitzea ekartzen duten foru lege proiektu bati eginiko zuzenketek Foru Diputazioaren onespena eduki beharko dute izapidetzeko.

2. Horretarako, kasuan kasuko batzordeko mahaiak edo, bestela, txostena idatzi behar duen lantaldeak, Foru Diputazioari igorriko dizkio, Parlamentuko lehendakariaren bidez, gehiagotzea edo gutxiagotzea dakarten zuzenketa horiek.

3. Foru Diputazioak erantzun arrazoitua eman beharko du zortzi eguneko epean, eta epea bukatutakoan Foru Diputazioak erantzunik eman ez badu, ados dagoela ulertuko da. Mahaiak epe hori luzatzea eskatu ahalko du, Foru Diputazioak luzatzeko eskatzen badio.

4. Foru Diputazioak, aurreko idatz-zatietan adierazten denari jarraituz kontsultarik egin ez bazaio, izapidetzearen edozein unetan adierazi ahalko du ez dagoela ados aurrekontuko sarrerak gutxitzea edo kredituak gehitzea dakarten zuzenketak izapidetzearekin.

Zuzenketek aurrekontuan duten eragina dela-eta batzordeko mahaiaren eta Foru Diputazioaren artean egon litezkeen desadostasunak Eledunen Batzarrak ebatziko ditu.

130. artikulua

1. Zuzenketak aurkezteko epea amaituta, batzordeko mahaiak -aldez aurretik batzorde horren lehendakariak deituta- izapidera onartuko ditu zuzenketak baldin eta 128. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz aurkeztu badira, aurkeztu izan diren ordenaren arabera eta 134. artikuluak ezarritakoaren arabera antolatuko ditu eta Legebiltzarreko lehendakariari bidaliko dizkio, hark, besterik gabe, Parlamentuko Aldizkari Ofizialean berehala argitara daitezela agindu dezan.

2. Batzordeko mahaiak zuzenketak izapidera ez onartzea erabakiz gero, erabaki horren aurka errekurtsoa jarri ahalko da Eledunen Batzarrean, erabakia jakinarazi ondoko hiru eguneko epean, eta Eledunen Batzarrak behin betiko erabaki arrazoitua emanen du.

131. artikulua

Zuzenketarik aurkeztu ez bada, batzordeko mahaiak Legebiltzarreko lehendakariari emanen dio horren berri, delako foru lege proiektua Legebiltzarreko Osoko Bilkuran zuzenean izapidetu ahal izan dadin.

II. Osoko Bilkurako osoko eztabaidak.

132. artikulua

1. Erregelamenduak ezarririko epean osoko zuzenketak aurkeztu direnean, foru lege proiektuen osoko eztabaida eginen da Osoko Bilkuran. Batzordeko lehendakariak, kasu horretan, aurkeztu diren osoko zuzenketak igorriko dizkio Parlamentuko lehendakariari, eztabaidatu behar diren Osoko Bilkuraren gai zerrendan sar daitezen osoko zuzenketak.

2. Zuzenketa horien eztabaida 90. artikuluak osoko eztabaidetarako ezartzen duenari jarraituz eginen da Osoko Bilkuran. Eztabaida hasteko, Gobernuko kide batek proiektua aurkeztuko du; hamabost minutu izanen ditu horretarako.

3. Parlamentu-talde batek nahiz foru parlamentari batek osoko zuzenketa bat baino gehiago aurkezten badio foru lege proiektu bati, Foru Diputazioari itzul dakion eskatuz, lehendakariak zuzenketak defentsarako eta eztabaidarako txanda bakar batean meta daitezen erabaki ahalko du.

4. Eztabaida bukatu eta gero, lehendakariak bozketan jarriko ditu defendatu diren zuzenketak, proiektua Foru Diputazioari itzul dakion proposatzen dutenetatik hasita.

5. Osoko Bilkurak proiektua Gobernuari itzultzea erabakitzen badu, proiektua bazter utzia geldituko da, eta Parlamentuko lehendakariak horren berri emanen dio Foru Diputazioko lehendakariari. Bestela, kasuan kasuko batzordeari igorriko dio, izapideek aurrera egin dezaten.

6. Ordezko testua proposatzen duen osoko zuzenketa onartzen bada, batzordeko mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, aintzat hartu den foru lege proposamen gisa izapidetuko du ordezko testua.

III. Batzordeko eztabaida.

133. artikulua

1. Osoko eztabaida -baldin eta egin bada- bukatu ondoren eta, edozein kasutan ere, zuzenketak aurkezteko epea bukatu ondoren, batzordeak lantalde bat eratzea erabaki dezake, 55. artikuluak ezarritakoaren arabera arautuko dena, testua ikusirik eta artikuluei aurkeztutako zuzenketak ikusirik gehienez ere hilabeteko epean txosten bat egin dezan.

2. Alabaina, batzordeko mahaiak, foru lege proiektuaren garrantzia edo konplexutasuna direla kausa, txostena egiteko epea luzatu ahalko du, 55. artikuluan ezarritakoa aintzat hartuz.

134. artikulua

1. Lantaldearen txostena -baldin eta txostenik badago- bukaturik, batzordeko kide guztiei bidaliko zaie, proiektua batzordean eztabaidatzeko zitazioarekin batera. Eztabaida artikuluz artikulu eginen da, eta Gobernuko kide batek proiektuaren aurkezpena egin ahalko du hamabost minutuz, baldin eta osoko eztabaidan proiektuaren aurkezpenik egin ez bada.

2. Proiektuaren testua ken dadin eskatzen duten zuzenketak eztabaidatuko dira lehenbizi. Ondoren -baldin eta halakorik badago- jatorrizko testutik gehien aldentzen diren aldatzeko zuzenketak eztabaidatuko dira, eta bukatzeko, jatorrizko testuari gero eta gehiago hurbiltzen zaizkionak eztabaidatuko dira.

3. Kentzeko eta aldatzeko zuzenketak eztabaidatu ondoren -baldin eta halakorik badago-, proiektuaren testuarekin modu berean jokatuko da.

4. Ukitzen duten artikuluaren testuari buruzko eztabaidak bukatu eta gero eztabaidatuko dira gehitzeko zuzenketak.

5. Parlamentu-taldeak edo foru parlamentariak -nork bere izenean- aurkeztu duen zuzenketa defendatu eta gero, aldeko eta kontrako txandak irekiko dira, hurrenez hurren.

6. Txanda bakoitzean mintzatu ahalko da, hamar minutuz gehienez ere, parlamentu-talde bakoitzaren ordezkaria, 84.7 artikuluak ezartzen duena eragotzi gabe.

135. artikulua

Proiektuaren zioen azalpena, eta zioen azalpen horri aurkeztu zaizkion zuzenketak, artikulu guztien eztabaida eta bozketa amaitu ondoren eztabaidatu eta bozkatuko dira, baldin eta batzordeak erabakitzen badu zioen azalpena foru legearen aitzinsolas gisa sartzea.

136. artikulua

1. Eztabaida egiten ari den bitartean in voce zuzenketak aurkeztu ahalko dira, zeinen testua orduantxe bertan eman beharko baita idatziz. Zuzenketa horiek eztabaidagaiari buruzkoak izan beharko dute. Batzordeko mahaiak izapidera onartu ahal izateko, gutxienez bi parlamentu-talderen edo batzordeko kideen bostenaren sinadura beharko da. In voce zuzenketa Askotariko taldeko kidea den foru parlamentari batek proposatzen badu, parlamentu-talde baten sinadura izan beharko du gutxienez ere.

2. Mahaiak aztertuko du aurkeztu diren zuzenketek aurreko idatz-zatian ezarritakoa betetzen duten, eta izapidera onartzen dituen ala ez erabakiko du.

voce zuzenketa bat izapidera onartzen bada, zuzenketa sinatu dutenek gai berari buruz aurkeztu dituzten gainerako zuzenketa guztiak nahitaez erretiratu beharko dituzte.

4. Parlamentu-talde bat Mahaiak hartutako erabakiarekin bat ez badator, berriz azter dezala eskatu ahalko du. Mahaiak behin betiko erabaki arrazoitua emanen du.

5. Aurkezten diren in voce zuzenketak kasuan kasuko bilkuraren aktan gehituko dira eranskin gisa, eta haien kopia bat artxibatuko da espedientean.

137. artikulua

1. Zuzenketen eta proiektuaren testuaren eztabaida bukatu ondoren, bozketak eginen dira.

2. Kentzeko eta aldatzeko zuzenketak eztabaidatu diren hurrenkera berean bozkatuko dira. Ondoren artikuluaren testua bozkatuko da, eta azkenik gehitzeko zuzenketak bozkatuko dira.

138. artikulua

1. Batzordeko Mahaiak, proiektuaren eztabaida bukatu ondoren, irizpena igorriko dio Legebiltzarreko Mahaiari, batzordeak espresuki onetsia, eta horren kopia bat emanen die parlamentu-talde guztiei eta Askotariko taldeko foru parlamentariei.

2. Irizpenak batzordeak hartu dituen erabakiak bilduko ditu, nahiz eta Mahaiak sor litezkeen errakuntza eta akats teknikoak zein terminologiakoak edo gramatikakoak zuzentzeko ahalmena izanen duen.

3. Legebiltzarreko lehendakariak aginduko du batzordearen irizpena argitara dadila. Kasua bada, 139. artikuluak aipatzen dituen zuzenketa eta boto partikularrak ere argitaratuko dira.

139. artikulua

1. Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektuan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 20.2 artikuluan aipatzen diren foru lege proiektu eta proposamenetan, zuzenketa-egileek, irizpena batzordean onetsi ondoko bi eguneko epean Legebiltzarreko Mahaiari igorritako idazki baten bidez, batzordeak onartu ez dituen zuzenketei eutsi ahalko diete Osoko Bilkuran berriro defendatzeko, baldin eta, gutxienez ere, batzordeko kideen bosten batek emandako aldeko botoa edo batzordean parlamentu-talde baten ordezkaritza osoak emandako aldeko botoa lortu badute.

2. Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen idazkiak banan-banan adierazi behar du zein diren beharrezko baldintzak betetzen dituzten eta eutsi nahi zaien zuzenketak.

3. Batzordeko eztabaidan proiektuaren edo proposamenaren testua aldatzen bada, parlamentu-taldeek eta Askotariko taldeko foru parlamentariek, nork bere izenean, baztertua izan den testuaren aldeko boto partikularrak aurkeztu ahalko dituzte, 1. idatz-zatian aipatzen den denboran, haiek Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren aurrean defendatze aldera.

Boto partikular horiek eskatu ahalko dute, hala bada, ken daitezela gehiketa egiteko zuzenketak onartzearen ondorioz irizpenean sartu diren zatiak.

4. Aurreko idatz-zatietan jasotako prozeduratik salbuetsita egonen dira proiektu edo proposamen jakin batzuen irizpenak; hain zuzen ere, Mahaiak, Eledunen Batzarrak aho batez erabakia hartu ondoren, 140. artikuluari jarraikiz izapidetzea erabaki duen proiektu eta proposamenetako irizpenak.

IV. Osoko Bilkurako eztabaida.

140. artikulua

Erregelamendu honetako 139. artikuluan jasotako kasuetan izan ezik, foru lege proiektu edo proposamen bati buruzko irizpena batzordean egin ondoren, irizpen horren osotasunari buruzko eztabaida eginen da eta, jarraian, behar den bozketa eginen da.

Aurrekoa gorabehera, gutxienez ere Legebiltzarreko kideen gehiengoa ordezkatzen duten parlamentu-taldeek eztabaidaren aurretik aurkezten dituzten in voce zuzenketak izapidera onartuko ditu lehendakaritzak. Zuzenketa horiek sinatzaileek defendatuko dituzte irizpenaren osotasunari buruzko jarrera hartzen dutenean, eta hasieran bozkatuko dira, bakoitza dagokion ordenan; onetsiak izanez gero, irizpenaren testuari txertatuko zaizkio, eta testuaren osotasunari buruzko bozketa bakarra eginen da.

141. artikulua

1. Erregelamendu honetako 139. artikuluan jasotako kasuetan, zuzenketarik mantendu bada edo boto partikularrik egin bada, irizpenaren artikuluak eztabaidatu eta bozkatzeari ekinen zaio. Ondoko arauei jarraituz jokatuko da artikulu bakoitzari dagokionez:

Lehenengoa. Irizpenaren testua ken dadin eskatzen duten zuzenketak eta boto partikularrak eztabaidatuko dira lehenbizi. Ondoren -baldin eta halakorik badago- lehendakariaren iritziz jatorrizko testutik gehien aldentzen direnak eztabaidatuko dira, eta bukatzeko, jatorrizko testuari gero eta gehiago hurbiltzen zaizkionak eztabaidatuko dira.

Bigarrena. Zuzenketak eta boto partikularrak erregelamendu honetako 90. artikuluak ezartzen duenaren arabera eztabaidatuko dira, baina mintzaldiak ez dira inolaz ere bost minutukoak baino luzeagoak izanen.

Hirugarrena. Zuzenketak eta boto partikularrak eztabaidatu ondoren, artikuluaren testuarekin modu berean jokatuko da.

Laugarrena. Ukitzen duten artikuluaren testuari buruzko eztabaidak bukatu eta gero eztabaidatuko dira gehitzeko zuzenketak.

Bosgarrena. Artikulu bakoitzaren eztabaida bukatu eta gero, artikulu hori bozkatuko da. Kentzeko eta aldatzeko zuzenketak eta boto partikularrak bozkatuko dira eztabaidatu diren hurrenkera berean. Ondoren, artikuluaren testua bozkatuko da eta, azkenik, gehitzeko zuzenketak bozkatuko dira.

Seigarrena. Artikuluen eztabaida bukatu ondoren, aurreko arauek ezartzen dutenarekin bat etorriz, irizpenaren aitzinsolasa eta hari aurkeztutako zuzenketak eta boto partikularrak eztabaidatu eta bozkatuko dira.

2. Zuzenketarik mantendu ez bada, ez eta boto partikularrik aurkeztu ere, eztabaida bat eginen da irizpenaren osotasunari buruz eta, jarraian, behar den bozketa eginen da.

142. artikulua

Aurreko artikuluan aipaturiko eztabaidan zehar, lehendakariak in voce zuzenketak izapidetzea onartu ahalko du, baldin eta haien xedea errakuntza edo akats teknikoak zein terminologiakoak edo gramatikakoak zuzentzea baldin bada. Gainerakoan, soilik inongo parlamentu-talderik aurka azaltzen ez bada onartu ahalko dira zuzenketa horiek.

143. artikulua

Zuzenketarik edo boto partikularrik aurkeztu ez zaien artikuluak eztabaidarik gabe bozkatu ahalko dira.

144. artikulua

Aurreko artikuluetan ezarritakoa gorabehera, lehendakariak:

a) Eztabaidak eta bozketak artikuluka, gaika edo eta artikulu-multzoka zein zuzenketa-multzoka antolatu ahalko ditu, testuaren zailtasunak edo proposamenen arteko harremanak nahiz homogeneotasunak halakorik eskatzen badute.

b) Legebiltzarreko Mahaiarekin ados jarriz, proiektu baten eztabaidaren gehieneko iraupena finka dezake; hartara, aurreikusitako hizlarien artean banatuko du denbora hori eta, denbora amaituz gero, eginkizun gelditzen diren bozketak eginen dira.

145. artikulua

Proiektu baten eztabaida bukatu ondoren, boto partikular nahiz zuzenketa bat onetsi izanaren ondorioz edo artikuluen bozketaren ondorioz ateratzen den testua zentzugabea edo ulergaitza baldin bada bere punturen batean, Legebiltzarreko Mahaiak, bere ekimenez edo eta kasuan kasuko batzordearen mahaiak hala eskatuta, berriro igorri ahalko dio batzordeari Osoko Bilkurak onetsi duen testua, batzordeak, hamabost eguneko epean, idazketa harmonikoa egiteko helburu bakarrarekin, Osoko Bilkuraren erabakiak zainduz betiere. Irizpen horri buruzko azken erabakia Osoko Bilkurarena izanen da, zeinak, bozketa bakar batean, oso-osorik onetsi edo bazter utzi beharko baitu.

146. artikulua

Kasuan kasuko foru legearen behin betiko testua onetsi ondoren, lehendakariak Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila eta Foru Komunitateko Gobernuko lehendakariari bidal dakiola aginduko du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

2. atala. Foru lege proposamenak

147. artikulua

Foru lege proposamenak zioen azalpen eta guzti aurkeztuko dira, baita proposamena egin duenak hari buruzko iritzia eman ahal izateko beharrezkotzat jotzen dituen aurrekariekin ere.

148. artikulua

1. Foru lege proposamenak ondorengo hauek aurkeztu ahalko dituzte:

a) Foru parlamentari batek edo batzuek.

b) Parlamentu-talde batek edo batzuek, eledunaren sinadura soilarekin.

2. Ekimena erabili ondoren, Parlamentuko Mahaiak erabakiko du, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, foru lege proposamena izapidera onartzen duen ala ez, eta argitara dadila eta Foru Diputazioari bidal dakiola aginduko du, horrek iritzia eman dezan, Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitara eman ondoko hamabost eguneko epean, proposamena aintzat hartzeari buruz.

3. Foru Diputazioak, aurreko idatz-zatian aipatzen den epe berean, orobat jakinarazi beharko du, erantzun arrazoituaren bidez jakinarazi ere, izapidetzearekin ados dagoen ala ez, baldin eta proposamenak ekitaldi horretako kredituak gehitzea edo aurrekontu-dirusarrerak gutxitzea badakar. Epea bukatuta, Foru Diputazioak ezer esaten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Ados ez badago, Foru Diputazioaren jakinarazpena Eledunen Batzarrari igorriko zaio, eta hark hartuko du foru lege proposamenaren izapidetzearekin buruzko erabakia.

4. Epe hori bukatzen bada Foru Diputazioak izapidetzearekin ados dagoela berariaz ukatu gabe, eta Mahaiak izapidetzea erabaki baldin badu, foru lege proposamena Osoko Bilkuraren gai zerrendan sartzeko moduan izanen da, hark aintzat har dezan. Eztabaida osoko eztabaidetarako ezarritakoaren arabera eginen da.

5. Jarraian, Legebiltzarrak delako foru lege proposamena aintzat hartzen ote duen jakiteko bozketa egiteko aginduko du lehendakariak. Aintzat hartzen bada, Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, batzorde eskudunari bidaltzea erabakiko du, eta zuzenketak aurkezteko epea irekiko da. Proposamenak foru lege proiektuentzat ezarririko izapideak segituko ditu, baina ez da osoko zuzenketarik onartuko.

149. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak udalen eta herritarren ekimenez aurkezten diren foru lege proposamenak aztertuko ditu, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 19. artikuluak eta hura garatzeko foru legeek ezarririko baldintzak betetzen ote diren egiaztatzeko.

2. Foru lege proposamenak legez ezarritako baldintzak betetzen baditu, Mahaiak aurreko artikuluan ezartzen den prozedurari jarraituz izapidetu dadin xedatuko du.

3. atala. Foru lege proiektu eta proposamenak erretiratzea

150. artikulua

Foru Diputazioak izapidetzearen edozein unetan erretira dezake foru lege proiektu bat, salbu eta Legebiltzarrak hari buruz behin betiko erabakia eman badu.

151. artikulua

Proposatzaileak foru lege proposamena erretiratzen badu, erretiratzeak besterik gabe sortuko ditu ondorioak, baldin eta erretiratzea aintzat hartzeari buruzko erabakia baino lehen egiten bada. Erabakia hartu ondoren, erretiratzea Osoko Bilkurak onartzen badu soilik izanen da eraginkorra.

III. KAPITULUA. Legegintzako prozeduraren berezitasunak

1. atala. Onetsiak izateko gehiengo osoa behar duten foru lege proiektu eta proposamenak

152. artikulua

1. Onetsiak izateko gehiengo osoa beharko dute, proiektu osoari buruzko azken bozketan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko Lege Organikoaren hurrengo artikuluetan aipatzen diren foru legeek: 9.2, 15.2, 18.2, 19.1.c), 19.2, 25, 30.2, 45.6, 46.2 eta 48.2.

2. Gehiengo osoa beharko dute, halaber, proiektu osoari buruzko azken bozketan, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak zehazten dituen administrazio- eta lurralde-antolamenduari buruzko foru legeek, Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ondoren eta Nafarroako Gobernuak, proposamena egin duenak edo kasuan kasuko lantaldeak, txosten-izapidean, horri buruz emandako iritzi arrazoitua entzun ondoren.

3. Foru lege proiektu edo proposamen batean jasota dauden xedapenetako batzuk gehiengo osoko foru legeei dagozkienean, eta beste batzuek bestelako gaiak arautzen dituztenean, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki ahalko du proiektu edo proposamen hori bi foru lege proiektu edo proposamenetan zatitzea, zeinak bereizirik izapidetuko baitira; bata, hurrengo artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta bestea, prozedura arruntari jarraikiz.

Baldin eta aipaturiko erabakia baino lehenago ordenatuta baleude hasierako foru lege proiektu edo proposamenari aurkezturiko zuzenketak, batzorde eskuduneko Mahaiak berriro ordenatuko ditu, bakoitza dagokion proiektu edo proposamenari lotzeko.

153. artikulua

1. Gehiengo osoa behar duten foru lege proiektu eta proposamenak legegintzako prozedura arruntari jarraituz izapidetuko dira, atal honetan ezarritako berezitasunekin. Salbuespen gisa, irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetu ahalko dira 158. artikuluan aurreikusitako kasuetan, salbu eta parlamentu-talderen bat aurka badago.

2. Legebiltzarkideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da horiek onesteko, proiektu osoari buruzko azken bozketan.

3. Legebiltzarreko lehendakariak aldez aurretik iragarriko du bozketa hasteko ordua.

2. atala. Aurrekontuei buruzko foru lege proiektua

154. artikulua

1. Nafarroako aurrekontu orokorrak aztertu eta onesteko legegintzako prozedura arrunta erabiliko da, atal honetan ezartzen dena salbu.

2. Nafarroako aurrekontu orokorrei buruzko foru lege proiektuak Legebiltzarraren gainontzeko lanen aldean lehentasuna izanen du izapidetzerakoan.

155. artikulua

1. Kontzepturen baten gastuak gehitu edo dirusarrerak gutxitzea dakarten zuzenketek Foru Diputazioa aldez aurretik ados egotea beharko dute izapidera onartuak izateko.

2. Ados egote hori, hala ere, ez da derrigorrezkoa izanen baldin eta aurkeztu den zuzenketak gastu gehikuntza edo dirusarreren gutxitzea finantzatzeko baliabideak, proiektuan izendaturik behar dutenak, zehazten baditu.

3. Zuzenketek aurrekontuan duten eragina dela-eta batzordeko mahaiaren eta Foru Diputazioaren artean egon litezkeen desadostasunak Eledunen Batzarrak ebatziko ditu.

156. artikulua

Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrak aldez aurretik erabakita, beharrezko arau osagarriak eman ahalko ditu antolatzeko proiektuaren azterketa, zuzenketa, eztabaida eta bozketa, bai eta epeak ere, aurrekontuen egiturari ondoen dagokion moduan.

3. atala. Kontu orokorrei buruzko foru lege proiektua

157. artikulua

1. Kontu orokorrei buruzko foru lege proiektua jaso ondoren, Comptos Ganberari igorriko dio Mahaiak bere lehendakariaren bitartez, horiek ikertu eta azter ditzan.

2. Comptos Ganberak irizpena eman ondoren, bere lehendakariaren bitartez bidaliko dio Legebiltzarreko Mahaiari, zeinak Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin agindu eta Ekonomia eta Ogasun Batzordea bilaraziko baitu Comptos Ganberako lehendakaria bertara ager dadin, erregelamendu honetako 204. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Comptos Ganberaren irizpena Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamabost egun igaro ondoren, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki ahal izanen du Nafarroako kontu orokorrei buruzko foru lege proiektua Legebiltzarreko Osoko Bilkuraren aurreko irakurketa bakarrean edo legegintzako prozedura arruntean izapidetzea.

4. Kontuen Auzitegiak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 18. bis artikuluko 3. idatz-zatiak aipatzen duen irizpena Parlamentuari bidaliz gero, Mahaiak, Eledunen Batzarrarekin adostu ondoren, behar diren neurriak hartuko ditu, kasua bada.

4. atala. Foru lege proiektu edo proposamena irakurketa bakarrean izapidetzea

158. artikulua

1. Foru lege proiektuaren edo proposamenaren izaerak komenigarri egiten badu edo idazkeraren soilak horretarako bide ematen badu, Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrarekin bat, erabaki ahalko du aipatu proiektu edo proposamena Legebiltzarreko Osoko Bilkuran zuzenean eta irakurketa bakarrean izapidetzea.

2. Erabaki hori hartuta, zuzenketak aurkezteko epea irekitzea aginduko du Mahaiak. Zuzenketa horiek ezin izanen dira osotasunari buruzkoak izan. Mahaiari aurkeztuko zaizkio, eta Mahaiak zuzenketa horiek kalifikatuko ditu. Epe hori, Mahaiak bestelakorik ezartzen ez badu, eztabaida eginen den Osoko Bilkuraren aurreko eguneko hamabietan bukatuko da.

Halaber, gutxienez ere Legebiltzarreko kideen gehiengoa ordezkatzen duten parlamentu-taldeek Osoko Bilkurako eztabaida hasi aurretik aurkezten dituzten in voce zuzenketak izapidetzera onartuko dira.

3. Proiektua irakurketa bakarrean izapidetzen den ala ez bozkatuz hasiko da Osoko Bilkura. Ondoren, Osoko Bilkurak halako izapidetzea onartuz gero, foru lege proiektu edo proposamenaren eztabaidari ekinen zaio, osokoetarako jarritako arauei atxikiz. Eztabaida horretan, lehenbizi, ekimena proposatu duenak hitz eginen du.

4. Irakurketa bakarreko izapidetzea ez onesteak berarekin ekarriko du kasuko foru lege proposamenaren bazterketa, kasua bada, edo foru lege proiektua prozedura arruntari jarraikiz izapidetzea.

5. Eztabaida bukatu ondoren, non eta parlamentu-talderen batek zuzenketen edo zuzenketa-multzoen araberako bozketa bereizia eskatzen ez duen, Lehendakaritzak bozketa bakarrera jarriko ditu parlamentu-talde bakoitzak artikuluei egindako zuzenketa guztiak, aurkezpen-hurrenkeraren arabera.

6. Azkenik, testu osoa, onartutako zuzenketak gehituz, bozketa bakarrera jarriko da. Bozketaren ondorioa aldekoa bada, onarturik geratuko da testua. Bazter utziko da, bestela.

5. atala. Legegintzarako eskumena batzordeei eskuordetzea

159. artikulua

1. Mahaiak, gutxienez ere parlamentuko kideen bi heren ordezkatzen dituzten eledunek Eledunen Batzarrean aurretiazko erabakia harturik, batzordeen esku utzi ahal izanen du foru lege proiektu eta proposamenak onestea, salbu eta aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 20.2 artikuluak aipatzen dituen foru lege proiektu eta proposamenak, zeren eta, kasu horretan, batzordeak legegintzarako eskumen osoz jardunen baitu.

2. Eskuordetzeak ez ditu 132. artikuluak aipatzen dituen osoko eztabaida eta bozketak bere baitan hartuko, ez eta 148. artikuluan aurreikusitako aintzat hartzea ere, Osoko Bilkuran eginen baitira, betiere.

3. Edozein unetan bereganatu ahal izanen du Osoko Bilkurak eskuordetutako edozein foru lege proiektu edo proposamenen eztabaida eta bozketa. Ekimena Legebiltzarreko Mahaiak hartu ahalko du, edo bi parlamentu-taldek edo Legebiltzarra osatzen duten foru parlamentarien bostenak.

160. artikulua

Eskuordetzea erabaki ondoren, foru lege proiektu eta proposamenok izapidetzeko prozedura arrunta izanen da, Osoko Bilkurako eztabaidaren izapidea kenduta. Beraz, batzordeko eztabaida bukatu ondoren, batzordeko mahaiak onetsitako testua bidaliko dio Legebiltzarreko lehendakariari, erregelamendu honetako 146. artikuluak aurreikusitako ondorioetarako.

IV. KAPITULUA. Foru legearen indarra duten gobernuaren xedapenak

161. artikulua

1. Foru lege dekretu bat baliozkotzeari edo indargabetzeari buruzko eztabaida eta bozketa Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eginen dira edo, kasua bada, Batzorde Iraunkorrean, hura aldarrikatu eta 30 eguneko epearen barruan, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoko 21.bis artikuluan ezarritakoari jarraituz. Nolanahi ere, foru lege dekretu bat gai zerrendan sartu ahalko da, eztabaida eta bozka dadin, hura Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman bezain laster.

2. Gobernuko kide batek Legebiltzarrean azalduko ditu hura aldarrikatzeko izan dituen arrazoiak, eta ondorengo eztabaida osoko eztabaidetarako ezarritakoaren arabera eginen da.

3. Eztabaida amaituta, bozketa eginen da, eta hartan ulertuko da baiezko botoak baliozkotzearen aldekoak direla, eta ezezko botoak, berriz, indargabetzearen aldekoak.

4. Foru dekretu lege bat baliozkotu ondoren, lehendakariak galdetuko du ea parlamentu-talderen batek nahi ote duen foru lege proiektu baten gisara izapide dadila. Baiezkoan, Legebiltzarrak eskaera horri buruz erabakiko du. Alde bozkatzen baldin badu, foru lege proiektu baten gisara izapidetuko da presako prozeduraz, eta ez dira onartuko proiektua itzultzea eskatzen duten osoko zuzenketak.

5. Batzorde Iraunkorrak presako prozeduraren araberako foru lege proiektuen gisara izapidetu ahalko ditu kasua bada, Gobernuak legegintzaldien artean ematen dituen foru lege dekretuak.

6. Foru lege dekretu bat baliozkotzeko edo indargabetzeko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

162. artikulua

1. Parlamentuak Foru Diputazioaren esku utzi ahalko du legegintzarako ahalmena erabiltzea, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 21. artikuluak ezarritako moduan eta baldintzetan.

2. Oinarrien foru lege baten bitartez eman beharko da eskuordetzea, baldin eta helburua testu artikuludunak egitea bada, eta foru lege arruntaren bidez, berriz, helburua testuak bategitea bada.

3. Legegintzarako eskuordetzea berariaz egin beharko da, gai jakinetarako eta eskuordetzea aurrera eramateko epea jarriz. Nafarroako Gobernuak eskuordetzea erabili ondoren iraungiko da, kasuan kasuko araua argitaratzearekin bat alegia. Ezin izanen da inplizituki edo epe gabe emandakotzat jo. Ezinezkoa izanen da Nafarroako Gobernuaz besteko agintariei berriz ere eskuordetzea.

4. Nafarroako Gobernuak legegintzarako eskuordetzea baliatuz emandako xedapenei legegintzako foru dekretu deritze.

5. Auzitegiek bere duten eskumena gorabehera, eskuordetzeko foru legeek kontrol modu osagarriak ezarri ahal izanen dituzte kasuan-kasuan.

6. Foru Diputazioak, aipatu lege organikoaren 21. artikuluan aurreikusitako eskuordetzea baliatu bezain laster, bidali beharreko komunikazioa bidaliko dio Parlamentuari. Komunikazio horretan eskuordetzearen gai den testu artikuluduna edo bategina sartuko da eta Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

7. Eskuordetzeko foru legeek Parlamentuak eskuordetutako legegintzaren kontrola egiteko modu osagarririk ezartzekotan, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, hori burutzeko arauak eman ahal izanen ditu.

VII. TITULUA. NAFARROAKO FORU ERAENTZA BERREZARRI
ETA HOBETZEARI BURUZKO LEGE ORGANIKOA ALDATZEA

163. artikulua

1. Foru Diputazioaren edo Nazioko Gobernuaren ekimenez aldatu ahalko da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa.

2. Kasuan kasuko negoziazioak izan ondoren, Nafarroako Gobernuak eta Nazioko Gobernuak, bat etorrita, aldaketa proposamena eginen dute, Nafarroako Parlamentuak onetsi beharko baitu. Osoko eztabaida eginen da horretarako Legebiltzarreko Osoko Bilkuran eta, ondoren, bozkatu eginen da aldaketa proposamena, bere osotasunean, bozketa bakarrean.

3. Aldaketa proposamena onetsiz gero, Legebiltzarreko lehendakariak horren berri emanen dio Diputazioko lehendakariari, ondorengo izapidetzearen ondorioetarako. Aldaketa proposamena bazter utziz gero, Legebiltzarreko lehendakariak horren berri emanen dio Foru Diputazioko lehendakariari, aipatu lege organikoaren 71.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

VIII. TITULUA. FORU DIPUTAZIOARI BAIMENAK EMATEA

I. KAPITULUA. Foru Diputazioari zor publikoa jaulki, abalak eta bermeak eratu
eta maileguak hartzeko baimena ematea

164. artikulua

1. Parlamentuak aurretiaz emandako baimena beharko du Foru Diputazioak zor publikoa jaulki, abalak eratu eta maileguak hartzeko, foru legeek ezarritakoarekin bat.

2. Foru lege proiektu baten bidez eskatu beharko du Nafarroako Gobernuak aurreko idatz-zatian aipatzen den baimena. Foru lege proiektu horretan baimenaren nondik norakoak jasoko dira, foru lege proiektuaren xede bakarra baimena lortzea ez den kasuetan ere.

II. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuari Estatuarekin eta autonomia erkidegoekin hitzarmenak eta itunak egiteko baimena ematea

1. atala. Foru Diputazioari Estatuarekin hitzarmenak egiteko baimena ematea

165. artikulua

1. Foru Diputazioak, foru lege bat aldatzea edo indargabetzea ekartzen duten edo betearazpenerako legegintzako neurriak eskatzen dituzten hitzarmenak Estatuarekin formalizatzeko, aurretik Parlamentuaren baimena lortu beharko du.

2. Baimena eskatzeko, hitzarmenaren testuarekin batera Foru Gobernuaren erabakia bidali beharko dio Foru Diputazioak Parlamentuari, baimena justifikatzeko oroitidazkiarekin batera.

166. artikulua

1. Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, hitzarmena Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du eta Osoko Bilkuran edo batzordean izapidetzea erabakiko, salbu eta Gobernuak Osoko Bilkuran eztabaidatzea proposatzen badu.

2. Baimena emateari buruzko eztabaida Erregelamenduak osoko eztabaidetarako ezarritakoari jarraituz eginen da.

3. Eztabaida bukatu ondoren, bozketa eginen da, eskatu den baimena eman ala ez erabakitzeko.

4. Eskatutako baimena emateari buruz hartu den erabakiaren berri emanen dio Parlamentuko lehendakariak Nafarroako Gobernuko lehendakariari.

2. atala. Foru Diputazioari autonomia erkidegoekin lankidetza hitzarmenak
eta itunak egiteko baimena ematea

167. artikulua

1. Foru Diputazioak baimena eskatu beharko dio Parlamentuari, autonomia erkidegoekin bere eskumeneko gaien gaineko zerbitzuak kudeatu eta emateari buruzko hitzarmenetan onespena eman ahal izateko, baldin eta horrek foru legeren bat aldatu edo indargabetzea edota betearazpenerako legegintzako neurriak hartu behar izatea badakar.

2. Hitzarmena prest dagoenean aurkeztu beharko da baimen eskaria eta, betiere, Konstituzioaren 145.2 artikuluak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 70. artikuluak ezarritakoari jarraituz Gorteei jakinarazi aurretik.

3. Foru Gobernuaren erabakia, hitzarmenaren testua eta eskaria azaltzeko eta justifikatzeko oroitidazkia erantsi beharko dizkio Foru Diputazioak baimen eskariari.

168. artikulua

Estatuarekiko hitzarmenei buruz 1. atalean ezarritakoari jarraituz izapidetuko da Parlamentuan autonomia erkidegoekin hitzarmenak egiteko baimena.

169. artikulua

Foru Diputazioak lankidetza itunak egiteko eskatzen dituen baimenen araubidea aurreko artikuluetan hitzarmenetarako ezarri dena izanen da.

3. atala. Arau komunak

170. artikulua

1. Nafarroako Parlamentuaren baimena jaso ondoren, hitzarmena egin ahalko du Foru Komunitateko Gobernuak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 70. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan ezarritakoa gorabehera.

2. Autonomia erkidegoekin lankidetza itunak egin ahal izateko, Gorte Nagusien baimena eskuratu beharko du Nafarroako Gobernuak, kapitulu honetan aipatzen denaz gain.

III. KAPITULUA. Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 39.2 artikuluak aipatzen duen ekimena erabili ahal izateko Foru Diputazioak behar duen baimena

171. artikulua

1. Foru Diputazioak Legebiltzarraren baimena beharko du Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 39.2 artikuluak aipatzen duen ekimena erabili ahal izateko.

2. Legebiltzarraren baimenak esku emanen dio Foru Diputazioari, Nazioko Gobernuaren aurrean, Konstituzioaren 150. artikuluaren 1. eta 2. idatz-zatietan ezarritakoarekin bat, ekimena erabili ahal izateko, Estatuak edo, hala egokituz gero, Gorte Nagusiek, Nafarroari transferitu, eskuordetu edo esleitu diezazkioten aipatu lege organikoaren 39.2 artikuluak dakartzan ahalmen eta eskumenak.

3. Foru Gobernuaren erabakia, proposamenaren testua, azalpenezko oroitidazkia eta aurreko idatz-zatiak aipatzen duen ekimena arrazoitzeko Foru Diputazioaren iritziz baliagarri izan daitekeen beste edozein dokumentu erantsi beharko dizkio Foru Diputazioak baimen eskariari.

4. Legebiltzarreko Osoko Bilkuran izapidetuko da baimen eskaera, osoko eztabaidetarako ezarritakoari jarraituz, Legebiltzarreko Mahaiak hala erabakitzen duenean, Eledunen Batzarrari entzun ondoren eta aurreko idatz-zatiak aipatzen dituen betebeharrak betetzen direla egiaztatu ondoren.

IX. TITULUA. NAFARROAREN ETA ESTATUAREN ARTEKO HITZARMEN EKONOMIKOEN IZAPIDEAK

172. artikulua

1. Hitzarmen ekonomikoen izaera hitzartua edo itundua dela-eta, Nafarroako Gobernuak eta Nazioko Gobernuak izenpetu ondoren, Nafarroako Parlamentuak eta Gorte Nagusiek onetsi beharko dituzte hitzarmen ekonomikoak.

2. Hitzarmen ekonomikoaren izapidetzean ondoko arauak beteko dira:

Lehenengoa. Foru Diputazioak Nazioko Gobernuarekiko akordioaren testua hitzarmenaren testuarekin batera bidali ondoren, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, bilkura informatiboa egitea erabaki dezake, Foru Diputazioak horren edukiari buruzko informazioa eman dezan.

Bilkura hori egiten baldin bada, erregelamendu honen 203. artikuluak ezarritakoaren arabera eginen da.

Bigarrena. Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran eginen da hitzarmen ekonomikoari buruzko osoko eztabaida eta, osoko bozketa egin ondoren, aldeko botoen gehiengo osoa beharko da onesteko.

Hirugarrena. Hitzarmen ekonomikoa onetsiz gero, Legebiltzarreko lehendakariak horren berri emanen dio Diputazioko lehendakariari, ondorengo izapidetzearen ondorioetarako, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 45.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

X. TITULUA. KONFIANTZA EMATEA ETA KENTZEA

I. KAPITULUA. Inbestidura

173. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 29. artikuluan ezarritakoarekin bat, Parlamentuak hautatu eta Erregeak izendatzen du.

174. artikulua

Parlamentua eratu eta hamar eguneko epean, Parlamentuko lehendakariak, Parlamentuan ordezkaturik dauden alderdi edo talde politikoek izendatutako eledunei kontsulta egin ondoren, Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaritzarako hautagai bat proposatuko du.

175. artikulua

Proposatutako hautagaiaren inbestidura bilkurarako deia hiru egun lehenagotik egin beharko da, gutxienez; bilkura hurrengo arauen arabera eginen da:

Lehenengoa. Parlamentuko lehendakariak Legebiltzarrari jakinaraziko dio Gobernuko lehendakaritzarako hautagai-proposamena. Horrela hasiko da bilkura.

Bigarrena. Ondoren, proposatuko hautagaiak osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa azalduko du, denbora mugarik gabe, eta Legebiltzarraren konfiantza eskatuko du.

Hirugarrena. Lehendakariak erabakitako etenaldiaren ondoren, hala eskatzen duen parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana mintzatuko da hogeita hamar minutuz. Askotariko parlamentu-taldea osatzen dutenei dagokien denbora haien artean hainbanatuko da, baina mintzatzeko denbora elkarri utzi ahalko diote. Parlamentu-taldeek mintzatzeko izanen duten hurrenkera taldekide kopuruaren araberakoa izanen da, handienetik hasi eta txikieneraino, eta Askotariko taldearekin bukatuz.

Laugarrena. Eskatzen duen guztietan erabili ahalko du hitza proposatutako hautagaiak. Mintzatu den bati bakarka erantzuten badio, ihardesteko eskubidea izanen du horrek. Halaber, hautagaiak parlamentu-taldeen ordezkariei eta Askotariko parlamentu-taldea osatzen dutenei batera erantzuten badie, ihardesteko eskubidea izanen dute horiek. Lehendakariak erabakiko du ihardesteko txanden iraupena.

Bosgarrena. Lehendakariak erabakitako orduan eginen da bozketa. Bozketa isilpekoa izanen da eta boto-txartelen bidez eginen da, Legebiltzarreko Erregelamenduaren 102. artikuluan ezarritakoaren arabera. Proposatutako hautagaiak Parlamentuko kideen gehiengo osoaren botoa bereganatzen badu bozketan, konfiantza eman zaiola ulertuko da. Halako gehiengorik lortzen ez badu, hogeita lau orduren buruan beste bozketa bat eginen da, eta hautagaiari konfiantza eman zaiola ulertuko da bigarren bozketa horretan gehiengo soila lortzen badu.

Seigarrena. Gehiengo soila lortua dela ulertuko da aldeko botoen kopurua aurkakoena baino handiagoa denean; abstentzioak, boto zuriak edo baliogabeak ez dira zenbatuko ondorio horretarako. Gehiengo hori ere lortzen ez bada, hautagaia arbuiatutzat hartu eta hurrenez hurreneko proposamenak izapidetuko dira arestian aurreikusitako era berean.

Zazpigarrena. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin eta gero hiru hilabete iragan eta hautagairik aurkezten ez bada edo aurkeztu direnetarik inor hautatu ez bada, Parlamentua deseginen da eta beste hauteskunde batzuk deituko dira. Hauteskunde dei horretatik sortzen den Parlamentu berriak lau urteko legealdi osoa iraunen du.

Zortzigarrena. Aurreko idatz-zatietan ezarritakoaren arabera, hautagaiari konfiantza ematen bazaio, Parlamentuko lehendakariak erregeari jakinaraziko dio hori, hautagaia Nafarroako Foru Komunitateko lehendakari izendatua izan dadin.

II. KAPITULUA. Konfiantza eskaera

176. artikulua

Foru Diputazioko lehendakariak, Gobernuan eztabaidatu ondoren, Parlamentuaren aurrean aurkeztu ahalko du bere jarduketa-programari buruzko konfiantza eskaera.

177. artikulua

1. Idazki arrazoituan aurkeztuko zaio konfiantza eskaera Parlamentuko Mahaiari, Foru Diputazioaren dagokion egiaztagiriarekin batera.

2. Legebiltzarreko Mahaiak, konfiantza eskaerak aurreko idatz-zatian jasotako betebeharrak betetzen dituela egiaztatu ondoren, izapidera onartuko du eta Eledunen Batzarrari haren berri emanen dio, Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin agindu eta Osoko Bilkurarako deia eginen du.

3. Inbestidura eztabaidarako ezarri diren arau berei jarraituko zaie eztabaida honetan, eta Foru Diputazioko lehendakariari eta, hala bada, Gobernuko kideei egokituko zaizkie erregelamendu honetako 175. artikuluak hautagaiarentzako aurreikusitako mintzaldiak.

4. Eztabaida bukatu ondoren, konfiantza eskaerari buruzko bozketa eginen da, lehendakariak aurrez iragarritako orduan. Ezin izanen da konfiantza eskaerari buruzko bozketarik egin eztabaida bukatu eta, gutxienez, hogeita lau ordu iragan arte. Erregelamendu honetako 100.2 artikuluaren arabera eginen da bozketa.

5. Foru parlamentarien gehiengo soilak horren aldeko botoa ematen duenean ulertuko da konfiantza eman dela.

6. Parlamentuak Diputazioko lehendakariari konfiantza ukatuz gero, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 34.2 artikuluan ezarritakoari jarraituko zaio.

7. Bozketaren emaitza edozein dela ere, Legebiltzarreko lehendakariak Gobernuko lehendakariari jakinaraziko dio.

III. KAPITULUA. Zentsura mozioa

178. artikulua

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 35. artikuluan ezarritako moduan, Parlamentuak erantzukizun politikoa eskatu ahalko dio Diputazioari, horretarako zentsura mozioa gehiengo osoz onetsiz.

179. artikulua

Zentsura mozioek nahitaez Diputazioko lehendakaria izateko hautagai bat proposatu beharko dute. Honela aurkeztu eta izapidetuko dira:

1. Parlamentuko kideen bostenak, gutxienez, proposatu beharko du mozioa, Parlamentuko Mahaiari igorritako idazki arrazoituan, eta hautagai izatea onartu duen Foru Diputazioko lehendakaria izateko hautagai bat aurkeztu beharko du nahitaez.

2. Legebiltzarreko Mahaiak, zentsura mozioak aurreko idatz-zatian aipatutako baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren, izapidera onartuko du eta Diputazioko lehendakariari eta Eledunen Batzarrari jakinaraziko dio hori; halaber, Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin agindu eta mozioa aurkeztu eta hurrengo hamar eguneko epean eginen den Osoko Bilkurarako deia eginen du.

180. artikulua

1. Zentsura mozioaren eztabaida, mozioa izenpetu duten foru parlamentarietako batek haren defentsa eginez hasiko da, denbora mugarik gabe. Ondoren, eta denbora mugarik gabe ere, mozioan Foru Diputazioaren lehendakari izateko hautagai gisa aurkeztutakoa mintzatuko da, osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa agertzeko.

2. Lehendakariak erabakitako etenaldiaren ondoren, berriz hasiko da eztabaida, 175. artikuluaren 3. eta 4. idatz-zatietan ezarritakoaren arabera.

3. Lehendakariak aurretik iragarritako orduan bozkatuko da zentsura mozioa. Ezin izanen da, inolaz ere, mozioa bozkatu Legebiltzarreko Erregistro Orokorrean aurkeztu eta bost egun igaro baino lehenago.

4. Zentsura mozio bat onesteko, nolanahi ere, Parlamentuko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa behar da.

181. artikulua

Nafarroako Parlamentuak zentsura mozioa onesten badu, Nafarroako Gobernuko lehendakariari eta Erregeari jakinaraziko die Parlamentuko lehendakariak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 35.3 artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

182. artikulua

Zentsura mozioa onesten ez bada, hura izenpetu dutenek ezin izanen dute bilkuraldi berean besterik aurkeztu. Ondorio horietarako, bilkuraldi arruntetik kanpo aurkeztutakoa hurrengo bilkuraldiari eratxikiko zaio.

XI. TITULUA. JABELDURAK ETA GALDERAK

I. KAPITULUA. Jabeldurak

183. artikulua

Foru parlamentariek eta parlamentu-taldeek jabeldurak aurkeztu ahalko dizkiete Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioari eta haren kideetako bakoitzari.

184. artikulua

1. Jabeldurak Parlamentuko Mahaiari igorritako idazki baten bidez aurkeztu beharko dira, eta Gobernuaren edo Gobernuko departamenturen baten politika orokorreko gaien inguruko jarrera, jardun edo proiektuei buruzkoak izanen dira.

2. Mahaiak idazkia kalifikatu eta, aurreko idatz-zatian xedatutakoaren arabera, haren edukia jabeldura batenari ez badagokio, egileari jakinaraziko dio hori, hark ahoz edo idatziz erantzuteko galdera bihur dezan.

3. Jabeldurak Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

185. artikulua

1. Jabeldurak ezin izanen dira Osoko Bilkuraren gai zerrendan sartu harik eta argitaratu zirenetik bost egun igaro arte. Aurrekoa gorabehera, ondokoa eskatu ahalko da, presa dela-eta: jabeldura bat gai zerrendan sartzea aurreko epea gorde gabe, baina, betiere, aurkeztu zenetik gutxienez hiru egun igaro badira.

2. Aurkezten diren ordenaren araberako lehentasuna emanen zaie jabeldurei gai zerrendan sartzeko.

3. Bigarren bilkuraldia bukatzen denean erabakitzeke dauden jabeldurak idatziz erantzuteko galdera gisa izapidetuko dira, eta haiek hurrengo bilkuraldia hasi baino lehenago erantzun beharko dira, non eta jabeldura aurkeztu duen foru parlamentariak edo parlamentu-taldeak ez duen adierazten jabeldurari hurrengo bilkuraldi horretarako eutsi nahi diola, amaitu den bilkuraldiaren amaieraren ondoko bost egunetan.

186. artikulua

1. Jabeldurak Osoko Bilkuran aztertuko dira. Jabelduraren egileari azalpena emateko txanda bat, Nafarroako Gobernu edo Foru Diputazioari erantzuteko beste bat, eta biei ihardespen-txanda bana emanen zaie. Lehenengo mintzaldiak ezin izanen dira hamar minututik gorakoak izan, ez eta ihardespen-txandak bost minutu baino luzeagoak ere.

2. Jabeldura-egileak eta jabeldura zuzendu zaionak mintzatu ondoren, parlamentu-taldeetako ordezkari banak, jabeldura aurkeztu duen taldearenak izan ezik, bost minutuz hitz egin ahalko du bere jarrera adierazteko.

3. Foru Diputazioak eskari arrazoitua egin ahalko du, edozein unetan eta behin bakarrik jabeldura bakoitzeko, jabeldura hurrengo Osoko Bilkuraren gai zerrendarako atzeratzeko. Eskaria bidali ondoren, Mahaiak, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, horri buruzko erabakia hartuko du.

187. artikulua

1. Jabeldura orok Legebiltzarrak bere iritzia adierazteko mozio bat ekar dezake.

2. Jabeldura egin duen parlamentu-taldeak edo jabeldura izenpetu duen parlamentaria bere baitan duenak, jabeldura Osoko Bilkuran aztertu ondoko hiru egunetan aurkeztu beharko du mozioa. Mozioa, Mahaiak onartu ondoren, hurrengo Osoko Bilkuraren gai zerrendan sartuko da; eztabaidatu behar den bilkuraren aurreko eguneko hamabiak arte aurkeztu ahalko zaizkio zuzenketak. Jabeldurarekin bat baldin badator onartuko du Mahaiak mozioa.

3. Jabeldurak erregelamendu honetan mozioetarako ezarritakoaren arabera eztabaidatu eta bozkatuko dira.

II. KAPITULUA. Galderak

188. artikulua

Foru parlamentariek galderak egin ahalko dizkiete Foru Diputazioari eta Diputazioko kideei.

189. artikulua

1. Parlamentuko Mahaiari igorritako idazki baten bidez eginen dira galderak.

2. Honako galdera hauek ez dira izapidera onartuko: galdegilearen beraren interes hutsagatik edo beste edozein pertsona edo erakunde jakinaren interes hutsagatik egindakoak, erabat juridikoak direnak edo bilkuraldi berean izapidetu diren besteren batzuk errepikatzen dituztenak.

3. Mahaiak idazkia kalifikatu eta galdera izapidera onartuko du baldin eta kapitulu honetan ezarritakoarekin bat badator.

4. Onetsitako galderak Legebiltzarreko Aldizkari Ofizialean argitara daitezen aginduko du lehendakariak eta Foru Diputazioari igorriko dizkio.

190. artikulua

Berariaz adierazi ezean, galdegileak galdera idatziz erantzun diezaiotela eskatu duela ulertuko da; eta ahozko erantzuna eskatzen badu, Osoko Bilkuraren aurrean erantzun diezaioten nahi duela adierazi ezean, erantzuna kasuan kasuko batzordearen aurrean eman behar dela ulertuko da.

191. artikulua

Ahozko erantzuna Osoko Bilkuraren aurrean izatea nahi denean, galdera egiteko idazkiak zehatz eta labur adierazitako itaun bakarra baino ez du jasoko, hurrengoez galdeginez: gertaera, egoera edo informazio batez, Gobernuak gai baten inguruan eginbiderik hartu duen edo hartuko duen jakiteko, edo Gobernuak Parlamentuari dokumenturen bat bidaliko dion edo gairen bati buruzko informazioa emanen dion.

192. artikulua

1. Osoko Bilkurarako ahozko galderak jasotzen dituzten idazkiak aurkeztu beharko dira haiek eztabaidatu nahi direneko Osoko Bilkuraren gai-zerrenda onesten duen Mahaiaren bilkuraren aurreko osteguneko hemeretziak baino lehenago.

Halaber, parlamentu-talde bakoitzak gaurkotasun handiko galdera bana aurkeztu ahalko du hura egin nahi dueneko Osoko Bilkura egitekoa den asteko asteleheneko bederatzi eta erdiak baino lehenago.

2. Erregelamendu honetako 45.1 artikuluari jarraikiz, parlamentu-talde bakoitzak batzordean zenbat kide dituen, hainbeste galdera arrunt aurkeztu ahalko ditu Osoko Bilkura bakoitzerako. Halaber, zenbat parlamentu-talde, gaurkotasun handiko hainbeste galdera aurkeztu ahalko dira, parlamentu-talde bakoitzeko kide banak eginak.

3. Osoko Bilkura baterako gai-zerrendan sartzeke dauden parlamentu-talde baten galdera arruntak 2. idatz-zatiaren arabera dagozkionak baino gehiago badira, haien lehentasuna erabakiko da aurkezpen-hurrenkeraren arabera.

4. Eztabaidan, foru parlamentariak galdera laburki egin eta gero, kasuan kasuko gobernukideak erantzuna emanen du. Parlamentaria berriz mintzatu ahalko da ihardetsi edo berriz galdetzeko eta, Gobernua bigarrenez mintzatu ondoren, eztabaida bukatuko da. Galdera bakoitza izapidetzeko denbora ezin izanen da hamar minutu baino gehiagokoa izan, berdinki banatua galdera egiten duen foru parlamentariaren eta erantzuna ematen duen gobernukidearen artean.

5. Osoko Bilkurarako galdera azaltzean, galdera egiten duen foru parlamentariaren ordez bere taldeko beste bat aritu ahalko da, horren berri lehendakariari eman ondoren.

6. Nafarroako Gobernuak edozein unetan eskatu ahalko du, arrazoiak adieraziz eta galdera bakoitzarekin behin baino ez, hurrengo Osoko Bilkurarako atzera dadila; hori horrela, Osoko Bilkura horretako gai-zerrendan sartuko da, 2. idatz-zatian aurreikusitako galdera-kopurua murriztu gabe.

7. Bigarren bilkuraldiaren amaieran erantzuteke dauden galderak idatziz erantzunen dira hurrengo bilkuraldia hasi baino lehenago, non eta galdera aurkeztu duen foru parlamentariak ez duen adierazten galderari hurrengo bilkuraldi horretarako eutsi nahi diola, amaitu den bilkuraldiaren amaieraren ondoko bost egunetan.

193. artikulua

1. Batzordean ahoz erantzutea nahi diren galderak, gai zerrendan sartzeko moduan izanen dira haiek argitaratu eta bost egun igarotakoan. Aurrekoa gorabehera, ordea, ondokoa eskatu ahalko da presa dela-eta, hots, aipatu epea gorde gabe galderak sartu ahal izatea, baina betiere aurkeztu zirenetik gutxienez hiru egun igaro ondoren.

2. Aurreko artikuluko 4. idatz-zatian ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.

3. Foru Diputazioak zio eta guztiko eskaria egin ahalko du, edozein unetan eta behin bakarrik galdera bakoitzeko, galdera hurrengo bilkuraren gai zerrendarako atzeratzeko. Eskaria bidali ondoren, Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, horri buruzko erabakia hartuko du.

4. Bigarren bilkuraldia bukatzen denean erantzun gabe dauden galderak idatziz erantzuteko galdera gisa izapidetuko dira, eta erantzuna hurrengo bilkuraldia hasi baino lehenago eman beharko zaie.

194. artikulua

1. Idatzizko erantzuna galdera argitaratu eta hurrengo hamabost egunen barruan eman beharko da. Epe hori ezin izanen da eten ezta hura igaro bitartean bilkuraldia amaitzen denean ere.

2. Aipatu epean Gobernuak erantzunik bidali ez badu, Legebiltzarreko lehendakariak, galdegilearen eskariz, kasuan kasuko batzordearen hurrengo bilkuraren gai zerrendan sartzeko agindua emanen du, non ahoz erantzuteko galderen tratamendua emanen zaion, eta erabaki horren berri emanen dio Gobernuari.

III. KAPITULUA. Arau komunak

195. artikulua

1. Legebiltzarreko lehendakariak bere esku du gai zerrendaren barruan diren jabeldura edo galderak, gai berari buruzkoak edo elkarrekin zerikusia duten gaiei buruzkoak baldin badira, eztabaidarako metatzea eta antolatzea.

2. Galderen edo jabelduren testuan erregelamendu honetako 120.1 artikuluaren a) letran aurreikusitakoren bat agertzen bada, Mahaiak haiek izapidera ezin direla onartu deklaratu ahal izanen du.

XII. TITULUA. MOZIOAK

196. artikulua

1. Foru parlamentariek eta parlamentu-taldeek mozioak aurkeztu ahalko dituzte, haien bitartez erabaki proposamenak egiteko Legebiltzarrari.

2. Parlamentu-taldeek eskubidea izanen dute gutxienez ere beren mozioetako bat osoko bilkuretako gai zerrendan sar dadin. Halaber, adierazi ahalko dute beren mozioetatik zein sartu nahi duten bilkura horretako gai zerrendan, Osoko Bilkura egin baino hamar egun lehenago Mahaiari jakinarazten badiote.

197. artikulua

1. Mozioak Legebiltzarreko Mahaiari zuzendutako idazki baten bidez aurkeztu beharko dira. Mahaiak erabakiko du horiek izapidera onartzen dituen ala ez; eta, onartzen baditu, argitara daitezen agindu eta Osoko Bilkuraren edo kasuan kasuko batzordearen aurrean izapidetu daitezen erabakiko du, proposamena egin duen parlamentu-taldeak edo foru parlamentariak azaldutako nahiaren eta mozioaren gaiaren garrantziaren arabera.

2. Ez dira izapidera onartuko bilkuraldi berean izapidetutako mozioak errepikatzen dituzten mozioak.

3. Mozioa argitaratu ondoren, parlamentu-taldeek zein foru parlamentariek, beren izenean, zuzenketak aurkeztu ahalko dizkiote mozioaren erabaki proposamenari. Zuzenketa horiek Legebiltzarreko Mahaiari edo mozioa izapidetzeko eskudun den batzordeko mahaiari igorritako idazki baten bidez aurkeztuko dira, eztabaidatu behar diren bilkuraren aurreko eguneko hamabiak baino lehen.

4. Eztabaida bitartean, lehendakariak izapidera onartu ahalko ditu in voce zuzenketak, baldin eta haien xedea errakuntza eta akats teknikoak zein terminologiakoak edo gramatikakoak zuzentzea baldin bada. Gainerakoan, soilik inongo parlamentu-talderik aurka azaltzen ez bada onartu ahalko dira zuzenketa horiek.

5. Legebiltzarreko edo batzordeko lehendakariak gai berari buruzko mozioak edo elkarrekin zerikusia dutenak batu ahalko ditu, eztabaidarako.

198. artikulua

1. Mozio baten eztabaida hura aurkeztu duen parlamentu-taldeak edo foru parlamentariak egindako defentsarekin hasiko da. Hamabost minutu izanen ditu horretarako, gehienez.

2. Ondoren, zuzenketak aurkeztu dituen parlamentu-talde bakoitzaren ordezkari bana edo zuzenketak aurkeztu dituen foru parlamentaria mintzatuko dira, hamar minutuz. Ondoren, mozioaren aldeko txanda bat eta aurkako beste bat egonen dira; txanda horietan zuzenketarik aurkeztu ez duten parlamentu-taldeak edo Askotariko taldeko foru parlamentariak mintzatu ahalko dira, hamar minutuz gehienez.

3. Aurreko idatz-zatian aipatutako mintzaldiak bukatuta, mozioa proposatu duen parlamentu-taldeak edo foru parlamentariak ihardespeneko txanda erabili ahalko du, hamar minutuz gehienez.

4. Mintzaldi horiek bukaturik, mozioa, hura proposatu duenak onartutako zuzenketekin batera, bozkatu eginen da.

XIII. TITULUA. FORU DIPUTAZIOAREN KOMUNIKAZIO, PROGRAMA EDO PLANEN
ETA BESTE INFORMAZIO BATZUEN AZTERKETA ETA EZTABAIDA

I. KAPITULUA. Gobernuaren komunikazioak

199. artikulua

1. Foru Diputazioak komunikazioak bidali ahalko dizkio Parlamentuari, Legebiltzarrak eztabaida ditzan.

2. Komunikazioa bidali ondoren, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, argitara dadin agindu eta komunikazioaren ondoriozko eztabaida Osoko Bilkuran edo batzordean egin dadila xedatuko du, salbu eta Diputazioak berariaz Osoko Bilkuran eztabaidatzea proposatzen badu.

3. Foru Diputazioaren komunikazioak interes politikoa duen edozein gairi buruzkoak izan daitezke. Komunikazio baten eztabaida Gobernuko kide baten mintzaldiarekin hasiko da, eta horren ondoren parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana eta Askotariko taldeko parlamentariak mintzatu ahalko dira, gehienez hamabost minutuz.

4. Foru Diputazioko kideek galderei banaka, batera zein gaika bilduta erantzun ahalko diete. Mintzatu diren guztiek ihardesteko txanda izanen dute, gehienez ere hamarna minutuz.

200. artikulua

1. Eztabaida bukatu ondoren, epe bat irekiko da, zeinaren iraupena Legebiltzarreko edo batzordeko lehendakariak erabakiko baitu, eta epe horretan parlamentu-taldeek eta Askotariko parlamentu-taldeko foru parlamentariek erabaki proposamenak aurkeztu ahalko dizkiote Mahaiari. Mahaiak eztabaidaren helburuarekin bat datozen proposamenak onartuko ditu.

2. Mahaiak finkatuko du izapidera onartutako proposamenak eztabaidatzeko hurrenkera, kontuan harturik elkarrekin duten antza edo lotura eta, baita ere, komunikazioa erabat zein zatika onartzen edo errefusatzen duten. Proposamen bakoitzaren eztabaida 141.1. artikuluaren 2. arauan zuzenketa edo boto partikularrentzako ezarritakoari lotuko zaio.

3. Erabaki proposamenak eztabaidatu diren hurrenkera berean bozkatuko dira.

201. artikulua

1. Legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, Gobernuko lehendakariaren inbestidura eztabaida egiten denean edo bilkuraldi horretan hauteskundeak egin behar direnean izan ezik, Osoko Bilkura berezia eginen da Erkidegoaren egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko. Eztabaidarako deialdia egin aurretik, irailaren lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari igorri ahalko dio Gobernuaren politika orokorrari eta erkidegoaren egoerari buruzko komunikazio bat, Osoko Bilkura berezi horretan eztabaida dadin.

2. Oro har, erregelamendu honetako IV. kapituluko V. tituluan ezarritako arauak aplikatuko dira eztabaidan; betiere, ondoko letretan ezarritakoari begiratuko zaio:

a) Eztabaida Nafarroako Gobernuko lehendakariaren mintzaldiarekin hasiko da, denbora mugarik gabe. Azalpen hori amaiturik, lehendakariak bilkura aldi baterako etenen du, parlamentu-taldeek mintzaldia aztertu ahal izan dezaten.

b) Bilkuraldia berriz hasten denean, parlamentu-talde guztiak mintzatu ahalko dira, beren ordezkarien bitartez. Parlamentu-taldeen mintzaldien hurrenkera talde bakoitzak dituen parlamentarien kopuruari begira ezarriko da; parlamentari gehien dituen taldetik hasi eta gutxien dituenera, hain zuzen. Gobernua babesten duten parlamentu-taldeko edo -taldeetako eledunak azkenak izanen dira mintzatzen.

c) Aurreko letrako mintzaldiek ez dute hogeita hamar minutu baino gehiago iraunen.

d) Behin eskatu duten parlamentu-talde guztietako eledunak mintzatu direnean, Gobernuko lehendakaria berriz mintzatu ahalko da.

e) Lehendakaria mintzatu ondoren, erantzuteko txanda bat, gehienez ere hamar minutukoa, eskaini ahalko zaie parlamentu-talde guztiei, halakorik eskatzen badute, hain zuzen ere artikulu honetako b) letran ezarritako hurrenkeran. Eztabaida Gobernuko lehendakariaren mintzaldiarekin bukatuko da.

f) Eztabaida bukatzen denean, epe bat irekiko da, zeinaren iraupena Legebiltzarreko lehendakariak erabakiko baitu, eta epe horretan parlamentu-taldeek eta Parlamentuko Askotariko taldeko foru parlamentariek bost erabaki proposamen aurkeztu ahalko dizkiote Mahaiari, gehienez ere. Mahaiak eztabaidaren helburuarekin bat datozen proposamenak onartuko ditu. Haien eztabaida eta bozketa Erregelamenduko 198. artikuluak xedatutakoari jarraituz eginen dira.

II. KAPITULUA. Foru Diputazioak igorritako programa eta planen azterketa

202. artikulua

1. Foru Diputazioak programa edo planen bat bidali eta Parlamentuak horri buruzko iritzia ematea eskatzen baldin badu, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, hura argitara dadila aginduko du, eta Osoko Bilkuraren edo kasuan kasuko batzordearen aurrean bidera daitezen erabakiko du, salbu eta Diputazioak berariaz Osoko Bilkurako eztabaida proposatzen badu.

2. Gobernuko kide baten mintzaldiarekin hasiko da eztabaida, eta horren ondoren parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana eta Askotariko taldeko parlamentariak mintzatu ahalko dira, gehienez hamabost minutuz.

3. Foru Diputazioko kideek galderei banaka, batera zein gaika bilduta erantzun ahalko diete. Mintzatu diren guztiek ihardesteko txanda izanen dute, gehienez ere hamarna minutuz.

4. Eztabaida bukatu ondoren, epe bat irekiko da, zeinaren iraupena Legebiltzarreko edo batzordeko lehendakariak erabakiko baitu, eta epe horretan parlamentu-taldeek eta Askotariko parlamentu-taldeko foru parlamentariek erabaki proposamenak aurkeztu ahalko dizkiote Mahaiari. Mahaiak eztabaidaren helburuarekin bat datozen proposamenak onartuko ditu.

5. Mahaiak izapidera onartutako proposamenak eztabaidatzeko hurrenkera finkatuko du, kontuan harturik elkarrekin duten antza edo lotura eta, baita ere, plana edo programa erabat zein zatika onartzen edo errefusatzen duten. Proposamen bakoitzaren eztabaida 141.1. artikuluaren 2. arauan zuzenketa edo boto partikularrentzako ezarritakoari lotuko zaio.

6. Eztabaida bukatuta, bozketak honako hurrenkeratan eginen dira:

a) Lehenengo, plana edo programa itzultzeko proposamena egiten duten erabaki proposamenak bozkatuko dira, halakorik bada.

b) Itzultzeko proposamenak bazter utzirik, halakorik bada, erabaki proposamenak eztabaidatu diren hurrenkera berean bozkatuko dira.

c) Azkenik plan edo programaren testu osoa, onetsitako erabaki proposamenak barne direla, osoko bozketa bakarrean bozkatuko da. Horren emaitza aldekoa bada, onetsi eginen da plan edo programa. Bazter utziko da, bestela.

III. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuaren agerraldiak

203. artikulua

1. Nafarroako Gobernuko kideak, haiek hala eskatuta edo Eledunen Batzarraren ekimenez, Legebiltzarreko Mahaiak erabakitzen duen batzordearen aurrean agertuko dira, haien eskumeneko jarduerei buruzko informazio bilkura egiteko xedez.

2. Agerraldia gutxienez ere Parlamentuko kideen bostenak edo gutxienez ere ordezkaritza hori daukaten parlamentu-taldeek eskatzen dutenean, Eledunen Batzarrak informazio bilkurarako dei egitea erabakiko du.

3. Behar bezala arrazoitutako salbuespenetan izan ezik, agerraldia onartzen denetik agerraldia egiten denera ez dira hamabost egun baino gehiago igaroko.

4. Foru diputatuak, aholkulari, goi kargu zein funtzionarioek lagunduta bertara daitezke aipatu informazio bilkuretara.

5. Nafarroako Gobernuak eskatuta deitzen diren informazio bilkurak Foru Diputatuaren azalpenarekin hasiko dira; azalpen horren gehieneko iraupena hogeita hamar minutukoa izanen da. Azalpena bukatu ondoren, lehendakariak aldi baterako eten ahalko du bilkura, batzordeko kideek informazioa aztertzeko beta izan dezaten. Bilkura berriro hasten denean, parlamentu-talde bakoitzeko ordezkariak eta Askotariko taldeko parlamentariak hamar minutuz mintzatu ahalko dira, beren jarrerak argitzeko, zerbait galdetzeko edo oharren bat egiteko. Foru diputatuak edo laguntzen dioten aholkulari edo funtzionarioek horiei erantzunen diete.

Parte-hartzaileren batek hala eskaturik, lehendakariak galderak edo oharrak egiteko beste txanda bat ireki dezake; bost minutu izanen dira horiek egiteko.

6. Eledunen Batzarrak eskatuta deitzen diren informazio bilkurak proposamena egin duen parlamentu-taldeko ordezkariaren azalpenarekin hasiko dira. Azalpena bukatu ondoren, lehendakariak aldi baterako eten ahalko du bilkura, batzordeko kideek eta foru diputatuak azalpena aztertzeko beta izan dezaten. Bilkura berriz hasten denean, foru diputatua mintzatuko da, eskatutako gaiari buruzko azalpenak emateko, gehienez ere hogeita hamar minutuz. Azalpena bukatu ondoren, lehendakariak aldi baterako eten ahalko du bilkura, batzordeko kideek azalpena aztertzeko beta izan dezaten.

Ondoren parlamentu-talde bakoitzeko ordezkari bana eta Askotariko taldeko parlamentariak, agerraldia eskatu duenak hasita, hamar minutuz mintzatu ahalko dira, jarrerak argitzeko, zerbait galdetzeko edo oharren bat egiteko. Foru diputatuak edo laguntzen dioten aholkulari edo funtzionarioek horiei erantzunen diete. Parte-hartzaileren batek hala eskaturik, lehendakariak galderak edo oharrak egiteko beste txanda bat ireki dezake; bost minutu izanen dira horiek egiteko.

7. Aurreko bi idatz-zatietan diputatuentzat ezarritako denbora-mugak ez zaizkio aplikatuko Nafarroako Gobernuko lehendakariari.

XIV. TITULUA. PARLAMENTUAREN HARREMANAK COMPTOS GANBERAREKIN,
NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ARARTEKOAREKIN
ETA NAFARROAKO IKUS-ENTZUNEZKOEN KONTSEILUAREKIN

I. KAPITULUA. Comptos Ganberari aholkua eskatzea
eta horren lehendakariaren agerraldiak

204. artikulua

1. Nafarroako Parlamentuak, Osoko Bilkuraren, batzordeen nahiz Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren bitartez, bere jarduketak oinarritzeko beharrezko diren aholku eta txostenak eskatu ahalko dizkio Comptos Ganberari, eta egoki irizten dionetan, Comptos Ganberako lehendakaria ager dadila eskatu, ondorio beretarako.

2. Comptos Ganberako lehendakariak bere ekimenez eskatu ahalko du aurreko idatz-zatian aipatu organoen aurrean agertzea, Comptos Ganberaren eskumeneko gairen bat Parlamentuaren jakinaren gainean jartzeari egoki irizten dionean. Parlamentuko Mahaiari zuzendutako idazkiz eginen da eskaria eta hark, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, agertzea ahalbideratzeko jardunbidea antolatuko du, hala egokituz gero.

3. Erregelamenduaren 157.2 artikuluan ezarritakoari dagokion Comptos Ganberako lehendakariaren agerraldia, emandako irizpenari buruzko azalpenarekin hasiko da. Erregelamenduaren 203. artikuluan azaltzen denaren arabera eginen da aipatu agerraldia.

4. Egoki iritzitako teknikarien laguntza izan ahalko du Comptos Ganberako lehendakariak agerraldietan.

205. artikulua

Comptos Ganberak bere eginkizunak betez egiten dituen txostenak Parlamentuko lehendakariari bidaliko dizkio, hark kasuan kasuko txostenaz arduratzeko eskumena duen Parlamentuko organoari bidaltzeko.

II. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren txostenak

206. artikulua

1. Parlamentuko Mahaiak, Arartekoaren urteko txostena jaso ondoren, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila agindu eta Foru Araubideko Batzordeari dei eginen dio Arartekoak haren aurrean agerraldia egin dezan. Agerraldi hori eginen da 203.5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

2. Arartekoaren urteko txostena honako prozedura honi jarraikiz eztabaidatuko da Osoko Bilkuran:

Arartekoak txostenaren laburpen bat agertzea, gehienez ere hogei minutuz.

Azalpen hori amaitu ondoren, parlamentu-talde bakoitzaren ordezkari bana mintzatu ahalko da, gehienez ere hamabost minutuz eta txikienetik handienerako hurrenkeran, nork bere jarrera adierazteko.

Eztabaida horri dagokionez, ezin izanen da erabaki-proposamenik aurkeztu.

3. Arartekoak aurkeztutako txosten monografiko edo bereziak Foru Araubideko Batzordean izapidetuko dira, 1. idatz-zatian xedatuari jarraikiz.

III. KAPITULUA. Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren txostenak

207. artikulua

1. Parlamentuko Mahaiak, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluaren urteko txostena jaso ondoren, Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadila agindu eta batzorde eskudunari dei eginen dio kontseiluko lehendakariak haren aurrean agerraldia egin dezan. Agerraldi hori eginen da 203.5. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz.

2. Ikus-entzunezkoen Kontseiluko lehendakariak bere ekimenez edo Eledunen Batzarrak, bi parlamentu-taldek edo foru parlamentarien bosten batek eskaturik, Parlamentuari bidalitako txosten bereziak izapidetuko dira aurreko idatz-zatian ezarritako moduan.

XV. TITULUA. SENATARIEN HAUTAKETA ETA COMPTOS GANBERAKO LEHENDAKARIAREN NAHIZ NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO ARARTEKOAREN IZENDAPENAK

I. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko senatariak hautatzea

208. artikulua

1. Parlamentuko Osoko Bilkurak, berariaz eginiko deialdian, Nafarroako Foru Komunitatea Senatuan ordezkatu behar duten senatariak hautatuko ditu, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 12. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2. Mahaiak, Eledunen Batzarrarekin bat, Konstituzioaren xedapenen arabera, Nafarroari Foru Komunitatea den aldetik dagokion senatari kopurua finkatuko du.

3. Honako hauek hautatu ahalko dira Nafarroako Foru Komunitateko senatari: Espainiako herritarrak, legeek senatari izateko eskatutako baldintza orokorrez gain, nafar izaera politikoa dutenak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 5. artikuluan ezarritakoaren arabera.

4. Parlamentuko Mahaiak erabakiko du parlamentu-taldeen ordezkariek edo Askotariko taldeko parlamentariek hautagaiak proposatzeko epea. Epea bukatu ondoren, aurkeztu diren senatari-hautagaiak aldarrikatuko ditu eta senatariak hautatzeko Osoko Bilkurarako deia eginen du.

5. Senataria edo senatariak, boto-txartelen bidezko isilpeko bozketa bakarrean hautatuko dira. Foru parlamentari bakoitzak, aldarrikatutako hautagaietako bakar baten izena soilik idatzi ahalko du boto-txartelean. Zuriz emandakoek ere balioko dute. Gainontzekoak baliogabeak izanen dira.

6. Hautatuak izanen dira, hurrenez hurren, hautatu beharreko senatari kopurua bete arte, botorik gehien eskuratzen duten hautagai aldarrikatuak. Berdinketak ebatziko dira kiderik gehien duen parlamentu-taldeak proposaturiko hautagaiaren alde, eta berdinketa gertatuz gero, hautagairik zaharrenaren alde.

7. Nafarroako Parlamentuak hautatutako senatarien agintaldia, hautatu dituen Nafarroako Parlamentuaren ondorengoa eratzen den egun berean bukatuko da.

Haatik, Konstituzioak ezarritako edozein arrazoirengatik Senatuko legegintzaldia bukatzen denean ere bukatuko da senatarien agintaldia. Senaturako hauteskundeak egin ondoren eta Senatua eratu aurretik, Legebiltzarreko Mahaiak Nafarroako Parlamentuko legegintzaldiaren hasieran hautatuko berei emanen die agintea.

II. KAPITULUA. Comptos Ganberako lehendakaria izendatzea

209. artikulua

Parlamentuak hautatuko du Comptos Ganberako lehendakaria, Comptos Ganbera eratzeko legeak, edo hura aldatu edo garatzen dutenak, ezarritakoaren arabera.

210. artikulua

Hona Comptos Ganberako lehendakaria hautatzeko arauak:

Lehenengoa. Legebiltzarreko Osoko Bilkuran hautatuko da Comptos Ganberako lehendakaria.

Bigarrena. Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, finkatuko du Comptos Ganberako lehendakaria izateko hautagaiak aurkezteko epea.

Hirugarrena. Parlamentu-taldeek edo Askotariko taldeko parlamentariek idatziz aurkeztuko dizkiote hautagaiak Legebiltzarreko Mahaiari. Idazki horietan, lehendakaria izateko proposatzen den hautagaiaren onarpena jaso beharko da.

Laugarrena. Hautagaiak aurkezteko epea bukatu ondoren, Mahaiak hautagaiak aldarrikatu eta Legebiltzarreko Osoko Bilkurarako deia eginen du.

Bosgarrena. Lehendakaria hautatzeko, erregelamendu honetako 102 artikuluak ezarritako karguak hautatzeko bozketa-sistema bera erabiliko da.

III. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa izendatzea

211. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa Parlamentuaren Osoko Bilkurak hautatuko du, Arartekoari buruzko Foru Legeak eta honako arauek ezarritakoari jarraikiz:

Lehenengoa. Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Ararteko izateko hautagaiak aurkezteko epea ezarriko du.

Bigarrena. Hautagaiak aurkezteko, parlamentu-taldeek edo Askotariko parlamentu-taldeko foru parlamentariek idazki bat zuzenduko diote Mahaiari, eta hari gehituko zaizkio hautagaitzaren onarpenari buruzko adierazpena eta foru lege hartan ezarritako baldintzak betetzearen froga.

Hirugarrena. Hautagaiak aurkezteko epea bukatu ondoren, Mahaiak hautagaiak aldarrikatu eta Legebiltzarreko Osoko Bilkurarako deia eginen du.

Laugarrena. Arartekoa hautatuko da erregelamendu honetako 102. artikuluan ezarritako sistemari jarraikiz.

XVI. TITULUA. DIPUTATUEN KONGRESURAKO LEGE PROPOSAMENAK,
KONSTITUZIOKONTRAKOTASUNEKO ERREKURTSOAK,
ESKUMEN GATAZKAK ETA BABES-ERREKURTSOAK

I. KAPITULUA. Diputatuen Kongresurako lege proposamenak

212. artikulua

1. Konstituzioaren 87.2 artikuluak aipatzen dituen lege proposamen eta proiektuak Nafarroako Parlamentuan lantzeko, erregelamendu honen VI. tituluko II. kapituluak ezarritakoari jarraituko zaio.

2. Konstituzioaren 87.2 artikuluak ezarritakoaren arabera, Nafarroako Parlamentuak onetsitako lege proposamenak Diputatuen Kongresuaren aurrean defendatu behar dituzten foru parlamentarien hautaketa, Legebiltzarreko Mahaiak horretarako emanen dituen arauei jarraituz eginen da, Eledunen Batzarraren erabaki loteslearen ondoren.

II. KAPITULUA. Konstituziokontrakotasuneko errekurtsoak eta babes-errekurtsoak

213. artikulua

1. Mahaiaren edo Eledunen Batzarraren proposamen arrazoitua egin ondoren, zeina 90. artikuluan ezarritakoaren arabera eztabaidatuko den, Legebiltzarreko Osoko Bilkurak erabaki dezake Konstituzioaren 161.1.a) artikuluak eta Konstituzio Auzitegiari buruzko urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 32.2 artikuluak aipatzen duten konstituziokontrakotasuneko errekurtsoa aurkeztea.

2. Legebiltzarreko Mahaiak, Eledunen Batzarraren erabakiaren ondoren, erabaki dezake Parlamentua gainontzeko konstituzio-auzietan agertu eta aurkeztea, aipatu lege organikoan ezarritakoarekin bat, salbu eta hurrengo artikuluan aipatzen direnetan.

3. Bilkuraldien arteko garaietan, lehendakariak erabakiko du aurreko idatz-zatian aipaturiko agertze hori, erabakiaren berri emanez Mahaiari egiten duen hurrengo bileran, hark, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, agerraldiari eustea edo uko egitea erabaki dezan.

214. artikulua

1. Legebiltzarreko Mahaiak, horretarako erabakia hartu ondoren, bere burua aurkeztu ahalko du Konstituzio Auzitegiaren aurrean honako babes-errekurtso hauetan: urriaren 3ko 2/1979 Lege Organikoaren 42. artikuluaren arabera, Legebiltzarreko Mahaitik etorritako lege indarrik gabeko erabaki edo egintzen aurka jartzen direnetan.

2. Mahaiaren egintzak irmoak izanen dira horien aurka Legebiltzarreko Erregelamenduaren arabera parlamentu-bidean inongo errekurtsorik aurkezterik ez denean edo errekurtsoak agortzen direnean.

XVII. TITULUA. NAFARROAKO PARLAMENTUAREN EDO GORTE NAGUSIEN
AGINTALDIAREN AMAIERAN IZAPIDETZEN ARI DIREN AFERAK

215. artikulua

1. Parlamentuaren agintaldia bukatu ondoren, iraungi eginen dira Legebiltzarrak aztertu eta erabakitzeke dituen gai guztiak, legezko arauen arabera Legebiltzarreko Batzorde Iraunkorrak azter eta erabaki ditzakeenak salbu.

2. Parlamentuaren agintaldia amaitu ondoren, hartarako hauteskundeetarako deialdia egin eta gero, Diputatuen Kongresuko Mahaiari aurkeztu eta oraindik ere aintzat hartuak izateke dauden lege proposamenak iraungi eginen dira.

3. Baldin eta Gorte Nagusietan iraungi egiten bada Nafarroako Parlamentuak Diputatuen Kongresuko Mahaiari aurkezturiko lege proposamen baten izapidetzea, Parlamentuko Osoko Bilkurak, Eledunen Batzarrak proposaturik, erabaki ahalko du aurkezpena errepikatzea eta proposamenaren defentsarako hautaturiko foru parlamentariak berrestea.

Lehenengo Xedapen Gehigarria

Nafarroako Parlamentuko aurrekontu zuzkidurak aldian-aldian ordainduko dira Legebiltzarreko Mahaiaren eskariz, eta haien igorpena irmoa izanen da.

Bigarren Xedapen Gehigarria

1. Nafarroako Parlamentuak ahalmen juridiko osoa izanen du, Konstituzioari eta gainontzeko ordenamendu juridikoari lotuz.

2. Parlamentuko lehendakaria da, aurreko idatz-zatian aurreikusitako ondorioetarako, Legebiltzarra ordezkatzen duena.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

1. Parlamentuaren zerbitzuko langileen eskubideak, betebeharrak, egoerak, eginkizunak eta eskumenak Nafarroako Parlamentuko langileen estatutuak ezarritakoak izanen dira. Estatutu hori foru lege baten indarra duen xedapen baten bitartez onetsiko da.

2. Erregelamendu Batzordeari dagokio, osoko eskumen legegilearekin, aipatu langileen estatutua onartzea.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Erregelamendu honetako artikuluek aipatzen duten foru parlamentarien kopuruak zenbatzeko, 0,5 edo hori baino handiagoko zatiak goitik borobilduko dira, eta gainontzekoak behetik.

Bosgarren Xedapen Gehigarria

Erregelamendu honen gaztelaniazko testuak kargu instituzionalak aipatzen dituenean adierazpen-ekonomiaren mesedetan genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasu guztietan (Presidente, Vicepresidente, Secretario, Parlamentario, Consejero eta abar) ulertu behar da postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, haiek bai emakumezkoek bai gizonezkoek betetzen dituztela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan, ondorio juridikoen ikuspegitik. Kargua emakume baten ardurapean dagoenean, izendapenean genero gramatikal femeninoa erabiliko da, kasu bakoitzari dagokion formarekin (Presidenta, Vicepresidenta, Secretaria, Parlamentaria, Consejera eta abar).

Seigarren Xedapen Gehigarria

1. Erregelamendu hau aldatzeko ekimena erabiltzeko, proposamen bat aurkeztuko da, VI. tituluko II. kapituluaren 2. atalean ezarritakoaren arabera formulatu eta izapidetuko dena, Nafarroako Gobernuak parte hartu gabe, baina.

2. Aipatu proposamenei buruzko irizpena emateko eskumena Erregelamendu Batzordeari egokituko zaio.

3. Hori onesteko, Parlamentuko kideen gehiengo osoaren aldeko botoa beharko da, Osoko Bilkurak onetsitako testu osoari buruzko azken bozketa batean.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indarrik gabe geldituko dira Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren testu bategin honetan xedatutakoaren kontra dauden xedapen guztiak, eta, berariaz, honako hauek:

a) Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren aurreko testu bategina, Mahaiak 2007ko urriaren 8an hartutako Erabakiaren bidez onetsia.

b) Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren aldaketa, Osoko Bilkurak 2011ko martxoaren 24an hartutako Erabakiaren bidez onetsia.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa