(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

11/2012 Foru Legea, ekainaren 21ekoa, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2012ko 125. NAOn argitaratuta, ekainaren 28an. Akats zuzenketa: 2012-08-16ko NAO)

Atarikoa

I

Herritar guztiek bizi politikoan, ekonomikoan, kulturalean eta sozialean parte hartzea Konstituzioko printzipioetako bat da, eta horren azkeneko helburua da askatasun eta berdintasun egiazko eta benetakoak bermatzea. Administrazio publiko guztien konpromisoa da helburu bazterrezin horiek lortzea gurea bezalako gizarte moderno eta demokratiko baterako. Horiek osoki lortzea eragozten edo zailtzen duten oztopoak baztertzeko exijentziak behartzen gaitu gure ordenamendu juridikoa fintzera. Horretarako, gardentasuna, herritarrek informazioa eskuratzeko duten eskubidea eta herritarrek gai publikoetan duten parte-hartzea hobetzeko neurriak zehatzago eta argiago jasoko dira; izan ere, horiek dira erakundeak eta gobernua hobetzeko oinarria.

Gardentasuna ez da Europaren mailan bakarrik hobetu, Estatuan ere badira arau asko herritarrek botere publikoen informazioa eskuratzeari buruz, baina hainbat ikuspegitatik eginak. Esaterako, besteak beste, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Ingurumen arloan informazioa eskuratu, herritarrek parte hartu eta justizia lortzeko eskubideak arautzen dituen uztailaren 18ko 27/2006 Legea, Herritarrek zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea, eta Sektore Publikoaren Informazioa Berriz Erabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legea. Nafarroan hauek dira garrantzitsuenak: Nafarroako Foru Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legea, Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legea, eta Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legea. Era berean, nabarmentzekoa da Gobernu Onaren Kodea ezartzen duen martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legea; hainbat printzipio etiko eta jokaerako jasotzen ditu, Gobernuaren jardueraren publizitatea eta gardentasuna bermatzen dituztenak.

Gobernu ona eta administrazio ona zer diren modu osoagoan eta integratzailean ikusteko, beharrezkoa da ikuspegi orokor bat izatea honako hauen gainean: jarduketa gardena izateko eskubidea, herritarrek duten parte hartzeko eskubidea eta herritarrek, zerbitzu publikoak hobetzeko, laguntzeko eta ekarpenak egiteko duten eskubidea. Gizarte demokratiko aurreratu batean, herritarrek, prozedura administratibo batean interesdun gisa eskubide funtsezkoenak aitorturik izateaz gain, erakutsi dute badutela jakiteko, parte hartzeko eta aktiboki laguntzeko nahia. Ezbairik gabe, horrek gure gizarte demokratikoa sendotzen du, eta bultzada ematen du Gobernuaren jarduera gardenaren alde eta Administrazio eraginkorrago, hurbilago eta adeitsuago baten alde. Laburbilduz, zerbitzua jaso behar duten herritarren aurrean beren erantzukizunak hartzeko gai diren eta horretarako prestaturik dauden Administrazioa eta Gobernua nahi dira. Hala, Gobernu Ireki baten ideia sortu da, foru legean berean honela definitzen dena: herritarrekin etengabeko elkarrizketa bat izateko gai dena, haiek esaten eta eskatzen dutena entzuteko, bere erabakiak hartzen dituena herritarren beharretan eta hobespenetan zentraturik, eta herritarren parte-hartzea eta elkarlana errazten dituena bere politikak zehazteko eta eginkizunak betetzeko, informazioa ematen duena eta erabakitakoaren eta egindakoaren berri ematen duena, garden, bere burua kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako irizpideen menpe jartzen duena, eta prestaturik dagoena egindakoengatik kontu emateko eta erantzukizuna hartzeko, zerbitzatu beharreko herritarren aurrean.

Badira hainbat alderdi eta funtsezko printzipio gure Administrazio Publikoa gidatzen dutenak behin betiko garden izatera eta herritarrekin harremanetarako modu berri bat ezartzera, eta foru lege honen helburua da arau bakar batean batzea alderdi eta printzipio horiek.

II

Nafarroak, bere foru araubidearengatik, eskumen esklusiboa du Nafarroaren zuzenbide substantiboaren espezialitate edo antolaketa berekien ondoriozko prozedura administratiboko arauen gainean. Orobat, eskumen esklusiboa du Foru Diputazioaren araubide juridikoaren, bere Administrazioaren eta horren menpeko erakunde publikoen gainean. Administrazio publikoen aurrean administratuak berdintasunez tratatuko direla bermatzen da, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1 artikuluaren c) eta e) letrekin bat.

Foru lege honek arautzen duen arloak berarekin dakar Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren eta haren erakunde publikoen diseinu berri bat, eta hartzen den ereduak informazioaren gardentasunaren alde egiten du, informazio hori berrerabiltzearen alde eta zerbitzatu beharreko herritarren parte-hartzearen eta elkarlanaren alde. Horrela, administratzeko modu berri bat eratzen da, irekiagoa eta parte hartzeko aukera gehiago ematen dituena. Estatuak administrazio prozedura erkidearen arloan duen oinarrizko legeriaren mugak errespetatzen ditu Nafarroak; izan ere, bere antolakuntzaren esparruaren barnean daude eskuratze-eskubideak eta eskubide horiek erabiltzeko prozedurak eta araubideak, eta, horretaz gain, horiek ez dituzte inola ere aipatutako mugak urratzen; aitzitik, legeria horrek ezarritako gutxienekotik haratago doaz. Gardentasunaren arloan, Administrazioak duen informazioa ez hain zorrotz eta, beraz, zabalago eskuratzeko eskubidea eratzeak berarekin dakar hobekuntza, harekin harremana duten guztientzat.

Ikuspegi oso eta integratzaile batekin heldu behar zaio botere publikoen jarduketaren gardentasunari, eta foru lege honek erakusten du horretan zinez sinesten dela. Demokrazia aurreratu batean, gobernu ona eta administrazio ona oinarrizko zutabe dira kalitatezko Administrazio bat izateko, eraginkorra, herritarrentzako eskura dagoena eta, hitz batez, funtzionatzeko moduan eredugarria. Asmoa hori izanik, arau honetan hainbat neurri jaso dira gardentasuna izateko jarduera publikoan eta kudeaketa administratiboan, herritarren parte-hartzea eta elkarlana sustatzeko, jarduketa administratiboa modernizatu, arrazionalizatu eta sinplifikatzeko, eta Administrazio Publikoaren kalitatea hobetzeko; orobat, Gobernuaren jardunerako etika eta gardentasun neurriak ere jaso dira. Horrek denak Gobernu Irekia benetan ezartzea du helburu.

Foru lege honen xedapen guztien asmoa da zerbitzurako sistema publiko bat eraikitzea, jokaeran eta funtzionamenduan bikaina izanen dena, herritarrei konfiantza eman eta parte hartzera animatuko dituena, eta bere jardueraren gaineko kontrol eta zaintza etengaberako sistema izanen duena. Hala, Administrazioak bere jardueraren berri emanen die herritarrei. Horrela Administrazioaren beraren eta zerbitzari publikoen beren zilegitasuna ere sendotu nahi da. Dokumentu publikoak eskuratzeari buruz Kontseilu Europarrak emandako Europako Hitzarmenak oinarrian duen filosofia gauzatu egiten da arau honetan. Izan ere, arras bat dator gure Espainiako Konstituzioko printzipio eta balioekin. Nafarroa erabat sinetsirik dago dokumentuetan jasotakoa gauzatzeko beharra dagoela, herritarren eskubideak errealitate bihurtuz, eta aurrera eginez, erreferente bihurtuko duten tresna guztiak bilduz arau honetan; hain zuzen ere, erreferente zerbitzuaren kalitatean, gardentasunean eta gobernu ona izaten. Gobernuaren jardunean etika izateko konpromiso sendoa adierazten da, eta, halaber, horrela errazten da Nafarroako Parlamentuak gauzatzen duen kontrola. Foru lege honen manu guztiak hori dena lortzera bideraturik daude.

III

Arreta berezia eskaini behar zaio jardun publikoaren gainean informatzeko eta haren publizitatea egiteko betebeharra arautzen duen eredu berriari. Argi bereizi behar dira honako hauek: batetik, publizitate aktiboa, hau da, inork eskatu behar izan gabe, garrantzi handienekotzat jotzen den informazioa emateko eta etengabe zabaltzeko betebeharra, betiere egiazko informazioa, eta, bestetik, informazio publikoa eskuratzeko edozein herritarrek duen eskubidea, aldez aurretik eskatuta, foru lege honetan dauden mugekin bakarrik. Jarduera publikoan, gardentasunaren zerbitzuan dago publizitate aktiboa, halako moldez non herritarrak ez baitu informazio bat eskatu behar; aitzitik, Administrazio Publikoak ematen dio dauden bideen bitartez, eta, batez ere, bidez.

Era berean, foru lege honek ekimen pribatua sortzearen alde egiten du, eta informazio publikoaren berrerabilera sustatzen du. Administrazioak duen aktibo handienetako bat daukan informazio kopuru handia da, hori gauza jakina da, eta, legez ezarritako mugak errespetatzen badira, partikularrek informazio hori eskuratu dezakete eta produktuak eta zerbitzuak sortu, eta, horrela, aberastasuna ekarriko duten sinergia positiboak ezartzea erraztu daiteke.

Informazio publikoa eskuratzeko eskubideak eraketa desberdina du, izan ere kontua ez da eskuratzea Administrazioak jadanik jakitera eman duen edo emateko betebeharra duen informazioa, baizik eta beste edozein, betiere eskuratzea mugaturik ez badago, edo haren zabalkundea eragotzia ez badago; horregatik, kasu horiek zehatz arautzen dira. Batzuetan beharrezkoa izanen da dauden interesak baloratu behar izatea, eta informazioaren publizitatean dagoen goragoko interesa justifikatzea. Zenbaitetan, informazioa neurri batean bakarrik eskuratzen ahalko da, eta, beste zenbaitetan, datu pertsonalen babesak eskuratze hori eragotziko du. Horregatik, gai horiek zehatz arautzen dira.

Premisa horiek izanik, foru legearen eduki osoaren laburpen bat eman behar da.

IV

Foru lege honek honako egitura du: zortzi titulu, hamabi xedapen gehigarri, xedapen indargabetzaile bat eta hiru azken xedapen.

I. tituluak xedapen orokor batzuk ditu. Alde batetik, arauaren xedea eta aplikazio eremua ezartzen ditu. Administrazio Publikoen eta herritarren arteko harremanetarako modu berri baten ezarpena arautzen da; modu berri hori gardentasunean oinarritzen da, eta Gobernu Irekia ezartzera bideraturik dago, herritarrengandik hurbilago eta eskuragarriago bihurtuko duten eskubideak eta mekanismoak bermatuz. Jarduera administratiboaren eremu guztira zabaltzen da, eta haren printzipioak honako hauei aplikatzekoak dira: enpresa publikoak, fundazio publikoak, Nafarroako Foru Komunitateari eta haren erakunde publikoei lotutako zuzenbide publikoko entitateak eta zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridikoak, publikoak nahiz pribatuak. Hala adierazten da Foru Legearen 2. artikuluan. Orobat, Gobernu Irekiaren jarduketaren printzipioak definitzen eta adierazten ditu; haien jarduketak printzipio horien araberakoa behar du izan. Informazio publikorako eta herritarren parte-hartzerako eta elkarlanerako eskubidea benetakoa bihurtzeko, eremu bakoitzeko hainbat eskubide aitortzen dira, baita herritarrek beren eskubideak defendatzeko dituzten eskubideak ere. Herritarrei aditzeko, informazioa emateko eta parte-hartzea bideratzeko beharrezkoa den bitarteko gisa eratzen da "Gobernu Irekia" izeneko ataria. Arauan aurreikusitakoa betetzeko, beharrezkoa da elkarlan eraginkorra izatea administrazioen eta araua aplikatu behar duten beste subjektu batzuen artean.

II. tituluaren gai nagusia jarduera publikoaren gardentasuna da. Hartarako, informazio publikorako edo ezagutza kudeatzeko sistema integral bat ezar dadila sustatuko da. Informazio publikoaren erantzukizuna duten unitateak izendatzen dira, eta informazio publikoaren mugak finkatzen. Modu murriztailean interpretatu behar dira muga horiek, eta lege maila duen arau batek ezarriko ditu. Titulu honek bi kapitulu ditu. Lehenbizikoa publizitate aktiboari buruzkoa da, eta, hartan, agintari publikoen betebeharrak adierazten dira, eta jakitera eman behar den informazioa zehazten da. Administrazioak herritarren zerbitzura jarri beharreko jarduera izan behar du informazio publikoaren berrerabilerak; ekimen partikularra eta haren erabilera erraztu behar dira, eta, horretarako, foru lege honek ezartzen du zer baldintzatan egin behar den hori. Bigarren kapitulua kudeaketa administratiboaren gardentasunari buruzkoa da; betebehar gisa ezartzen da herritarren eskura egon behar dela oinarrizko jarduketa eremuetako informazio garrantzitsuena, eta, bereziki, gardentasuna honako arlo hauetan hartzen da kontuan: kontratazio publikoan, zerbitzuen esleipenean, elkarlan hitzarmenetan, diru-laguntzetako jardueretan eta lurraldearen antolamenduan eta hirigintzan. Hala, berariazko foru legeek ezartzen duten informazioa osatu egiten da.

III. tituluan informazio publikoa eskuratzeko eskubidea arautzen da. Lehenbiziko kapituluan eskubide hori erabiltzeko arau orokorrak ezartzen dira. Eskubide horri esker, aldez aurretik eskaera eginda, informazio publikoa eskuratzen ahal da, Foru Legean ezarritako mugekin bakarrik, eta eskaera arrazoitu behar izan gabe, eta, halaber, argudio gisa Foru Legea arrazoitzat aipatu behar izan gabe. Dena dela, eskubide horrek baditu mugak, eta horiek berariaz aurreikusi dira. Nolanahi ere, babesa xede eta helburu izanik jarri behar dira muga horiek, eta, aplikatu ere, epe zehatz batean bakarrik aplikatuko dira, edo justifikatzen dituzten arrazoiak dirauten bitartean. Era berean, Administrazio Publikoak zabalkunderako dituen betebeharretan ere aplika daitezke legezko muga horiek. Datu pertsonalen nahitaezko babesa ere kontuan hartu da: ezartzen da babes horrek lehentasuna duela informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen aurrean, baldin eta gatazkarik bada eta ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea babestu behar bada. Bigarren kapituluan eskubidea erabiltzeko prozedura arautzen da. Zehazten dira eskaerak izan behar dituen datuak, tramitera ez onartzeko zergatiak, hirugarrenen eskubideak edo interesak ukitzen dituen informazioa eskatzen denean eskaera igortzeko beharra -horiek bidezkoa dena alega dezaten-, ebazteko epeak, isiltasunaren esanahia eta prozeduraren ebazpena. Legeen maila duten berariazko arauetan ezarritakoa da eskaera ebazteko epe orokorra, eta, halakorik ezean, hamabost egun aurreikusten dira, eta, tamainagatik eta konplexutasunagatik hala behar denean, hogeita hamar egun. Isiltasuna positiboa da. Informazioa zer modutan eta formatutan eman behar den ere arautzen da.

IV. tituluan herritarren parte-hartzea eta elkarlana arautzen dira. Lehenbiziko kapituluan jasotzen dira Administrazio Publikoak horiek bultzatzeko eta sustatzeko duten betebeharra eta zenbait plan eta programa orokorretan herritarren parte-hartzea izateko bermeak. Halaber, berariaz jasotzen da unibertsitateen, lanbide elkargoen eta aholku kontseiluen parte-hartzea eta elkarlana, bai eta beren eskumenak erabiliz sustatzen dituzten jarduketetarako egokitzat jotzen diren gainerako entitate eta erakundeenak ere. Bigarren kapituluan herritarren parte-hartzerako eta elkarlanerako tresnak arautzen dira; Administrazio Publikoak parte-hartzea eta elkarlana gauzatzeko mekanismoak dira horiek. Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistro bat ezarriko da, arlo zehatzetan interesa duten herritarrek eta herritarren entitateek izena eman dezaten, eta, horrela, aurreikusten diren bitartekoetan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten, besteak beste kontsulta-foroetan, herritarren paneletan eta herritarren epaimahaietan. Hirugarren kapituluan berariazko eskubideak jasotzen dira, esaterako hauek: parte-hartzea eta elkarlana politika publikoak definitzean eta politika publikoak eta Administrazio Publikoen zerbitzuen kalitatea ebaluatzean; izaera orokorreko xedapenak egiteko parte hartzea; erregelamenduzko ekimenak proposatzea; jarduketa proposamenak edo iradokizunak egitea; eta herritarren jardueretan Administrazio Publikoaren elkarlana eskatzea. Eskubide horiek gauzatzeko, dagokion parte-hartzeko prozedura ireki behar da, eta emaitza txosten batean jaso.

V. tituluan agertzen da arau honetan argi eta garbi egin dela jarduketa administratiboa modernizatzearen, arrazionalizatzearen eta sinplifikatzearen alde, nahitaezko osagarria baita Gobernu Irekia ezartzeko eta herritarrentzat ulergarriagoa, hurbilagoa eta irisgarriagoa den Administrazioa lortzeko, arinagoa eta bermatzaileagoa. Helburu horiek gauzatzeko, Administrazioak Sinplifikatzeko Plan Orokor bat, asmo handikoa, egin behar du. Haren helburuak lehenbiziko kapituluan jaso dira. Bigarren kapitulua arauen kalitatea hobetzeari buruzkoa da. Hainbat bitarteko jasotzen dira hura arrazionalizatzeko, sinplifikatzeko eta arautzea hobetzeko; besteak beste, ekimenak aldez aurretik analizatzea, herritarren parte-hartze eta elkarlan prozesuak bultzatzea, "a posteriori" egindako ebaluazio prozedurak garatzea eta araugintza-tekniketarako jarraibideak egitea.

VI. tituluan esparru orokor baten diseinua arautzen da, Administrazioaren kalitatearen etengabeko hobekuntzarako; bete beharreko estrategiak eta hartzen diren konpromisoak ezartzen dira.

VII. titulua Gobernuaren jardunaren etikari eta gardentasunari buruzkoa da. Adierazten da ezen interes orokorrak eta kudeaketako gardentasunak behar dutela izan Nafarroako Gobernuko kideen eta goi kargudunen jarduketaren gidari, eta martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legearen bidez onetsitako Gobernu Onaren Kodean jasotako printzipio etikoak eta jokaerakoak bete behar direla. Orobat, hauek ere arautzen dira: interes gatazka izan daitekeenean jarduera pribatuetan ez aritzeko betebeharra; ordainsarien, jardueren eta ondasunen publizitatea; kargua utzi ondorengo ordainsariak; eta gobernuaren jardunean beharrezkoa den gardentasuna eta herritarrei kontu ematea. Halaber, Gobernua aldatzen denean botere eskualdaketa gardenagoa izateko arauak ere jasotzen dira.

VIII. tituluan, foru lege honetako xedapenak betetzeko herritarrek dituzten berme administratibo, judizial eta judizioz kanpokoak jasotzen dira. Bada aukera Administrazioarekiko errekurtsoak -administrazio-prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudiak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legeak arautua-, eta, kasua bada, ondorengo administrazioarekiko auzi-errekurtsoak aurkezteko, eta, horretaz gain, Nafarroako Arartekoaren aurreko kexa. Lehendakaritza arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak ebatziko ditu gora jotzeko errekurtsoak, eta, hartarako, aipatutako 15/2004 Foru Legea aldatzen da. Era berean, jasotzen da unitate bat sortuko dela informazioaren eta herritarren parte-hartzearen eta elkarlanaren arloko txostenak egiteko, irizpide batasun bat izateko.

Foru legea xedapen gehigarri batzuek osatzen dute. Honako gai hauei buruzkoak dira: jarraipen batzorde bat sortzea gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko; informazio publikoa eskuratzeko eskubidea modu telematikoan tramitatzea; Nafarroako Gobernuari manu bat ematea urtebeteko epean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzeko proiektua egin dezan, entitate horien jardueretan foru lege honetako printzipioak eta aurreikuspenak gehitzeko; beste erakunde batzuetan gardentasuna sustatzea; Administrazio Publikoaren zerbitzuko langileentzat prestakuntzako plan berariazko bat abiaraztea, aurreikusitako eskubide eta betebeharrei buruz; euskararen erabilera informazio publikoa eskuratzeko eskubidean; eskuratzeko eskubidearen arautze bereziak; foru legea gidatzen duten printzipioak bermatzeko egin beharreko egokitzapenak; diru-laguntzen onuradunek gardenak izateko dituzten betebeharrak; arauak egokitzeko bultzada ematea; hizkuntzako genero berdintasuna; eta, azkenik, lizentzien tramitazioa erraztea.

Azkenik, Foru Legeak xedapen indargabetzaile bat du, non ezartzen baita foru lege honetan xedatutakoari aurka egiten dioten xedapenak indarrik gabe gelditzen direla, eta hiru azken xedapen: lehenengoak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea aldatu eta, horrela, lehendakaritza arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularraren esku uzten du gora jotzeko errekurtsoen ebazpena, errekurtso horiek informazio eta parte-hartze eta elkarlan publikoaren arloko egintzei aurkeztuak direnean; bigarrenak Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan Foru Legean ezarritakoa garatu eta betearazteko; eta hirugarrenak, azkenik, argitaratu eta sei hilabetera hartuko duela indarra adierazten da.

I. TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua. Foru legearen xedea.

1. Administrazio Publikoaren eta herritarren arteko harreman mota berri bat arautzen du foru lege honek, gardentasunean oinarriturik dagoena eta Gobernu Irekia izenekoa ezartzea helburu duena, sakontze demokratiko gisa, honako hauek benetan bermatuz:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta hurrengo artikuluak aipatzen dituen erakunde eta entitateen jardueraren gardentasuna.

b) Herritarrek duten eskubidea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta hurrengo artikuluak aipatzen dituen erakunde eta entitateen esku dagoen informazioa eskuratzeko. Informazio hori egiazkoa eta inpartziala izanen da beti.

c) Herritarrek duten eskubidea zuzenean edo zeharka interes publikoan eragiten duten aferetako erabakietan parte hartzeko. Hartarako, elkarrizketa ireki, garden eta erregular bat izanen da.

2. Gobernu Irekia ezartzeko nahitaezko osagarri gisa, foru lege honek hainbat mekanismo arautzen ditu, Administrazio Publikoa egitura eta prozedura sinplifikatuez eta berritzaileez hornitu dadin, hurbilago eta eskuragarriagoa izan dadin lagundu beharreko herritarrentzat.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Foru lege honen ondorioetarako, honako hau hartzen da Administrazio Publikotzat: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta harekin lotutako edo haren menpeko erakunde publikoak.

2. Sozietate publikoek, fundazio publikoek eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioarekin eta haren erakunde publikoekin lotutako zuzenbide publikoko entitateek, bai eta haien agintaritzapean zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek ere, foru lege honen printzipio gidarietara egokituko dute beren jarduera, eta, gainera, zer administraziori lotuta dauden, administrazio hari lege honetan ezarritako betebehar guztiak betetzeko behar duen informazio guztia eman beharko diote. Hori dena, beren arauek xedatzen dutena galarazi gabe.

3. artikulua. Definizioak.

Foru lege honek agintzen duenerako, honako definizio hauek hartuko dira aintzat:

a) Herritarra: Administrazioarekin harremana duen edozein pertsona, izan bakarka eta bere izenean, izan legez eratutako erakundeetan taldekaturik edo haien bidez ordezkaturik eta haien izenean.

b) Gobernu Irekia: Administrazio Publikoaren funtzionatzeko modua herritarrekin etengabeko elkarrizketa bat izateko gai dena, haiek esaten eta eskatzen dutena entzuteko, bere erabakiak hartzen dituena herritarren beharretan eta hobespenetan zentraturik, eta herritarren parte-hartzea eta elkarlana errazten dituena bere politikak zehazteko eta eginkizunak betetzeko, informazioa ematen duena eta erabakitakoaren eta egindakoaren berri ematen duena, garden, bere burua kalitaterako eta etengabeko hobekuntzarako irizpideen menpe jartzen duena, eta prest dagoena egindakoengatik kontu emateko eta erantzukizuna hartzeko, zerbitzatu beharreko herritarren aurrean.

c) Publizitate aktiboa: informazio publiko garrantzitsuena etengabe zabaltzeko betebeharra, Administrazio Publikoaren jardueraren gardentasuna bermatzeko.

d) Informazio publikoa: foru lege honek aipatutako Administrazio Publikoak prestatzen duen edo bere eskuetan dagoen informazioa, euskarria eta adierazteko modua edozein izanik ere. Ez da halakotzat hartuko foru lege honen 28. artikuluko e) atalean aipatutako dokumentazioa.

Halaber, informazio publikotzat hartuko da zerbitzu publikoak ematen dituzten edo ahalmen administratiboak edo eginkizun publikoak betetzen dituzten beste entitate edo subjektu batzuek egindakoa edo haien jabetzakoa, baldin eta haien jarduera publikoan sortu edo lortu bada, edo jarduera publiko bat betetzeko.

e) Herritarren parte-hartzea eta elkarlana: herritarrek gai publikoetan esku hartzea eta haietan inplikatzea.

f) Herritarren entitateak: irabazi asmorik gabeko pertsona juridikoak, antolamendu juridikoarekin bat eratutakoak, herritarren parte-hartzea eta elkarlana sustatzearekin lotutako helburuak dituztenak, foru lege honetan aurreikusitako Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroan inskribaturik daudenak.

4. artikulua. Gobernu Irekiaren jarduketaren printzipioak.

Aplikatzekoak zaizkion arauetan aurreikusitako printzipioetara egokituko du bere jarduketa Administrazio Publikoak, eta, horretaz gain, Gobernu Irekia ezartzeko foru lege honek funtsezkotzat jotzen dituen printzipioetara, hau da:

a) Herritarrak helburu izatearen printzipioa: Administrazioaren jarduketak herritarren egiazko beharren asetzea behar du izan helburu, interes orokorra bilatu behar du beti, eta gizarteari zerbitzua emateko borondatea izan behar du ezaugarri.

b) Gardentasunaren printzipioa: Administrazioak gardentasuna sartu behar du kudeatzen dituen jarduera guztietan eta bere antolakuntzan, halako moldez non herritarrek ezagutzen ahalko dituzten haren erabakiak, nola hartzen diren, nola antolatzen diren zerbitzuak eta nor diren haren jarduketen erantzukizuna duten pertsonak.

c) Publizitate aktiboaren printzipioa: Administrazioak etengabe eman eta zabaldu behar du, objektiboki, bere esku duen informazioa eta bere jarduketari buruzkoa, egiazkoa.

d) Herritarren parte-hartze eta elkarlanaren printzipioa: Administrazio Publikoak, bere politiken diseinuan eta bere zerbitzuen kudeaketan, bermatu behar du herritarrek, bai bakarka bai taldeka, gai publikoetan parte hartzeko, laguntzeko eta inplikatzeko aukera izan dezatela.

e) Eragimenaren printzipioa: Administrazio Publikoak bere bitartekoak modu optimoan kudeatu behar ditu, halako moldez non bilatzen diren helburu publikoak zuzenean betetzeko aukera emanen baitu.

f) Ekonomiaren eta bizkortasunaren printzipioa: helburu publikoak kostu ekonomiko zentzuzkoenarekin eta ahalik eta lasterren lortzeko moduan jokatu behar du Administrazio Publikoak, erantzuteko denborak progresiboki murriztuz; hori hala izan dadila begiratuko du.

g) Aurrea hartzearen printzipioa: herritarren arazoei eta eskaerei aurrea hartuz diseinatu behar ditu Administrazio Publikoak bere politikak, eta zerbitzuak ere hala kudeatu behar ditu.

h) Kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren printzipioa: ematen dituen zerbitzuak ebaluatzeko eta horien gabeziak atzeman eta zuzentzeko prozesuak ezarri behar ditu Administrazio Publikoak, herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak emateko.

i) Sinpletasunaren eta ulertzearen printzipioa: tramiteak progresiboki gutxitzeari ekin behar dio Administrazio Publikoak, hizkera ulerterraza erabiltzea eta zama administratiboak kentzea sustatuko duten prozesuak eta teknikak ezarriz.

j) Arauen kalitatearen printzipioa: araugintzarako ekimena erabiltzean, Administrazio Publikoak honako printzipio hauekin bat jokatu behar du: beharra, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, eskuragarritasuna, sinpletasuna eta eraginkortasuna.

k) Modernizazioaren printzipioa: Administrazio Publikoak teknika informatikoak eta telematikoak erabiltzea sustatu behar du, bere jarduketa garatzeko eta bere antolakuntzan ezagutzaren kudeaketa ezartzeko eta hobetzeko.

l) Bere kudeaketan erantzukizuna izatearen printzipioa: Administrazio Publikoak berariaz hartu behar ditu bere gain herritarren aurrean dituen betebeharrak, eta bere erabaki eta jarduketen ondoriozko erantzukizunak ere bere gain hartu behar ditu.

m) Jokaera-kodea errespetatzearen printzipioa: Administrazio Publikoak eta bere buruek uneoro errespetatuko dute zerbitzatu beharreko herritarren aurrean hartutako jokaera etikoaren konpromisoa.

n) Eskuragarritasunaren printzipioa: Administrazio Publikoak begiratuko du bere bulegoetan, bere politiken diseinuan eta bere jarduketa guztietan eskuragarritasun unibertsala gauzatu dadin.

ñ) Neutraltasun teknologikoaren printzipioa: Administrazio Publikoak, bere funtzionamenduan, kode irekiko softwarea erabiltzearen eta sustatzearen alde eginen du, eta teknologiaren eta informatikaren arloan estandar irekiak eta neutralak erabiltzearen alde. Orobat, aplikazio edo garapen informatikoak kontratatzean, irtenbide ireki, bateragarri eta berrerabilgarri horien alde eginen du.

5. artikulua. Eskubideak.

Informazio publikorako eta herritarren parte-hartzerako eskubidea benetakoa bihur dadin, edozein herritarrek erabiltzen ahalko ditu ondoko eskubideak Administrazio Publikoarekin dituen harremanetan, foru lege honetan aurreikusitakoarekin bat:

1. Informazio publikoari dagokionez:

a) Administrazio Publikoak, foru lege honetan ezarritako betebeharrak betez, herritarren eskura utzitako informazio publikoa eskuratzea.

b) Administrazio Publikoaren esku dagoen informazioa lortzea, aldez aurretik eskaera eginda, hartarako interes zehatz bat aitortzera beharturik egon gabe, eta foru lege honetako mugekin bakarrik.

c) Foru lege honek ematen dizkien eskubideen berri izatea, eta horiek egoki erabiltzeko aholkularitza jasotzea.

d) Informazioa bilatzeko laguntza jasotzea.

e) Eskatzen duen informazioa jasotzea, foru lege honek ezarritako gehieneko epeetan.

f) Eskatutako informazio publikoa aukeratutako moduan edo formatuan jasotzea, foru lege honetan aurreikusitakoarekin bat.

g) Jakitea zergatik ez zaion informazioa ematen, bai batere informaziorik ematen ez zaionean bai neurri batean ematen ez zaionean, eta zergatik ez zaion ematen informazioa eskatutako moduan edo formatuan.

h) Eskatutako informazioa lortzeko exiji daitezkeen tasen eta prezioen zerrenda ezagutzea, baita salbuesteko arrazoiak ezagutzea ere.

2. Parte-hartze publikoari dagokionez:

a) Herritarrek parte hartzeko eta laguntzeko bitartekoen berri izatea eta horri buruzko aholkularitza jasotzea.

b) Foru lege honetan aipatutako planak eta programak prestatzeko, aldatzeko eta berrikusteko prozesuetan egiaz eta eraginkorki parte hartzea.

c) Aipatutako plan eta programa horien inguruko informazio garrantzitsua behar adinako denboraz eskuratzea.

d) Horretarako irekitzen diren jendaurreko tramiteetan, alegazioak eta oharrak egitea, aipatutako plan, programa edo izaera orokorreko xedapenen gainean erabakia hartu aurretik, eta eskumena duen administrazio organoak horiek behar bezala kontuan hartzea.

e) Parte hartu duen prozedurako behin betiko emaitza jakitera ematea, eta hartutako erabakiaren oinarri diren arrazoi eta gogoeten berri eman dakiola, parte hartzeko prozesu publikoari dagokion informazioa barne.

f) Eraginkorki eta egiaz parte hartzea, aplikatzekoa den legerian xedatutakoarekin bat, hala ezarritako administrazio prozeduretan.

3. Beren eskubideen defentsarekin loturik:

a) Foru lege honek informazio eta parte-hartze publikoaren arloan aitortzen dizkien eskubideak urratzen dituzten egintzak eta ez-egiteak errekurritzea.

b) 69. artikuluak aipatutako kexa jartzea beren eskubideak babesteko, manu horretan aurreikusitako moduan.

c) Herritarrek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea babesteko sustatzen dituzten prozeduren ondorioz Administrazio Publikoak hartzen dituen erabakien berri eman dakiola.

6. artikulua. Gobernu Irekia ezartzeko neurriak.

Foru lege honetan jasotako neurriak, horien bidez lortu nahi diren helburu zehatzen arabera, honela sailkatzen dira:

a) Jarduera publikoan eta kudeaketa administratiboan gardentasuna izateko neurriak.

b) Herritarren parte-hartzea eta elkarlana sustatzeko neurriak.

c) Administrazio jarduketa modernizatzeko, arrazionalizatzeko eta sinplifikatzeko neurriak.

d) Administrazio Publikoaren kalitatea hobetzeko neurriak.

e) Gobernuaren jardunerako neurri etikoak eta gardentasunekoak.

7. artikulua. Gobernu Irekiaren ataria.

1. Nafarroako Gobernuak en duen atariaren esparruan, Gobernu Irekirako atari berariazko bat garatuko da, software libreko plataforma informatiko baten gainean eratuko dena.

2. Honako hauetarako gune gisa eratuko da atari hori:

a) Herritarrei aktiboki entzun dakiela eta herritarren eta Administrazio Publikoaren arteko elkarrizketa izan dadila sustatzea, jarduketa publikoa haien eskaeretara bideratzeko.

b) Herritarrei informazioa denbora errealean eta tratatu gabe ematea, libreki eta dohain partekatu ahal izan dadin.

c) Datuak herritarren eskura uztea formatu irekietan, berrerabil daitezen onura publikorako eta, balioa eta aberastasuna sortzeko, informazio horren ondoriozko produktuak lortu nahi dituen edozein pertsonaren onurarako, datuen irekiera edo OpenData izenez ezagutzen diren proiektuetan.

d) Herritarrek gai publikoetan duten parte-hartzea eta inplikazioa bideratzea, Administrazio Publikoaren laguntzaile aritu daitezen, prozesuen irekiera edo OpenProcess izenez ezagutzen diren proiektuetan.

8. artikulua. Elkarlana eta koordinazioa.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak gainerako administrazioekin eta 2. artikuluak aipatutako entitate eta pertsonekin ezarriko ditu elkarlaneko eta, behar denean, koordinazioko mekanismo eraginkorragoak, herritarrek benetan erabili ahal izateko foru lege honetan aitortutako eskubideak. Horretarako, haiek denek koordinazioaren, elkarren arteko informazioaren, lankidetzaren eta elkarlanaren printzipioetara egokituko dituzte beren jarduketak.

II. TITULUA. GARDENTASUNA JARDUERA PUBLIKOAN

9. artikulua. Ezagutzaren kudeaketaren edo informazioaren sistema integrala.

1. Administrazio Publikoak informazio publikoaren gardentasuna sustatuko du, ezarriz, horretarako, ezagutzaren kudeaketaren edo informazioaren sistema integral bat.

2. Informazioa emateko bide desberdinak integratuko ditu sistema honek, halako moldez non bermatuko baita herritar guztiek eskuragarri izanen dutela, edozein izanik ere beren bizitokia, prestakuntza, baliabideak, inguruabar pertsonalak edo maila edo egoera soziala.

3. Sistema horrek bermatuko du bai herritarrek informazio publikoa eskura izatea, gai publikoetan jarrera informatua eta parte-hartzea izan dezaten, bai barneko esparruko ezagutzaren kudeaketa eskura izatea, jardun publikoan eragimena sustatzeko.

4. Foru lege honetan jasotako informazio publikoaren arloko betebeharrak segurtatzeko beharrezkoak diren datuen eta dokumentuen biltegi edo biltoki zentralizatu bat izanen du sistema horrek. Oraingo artxiboen sisteman integratuko eta antolatuko da sistema hori, Artxiboei eta Dokumentuei buruzko apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legearekin bat.

10. artikulua. Informazio publikoaren ardura duten unitateak.

Administrazio Publikoak, herritarrek informazio publikoa izateko eskubidea benetako bihurtzeko, informazio publikoaren ardura duten unitateak izendatuko ditu. Foru lege honetan ezarritako betebeharrak behar den denboran eta moduan tramitatzearen ardura izanen dute, oraingo artxibo sistemarekin elkarlanean, eta, bereziki, artxibo digitalarekin.

11. artikulua. Mugak.

1. Administrazio Publikoak herritarrei informazio publikoa emateko betebeharra beteko du foru lege honetan aurreikusitakoarekin bat, eta, hura betetzean, aplikatzekoak diren Nafarroako, Estatuko eta Europako legeek ezarritako baldintzak eta mugak errespetatuko ditu.

2. Ondorio horietarako, gardentasunaren printzipioa printzipio orokorra izanik, lege maila duen arau batek ezarri behar du salbuespen edo muga oro, eta, aplikazioan, modu murriztailean interpretatu behar da.

I. KAPITULUA. Publizitate aktiboa

12. artikulua. Betebeharrak.

Jarduera publikoan gardentasunaren printzipioa gauzatzeko, honako jarduketa hauek sustatuko dira:

1. Jardueraren gardentasuna eta herritarrek gai publikoetan inplikatzea bermatzeko, garrantzi handienekotzat jotzen den informazio publikoa etengabe ematea eta zabaltzea, betiere egiazko informazioa, objektiboki eta modu eguneratuan.

2. Behar diren neurriak hartzea, segurtatzeko informazio publikoa pixkanaka zabalduko dela eta herritarren eskura utziko dela ahalik eta modu zabal eta sistematikoenean.

3. Eginkizunak betetzeko garrantzia duen eta bere esku dagoen edo bere izeneko beste entitate baten esku dagoen informazio publikoa antolatzea eta eguneratzea, jendaurrean aktiboki eta sistematikoki zabaltzeko, bereziki informazioaren eta telekomunikazioen teknologien bidez; betiere, horiek baliatzerik baldin badago.

4. Behar diren neurriak hartzea, bermatzeko informazioa eskuragarri egon dadila, pixkanaka, herritarrek erraz eskuratzeko moduko datu base elektronikoetan, telekomunikazioetako sare publikoen bidez.

5. Informazio publikoa zabaltzea helbide elektronikoen estekak sortuz eta horien bidez jarriz informazioa eskuragarri.

6. Foru lege hau interpretatzeko eta aplikatzeko gakoak diren alderdiei buruzko arau eta ebazpen administratibo eta judizialen katalogoko bat eguneraturik izatea, eta jendaurrean eta denentzat eskuragarri jartzea, ahalik eta modurik zabal eta sistematikoenean.

7. Eskatutako informazioari buruzko kontsultak egiteko bitartekoak sortzea eta mantentzea.

8. Administrazio Publikoaren esku dagoen informazio publikoaren inbentario bat sortzea, informazioa non aurkitu daitekeen jakiteko azalpen argiak izanen dituena.

13. artikulua. Jakitera eman beharreko informazioa.

Administrazio Publikoak, bere eskumenen eremuan, oro har, eskuragarri jarri behar die herritarrei informazio argia, objektiboa, eguneratua, eta erraz eskuratzeko moduan. Honakoa da eskuragarri jarri beharreko informazioa:

a) Erakundeen antolaketa, antolaketaren egitura, adierazita zer eginkizun dituen organo bakoitzak, zer egoitza duen eta nola jarri beraiekin harremanetan, arduradunen identifikazioa, eta plantilla organikoa, lanpostuen zerrendarekin batera. Informazio hori, halaber, sozietate publikoei eta fundazio publikoei dagokienez ere emanen da jakitera.

b) Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi kargudunek dituzten ordainsariak, jarduerak eta ondasunak, eta karguak utzi ondoren jasotzen dituzten ordainsariak, foru lege honen VII. tituluan aurreikusitakoarekin bat.

c) Nortzuk diren langileak ordezkatzen dituzten organoetako kideak, eta zenbat diren departamentu eta erakunde publiko bakoitzean dauden liberatu sindikalak, adierazita zer erakunde sindikaletakoak diren, bai eta liberatze horiek haien departamentuei eta erakunde publikoei eragiten dizkieten kostuak ere. Halaber, erabilitako ordu sindikalen kopuruaren berri emanen da.

d) Prozedura administratiboen inbentario eguneratua, adieraziz zein dauden eskuragarri formatu elektronikoan, bai eta idazkiak eta komunikazioak aurkez daitezkeen erregistroen egoitza ere.

e) Zerbitzuen katalogo orokorra eta prestatutako zerbitzu-gutunak, bai eta zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko kexak aurkezteko prozedura ere.

f) Aurrekontuak eta Kontu Orokorrak, edukiari buruzko deskribapenekin eta exekuzioari buruzko datuekin. Zehazki, departamentuen eta erakunde publikoen urteko kontu-sailak jasoko dira, eta betetze-maila hiru hiletik behin zenbatekoa den ezagutzeko bidea ematen duen informazioa ere bai, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legeak aurreikusten duenarekin bat.

g) Nafarroako Foru Komunitateko araudi indarduna, eta araudi horri buruz a posteriori egindako ebaluazioa, horrela bermatzeko araudi horri eboluzionatzen eta egokitzen joanen dela aplikatu beharreko errealitate politiko, ekonomiko eta sozialera.

h) Foru araudiaren interpretazioan edo aplikazioan eragin handiena duten zuzentarauei, jarraibideei, zirkularrei eta erantzunei buruzko informazioa, hain zuzen herritarrentzat garrantzi handienekotzat jotzen diren horiei buruzkoa, horietan agertzen diren datu pertsonalak kenduta, kasua denean.

i) Unean-unean prestatzen ari diren arauei buruzko prozeduren zerrenda, adieraziz horien xedea eta tramitazioaren egoera.

j) Arauen proiektuak tramitatzea justifikatzen duten arrazoiak, horiek entzunaldia emateko tramitean edo jendaurrean jartzeko tramitean daudenean, baldin eta uste bada herritarren eskubideak eta interesak ukitzen dituztela, edo eragin eta garrantzi berezia duten arloak ukitzen dituztela.

k) Planei buruzko informazioa. Bereziki, arau-xedapen batean aurreikusitakoa betez egindako planei buruzkoa.

l) Elkarlan hitzarmenei, kontratuei, esleipenei eta diru-laguntzei buruzko informazioa, foru lege honetan eta horien gaineko berariazko arauetan ezarritakoarekin bat.

m) Egin beharreko urteko eta urte anitzeko planei buruzko informazioa.

n) Hiri planeamendua eta lurraldearen antolamendua, eta obra publikoen gauzatzea, foru lege honetan eta horiei buruzko gainerako arauetan ezarritakoarekin bat.

ñ) Administrazio Publikoak berak prestatutako informazio geografikoa, ekonomikoa eta estatistikoa, horren zabalpena garrantzitsua bada, adieraziz zein diren erabilitako iturriak, ohar metodologikoak eta ereduak.

o) Zerbitzu publikoen kalitatearen gaineko ebaluazioen emaitzei buruzko informazioa, baita politika publikoen eragin sozialaren ebaluazioaren emaitzei buruzkoa ere.

p) Administrazio publikoen baimena, kontrola edo fiskalizazioa eskatzen duten egintza administratiboak gauzatzea ahalbidetzen duten baimen administratiboak, lizentziak, erantzukizuneko aitorpenak eta bestelako egintza administratiboak, baldin eta zuzeneko eragina badute jabari publikoaren kudeaketan edo zerbitzu publikoen ematean.

q) Sozietate publikoak, fundazio publikoak eta Administrazio Publikoarekin lotutako zuzenbide publikoko entitateak sortzeari edo horien funtzionamenduari buruz Nafarroako Gobernuak hartzen dituen erabakiak.

r) Langileak aldi baterako kontratatzeko zerrendak, eta prestakuntza eta/edo igoera prozesuetan sortzen direnak, izangai bakoitzak aukera izan dezan unean-unean zer postutan dagoen jakiteko.

s) Ebazpen administratiboak eta judizialak, garrantzi publikoa izan dezaketenak edo jarduketa irizpideak ezartzen dituztenak Administrazio Publikoarentzat, adieraziz, hala behar duenean, ea bide administratiboa amaitzen duten eta irmoak ote diren. Jendaurrean jarriko dira, horietatik datu pertsonal guztiak kendu ondoren.

t) Kide anitzeko organoen erabakien laburpenak, eta kide bakarreko organoen erabakienak, baldin eta, esleiturik duten jarduerarengatik, oro har herritarrentzat garrantzitsutzat jotzen den informazioa izan badezakete. Publizitate hori ez da aplikatuko Nafarroako Gobernuaren bilkurak prestatzeko organoen jardueretan, ezta bilkuretako jardueretan ere.

u) Maizen eskatzen den informazioa.

v) Indarreko araudiarekin bat jakitera eman beharreko ingurumeneko informazioa, eta, oro har, arauek beharturik zabaldu beharreko informazio guztia.

w) Erakundeen publizitate kanpainetan egindako gastu publikoa.

x) Enplegatu publikoek jasotako ordainsariei buruzko informazio orokorra, ordainsari-tarteen, ordainsari-mailen eta lanpostuen arabera antolaturik.

y) Herritarren interesekotzat jotzen den beste edozein informazio publiko.

14. artikulua. Informazio publikoaren berrerabilera.

1. Informazio publikoa berrerabil dadila sustatuko du Administrazio Publikoak. Hauxe ulertuko da "berrerabileratzat": Administrazio Publikoaren esku dauden eta erabilera librekoak diren datuak merkataritzako helburuetarako edo bestelakoetarako erabiltzea, betiere erabilera hori ez bada Administrazioaren jarduera publiko bat, eta baldin eta aplikatzekoa den Estatuaren oinarrizko legeriarekin bat erabiltzen badira, eta, zehazki, sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzko araudiarekin bat.

2. Honako helburu funtsezko hauek bilatuko ditu berrerabilerak:

a) Administrazio Publikoaren esku dauden erabilera libreko datu guztiak argitaratzea.

b) Herritarrei bidea ematea hobeki ezagut dezaten sektore publikoaren jarduera.

c) Datu horietan oinarritutako informazio produktu eta zerbitzuak sortzeko erraztasunak ematea.

d) Datuak erabiltzeko erraztasunak ematea, enpresa pribatuek balio erantsiko informazio produktuak eta zerbitzuak eskain ditzaten.

e) Merkatuko lehia erraztea, horren faltsutzea mugatuz.

3. Ondorengo artikuluan xedatutakoa galarazi gabe, Administrazio Publikoak sustatuko du, oro har, datuak libreki berrerabiltzea, aldez aurreko eskaera egin beharrik gabe eta berrerabiltzeko ereduzko lizentziarik eman beharrik gabe.

15. artikulua. Berrerabiltzeko baldintzak.

1. Erregelamenduz, arautuko da zer baldintzatan egonen den datu batzuk berrerabiltzeko aukera, betiere baldintza horiek justifikaturik baldin badaude. Hala, besteak beste, aurreikusten ahal da zer baldintzatan baimenduko den berrerabiltzea, datuen erabilera egokia izan dadila, datuak ez daitezela aldatu edo azken eguneraketaren iturria eta eguna adieraz daitezela.

2. Baldin eta, erregelamenduz aukeratuko balitz datu batzuen berrerabilera ereduzko lizentziak ematearen menpe jartzea, sektore publikoaren informazioa berrerabiltzeari buruzko legeriako irizpideetara eta gutxieneko edukira egokituko lirateke lizentzia horiek.

II. KAPITULUA. Gardentasuna kudeaketa administratiboan

16. artikulua. Gardentasuna sustatzea kudeaketa administratiboan.

Administrazio Publikoak aktiboki sustatuko du gardentasuna kudeaketa administratiboan. Ondorio horietarako, Administrazio Publikoaren behartzen da bere oinarrizko jarduketa eremuetan garrantzitsuenekotzat jotzen den informazioa herritarren eskura izatea denbora guztian, esaterako hauen gainekoa: kontratu publikoak, zerbitzu publikoen esleipenak, elkarlan-hitzarmenak, diru-laguntzak eta lurraldearen antolamendua eta hirigintza.

17. artikulua. Gardentasuna kontratazio publikoan.

1. Batez ere Nafarroako Kontratazioaren Atariaren bidez antolatuko da gardentasuna kontratazio publikoan. Ataria Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen bidez sortu zen. Atari hori ez da izanen bakarrik lizitazioei publizitatea emateko bitarteko ofizial bat, informazioa emateko funtsezko tresna bat ere izanen da, eta, informazio horretan, honako hauek adierazi beharko dira, besteak beste:

a) Entitate eta kontratazio organoei buruzko informazio orokorra, esate baterako, harremanetarako helbidea, telefono eta fax zenbakiak, posta helbidea eta posta elektronikoaren kontua.

b) Abian diren lizitazioei buruzko informazioa. Eskuragarri egonen dira kontratua gauzatzeko baldintza guztiak eta, behar denean, gainerako dokumentazio osagarria.

c) Honako hauei buruzko informazioa: programatutako kontratuak, esleitutako kontratuak, deuseztatutako lizitazioak eta kontratazioa egoki kudeatzeko beharrezkotzat edo komenigarritzat jotzen den beste edozein.

d) Maiz egiten diren galderei buruzko informazioa eta kontratuen edukia argitzeko azalpenak.

2. Administrazio Publikoak sustatuko du hura erabiltzea eta herritarren artean zabaltzea, kontratazioaren arloan gardentasuna bermatzeko, eta sustatuko du haren bidez herritarren parte-hartzea eta laguntza bidera daitezela.

3. Kontratazioaren edukiarengatik eta helburuarengatik ahal denean, Administrazio Publikoak, kontratua esleitzeko irizpideen artean, honako hau sartuko du: lizitatzaileek software askeko tresnak ekartzearen balorazioa.

4. Administrazio Publikoak sarbide libreko datu-base bat sortuko du, non enpresekiko kontratuen informazio eguneratua bilduko baita. Datuek islatuko dute enpresa bakoitzak zenbat kontratu dituen Administrazioarekin, zer proiektu edo zerbitzu duen esleitua, esleipenaren aurrekontua eta zer departamentuk egin duen esleipena.

18. artikulua. Gardentasuna zerbitzuen esleipenean.

1. Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearekin bat arautuko da zerbitzuen esleipena; hortaz, arlo horretako gardentasuna Nafarroako Kontratazioaren Atariaren bidez antolatuko da.

2. Nolanahi ere, publikotzat jotzen diren zerbitzuen esleipenen gardentasunak eskatzen du zerbitzu emaileek bermatzea herritarrei behar den informazioa emanen dietela, kalitatezko zerbitzuak eskatzeko aukera izan dezaten eta, behar denean, beren eskubideak erabiltzekoa.

3. Ondorio horietarako, Administrazio Publikoak, klausula administratiboen pleguetan edo balio bereko dokumentuetan, behar diren aurreikuspenak sartuko ditu herritarrei ondoko eskubideak, gutxienez, bermatzeko:

a) Zerbitzu publikoa emateko baldintzei buruzko informazioa lortzea.

b) Zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko kexak aurkezteko. Arrazoiak emanda eta bakarka erantzun beharko dira.

c) Zerbitzua ematearekin loturik, esleipen hartzailearen bulegoetan aurkezten dituzten dokumentu guztien kopia zigilatuak jasotzea.

d) Administrazioari exijitzea erabil ditzala ikuskatzeko, kontrolatzeko eta, behar denean, zehatzeko ahalmenak, zerbitzuak ematean dauden irregulartasunak zuzentzeko.

e) Zerbitzua erabiltzean berdintasun printzipioa errespetatzen duen tratua jasotzea, bazterketa zuzeneko nahiz zeharkakorik gabe, arrazoia edonolakoa izanik ere: jaiotzarekin lotutakoa, arraza, sexua, erlijioa, iritzia edo bestelako egoera edo inguruabar pertsonal edo soziala.

19. artikulua. Gardentasuna elkarlan-hitzarmenetan.

1. Funtsean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bidez antolatuko da gardentasuna elkarlan-hitzarmenetan. Administrazioak sinatutako hitzarmen eta akordioen publizitaterako, gardentasunerako eta kontrolerako tresna izanen da.

2. Nolanahi ere, Nafarroako Hitzarmenen eta Itunen Erregistroaren arautzeak bermatu beharko du herritarrek dohainik kontsultatzea, bai bertaratuz bai telematikoki, Erregistroan inskribatutako hitzarmen eta itunen zerrenda, baita haietan egindako aldaketak ere, eta, horretaz gain, horietako bakoitzari buruzko datu hauek:

a) Hitzarmenaren edo itunaren alderdi sinatzaileak, horien ordezkariak eta ordezkaritza horren izaera.

b) Hitzarmenaren edo itunaren helburua, eta kasua bada, konprometitutako jarduerak, horien ardura duten organoak eta finantzaketa.

c) Indarraldia eta indarrean izateko baldintzak.

d) Halakorik egin bada, hitzarmena edo ituna argitaratzeko tokia.

e) Hitzarmenak edo itunak indarrean zirenean izandako aldaketek zer xede zuten, eta aldaketa horien datak.

20. artikulua. Gardentasuna diru-laguntzekin lotutako jardueran.

1. Administrazio Publikoak gardentasuna bermatuko du diru-laguntzekin lotutako jardueran, eta, horretarako, Nafarroako Gobernuak en duen Atarian batez ere, honako informazio hau argitaratuko du, sustapen jarduerak egiten dituen organo bakoitzeko:

a) Aurrekontu-ekitaldian aurreikusirik dituen laguntzen edo diru-laguntzen deialdien zerrenda eguneratua, adieraziz zer zenbateko erabiliko diren, helburua edo xedea eta onuradun izan daitezkeenen deskribapena.

b) Ondokoak jasoko dituen zerrenda bat: diru-laguntza bakoitza aplikatuz lortu nahi diren helburuak eta onura publikoko edo sozialeko eraginak, horiek erdiesteko egokitzat edo beharrezkotzat jotzen den epea, aurreikusitako guztirako kostuak eta finantzatzeko beste iturririk izan daitezkeen edo ez.

c) Diru-laguntzen bidez lortu nahi diren helburuak merkatuan eraginik baldin badute, arrazoiturik azalduko da, batetik, diru-laguntza horiek zer neurritan dauden bideraturik hutsak zuzentzera (hutsak identifikatuko dira) eta, bestetik, arrazoituko da haren eraginek zer neurritan ekarriko duten ahalik eta distortsio txikiena merkatuan.

d) Laguntzen edo diru-laguntzen deialdien testu osoa.

e) Laguntza edo diru-laguntza horien esleipenak, horiek jakinarazi edo argitaratu eta ondoko hilabetean, honako hauek bakarrik adieraziz: onuradunak, baldin eta posible bada indarreko legeriarekin bat, laguntzen zenbatekoa eta dagokien araudiaren identifikazioa. Halaber, urtero, aurreko ekitaldian esleitutako diru-laguntzen zerrenda argitaratuko da.

f) Publizitatea eta konkurrentzia sustatu gabe esleitutako diru-laguntzak, salbu Administrazio Publikoak isilpekotzat deklaratutako espedienteen kasuan.

2. Aurrekoa gorabehera, diru-laguntzekin lotutako jardueren arloan informazioa publikatzean, foru lege honetan eta aplikatzekoak diren gainerako legeetan jasotako mugak errespetatuko dira.

21. artikulua. Gardentasuna lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloan.

1. Nafarroako Gobernuak en duen atariaren bidez antolatuko da; batez ere, lurraldearen antolamenduaren eta hirigintzaren arloko gardentasuna. Han jasoko dira lurraldea antolatzeko tresnak eta hirigintzako planak, eta, bestalde, hartan integratuko da Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean jasotako Hirigintza Planeamenduaren Erregistroa.

2. Nolanahi ere, Hirigintza Planeamenduaren Erregistroaren arautzeak bermatu behar du herritar guztiek dohainik kontsultatu ahal izatea, bertaratuz nahiz modu telematikoan, Nafarroako hiri-antolamendurako irudiekin lotutako informazioa, eta, gutxienez, honi buruzko informazioa emanen du:

a) Udalerri bakoitzeko egitura orokorra.

b) Lurzoruaren sailkapena eta kalifikazioa.

c) Lurzorurako aurreikusitako antolamendua, behar den xehetasun mailarekin.

d) Herri bakoitzean planteatutako azpiegiturak.

e) Hirigintzako araudia.

III. TITULUA. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea

I. KAPITULUA. Arau orokorrak

22. artikulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

1. Herritar guztiek dute informazio publikoa eskuratzeko eskubidea, dela norberaren izenean eta bakarka eskaturik, dela herritarrak bildu edo ordezkatzen dituzten legez eraturiko erakundeen izenean, aurretik eskatuta eta foru lege honetan finkatzen diren mugak ezarrita.

2. Eskubide hori erabiltzeko, ez da beharrezkoa izanen eskaeran arrazoiak ematea edo foru lege hau aipatzea.

23. artikulua. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen mugak.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea mugatu edo ukatuko da, bakarrik, informazioa ematearen ondorioz kalteren bat sortzen baldin bazaio honako hauetako bati:

a) Segurtasun publikoari.

b) Administrazio Publikoak tramitatutako prozeduren sekretuari edo konfidentzialtasunari, baldin eta konfidentzialtasun edo sekretu hori lege mailako arau batean jasota baldin badago.

c) Arau-hauste penal, administratibo edo diziplinazkoen prebentzioari, ikerketari edo zehapenari.

d) Epaitegietan tramitatzen ari den prozedura bateko edo prozedura judizial bati lotutako kausen edo gaien osotasunari, aldeek prozesu judizialetan izan beharreko berdintasunari, eta babes judizial eraginkorrari. Kausa edo gaia prozedura judizial bati lotuta baldin badago, edo epaitegietan tramitatzen ari baldin bada, tramitatzen ari den organo judiziala identifikatu beharko da.

e) Zaintza, ikuskapen eta kontrol lan administratiboei.

f) Konstituzio-eskubide hauei: intimitate pertsonal edo familiarrerako eskubidea, segurtasun pertsonalerako eskubidea, norberaren irudirakoa, ohorerako eskubidea, komunikazioen sekreturako eskubidea, askatasun ideologikorako edo erlijiosorakoa, afiliaziorako eskubidea, errugabetasun-presuntziorako eskubidea, sekretu profesionalerakoa eta, oro har, Espainiako Konstituzioak aitortu eta babesten dituen funtsezko eskubideak.

g) Datu komertzial eta industrialen konfidentzialtasunari, konfidentzialtasun hori lege mailako arau batean edo Europar Batasuneko araudian aitortuta baldin badago legezko interes ekonomikoak babesteko, konfidentzialtasun estatistikoa eta sekretu fiskala mantentzeko interes publikoa barne.

h) Jabetza intelektualerako edo industrialerako eskubideei. Titularrak informazioa hedatzeko adostasuna eman badu, kasu hau ez da aintzat hartuko.

i) Datu pertsonalen babesari, baldin eta interesdunak ez badu adostasunik eman datu horiek tratatu edo jakinarazteko. Nolanahi ere, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko zaio.

j) Adingabeen eskubideei.

k) Legezko interes partikularrei.

l) Ingurumenaren edo ondare historiko edo kulturalaren babesari, kasuan kasuko lege arau-emaileetan aurreikusitakoarekin bat.

m) Lege mailako arauek babestutako informazio guztiari.

2. Eskubide horri ezarritako mugak proportzionalak izanen dira, xedea eta babesteko asmoa kontuan hartuta. Nolanahi ere, era murriztailean eta justifikatuan interpretatu beharko dira, eta informazioaren hedapena justifikatzen duen goragoko interes publiko bat ez dagoen heinean aplikatuko dira. Aipatutako muga horiek hedabideek informazio sinesgarria emateko duten askatasunerako eskubidearekin ponderatuko dira, eta kaltetuen identitatea babestuko da, batez ere, adingabeena.

3. Administrazio Publikoak ezin izanen ditu 1. idatz-zatiko mugak alegatu herritarrari galarazteko harengan modu pertsonalean, partikularrean eta zuzenekoan eragina duen dokumentazioa eta informazioa eskuratzea, are gutxiago galarazpen horrek herritarraren legezko eskubide eta interesak ukitzen baditu.

4. Informazioa eskuratzeko eskubidearen mugen aplikazio-epea legeek ezarritakoa izanen da, eta ez gehiagokoa, edo neurri hori justifikatzen duten arrazoiek dirauten bitartekoa.

5. Artikulu honetan finkatutako mugak aplikatzen ahalko dira, orobat, foru lege honen II. tituluan aurreikusita dauden hedatzeko betebeharrei dagokienez.

24. artikulua. Datu pertsonalen babesa.

1. Eskatzailearen beraren datu pertsonalak dituen informazio publikoa eskuratzeko eskaeren ebazpenerako, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoan xedatutakoari jarraituko zaio.

2. Datu intimoak dituen informazio publikoa edo hirugarrenen bizitza pribatua ukitzen duen informazio publikoa eskuratzeko eskaerak ukatuko dira, non eta, eskaerarekin batera, ukituaren berariazko adostasun idatzirik aurkezten ez den, edo hori baimentzen duen lege bat ez dagoen.

Horren ondorioetarako, datu intimotzat hartuko dira, ideologiari, afiliazio sindikalari, erlijioari, sinesmenei, arraza-jatorriari, osasunari eta sexualitateari buruzkoak.

3. Hirugarrenen datu pertsonalak dituen informazioa eskuratzeko eskaerak ontzat hartuko dira, zein organo edo entitateri eskatzen zaion informazioa, haren antolaketari, funtzionamenduari eta jarduera publikoari lotuta baldin badago zuzenean, eta, betiere, eskatutako datuak intimotzat hartzen ez badira edo bizitza pribatuaren ingurukoak ez badira. Nolanahi ere, ez da informaziorik emanen inguruabar bereziak daudela irizten denean, datu pertsonalen babesa informazioa hedatzeko interes publikoaren gainetik dagoelako.

4. Datu pertsonalen babesa informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen gainetik egonen da baldin eta ebazteko eskumena duen organoak uste badu eskubideen arteko gatazka dagoela, eta, hori dela-eta, ohorerako, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea begiratu behar dela.

25. artikulua. Informazio partziala eskuratzea.

1. Eskatutako informazioa 23. eta 24. artikuluetan aipatutako mugaren baten pean baldin badago, ahal den guztietan informazio partziala emanen da, mugatutako informazioa kenduta, salbu eta horren ondorioz informazioa eraldatua, nahasgarria edo zentzugabea gelditzen bada.

2. Hirugarrenen datu pertsonalak dituen informazioaren kasuan, informazioa emanen da informazioaren anonimotasuna bermatzen denean modu eraginkor batean, deusetan galarazi gabe foru lege hau gidatzen duen gardentasun-printzipioa.

3. Informazio partziala ematen denean, bermatu beharko da mugatutako informazioaren erreserba, eta erreserba horren ohartarazpena egiten dela eta jasota gelditzen dela.

II. KAPITULUA. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidea erabiltzeko prozedura

26. artikulua. Informazio publikoa eskatzea.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaerak informazioa duen unitate organikoari edo entitateari bidali beharko zaizkio, eta horiek artikulu honetan xedatutakoaren arabera tramitatuko dira. Administrazio Publikoaren eremuan, informazio eskaerak ebazteko eskumena kasuan kasuko informazioa duten unitateetako hierarkia-buruek izanen dute, baina, betiere, esleitua beharko dute, egitura organikoak arautzen dituzten arauekin bat, ebazteko eskumena.

2. Administrazio Publikoak berarentzat erreserba dezake ebazteko ahalmena, baldin eta informazio publikoa eskuratzeko eskaera jasotzen duena bada sozietate edo fundazio publiko bat, hari lotutako eskubide publikoko entitate bat, eginkizun publikoak edo ahalmen administratiboak dituen norbait edota haren agintepean zerbitzu publikoak ematen dituen norbait. Horrelako kasuetan, zehaztuko da zein diren departamentu bakoitzean horrelako eskaerak ebazteko eskumena duten organoak.

3. Eskaera egiteko, edozein bide erabiltzen ahalko da, baliabide elektronikoak barne, honako hauek jasotzeko aukera bermatzen badute:

a) Eskatzailearen nortasuna.

b) Eskatzen den informazio zehatza, baina ez da nahitaezkoa dokumentu edo espediente jakin bat identifikatzea.

c) Kasua bada, eskatutako informazioa eskuratzeko nahiago den modua edo formatua.

d) Harremanetarako helbide erabilgarri bat, eskaera dela-eta egiten diren komunikazioak bidaltzeko.

4. Eskatzaileak, nahi izanez gero, informazioa eskatzeko arrazoiak azal ditzake. Dena dela, ez da zilegi izanen arrazoi horiek eskatzea.

27. artikulua. Eskaera zehazkabeak.

1. Informazio publikoa eskuratzeko eskaera zehazkabea baldin bada, eskatzaileari eskatuko zaio zehaztu dezala, eta horretarako, hamar egun balioduneko epea emanen zaio gehienez. Bitartean, ebazteko gehieneko epea eten eginen da. Zuzendu ezean, eskatzaileak atzera egin duela joko da. Helburu horretarako, laguntza emanen zaio bere informazio eskaera ahalik eta azkarren zehaztu dezan.

2. Eskatzailea atzera egintzat jotzeko eta eskaera artxibatzeko deklarazioa ebazpen bidez eginen da, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio, beste eskaera bat aurkezteko aukera izan dezan, baina nahi duen informazioa edo eskaera zehaztuta.

28. artikulua. Eskaerak ezesteko arrazoiak.

Honako kasu hauetan, eskaeren tramitazioa ezetsiko da, arrazoiak emanda:

a) Informazioa eskuratzeko eskubidetik salbuetsita dagoen informazioa eskatu bada. Zehazki, salbuetsita geldituko dira, besteak beste, kontsulta juridikoak eta txosten edo irizpenak emateko eskaerak.

b) Eskaera zuzendu zaion entitateak ez daukan informazioa emateko eskaerak. Kasu horretan, informazioa duen entitatea zein den jakiterik badago, eta foru lege honen aplikazio eremuaren barrenean badago, hari igorriko zaio eskaera, eta entitate horrek tramitatu beharko du. Eskatzaileari igorpen horren berri emanen zaio. Eskaera informazioaren arduradunari bidaltzea ezinezkoa denean, tokiko edo estatuko administraziokoa delako, edo Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik kanpokoa, eskaera zuzendu zitzaion arduradunak zuzenean adierazi behako dio eskatzaileari, bere iritziz, nori eskatu behar dion informazioa, eskaera zein helbidetara igor dezakeen aipatuz, informazio moduan.

c) Nabarmen arrazoigabekoak edo errepikagarriak izateagatik, gehiegizkoak jotzen diren eskaerak.

d) Orokorregiak diren eskaerak, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera.

e) Prestatze faseko dokumentazioa, lantzen ari den materiala edo bukatu gabe dauden dokumentu edo datuak, administrazio espedientearen parte ez direnak, eskuratzeko eskaerak. Bukatu gabe dauden datutzat jotzen dira Administrazio Publikoaren barrenean oraindik lantzen ari diren datuak, haiei buruz inolako irizpen, txosten edo onespenik eman ez denean. Arrazoi horregatik ezesten baldin bada eskaera, ebazteko eskumena duen organoak ezespenean jakitera emanen du zein unitate ari den prestatzen material hori, eta eskatzaileari adieraziko dio noizko aurreikusten den bukatzea lanketa hori.

f) Garrantzi edo interes publikorik ez duten barne komunikazioei buruzko eskaerak izatea.

29. artikulua. Hirugarrenek parte hartzea.

1. Eskaeretako informazioa foru lege honen 23. eta 24. artikuluetan aipatzen diren hirugarrenen eskubide edo interesen gainekoa baldin bada, ebazteko ardura duen organoak ukituei igorriko die eskaera, hamabost eguneko epean alegazioak aurkez ditzaten, betiere horien alegazioak erabakigarriak izan badaitezke ebazteko orduan.

2. Ukituari eskaera bidaltzearekin batera ebazteko epea eten eginen da, harik eta alegazioak jaso arte edo jakinarazten denetik aurrera kontatu beharreko hamabost egun balioduneko epea bukatu arte. Hirugarrenak erantzuten ez badu eskatutako epean, ulertuko da ez dagoela ados eskatutako informazioa ematearekin.

3. Organo eskudunak, hirugarrenek berariaz edo ustez adierazitakoa oinarri hartuta, eta foru lege honetan jasotakoari jarraikiz, bidezkotzat jotzen duen ebazpena emanen du.

30. artikulua. Eskaera ebazteko epea eta isiltasunaren esanahia.

1. Kasu bakoitzean eskumena duen organoak lehenbailehen eman beharko du eskatutako informazio publikoa, edo, bestela, lehenbailehen jakinaraziko dizkio eskatzaileari informazio hori ukatzeko arrazoiak, beranduenik berariazko lege mailako arauetan ezarritako epeetan, eta, aurreikuspenik izan ezean, epe hauetan:

a) Oro har, ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartu eta hamabost eguneko epean, gehienez.

b) Ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartu eta hogeita hamar eguneko epean, baldin eta, informazioaren bolumena eta konplexutasuna ikusita, ezinezkoa bada lehen adierazitako epean ematea. Kasu horretan, hamar eguneko epean eskatzaileari adierazi beharko zaizkio ebazpena epe horretan ematea justifikatzen duten arrazoiak.

2. Ebatzi eta jakinarazteko ezarritako gehieneko epean berariazko ebazpenik jasotzen ez bada, ulertuko da eskaera baietsi egin dela, salbu eta lege mailako arau batek berariaz ezartzen badu eskatutako informazioa, dena edo parte bat, ukatu egin behar dela.

3. Eskaerak isiltasun administratiboaren bidez baiesten direnean, Administrazio Publikoak behartuak egonen dira eskubide osoa edo partziala aitortzen duen berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, foru lege honetan jasotakoaren arabera.

31. artikulua. Ebazpena.

1. Ebazpena idatziz formalizatuko da, eta eskatzaileari eta, kasua bada, ukitu den hirugarren pertsonari ere jakinaraziko zaio. Eskaera osorik edo partez baietsiz gero, informazioaren forma edo formatua adieraziko da, eta, bidezkoa denean, baita informazioa eskuratzeko epea eta inguruabarrak ere. Eskubidearen eraginkortasuna eta informazioaren osotasuna bermatu beharko dira, ahalik eta epe laburrenean.

Ebazpenak baimena ematen badu informazioa ematearen aurka azaldu den hirugarren bat ukitzen duen informazio bat osorik edo partez eskuratzeko, informazioa eskuratzen ahalko da, bakar-bakarrik, errekurritzeko epea bukatu eta hirugarren ukituak bidezko errekurtsorik aurkeztu ez duela ikusita, orduan irmo bilakatuko baita ebazpena. Informazioa eskuratzeko eskubidearen etendura berariaz adieraziko da ebazpenean.

2. Informazioa eskuratzea osorik edo partez ukatzen duten ebazpenak arrazoituak izanen dira, baita hirugarren ukituren batek parte hartu arren informazioa eskuratzea baimentzen dutenak, eta informazioa eskatutako forman edo formatuan ez beste batean eskuratzea aurreikusten dutenak ere bai.

Informazioa badagoela edo ez dagoela aipatze hutsagatik informazioa eskuratzeko eskubideari ezarritako mugaren bat urratzen bada, inguruabar hori adierazi beharko da.

3. Informazioa ukatzeko arrazoia hirugarrenek jabetza intelektualerako edo industrialerako eskubidea edukitzea baldin bada, eskubide horien titularra den pertsona fisikoa edo juridikoa zein den adierazi beharko da, ezaguna izanez gero, edo, bestela, zeinek laga duen eskatutako informazioa.

4. Ebazpenean beti adieraziko dira haren aurka jar daitezkeen errekurtso administratiboak, eta hala badagokio, bidezko den administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

5. Eskatutako informazioaren ezaugarriek horretarako bidea ematen badute, ebazpenaren jakinarazpenarekin batera helaraziko da informazioa.

32. artikulua. Informazioaren forma edo formatua.

1. Organo eskudunak eskatu zaion forma edo formatu berean eman beharko du informazioa, non eta honako inguruabarren bat gertatzen ez den:

a) Lehenagotik, informazio hori beste forma edo formatu batean zabaldua izatea, eta eskatzaileak hori errazki eskuratzerik badu. Kasu horretan, eskatzaileari adierazi beharko zaio non eta nola eskura dezakeen informazio hori, edo bestela, daukan formatuan helaraziko zaio.

b) Organo eskudunari zentzuzkoa iruditzea informazioa beste forma edo formatu batean jartzea eskatzailearen eskura, eta hori egoki justifikatzen badu.

Informazioa in situ eskuratzeak jatorrizko euskarria galtzea edo hondatzea ekar badezake, kopia formatu jakin batean egitea ezinezkoa denean ez dagoelako ekipamendu teknikorik eskura, edo informazioa eskatutako modalitatean emateak jabetza intelektualerako eskubidea urratu baldin badezake, bidezkoa izanen da informazioa beste forma edo formatu batean ematea eskatzaileari.

Orobat, bidezkoa izanen da eskatzaileari beste forma edo formatu batean ematea informazioa, baldin eta errazagoa edo ekonomikoagoa bada altxor publikoarentzat.

2. Horren ondorioetarako, Administrazio Publikoak ahaleginak eginen ditu berak daukan informazio publikoa, baita beste subjektu batzuek bere izenean daukatena ere, telekomunikazio informatikoen edo beste baliabide elektroniko batzuen bidez aise eskuratu eta erreproduzitzeko moduko forma edo formatuetan gordetzeko.

3. Organo eskudunak ebazten baldin badu informazioa eskatutako forma edo formatu berean ez ematea, ez osorik ezta partez ere, eskatzaileari horren berri eman beharko dio, informazioa eskuratzeko eskubidea aitortzen duen ebazpen berean, eta, horrekin batera, adieraziko dio zein formatan edo formatutan eman dezakeen eskatutako informazioa.

33. artikulua. In situ eskurapenen doakotasuna, eta tasa eta prezioak.

1. Honako zerbitzu hauek doakoak dira:

a) Foru lege honen 13. artikuluan aipatzen den informazioa eskuratzea, baita bestelakoa ere, kontrakorik xedatzen ez bada.

b) Eskatutako informazioa gordetzen den tokian berean aztertzea.

c) Informazioa posta elektronikoaren bidez edo balio bereko beste sistema elektroniko baten bidez ematea.

2. Artxibo, liburutegi eta museoen kasuan, berariazko legediak xedatutakoari jarraikiko zaio doakotasunari edo ordainketari dagokionez.

3. Kopiak egiteagatik eta informazioa jatorrizkoa ez den beste formatu batera eramateagatik diru-kopuru bat ordaintzea eska liteke, baina lan horien kostua gainditu gabe.

Administrazio Publikoak tasak ezartzeko, tasa eta prezio publikoei buruzko foru legedian ezarritakoari jarraikiko zaio.

4. Informazioa gordetzen duten unitate, organo edo entitateek eskaera bakoitzari dagozkion tasa eta prezioen zerrenda prestatu, argitaratu eta informazio publikoaren eskatzaileen eskura jarriko dute, inolako ordainketarik egin behar ez den kasuak ere zehaztuta.

IV. TITULUA. HERRITARREN PARTE-HARTZEA ETA ELKARLANA

I. KAPITULUA. Oinarrizko baldintzak

34. artikulua. Herritarren parte-hartzea eta elkarlana bultzatu eta sustatzea.

1. Administrazio Publikoak herritarren parte-hartzea eta elkarlana sustatuko ditu, dela bakarka eta norberaren izenean, dela herritarrak bildu eta ordezkatzeko legez eraturiko erakundeen izenean eta haiek ordezkatuz. Horretarako, harremana bermatzen duten baliabide edo tresna egokiak erabiliko dira.

2. Unibertsitateen, lanbide elkargoen eta aholku kontseiluen parte-hartzea eta elkarlana ere sustatuko ditu Administrazio Publikoak, baita bere eskumenak erabiliz sustatzen dituen jarduketentzat egokiak diren beste entitate eta erakunde batzuena ere.

3. Administrazio Publikoak herritarren parte-hartzea eta elkarlana sustatuko ditu, hala barreneko eremuan nola kanpokoan, eta, horretarako, parte hartzeko eta laguntzeko dauden tresnen berri emateko kanpainak sustatuko ditu, eta haiek erabiltzeko prestakuntza planak antolatuko.

35. artikulua. Plan eta programa orokor batzuk prestatzeko orduan herritarrek parte hartzeko bermeak.

1. Plan eta programa orokor batzuk prestatu, aldatu eta berrikusteko prozesuetan herritarrek parte-hartze benetakoa eta eraginkorra dutela bermatzeko, Administrazio Publikoak aplikagarri diren prozedurak ezarri edo tramitatuko ditu, foru lege honen 5. artikuluan aitorturiko eskubideez baliatu ahal izatea begiratuko du, eta, gainera, honako hauek ere bermatuko ditu:

a) Herritarrei informazio ematea plan eta programa orokorren proposamen guztiei buruz eta, kasua bada, haien aldaketa edo berrikuspenari buruz. Horretarako, ohar publikoak edo beste baliabide egoki batzuk erabiliko dira; esate baterako, erakundeen komunikazio-bideak eta baliabide elektronikoak.

b) Proposamen horiei buruzko informazioa ulergarria izatea, eta horren barrenean agertzea erabakitze-prozesu jakin batzuetan parte hartzeko eskubideari buruzko informazioa eta, orobat, iruzkinak edo alegazioak zein administrazio publiko eskudunetan aurkeztu behar diren ezagutzeko eskubideari buruzko informazioa.

c) Herritarrek eskubidea izatea jendaurreko aldian oharrak eta iritziak azaltzeko. Epe hori ez da hilabetetik beherakoa izanen inola ere, eta erakundeen komunikazio-bideak erabiliz iragarriko da, plan eta programa orokorrari buruzko erabakiak hartu baino lehen.

d) Erabaki horiek hartzean, behar bezala aintzat hartzea herritarrek parte hartzeko eta laguntzeko prozesuaren emaitzak.

e) Herritarrek adierazitako oharrak eta iritziak aztertu ondoren, hartzen diren erabakien berri ematea herritar horiei, eta erabaki horiek hartzeko aintzat hartutako arrazoi eta kontuen berri, baita parte-hartze publikoaren prozesuari buruzko informazioa ere.

f) Oharren eta iritzien egileei modu arrazoituan eta zuzenean erantzutea.

2. Artikulu honetan aurreikusitakoak ez du inola ere ordezkatuko, ezta kaltetuko ere, beste xedapen batzuetan ezarritakoa, baldin eta zabaldu egin badezake herritarrek parte hartu eta laguntzeko eskubideei buruz foru lege honetan aitorturikoa.

3. Artikulu honen aplikazio eremutik kanpora gelditzen dira honako hauek:

a) Presaz onesten edo tramitatzen diren plan eta programak.

b) Helburu bakarra antolaketa, prozedura edo antzekoak finkatzea dutenak.

c) Helburu bakarra segurtasun publikoa, larrialdietako babes zibila edo gizakien bizitza salbatzea duten plan eta programa orokorrak.

d) Prestatzeko eta onesteko berariazko araudia izateagatik, jendaurrean egoteko edo informazioa emateko egintza edo tramiteak finkatuak dituzten plan eta programa orokorrak.

II. KAPITULUA. Herritarren parte-hartzerako eta elkarlanerako tresnak

36. artikulua. Kontzeptua eta motak.

1. Herritarren parte-hartzerako eta elkarlanerako tresnak dira herritar guztiek gai publikoetan bazterkeriarik gabe parte hartu eta laguntzeko aukera gauzatzeko Administrazio Publikoak erabiltzen dituen baliabideak. Horren ondorioetarako, jasotako datuen arabera, gai publikoetan parte hartzeko eta laguntzeko zailtasun gehien izan duten gizarte sektoreen inplikazioa sustatuko da aktiboki.

2. Herritarren parte-hartzea eta elkarlana gauzatuko dira herritarrek gai publikoetan duten inplikazioa errazteko balio duen edozein baliabide erabiliz, bereziki teknologia berrien bidez. Horretarako, Administrazio Publikoak:

a) Herritarrekiko elkarrizketa telematikoa sustatuko du, bi norabidekoa, eta eko sare sozialetan eta gizarte-komunikaziorako gainerako baliabide egokietan parte hartuko du, hots, foroetan, blogetan, bideo-plataformetan eta beste web-baliabide batzuetan.

b) Komunikazio telematikoa egoki erabiltzeko behar diren tresnak, ezaupideak eta baliabide teknologikoak herritarren eskura jarriko ditu, beharrezkoak diren segurtasun eta sarrera mailak ezarrita.

c) Herritarrek modu telematikoan edo telefonikoan ematen dituzten iritziak arretaz entzunen ditu, haien eskakizunei azkar eta eraginkortasunez erantzunen die eta haien iritziak kontuan hartuko ditu erabakiak hartzeko orduan. Horretarako, egoki iruditzen bazaio, zenbait jarduera publikoren gainean on line inkestak egitea sustatzen ahalko du, emaitzen fidagarritasuna berma dezaketen sistemak erabiliz.

d) Herritarren komunikazioa eta elkarreragina sustatuko du telekomunikazio-gailu mugikorren bidez, eta, horretarako, Administrazioarekiko harremanetan horrelakoak erabiltzea bultzatuko du, gailu mugikorretarako egokituko du egun darabilen teknologia, eta estaleremuaren hedadura ere sustatuko du.

3. Administrazio Publikoak parte hartzeko dauden baliabide guztiak antolatzea sustatuko du, batez ere Gobernu Irekia atariaren bitartez, horren sorrera foru lege honetan berean sustatzen baita, deusetan galarazi gabe beste bide batzuk sortu eta sustatzea, zenbait esparrutan Administrazioaren eta herritarren arteko elkarreragina errazteko.

37. artikulua. Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroa.

1. Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroa sortzen da eraginkortasun handiagoarekin antolatzeko herritarrek parte hartu eta laguntzeko tresna berariazkoago batzuen erabilera.

2. Foru lege honek indarra hartzen duenetik sei hilabeteko epean arautu eta abian jarriko da Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroa, non Administrazio Publikoaren eskumeneko gai berariazkoei buruzko informazioa jaso nahi duten herritarrak eta herritarren entitateak inskribatzen ahalko diren borondatez, herritarrek parte hartu eta laguntzeko dauden tresna berariazkoetan aktiboki parte hartze aldera, foru lege honetan edo beste arau batzuetan aurreikusten direnetan hain zuzen.

38. artikulua. Parte hartzeko eta laguntzeko berariazko tresnak.

1. Herritarrek parte hartu eta laguntzeko berariazko tresnak dira eraginkorrak izateko parte-hartze prozesuan berean herritarren inplikazio handiagoa behar dutenak. Inplikazio hori bermatzen da, Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroan inskribatuta egonda, Administrazio Publikoari laguntzeko eta parte hartzeko konpromisoa borondatez hartu duten herritarrengana eta herritarren elkarteetara joz.

2. Beste arau batzuetan aurreikus daitezkeen baliabideak deusetan galarazi gabe, honako berariazko tresna hauek erregelamenduz garatuko dira: kontsulta-foroak, herritarren panelak eta herritarren epaimahaiak, non, kasua bada, ondoko artikuluetan aipatutakoez gain, parte hartuko duten kasuko gaian adituak direnak eta 34.2 artikuluan aipatzen diren entitateak.

39. artikulua. Kontsulta-foroak.

Kontsulta-foroak politika publikoak aztertu eta haien gainean eztabaidatzeko guneak dira, non herritarren taldeek edo herritarren entitateek parte hartzen baitute, politika publiko baten ondorioak aztertu eta horien gainean gogoeta egiteko eta, orobat, politika horiek herritarren bizi-kalitatean izanen dituzten benetako ondorioen azterketa baloratiboak egiteko. Herritarren talde horiek demokratikoki hautatuko dira, Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroan inskribaturik daudenen artean, Administrazio Publikoak aurretik deialdia eginda.

40. artikulua. Herritarren panelak.

1. Herritarren panelak informazioa etengabe eta berehalakoan emateko guneak dira, Administrazioak aldi baterako sortzen dituenak, Administrazioak interes publikoko edozein gairi buruz proposatzen dituen kontsultei erantzuteko, bereziki herritarren etorkizunerako aurreikuspenei buruz.

2. Paneletan, herritarren eta herritarren entitateen gutxieneko kopuru batek hartuko du parte. Parte-hartzaileak Administrazioak hautatuko ditu, Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroan inskribatuta dauden subjektuen artetik, panelaren xedeko gaiari dagokion arloan inskribatuta daudenetatik hain zuzen.

41. artikulua. Herritarren epaimahaiak.

Herritarren epaimahaiak Administrazio Publikoak sorturiko taldeak dira, eta haien helburua da Administrazioaren ekintza, programa edo proiektu jakin baten ondorioak aztertzea. Herritarren epaimahaietan gehienez hamar lagunek parte hartuko dute, erdiak herritarrak, eta beste erdiak herritar entitateen ordezkariak. Administrazioak hautatuko ditu, Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroan, mahaia sortzea ekarri duen gaiari dagokion arloan, inskribatutako subjektuen artetik.

III. KAPITULUA. Parte hartzeko eta laguntzeko berariazko eskubideak

42. artikulua. Politika publikoak zehazteko prozesuetan parte hartzeko eta laguntzeko eskubideak.

1. Herritarrek eskubidea dute politika publikoak prestatzeko prozesuan parte hartu eta laguntzeko.

2. Horretarako, Administrazio Publikoak behar diren baliabideak ezarriko ditu herritarrek urteko eta urte anitzeko programen diseinuan eta prestaketan lagundu dezaten. Programa horietan adieraziko dira lortu nahi diren helburu zehatzak, helburuak lortzeko behar diren jarduera eta baliabideak, horretarako kalkulatu den denbora, eta programa gauzatzeko ardura duten pertsonak edo organoak.

43. artikulua. Administrazio Publikoaren zerbitzuen kalitatea eta politika publikoak ebaluatzeko prozesuetan parte hartzeko eta laguntzeko eskubidea.

1. Herritarrek eskubidea dute kontsulta dakien aldian behin zenbateraino dauden gustura zerbitzu publikoekin eta Administrazio Publikoak kudeatzen dituen jarduerekin.

2. Eskubide hori erabiliko da foru lege honetan eta Administrazio Publikoaren zerbitzuen kalitatea eta politika publikoak ebaluatzeko foru araudian ezarritakoaren arabera.

44. artikulua. Xedapen orokorrak prestatzeko prozesuetan parte hartzeko eskubidea.

1. Herritarrek eskubidea dute xedapen orokorrak prestatzeko prozesuetan parte hartzeko, iradokizunak igorriz. Parte-hartze horrek, berez, ez du ekarriko prozeduran interesdun gisa hartzea.

2. Horretarako, Administrazio Publikoko departamentu bakoitzak xedapen orokorrak prestatzeko abian diren prozeduren zerrenda argitaratuko du, bakoitzaren xedea eta tramitazio egoera zehaztuta.

3. Herritarrek noiznahi bidaltzen ahalko dituzte iradokizunak, betiere entzunaldia emateko edo jendaurrean egoteko tramitea baino lehen, edo, kasua bada, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren azken txostena baino lehen.

4. Proiektuaren testua idazteko ardura duen organoak kontuan hartuko ditu jasotzen diren iradokizun edo gomendioak, eta onartu edo atzera botatzen ahalko ditu. Organoaren jarduketa hori Nafarroako Gobernuak en duen atarian argitaratuko den azken txosten batean jasoko da.

5. Parte hartzeko modu honek ez ditu ordeztuko entzunaldia emateko edo jendaurrean egoteko tramiteak, indarreko araudiaren arabera tramite horiek aginduzkoak diren kasuetan.

45. artikulua. Erregelamenduzko ekimenak proposatzeko eskubideak.

1. Legezko bizilekua Foru Komunitatean duten herritarrek, banaka eta nork bere izenean, eskubidea dute Administrazio Publikoari aurkezteko beren legezko eskubide eta interesen gaineko arloei buruzko erregelamenduzko ekimenak tramitatzeko proposamenak, Administrazio Publikoaren eskumeneko gaien gainekoak.

2. Nafarroako Foru Komunitatean legegintzako herri-ekimena arautzen duen foru legediak salbuesten dituen gaiak garatzeko xedapenei buruzko proposamenik ez da onartuko.

3. Proposamenak baloratu eta aztertuak izan daitezen, proposatutako testua aurkeztu beharko da nahitaez, eta, horrekin batera, justifikazio-oroitidazki bat, ekimena tramitatzeko eta onesteko arrazoiak azaltzen dituena. Gainera, 2.000 lagunen sinaduraren babesa beharko dute.

4. Ekimenaren xedeko gaiari buruzko eginkizunak esleituak dituen organoak, proposamenak aurkezteko eskatzen diren legezko betebeharrak bete direla egiaztatu ondoren, txostena emanen du hiru hilabeteko epean. Txosten horretan, ukitutako interesak eta proposatzen den araudiaren interes publikoa baloratu ondoren, organo eskudunari proposatuko zaio erregelamenduzko xedapen proiektu gisa tramitatzen has dadila edo geldiaraz dadila. Tramitatzen hastea erabakiz gero, indarreko legedian ezarritakoari jarraikiz tramitatuko da.

5. Ekimenari buruz organo eskudunak hartzen duen ebazpena proposamenaren egileei igorriko zaie. Proposamenaren egileek, proposamenak egiteko duten eskubidea urratu dela edo eskubide hori erabiltzeko foru lege honetan jasotzen diren bermeak urratu direla uste badute, bidezko diren errekurtsoak jartzen ahalko dituzte, foru legearen 67. artikuluarekin bat. Hori hala izanik ere, foru lege honetan ezarritako prozedura behin hasita, ezin izanen dute aurkaratu proposatutako erregelamenduzko ekimenaren tramitazioa hastearen aldeko edo kontrako erabakia.

46. artikulua. Jarduteko proposamenak edo iradokizunak egiteko eskubidea.

1. Herritarrek eskubidea dute Administrazio Publikoak ematen dituen zerbitzuen katalogo orokorrean dauden zerbitzuen funtzionamenduari buruz jarduketa proposamenak, hobekuntzak eta iradokizunak egiteko.

2. Administrazio Publikoak eskubide hori gauzatu ahal izateko baliabideak jarriko ditu katalogoaren beraren bidez, eta emandako zerbitzuak hobetzea ekarri duten ekimenen aintzatespen publikoa egitea sustatuko du.

47. artikulua. Herritarren jardueretan Administrazio Publikoaren elkarlana eskatzeko eskubidea.

1. Herritarrek eskubidea dute Administrazio Publikoaren elkarlana eskatzeko, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan herritarren parte-hartzea sustatzen duten irabazi-asmorik gabeko jarduerak egiteko.

2. Eskaeraren gaia zein den, horren gaineko eskumena duen departamentuari igorriko zaio eskaera, eta, horrekin batera, nahitaez, egin gogo den jarduketa eta egiteko modua azaltzen dituen oroitidazkia aurkeztu beharko da, besteak beste.

3. Departamentuko organo eskudunak, aurkeztutako eskaera ikusita, proposatutako jarduketaren egokitasuna eta bideragarritasuna aztertu, eta arrazoituta ebatziko du, jarduketa garatzeko emanen duen laguntza zehaztuta, halakorik ematekoa bada.

4. Elkarlana eskatuta ere, jarduerarako behar diren baimenak eskatu beharko dituzte sustatzaileek, indarreko legediaren arabera beharrezkoa den kasuetan.

5. Proposatutako jarduketa ezarri edo garatzeko, Administrazio Publikoak eginen duen ekarpena, besteak beste, honelakoa izan daiteke: babesle gisa jardutea; ondasun publikoak lagatzea, aldi baterako edo noizbehinka; jarduketa gauzatzeko laguntza teknikoa ematea; jarduketa hedatzen eta ezagutzera ematen laguntzea, erakundeen komunikazio-bideen bitartez; sari, aintzatespen edo aipamenak, edota antzeko beste neurri batzuk.

48. artikulua. Parte-hartzearen eta elkarlanaren txostena.

1. Herritarrek eskubide horiek erabiliz gero, Administrazio Publikoa behartua egonen da dagokion parte hartzeko prozesua irekitzera.

2. Parte hartzeko prozesu horien emaitza parte-hartzearen eta elkarlanaren txosten batean jasoko da, deusetan galarazi gabe prozesu bakoitzarentzat foru lege honetan eta geroko erregelamenduzko garapenean zehaztu daitekeena. Txostenean parte hartzeko prozesuaren emaitza eta erabilitako baliabideak jasoko dira, eta parte-hartze horrek jardunbide administratiboan izan duen eraginaren balorazioa.

V. TITULUA. ADMINISTRAZIO JARDUKETAREN MODERNIZAZIOA, ARRAZILIZAZIOA ETA SINPLIFIKAZIOA

49. artikulua. Arrazionalizazio eta sinplifikazio prozesuaren helburuak.

Gobernu Irekia ezartzeko beharrezkoa den osagarri gisa, Administrazio Publikoak, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean aurreikusitako neurriak bultzatzeaz gain, Administrazioa arrazionalizatu eta sinplifikatzeko prozesu bat bultzatuko du, hala prozedurena nola egiturena, baita Administrazioa arautzen duen araudiarena ere, Administrazioa ulergarriagoa, hurbilagoa eta irisgarriagoa izan dadin herritarrentzat, eta herritarren zerbitzura arinago eta eraginkortasun handiagoz kudeatzeko gauza izan dadin, deusetan galarazi gabe herritarren eskubideak, bermeak eta segurtasun juridikoa.

I. KAPITULUA. Prozedurak eta egiturak arrazionalizatzea eta sinplifikatzea

50. artikulua. Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorra.

Administrazio Publikoak, urtebeteko epean, foru lege honek indarra hartu ondoren, Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokor bat prestatuko du, Administrazioa arrazionalizatzeko eta sinplifikatzeko neurriei bultzada bat emateko, bere eskumeneko prozedura eta egiturak ebaluatu ondoren.

51. artikulua. Departamentuarteko Batzorde bat sortzea.

Nafarroako Gobernuak departamentuarteko batzorde bat sortuko du, lehendakaritzako gaietan eskumena duen zuzendaritza nagusia buru duela. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu guztiak ordezkatuak izanen dira batzordean, eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen diren kanpoko pertsona eta entitateak. Batzordearen helburua izanen da Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorra sustatzea, planifikatzea eta haren diseinua eta egikaritza koordinatzea, eta, orobat, ebaluatzea nola betetzen ari diren helburuak plana ezarri ahala, planean berean jasoko diren adierazleak erabiliz.

52. artikulua. Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorraren helburuak.

Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorraren eta hura garatzeko prozesu osoaren helburuak honako hauek izanen dira, egiturak eta prozedurak sinplifikatu eta arrazionalizatzeari begira:

a) Administrazio tramiteak murriztea, eta, kasua bada, beharrezkoak ez direnak kentzea.

b) Espedienteak tramitatzeko epeak laburtzea eta, posible denean, baiezko isiltasun administratiboa zabaltzea.

c) Behar-beharrezkoak den dokumentazioa baizik ez eskatzea.

d) Administrazio kargak arintzea eta kentzea.

e) Aurretiko komunikazioak eta erantzukizuneko aitorpenak sustatzea.

f) Inprimakiak eta datu-orriak sinplifikatu eta normalizatzea.

g) Tramitazioen esku-liburuak eta prozeduren gaineko gida edo protokoloak prestatzea.

h) Herritarrentzako jarduketak sustatzea haiek eskatu gabe.

i) Kudeaketa korporatiborako tresnak ezartzea eta datu-base eta aplikazio informatiko guztiak elkarri lotzea, beste administrazio batzuekiko elkarlana sustatuz.

j) Tramiteak modu telematikoan egin daitezen sustatzea, eta, bereziki, proiektu teknikoen gordailuaren erabilera orokortzea.

k) Eginkizunak eskuordetu eta deskontzentratzeko teknikak erabiltzea, bai eta ikus-onespen dokumentala eta egokitasunari buruzko ikus-onespena ere, tresna horiek aurreikusita baitaude indarreko araudian.

l) Kontrol bikoitzak kentzea, deusetan galarazi gabe gastu publikoaren fiskalizazio eta kontrolean legedia zehatz-mehatz bete beharra.

m) Txostenak bateratzea eta, ahal denean, horien partez, proposamenak edo ikus-onespenak ematea.

n) Araudia egokitzea eta hobetzea.

ñ) Lanpostuak organigraman egokitzea, edo lanpostuak berriz baloratzea, prozeduran duten parte-hartzearen edo haien edukiaren arabera.

o) Eginkizun edo tramite bakoitza egoki eta hobekien egiteko behar diren tresna eta ekipamenduak jartzea langileen esku.

p) Langileen etengabeko prestakuntza.

q) Gai zehatza zein den, beharrezkoa den jarduketa sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko balio duen beste edozein.

53. artikulua. Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorraren onespena.

1. Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorra onetsi aurretik, parte hartzeko prozesu zabal bat eginen da, plana herritarren eta Administrazio Publikoko langileen beraien eskakizunen araberakoa dela egiaztatzeko.

2. Plana Nafarroako Gobernuak onetsiko du, eta haren edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuak en duen Atarian argitaratuko da.

54. artikulua. Planari zabalpena emateko neurriak.

Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorrari zabalpen handia emanen zaio herritarren eta administrazio publikoko langileen artean, horiek guztiak izan daitezen aldaketaren benetako eragile.

55. artikulua. Exekuzio-epea.

Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorrean berean aurreikusiko da plana exekutatzeko epea. Gehieneko epea finkatuko da, eta horrekin batera, plana ezartzeko mailaz mailako neurri zehatzak, etapaz etapa.

II. KAPITULUA. Arrazionalizazioa, sinplifikazioa eta arauen kalitatearen hobekuntza

56. artikulua. Funtsezko helburuak.

1. Administrazio Publikoak ahaleginak eginen ditu arau-esparru egonkor eta ahalik eta sinplifikatuena edukitzeko, herritarrek eta eragile ekonomikoek aise eskuratzeko modukoa, indarreko araudi aplikagarria azkar eta modu ulergarrian ezagutzeko balioko duena, eta herritarrentzako eta enpresentzako zama administratiborik gabekoa, salbu eta interes orokorra asetzeko behar-beharrezkoak diren zamak.

2. Araugintzarako ekimen guztietan justifikatuko da printzipio hauen araberakoak direla: beharra, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, irisgarritasuna, sinpletasuna eta eraginkortasuna. Araugintzarako ekimenetan behar adina justifikatu beharko da printzipio horien arabera jokatzen dela. Zehazki:

a) Beharraren printzipioaren indarrez, araugintzarako ekimena justifikatu beharko da interes orokorreko arrazoi bat dela medio.

b) Proportzionaltasunaren printzipioaren indarrez, proposatzen den araugintza ekimenak tresna egokiena izan behar du lortu nahi den helbururako, egiaztatu ondoren ez dagoela helburu bera lortzeko beste neurririk, horren murriztailea ez denik eta horrelako distortsiorik eragiten ez duenik.

c) Segurtasun juridikoaren printzipioa bermatzeko, araugintza ekimenerako ahalmenak erabiliko dira koherenteak izanda gainerako antolamenduarekin, arau-esparru egonkor eta ezagun bat sortzeko. Horrela, ingurune seguru bat izanen da, herritarren eta enpresen jarduketa eta beren erabaki ekonomikoak hartzeko bidea erraztuko duena.

d) Gardentasunaren printzipioa aplikatuz, argi eta garbi zehaztu beharko dira araudiaren helburuak eta haien justifikazioa.

e) Irisgarritasunaren printzipioa bermatzeko, inplikaturik dauden eragileekin kontsultatzeko baliabideak ezarriko dira, araudia prestatzeko prozesuan aktiboki parte har dezaten bultzatzeko, eta indarreko araudira aise iristeko moduko baliabide unibertsalak ere ezarriko dira.

f) Sinpletasun printzipioaren indarrez, araugintza ekimen guztien helburua izanen da arau-esparru argi eta dispertsio handirik gabekoa lortzea, araudia jakitea eta ulertzea errazten duena.

g) Eraginkortasunaren printzipioa aplikatuz, araugintza ekimenaren abiapuntua izanen da lortu nahi diren helburuak garbi identifikatzea, eta helburu zuzenak ezartzea eta azken helburu horiek lortzeko beharrezkoak ez diren alferrikako zamak saihestea.

57. artikulua. Arau-esparrua hobetzeko tresnak.

Araudiaren kalitatearen printzipioa betetzeko, Administrazio Publikoak jarduketa hauek eginen ditu:

a) Araugintza ekimenak aurretik aztertzeko tresnak sustatuko ditu, eragin ditzaketen ondorioak kontuan hartzen direla bermatzeko, hori guztia herritarrei eta enpresei ez sortzeko beharrezkoak ez diren edo neurrigabekoak diren kostu edo beharkizunak, lortu nahi den interes orokorreko helburuarekin konparatuta.

b) Arau-xedapenak prestatzeko orduan, arretarik handiena jarriko du herritarrek parte hartu eta laguntzeko prozesuetan, eta, hori helburu,behar den informazioa eskainiko du araugintza ekimenetatik espero diren ondorioak hobeki ulertu eta baloratzeko.

c) Bere araugintza lana a posteriori ebaluatzeko prozedurak garatzea sustatuko du, noizean behin aztertuz antolamendua osatzen duten arauen indarraldia, egunerokotasuna, beharra eta egokitasuna, horrela bermatzen baita antolamendua aldatu eta egokitzen dela aplikatu behar den errealitate politiko, ekonomiko eta sozialaren arabera.

d) Indarreko araudia foru lege honetan jasotako printzipioei egokitzea sustatuko du.

e) Araugintzaren teknikarako jarraibideak prestatu eta onetsiko ditu. Arau juridikoen balioa izanen ez badute ere, irizpide teknikoak edo jarduketa-ildoak emanen dizkiete arauak erredaktatzen dituztenei, arauen kalitatea etengabe hobetzeko prozesuan laguntzeko.

f) Arauak bategiteko tresnen eta indarrik gabe gelditutako araudia espresuki indargabetzeko tresnen erabilera bultzatuko du.

VI. TITULUA. ESPARRU OROKOR BAT DISEINATZEA ADMINISTRAZIOAN KALITATEA
ETENGABE HOBETZEKO

58. artikulua. Kalitatea etengabe hobetzea.

1. Politika Publikoak eta Zerbitzu Publikoen Kalitatea Ebaluatzeari buruzko abenduaren 29ko 21/2005 Foru Legean aurreikusitako neurriak bultzatzeaz gain, Administrazio Publikoak herritarrentzako zerbitzuen etengabeko hobekuntza bultzatuko du, zerbitzu publikoaren aldeko eta kudeaketaren kalitatearen aldeko kultura eta balioak garatzeko jarduketak sustatuz, baita herritarren parte-hartzea eta laguntza bideratzeko jarduketak ere. Hori helburu, Administrazioaren behar eta asmoak txertatuko dira politikak eta zerbitzu publikoak garatzeko faseetan.

2. Horretarako, Administrazio Publikoak, kalitatearen arloan eskumena duen departamentuaren bitartez, Administrazioan kalitatea etengabe hobetzeko esparru orokor bat diseinatuko du, foru lege honek indarra hartzen duenetik urtebeteko epean.

3. Esparru horren helburu nagusia herritarrei zerbitzua emateko printzipioa zehaztea izanen da, oinarrizko bi erreferentzia izanik: batetik, kudeaketa publikoa emaitzetara orientatzea, eta bestetik, herritarrak gogobetetzea, zerbitzuen erabiltzaile diren aldetik eta politika eta zerbitzu publikoen diseinuaren, ezarpenaren eta ebaluazioaren partaide diren aldetik.

59. artikulua. Kalitaterako estrategiak.

Administrazioan kalitatea etengabe hobetzeko esparru orokor hori diseinatzeko, abiapuntua izanen da kalitate-estrategia hauek errespetatzea:

a) Bikaintasun ereduak hartzea kudeaketarako erreferentzia gisa.

b) Zerbitzuetan kalitate helburu eta estrategiak ezartzea, onesten den zerbitzuen gutunean jasoko direnak.

c) Administrazioa sinplifikatzea eta herritarrek sarbide elektronikoa izatea zerbitzu publikoetara.

d) Jarduerak eta emaitzak ebaluatzea, hots, zerbitzu, programa, plan eta politika publikoen etengabeko ebaluazioa egitea.

e) Iradokizunak eta erreklamazioak egiteko sistemak ezartzea.

f) Herritarren parte-hartzea eta elkarlana.

g) Administrazio publikoko langileen gaitasunak garatzea eta kudeaketaren kalitatea etengabe hobetzeko prozesuan duten inplikazioa aintzat hartzea.

60. artikulua. Kalitate konpromisoak.

1. Administrazio Publikoak kalitate konpromiso batzuk hartuko ditu, Administrazioan kalitatea etengabe hobetzeko esparru orokorrean ezartzen den moduan eta hango baldintzei jarraikiz.

2. Zehazki, konpromiso hauek hartuko ditu:

a) Administrazioan kalitatea ezartzeko behar diren sostengu-egitura edo baliabideak zehaztea.

b) Antolamendurako eta administrazioen arteko koordinaziorako formula batzuk ezartzea politika horiek benetan gauzatzen direla bermatzeko.

c) Esperientzia trukeak eta ezagutzaren kudeaketa sustatzea.

d) Kudeaketaren berrikuntzaren alde egitea, azpiegiturak eta herritarrentzako tresna eta teknologiak eta azpiegiturak ezarriz.

e) Arau, programa, plan eta politika publikoen etengabeko azterketa eta ebaluazioa aplikatzea.

f) Beren ekarpenen bidez, Administrazioan kalitatea etengabe hobetzen laguntzen duten pertsona eta erakundeei esker ona emateko bideak garatzea.

g) Gizarteari kontuak ematea.

h) Zerbitzuen Gutuna prestatu eta hedatzea.

i) Kalitatea gobernu programetan txertatzea.

VII. TITULUA. ETIKA ETA GARDENTASUNA GOBERNUAREN EKINTZAN

61. artikulua. Jarduteko printzipioak.

1. Nafarroako Gobernuko kideen eta Administrazio Publikoko goi kargudunen jardunaren ardatzak interes orokorra eta beren kudeaketaren gardentasuna izanen dira, eta martxoaren 17ko 2/2011 Foru Legearen bidez onetsitako Gobernu Onaren Kodean jasota dauden printzipio etikoei jarraikiz jokatuko dute.

2. Nafarroako Gobernuko eta Administrazio Publikoko goi kargudunen tratamendu ofiziala jaunarena edo andrearena izanen da, eta horren atzetik, hari dagokion kargua, enplegua edo maila.

62. artikulua. Interesen arteko gatazkak.

1. Nafarroako Gobernuko kideak beren ardura publikoekin gatazkan egon daitezkeen jarduera pribatu eta interes guztiez begiratu beharko dira. Interesen arteko gatazka bat dagoela joko da batera egokitzen badira, Gobernuko kideek erabaki beharreko gai batean, interes publikoak eta interes pribatuak -Gobernuko kidearenak, bere zuzeneko familiartekoenak edo gobernukideak beste hirugarren pertsonekin partekatzen dituenak-. Aurreko guztia aplikatuko da deusetan galarazi gabe Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean uko egiteko ezarrita dauden kasuak.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa Administrazio Publikoko goi kargudunei ere aplikatuko zaie.

63. artikulua. Ordainsariak, jarduerak eta ondasunak jakitera ematea.

1. Nafarroako Gobernuko kideek eta Administrazio Publikoko goi kargudunek beren jarduera osagarrietan aritzeagatik jasotzen dituzten ordainsari eta bestelako diru-kopuruak jakitera emanen dira. Jakitera emanen dira, orobat, beren agintaldiaren edo kargualdiaren hasieran, bitartean eta bukaeran dituzten ondare-ondasun eta eskubideak.

2. Hori jakitera emateko Jardueren Erregistroa eta Ondare Ondasun eta Eskubideen Erregistroa erabiliko dira, Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko goi kargudunen bateraezintasunei buruzko azaroaren 4ko 19/1996 Foru Legean ezarri bezala.

64. artikulua. Kargua utzi ondorengo ordainsariak jakitera ematea.

Jakitera emanen dira Nafarroako Gobernuko kide ohiei eta Administrazio Publikoko goi karguetan ibili direnei ordaintzen zaizkien prestazio ekonomikoak, azaroaren 4ko 19/1996 Foru Lege horretan ezarrita daudenak. Horien berri emateko, lege horretan ezartzen denari jarraikiko zaio.

65. artikulua. Jarduneko Gobernua.

Jarduneko Gobernuak jarduteko eta erabakiak hartzeko muga batzuk izanen ditu, hain zuzen, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legean ezarrita daudenak. Gainera, sartzen den gobernuarentzako dokumentazioa egoera onean dagoela bermatuko du, eta horretarako, oinarrizko agirien inbentarioak prestatuko ditu, formatu seguru eta praktikoenean, sartzen den gobernuari botere-aldaketa errazteko. Inbentario horien helburua izanen da gobernu berriak jarduteko ezinbestekotzat jotzen diren garrantzi publikoko gai eta artxibo bukatugabeen egoera zehatzaren berri ematea, gardenki, departamentuz departamentu, eta, orobat, dagokion aurrekontuaren betetze-mailaren egoeraren berri ematea.

66. artikulua. Gardentasuna Gobernuaren jardunean eta kontuak ematea.

1. Kasuan-kasuan Nafarroako Gobernua osatzen duten pertsona guztiek konpromisoa hartuko dute gobernu jardunean gardentasunez aritzeko, eta beharturik egonen dira herritarrei beren kudeaketaren kontu ematera.

2. Horretarako, behar diren tresnak arautu eta ezarriko dira bai Gobernuak, oro har, bai Gobernuko kide bakoitzak bere esparruan, honakoak egin ahal izan ditzan:

a) Herritarrekin konpartitu politikaren gaineko erabakiak eta kudeaketaren eta inbertsio publikoaren gaineko lorpenak eta zailtasunak.

b) Kontuak eman baliabide publikoak administratzeko moduaz, eta administratzeko modu horrek onetsitako plangintzarekin duen koherentziaz.

c) Politikaren egintzak doitzeko baliabideak sortu eta garatu, herritarren eskakizunei egokitzeko.

d) Herritarrei ahalbideak eman Gobernuaren jarduera osoa kontrolatzeko, eta herritarrek jarduera hori bultzatzeko eta orientatzeko duten gaitasuna indartu.

VIII. TITULUA. BERME ADMINISTRATIBOAK, JUDIZIALAK ETA JUDIZIOZ KANPOKOAK

67. artikulua. Errekurtsoak.

1. Inork uste badu Administrazio Publikoari egozten ahal zaion egintza batek edo ez-egite batek foru lege honetan informazioaren eta partaidetza eta elkarlan publikoaren arloan aitortzen zaizkion eskubideak urratu dituela, administrazio-prozedura erkideari buruzko oinarrizko araudian eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean araututako errekurtsoak jartzen ahalko ditu, eta, kasua bada, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen legean baitago aurreikusita.

2. Jartzen diren gora jotzeko errekurtsoak lehendakaritza gaietan eskumena duen departamentuko kontseilari titularrak ebatziko ditu, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.2.f) artikuluan ezarritakoari jarraikiz, foru lege honen azken xedapenetako lehenengoan azaltzen den idazketaren arabera.

3. Gai juridikoen eta lehendakaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren egitura organikoaren barruan, unitate bat sortuko da, informazio eta parte-hartze eta elkarlan publikoaren gainean jartzen diren errekurtso administratibo guztiei buruzko txostenak eginen dituena. Unitate horri erregelamenduz esleituko zaizkio herritarrek arlo horietan dituzten eskubideak garatu eta benetan erabili ahal izateko behar diren eginkizunak.

68. artikulua. Kexa Nafarroako Arartekoaren aurrean.

1. Foru lege honen III. tituluan informazioa eskuratzeko aitortzen den eskubidea herritarrek erabiltzea osorik edo partez galarazi edo mugatzen duten Administrazio Publikoaren organoen berariazko edo ustezko ebazpenen aurka jar daitezkeen errekurtso administratiboak deusetan galarazi gabe, informazio publikoaren eskatzaileak kexa bat bidaltzen ahalko dio Nafarroako Arartekoari, betiere informazio hori eskuratzeko eskubidea galarazi edo mugatu baldin bazaio, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Arartekoaren esku-hartzeak ez ditu etenen bidezko diren errekurtso administratiboak edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoak jartzeko epeak, Arartekoari buruzko Foru Legean ezarri bezala.

69. artikulua. Administrazio Publikoaren aurreko erreklamazioak, sozietate eta fundazio publikoen eta beste entitate batzuen jarduketen aurka.

1. Herritarrek uste badute foru lege honen 2. artikuluan aipatutako sozietate publiko, fundazio publiko edo zuzenbide publikoko entitate baten egintza edo ez-egite batek foru lege honetan aitortzen zaizkion eskubideak urratu dizkiola, baldin eta egintza edo ez-egitea erakunde horrek eginkizun publikoetan jardutearen edo haren zaintza administratiboaren pean dauden eginkizunetan jardutearen ondorio bada, aukera izanen du zuzenean erreklamazio bat aurkezteko, Administrazio Publikoaren zein organo eskudunen agindutara jarduten duen, haren aurrean.

2. Organo eskudunak behar den ebazpena eman eta jakinarazi beharko du. Ebazpen horrek bide administratiboa amaituko du, eta, erreklamazioa haren erregistroan sartu eta hiru hilabeteko epean, betearazlea izanen da zuzenean.

3. Ebazpena betetzen ez bada, Administrazio Publikoan eskumena duen organoak lehenengo idatz-zatian aipatutako entitateei eskatuko die, ofizioz edo eskatzaileak eskatuta, ebazpena bere horretan bete dezaten.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko Jarraipen Batzordea.

1. Foru lege honen bidez Gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko Batzordea sortzen da, deusetan galarazi gabe Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorraren diseinua eta exekuzioa sustatu, planifikatu eta koordinatzeko Nafarroako Gobernuak sortuko duen Departamentuarteko Batzordeari foru lege honen 51. artikuluan esleitzen zaizkion eginkizun zehatz eta berariazkoak. Unitate horren ardura izanen da foru lege honetan jasotako neurriak oro har bultzatzea eta neurri horien ezarpen maila baloratzea, eta, kasua bada, baita foru lege honetan jasotako xedapenak bete eta erabat eraginkorrak izan daitezen behar diren jarduketa zuzentzaile guztiak sustatzea ere, hain zuzen, foru legeak indarra hartu eta hiru urteko epean gehienez.

2. Jarraipen Batzordeko burua lehendakaritza arloan eskumena duen kontseilaria izanen da, eta horrez gainera, kide hauek ere izanen dira batzordean: Lehendakaritzaren eta Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien arloetan eskumenak dituzten zuzendaritza nagusietako titularrak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu-arlo bakoitzetik ordezkari bat bederen, gutxienez zuzendari nagusi izanen direnak.

3. Jarraipen Batzordeak, urtero, txosten bat prestatu eta argitaratuko du foru lege honen aplikazio mailari buruz, eta, lau urtean behin, haren aplikazioaren gaineko ebaluazio bateratua eginen du, eraginkorragoa izateko sar litezkeen hobekuntzak proposatuz.

4. Era berean, aldian behin, informazio publikoa emateko jasotako eskakizunei buruzko informazio estatistikoa prestatu eta argitaratuko du, baita foru lege honen aplikazioan eskuratutako eskarmentuari buruzko informazioa ere, betiere eskatzaileen konfidentzialtasuna bermatuko duela.

5. Jarraipen Batzordeak, bere eginkizunetan jarduteko, propio izendatuko den batzorde tekniko baten laguntza izanen du.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen tramitazio telematikoa.

Administrazio Publikoak, bere prozedura telematikoen artean, informazio publikoa jasotzeko eskaeren ebazpenei buruzkoak sartu beharko ditu.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen erreforma.

Urtebeteko epean, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea erreformatzeko foru lege proiektu bat aurkeztuko du Nafarroako Parlamentuan. Haren helburua izanen da Nafarroako toki entitateen jardunean txertatzea foru lege honetan gardentasunari, herritarren parte-hartzeari eta elkarlanari eta herritarrek informazio publikoa eskuratzeko duten eskubideei buruz jasotako printzipio eta aurreikuspenak, bidezko diren berezitasunak erantsita.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Gardentasuna beste erakunde batzuetan sustatzea.

Nafarroako Foru Komunitateko erakundeek hartuko dituzte, nork bere arloan, urte bateko epean, gardentasunerako eta herritarren parte-hartze eta elkarlanerako neurriak, foru lege honetan jasotako printzipio eta aurreikuspenekin bat.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Prestakuntza plana.

Foru lege honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak Berariazko Prestakuntza Plan bat jarriko du abian, Administrazio Publikoko langileak sentsibilizatzeko foru lege honetan aurreikusitako eskubide eta betebeharren gainean.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Euskararen erabilera eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidea.

1. Foru lege honen III. tituluan araututa dauden informazio publikoa eskuratzeko eskaerei aplikatzekoa izanen zaie euskara administrazio publikoetan erabiltzeari buruzko araudia.

2. Era berean, Nafarroako Foru Komunitateak behar diren neurriak hartuko ditu Nafarroako Gobernuaren web-atariaren bidez hedatzen den informazio publikoa modu progresiboan euskaraz ager dadin.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria. Informazioa eskuratzeko eskubidearen araubide bereziak.

1. Beren araubide berariazkoari jarraituko diote zerga arloak, osasun arloak eta, oro har, informazio publikoa eskuratzeko araubide berariazkoa lege mailako arauen bitartez araututa duten gainerako gaiak.

2. Hala ere, kasuan kasuko berariazko araudian aurreikusita ez dagoen guztian, foru lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie ingurumen arloko informazioari, lurraldearen antolamenduko eta hirigintzako informazioari eta titulartasun publikoko artxibo historikoetan dagoenari, eta, orobat, foru arau baten bitartez herritarrei administrazio publikoek duten informazio publikoa arrazoirik eman behar izan gabe eskuratzeko eskubidea aitortzen zaien beste edozein kasuri.

Zortzigarren Xedapen Gehigarria. Doikuntzak foru lege honen printzipio gidariak errespetatzen direla bermatzeko.

Foru lege honek indarra hartu ondoren, sozietate publikoek, fundazio publikoek, zuzenbide publikoko entitateek eta zerbitzu publikoak ematen dituzten pertsona fisiko eta juridikoek, publikoek zein pribatuek, behar diren aldaketak sustatuko dituzte beren antolaketa, egitura eta, kasua bada, barne araudian, ematen duten zerbitzua foru lege honen printzipio gidarietara egokitzeko.

Bederatzigarren Xedapen Gehigarria. Gardentasun beharra, diru-laguntza publikoen onuradunentzat.

Erregelamenduz ezarritako zenbatekoak gainditzen dituzten diru-laguntzen kasuan, diru-laguntza horien hartzaileei betebehar gisa ezarriko zaie diru-laguntza horiek emateko oinarri arautzaileetan, adieraztea zer ordainsari dituzten, kontzeptu guztiak kontuan hartuta, beren gobernu-, administrazio- eta zuzendaritza-organoetako kideek, eta ezagutzera ematea, halaber, beren urteroko kontuak, Administrazioak horiek guztiak jakitera eman ahal izan ditzan.

Hamargarren Xedapen Gehigarria. Arauen egokitzapena.

1. Nafarroako Gobernuak, foru lege honetako 56. artikuluko 1. idatz-zatian adierazitako helburuak betetze aldera, berrikusi eginen du indarrean den araudia, eta, kasua bada, egokiak diren legegintzako ekimenak sustatuko ditu.

2. Foru lege honek indarra hartu ondoren, ahaleginak eginen dira onesten edo aldatzen diren xedapen orokor guztietan jaso daitezen gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen eta elkarlanaren gainean hemen ezarri diren printzipioak.

Hamaikagarren Xedapen Gehigarria. Genero-berdintasuna hizkeran.

Zenbait pertsona, lanpostu edo karguri buruz ari denean foru lege honek, gaztelaniazko testuan, genero gramatikal maskulinoko izenak erabiltzen dituen kasuetan ulertu behar da adierazpideen ekonomia hutsagatik jokatzen dela horrela, eta postu horiek orokorrean hartzen dituela hizpide, aipatutako pertsonen edo kargu edo lanpostu horien titularren sexua edozein dela ere, erabateko berdintasun-baldintzetan ondorio juridikoen ikuspegitik.

Hamabigarren Xedapen Gehigarria. Lizentzien tramitazioa sinplifikatzea.

Nafarroako Gobernuak, lanbide elkargoekin batera eta jarduera ekonomikoa bultzatzea helburu duten erakundeekin batera, horiek zer parte-hartze izanen duten erabakita, foru lege proiektu bat eginen du honakoak aldatzea izanen duena helburu: batetik, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea, eta, bertan, jarduerarako lizentzia eta irekitzeko lizentzia emateko prozedura; eta, bestetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea, obra lizentziei dagokienez. Aldaketekin, lizentzia horien tramitazioa sinplifikatu eginen da, eta modu eraginkorrean sartuko dira bi figura, erantzukizuneko aitorpena eta aurretiazko komunikazioa hain zuzen, zeinak Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 11. eta 12 artikuluetan aipatzen baitira, eta, era berean, jarduera sailkaturako lizentzia behar duten jarduerak murriztu eginen dira. Halaber, Nafarroako Gobernuak berrikusi eginen du zer jarduera jasotzen dituen 4. eranskinean abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuak, Ingurumena Babesteko Esku Hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuenak.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe geratzen dira foru lege honetan xedatuari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Lehena. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen aldaketa.

Letra bat, f) letra hain zuzen ere, gehitu zaio aipatu foru legearen 57. artikuluaren 2. idatz-zatiari. Hauxe dio:

"f) Lehendakaritza arloan eskumena duen departamentuko kontseilari titularra, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontseilarietatik beherako edozein organok edo haren erakunde publikoek informazio eta parte-hartze eta elkarlan publikoaren arloaren gainean emandako egintzei dagokienez, baldin eta egintza horiek Gardentasuna eta Gobernu Irekia arautzen dituen Foru Legean araututa baldin badaude."

Azken Xedapenetan Bigarrena. Nafarroako Gobernuari baimena ematea.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio behar adina xedapen eman ditzan foru lege honetan ezarritakoa garatu eta betearazteko.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa