(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

2/2011 Foru Legea, martxoaren 17koa, gobernuaren kodea ezartzen duena

(2011ko 60. NAOn argitaratutako testua, martxoaren 28an)

Atarikoa

Espainiako Konstituzioa eta Foruaren Hobekuntza indarrean sartu zirenetik, antolamendu juridikoa aberastu egin da, Gobernuko kideen, administrazio publikokoetako goi karguen, funtzionario publikoen eta administrazio publikoetako gainerako langileen -foru erakundeen ordezkariak barne- jarduera-esparrua osatzen duten zenbait arauren bidez, horiek guztiek beren eginkizunak legezkotasun-blokearen arabera bete ditzaten; izan ere, horrela ziurtatzen dira gardentasuna, eraginkortasuna eta funtzio publikoak betetzeko guztizko dedikazioa, eta saihesten dira haien independentzia eta inpartzialtasuna arriskuan jar dezakeen edota betebehar publikoak betetzea kaltetu dezakeen jarduera edo interes oro.

Hala ere, gaur egun, beharrezkoa da botere eta erakunde publikoek herritarrekiko konpromisoa hartzea, eta, horren bidez, ordezkari publiko guztiek, beren eginkizunak betetzean, legeetan ezarritako betebeharrak betetzeaz gain, zenbait etika- eta jardun-printzipioek gidatuta jardutea; izan ere, printzipio horiek, orain arte arauetan espresuki islatu ez diren arren, haietatik ondoriozta daitezke, eta gobernu onaren kodea osatzen dute.

Horrenbestez, kontua da kode horretan jasotzea askotariko eskakizunekiko errespetua; horien artean egonen lirateke, legezko edo erregelamenduzko arauak betetzeaz gain, beste zenbait berme gehigarri, botere publikoen eta herritarren arteko itun bat osatzen dutenak, Espainiako demokraziako eta, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateko erakundeen funtzionamenduari dagokionez.

Kode horren prestaketak fidelki erantzuten die Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak (ELGA) eta beste nazioarteko erakunde batzuek emandako jarduera-ildoei, eta, hori dela eta, politika eraginkorra da gatazka horiek prebenitzeko eta kudeatzeko, tradizio eta jatorri demokratikoa duten beste herrialde batzuek abian jarritako antzeko esperientzien ildotik.

Horren haritik, eta Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez, xedea da herritarrei gobernu onaren kode bat eskaintzea, non zehaztu eta azalduko baitira Gobernuko kideen eta goi karguen jardunak jarraitu beharreko erreferentziazko balioak, hala herritarren eskaerei erantzuteko, bizi diren erkidego politikoaren zati diren aldetik, eta norbanakoen helburuak errespetatu, babestu eta sustatzeko konpromiso sendoa eskaintzeko, elkartasuna, askatasun, justizia eta etika nagusi diren esparru batean, Gobernuko Kideen Bateraezintasunei buruzko Foru Legeak ezartzen duen zentzu berean.

Erreferentziazko balioak ez dira ondorio juridikorik gabeko printzipio etiko sorta bat. Aldiz, ordenamendu juridikoan indarrean dauden arauetatik ondorioztatzen diren printzipioak dira, halako moduz non horietako bakoitza zehazki adierazita dago haren urraketak edo hala-moduzko betetzeak dakarren ondorio juridikoa aurreikusten duen arau batean. Printzipio horiek bete beharko dira, betiere, ordenamendu juridikoan aurreikusitako moduan, batez ere Konstituzioan eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko Foru Legean, zeina aplikatzen baitzaie Gobernuko kideei, bai eta Foru Administrazioko goi karguei eta erakundeetako ordezkariei ere, toki entitateetako ordezkariak barne.

1. artikulua. Jokabiderako oinarrizko araua.

Nafarroako Gobernuko kideek, Foru Komunitateko Administrazioko goi-karguek eta Nafarroako toki entitateetako hautetsiek antolamendu juridikoaren arabera jokatu beharko dute eta legezkotasun-printzipioa errespetatuko dute, foru lege honetako jokabide-parametroen arabera, bai eta foru lege honetan ezartzen diren printzipio etikoak ere.

2. artikulua. Printzipio etikoak.

1. Nafarroako Gobernuko kideek, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko goi karguek eta Nafarroako toki entitateetako hautetsiek giza eskubideak eta herritarren eskubideak sustatuko dituzte, eta saihestuko dute jaioleku, arraza, sexu, erlijio, iritzi nahiz bestelako inguruabar edo egoera pertsonal zein sozialengatiko bereizkeria eragin dezakeen jarduketa oro.

2. Erabakiak hartzerakoan, xedea izanen da herritarren interes orokorrei erantzutea, eta, horretarako, interes komunera bideratutako gogoeta objektiboak hartuko dira oinarritzat, alde batera utzita printzipio horren aurkakoak izan daitezkeen jarrera pertsonalak, familiakoak, korporatiboak, bezerokeriazkoak edo beste edozein motatakoak.

3. Kargu publikoek zainduko dute emakumezkoez eta gizonezkoen arteko errespetua sustatzen dela, eta hori zailtzen duten oztopoak kenduko dituzte.

4. Ez dute administrazio-izapideen edo -prozeduren arintzean edo ebazpenean eraginik izanen, horretarako bidezko arrazoirik ez badago, eta, inoiz ere ez, horrek pribilegioren bat baldin badakar kargu horien titularrentzat, haien senitarteko edo gertukoren batentzat, edota kaltegarri gertatzen bada hirugarrenen interesentzat.

5. Eraginkortasunaren, ekonomiaren eta efizientziaren printzipioen arabera jardunen dute, eta beti zainduko dute interes orokorra betetzen dela eta antolamenduaren helburuak betetzen direla.

6. Beren jarduera publikoa gardena eta irekia izanen da herritarrentzat, legeetan ezarritako salbuespenak salbuespen.

7. Une oro beren gain hartuko dute haien erabakien eta jarduketen erantzukizuna, bai eta zuzentzen dituzten erakundeena ere, eta hori ez da oztopo izanen legez beste batzuk ere eska dakizkien.

8. Beren jarduketen erantzukizuna beren gain hartuko dute goragokoen aurrean, eta ez dute erantzukizun hori menpekoen gain utziko, horretarako arrazoi objektiborik ez bada.

9. Esleituta dituzten eginkizunak beteko dituzte fede onaren eta zerbitzu publikoaren alde egitearen printzipioen arabera, eta ez dute printzipio horien aurka jardunen. Halaber, saihestuko dute esleituta dituzten zerbitzu publikoak betetzean izan beharreko neutraltasuna zalantzan jartzen duen jardunbide oro.

10. Interes publikoko informazioa zabaltzeari buruzko legeetan ezarritakoa ezertan ere galarazi gabe, isiltasuna, sekretua eta zuhurtzia gordeko dira kargua dela-eta ezagutzen diren datu eta txostenei dagokienez.

11. Honakoetan oinarritutako jokabide-arauak beteko dituzte: gainerako herritarrekiko berdintasuna, gardentasuna, erabakietan eta zerbitzu publikoan neutraltasunez aritzea eta prestakuntzan, berrikuntzan eta jardunean ahalegintzea.

3. artikulua. Jokabideari buruzko printzipioak.

1. Goi karguak betetzeak dedikazio esklusiboa eskatzen du.

2. Alderdi politikoen zuzendaritzetako organo exekutiboetan karguak betetzeak ez du inolaz ere kaltetuko edo arriskuan jarriko arduradun publiko gisa dituzten betebeharrak betetzea.

3. Goi karguek, esleituta dituzten zerbitzuei dagokienez, ziurtatuko dute herritarrek modua izanen dutela zerbitzu publiko horien funtzionamenduari buruz informazioa jasotzeko duten eskubidea erabiltzeko, berariazko arauek ezarritako mugekin.

4. Beren eginkizunak betetzerakoan, arreta handiz jokatuko dute, halako moduz non hartutako betebeharrak enplegatu publikoen jardunbidearentzat eredu izateko moduan beteko diren. Eredugarritasun hori aplikatuko dute, era berean, herritar diren aldetik legeek eskatzen dizkieten betebeharrak betetzerakoan.

5. Baliabide publikoak zuhurtziaz administratuko dituzte, eta kargu publikoa betetzean beharrezkoa den duintasuna kaltetu dezakeen jarduera oro saihestuko dute.

6. Ez dute oparirik, mesederik edo abantailazko baldintzetako emandako zerbitzurik onartuko, ohiturazkoak edo kortesiazkoak direnez harago, ez eta bere eginkizunen betetzea baldintzatu dezakeen prestazio ekonomikorik ere, Zigor Kode ezarritakoa galarazi gabe.

Izaera instituzionala duten opari esanguratsuagoen kasuan, horiek foru erkidegoko ondarean sartuko dira, foru legeetan aurreikusitakoaren arabera eta erregelamendu bidez ezarritakoari jarraikiz.

7. Beren eginkizunak betetzerakoan, herritarren eskura egonen dira eta arreta osoa jarriko dute haiek aurkezten dituzten idatzi, eskaera eta erreklamazio guztiei erantzuterakoan.

8. Foru Komunitateko Administrazioak kargua dela-eta haien eskura jartzen dituen ondasun eta zerbitzuen erabilera desegokirik ez dute eginen.

9. Kultur ingurunearen eta hizkuntza aniztasunaren babesa, bai eta ingurumenaren kalitatearen babesa eta hobetzea izanen dira foru lege honen mendean dauden arduradun publikoek beren eginkizunetan izanen duten jokabidea.

10. Ziurtatuko dute dokumentuak jasota geratzen direla, modu iraunkorrean, bere ondorengoei emate aldera.

4. artikulua. Gobernu onaren kodea betetzearen kontrola.

1. Urtero, Nafarroako Gobernuak Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak edo kasuan-kasuan dagokionak eginiko txostena aztertuko du, zeinetan agertuko baitira foru lege honetan ezarritako etika- eta jardun-printzipioen balizko urraketak. Horren xedea izanen da Gobernuaren eta Gobernuko goi karguen bateraezintasunei buruzko beste foru legeetan ezarritakoaren arabera hasi dezaketen prozedurak eta jarduerak aztertzea.

2. Toki entitateen kasuan, foru lege honetan ezarritako printzipioak betetzen ote diren zaintzeko baldintzak ezarriko dira, beren eskumenen esparruan betiere.

Xedapen indargabetzaile Bakarra. Foru lege honen aurka doazen lege- nahiz erregelamendu-xedapen guztiak indarrik gabe gelditzen dira.

Azken xedapen Bakarra. Foru lege honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen den unean bertan.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa