(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

11/2007 Foru Legea, apirilaren 4koa, Nafrroako Foru Komunitateko Administrazioan Administrazio Elektronikoa ezartekoa

 

(2007ko 48. NAOn argitaratutako testua, apirilaren 18an)

Atarikoa

"Informazioaren eta komunikazioen teknologiak" izenekoak, IKT siglarekin ezagunagoak diren horiek, aplikatzearen aldeko apustua egin duten administrazio publikoek hobekuntza nabarmena lortu dute, zalantzarik gabe, herritarrei zerbitzu publikoak emateko moduan.

Hasteko, administrazioa herritarrengana hurbiltzea lortu dute, administrazio prozedurak arinduz, malgutuz eta, finean, erosoago bihurtuz. Burokrazia murriztu egin da eta izapide administratiboak normalizatu dira, izapideen jarraipena egiteko aukera emanez.

Nafarroako gizarteak garapen sozioekonomiko aurreratuenetakoa du, bai Espainian bai Europar Batasunean. Indartsu sartu dira gurean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak. Gaur egun, gizarte hori gizarte informatizatua dugu, tresna elektronikoak normaltasunez eta ohikotasunez erabiltzen dituena herritarren eta eragile sozial eta ekonomikoen arteko harreman nagusietan.

Nafarroako administrazio publikoak ez dira transformazio edo iraultza teknologiko horretatik kanpo gelditu, iraultza baita jokabide sozialak denbora laburrean goitik behera aldatzea. Administrazio publiko gehienak, handienak noski, sistema eta bitarteko elektronikoekin aritzen dira dagoeneko. Kudeatzen dituzten administrazio prozedura edo ematen dituzten zerbitzu publiko askotarako horrelako sistemak eta bitartekoak erabiltzen dituzte gaur egun. Arautze urriaren babesean jardun dute orain arte, ordea. Herri administrazioen araubide juridikoari eta administrazio prozedura erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen agindu urri batzuetan jasotako zenbait aurreikuspen orokor kenduta, ez da izan lege esparru orokorrik, ez estatuan ez foru erkidegoan (kasu honetan Zerga Ogasunaren edo kontratazio administratiboaren arloko arautze telematikoa alde batera utzita), administrazioen eta herritarren arteko harremanetan edo administrazioen artekoetan IKT berriek eskaintzen dituzten aukerak bere baitan bildu dituenik.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan, giza baliabideen eta espedienteen kopuruari, dirubilketari eta inbertsio publikoen bolumenari dagokienez, behintzat, Nafarroan diren administrazio publikoetan nagusia den horretan, informazioaren eta komunikazioaren teknologia horien garapen maila on samarra da. Nolanahi ere, beste aurrerapauso bat eman beharra dago: foru lege bidez arautzea teknologia horien erabilera eta, horrekin batera, erabilera horren ondorioz herritarrei begira beharrezkoak diren berme juridikoak finkatzea.

Foru eraentzaren ondorioz dituen eskumen esklusiboez baliatuz, egokitzat jotzen dituen foru legeak onesteko bidea ematen baitiote, Nafarroako Foru Komunitateak ezarri behar ditu Nafarroako berezko zuzenbidearen espezialitateetatik edo berezko antolaketatik datozen prozedura administratiboko edo, kasua bada, ekonomiko-administratiboko arauak eta, orobat, foru administrazioaren eta bere menpe dauden entitate publikoen araubide juridikoari datxezkionak, bermatuz, betiere, herritarrek administrazio publikoetan berdin tratatuak izateko duten eskubidea. Halaxe dago ezarria Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluko c) eta e) letretan.

Gaur egun, administrazio prozedurako arau horiek ez dira beste administrazio publiko batzuentzat komunak direnetatik oso bestelakoak. Aitzitik, sistema elektronikoak sartu eta aplikatu izanak ekarri dituen berezitasunak dira. Horren garrantzia ukaezina da, ordea, herritarren eta administrazioaren arteko harreman klasikoen ondorioak arautzen dituztelako baina bitarteko moderno batekin, bitarteko elektronikoarekin alegia.

Foru lege honen xedea da, aurreneko artikuluetan jaso denez, pixkanaka egiazko administrazio elektroniko bat ezartzen joatea, maiz erabiltzen den esamolde horrek egiaz esan nahi duenaren aldetik ulertuta: administrazio osotua eta norabide anitzekoa. Osotua, administrazioari dagokion informazio guztia sarean eskura izanen delako, eta norabide anitzekoa, batetik informazioaren jarioa administraziotik herritarrengana eta alderantziz ere joanen delako, eta bestetik, administrazioek elkarri lagunduko diotelako, dokumentazioa haien artean eskuratzeko, herritarrei eskatu gabe. Administrazio elektronikoak, batik bat, erabilgarria izan behar du, eta erraza, baliagarria, erosoa, malgua, segurua, konfidentziala eta aldaketa berrietara egokitua.

Helburu nagusi horrekin batera, foru legea arduratzen da foru administrazioak hartzen duen itxura berriaren aurrean herritarrek dituzten eskubideak ezartzeaz. Eskubide horietako bik garrantzi berezia dute: datu pertsonalen babesa eta ohiko prozedura eta harreman administratiboetan herritarrak dituen berme juridikoei eustea. Administrazio elektronikoa herritarren eskubideak hobetzeko sortu da, inola ere ez horiek okerragotzeko edo era desegokian baldintzatzeko.

Foru legearen edukian Europar Batasuneko kide diren eta bide honetan pausuak egin dituzten beste estatu batzuetako legeetan araututako alderdiak daude, eta beste batzuk azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotakoak dira, baina asko eta asko berriak dira. Batzuen zein besteen oinarrian bi ideia daude: foru administrazioaren eta honen zerbitzua jasotzen duten herritarren arteko harremanak erraztea eta haien eskubideak bermatzea. Halatan, foru legeak alderdi hauek arautzen ditu, besteak beste: dokumentuen aurkezpena eta irteera, Foru Komunitateko administrazio osoarentzat eta haren erakunde publikoentzat Erregistro Orokor Elektroniko bakarra sortzea aurreikusirik, beharrezkoa denean erregistro bereziak egotea galarazi gabe; administrazio egintza mota guztiak eta horien espezialitate elektronikoak, bereziki ziurtagiriak, kopiak eta abar; administrazio egintzen jakinarazpena, iragarki ohol elektronikoa sortzea ere aurreikusirik; sinadura elektronikoa, beharrezkoa bai dokumentuak aurkezteko bai administrazio egintzak gauzatzeko; espediente eta artxibo elektronikoak; ofizioz hasitako prozeduren ezaugarri orokorrak eta alde batek eskatuta sortutakoenak; organo kolegiatuen araubidea, bilkura birtualen aukera emanen duena; bitarteko elektronikoak erabiliz fakturak aurkeztea eta ordainketak egitea; Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bertsio elektronikoan argitaratzea; eta beste.

Foru Legearen amaieran antolaketaren arloko elementu batzuk bildu dira, beharrezkoak garapen egoki baterako: Administrazio Elektronikoaren Batzordea sortzea, administrazio prozedura elektronikoen planifikazioaz eta ezarpen egokiaz arduratzeko; funtzionario publikoen hautaketa eta prestakuntza, sustatu nahi den administrazioarekin bat etor daitezen, eta herritarren eskubideak bermatzeari dagokionez gainbegiratzeko eginkizunak Foru Komunitateko arartekoari esleitzea, antzeko eginkizunak edukiko lituzketen unitate edo organo berriak sortu beharrean.

Azkenik, foru legeak ontzat hartzen ditu, ezin bestela izan, tributu prozeduretan eta kontratazio administratiboan gertatutako aurrerapenak. Kasu horietarako, foru legeak ordezko izaera hartzen du, eta gai horiei buruzko arau bereziek xedatu gabekoetan baizik ez da aplikatzekoa izanen.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen xedea da herritarren zerbitzuko administrazio elektroniko eraginkorra ezar dadin sustatzea, teknologiaren aurrerapenen arabera onargarritzat hartzen diren teknika eta bitarteko elektronikoak, informatikoak eta telematikoak pixkanaka sartuz Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko eta haren erakunde publikoetako administrazio prozeduren izapideetan eta kanpoko nahiz barruko harremanetan.

2. Zehazki hauexek dira foru lege honen xedeak:

A) Orokorrak:

a) Nafarroako administrazio publikoen esparruan eta Nafarroako gizartean informazioaren gizartearen garapenari laguntzea.

b) Operadore juridikoengan konfiantza sortzea informazioaren eta komunikazioaren teknologiaren erabilerari dagokionez, behar diren neurriak ezarriz pertsonen intimitatearekin lotutako oinarrizko eskubideak urratzen ez direla zaintzeko, datuen eta komunikazioen segurtasuna bermatzeko eta euskarri elektronikoan ematen diren zerbitzuak babesteko.

c) Beharrezkotzat jotzen denean, herritarrei arreta emateko bulego telematiko integratuak sortzea, administrazioen arteko lankidetzan oinarrituak, bulego publikoetan herritarrei zerbitzu emanen dietenak, zein den ere gaiaz arduratzeko eskumena duen administrazioa.

d) Administrazio publikoen arteko bitartekaritza ahalbidetzea, herritarrei eskatutako izapide administratiboak ebazteko, horiek Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioaren eskumenekoak direnean.

B) Herritarrei dagokienez:

a) Eskubideez baliatzen eta betebeharrak betetzen laguntzea modu azkarragoan, merkeagoan eta fidagarriagoan, horretarako euskarri elektronikoak erabiliz eta inola ere kalterik eragin gabe haien berme juridikoei.

b) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eta haren erakunde publikoetan dagoen informazioa eskuragarria izan dadin laguntzea.

c) Eskura dauden prozedura elektronikoen erabilera pertsonalizatua eta zuzenekoa izan dadin ahalbidetzea.

d) Jarduera administratiboan herritarren parte-hartzea handitzea.

C) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde publikoei dagokienez:

a) Eskumenak eta eginkizunak betetzen eraginkortasuna areagotzea, unean uneko sistema elektroniko aurreratuenen bidez.

b) Printzipio hauek gauzatzea: herritarrengandik hurbil egotea eta jarduera administratiboaren gardentasuna.

c) Etengabe hobetzea interes publikoari ongi erantzuteko baldintzak, administrazio prozedurak sinplifikatuz.

d) Beste administrazio publiko batzuekin dituen harremanetan teknika elektroniko eta telematiko berrien erabilera sustatzea, administrazioen arteko lankidetza eta laguntzaren barruan.

e) Eskuratu ahal diren informazio, zerbitzu eta transakzioen osotasun, egiazkotasun eta gaurkotzearen erantzule egitea.

2. artikulua. Prozedura elektronikoen progresibitatea eta gaikuntza.

1. Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen baliabide elektronikoak pixkanaka ezarriko dira; aldez aurretik, kasuan kasuko administrazio prozedura elektronikoak onetsi beharko dira eta baliabide elektroniko horiek aplikatzeko egokiak diren neurriak emanen.

2. Aurreko idatz-zatian aipatzen den onespena gaiaren eskumena duen kontseilariak edo, prozedurak departamentu bat baino gehiago ukitzen duenean, lehendakaritzako kontseilari titularrak emaniko foru agindu bidez eginen da, abian jarri gogo den administrazio prozedura elektroniko bakoitzeko.

3. Prozedura bakoitza onetsi aurretik, aginduzkoa izanen da antolaketa administratiboaren eta informazio sistemen gaietako eskumena duen unitateak eginiko txosten teknikoa, sistema osoaren segurtasuna, datuen funtzionamendua eta eskualdagarritasuna bermatuko dituena, bai eta igortzen den informazioaren benetakotasuna, konfidentzialtasuna, osotasuna, eskuragarritasuna eta kontserbazioa ere.

4. Prozeduraren onespena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta, aukeran, Nafarroako Gobernuko interneteko web atarian. Horrekin batera, prozeduran sartzeko behar diren zehaztapen teknikoei publizitatea emanen zaie, jabetza industrial eta intelektualaren eskubideak errespetatuz.

5. Artikulu honetan xedatutakoa ez da aplikatuko ahalmenez baliatzeko tresna huts gisa erabiltzen diren programa eta aplikazioen onespen edo erabileran, hau da, programa edo aplikazio horiek erabaki administratiboen informazio-tratamendu osagarriak edo prestakizunak egiteko erabiltzen direnean, administrazioaren erabakien edukian zuzeneko eraginik izan gabe.

3. artikulua. Herritarren eskubideen eta betebeharren aldaezintasuna administrazio prozedura erkidean.

1. Administrazio prozedura elektronikoa erabiltzeak ez du inolako aldaketarik eragingo administrazio prozedura erkidea osatzen duten administrazio egintzen izaera eta ondorioetan, eta ez du berarekin ekarriko herritarrei onartu edo esleitutako eskubideak kendu, murriztu edo era desegokian baldintzatzerik, ez eta administrazio prozedura erkidea arautzen duen legeriak administrazioari ezartzen dizkion betebeharrak ere.

2. Foru Komunitateko administrazioak foru lege honetan xedatutakora egokituko ditu prozedurei buruzko legeriak eskatutako administrazio egintzak, eta bidea emanen du herritarrak balia daitezen legeek aitortzen dizkieten eskubideez.

4. artikulua. Herritarren eskubideak bitarteko elektronikoekin dituzten harremanetan.

Herritarrek eskubide hauek izanen dituzte Nafarroako Foru Komunitatearekin eta haren erakunde publikoekin bitarte elektronikoak erabiliz dituzten harremanetan:

a) Administrazioak onetsitako administrazio prozedura elektronikoen erabileragatik bereizkeriarik ez pairatzekoa.

b) Administrazio prozedura elektronikoetan gaztelania eta euskara erabiltzekoa, euskara arautzen duten legeetan ezarritako moduan.

c) Administrazio publikoei eskaerak egin, eskariei eta ekintzei ekitea, akatsak zuzendu, alegazioak eta frogak aurkeztu eta haien egintzen kontrako errekurtso eta erreklamazio administratiboak egitekoa.

d) Ziurtagiri administratiboak bitarteko elektronikoen bidez eskuratzekoa.

e) Zailtasun handirik ez duten sistemak erabiliz, ahal dela posta elektronikoaren edo antzekoen bidez, informazioak eskatu eta lortu eta kontsultak egitekoa.

f) Interesdunaren izaera duen prozeduren izapideak zer egoeratan dauden jakitekoa.

g) Izapide telematikoetan legez ezarritako identifikazio bideak erabiltzekoa.

h) Sinadura elektronikoa edo antzeko identifikazio sistema bat lortu eta erabiltzekoa legez ezarritako baldintzetan.

i) Interesdunaren izaera duen prozeduren parte diren dokumentu administratibo elektronikoen kopia elektronikoak lortzekoa.

j) Administrazioak dokumentu elektronikoetarako artxiboa kudeatzeko eta espedientearen parte diren administrazio egintza elektronikoak gordetzeko zerbitzu bat bermatzekoa.

k) Bitarteko elektronikoen bidez jarduera administratiboan parte hartzekoa, entzutea emanez edo jendaurrean jarriz legez hala aginduta dagoenean, edo inkesta eta kontsulta bidez gainerako kasuetan.

l) Zerbitzu eta prestazio publikoak eskuratzeko bidea edo bitartekoak aukeratzekoa, unean-unean teknologikoki erabilgarri direnetatik.

m) Haren datu pertsonalen pribatutasuna eta intimitate pertsonal eta familiarra izatekoa.

n) Datu pertsonalen babesa arautzen duten legeek eskatzen dituzten berme juridiko guztiak izatekoa.

ñ) Transmisio elektroniko seguru eta kalitatezkoak izatekoa.

o) Jendearentzako arreta bulegoetan edo horretarako zehaztutako tokietan haien eskura jartzen diren bitarteko eta zerbitzu elektronikoak libre eta dohainik erabiltzekoa administrazio publikoekiko harremanetan.

p) Foru Komunitateko administrazioak jadanik bere esku dituen datu eta dokumentuak ez aurkeztu behar izatekoa. Administrazioak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu informazio hori lortzeko; betiere, datu pertsonalak badira, interesdunek espresuki adierazi beharko dute ados daudela edo lege batek eman beharko du horretarako bidea.

II. KAPITULUA. Dokumentuen aurkezpena eta irteera. Erregistro Orokor Elektronikoa

5. artikulua. Erregistro Orokor Elektronikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak Erregistro Orokor Elektroniko bat gaituko du, bitarteko telematikoekin igortzen diren edozein eskabide, idazki, kontsulta eta komunikazio jaso eta ateratzeko.

2. Erregistro Orokor Elektroniko bat eta bakarra izanen dute Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde publiko guztiek, eta interesa duen ororen eskura egonen da Nafarroako Gobernuko interneteko web atarian eta horretarako gaituko den helbide elektronikoan.

3. Oro har, lege batek kontrakoa xedatzen ez badu, herritarrentzat borondatezkoa izanen da Erregistro Orokor Elektronikoa erabiltzea. Edozein kasutan ere erabilera doakoa izanen da.

4. Erregistro Orokor Elektronikoak bidea emanen du eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak aurkezteko urteko egun guztietan, eguneko hogeita lau orduetan.

Aurrekoa gorabehera, epeen legezko kontaketaren ondorioetarako, organo edo entitatearentzat baliogabea den egun batean sartzen diren agiriak hurrengo egun balioduneko lehenbiziko orduan sartu balira bezala hartuko dira. Agiriak benetan jaso diren eguna eta ordua inskribatuko dira sarrerako idazpenean, baina jasorik geratuko den sarrera eguna hurrengo egun balioduna izanen da, eta ordua, berriz, eta segundo bat.

5. Eskabideak, idazkiak, kontsultak eta komunikazioak jasotzeko zerbitzua eten ahalko da justifikaturiko arrazoiak daudenean -mantentze-lan tekniko edo operatiboak-, behar-beharrezkoa den denboran soilik. Etenaren berri eman beharko zaie erregistro telematikoaren balizko erabiltzaileei ahalik eta aurrerapen handienaz. Erregistroko funtzionamenduaren etenaldia aurretik planifikatzen ez den kasuetan, ahal denean, erabiltzaileak egoera horren berri ematen dion mezua ikusiko du.

6. Egun baliogabeetan, Erregistro Orokor Elektronikoak ez du idazkien eta komunikazioen irteerarik eginen ez eta haren idazpenik ere.

7. Erregistro Orokor Elektronikoaren gaikuntza juridiko eta administratiboa Nafarroako Gobernuaren foru dekretu bidez eginen da, lehendakaritza, antolaketa administratibo eta informazio sistemen gaietan eskumena duten kontseilariek proposaturik; ondoren, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, unitate administratibo eskudunek egiaztatu ondoren erregistroak betetzen dituela informazioaren eskuragarritasun, benetakotasun, osotasun, konfidentzialtasun eta kontserbazioaren irizpideak eta errespetatzen dituela erregistro publikoei aplikatzekoa zaien araudiak eskatutako bermeak eta betebeharrak.

Foru dekretuan Erregistro Orokor Elektronikoaren funtsezko ezaugarriak ezagutaraziko dira.

8. Aurrekoa gorabehera, Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez eta lehendakaritza, antolaketa administratibo eta informazio sistemen gaietan eskumena duten kontseilariek proposaturik, erregistro elektroniko berariazkoak sortzea baimendu edo arautu ahalko ditu, sortzea justifikaturik dagoenean gaiaren berezitasuna, kudeatu beharreko dokumentuen kopurua edo beste arrazoi batzuk direla eta.

6. artikulua. Dokumentu elektronikoen aurkezpena.

1. Bide elektronikotik aurkezten zaizkion eskabide, idazki, kontsulta edo komunikazioei dagokienez, Erregistro Orokor Elektronikoak:

a) Horien osotasun eta benetakotasunari buruzko egiaztapenak eginen ditu, eta deuseztatu ahalko ditu sistemaren segurtasunerako arriskua izan dezaketen dokumentuak. Halakoetan, dokumentua ez aurkeztutzat joko da, eta igorlea identifikaturik egonez gero, ahal den azkarren jakinaraziko zaio dokumentua deuseztatu dela.

b) Dokumentu elektronikoa aurkeztu den egun eta ordu zehatzak kreditatuko ditu, penintsulako orduarekin sinkronizaturik.

c) Egiten den idazpenari hurrenkerako zenbaki bat ezarriko dio eta, eskabidea edo errekurtsoa bada, dokumentuak hasten duen administrazio prozedura elektronikoarena.

d) Dokumentu elektronikoa aurkeztu duenaren posta elektronikora edo sinadura elektronikorako sistemara mezu elektroniko bat bidaliko du, dokumentua teknikoki onartu eta administratiboki erregistratu dela egiaztatzen duena, betiere dokumentua eskatutako agindu teknikoak betez aurkeztu bada eta administrazioak erabilgarri badu, dokumentua kudeatzeko aukera ematen duen jasotze- edo datu-sistema batean. Dokumentua jaso izanaren berrespen hori sistemaren erantzun automatiko gisa igorri ahalko da edo beste edozein modutan.

Dokumentua ez bada jasotzen edo jaso izanaren berrespena egiten ez bada, erabiltzailea ohartarazi beharko dute horretaz, eta kasu horretan dokumentua ez dela jaso ulertuko da.

e) Aurkeztutako dokumentazioaren kopia gordeko du, eta artikulu honen 5. idatz-zatian aurreikusten den ahalmenaz baliatu ahalko da.

2. Agiri bat jaso izanaren berrespena, Erregistro Orokor Elektronikoak interesdunaren posta elektronikora edo sinadura elektronikoaren sistemara igorritakoa, aurreko d) letran xedatutakoari jarraikiz, paperean inprimatu edo informatikoki artxibatzeko modukoa izan beharko da, eta dokumentazioa administrazioan aurkeztu zuen egun eta ordua egiaztatuko dituen agiriaren izaera izanen du interesdunarentzat, administrazio prozedura erkidea arautzen duen legerian xedatutakoaren ondorioetarako. Agiri hori paperean aurkeztu beharko da hala behar den prozeduretan, dela ohiko administrazio prozeduretan dela prozedura judizialetan.

3. Dokumentua aurkeztu den egun eta ordua zehazterik ez dagoenean, administrazioaren datu-transmisiorako sistema zerbitzuan ez dagoelako edo beste edozein arrazoirengatik, mezua igorri zen egun eta orduan aurkeztutzat emanen da, betiere administrazioak modu fidagarrian egiaztatu ahal baditu.

4. Nolanahi ere, dokumentuak bitarteko elektronikoekin aurkeztean gerta daitezkeen arriskuak igorleak hartu beharko ditu bere gain, eta administrazioa ez da inongo inguruabarren erantzule izanen, ez badira haren zerbitzu publikoen funtzionamenduari egotzi ahal zaizkionak.

5. Administrazioak jaso duen dokumentu baten formatoa aldatu ahalko du baliabide teknikoak erabiliz, hura irakurri, gorde eta artxibatzeko beharrezkotzat jotzen duenean, baina agiriaren funtsezko edukia aldatu gabe.

6. Erregistro Orokor Elektronikoak eskabide, idazki edo komunikazioarekin batera izapidetzen diren dokumentuen kopia zigilatuak edo konpultsatuak emateko eginkizuna bete dezake, lehendakaritza gaietako titularra den kontseilariaren foru agindu bidez hala xedatzen denean, informazioaren gizartearen eskumena duen unitateak horretarako aukera teknikoa dagoela ziurtatzeko txostena eman ondoren.

7. artikulua. Dokumentu ofizialen irteera.

Beste organo batzuei edo partikularrei zuzendutako idazki, komunikazio eta bestelako dokumentu ofizialen irteerari dagokionez, Erregistro Orokor Elektronikoak:

a) Idazkia edo komunikazioa igorri den egun eta ordu zehatzak kreditatuko ditu.

b) Organo administratibo igorlea eta haren posta elektronikoko helbidea adieraziko ditu.

c) Zein pertsonari edo organo administratibori igortzen zaion eta haren posta elektronikoko helbidea adieraziko ditu.

d) Gaiaren laburpen motz bat adieraziko du.

e) Egiten den irteera-idazpenari hurrenkerako zenbaki bat ezarriko dio.

f) Igorritako idazki edo komunikazio ofizialaren kopia gordeko du automatikoki.

III. KAPITULUA. Administrazio egintzak eta txostenak

8. artikulua. Izapide-egintzak eta txostenak.

1. Unitate administratiboek bitarteko elektroniko egokiak erabiliz eskatu, eman eta jakinaraziko dizkie elkarri administrazio prozeduraren izapide-egintzak eta, bidezkoa denean, interesdunari ere hala jakinaraziko zaizkio egintza horiek, betiere bitarteko horiek erabiltzeko moduan badira.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakotik salbuetsiko dira interesdunen izapide-egintzak eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde publikoen menpe ez dauden organo kolegiatuek aginduz eman beharreko irizpen, txosten eta egintzak, horiek bitarteko elektroniko egokirik ez badute edo egintza ohiko moduan betetzea erabakitzen badute. Kasu horretan, prozedura izapidetzeko eskumena duen unitate administratiboak txostena edo idatzizko egintza transkribatuz edo kopia elektronikoa eginez sartuko du prozeduran.

3. Izapide-egintzak batasunaren eta denbora hurrenkeraren irizpideen arabera sartu behar dira prozeduran, eta horiek kontsultatzeko bidea eman beharko zaie administrazioaren zerbitzuko langileei, izapidetzeaz arduratzen direnei, eta interesdunei.

4. Izapide-egintza bete eta funtzionario eskudunak hura elektronikoki izenpetu ondoren, berme elektroniko bat ezarriko da, hura deuseztea edo haren edukia aldatzea eragozteko.

5. Administrazio prozedura elektronikorako eskumena duen unitate administratiboak, era berean, garrantzizkoak ez diren egintza, txosten, ohar eta bestelako guztiak kenduko ditu, bai eta adierazpen edo iritzi pertsonalak edo esku-hartzaileenak, gaiarekin zerikusi zuzenik ez badute edo aplikatzekoa den araudiak eskatutakoak ez badira.

9. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko ziurtagiriak.

1. Paperezko ziurtagiri administratiboen ordez, bitarteko elektronikoen bidezko ziurtagiri administratiboak edo datu-transmisioak erabili ahalko dira. Lehenbizikoak artikulu honetan xedatutakoak zuzenduko ditu eta bigarrenak, berriz, hurrengoan xedatutakoak.

2. Bitarteko elektronikoen bidezko ziurtagiriak ziurtagiriaren xede diren datuak eta horiek emateko eskumena duen agintariaren sinadura elektronikoa jasoko ditu.

3. Bitarteko elektronikoen bidezko ziurtagiri bat honela emanen da:

a) Interesdunak eskatuta; bidali eginen zaio edo haren eskura utzi, eskatu duen organoari igor diezaion.

b) Organo eskatzaileak eskatuta, interesdunaren ekimenez, edota organo eskatzailearen beraren ekimenez interesdunaren baimen espresa badu, non eta lege batek ez duen ziurtagiriko datuak eskuratzeko baimena ematen. Kasu horretan, ziurtagiriaren eskaeran zer izapide edo prozeduratarako nahi den zehaztuko da, eta jasota geratu beharko da interesdunaren baimen espresua badela edo salbuesten duen araua.

4. Prozedura izapidetzen duen organoak ziurtagiri administratiboa eska dezan interesdunak emandako baimena prozedurari hasiera emateko eskabidean edo ondorengo komunikazio orotan agerrarazi beharko da, eta eskabidea aurkeztu izanaren agiria ziurtagiria aurkezteko betebeharra bete izanaren egiaztagiritzat hartuko da.

5. Bitarteko elektronikoen bidezko ziurtagiri administratiboek paperezko euskarrian emandakoen ondorio berberak izanen dituzte. Horretarako, edukia paperezko euskarrian inprimatzeko modukoa izan beharko da, eta bertan eskuzko sinaduraren ordez elektronikoki sortutako egiaztatze kode bat ezarriko da, benetakotasuna frogatzeko aukera emanen duena organo edo erakunde igorlearen artxiboetan bitarteko telematikoekin sartuta.

6. Bitarteko elektronikoen bidezko ziurtagiriak legez edo erregelamenduz horretarako gaitutako pertsonek emanen dituzte edo departamentu edo erakunde publiko bakoitzak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako egintza administratibo baten bidez izendatzen duten unitate organikoek. Bigarren kasu horretan inguruabar hori emandako ziurtagiri bakoitzean agerrarazi beharko da.

10. artikulua. Datuen transmisioak.

1. Paperezko euskarriko ziurtagiri administratiboen ordez, datu-transmisioak eginen dira, organo edo erakunde batek kasuan kasuko administrazio prozeduran bere eskumenak betetzeko behar dituen datuak igorriz bitarteko telematikoen bidez eta eskatutako segurtasun baldintzekin.

2. Administrazio prozedurak eta jarduketak erregulatzen dituzten arauetan aurreikusitako ziurtagirien aurkezpena artikulu honetan xedatutakoarekin bat egiten diren datu-transmisioek ordezkatuko dute, ondorio guztiekin eta erabateko balio eta eraginkortasunarekin.

3. Ziurtagiri bat datu horien transmisioak ordezka dezan, datuen titularrak transmisiorako baimen espresa eman beharko du, salbu eta lege maila edo ahalmena duen arau batean aurreikusitako kasuetan. Baimena emanen ez balu, interesdunak ziurtagiria eskatu eta aurkeztu beharko luke.

4. Datu-transmisio guztiak organo edo erakunde izapidetzaileak eskatuta eginen dira, eta eskabidean eskatutako datuak eta haien titularrak zein diren zehaztuko da, bai eta zertarako eskatzen diren ere. Ukitutako titularren baimen espresa dagoela jasoko da eskabidean, salbu eta baimen hori beharrezkoa ez bada.

5. Datuak jasotzen dituen organoak edo erakundeak espedientean agerraraziko du datuak eskatu eta jaso direla. Fiskalizazio eta kontrol organoek datuen jatorria eta benetakotasuna egiazta ditzaten, aipatutako organoek igorritako datuetara sartzeko bideak ezarriko dira.

11. artikulua. Administrazio egintza elektronikoen kopiak.

Bitarteko elektronikoekin gordetako jatorrizko agirien kopiek, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko organoek edo haren erakunde publikoek emandakoek, jatorrizko agiriaren balio eta eraginkortasun berak izanen dituzte, betiere haien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa ziurtaturik badaude.

IV. KAPITULUA. Jakinarazpen administratibo elektronikoak

12. artikulua. Ebazpen administratibo elektronikoak.

Administrazio prozedura elektroniko bati amaiera ematen dioten ebazpen administratiboen jakinarazpenen edukian honakoak egonen dira zehazturik:

a) Ebazpena eman duen organoa zein den eta, kasua bada, igorri duen organoa ere zein den.

b) Ebazpena eman duen organoaren eskumena.

c) Ebazpenaren eduki osoa.

d) Ebazpena eman den eguna.

e) Beharrezkotzat jotzen bada, hurrenkerako identifikazio bat, ebazpenaren ordena-zenbakia, espedientearen zenbakia, urtea, eta, halakorik bada, kasuan kasuko prozeduraren kodea.

f) Bide administratiboa amaitzen den edo ez adieraztea, eta haien kontra bidezkoak diren errekurtsoak, haiek zein organori aurkeztu behar zaizkion eta haiek aurkezteko epeak azalduz. Errekurtso administratiboen kasuan, zein helbide elektronikotan aurkeztu ahal diren ere zehaztuko da.

13. artikulua. Helbide elektronikoa eta betebeharrak.

1. Jakinarazpen administratibo elektronikoak egin ahalko dira soilik hartzaileak espresuki hala egiteko esan duenean edo onartzen duenean, kasuan kasuko organoak edo erakunde publikoak proposaturik.

2. Administrazio egintzen jakinarazpenak interesdunak horretarako adierazten duen posta elektronikoko helbidean eginen dira.

3. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak jakinarazpen elektronikorako erabiltzen duen sistemak kreditatu beharko du zer egun eta ordutan jaso den jakinarazpena interesdunaren helbide elektronikoan eta interesdunak jakinarazpenaren mezuaren edukia ikusi duela, bai eta aipatutako inguruabarretarako eragozpen den edozein arrazoi tekniko ere.

4. Interesdunaren helbide elektronikoa bakarra izanen da administrazio prozedura elektronikoan egin beharreko balizko jakinarazpen guztietan eta horrekin lotura zuzena izan dezaketen gainerakoetan, hala nola errekurtsoak, erreklamazioak etab.

Helbide horrek bermatu beharko du erabilera esklusibokoa dela, erabiltzailearen nortasuna ziurtatzen duten egiaztatze bideak eta horien konfidentzialtasuna babesteko zifratze-mekanismoak izan eta erregelamenduz ezarriko den beste edozein baldintza bete.

Era berean, helbide bakarraren indarraldia mugagabea izanen da, baina indarra galduko du titularrak indargabetzeko eskatzen badu, pertsona fisikoa hil edo pertsona juridikoa iraungitzen bada, epailearen edo administrazioaren ebazpen batek hala agintzen badu edo hiru urtean ez bada behin ere erabiltzen jakinarazpenak egiteko; azken kasu horretan helbide elektroniko bakarra baliogabetu eginen da eta interesdunari jakinarazi egingo zaio.

5. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde publikoek erabili ahalko dute posta elektroniko beste helbide bat, kasuan kasuko prozedurarekin loturarik ez duen beste batean adierazitakoa, erabilera horren xedea baldin bada interesduna aurkitzea edo administrazio egintza helaraztea haren berri izan dezan, baina jakinarazpen horrek ez du inola ere ordeztuko legeei jarraikiz egin beharrekoa.

6. Jakinarazpena errazte aldera, interesdunak beste helbide batzuk edo sakelako telefono zenbaki batzuk eman ahalko dizkio administrazioari, administrazioak bertara bidal ditzan abisu osagarriak, jakinarazpen elektronikoa egin dela, egiten saiatu dela edo egitekoa dela gaztigatzeko.

7. Administrazioak eta interesdunak hasieran adierazitako posta elektronikoko helbideak aldatzeko eskubidea izanen dute, horretarako justifikatutako arrazoiak, teknikoak nahiz bestelakoak, alegatzen badituzte.

14. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

1. Jakinarazpen administratibo elektronikoa interesdunari berari egina dela ulertuko da, lege ondorio guztiekin, interesdunak emandako posta elektronikoko helbidera igorritako mezu elektronikoa irekitzen duen unean. Horretarako, mezu elektronikoa ireki den ordua eta eguna ezagutzeko bide ematen duen aplikazioa ezarriko du administrazioak, eta datu hori administrazio prozedura elektronikoan gordeko du.

2. Mezu elektronikoa irekitzeak pentsaraziko du jakinarazitako administrazio egintzaren edukia ikusi dela eta ikusi duena interesduna dela.

3. Adierazitako posta elektronikoko helbidean jakinarazpena hartu dela jakinda, hamar egun naturaleko epean edukia ikusi ez bada, jakinarazpenari uko egin zaiola ulertuko da, salbu eta ofizioz edo hartzaileak hala eskaturik edukia ikusteko ezintasun tekniko edo materiala dagoela egiaztatzen den kasuetan.

4. Jakinarazpen elektronikoa egiterik ez badago arazo teknikoengatik, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ohiko moduan eginen du jakinarazpena.

15. artikulua. Jakinarazpen bereziak.

1. Interesdunaren intimitate pertsonal nahiz familiarrerako oinarrizko eskubidea babestu beharra dagoela iritziz gero, edo bestelako inguruabar bereziak daudenean, segurtasun, sekretu edo diskrezioarekin lotutakoak, administrazioak adierazi ahalko dio interesdunari ebazpena edo dokumentua zerbitzari, datu base edo horretarako izendatutako lotura edo esteka batean duela eskura, interesdunak edo haren ordezkari baimenduak aurkitu eta berreskura dezan.

2. Interesdunak edo haren ordezkari baimenduak nor diren adierazi beharko dute ebazpena edo dokumentua berreskuratzerakoan. Identifikazio horretarako metodo seguru eta egiaztatzeko modukoa erabiliko da.

3. Jakinarazpena eginik dagoela ulertuko da dokumentua administrazioak izendatutako lotura edo estekatik berreskuratua denean. Jakinarazpena eskura dagoela adierazi eta hamar egun balioduneko epean berreskuratu ezean, jakinarazpenerako beste sistemetara jo ahalko da.

16. artikulua. Iragarki ohol elektronikoa.

1. Iragarki ohol elektronikoa sortzen da, Nafarroako Gobernuaren interneteko web atarian sartua; bertan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde publikoek administrazio egintzen jakinarazpena ezarri ahalko dute prozedura bateko interesdunak ezezagunak direnean, jakinarazpena non egin behar den ez jakitean eta, jakinarazpena egiten saiatuta ere, gauzatzerik izan ez denean.

2. Iragarki ohol elektronikoak balio juridikoa izanen du Nafarroako Gobernuak foru dekretuz hala xedatzen duenean, lehendakaritza, antolaketa administratibo eta informazio sistemen gaietan eskumena duten kontseilariek proposaturik, eta behin Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Onetsi aurretik, unitate administratibo eskudunak egiaztatu beharko du sistemak informazioaren eskuragarritasun, benetakotasun, osotasun eta kontserbazioko irizpide teknikoak betetzen dituela.

3. Iragarki ohol elektronikoan jakinarazpena egiteak ordezkatu eginen du administrazioak duen betebeharra, interesdunari udaleko ediktuen oholean jakinarazpen pertsonala egitekoa, baina ez du salbuetsiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzetik.

4. Iragarki ohol elektronikoan argitaratzeak jakinarazpena ordezkatuko du eta ondorio berak izanen ditu honako kasu hauetan:

a) Egintzaren hartzailea pertsona multzo zehaztu gabea denean.

b) Administrazioaren iritziz, interesdun bakar bati eginiko jakinarazpena aski ez denean gainerako balizko interesdunek egintzaren berri izan dezaten, eta kasu horretan, egindako jakinarazpenaren osagarria izanen da.

c) Hautapen edo edozein motatako lehia prozedura baten parte diren egintzak direnean, kasu horretan ohol honetan eginen baitira argitalpenak, eta ez dute baliorik izanen beste toki batzuetan egiten direnek; halaxe dela adieraziko da prozeduraren deialdian.

5. Iragarki ohol elektronikoak egoitza elektronikoaren izaera izanen du legez, eta beraz bertan egintzak eta xedapenak argitaratzeak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak duen balio bera izanen du.

V. KAPITULUA. Sinadura elektronikoa

17. artikulua. Agintarien eta funtzionarioen sinadura elektronikoa.

1. Hauek beharko dute agintari edo funtzionario eskudunaren sinadura elektronikoa, eta sinadura elektronikoa arautzen duen legerian xedatutakoaren menpe egonen dira:

a) Bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurari amaiera ematen dioten ebazpenak, gaiaren muinean zuzenean edo zeharka eragina duten izapide-egintzak, prozedurak aurrera egitea galarazten dutenak edo defentsarik eza edo legezko eskubide eta interesentzako kalte konponezina eragiten dutenak.

b) Errekurtso administratiboen gaineko ebazpenak.

c) Banakako organoen nahiz organo kolegiatuen ziurtagiri administratiboak.

d) Administrazio prozeduran aginduzkoak diren irizpen eta txostenak.

e) Akordioak, itunak, hitzarmenak eta kontratuak.

2. Aurreko zenbakian aipatutakoez beste izapide-egintzen kasuan aski izanen da organo administratiboa identifikatzea. Beste sinadura batzuk ere erabili ahalko dira, hala nola bitarteko mekanikoen bidez erreproduzitutako sinadura pertsonala, betiere dokumentuari behar besteko berme ematen bazaio balioari eta jatorriari dagokienez.

18. artikulua. Interesdunaren sinadura elektronikoa.

1. Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez dokumentu elektroniko bat aurkezteko, arau orokor gisa, eskatzailearen sinadura elektronikoa beharko da, hura arautzen duen legearekin bat.

2. Sinadura elektroniko aurreratua beharko da aurkezten diren dokumentu elektronikoek nahitaez norberak egin beharreko ekintzekin lotura dutenean, oinarrizko eskubideak ukitzen dituztenean edo errekurtso administratiboak egiten direnean.

3. Administrazioak sinadura elektroniko aurreratuaren betebeharretik salbuetsi ahalko du, dokumentu elektronikoan igorleari buruzko informazioa dagoenean eta zalantzarik ez duenean dokumentuaren benetakotasunaz eta osotasunaz.

4. Pertsona fisikoek, betiere, nortasun agiriarekin batera doazen sinadura elektronikoko sistema guztiak erabili ahalko dituzte.

19. artikulua. Sinadura erraztua eta sinadura-eskuordetza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak beste bitarteko batzuk ezarri eta onartu ahalko ditu sinadura elektronikoaren balio juridiko berdinarekin, bere eskumeneko bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurak izapidetu eta ebaztearen ondorioetarako. Horretarako, isilpeko sarbide gakoak eman ahalko dizkie bere agintariei eta eskatzen duten pertsona juridiko edo fisikoei, bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura erabili aurretik edo bitartean. Gako horiek alfanumerikoki eta ausaz eginen dira.

2. Agintariek administrazio egintzak multzoka edo sailka hartuta sina ahalko dituzte, sinadura azkarragoa izan dadin.

3. Era berean, organo eskudunak ebazpen eta administrazio egintzen sinadura elektronikoa, guztiena nahiz batzuena, eskuordetu ahalko dizkie beren menpeko administrazio organo edo unitateen titularrei, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 40. artikuluan ezarritako moduan eta mugekin.

VI. KAPITULUA. Espediente elektronikoak eta dokumentu elektronikoen artxiboa

20. artikulua. Espediente elektronikoa.

1. Espediente administratibo elektronikoak administrazio prozedura bati dagozkion dokumentu administratibo elektroniko guztiek osatuko dute.

2. Espediente elektronikoa orritan antolatua izan ahalko da, haren osotasuna bermatuko duen aurkibide elektroniko baten bidez.

3. Dokumentu elektroniko bat espediente administratibo elektroniko desberdinen parte izan ahalko da.

4. Espedientea, igorri ordez, eskura jarri ahalko da, lege ondorio guztiekin.

5. Interesdunak eskubidea izanen du espedientearen kopia eskuratzeko, horrek kendu gabe ezarritako zerbitzuaren tasak edo kostua ordaindu beharra, horiek eskatzerik badago.

21. artikulua. Artxiboa.

1. Administrazioak dokumentu elektronikoak artxibatuko ditu halako moduan non aurrerago haien segurtasuna, benetakotasuna eta osotasuna egiaztatu ahalko diren.

2. Horretarako, egokitzat jotzen dituen aldaketak egin ahalko ditu formatuan, artxibatzea errazteko, funtsezko edukia aldatu gabe, eta dokumentuak babestu ahalko ditu zaharkitzetik eta bestelako inguruabar teknikoetatik.

3. Administrazioa izanen da bere esku dituen dokumentu eta artxibo elektronikoen kontserbazioaren erantzulea, eta zaindu eginen ditu, suntsi ez daitezen edo zaharkituak geratzearen ondorioz atzitu ezinik gera ez daitezen.

Nafarroako dokumentuen ondarearen parte izan daitezkeen dokumentuen kontserbazioari dagokionez, kultur ondareari buruzko foru legerian xedatutakoa beteko da.

4. Artxibatzeko sistemak zaharkiturik gelditzea ez da inola ere aitzakia gisa erabiliko interesdunei espediente administratiboetara sartzea eragozteko.

5. Artxiboaren ardura duten funtzionarioek bertan dauden jatorrizko dokumentuen kopia konpultsatuak egin eta igorri ahalko dituzte bitarteko elektronikoekin.

VII. KAPITULUA. Bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura alde batek eskaturik

22. artikulua. Pixkanakako ezarpena.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak pixkanaka ezarriko du alde batek eskatuta hasten diren prozeduren izapidetze telematikoa.

2. Prozedurak kudeatzeko baliabide elektronikoak aplikatu aurretik, haiek ikuspuntu funtzionaletik birdiseinatu eta errazteko azterketa bat eginen da; azterketa horretan, bereziki ondoko alderdiak hartuko dira aintzat:

a) Herritarrei eskatutako dokumentazioa kentzea edo gutxitzea, haien ordez datuak erabiliz, datu edo ziurtagiriak eskualdatuz edo tramitazioaren bukaeran haien ekarpena arautuz.

b) Parte-hartzerako, gardentasunerako eta informaziorako baliabideak eta tresnak aurreikustea.

c) Erantzuteko epeak eta denborak gutxitzea.

d) Lan-zamen banaketa eta barneko komunikazioak arrazionalizatzea.

23. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozeduran libreki sartzeko eskubidea.

1. Legez interesdunaren izaera duen edozein pertsona fisiko edo juridikok hasi eta izapidetu ahalko du bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura bat Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan eta haren erakunde publikoetan eta haiei dagokienez, foru lege honetako aurreikuspenei jarraikiz eta teknologiak ezarritakoez beste mugarik gabe.

2. Foru dekretu edo agindu bidez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ezarri ahalko du, justifikatuz gero, administrazio prozedura elektroniko jakin batzuk bete beharra edo harekin edo haren erakunde publikoekin bitarteko elektronikoak soilik erabiliz komunikatu beharra, interesdunak, lanbideagatik, gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo beste arrazoi batzuengatik, behar diren baliabide teknologikoak erabili eta eskura izateko aukera bermaturik duten pertsona juridikoak edo pertsona fisikoen taldeak direnean.

24. artikulua. Hasteko eskaerak.

1. Bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura bat hasteko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Erregistro Orokor Elektronikoan, eskabidea aurkezten eta prozedura arintzen laguntzeko adierazten zaizkien agindu teknikoak betez. Agindu tekniko horiek ez daitezke izan pertsona fisiko edo juridikoentzat bereizkeria eraginen duen oztopoa, objektibotasunik edo justifikaziorik gabea.

2. Eskabideak Erregistro Orokor Elektronikoan edo prozeduretan bertan dauden eredu normalizatuen araberakoak izan daitezke edo eredu librekoak, artikulu honen 4. idatz-zatian aipatzen den edukia errespetatuz betiere.

3. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eskabide elektronikoetarako sistema normalizatuak sustatuko ditu. Eskabide normalizatu horiek Nafarroako bi hizkuntzetan eskainiko dira.

4. Eskabideetan gutxienez honakoak jaso beharko dira:

a) Interesdunaren datu pertsonalak eta, halakorik dagoenean, ordezkaritza egiaztatzen dutenak, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriak eskatutakoak.

b) Posta elektronikoko helbidea edo administrazioak onartu eta askitzat jotzen duen beste bitarteko elektroniko bat, jakinarazpenak egiteko.

c) Jakinarazpen administratiboa beste edozein bitarteko erabiliz egiteko tokiaren helbidea, aurreko letraren arabera adierazitako posta elektronikoko helbidean jakinarazpena teknikoki egiterik ez dagoenean.

d) Eskabidea zehazten duten egitateak, arrazoiak eta eskaera.

e) Tokia eta eguna.

f) Zer organo, departamentu edo erakunde publikori zuzentzen zaion. Herritarrak zer organori zuzendu behar zaion ez jakitea ez da inola ere eragozpen izanen eskabidea izapidetzeko.

g) Sinadura elektronikoa.

5. Eskatzaileek komenigarritzat jotzen dituzten dokumentuak erantsi ahalko dituzte beraien eskabideak zehaztu edo osatzeko, edo horietan jasotako egitateak eta arrazoiak justifikatzeko. Dokumentu horiek eskabideari erantsitako artxibo elektronikoetan egonen dira, eta horien zerrenda behar bezala agertuko da eskabidean, aurkeztu direla eta ez direla galdu edo ezabatu publikoki jasota gera dadin, herritarrarentzako berme gisa.

25. artikulua. Hasteko eskabideen aldaezintasuna.

1. Behin eskabidea aurkeztuta eta Erregistro Orokor Elektronikoak onartuta, ezinezkoa izanen da ez interesdunak ez administrazioak haren edukia edo hari erantsitako dokumentuen edo artxiboen edukia aldatzea. Eskabidea onartu ondoren egindako edozein aldaketa egin gabetzat joko da.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoak ez dio eragiten administrazioak dokumentua teknikoki eraldatzeko duen ahalmenari, hala egitea beharrezkoa denean irakurri, gorde edo artxibatzeko, ez eta interesdunaren eskubideari ere beharrezkoak diren beste dokumentu batzuk aurkeztu edo azalpenak emateko, administrazio prozedurari buruzko legeei jarraikiz.

26. artikulua. Bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura onartzea.

Eskabidea Erregistro Orokor Elektronikoan aurkezteak eta hark onartzeak berarekin ekarriko du Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarentzat eta haren erakunde publikoentzat, batetik, eta interesdunarentzat, bestetik, bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura onartzea, eta bi aldeentzat ekarriko du halaber prozedurari jarraipena eta amaiera bitarteko horrekin ematea, errekurtso administratiboak barne, horrelakorik aurkeztuz gero.

Aurrekoa gorabehera, justifikatzen duten arrazoiak egonez gero, interesduna paperezko euskarriko ohiko administrazio prozedurara pasatzeko eskubideaz baliatu ahalko da, espedientea izapidetzeko eskumena duen organoari adierazita. Eskubide horretaz baliatzen bada, ondoren bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurara berriz itzultzeko aukera izateko organo administratiboaren adostasuna beharko da.

27. artikulua. Eskabidea organo eskudunari igortzea.

1. Erregistro Orokor Elektronikoaren arduradunak igorriko ditu aurreko artikuluei jarraikiz aurkeztutako eskabideak organo administratibo edo erakunde publiko eskudunari, zuzenean ailegatu ez bazaizkio.

2. Organo administratibo edo erakunde publiko batek bere eskumenekoa ez den eskabide bat jasoz gero elektronikoki izapidetzeko, lehenbailehen igorriko dio bitarteko elektronikoak erabiliz hark ere eskabidea izapidetu eta ebazteko eskumena duen organo edo erakundeari. Interesdunari igorri dela adieraziko zaio hark emandako posta elektronikoko helbidean.

28. artikulua. Zuzenketa.

1. Prozedura hasteko eskabideak eskatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo edo erakunde eskudunak errekerimendu bat igorriko dio han adierazitako posta elektronikoko helbidera edo, halakorik ezean, adierazitako helbide alternatibora, legez ezarritako epean akatsa zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak erants ditzan; hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela esanen zaio, ebazpena eman eta aipatutako posta elektronikoko helbidean jakinarazi ondoren.

2. Errekerimendua jasota geratuko da kasuan kasuko bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozeduran.

29. artikulua. Eskatutako dokumentua entregatzea.

Administrazioak eskatutako edozein dokumentu epean entregatu dela ulertuko da baldin eta entrega hori foru lege honetan xedatutakoarekin bat egin bada adierazitako epearen azken eguna baino lehen.

30. artikulua. Prozeduran entzutea ematea.

Alde batek eskatuta hasitako prozeduretan, elektroniko nahiz ohikoetan, sistema elektronikoen bidez emanen zaie entzutea interesdunei, behar diren berme juridiko guztiekin, haiek berariaz onartzen badute.

31. artikulua. Izapideen egoeraz kontsulta egitea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak sarbide mugatuko helbide elektroniko bat jarriko du, interesdunak hasitako prozeduraren izapideak zer egoeratan dauden kontsultatzeko.

2. Prozeduraren izapidetze-egoerari buruzko informazioan, egindako izapide-egintzen zerrenda ageriko da, edukia -laburtua izan daiteke- eta gauzatu ziren eguna adierazirik.

32. artikulua. Atzera egitea eta uko egitea.

Administrazio prozedura elektroniko bat eragin duen eskabide batean atzera egitea edo hari uko egitea dokumentu elektroniko baten bidez edo ohiko bitartekoak erabiliz gauzatu ahalko da. Azken kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak ofizioz eginen du atzera edo uko egitearen idazpena espediente administratibo elektronikoan, horren gaineko ebazpen administratiboa ematea galarazi gabe.

33. artikulua. Inskribatzeak erregistro administratibo elektronikoetan.

1. Nafarroako Foru Komunitatearen lege edo administrazio xedapenek sortutako erregistro publikoetako inskribatzeen kasuan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak zuzeneko sarbide bat sortuko du Nafarroako Gobernuaren interneteko web atariaren bidez, interesduna bere eskabidea Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztera behartu gabe.

2. Inskribatze horietarako bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura normalizatu bat ezarriko da, zuzeneko inskribatzea eta horrekin lotutako izapide guztiak eta, beharrezkoa denean, tasen ordainketa ere egin ahal izateko.

34. artikulua. Inskribatzeak eta matrikulazioak ikastetxeetan edo prestakuntza zentroetan.

1. Inskribatzeak eta matrikulazioak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde publikoen ikastetxeetan edo prestakuntza zentroetan egitekotan, pixkanaka zuzeneko sarbideak sortuko dira Nafarroako Gobernuaren interneteko web atariaren bidez.

2. Horretarako, bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedura normalizatuak ezarriko dira, inskribatzea eta matrikulazioa zuzenean egiteko bidea emanen dutenak, bai eta horrekin lotutako izapide guztiak ere, aginduzkoak diren tasen ordainketa barne.

VIII. KAPITULUA. Ofizioz hasitako prozedurak

35. artikulua. Zenbait egintzaren eraginkortasunik eza.

1. Ofizioz hasitako bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozeduretan, jakinarazpen administratibo elektronikoek, alegazio epeak emateak edo dokumentuak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkezteko errekerimenduek ez dute eraginkortasunik izanen interesdunaren onarpena jasota ez badago.

Aurreko idatz-zatian xedatutakoa Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren ondare erantzukizuneko prozeduretan ere aplikatuko da.

2. Interesdunaren onarpena dagoela ulertuko da hark espresuki ematen duenean edo, eman gabe, berekin onarpena dakarten egintzak gauzatzen dituenean.

36. artikulua. Jendaurreko epea xedapen orokorrak ematean.

1. Hala aurreikusirik dagoenean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak sistema elektronikoak erabiliz eta Nafarroako Gobernuaren interneteko web atariaren bidez beteko du berak sustatutako xedapen orokorren entzunaldia edo jendaurrean jartzearen izapidea.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoaren ondorioetarako, xedapenaren testua eta posta elektronikoko helbide bat emanen dira, oharrak, iradokizunak edo alegazioak bidaltzeko, eta espresuki adieraziko da horretarako epea noiz amaitzen den.

IX. KAPITULUA. Organo kolegiatuak

37. artikulua. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren organo kolegiatuak.

1. Foru Komunitateko administrazioak edo haren erakunde publikoren batek sortutako organo kolegiatuek, edo haien menpekoek, kide guztiak administrazio horien ordezkariak direnean, bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurak erabiliko dituzte jardunerako, ahal dela.

2. Bilkuren deialdia, gai zerrenda eta gaiei buruzko dokumentazioa posta bidez helaraziko zaizkie kideei horretarako izendatua duten helbidean, baina galarazi gabe komunikatzeko beste bitarteko elektroniko batzuk erabiltzea, hitzordurako bide hau erabiltzeko baimen espresa eman ala ez.

3. Deialdia eta gai zerrenda gutxienez bilkura baino berrogeita zortzi ordu lehenago egon beharko dira hartzailearen helbide elektronikoan.

4. Organo kolegiatuetako kideek hitzordua jaso dutela jakinarazi beharko diote deialdia egin duen organoari, baliabide elektronikoak erabiliz.

5. Ziurtagiri elektronikoak organo kolegiatuko idazkariak emanen ditu, eta aktak organoko buruak eta idazkariak izenpetuko dituzte.

6. Organo kolegiatuetako aktak, erabakien liburuak eta gainerako dokumentuak elektronikoki artxibatuko dira, haien benetakotasunerako eta kontserbaziorako behar diren berme guztiekin.

7. Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko foru legean eta hura garatzen duten arauetan xedatutakoak zuzenduko ditu Nafarroako Gobernuaren bilkurak.

38. artikulua. Bilkura birtualak.

1. Organo kolegiatuek egiten dituzten bilkuretan, kide guztiak edo batzuk ohiko bilkuretarako zehaztutako egoitzaz beste toki batean egon ahalko dira, betiere guztiek modu berean parte har dezaten bermatzeko behar diren bitarteko elektronikoak jarrita baldin badaude.

2. Artikulu honetan aipatzen diren bilkurek toki bakar batean egindakoen balio bera izanen dute.

3. Lege ondorioetarako, bilkura birtuala egiten den tokia organo kolegiatuaren egoitza izanen da eta, halakorik ezean, atxikia dagoen departamentu edo erakunde publikoarena.

39. artikulua. Beste organo kolegiatu batzuk.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren edo haren erakunde publikoen menpeko organo kolegiatuek, haien kideak administrazio horietakoak edo haien ordezkariak ez direnean, jardunerako bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurak erabiltzea erabaki dezakete. Horrelakoetan, kapitulu honetan xedatutakoa aplikatuko da.

Halere, organo kolegiatuko kideak, Foru Komunitateko administraziokoak ez badira eta deialdiak bitarteko elektronikoak ez diren beste bitarteko tradizionalen bidez jaso nahi dituztela adierazten badute, eskubide horretaz baliatu ahalko dira, organo kolegiatuko buruari edo idazkariari eskatuta.

2. Aurreko idatz-zatian ezarritakoa galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak edo haren erakunde publikoek organo kolegiatuko kideengana jo dezakete eta deialdia helarazi kapitulu honetan xedatutakoari jarraikiz, hitzordua egiteko bide hori erabiltzeko baimen espresa eman ala ez.

X. KAPITULUA. Interesdunen fakturak eta sarrerak

40. artikulua. Fakturak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde publikoek emandako zerbitzuengatik hirugarrenek jaulkitako fakturak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztea onartuko dute, jaulkitzailearen eta dokumentuaren benetakotasuna frogatua badute.

Jaulkitzailearen edo dokumentuaren egiazkotasuna frogatua ez bada, jaulkitzaileari eskatuko diote administrazioak egokitzat jotzen dituen baliabideekin froga dezan.

Era berean, administrazio horiek jasotako zenbatekoak ordainduko dituzte, ahal dela bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozeduren bidez.

41. artikulua. Interesdunek dirua sartzea Ogasun Publikoan.

1. Foru Ogasunari buruzko legerian xedatutakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak sistema elektronikoak gaituko ditu interesdunak administrazio horri edo Nafarroako Ogasun Publikoari zor dizkion tributuak, isunak, errekarguak edo bestelakoak bertan sar ditzan.

2. Gaitutako sistema horiek ordainketaren ziurtagiri inprimatua emanen dute.

XI. KAPITULUA. Jarduera administratiboaren publizitatea

42. artikulua. Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen ataria.

1. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak bideak ezarriko ditu herritarrek eskura izan ditzaten etengabe eta dohainik, Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen atariaren bidez, administrazio horrek eta haren menpeko erakunde publikoek ematen dituzten zerbitzu hauek:

a) Nafarroako Aldizkari Ofiziala.

b) Nafarroako Foru Komunitateak emandako lege eta erregelamendu xedapenak, behar bezala gaurkotuak, herritarrentzat interes handiena duten gaietakoak.

c) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen egitura organikoa, eta arduradunen identifikazioa bulegoaren mailaraino, posta elektronikoko helbidearekin.

d) Nafarroako aurrekontu orokorrak eta Nafarroako kontu orokorrak, Nafarroako Parlamentuak onetsiak.

e) Ematen dituen zerbitzuen katalogo orokorra.

f) Funtzio publikoarekin zerikusia duten deialdiak, eta horien izapide-egintza nagusiak eta emaitzak.

g) Dirulaguntza publikoak ematearekin zerikusia duten deialdiak.

h) Kontratu publikoei buruzko Foru Legean aipatzen den Nafarroako Kontratazio Ataria.

i) Administrazio prozeduren inbentarioa, adierazirik zein dauden eskura formatu elektronikoan herritarrek erabil ditzaten.

j) Administrazioaren jakinarazpenak jasotzeko interesa duenak bere ordenagailu pertsonalean instalatu beharreko programak, ongi ibil daitezen erregistro eta jakinarazpen sistemak eta, bereziki, jakinarazpenak irakurri, jakinarazpena egin duen organoaren benetakotasuna egiaztatu eta zuzentzen zaizkion idazkiak deszifratzekoak. Programa horiek eta administrazio publikoek dituzten bitarteko teknikoak bateragarriak izan beharko dira.

k) Lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko legerian aipatzen den hirigintza planeamenduko erregistroa, zeinaren barruan egonen den hirigintza planei buruzko araudia, gaurkoturik.

l) Nafarroako errepideei buruzko legediak aipatzen duen Nafarroako errepideen mapa ofiziala.

m) Iradokizun, erreklamazio eta kexetarako gutunontzi bat, herritarrek bertara jo dezaten.

n) Lege edo erregelamenduz aginduta inskribatzea nahitaezkoa den erregistro administratiboetarako estekak.

ñ) Interes orokorrekotzat jo edo legez edo erregelamenduz exijitzen diren bestelako informazioak.

2. Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen ataria bakarra izanen da, eta antolaketa administratiboaren eta informazio sistemen gaietako eskumenak dituzten departamentua edo departamentuak izanen dira haren arduradun eta kudeatzaile teknikoak; sarbide bateratua izanen du.

3. Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen ataria gaztelaniaz eta euskaraz egonen da. Era berean, interes orokorrekoa dela jotzen bada, beste hizkuntza batzuetan ere emanen da informazioa.

Hizkuntzen edizioa bereizia izanen da, herritar bakoitzak egokien irizten duena erabil dezan; gaztelania ez beste hizkuntzen kasuan, egokitzapena progresiboki eginen da.

Euskarazko edizioak, betiere, hizkuntza horri buruzko foru araudia errespetatuko du.

4. Nafarroako Gobernuaren web zerbitzuen ataria herritar guztientzat, eta bereziki ezgaitasun motaren bat dutenentzat, ahal den erabilgarriena izateko moduan diseinatuko da. Bertan jasotako informazio orokor guztiek beren data edo azken gaurkotzearen data eramanen dute.

43. artikulua. Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bertsio elektronikoa.

Nafarroako Gobernuko web zerbitzuen atarian dagoen Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bertsio elektronikoak paperezko argitalpen inprimatuak dituen lege ondorio berak izanen ditu. Bereziki, izaera ofiziala eta benetakoa izanen du, eta argitalpenak honakoetan aurreikusitako publizitate ondorioak izanen ditu: Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 22. artikulua, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 57. artikulua, eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bosgarren xedapen gehigarria.

44. artikulua. Informazioak eta abisuak.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde publikoek informazioa eman ahalko diete interesdunei eta, hala eskatu, adierazi edo onartzen duten herritarrei, sakelako telefonoetara edo antzeko sistemetara mezuak bidaliz, herritar horien interesekoak izan daitezkeen zerbitzu edo ekitaldi publikoei buruz, hala nola informazioak, abisuak, kontsulten erantzunak, alertak eta abar.

45. artikulua. Aldizkari elektronikoak eta liburutegi birtuala.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak haren titularitate edo ardurapeko aldizkariak, argitalpenak, albistegiak eta interes orokorreko dokumentuak sustatuko ditu formatu elektronikoan, eta liburutegi elektroniko bat sortzea bultzatuko du, bertan liburuak, dokumentu historikoak eta kulturalak eta interes orokorreko beste dokumentu batzuk biltzeko, interesa duten herritarrek kontsulta dezaten Nafarroako Gobernuko interneteko web atariaren bidez.

XII. KAPITULUA. Herritarren parte-hartzea

46. artikulua. Bitarteko elektronikoen sustapena.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak herritarrek jarduera administratiboan parte hartzea sustatu eta ahalbidetuko du bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez, jendaurrean jarriz, inkestak eta iritzi zundaketak eginez eta beste metodo batzuk erabiliz.

Inkesta eta zundaketa horien balioa herritarren iritzia ezagutu eta jakitea baizik ez da izanen, jarduera administratibotik eta zerbitzu publikoen funtzionamendutik gertuago.

XIII. KAPITULUA. Administrazio Elektronikoaren Batzordea

47. artikulua. Gaikuntza.

Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, Administrazio Elektronikoaren Batzordea sortu eta arautuko du; batzorde horretako kideak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentu guztien eta haiei atxikitako erakunde publikoen ordezkariak izanen dira, bai eta lehendakaritzako eta informazioaren gizarterako eskumenak dituzten departamentuetako ordezkariak ere. Batzordeak administrazio elektronikoaren ezarpena sustatu, planifikatu eta koordinatzea izanen du xede, egiazkoa eta herritarrentzat nahiz funtzionario publikoentzat erabilgarria izan dadin.

XIV. KAPITULUA. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen zerbitzuko langileen hautaketa eta prestakuntza

48. artikulua. Hautaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan edo haren erakunde publikoetan sartzeko deialdietan, bai eta burutzak eta erantzukizun bereziko lanpostuak betetzeko lehiaketetako oinarrietan ere, administrazio publikoetan informazio eta komunikazio teknologiak erabiltzearekin lotura duten gaiak eta, komenigarri iritziz gero, probak edo merezimendu balorazioak sartuko dira, izangaiek tresna horien gutxieneko ezagutza dutela frogatzeko.

49. artikulua. Prestakuntza.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko planetan, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak funtzionarioak eta lan-kontratudunak informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabileran trebatzeko prestakuntza sartuko du, eta bereziki gaitutako administrazio prozedura elektronikoen erabileran, langileek horiek kudeatzeko gaitasuna izan dezaten.

Lehenengo Xedapen Gehigarria. Herritarren eskubideen babesa eta gainbegiratzea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren eskumena da foru lege honetan herritarrei aitortutako eskubideen eraginkortasuna zaintzea, eskubide horiek urratzeagatik gertatzen diren kexei erantzutea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde publikoei iradokizunak eta proposamenak egitea bere lege arau-emailean ezarritako moduan eta ondorioekin.

2. Nafarroako Foru Komunitateko arartekoaren Bulegoko titularrak edo honek eskuordetutako pertsonak, bulegoaren menpekoak, modu koordinatuan jardunen du Estatuak edo autonomia erkidegoek administrazio elektronikoaren edo administrazio prozedura elektronikoen arloan legez sortutako erakunde parekoekin.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Datu pertsonalen babesa.

1. Administrazio elektronikoa ezartzeak ez du inola ere ekarriko Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak edo haren erakunde publikoek herritarren datu pertsonalak babesteko duten betebeharretik salbuestea edo hura ahultzea.

2. Nafarroako Gobernuak foru dekretu bidez sustatu ahalko du Nafarroako Datu Pertsonalak Babesteko Agentzia sortzea.

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen tributu eta kontratazio prozeduren berezitasunak.

1. Foru lege honetan ezarritakoa aplikatzekoa izanen zaie tributu prozedurei, beren arau berezietan xedatutakoaren kontra ez doan guztian.

2. Foru lege hau aplikatzekoa izanen zaie Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren erakunde publikoen kontratazio prozedurei, Kontratu publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen menpe daudenei, lege horretan eta hura garatzeko arauetan xedatutakoaren kontra ez doan guztian.

Laugarren xedapen gehigarria. Lankidetza eta elkarlana beste administrazio publiko batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko administrazioa lankidetzan eta elkarlanean arituko da beste administrazio publiko batzuekin, batez ere Estatuko administrazio orokorrarekin eta toki entitateekin, zerbitzu elektronikoak batera ematen lagunduko duten administrazio arteko komunikazio sareak sortzeko.

Bosgarren Xedapen Gehigarria. Administrazio publikoen organoen arteko komunikazioak eta horien zerbitzuan dauden langileei eginak.

Foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita, erabateko balioa izanen dute Foru Komunitateko administrazioaren organoek elkarri egiten dizkioten administrazio egintzen jakinarazpen elektronikoek, bai eta organo horiek erakunde publikoei egindakoek eta erakunde publikoetako organoek elkarri egindakoek ere.

Era berean, egun horretatik aurrera balioa izanen dute Foru Komunitateko administrazioak eta haren erakunde publikoek zerbitzuaren arrazoiengatik langileei egiten dizkieten administrazio egintzen jakinarazpen elektronikoek.

Komunikazioaren hartzaileak, pertsona, organo edo entitatea izan, kasuan kasuko espediente administratiboan sartuko du hura. Espedientea elektronikoa baldin bada, halaxe sartuko du, eta espedientea paperean baldin badago, inprimatutako kopia bat erantsiko dio.

Seigarren Xedapen Gehigarria. Sozietate eta fundazio publikoak.

Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde publikoei lotutako sozietate eta fundazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte, honakoak egiteko, foru lege honen printzipioei jarraituz:

a) Herritarrekiko bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioa ahalbidetzea.

b) Kasua bada, bitarteko elektronikoen bidezko zerbitzuak ahalbidetzea.

c) Beren zerbitzu eta jarduerei buruzko informazioa ematea web atari baten bidez.

Lehen Xedapen Iragankorra. Bitarteko elektroniko bidezko administrazio prozedurak ezartzeko epeak.

Ezarpena pixkanakakoa eta partziala izatea galarazi gabe, foru lege hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lau urteko epean ezarririk egonen dira Nafarroako Foru Komunitateko administrazioan, bertsio elektronikoan, administrazio prozedura hauen oinarrizko elementuak:

a) Xedapen orokorrak prestatzekoak.

b) Partikularren jardueren baimen administratiboak.

c) Zehapen administratiboak ezartzekoak.

d) Dirulaguntzak eta laguntza publikoak ematekoak.

e) Nahitaezko desjabetzeenak.

f) Erregistro publikoetako inskribatzeenak.

g) Ikastetxe eta prestakuntza zentroetan inskribatu eta matrikulatzekoak, tasen ordainketa barne.

h) Nafarroako Zerga Ogasunak zehazten dituen tributu, prezio eta bestelako kontzeptuak ordaintzekoak.

i) Errekurtso administratiboak izapidetu eta ebaztekoak.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Egun dauden bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurak.

1. Ez da beharrezkoa izanen foru lege honen 2. artikuluan aipatzen den gaikuntza, ez eta onetsi edo argitaratzea foru lege honek indarra hartzean onetsirik dauden bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozeduren bertsio berriak edo aldaketak, egiten dituzten informazio tratamenduen emaitzen funtsari eragin ahal dion aldaketarik gertatu ez bada.

2. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak edo haren erakunde publikoek erabilitako bitarteko elektronikoen bidezko administrazio prozedurak foru lege honetan jasotako arauetara egokitu beharko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik urtebeteko epean.

Azken Xedapenetan Lehena. Nafarroako Gobernua erregelamenduz gaitzea.

Nafarroako Gobernuari ahalmena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamenduzko xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira foru lege honetan ezarritakoaren kontrakoak diren maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta sei hilabetera hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa