(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2004ko 150. NAOn argitaratua, abenduaren 15ean. Aldaketak: 7/2008 Foru Legea, maiatzaren 19koa)

Atarikoa

1

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, 49.1.a) artikuluan, jasoa du Nafarroak eskumen osoa duela arautzeko, bere foru eraentza dela-eta, foru erakundeen osaketa, eskurantzak, antolakuntza eta araubide juridikoa, hala nola erakunde horietako kideen hautaketa, hori guztia aipatutako lege organikoko lehenbiziko tituluan ezarritako moduan.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 25. artikuluak ezartzen du foru lege batek arautuko dituela Diputazioaren osaketa, eskurantzak, araubide juridikoa eta funtzionamendua, hala nola haren kideen estatutua.

Bestetik, 30. artikuluak (1. eta 2. idatz-zatiak) adierazten duenez, Diputazioko lehendakaria Foru Komunitatearen ordezkari gorena da eta Estatuak Nafarroan duen ordezkari arrunta. Adierazten du, halaber, lehendakariak izendatzen dituela, eta kargutik kentzen, foru diputatuak, eta Diputazioaren ekintza zuzendu eta foru lege batean erabakitzen diren gainerako eginkizunak betetzen dituela.

Hori guztia betetzeko, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitateko gobernuari eta administrazioari buruzko apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legea onetsi zuen, zeinean bi administrazioak arautzen baitira.

Denbora luzea joan da foru lege hori onetsi zenetik, sendotu da gure Foru Komunitatean bi erakunde horien funtzionamendua, handitu da Nafarroaren zerbitzuan lanean ari den administrazioa, eta garatu da administrazioa arautzen duen araudia. Hori guztia dela-eta, foru legea aldatzea komenigarria ez ezik, beharrezkoa ere bada.

Foru lege honen helburua bi erakundeok arautzea da: Nafarroako Gobernua eta lehendakaria.

Oraingoan honakoa erabaki da: alde batetik arautzea Nafarroako Gobernua eta lehendakaria, eta beste alde batetik Foru Komunitateko administrazioa. Horretarako arrazoia zera da: ikuspuntu kontzeptualetik Nafarroako Gobernua eta lehendakaria ikuspegi instituzionalenetik arautzen dira, estatutupeko foru organoak baitira. Bereiz arautu nahi izan dira Foru Komunitateko administrazioaren eta bere menpeko erakunde publiko eta bestelako entitateen jarduketaren funtzionamendua, antolamendua eta araubide juridikoa. Azken batean, administrazioa Nafarroako Gobernuaren bikario eta menpeko da, eta hari dagokio gobernuaren politiken egile eta bultzatzaile lana, politika horiek zuzenean sektore publikoak garatu behar dituenean. Gainera, bi foru lege horiek bereizteak arazo batentzako konponbidea ematen digu. Foru Hobetzeak 25. artikuluan aurreikusten duenez, foru lege batek arautuko du Gobernua, hau da, onartua izateko gehiengo osoa behar duen foru lege batek. Ez da bidezkoa, halere, administrazioari buruzko foru legeak gehiengo osoa lortu behar hori.

2

Foru lege honen egitura hau da: bost titulu, xedapen indargabetzaile bat eta lau azken xedapen.

Atariko tituluak Nafarroako Gobernuaren eta lehendakariaren izaera instituzionala nabarmentzen du; era berean, kide anitzeko organoa dela gobernua, eta lehendakaria dela Foru Komunitatearen ordezkari gorena. Titulu honetan, gainera, batak zein besteak esleiturik dituzten eginkizunak aipatzen dira.

3

Lehenbiziko tituluak Nafarroako Gobernuaren erakundea arautzen du, osaerarekin, izendapenarekin eta kargu-uztearekin hasita. Nabarmendu beharrekoa da lehendakariak lehendakariorde bat baino gehiago izendatzen ahal dituela, nahi adina, eta zehaztasun handiagoz arautzen dela nolako lana egin behar duen Nafarroako Gobernuak jardunean ari denean, gobernuaren eskumeneko afera publikoei ohiko aterabidea ematea hain zuzen. Nafarroako Gobernuaren eskurantza eta eskumen nagusiak ere titulu honetan zehazten dira. Nabarmentzekoa da funtzionamendua ere arautzen dela eta gobernuak hartzen dituen erabakiak, foru legearen arabera, gobernu osoaren nahiaren adierazgarri direla. Formari dagokionez, erabakiak ere sartu dira gobernuak hartzen dituen akordioen artean. Praktikan onartua zen hori, eta foru dekretuaren forma gorde da beste hauetarako: erregelamenduzko xedapenetarako, Nafarroako Gobernuak onesten edo ematen dituen ohore eta goraipamenetarako, eta lege mailako xedapen batek aginduta forma juridiko hori izan behar duten ebazpenetarako. Halaber, foru lege honetan Nafarroako Gobernuko kideen abstentzioa ere biltzen da.

Bestetik, Nafarroako Gobernuari eta gobernukideei zuzenean laguntzeko eta sostengua emateko organoak ere arautzen dira. Azpimarratzekoa da gobernuko eledunaren garrantzia, kargua kontseilari ez den batek ere har bailezake. Laguntza teknikoa Koordinazio Batzordeak emanen die. Aipatzekoa da, orobat, Gobernuko Idazkaritza eta kabineteak, orain arte gure foru araudian erregulatu gabe zeudenak, hemendik aurrera lege mailako arau batean ageri direla.

Koordinazio Batzordeak -Nafarroan orain arte ez zegoen halakorik- munta handiko eginkizuna izanen du, alde batetik Nafarroako Gobernuak eztabaidatu behar dituen gaiak prestatzen, Foru Komunitateko administrazioaren departamentuen artean aldez aurreko akordioak lortuz, Nafarroako Gobernuari kutsu administratiboko lanak kenduz Foru Komunitatearen gidaritza-lanaren arloan ari dadin indar handiagoz; eta bestetik, departamentuak koordinatzeko bide nagusia den aldetik, administrazioak bere bereizgarritasuna eta batasuna agerian uzten, nahiz eta, eginkizunen arabera, arlo edo unitate organikotan banatua dagoen.

Azkenik, Nafarroako Gobernuko kideen erantzukizun politiko eta solidarioa ere nabarmendua dago, baita Parlamentuak gobernuaren kudeaketa eta politika lanaz egiten duen kontrola ere. Foru lege honetan sartu da, bestetik, Nafarroako Gobernuko lehendakariak Nafarroako Parlamentua desegiteko duen ahalmena, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 30. artikuluaren aldaketaren ondorioz.

4

II. titulua Nafarroako Gobernuko lehendakaria den erakundeaz mintzo da. Lehenbiziko kapituluan hauek arautzen dira: hautapena, izendapena, ordezkapena, kargu-uztea, aldaketa eta jardunean ari deneko eginkizunak.

Geroxeago, titulu honetako bigarren kapituluan, lehendakariaren eskurantzak, eskumenak eta ahalmenak biltzen dira. Zerrenda irekia da eta ezinbestean lege mailako araudian -gehienetan sektorekakoan- ezar litezkeen beste batzuk aipatzen ditu. Horren ondoren eginkizun horiek eskuordetzan emateko modua arautzen da, eta legez finkatzen dira "lehendakariaren foru dekretuak" izenekoak, Foru Hobetzea onetsi zenetik erabili ohi izan baitira Nafarroako Foru Komunitatean.

Lehendakariaren eskumen eta eginkizunetako bat Foru Komunitateko administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, batu eta kentzea da, eta bakoitzaren izena eta eskumen-esparrua zehaztea. Aurreko foru legean ez bezala, oraingoak lehengoan zegoen zurruntasun handia saihestu nahi du, eta ez du ezartzen zer departamentu egonen diren. administrazioaren oinarrizko egiturari, hortaz, malgutasun handi samarra ematen dio eta, ondorioz, askatasun nahikoa uzten dio lehendakariari egitura hori unean uneko egoera sozialera eta legegintzaldirako gobernuak programatutako politikara moldatzeko.

Titulu honetako azken kapituluak -hirugarrenak- Nafarroako Gobernuko lehendakariaren estatutu pertsonala arautzen du. Hartan dago zehaztua erakundeetan dagokion garrantzia eta, gardentasun irizpideari jarraikiz, lehendakariaren lansariak Nafarroako Aurrekontu Orokorretan finkatuko direla. Foru legearen hurrengo tituluan berdin zehazten da gobernuko kontseilarientzat.

5

Foru legearen III. titulua Nafarroako Gobernuko gainerako kideei buruzkoa, hau da, lehendakariordeari edo lehendakariordeei eta kontseilariei buruzkoa.

Lehendakariordeari edo lehendakariordeei buruzkoa berri-berria da, orain arte ez baitzen espresuki deus esaten horretaz. Foru lege berrian argi gelditzen da kontseilariak baizik ezin direla izan lehendakariorde, hau da, Foru Komunitateko administrazioaren departamentu bateko edo gehiagotako titularrak izendatuko direla lehendakariorde. Gainerakoan, lehendakariordeen estatutu pertsonala eta kargu-uzteari buruzkoak kontseilariei dagozkien berberak dira.

Bigarren titulu honetako hurrengo kapituluek zehatz-mehatz arautzen dute kontseilarien kargua, gobernuko kide diren aldetik eta Foru Komunitateko administrazioaren departamentu bateko edo gehiagotako titular diren aldetik, nahiz eta, bigarren aspektu horretan, araututakoa administrazioari buruzko foru legeak ezarritakoak osatuko duen. Horrela, bada, testu honetan hauek biltzen dira: izendapena, kargu-hartzea, eskurantzak eta kontseilariek hartzen dituzten erabakien forma. Geroago, kontseilarien estatutu pertsonala zehazten da, lehendakariaren beraren sistematikari jarraikiz. Eta azkenik, kontseilariaren beste aspektu funtzional batzuk arautzen dira, hala nola ordezkapena, kargu-uztea eta aldaketa.

6

Foru lege honen azken tituluak -laugarrenak- xedapen orokorrak egiteko prozedurak arautzen ditu, lege mailakoak izan edo erregelamendu mailakoak izan.

1983ko foru legean eskas arautu ziren prozedura horiek, eta, horren ondorioz, ospe handiko zenbait erakundek, hala nola Nafarroako Kontseiluak, Foru Komunitateko justizia auzitegiek, eta baita Nafarroako doktrina zientifikoak ere, proposamen bera egin dute: Nafarroako Parlamentuak arautu dezala ekimen hori. Horrela egin da foru lege honen bitartez, arautzeko irizpide gehienbat praktikoa hartuz aintzat, prozeduren arintasun eta soiltasuna ziurtasun juridikoaren berme handienarekin uztartuz, entzunaldiaren edo jendaurreko informazioaldiaren tramiteari garrantzi berezia emanez halako arauak egitean herritarren parte-hartzeak duen esanahiaren erakusgarri.

Sistematikari begira prozedura hauek oraingo foru legean sartzeak arrazoi bat du: legegintzarako ekimena -Nafarroako Parlamentuari dagokiona alde batera utzita- eta erregelamendu-ahalmena erkidegoko organo betearazle gorenari, hau da, Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumen tipikoak dira.

Foru lege honetan sartu den arauketan berrikuntza funtsezko gisa, aipatzekoa da maila berri bat sortu dela arauen artean, harmonizazio tributarioko legegintzako foru dekretuak hain zuzen ere. Azken batean behar bat asetzeko modua da hau, ezinbestekoa baita Nafarroak bere dituen lege tributarioak Estatuko legerian egindako aldaketei egokitzea Hitzarmen Ekonomikoan hala ezartzen duen kasuetan. Orain arteko formulak -foru dekretu bat, Nafarroako Parlamentuak gero berretsia baina lege mailara ailegatzen ez dena- ez dirudi nahikoa, batez ere hierarkia juridikoaren eta ziurtasun juridikoaren printzipioak bete nahi badira. Harmonizazio tributarioko foru dekretuen formula berriak bai betetzen ditu eskakizun horiek, eta aldi berean ongi errespetatzen ditu Foru Hobetzeko 21. artikuluan ezarritako mugak: gehiengo osoa behar duten foru legeei buruzkoa, oinarriak finkatu beharrarena, eta eskuordetzan espresuki eta erabiltzeko epe bat jarrita eman beharrarena.

ATARIKO TITULUA

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea Nafarroako Gobernua eta lehendakaria arautzea da, Nafarroako foru erakundeak biak, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren arabera. Bestetik, xede hau ere badu: aipatutakoek dituzten legegintzarako ekimena eta arauak emateko ahalmena arautzea.

2. artikulua. Nafarroako Gobernuaren izaera.

Nafarroako Gobernua Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren politika orokorra ezarri eta gidatzen duen kide anitzeko organoa da eta lehendakariaren agintearen eta zuzendaritzaren pean egiten du lan. Halaber, eginkizun hauek ditu: legegintzarako ekimena, betearazteko eginkizuna, erregelamendu-ahalmena, eta, Espainiako Konstituzioaren, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren eta foru lege honen arabera legez esleitzen zaion beste edozein eginkizun.

3. artikulua. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren izaera.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakaria Foru Komunitatearen ordezkari gorena da, baita Estatuak Nafarroan duen ordezkari arrunta ere.

2. Lehendakariak Nafarroako Gobernuaren lana gidatzen du, gobernuko burua eta ordezkaria da, eta gobernuko kideen jarduketa eta eginkizunak koordinatzen ditu.

I. TITULUA. NAFARROAKO GOBERNUA

I. KAPITULUA. Osaera, izendapena eta kargu-uztea

4. artikulua. Nafarroako Gobernuaren osaera.

Nafarroako Gobernua lehendakariak eta kontseilariek osatzen dute.

5. artikulua. Izendapena eta eratzea.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakaria Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta foru lege honetako II. tituluan xedatutakoari jarraikiz izendatuko da.

2. Nafarroako Gobernuko lehendakariak kontseilariak izendatuko ditu eta, nahi izanez gero, haien artean, lehendakariorde bat edo gehiago.

3. Foru lege honen 40. artikuluan ezarritakoari jarraikiz kontseilariak beren karguez jabetu eta gero geldituko da eraturik Nafarroako Gobernua.

6. artikulua. Kargu-uztea eta jardunean jarraitzea.

1. Nafarroako Gobernuko kideek lehendakariak kargua uzten duenean utziko dute beren kargua, foru lege honen 27.1 artikuluaren arabera.

2. Nolanahi ere, karguak utzitako gobernuak jardunean jarraituko du gobernu berriko kideak karguaz jabetu arte, eta gobernu berria osatzeko prozesu normala erraztuko du. Halaber botereak eskuz aldatzeko prozesuan hartuko du parte. Bitarte horretan gobernuaren eskumeneko afera publikoei ohiko aterabidea eman besterik ez du eginen, eta ez du inola ere baliatuko legegintzarako ekimena, salbu eta larritasunagatik edo aski justifikatutako interes orokorragatik beharrezkoa denean. Bertan behera geldituko dira, bitarte horretan, Nafarroako Parlamentuak eginiko legegintzarako eskuordetzak, harmonizazio tributarioko legegintzako foru dekretuei buruzkoak izan ezik.

II. KAPITULUA. Eskurantzak eta eskumenak

7. artikulua. Nafarroako Gobernuaren eskurantzak.

Nafarroako Gobernuari honakook dagozkio:

1. Lehendakariaren jarraibideei segituz, Nafarroako Foru Komunitatearen politika orokorra zehaztu eta ezartzea, eta Foru Komunitateko administrazioaren, bere erakunde publikoen eta bere menpeko beste entitate batzuen zuzendaritza eta ikuskaritza gorena egitea.

2. Nafarroako foru eraentzaren osotasuna defendatzea eta, hortaz, gerta litekeen edozein kontraforuren berri ematea Parlamentuari.

3. Legegintzarako ekimena, foru lege proiektuak onetsiz eta Nafarroako Parlamentuari igorriz, eta beharrezkoa denean, haiek erretiratzea.

4. Nafarroako Aurrekontu Orokorrak egitea eta Kontuak prestatzea, horiei dagozkien foru lege proiektuak onetsiz eta Nafarroako Parlamentuari igorriz.

5. Eskuordetzan emandako legegintza ahalmena erabiltzea, legegintzako foru dekretuak onetsiz.

6. Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldatzeko ekimena.

7. Nafarroako Parlamentuak baimena eman eta gero, Espainiako Konstituzioaren 150. artikuluan eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 39.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ahalmen, eskumen eta eginkizun berrien eskualdaketa, esleipena edo eskuordetza lortzeko behar diren ekimenak hartzea.

8. Espainiako Gobernuarekiko hitzarmen ekonomikoak sinatzea.

9. Nafarroako Parlamentuan tramitatzen diren foru lege proposamenekin edo zuzenketekin gobernua konforme dagoen ala ez adieraztea, proposamen edo zuzenketa horiek kredituen gehikuntza edo dirusarreren murrizketa dakartenean aurrekontuetan, eta, orobat, bere irizpidea adieraztea beste edozein foru lege proposamen aintzat hartzen denean.

10. Lehendakariak Nafarroako Parlamentuari konfiantza berresteko galdera egin baino lehenago, hori eztabaidatu eta aztertzea.

11. Gobernuko lehendakariak Nafarroako Parlamentua desegiteko eta Nafarroako Parlamenturako hauteskunde berrietarako deia egiteko asmoa duenean, neurri horiek hartu aurretik, haiek eztabaidatu eta aztertzea.

12. Erregelamendu ahalmena erabiltzea, behar diren erregelamenduak onetsiz Espainiako Konstituzioak eta Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak ezarritako eskumen-esparruan.

13. Zor publikoa jaulkitzea, abal eta bermeak eratzea, eta kredituak hartzea, Nafarroako Parlamentuak baimena eman ondoren, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko arauek ezarritako kasuetan.

14. Nafarroako Foruzaingoaren agintaritza gorena.

15. Konstituziokontrakotasunari buruzko helegiteak eta eskumen-gatazkak aurkeztea Konstituzio Auzitegian, eta auzitegi horretan pertsonatzea erabakitzea.

16. Araudi berariazkoari jarraikiz, ohore eta goraipamenak egitea.

17. Ordenamendu juridikoak esleitzen dizkion beste eginkizun eta eskurantza batzuk.

III. KAPITULUA. Funtzionamendua

8. artikulua. Nafarroako Gobernuaren bilkurak.

1. Nafarroako Gobernuak, bere eginkizunak betetzeko, aldian-aldian izanen ditu bilkurak, lehendakariak aldez aurretik deituak. Bilkurarako deiari gai-zerrenda erantsiko zaio.

2. Nafarroako Gobernuak izan ditzake bilkurak lehendakariak erabakitzen duenean edo presako arrazoirik bada; horretarako, ez da beharrezkoa izanen gai zerrenda igortzea.

3. Nafarroako Gobernuak baliozko erabakiak hartu ahal izateko, ezinbestekoa da bilkuran lehendakaria edo legez haren ordezko dena egotea, eta gutxienez kontseilarien erdiak.

4. Lehendakariak baimena eman dezake kontseilariak ez diren pertsonak egon daitezen Gobernu Kontseiluaren bilkuretan; pertsona horiei foru lege honetako 9.1 artikuluak ezarritakoa aplikatuko zaie.

9. artikulua. Eztabaidak.

1. Nafarroako Gobernuaren eztabaidak isilpekoak dira, sekretuak, eta gobernuko kide guztiak daude sekretuari eustera behartuak, baita kargua utzi eta gero ere.

2. Nafarroako Gobernuak aztertzeko aurkezten den dokumentazioa ere sekretua da, harik eta gobernuak jendaurrera ateratzera erabakitzen duen egunera arte.

10. artikulua. Erabakiak hartzea.

1. Nafarroako Gobernuaren erabakiak, behar den eztabaida eta azterketarekin hartuak, gobernu osoaren nahiaren adierazgarri dira eta gobernuko kide guztiak daude behartuta haiek betetzera.

2. Gobernuko kontseilari idazkariak Nafarroako Gobernuaren bilkuren akta eginen du. Aktan, bilkura noiz eta non egin den eta nor zegoen adierazteaz gain, hartutako erabakiak agertuko dira.

11. artikulua. Esku ez hartzea.

1. Nafarroako Gobernuko kideek ez dute gai batean esku hartuko baldin eta gai horretan parte izan badute beren jarduera pribatuetan. Gauza bera eginen dute gaiak enpresa edo sozietate batekin zerikusia badu eta enpresa hori zuzentzen, aholkatzen, ordezkatzen parte hartu badute edo parte hartzen badute. Arauak berdin balio du parte hartu dutenak edo parte hartzen dutenak beraiek ez baizik eta ezkontideak edo maitasun-harreman antzekoaren bidez lotua dagoen pertsonak direnean, baita odolkidetasuneko laugarren mailara bitarteko ahaideak edo ezkontza bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak direnean ere.

2. Esku ez hartzeko arrazoiak izanen dira, orobat, araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen oinarrizko legerian ezarritakoak.

3. Nafarroako Gobernuak onetsi edo ebatzi beharreko gai zehatz baterako proposamena egitea dagokion departamentuko titularrak ezin badu gai horretan esku hartu, proposamena, kontseilariaren ordez, gobernuko kontseilari idazkariak eginen du; esku hartu ezin duena kontseilari idazkaria bera baldin bada, karguan antzinatasun handiena duen kontseilariak ordezkatuko du, eta, antzinatasunean berdinak badira, zaharrenak. Esku ez hartzeko erabakia idatziz aurkeztuko zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari, gobernuko kontseilari idazkariaren bitartez, behar den bezala adierazi eta jaso dadin.

12. artikulua. Nafarroako Gobernuaren erabakiak hartzeko modua.

1. Nafarroako Gobernuaren erabakiak, formari dagokionez, hauek izan daitezke: legegintzako foru dekretua, foru dekretua edo erabakia.

2. Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. artikuluan aurreikusitako arauak onesten dituzten erabakiek legegintzako foru dekretuaren forma hartuko dute.

3. Beste hauek, aldiz, foru dekretuaren forma hartuko dute: gobernuak erregelamendu-ahalmena erabiliz onesten dituen xedapen orokorrek, Nafarroako Gobernuak onesten edo ematen dituen ohore eta goraipamenek, eta lege mailako xedapen batek aginduta forma juridiko hori izan behar duten ebazpenek.

4. Gainerako kasuetan, Nafarroako Gobernuaren erabakien forma hartuko dute.

5. Legegintzako foru dekretuak eta foru dekretuak Nafarroako Gobernuko lehendakariak sinatuko ditu, baita proposamen hori egiteko eskumena duen kontseilariak ere. Ekimena departamentu bat baino gehiagorena denean, proposamena lehendakaritza esleitzen zaion departamentuko titularrak eginen du.

6. Nafarroako Gobernuaren erabakiak kontseilari idazkariak sinatuko ditu.

13. artikulua. Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria.

1. Lehendakaritza dagokion Departamentuko titularra izanen da Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria.

2. Kontseilari idazkaria falta denean, hil denean edo gaixorik dagoenean, haren ordez Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatzen duen kontseilariak ordezkatuko du, edo inor izendatu ezean, kontseilarietan gazteenak.

14. artikulua. Nafarroako Gobernuaren lanaren kontrola.

1. Nafarroako Gobernuaren lana Espainiako Konstituzioari, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoari eta gainerako arau juridikoei lotuko zaie.

2. Nafarroako Gobernuaren erabakiak eta ez-egiteak Nafarroako Parlamentuaren kontrol politikoaren menpean egonen dira. Halaber, jurisdikzio arruntean inpugna daitezke, aplikatzekoa den prozedura legearen arabera, eta Konstituzio Auzitegian ere bai, auzitegi hori arautzen duen lege organikoak ezarritakoari jarraikiz.

IV. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuari eta bere kideei laguntzeko eta sostengua emateko organoak

15. artikulua. Nafarroako Gobernuko eleduna.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak gobernuko eleduna izendatzen ahal du. Kargu hori ez dio nahitaez kontseilari bati eman behar.

2. Kontseilaria ez bada, gobernuko eledunak zuzendari nagusi baten maila izanen du eta zuzen-zuzenean lehendakariaren menpe egonen da. Lehendakariak Nafarroako Gobernuko bilkuretan egoteko baimena eman diezaioke, baina, hala bada, gobernuko kideek bezala, sekretua gorde beharra du.

16. artikulua. Nafarroako Gobernuko eledunaren Bulegoa.

1. Nafarroako Gobernuko eledunaren menpean unitate administratibo bat egonen da, Nafarroako Gobernuko Eledunaren Bulegoa deitua. Bulegoak erregelamenduz erabakitzen den maila izanen du.

2. Nafarroako Gobernuko Eledunaren Bulegoko langileak Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren zerbitzuko langileen araubideari loturik egonen dira.

17. artikulua. Nafarroako Gobernuko Idazkaritza.

1. Nafarroako Gobernuko Idazkaritzak, Nafarroako Gobernuari laguntzeko organoa den aldetik, eginkizun hauek beteko ditu:

a) Nafarroako Gobernuko idazkari den kontseilariari laguntzea.

b) Nafarroako Gobernuko kide guztiei deialdiak bidaltzea.

c) Nafarroako Gobernuko bilkuren deialdi, gai-zerrenda eta aktak artxibatu eta gordetzea.

d) Nafarroako Gobernuak eman eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu behar duten xedapenak zuzen eta zintzo argitaratzen direla zaintzea.

e) Nafarroako Gobernuak hartutako erabakien ziurtagiriak ematea.

2. Nafarroako Gobernuko Idazkaritza lehendakaritzako gaien eskumena dagokion departamentuaren egitura organikoan sarturik egonen da.

18. artikulua. Koordinazio Batzordea.

1. Nafarroako Gobernuak Koordinazio Batzordearen laguntza izanen du. Kide anitzeko organo horren lana, izan ditzakeen beste eginkizun batzuez gainera, hauxe da: Nafarroako Gobernuak bere bilkuretan eztabaidatu behar dituen gaiak eta gobernuari aztertzeko aurkezten zaizkionak aztertzea.

2. Nafarroako Gobernuak, foru dekretu bidez, batzordearen eginkizunak, osaera eta funtzionamendua arautuko ditu. Nolanahi den, gobernuko kontseilari idazkaria izanen da batzordeburua, eta honakook izanen ditu gutxienez ere kide: Foru Komunitateko administrazioaren departamentuetako idazkari tekniko nagusiak edo zuzendari nagusiak eta Nafarroako Gobernuko Idazkaritzako titularra.

3. Koordinazio Batzordeak ezin izanen du inola ere erabaki edo akordiorik hartu Nafarroako Gobernuak eskuordetuta.

19. artikulua. Kabineteak.

1. Kabineteak gobernuko kideei laguntza politikoa eta teknikoa emateko unitateak dira. Konfiantzazko eta aholkuzko lanak egiten dituzte, baita sostengu administratiboa eman ere, baina ezin dute sekula Foru Komunitateko administrazioaren organoei dagokien egintzarik burutu edo erabakirik hartu edo lanik egin.

2. Kabineteetako kideak libreki izendatuko edo kargutik kenduko dituzte Nafarroako Gobernuko lehendakariak edo kontseilariek. Behin-behineko langile izanen dira funtzio publikoari buruzko legeriaren arabera, eta kargutik bereiziko dira izendatu dituenak kargua uztearekin batera. Jarduneko gobernuaren kasuan, gobernu berriko kideek karguaz jabetu arte jarraituko dute lanpostuan.

V. KAPITULUA. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentuaren desegitea

20. artikulua. Erantzukizun politikoa.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak erantzule solidarioak dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean beren kudeaketa politikoa dela-eta. Horrek ez du deusetan ukatzen kudeaketan duten zuzeneko erantzukizuna.

21. artikulua. Parlamentuaren kontrola.

1. Nafarroako Gobernuaren eta lehendakariaren politika eta gobernu lanaren kontrola Nafarroako Parlamentuak egiten du, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan eta Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

2. Nafarroako Gobernuko lehendakariak, gobernuak eztabaidatu eta aztertu ondoren, bere jarduketa-programari buruzko konfiantza eskaera egin diezaioke Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan aurreikusitako tramitazioari jarraikiz.

22. artikulua. Nafarroako Parlamentuaren desegitea.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak, behin Nafarroako Gobernuak gaia eztabaidaturik, Nafarroako Parlamentua legegintzaren berezko epea amaitu baino lehen desegitea eta hauteskundeak deitzea erabaki dezake; erabaki horren erantzukizuna lehendakariarena, eta ez beste inorena, izanen da.

2. Nafarroako Gobernuko lehendakariak honako kasuotan ezin izanen du erabaki Nafarroako Parlamentua desegitea:

a) Legegintzaldiko lehenbiziko bilkuraldian;

b) Legegintzaldia amaitzeko urtebete baino gutxiago falta denean;

c) Zentsura-mozio bat tramitatzen ari den bitartean;

d) Estatuko hauteskunde prozesu baterako deia egina dagoenean;

e) Prozedura bera erabiliz Parlamentua desegin zenetik gutxienez urtebete pasatu ez denean.

II. TITULUA. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIA

I. KAPITULUA. Hautapena, izendapena, ordezkapena, kargu-uztea eta aldaketa

23. artikulua. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hautapena.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria Nafarroako Parlamentuak hautatuko du bere kideen artetik, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 29. artikuluan eta Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan xedatutakoari jarraikiz.

24. artikulua. Izendapena.

Nafarroako Gobernuko lehendakaria izendatzea Erregeari dagokio, errege dekretu bidez. Izendapena Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

25. artikulua. Jabetza hartzea.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hamar egun naturaleko epean, hautatutako lehendakaria karguaz jabetuko da. Karguaz jabetzean zin eginen du, edo aginduko, Nafarroako foru eraentza errespetatu, mantenarazi eta hobetuko duela, Espainiako Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zintzo beteko dituela karguari dagozkion eginbeharrak.

26. artikulua. Lehendakariaren ordezkapena.

1. Lehendakaria falta denean, gaixorik dagoenean eta karguan aritzeko aldi baterako ezintasunen bat duenean, haren ordez lehendakariordeetako bat arituko da, hierarkiaren arabera, eta horiek ezean foru parlamentaria den kontseilari zaharrena, eta kontseilarietako inor ez bada parlamentaria, kontseilari karguan denbora gehien daramana, eta horretan berdin izanez gero, zaharrena.

2. Bitarte baterako lehendakariaren ordez ari denak lehendakariaren ohore eta tratamendu berberak izateko eskubidea izanen du, eta haren eginkizun eta eskumenak erabili ahalko ditu, salbu eta konfiantza eskaera aurkeztearekin, Nafarroako Parlamentua desegitearekin eta Nafarroako Gobernuko kideak kargutik kentzearekin zerikusia dutenak. Bestetik, ezin izanen zaio zentsura moziorik aurkeztu.

27. artikulua. Lehendakariaren kargu-uztea.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak honakoak direla-eta utziko du kargua:

a) Heriotza.

b) Karguan aritzea galarazten dion ezintasun fisiko edo psikikoren bat.

c) Dimisioa.

d) Konfiantza eskaeran galtzaile ateratzea.

e) Zentsura mozioa onestea.

f) Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egitea.

g) Karguan aritzeko ezgaitasuna dakarren epai judizial irmoa.

2. Aurreko idatz-zatiko b) letrak aipatzen duen ezgaitasuna Nafarroako Gobernuak adieraziko du, arrazoituta, bere kideen gutxienez lau bostenek hartutako erabakiaren ondorioz. Foru lege honen 26.1 artikuluan ezarritako ordezkapen-ordenaren arabera dagokionak deituko eta zuzenduko du bilkura hori. Gero Nafarroako Parlamentuari proposatuko dio bere kideen gehiengo osoak onets dezan.

28. artikulua. Jarduneko lehendakaria.

1. Lehendakariak dimisioa aurkezten badu, konfiantza eskaeran galtzaile ateratzen bada, zentsura mozioa onesten bada, edo Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak egin ondoren, kargua utzi duen lehendakariak jardunean jarraituko du Nafarroako Gobernuko lehendakari berria karguaz jabetu arte.

2. Jarduneko lehendakariak Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagozkion eskurantza guztiak erabili ahalko ditu, salbu eta kontseilariak izendatu eta kargutik kentzea, departamentuak sortu, aldatu edo kentzea, eta konfiantza eskaera aurkeztea. Bestetik, ezin izanen zaio zentsura moziorik aurkeztu.

29. artikulua. Lehendakariaren ordezkapena.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakaria hilez gero, ezintasun iraunkorrik baldin badu edo ezgaitasunaren kasuan, lehendakari berria karguaz jabetu bitartean, foru lege honen 26.1 artikuluan behin-behinekoz haren ordez aritzeko jarritako ordena berari segituko zaio ordezkoaren lanak egin ditzan.

2. Lehendakariaren ordez ari denak lehendakariaren ohore eta tratamendu berberak izateko eskubidea izanen du, eta haren eginkizun eta eskumenak erabili ahalko ditu, salbu eta konfiantza eskaera aurkeztearekin, Nafarroako Parlamentua desegitearekin eta Nafarroako Gobernuko kideak kargutik kentzearekin zerikusia dutenak. Bestetik, ezin izanen zaio zentsura moziorik aurkeztu.

II. KAPITULUA. Eskurantzak

30. artikulua. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren eskurantzak, eskumenak eta ahalmenak.

Hauexek dagozkio Nafarroako Gobernuko lehendakariari:

1. Foru Komunitatearen ordezkari gorena izatea, baita Estatuak Nafarroan duen ordezkari arrunta ere.

2. Bere programa politikoari jarraikiz, gobernuaren egintzaren jarraibide nagusiak ezartzea, gobernuaren lana zuzendu eta koordinatzea eta Nafarroako Gobernuaren ordezkaria izatea.

3. Erregearen izenean Nafarroako Parlamentuak onetsitako foru legeak promulgatzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara daitezen agintzea, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 22. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

4. Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egitea, ordenamendu juridikoan araututako moduan.

5. Nafarroako Gobernuak eztabaidatu eta aztertu eta gero, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 30.3 artikuluan araututako moduan, Nafarroako Parlamentua desegitea eta hauteskunde berrietarako deia egitea.

6. Nafarroako Gobernuak eztabaidatu eta aztertu eta gero, Nafarroako Parlamentuari konfiantza eskaera aurkeztea, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 34. artikuluan eta Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz.

7. Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuak sortu, aldatu, batu eta kentzea, eta bakoitzaren izena eta eskumen-esparrua zehaztea.

8. Kontseilariak izendatu eta kargutik kentzea, baita, beharrik baldin badago, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta eleduna ere.

9. Nafarroako Gobernuaren bilkuretarako deia egin, haien gai-zerrenda zehaztu, haietan buru izan, haiek zuzendu eta bertan behera utzi, eta haien akta jasotzea.

10. Nafarroako Gobernuaren erabakiak betearaz daitezela agintzea eta betetzen direla begiratzea.

11. Nafarroako Gobernuaren legegintzako foru dekretuak eta foru dekretuak sinatzea, eta, ordenamendu juridikoaren arabera bidezkoa denean, argitara daitezela agintzea.

12. Legeak ezarritako kasuetan, gastuetarako eta ordainketarako baimena ematea.

13. Legezko xedapenek esleitzen dizkioten gainerako eginkizun eta eskumenak betetzea.

31. artikulua. Eginkizunen eskuordetza.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak bere eginkizunak eskuordetzan eman diezazkieke lehendakariordeari edo lehendakariordeei eta kontseilariei.

2. Ezin dira eskuordetzan eman foru lege honetako 30. artikuluko 2., 3., 4., 5., 6., 7., 8. eta 11. idatz-zatietako eskurantzak, baita 13. idatz-zatian aipatutakoak ere lege mailako arau batek espresuki agintzen duenean.

32. artikulua. Lehendakariaren foru dekretuak.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak foru dekretu bidez beteko ditu foru lege honetako 30. artikuluko 4., 5., 7. eta 8. idatz-zatietan aipatzen diren eskurantzak.

2. Arau honetako aurreko idatz-zatian aipatzen diren foru dekretuek "lehendakariaren foru dekretua" izena hartuko dute. Izen hori bera hartuko dute legezko xedapenek aginduta Nafarroako Gobernuko lehendakariari esleitutako eskurantzak betetzeko ematen diren bestelako foru dekretuek ere. Horiek guztiak lehendakariak sinatuko ditu.

III. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren estatutu pertsonala

33. artikulua. Lehendakariaren ohorezko eta protokolozko eskubideak.

1.Nafarroako Gobernuko lehendakariak eskubidea du bereizgarri gisa Nafarroako bandera eta ezkutua erabiltzeko eta bere kargua dela-eta dagozkion ohoreak jasotzeko.

2. Halaber, Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokio Foru Komunitatean egiten diren ekitaldi ofizialetan buru izatea agertzen denean, salbu eta lege mailako arau bat dela-eta ekitaldian buru izatea Estatuaren goragoko ordezkari bati baldin badagokio.

34. artikulua. Bateraezintasunak.

Nafarroako Gobernuko kideen bateraezintasunak arautzen dituen foru legeak ezartzen duenari jarraikiz erabaki eta zehaztuko da Nafarroako Gobernuko lehendakariaren bateraezintasunen araubidea.

35. artikulua. Lansariak.

Nafarroako Gobernuko lehendakariaren lansariak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean finkatuko dira, espresuki eta zenbatekoa adierazita.

36. artikulua. Lehendakariaren foru prozesala.

Nafarroako Gobernuko lehendakariari erantzukizun kriminala Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 27. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eska dakioke.

37. artikulua. Kargua utzitako lehendakarien estatutua.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariek, kargua utzitakoan, dagozkien ohoreak izanen dituzte eta, Foru Komunitateko ekitaldi ofizialetan, erregelamendu bidez protokoloan ezartzen zaien tokia izanen dute.

2. Nafarroako Gobernuko lehendakariak, kargua utzitakoan, erabakitzen diren kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen du, betiere dagozkien bateraezintasunekin.

III. TITULUA. NAFARROAKO GOBERNUKO LEHENDAKARIORDEAK ETA KONTSEILARIAK

I. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuko lehendakariordea edo lehendakariordeak

38. artikulua. Lehendakariordea edo lehendakariordeak.

1. Nafarroako Gobernuko lehendakariak Gobernuko kontseilari bat edo gehiago izendatzen ahal ditu gobernuko lehendakariorde. Bat baino gehiago badira, haien ordena zehaztuko du.

2. Lehendakariordeek, Nafarroako Gobernuko lehendakariak esleitzen edo ematen dizkien eginkizunez eta departamentuetako titular diren aldetik dagozkienez gainera, lehendakariaren ordez arituko dira, hierarkiari segituz, foru lege honetan araututako kasuetan.

3. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeei dagokien estatutu pertsonala eta kargu-uztea titulu honetako III. eta IV. kapituluetan xedatutakoaren araberakoa da.

II. KAPITULUA. Nafarroako Gobernuko kontseilariak

39. artikulua. Nafarroako Gobernuko kontseilarien kargua.

Kontseilariak Nafarroako Gobernuko kideak dira eta aldi berean Foru Komunitateko administrazioan esleitu zai(zki)en departamentu(eta)ko titular.

40. artikulua. Kontseilarien izendapena eta kargu-uztea.

1. Kontseilariak Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatzen ditu libreki.

2. Kontseilariek, karguaz jabetu baino lehen, zin eginen dute, edo aginduko, Nafarroako foru eraentza errespetatu, mantenarazi eta hobetuko dutela, Espainiako Konstituzioari eta legeei men eginen dietela eta zintzo beteko dituztela karguari dagozkien eginbeharrak.

41. artikulua. Eskurantzak.

1. Kontseilariek gobernuko kide gisa dagozkien ahalmenak dituzte, eta gainera, departamentu bateko edo gehiagotako titular diren aldetik, honako eskurantza hauek dituzte:

a) Zer departamentutan diren titular, horiexen ordezkaritza izatea.

b) Departamentuaren barrenean Nafarroako Gobernuak ezarritako gobernu-lana garatzea, betiere lehendakariaren zuzendaritzaren eta koordinazioaren pean.

c) Departamentua eta departamentuaren menpeko edo hari lotutako entitateak zuzendu, koordinatu eta ikuskatzea.

d) Nafarroako Gobernuari foru legeen aurreproiektuak, foru dekretuen eta legegintzako foru dekretuen proiektuak, eta departamentuak bere dituen aferei buruzko erabaki-proposamenak aurkeztea.

e) Foru aginduak ematea.

f) Departamentuari dagokion aurrekontuari buruzko aurreproiektua egitea.

g) Erregelamendu-ahalmenaz baliatzea departamentuak bere dituen aferetan.

g) Betearazteko ahalmenaz baliatzea departamentuak bere dituen aferetan.

i) Departamentuko karguen izendapenen eta kargu-uzteen proposamena egitea, izendapena edo kargu-uztea Nafarroako Gobernuak erabaki beharra denean.

j) Izendapen libreko lanpostuen titularrak, funtzionalki departamentuaren menpe dauden lanpostuenak alegia, izendatzea eta kargutik kentzea.

k) Lehendakariarekin batera, berak proposatutako legegintzako foru dekretuak eta foru dekretuak sinatzea.

l) Legeak ezarritako kasuetan, gastuetarako eta ordainketarako baimena ematea.

m) Langileriari buruzko foru dekretu berezi batek giza baliabideen arloan esleitzen dizkien eskumenak izatea.

n) Legez edo erregelamenduz esleitzen zaion beste edozein.

2. Kontseilariek beren eskurantzak eskuordetzan eman ditzakete, kasu hauetan izan ezik:

a) Gobernuko kide diren aldetik dagozkienak.

b) Aurreko idatz-zatiko letra hauetan aipatuak: d), e), f), g), i) j) eta k).

c) Lege mailako xedapen batek eskuordetzan eman ezinezkoak jotzen dituen eskurantzak.

42. artikulua. Kontseilarien erabakien forma.

1. Nafarroako Gobernuko kontseilarien xedapen orokorrek eta ebazpen administratiboek foru aginduaren forma dute.

2. Xedapen edo ebazpenak departamentu batean baino gehiagotan baldin badu eragina, lehendakaritzako gaiari dagokion departamentuaren titular den kontseilariaren foru aginduaren forma hartuko du, kontseilari interesdun guztien proposamenez emana.

3. Foru lege honen 11. artikuluak aipatutako kasuetan eta adierazten diren arrazoiengatik, kontseilariek ez dute parterik hartuko beren eskumeneko gaietan.

III. KAPITULUA. Estatutu pertsonala

43. artikulua. Ohorezko eta protokolozko eskubideak.

Nafarroako Gobernuko kontseilariek beren kargua dela-eta dagozkien ohoreak jasotzeko eskubidea dute.

44. artikulua. Bateraezintasunak.

Nafarroako Gobernuko kideen bateraezintasunak arautzen dituen foru legeak ezartzen duenari jarraikiz erabaki eta zehaztuko da Nafarroako Gobernuko kontseilarien bateraezintasunen araubidea.

45. artikulua. Lansariak.

Nafarroako Gobernuko kontseilarien lansariak Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean finkatuko dira, espresuki eta zenbatekoa adierazita.

46. artikulua. Foru prozesala.

Nafarroako Gobernuko kontseilariei erantzukizun kriminala Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 27. artikuluan xedatutakoari jarraikiz eska dakieke.

47 artikulua. Kargua utzitako kontseilarien estatutua.

1. Nafarroako Gobernuko kontseilariek, kargua utzitakoan, dagozkien ohoreak izanen dituzte eta, Foru Komunitateko ekitaldi ofizialetan, erregelamendu bidez protokoloan ezartzen zaien tokia izanen dute.

2. Kargua utzitakoan, Nafarroako Gobernuko kontseilariek erabakitzen diren kalte-ordainak jasotzeko eskubidea izanen dute, betiere dagozkien bateraezintasunekin.

IV. KAPITULUA. Ordezkapena, kargu-uztea eta hutsuneak betetzea

48. artikulua. Ordezkapena.

1. Nafarroako Gobernuaren kontseilariak beste kontseilari batzuek baizik ezin dituzte ordezkatu, kasuotan: falta direnean, gaixorik daudenean eta karguan aritzeko aldi baterako ezintasunen bat dutenean.

2. Ordezkapena Nafarroako Gobernuko lehendakariak erabakiko du, lehendakariaren foru dekretu bidez, eta ordezkapen horretaz baliatuta egiten diren ekitaldi edo egintza guztietan hala dela agertaraziko da.

3. Aurreko idatz-zatian esan bezala, Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak elkarren ordezko izanen dira beharrezkoa denean. Ezinezkoa balitz, beste kontseilari batek eginen du ordezkapena.

49. artikulua. Kargu-uztea.

1. Nafarroako Gobernuko kontseilariek honako arrazoiengatik utziko dute kargua:

a) Heriotzagatik.

b) Dimisioagatik.

c) Nafarroako Gobernuko lehendakariak libreki kargutik kentzen duelako.

d) Gobernuko lehendakariak kargua uzten duelako. Kasu horretan Nafarroako Gobernuko kide berriak karguaz jabetu arte egonen dira jardunean.

e) Kargurako ezintasuna adierazten duen epai judizial irmoagatik.

f) Karguan aritzeko ezgaitasuna dakarren epai judizial irmoagatik.

2. Artikulu honetako 1. idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatutako kasuetan, kargu-uzteak lehendakariaren foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den unetik aurrera izanen ditu ondorioak.

50. artikulua. Hutsuneak betetzea.

Departamentu bateko kontseilari-kargua bete gabe gelditzen bada, Nafarroako Gobernuko lehendakariak, lehendakariaren foru dekretu bidez, behin-behinekoz, beste kontseilari bati emanen dio departamentuko titulartasuna, kontseilari berriak kargua hartzen duen arte. Aipatu foru dekretua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

IV. TITULUA. NAFARROAKO GOBERNUAREN LEGEGINTZARAKO EKIMENA ETA ARAUAK EMATEKO AHALMENA

I. KAPITULUA. Legegintzarako ekimena

51. artikulua. Legegintzarako ekimena.

Nafarroako Gobernuak legegintzarako ekimena, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 19. artikuluan aurreikusia, honela garatzen du: foru lege proiektuak eginez, onetsiz eta, gero, Nafarroako Parlamentura igorriz.

52. artikulua. Foru lege proiektuak egiteko bidea.

1. Foru lege proiektuak egiteko prozedura, legeari jarraikiz aginduzkoak diren tramiteak gorabehera, departamentu eskudunean hasten da aurreproiektu bat idatziz. Aurreproiektu horrekin bat hauek joanen dira: legeak agintzen dituen oroit-idazkiak, azterketak, txostenak eta dokumentazioa, hauek barne direla: foru legea promulgatzeko premiari edo komenigarritasunari buruzko txostena, legean ezartzen diren neurriek gizon eta emakumeen arteko berdintasunean izanen duten eraginari buruzko txostena eta sortuko duen kostuaren gaineko kalkulua.

2. Nolanahi den, departamentu eskuduneko idazkaritza tekniko nagusiak iritzia eman beharko du aurreproiektuaz.

3. Departamentu eskudunak bi edo gehiago baldin badira, Nafarroako Gobernuak erabakiko du zer den egokiena aurreproiektuaren idazketari dagokionez.

4. Kontseilari eskudunek Nafarroako Gobernuari igorriko diote aurreproiektua, gobernuak, bidezko bada, foru legea proiektu modura onets dezan edo tramite berriak egiteko agindu dezan. Onesten den testuak betiere zioen azalpen bat eduki behar du.

5. Foru lege proiektua behin onetsita, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentura bidaliko du erantsitako dokumentazioarekin eta hari buruzko erabakia hartzeko beharrezkoak diren aurrekariekin batera.

II. KAPITULUA. Legegintzako foru dekretuak

53. artikulua. Legegintzako foru dekretuak.

1. Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 21. artikuluan aurreikusitako kasuan, Nafarroako Gobernuak foru lege mailako arauak eman ditzake, "legegintzako foru dekretu" izena hartuko dutenak.

2. Legegintzako foru dekretuak egiteko, gutxienez, foru lege honen 52. artikuluko 1., 2. eta 3. idatz-zatietan aurreikusitako tramiteei segituko zaie.

3. Kontseilari eskudunek Nafarroako Gobernuari igorriko diote proiektua, gobernuak, bidezko bada, legegintzako foru dekretu modura onets dezan edo tramite berriak egiteko agindu dezan. Onesten den testuak betiere zioen azalpen bat eduki behar du.

4. Legegintzarako eskuordetzaz baliatu orduko, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Parlamentuari behar den jakinarazpena bidaliko dio, zeinean horretarako testu artikuluduna edo bategina egonen baita.

54. artikulua. Tributu-harmonizaziorako legegintzako foru dekretuak.

1. Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Parlamentuak eskuordeturik, foru lege mailako arauak eman ditzake tributuei buruzko foru legeak aldatzeko baldin eta tributu-araubide erkidearen aldaketa batek behartzen badu, Hitzarmen Ekonomikoan ezarritakoarekin bat, Foru Komunitatean Estatuan indarra duten arau funtsezko eta formazko berberak aplika daitezen. Estatuko tributu-aldaketak argitaratuz gero, foru lege honek emantzat joko da legegintzarako eskuordetza.

2. Nafarroako Gobernuaren xedapenei, aipatu legegintzarako eskuordetzaren ondorio direnean, "tributu-harmonizaziorako legegintzako foru dekretu" izena emanen zaie.

3. Xedapen horiek Estatuko tributu-aldaketa argitaratu eta bi hilabeteko epean eman beharko dira.

4. Tributu-harmonizaziorako legegintzako foru dekretuek atzerako eragina izan lezakete, haien indarraldia eta harmonizatu beharreko araubide erkideko arauen indarraldia, horrela, bat etor daitezen.

5. Tributu-harmonizaziorako legegintzako foru dekretuak Nafarroako Parlamentura igorriko dira onetsi eta hamar eguneko epean, behar den parlamentu-kontrola izan dezaten. Hori ez da eragozpen izanen, hala ere, foru dekretu horiek ofizialki argitaratu eta indarra hartzeko.

III. KAPITULUA. Erregelamendu-ahalmenaz baliatzea

55. artikulua. Erregelamendu-ahalmenaren titularrak.

1. Gobernua, eta Nafarroako Gobernuko lehendakaria eta kontseilariak dira erregelamendu-ahalmenaren titularrak.

2. Nafarroako Gobernuaren izaera orokorreko xedapenek edo erregelamenduek foru dekretuaren forma hartuko dute; lehendakariarenek lehendakariaren foru dekretuarena, eta kontseilarienenek foru aginduarena.

3. Nafarroako Gobernuko lehendakariak onetsi beharreko erregelamenduei ez zaie aplikatuko titulu honen IV. kapituluan araututako prozedura.

56. artikulua. Araugintzaren hierarkia eta lege-erreserba.

1. Arauzko xedapenak hierarkia honi lotuta daude:

a) Nafarroako Gobernuak edo lehendakariak onetsitako foru dekretuak.

b) Kontseilarien foru aginduak.

2. Erregelamenduek ezin diete kontra egin Espainiako Konstituzioari, Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoari, gainerako legeei edo goragoko mailako xedapen orokorrei.

3. Erregelamenduek ezin dute erregulatu hierarkian goragoko arauek bere dituzten gaiak.

4. Ez dute indarrik izanen artikulu honetako aurreko idatz-zatietan ezarritakoa betetzen ez duten erregelamenduek.

57. artikulua. Erregelamenduen eraginkortasuna.

Ondorio juridikoa izan dezaten, erregelamenduak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira, eta osorik argitaratu eta handik hogei egunera hartuko dute indarra, non eta haietako batean ez den bestelako epe bat erabakitzen.

IV. KAPITULUA. Erregelamenduak egiteko prozedura

58. artikulua. Erregelamendu-ahalmenaz baliatzeko printzipioak.

1. Erregelamendu-ahalmenaz baliatzeko, arrazoiak eman behar dira, administrazio onaren printzipioari jarraikiz.

2. Erregelamenduek arrazoituta egon beharko dute, hitzaurrean edo oinarri dituzten txostenetan.

59. artikulua. Hasiera.

1. Erregelamenduak egiteko prozesua Nafarroako Gobernuan gai horretan eskuduna den kontseilariak hasiko du. Kontseilariak prozeduraz arduratuko den organoa izendatuko du. Tramitaziorako, aurreproiektuari oroit-idazki bat edo gehiago erantsiko zaizkio eta, beharrezkoa denean, azterketa ekonomiko bat.

2. Arautu beharreko gaiak zein departamentutan duen eragina, horietan guztietan eskatuko da aholkua.

3. Oroit-idazki(et)an hauek zehaztuko dira: zergatik den garrantzitsua arautze prozesu hori eta nola egokitzen diren proposatutako neurriak bilatzen diren helburuetara. Proposamena zein arau-multzotan sartzen den ere adierazi beharra dago. Betiere ukitutako xedapenen zerrenda eginen da, baita gai horri buruz lehendik dauden xedapenen indarraldia adierazten duen taula ere. Espresuki adieraziko da horietatik zein gelditu den, osorik edo parte batez, indargabeturik.

4. Unitate organiko berriak sortu edo daudenak aldatzen diren kasuetan, proposamenari oroit-idazki ekonomiko bat erantsiko zaio, hau da, kostuaren azterketa eta antolaketa berriaren finantzabidea.

60. artikulua. Entzunaldia eta parte-hartzea.

1. Erregelamendu proiektuak herritarrentzako entzunaldia izan behar du, zuzenean edo herritarrak biltzen edo ordezkatzen dituzten entitateen bitartez. Entitate horiek legez edo foru legez onartutakoak izanen dira, eta haien helburuak, berriz, arautu behar den gaiarekin ikustekoa dutenak betiere. Entzunaldia honakootan eginen da:

a) Lege maila duen arau batek eskatzen duenean.

b) Xedapenak eraginik baldin badu herritarren eskubide eta interes bidezkoetan.

c) Nafarroako Gobernuak edo kontseilari eskudunak, egoki arrazoituta, hala erabakitzen duenean.

2. Aipatutako entitateentzat ez da nahitaezkoa izanen aurreko idatz-zatian aurreikusitako tramitea, baldin eta proiektua egiteko prozeduran iritzia eskatu bazaie edo hartan parte hartu baldin badute txostenen bidez, edo legez ezarritako ordezkaritza organo baten txostena aurreikusita dagoenean.

3. Entzunaldia ez da nahitaezkoa izanen Nafarroako Gobernuaren, Foru Komunitateko administrazioaren edo haren menpeko entitate publikoen antolaketa arautzen duten xedapen proiektuetan. Halaber, tramite hori egin gabe utz liteke onura publikoko arrazoi larriak direla-eta. Arrazoi horiek kontseilari eskudunak baloratu eta espedientean agerraraziko ditu.

4. Entzunaldia egiteko epea xedapen motara egokituko da, eta gutxienez hamabost egun baliodunekoa izanen da. Justifikatutako arrazoiak direla medio, eta behar bezala arrazoitutako erabaki edo ebazpen baten ondorioz, epe hori zazpi egun baliodunera murritz liteke.

5. Entzunaldiaren ondorioz aurkeztutako alegazioak behar bezala aztertu eta espedientera bilduko ditu proiektua tramitatzen duen departamentuak.

61. artikulua. Jendaurreko informazioa.

Xedapenaren izaeraz edo Nafarroako Gobernuaren nahiz kontseilari eskudunaren erabakiz hala behar denean, entzunaldiaren ordez proiektua jendaurrean jarri ahalko da, hilabetez gutxienez ere. Aurkeztutako alegazioak behar bezala baloratu eta espedientera bilduko dira.

62. artikulua. Txosten eta irizpenak.

1. Erregelamendu proiektuei txosten bat erantsiko zaie, genero kontua dela-eta bertan ezartzen diren neurrien eraginari buruzkoa.

2. Halaber, departamentu eskuduneko idazkaritza orokor teknikoaren txostena ezinbestekoa izanen da, zeinak, gutxienez, aditzera emanen baitu egindako prozedura zuzena ote den eta proposatutako araua ordenamendu juridikoarekin bat ote datorren.

3. Nafarroako Kontseiluari aholkua eskatu beharko zaio hura arautzen duen legeriak aurreikusten dituen kasuetan.

63. artikulua. Onespena.

1. Proiektuek kasuan kasuko organo eskudunaren onespena beharko dute aurrera egiteko.

2. Nafarroako Gobernuaren onespena behar duten proiektuak aldez aurretik Foru Komunitateko administrazioaren departamentu guztietara bidaliko dira, eta foru lege honen 18. artikuluak araututako Koordinazio Batzordeak aztertuko ditu.

3. Nafarroako Gobernuak edo lehendakariak larrialdi kasua dela uste baldin badu, ezabatu egin daiteke aurreko idatz-zatian aipatutako tramitea.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Indargabetu egiten dira foru lege honetan xedatutakoari kontra egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta bereziki hauek:

1. Apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko gobernuari eta administrazioari buruzkoa.

2. Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 12. artikulua.

3. Balio erantsiaren gaineko zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarria.

4. Zerga bereziei buruzko abenduaren 30eko 20/1992 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarria.

Azken Xedapenetan Lehenengoa. Foru lege hau gehiengo osokotzat hartzea.

Foru lege hau gehiengo osokoa da foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 20.2 eta 25. artikuluen arabera.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legeko 16.1.c) artikulua aldatzea.

Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legeko 16.1.c) artikulua aldatzen da. Honela geldituko da:

"16.1. artikulua. Afera hauetan nahitaez eskatu beharko da Nafarroako Kontseiluaren aholkua:

c) Legegintzako Foru Dekretu proiektuak, tributu-harmonizaziokoak ezik."

Azken Xedapenetan Hirugarrena. Nafarroako Gobernuari ahalmena ematea.

Nafarroako Gobernuari baimena ematen zaio foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren erregelamendu guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Laugarrena. Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako 2005eko martxoaren 1ean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa