(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

8/1999 Foru Legea, martxoaren 16koa, Nafarroako Kontseiluari buruzkoa

8/1999 FORU LEGEA, martxoaren 16koa, Nafarroako Kontseiluari buruzkoa

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1999ko 37. NAOn argitaratua, martxoaren 26an. Aldaketak: 25/2001 Foru Legea, abenduaren 10koa; 14/2004 Foru Legea, abenduaren 3koa)

Atarikoa

Gobernamenduaren jardunak, historian zehar, erakunde aholku-emaileen laguntza izan du Nafarroan. Horien artean aipagarriena Nafarroako Errege Kontseilu Gorena izan da, izan duen iraupena eta garrantziagatik. Gobernu lanetan aholkuak ematea zegokion eta errege botereak “sobrecarta” izeneko eskubidearen bidez emandako xedapenen legezkotasuna eta forutasuna begiratzea.

Foru Lege honen bidez, Nafarroako Foru Komunitateak Nafarroako Kontseilua eratzen du, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.a) eta e) artikuluan bildutako foru araubidearen indarrez bere foru erakundeak eta Foru Komunitateko Administrazioa antolatzeko duen eskumen osoaz baliatuz. Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena izanen da.

Bai Nafarroako autogobernuaren sendotzeak bai jendearen interes orokorra eta legezkotasun positiboa hurbiltasun handiagoz ezinbestez babestu beharrak, eta, horiez gain, legegintzari eta administrazioaren jarduerari hobekuntza juridiko eta tekniko handiagoa emateko komenentziak, egoki egiten dute Nafarroako foru erakundeen eta administrazio publikoen organo aholku- emaile gorena Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan sortzea.

Indarra duen arauteriak eta Konstituzioaren jurisprudentziak, zeinen indarrez autonomi erkidegoek eta, hortaz, Nafarroako Foru Komunitateak beren organo aholku-emaile gorenak eratzeko eskubidea baitute, Nafarroak arlo horretan dituen eskubide historikoak babesten dituzte.

Nafarroako Kontseiluaren eraketa, beraz, justifikatuta dago, erabat; izan ere, foru erakundeen eskema hobetuko du, Estatuko Kontseiluaren partehartzea beharrezkoa izanen ez delako, eta Foru Komunitatearen autogobernu maila goratuko.

Nafarroako Kontseilua organo aholku-emaile gisa eratuko da, organo erabakitzaileetatik aparte. Autonomia organiko eta funtzionala izanen du eta eskumen esparru berariazkoa emanen zaio. Kideen araubideak beren kualifikazio tekniko zorrotza bermatuko du eta, halaber, horien neutraltasuna eta inpartzialtasuna

I. KAPITULUA. Xedapen Orokorrak

1. artikulua. Izaera.

1. Nafarroako Foru Komunitateko organo aholku-emaile gorena da Nafarroako Kontseilua.

2. Bere eginkizunen jardunean, Nafarroako Kontseiluak Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa eta gainerako ordenamendu juridikoa betetzen dela begiratuko du. Kontseiluaren irizpenek ezin izanen dute abagune edo komenientziari buruzko baloraziorik eduki.

3. Nafarroako Kontseiluak Iruñean du bere egoitza.

2. artikulua. Autonomia.

Nafarroako Kontseiluak bere eginkizunak aurrera eramateko autonomia organiko eta funtzionala izanen du, bere objetibotasuna eta independentzia bermatuko badira.

3. artikulua. Irizpenen izaera.

1. Kontseiluari aholkua eskatzea nahitaezkoa izanen da Lege honetan edo beste batzuetan ezartzen diren kasuetan, eta gainerakoetan aukerakoa izanen da.

2. Irizpenak ez dira lotesleak izanen, lege bidez horrelakoak izatea ezartzen den kasuetan izan ezik.

II. KAPITULUA. Osaketa

4. artikulua. Kideak.

1. Nafarroako Gobernuko Lehendakariak izendatutako zazpi kidek osatuko dute Kontseilua; nafartasun politikoa eta gaitasun eta ospe aitortua duten legelarien artean hautatuko dira: bost Nafarroako Parlamentuak proposatuko ditu, bere kideen gehiengo osoarekin hautatu ondoren; gainerako biak Nafarroako Gobernuak proposatuko ditu.

2. Nafarroako Kontseiluko kideak sei urteko eperako izendatuko dira eta berriro hautatuak izaten ahalko dira.

3. Kontseilukideak, beren karguan dihardutenean, independenteak izanen dira, eta ez dira hortik kentzen ahalko.

5. artikulua. Karguaz jabetzea.

Izendatu eta hurrengo hogeita hamar egun naturalen barruan jabetuko dira karguaz kontseilukideak. Nafarroako Foru Araubidea beti errespetatzea, Konstituzioari eta legeei men egitea eta beraien karguari dagozkien betebeharrak zintzo betetzea zin egin edo hitz emanen dute.

6. artikulua. Osoko Bilkura.

1. Nafarroako Kontseiluak Osoko Bilkuran jardunen du. Osoko Bilkura kontseilukide guztiek osatua izanen da.

2. Bilkurak eta eztabaidak egin eta erabakiak hartzearen ondorioetarako Nafarroako Kontseiluaren eraketa baliozkoa izan dadin, aintzat hartu beharko da administrazio prozeduraren gaineko arauetan organo kolegiatuetarako oro har ezarritakoa.

7. artikulua. Kontseiluburutza.

1. Kontseiluburua kontseilukideen artetik hautatuko da, gehiengo osoaz eta isilpeko bozketaz, eta Nafarroako Gobernuko Lehendakariari proposatuko zaio haren izendapena.

2. Gehiengo osoa lortzen ez bada, beste bozketa bat eginen da. Horretan, boto gehien eskuratu duena aukeratuko dute. Berdinketarik gertatuz gero, beste bozketa bat eginen da, eta berriro berdin gertatzen bada, kontseilukiderik zaharrena izendatuko dute.

3. Kontseiluburuaren agintaldiak sei urte iraunen du. Berriz ere hautatu ahal izanen dute, agintaldia bukatu ondoren.

4. Kontseiluburu kargua bete gabe badago, edo kontseiluburua kanpoan edo eri dagoenean, haren ordez idazkariaz besteko kiderik antzinakoena arituko da -edo, halakorik ezean, zaharrena-, beste bat aukeratu edo ordezkapenaren zergatia bukatu arte.

8. artikulua. Kontseiluburutzaren eginkizunak.

Kontseilukide izateagatik dagozkion eginkizunez gain, hurrengoak ditu bere Kontseiluburutzak:

a) Nafarroako Kontseiluaren ordezkaritza.

b) Kontseiluko bileretarako deia egitea, eta bileretako buru eta zuzendari izatea.

c) Gaiak kontseilukideen artean banatzea, ponentzia egin dezaten.

d) Kontseilutik kanpoko adituak izendatu eta horiei txostenak agintzea, beharrezkotzat jotzen denean.

e) Kontseiluaren gastu-espedienteak baimentzea, Idazkaritzak izapidatu aurretik.

f) Erregelamendu organikoak finkatzen dituen gainerako eginkizunak.

9. artikulua. Idazkaritza.

1. Kontseiluko idazkaria kontseilukideen artetik hautatuko da, kontseiluburua hautatzeko prozedura bera erabilita, salbuespen batekin: berdinketa gertatuz gero, gazteena hautatuko da.

2. Idazkari kargua bete gabe badago, edo idazkaria kanpoan edo eri dagoenean, haren ordez kiderik gazteena arituko da, beste bat aukeratu edo ordezkapenaren zergatia bukatu arte.

10. artikulua. Idazkaritzaren eginkizunak.

Kontseilukide izateagatik dagozkion eginkizunez gain, hurrengoak ditu bere Idazkaritzak:

a) Kontseiluko langileen nagusia izatea.

b) Kontseiluko bilkuretarako dokumentazioa aztertu eta prestatzea.

c) Kontseiluko bilkuren akta egitea.

d) Kontseiluaren egiaztatze- eta jakinarazpen-organoa izatea.

e) Erregelamendu organikoak finkatzen dituen gainerako eginkizunak.

11. artikulua. Kargu uztea.

1. Kontseilukideek honako egoera hauetan utziko dute kargua:

a) Uko egitea.

b) Kidea hiltzea.

c) Kargualdia amaitzea.

d) Gertatzezko bateraezintasuna.

e) Eginkizunetan akats larria egitea.

f) Doluzko delituagatiko zigorra izatea, epai irmoaren ondoriozkoa.

g) Ezintasuna, epaileen erabaki irmoaren bidez deklaratua.

h) Nafartasun politikoa galtzea.

2. Kargu uztea Nafarroako Gobernuko Lehendakariaren Foru Dekretuaren bidez aginduko da. Aurreko idazatiko d) eta e) letretan aurreikusitako kasuetan, hauexek beharko dira: espedientea, interesatuari entzunaldia eskainiz, Kontseiluaren txostena, eta kontseiluburuaren proposamena.

a), c) eta h) letretako kasuetan, kontseilukideek beren eginkizunetan jardunen dute, ordezkoa izendatu eta karguaz jabetu arte.

3. Kargualdia amaitu aurretik sortzen diren postu hutsak kasuan kasuko kidearen kargualdia amaitu arte beteko dira, 4. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

12. artikulua. Funtziogabetzea.

Nafarroako Gobernuak, Kontseiluaren arioz eta haren iritzia entzun ondoren, kontseilukideak funtziogabetu ahalko ditu, 11.1. artikuluko d) et e) letretan kargua uzteko egoerei buruzko ebazpena emateko behar den ezinbesteko denborarako, eta, halaber, prozedura penala gertatzen den kasuetan.

13. artikulua. Betebeharrak.

Nafarroako Kontseiluko kideak beharturik daude jorratu beharreko gaiak erabakitzeko bilkuretara normaltasunez joatera, eta deitzen zaien gainerakoetara ere, eskatzen zaizkien azterketa, ponentzia eta lanak -beren karguari dagozkionak- egitera eta jarduketa eta erabakiak isilpean gordetzera.

14. artikulua. Bateraezintasunak.

Indarra duten beste arauak aplikatuz dagozkien bateraezintasunez gain, Nafarroako Kontseiluko kide izatea kargu hauekin bateraezina izanen da.

a) Nafarroako Gobernuko kidea.

b) Europako Batasuneko, Estatuko edo autonomi erkidego zein toki entitate bateko erakundeetako kargu hautetsia izatea.

c) Alderdi politiko, sindikatu edo enpresarioen elkarte bateko edozein zuzendaritza-kargu.

d) Fiskal edo epaileen karrerako jarduneko kidea.

e) Obra edo zerbitzu publikoen emakidadun edo kontratista diren enpresetako zuzendaritzako edozein kargua.

15. artikulua. Ordainsariak.

1. Kontseilukideek Kontseiluko lan bilkuretara joategatik erregelamenduz ezartzen diren mantenu-sari eta ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen dute.

2. Gainera, kontseilukide guztiek txosten eta irizpenen egile izateagatik erregelamenduz ezartzen diren ordainsariak jasotzeko eskubidea izanen dute.

3. Aurreko bi zenbakietan ezartzen diren ordainsariak lanetan parte hartzen duten adituek ere jasoko dituzte, 25. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

III. KAPITULUA. Eskumenak

16. artikulua. Irizpena.

1. Nahitaez, honako afera hauetan eskatu beharko da Nafarroako Kontseiluaren aholkua:

a) Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa aldatzeko.

b) Foru legeen aurreproiektuak edo administrazio-xedapenen proiektuak, baldin eta Nafarroako Kontseiluaren antolamendua, eskumena eta funtzionamendua ukitzen badute.

c) Legegintzako Foru Dekretu proiektuak, tributu-harmonizaziokoak ezik.

d) Konstituzio Auzitegian Konstituziokontrakotasun errekurtsoak eta eskumen-gatazkak aurkezteko.

e) Foru Komunitateak Estatuarekin eta autonomi erkidegoekin sinaturiko hitzarmen eta lankidetza akordioak, horiek sinatzeko Nafarroako Parlamentuaren aurretiazko baimena behar denean, eta horiei buruzko zalantzak edo desadostasunak.

f) Legeak betearazteko ematen diren erregelamenduen edo xedapen orokorren proiektuak, baita horien aldaketak ere.

g) Foru Komunitateko Administrazioaren eskubide ekonomikoei buruzko transakzioak, judiziozkoak nahiz judizioz kanpokoak, eta aipaturiko eskubideei buruz sor daitezkeen gatazkak arbitrajepean jartzea, betiere auzigaiaren zenbatekoa berrogeita hamar milioi pezeta baino gehiagokoa bada, aipaturiko bi kasuetan. Edonola ere, kontsulta ez da nahitaezkoa izanen eskubide horiek ukitzen dituzten itun edo hitzarmenetan, prozesu konkurtsalen ondorioz sortuak direnean; hain zuzen ere, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 15. artikuluaren 2. idatz-zatiko bigarren lerrokadan aipatzen diren horietan.

h) Berrikuspen-errekurtso administratiboak.

i) Foru Komunitateko Administrazioak izapidaturiko espedienteak, baldin eta legeak nahitaez eskatzen badu organismo aholku-emaile baten irizpena; betiere, aipaturiko espedienteak honako gai hauei buruzkoak badira, besteak beste:

-Kalte-galerak ordaintzeko erreklamazioak, hogei milioi pezetatik gorakoak badira.

-Administrazioak bere kabuz berraztertzea administrazio-egintzak.

-Hirigintza-planeamenduko tresnak aldatzea, baldin eta aldaketaren xedea zonifikazio ezberdina egitea edo berdeguneen edo espazio libreen bestelako erabilera egitea bada.

-Udal dermioak aldatzeko espedienteak.

-Hitzarmen eta kontratu administratiboen interpretazioa, deuseztasuna eta amaiaraztea, kontratistak aurkako jarrera agertzen duenean.

-Kontzesio eta kontratuen aldaketak, baldin eta horien zenbatekoa, dela bakarka dela guztiak hartuta, kontratuaren esleipen prezioaren 100eko 20 baino handiagoa bada eta kontratuaren esleipen prezioa 1.000.000.000 pezetakoa edo handiagoa bada.

j) Legearen arabera, Nafarroako Kontseiluaren nahitaezko irizpena behar duen beste edozein gai.

2. Hala nahi izanez gero, honako afera hauetan eskatu ahalko da Nafarroako Kontseiluaren aholkua:

a) Foru legeen aurreproiektuak, Nafarroako Gobernuak bere Lehendakariaren bidez hala eskatzen duenean.

b) Foru legeen proiektu eta proposamenak, Nafarroako Parlamentuak bere Lehendakariaren bidez hala eskatzen duenean, Eledunen Batzarraren, Biltzarreko Mahaiaren, Parlamentuko bi talderen edo foru parlamentarien bosten baten ekimenez.

17. artikulua

18. artikulua. Beste irizpen batzuk.

Halaber, Nafarroako Kontseiluak irizpena emanen du aukerako kontsulta gisa helarazten dizkioten gai guztietan, Nafarroako Gobernuak, hala erabakita, bere Lehendakariaren bitartez, bere ekimenez edo zuzenbide publikoaren menpeko Nafarroako entitate edo organismoek eskatuta, edo Nafarroako Parlamentuak bere Lehendakariaren bitartez hala eskatzen diotenean, Eledunen Batzarraren, Biltzarreko Mahaiaren, Parlamentuko bi talderen edo foru parlamentarien bosten baten ekimenez".

IV. KAPITULUA. Funtzionamendua

19. artikulua. Irizpena eskatzea.

1. Nafarroako Gobernuko Lehendakariari eta Nafarroako Parlamentuko Lehendakariari dagokie Nafarroako Kontseiluaren irizpena eskatzea.

2. Nafarroako Gobernuko kontseilariek ere, zuzenean eska diezaiokete Nafarroako Kontseiluari nahitaezko txostena egin dezala beraien eskumeneko aferei buruz; hain zuzen, 17. artikuluko d) letrak aipatzen dituen horiei buruz.

3. Nafarroako toki entitateetako buruei eta beste korporazio, erakunde edo entitate publikoen ordezkaritza berenganatua duten organoei dagokie Nafarroako Kontseiluaren irizpena eskatzea, indarra duen legeriaren arabera nahitaezkoa den kasuetan. Eskaera hori Nafarroako Gobernuko Lehendakariaren bitartez eginen da.

20. artikulua. Abstentzioa eta arbuiatzea edo ezestea.

1. Kontseilukideek zuzeneko interes objektibo zein subjektiboa duten gaietan parte hartzeari uko egin beharko diote, administrazio prozedurari buruz indarra duen araudiarekin bat etorriz.

2. Kontseilukideak ezesteko eskaria egin dezake alde interesatuak, administrazio prozedurari buruz indarra duen legediarekin bat etorriz

21. artikulua. Erabakiak hartzea.

1. Kontseiluaren irizpen eta erabakiak baliozkoak izateko, kontseiluburuak eta idazkariak, edo legez haien ordez aritzen direnek, bilkuran egon behar dute, eta horiekin batera, gehiengo osoa osatzeko behar diren hainbat kontseilukidek, gutxienez.

2. Erabakiak hartzeko bertan dauden kontseilukide gehienen botoak beharko dira.

Berdinketarik gertatuz gero, Lehendakariaren kalitatezko botoa erabiliko da.

3. Gehiengoak hartzen duen erabakiaren aurkako iritzia dutenek idatziz azaldu ahalko dute beren boto partikularra, arrazoi eta guzti. Boto partikularra irizpenari erantsiko zaio.

22. artikulua. Epea.

Nafarroako Kontseiluak berrogeita bost egun balioduneko epean eman beharko ditu, eskuarki, eskatzen zaizkion irizpenak.

Organo eskatzaileak espedientea presakoa dela justifikatzen duen kasuetan, Kontseiluak epea hamabost egun baliodunera arte jaitsi ahalko du.

Salbuespen gisa, Kontseiluak, ebazpen arrazoitu bidez, epe orokorra luzatu ahalko du, gehienez ere hamabost egun baliodun gehiago. Aipaturiko ebazpen hori txostena eskatu duenari jakinaraziko zaio.

Nafarroako Kontseiluak irizpenik ematen ez badu adierazitako epean, izapidea beteta dagoela eta aholkua eskatu zaion gaiari buruz eragozpenik ez dagoela ulertuko da".

23. artikulua. Dokumentazioa.

Kontsulta eskaerarekin batera, aztertuko den aferaren inguruko dokumentazio osoa aurkeztu beharko da.

Kontseiluak uste badu espedientea osorik ez dagoela, kontseiluburuaren bitartez, eskatu ahalko du behar den dokumentazio osagarria ekar dezaten. Kasu horretan, irizpena emateko aurreko artikuluan ezarri epea eten eginen da, behin baino ez, betiere.

24. artikulua. Alde interesatuei entzutea.

Kontseiluaren aztergai jartzen diren aferetan interesa duten aldeei entzunaldia eman ahal zaie

Kontseiluburuak erabakiko du entzunaldia egitea, interesdunek eskatuta edo bere arioz. Edonola ere, entzunaldia emanen zaio Administrazio Publikoari, zuzeneko interesa duenean eta hala eskatzen duenean.

25. artikulua. Adituen partehartzea.

Kontseiluak aztergai jartzen zaizkion aferetan gaitasun tekniko nabarmena duten erakunde, entitate edo adituen partehartzea eskatu ahalko du, txostena egin dezaten. Kasu horietan, Kontseiluaren azken irizpenean adierazi beharko da zehazki zer eskatu zaien eta txosten hura irizpenarekin batera aurkeztuko da.

26. artikulua. Oroit-idazkia

Kontseiluak urtero oroit-idazkia prestatu eta Nafarroako Parlamentuari eta Nafarroako Gobernuari igorriko dio. Bertan, aurreko ekitaldiko jarduna azaldu eta jarduketa juridiko-administratiboa hobetzeko egoki juzgatzen dituen iradokizunak aurkeztuko ditu.

V. KAPITULUA. Araubide juridikoa, ekonomia- eta finantza-araubidea eta langileak

27. artikulua. Araubide juridikoa.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari aplikatzekoa den araubide juridiko bera ezarriko zaio Nafarroako Kontseiluari, kontratazioari, erantzukizunari eta administrazio- edo barne-araubidekoak diren gainontzeko arloei dagokienez.

2. Nafarroako Kontseiluari dagokio bere antolamendu- eta jardun- erregelamenduaren proposamena onestea. Nafarroako Gobernuari dagokio erregelamendu hori onestea, foru lege honetako printzipioekin bat etorriz.

28. artikulua. Ekonomia- eta finantza-araubidea.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari ezar dakiokeen ekonomia- eta finantza-araubidearen menpe egonen da Nafarroako Kontseilua.

2. Nafarroako Kontseiluak bere aurrekontuaren aurreproiektua prestatuko du, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuan sar dezaten, programa independente gisa.

3. Nafarroako Kontseilua, antolamendu eta funtzionamendu independentzia badu ere, Foru Komunitateko Administrazioaren ekonomia eta aurrekontu kudeaketari buruzko arau orokorren menpe egonen da.

Era berean, ekonomiaren eta aurrekontuen mailako haren jarduketak Nafarroako Ogasunaren Kontu-hartzailetzaren menpe egonen dira.

29. artikulua. Langileak.

Nafarroako Kontseiluaren zerbitzuko langileak merezimendu eta gaitasunaren printzipioen arabera hautatuko dira. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei ezar dakiekeen legedia bera ezarriko zaie.

Lehen Xedapen Gehigarria

1. Foru Lege honek indarra hartu eta hurrengo hilabetearen barruan, Nafarroako Parlamentuak eta Nafarroako Gobernuak Nafarroako Gobernuko Lehendakariari bidaliko dizkiote dagozkien Nafarroako Kontseiluko kideak izendatzeko proposamena.

2. Kontseilukideak postuaz jabetu eta hurrengo hilabetearen barruan eratuko da Kontseilua.

Bigarren Xedapen Gehigarria

Nafarroako Kontseilua langileez eta gauza- baliabideez hornitzen den bitartean, Nafarroako Gobernuak jarriko ditu Kontseiluak behar bezala funtzionatzeko baliabide egokiak.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Nafarroako Kontseiluaren funtzionamendurako behar diren kredituak prestatuko ditu Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kontseiluak bere programa izan arte Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

Laugarren Xedapen Gehigarria

Lehen Xedapen Iragankorra

Foru Lege honek indarra hartu aurretik Estatuko Kontseilura nahitaezko irizpena jasotzeko igorriak diren espedienteen izapidatzea hasitako bideari segituz eginen da.

Bigarren Xedapen Iragankorra

Legeen arabera nahitaezko irizpena Estatuko Kontseilutik hartu beharra izanik, Foru Lege honek indarra hartzen duenerako hasiak diren espedienteak Nafarroako Kontseiluari igorriko zaizkio.

Azken Xedapenetan Lehena

Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari Foru Lege hau garatu eta betetzeko behar diren arauak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Lege honek 1999ko urriaren 1ean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa