(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

43/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 9koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa arautzen duena

 

(2010eko 105. NAOn argitaratua, abuztuaren 30ean)

Atarikoa

Administrazio publikoek elkarri lagundu beharra bide ezberdinetatik gauza daiteke. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 87.2 artikuluak aurreikusten du legeetan jasota dauden lankidetza, koordinazio eta elkarlanerako baliabide eta teknikak erabiltzea, elkarlanaren eta leialtasun instituzionalaren printzipioei jarraikiz. Lankidetzarako bideen askatasunaren printzipiotik haratago, esperientziak erakutsi du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta beste administrazio publiko batzuek elkarri laguntzeko harremanak ezartzeko tresna erabilgarrienak lankidetza hitzarmen eta itunak direla.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Lege berak 92. artikuluan Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa sortu zuen, hitzarmenen eta itunen publikotasun, gardentasun eta kontrolerako tresna gisa. Agindu horrek berak ezartzen du geroko erregelamendu batek erregistroaren araubide juridikoa, funtzionamendua eta atxikipen organikoa finkatuko dituela.

Berariazko lege igorpen horrek justifikatzen du Hitzarmenen eta Itunen Erregistroaren erregelamenduzko arauketa publikotasunaren eta gardentasunaren printzipioetan oinarrituta egitea, horiek baitira administrazio jarduera guztien printzipioak, baita erregistroaren beraren sorrerakoak ere, administrazioak hitzarmenen arloan duen jardueraren arrazionalizazio eta kontrolerako baliabide gisa. Erregistroak egin dezakeen kontrol lanak izenpetuko diren hitzarmen eta itunen eraginkortasuna eta eragimena handituko du, zalantzarik gabe. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak hitzarmenen arloan duen jarduera erregistratzeak une bakoitzean indarra duten hitzarmen eta itunak ezagutzeko balioko du. Horrekin, idazpen berriak egiten direnean kontraesanak eta bikoiztasunak saihestuko dira. Gainera, hitzarmenek eta itunek indarra duten bitartean eta iraungitzen direnean gertatzen diren aldaketak, etendurak, luzapenak eta gainerako inguruabarrak islatzeko balioko du. Are gehiago, haien ondoriozko konpromisoak edo eskubideak noiz baliatu behar diren zehazteko balio dezake. Gainera, foru dekretu honen asmoa da sinatzen diren hitzarmen eta itunei neurri bateko homogeneotasun bat ematea, definizio eta tipologia bat ezarriz, haiei ematen zaizkien izen ezberdinak murrizteko asmoz. Horrez gainera, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariaren bidez, jende guztiaren eskura izanen diren datuak finkatuko dira.

Helburuak horiek direla, foru dekretu honek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistroaren antolamendua, funtzionamendua eta kontsulta arautzen ditu, hamaika artikulutan (bost kapitulutan bilduak), bi xedapen iragankorretan eta bi azken xedapenetan.

I. kapituluan xedapen orokorrak jasotzen dira, non erregistroan inskriba daitezkeen hitzarmen eta itunak definitu, sailkatu eta zehazten baitira.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezartzen du Hitzarmenen eta Itunen Erregistroan Foru Komunitateko Administrazioak berak edo bere erakunde publikoek beste edozein administrazio edo entitate publikorekin sinatzen dituzten hitzarmen eta itunak, bederen, inskribatuko direla. Foru dekretu honek lege aurreikuspen hori garatzen du, bi aldetatik. Batetik, entitate publikoa zer den zehazten du, inskriba daitezkeen hitzarmen eta itunak zeintzuk diren finkatzearen ondorioetarako. Zehazki, ezartzen da honako hauek inskribatu behar direla: lurraldeko administrazio publikoekin eta beren erakunde publikoekin izenpetzen dituztenak, organo konstituzionalekin eta estatutu-organoekin sinatzen direnak eta, azkenik, beste estatu batzuetako entitate publikoekin edo nazioarteko erakundeekin hitzartzen direnak.

Beste alde batetik, inskriba daitezkeen hitzarmenen eremu subjektiboa handitzen da, entitate edo pertsona pribatuekin izenpetzen direnak ere sartzen baitira. Partikularrekin sinatzen diren hitzarmen horien inskripzioa bereziki beharrezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jardunaren gainean izan litekeen partzialtasun edo bereizkeria izpirik txikiena ere uxatzeko.

Bazter uzten dira, hala ere, berariazko araudi sektoriala duten hitzarmenak, arau horietan erregistro honen helburuak bermatzen badira. Horregatik, erregistrotik kanpo gelditzen dira Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoa, kudeaketa esleipenak egiteko hitzarmenak, hirigintzako hitzarmenak, diru-laguntzak arautzeko hitzarmenak eta Segurtasun Batzordearen hitzarmenak.

II. kapituluan erregistroaren atxikipena eta antolaketa arautzen dira. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroaren antolaketa, zuzendaritza eta kontrola erakunde-harremanen arloan eskumena duen zuzendari nagusiari esleitzen zaizkio. Erregistroaren antolaketari dagokionez, hitzarmena edo ituna izenpetzen duten erakundeek beren atalak egituratzeko duten irizpidea erabiltzen da.

Foru dekretuaren III. kapituluan Erregistroan inskripzioak egiteko prozedura arautzen da. Hitzarmena edo ituna sinatu aurretik, indarra dutenak ez bikoizteko, erregistroaren ardura duen zuzendaritza nagusiari aginduzko txosten bat eskatzea aurreikusten da, izenpetu nahi den hitzarmen edo itunaren eduki edo xede berdina duen edo inskripzioagatik ukitua izan daitekeen beste hitzarmen edo itun bat indarrean ba ote dagoen jakiteko. Txosten hori aukerakoa da eta ez da lotzailea, baina sinatzearen kontrakoa baldin bada, organo, erakunde edo entitate sustatzaileak espedientean adierazi beharko ditu txostenetik aldentzeko arrazoiak eta berariaz justifikatu beharko du indarreko beste hitzarmen edo itun batzuekin bikoiztasunik ez dagoela.

Inskribatzeko prozedurari berari dagokionez, hitzarmena edo ituna sustatu duen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiak izanen du inskripzioa sustatzeko beharra, Hitzarmenen eta Itunen Erregistroari haren kopia bat eta hura onetsi edo baimendu zuen egintza juridikoaren kopia bat bidaliz. Dena dela, sinatzaileak erakunde publikoak edo kudeaketarako erakunde pertsonifikatuak direnean, betebehar hori kasuan kasuko idazkaritzak izanen du. Bidalitako dokumentazioa ikusirik, Erregistroko inskripzioa egiteko orri bat irekiko da hitzarmen edo itun bakoitzeko. Inskripzioa elektronika bidez baliozkotuko da eta alderdi sinatzaileei jakinaraziko zaie.

Erregistroaren publikotasuna eta kontsulta IV. kapituluan arautzen dira. Abiapuntua da erregistroa publikoa eta doakoa dela. Inskribatutako hitzarmen eta itunetako daturik esanguratsuenak telematika bidez kontsultatzeko aukera egonen da. Bestalde, 8. artikuluan aipatzen diren organo eta pertsona legeztatuei Erregistroa kontsultatzeko aukera bermatzen zaie. Era berean, subjektu horiek Erregistroko idazpenen edo agirien ziurtapenak edo kopia bakunak eskatu eta lortzeko aukera aurreikusten da.

Foru dekretuaren V. kapituluak hitzarmenen eta itunen kontrola eta segimendua arautzen ditu. Nafarroako Foru Komunitateko idazkaritza tekniko nagusiei eginkizunak esleitu zizkion otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuari jarraikiz, hitzarmen eta itunen jatorrizko agiria artxibatu eta gordetzea haiei esleitzen zaie, edo bestela, erakunde publikoetan edo kudeaketarako erakunde pertsonalizatuetan, idazkaritza lanak egiten dituztenei. Organo horiek Erregistroari jakinarazi beharko diote hitzarmenetan edo itunetan gertatzen diren aldaketa edo gorabehera guztien berri, Erregistroan inskriba daitezen. Eskumen horiek galarazi gabe, Erregistroaren ardura duen zuzendaritza nagusiari gaikuntza ematen zaio hitzarmenen edo itunen indarraldiari edo haien edukiari buruzko informazioa eskatzeko, Erregistroa eguneraturik izateko.

Azkenik, xedapen iragankorretan foru dekretu honek indarra hartzen duenean sinatuak dauden edo tramitazio bidean dauden hitzarmen edo itunak inskribatzeko aplikatu beharreko araubidea ezartzen da.

Horrenbestez, Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunak proposatuta, Nafarroako Kontseiluarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2010eko abuztuaren 9an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, dekretatu dut:

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroaren antolaketa, funtzionamendua eta kontsulta arautzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek hitzarmenen arloan duten jardunaren publikotasuna, gardentasuna eta kontrola bermatzeko baliabide gisa.

2. artikulua. Hitzarmenen arloko jarduna eta tipologia.

1. Foru agindu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hitzarmenen arloko jarduna da borondateen arteko akordio bat, kontratu publikoen arloko legediari lotuta ez dagoena, interes komuneko helburuak lortzearren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde autonomoek beste administrazio publiko batzuekin, Estatuko botereekin eta, oro har, pertsona fisiko edo juridiko publiko edo pribatuekin izenpetzen dutena. Jardun hori edozein arlori buruzkoa izan daiteke, indarreko araudia errespetatuz eta Nafarroako Foru Komunitateak bereganatu dituen eskumenen esparruaren barrenean.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako hitzarmenen arloko jarduna formalizatzeko baliabideek hauetako izen bat izanen dute:

a) Protokolo orokorrak: interes komuneko aferetan, administrazio publiko bakoitzaren jarduketaren gainean orientabide batzuk ezartzera mugatzen direnak, edo sinatzaileen intereserako gai batean edo haien eskumeneko arlo batean elkarlana garatzeko esparru orokorra eta metodologia finkatzera.

b) Lankidetza hitzarmenak: hitzarmenaren gorputzean berean edo gehigarri edo eranskinetan, alderdi bakoitzaren betebehar zehatzak eta ongi mugatuak, zuzenean eta berehalakoan galdagarriak, ezartzen dituztenak.

c) Lankidetzarako esparru-hitzarmenak: alderdi sinatzaileei betebehar juridikoak sortzen ahal dizkietenak, baina, eraginkorrak izateko, hitzarmen edo itun berariazkoak formalizatzea eskatzen dutenak espresuki. Hitzarmen edo itun berariazko horietan betebeharrak zehaztuko dira, esparru-hitzarmenetan finkatutako edukia eta mugak errespetatuz.

d) Lankidetzarako hitzarmen berariazkoak: esparru-hitzarmenak garatzea helburu dutenak, betebehar zehatzak, eta zuzenean galdagarriak, finkatuz.

e) Sektoreko batzarraren hitzarmenak: sektoreko batzar baten barruan hartutako akordioak arautzen dituztenak. Horien barruan daude sektoreko batzarrek, nork bere sektorearen eremuan, hartutakoak, jarduketa plan edo programa bateratu baten akordioak osatzeko helburua dutenak.

f) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 93. artikuluan aipatzen diren elkarrekin jarduteko planak.

g) Estatuarekiko eta autonomia erkidegoekiko lankidetza hitzarmen eta itunak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 89. artikuluan aipatzen direnak. Eta orobat toki entitateekiko lankidetza hitzarmenak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 63. artikuluan aurreikusita daudenak.

h) Beste herrialde batzuetako erakunde publikoekin sinatzen diren lankidetza itunak, kanpoko proiekzioari buruzkoak, mugaz gaindiko eskualde arteko lankidetzari buruzkoak eta garapenerako laguntzari buruzkoak.

3. Dena dela, Estatuko administrazio orokorrarekin edo autonomia erkidegoekin, organo konstituzionalekin edo estatutu-organoekin eta beste estatu batzuetako entitate publikoekin edo nazioarteko erakundeekin izenpetzen diren lankidetza hitzarmen edo itunetan, aurreko idatz-zatian ezarritako izenetako bat jartzerik ez badago, sinatzaileen artean aukeratutako beste izen bat jartzen ahalko zaio.

3. artikulua. Inskriba daitezkeen hitzarmen eta itunak.

1. Hitzarmen eta Itunen Erregistroan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak honako hauekin izenpetzen dituen hitzarmen eta itunak inskribatuko dira: Estatuko administrazio orokorra, autonomia erkidegoak, toki entitateak, administrazio horien menpeko edo haiei lotutako erakunde publikoak, organo konstituzional eta estatutu-organoak, beste estatu batzuetako entitate publikoak edo nazioarteko erakundeak eta beste edozein entitate edo pertsona fisiko edo juridiko, bai zuzenbide publikokoak, baita zuzenbide pribatukoak ere.

Erregistroan inskribatuko dira, orobat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen partzuergoek edo baterako sozietate publikoek aurreko paragrafoan adierazitako entitate eta pertsonekin izenpetzen dituzten hitzarmenak.

2. Ondoko hauek ez dira Hitzarmenen eta Itunen Erregistroan inskribatu behar, ez eta kontratu publikoei buruzko legediaren menpe daudenak ere, berariazko araudia dutelako:

a) Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoa.

b) Kudeaketa esleipenak egiteko hitzarmenak.

c) Hirigintzako hitzarmenak.

d) Segurtasun Batzordearen hitzarmenak.

e) Diru-laguntzak arautzeko hitzarmenak.

II. KAPITULUA. Erregistroaren atxikipena eta antolaketa

4. artikulua. Atxikipena.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroaren antolaketa, zuzendaritza eta kontrola erakunde-harremanen arloan eskumena duen zuzendari nagusiari dagokio.

5. artikulua. Erregistroaren antolaketa.

Nafarroako Foru Komunitateko Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa atal hauetan egituratzen da:

a) Lehenengo atala: Estatuko administrazio orokorrarekin eta haren erakunde publikoekin edo Estatuari lotutako edo haren menpeko gainerako entitate publikoekin sinatutako hitzarmen eta itunak.

b) Bigarren atala: autonomia erkidegoekin, haien erakunde publikoekin edo haiei lotutako edo haien menpeko gainerako entitate publikoekin sinatutako hitzarmen eta itunak.

c) Hirugarren atala: toki entitateekin sinatutako hitzarmen eta itunak.

d) Laugarren atala: Estatuko organo konstituzionalekin eta autonomia erkidegoetako estatutu-organoekin sinatutako hitzarmen eta itunak.

e) Bosgarren atala: beste estatu batzuekin edo beste estatu batzuetako eskualdeekin, haiei lotutako edo haien menpeko erakunde edo entitateekin eta nazioarteko erakundeekin sinatutako hitzarmen eta itunak.

f) Seigarren atala: beste hitzarmen eta itun batzuk.

III. KAPITULUA. Erregistroan inskribatzeko prozedura

6. artikulua. Aurretiko jarduketak.

1. Hitzarmen edo itunak tramitatu aurretik, hura sustatzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoak, erakunde publikoak edo lotutako entitateak hitzarmenaren edo itunaren edukiari buruzko txostena eska diezaioke Hitzarmenen eta Itunen Erregistroari, sinatuak egonik indarrean dauden beste batzuekin bikoiztasunak saihestearen ondorioetarako bakar-bakarrik.

2. Txosten hori aukerakoa eta ez-lotzailea izanen da. Nolanahi ere, txostena kontrakoa bada, organo, erakunde edo entitate sustatzaileak idazpena justifikatzen duten arrazoiak erantsi beharko dizkio espedienteari, hala nola indarrean dauden beste hitzarmen edo itunekin bikoiztasunik ez dagoela adierazteko agiria.

3. Txostena 10 egun baliodunetan eginen da, hitzarmenaren edo itunaren proiektua jasotzen denetik. Txostena epe horretan egiten ez bada, aldekoa dela ulertuko da, eta hitzarmena edo akordioa sinatzeko jarduketek aurrera segitzen ahalko dute.

7. artikulua. Inskripzioa.

1. Hitzarmena edo ituna sustatu duen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiak edo, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako erakunde edo entitateen kasuan, idazkaritza lanak egiten dituenak, hitzarmena edo ituna sinatzen denetik 15 egun balioduneko epean, haren kopia bat igorriko beharko du Hitzarmenen eta Itunen Erregistrora, hura onetsi edo baimendu zuen administrazio egintzaren kopia batekin batera. Horrez gainera, foru dekretu honen 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, telematika bidez kontsulta daitezkeen datuen fitxa igorri beharko du.

2. Erregistroaren ardura duen zuzendaritza nagusiak aurkezten den dokumentazioa aztertuko du eta, beharrezkoa bada, inskripzioa egiteko falta diren datuak eskatuko ditu.

3. Inskripzioa hitzarmen edo itun bakoitzerako orri bat irekiz gauzatuko da, non aurkeztutako dokumentazioa jasoko den.

4. Erregistroko arduradunak inskripzioa elektronika bidez baliozkotuko du, eta hitzarmen eta itun bakoitzari zenbaki korrelatibo bat emanen zaio, atal bakoitzean. Urtero zerotik hasiko da.

5. Hitzarmen edo itun bakoitzari dagokion erregistro zenbakia alderdi sinatzaileei jakinaraziko zaie.

IV. KAPITULUA. Erregistroaren publikotasuna eta kontsulta

8. artikulua. Erregistroaren publikotasuna eta kontsulta.

1. Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa publikoa da eta haren kontsulta telematikoa edo presentziala doakoa, artikulu honetan ezarritakoari jarraikiz.

2. Erregistroan inskribaturik dauden hitzarmen eta itunez gainera, horietako bakoitzari dagozkion datu hauek ere kontsultatzen ahalko dira telematika bidez, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian:

a) Hitzarmenaren edo itunaren alderdi sinatzaileak, horien ordezkariak eta ordezkaritza horren izaera.

b) Hitzarmenaren edo itunaren helburua, eta kasua bada, konprometitutako jarduerak, horien ardura duten organoak eta finantzaketa.

c) Indarraldia eta indarrean izateko baldintzak.

d) Halakorik egin bada, hitzarmena edo ituna argitaratzeko tokia.

3. Erregistroko datuak honako hauen eskura egonen dira:

a) Nafarroako Foru Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzarra eta foru parlamentarioak, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarrita dagoen bezala.

b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoak eta hari lotutako gainerako entitateak, bakoitzari dagozkion helburuetarako.

c) Herritar interesdunak. Erregistroko datuak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz kontsultatzen ahalko dituzte.

d) Justiziako Administrazioko agintari eta organoak, aplikagarria den araudiari jarraikiz.

4. Kontsultarako eskaerak arrazoi bidezkoak izanen dira eta kontsultatu nahi diren datuak zehaztu beharko dira. Ezinezkoa da erregistroan inskribatutako hitzarmen edo itun guztiak batera kontsultatzeko eskaera orokorrik egitea. Salbuespen gisa, horrelako eskaerak aztertzen ahalko dira, baina ez nahitaez.

5. Erregistroko arduradunak erraztasunak emanen ditu erregistroko datuak lehenbailehen kontsultatzeko, 15 egun balioduneko epean gehienez. Eskaera ukatzen bada, eskatzaileari jakinarazi beharko zaizkio erregistroko datuak kontsultatzeko ukoaren arrazoiak.

9. artikulua. Ziurtapenak eta kopiak luzatzea.

1. Aurreko artikuluan aipatutako subjektuek zilegi dute Hitzarmenen eta Itunen Erregistroko idazpenen eta agirien ziurtapenak eta kopia bakunak eskatzea, baita hitzarmenak edo itunak sinatzen dituzten alderdiek ere.

2. Eskaerak aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz egin eta ebatziko dira.

3. Ziurtapenak egin eta kopiak luzatzea erakunde-harremanen arloan eskumena duen departamentuko idazkari tekniko nagusiari dagozkio.

4. Ziurtapenean idazpenaren datu guztiak jasoko dira. Ziurtagiria orriaren kopia ziurtatu gisa ere luza daiteke.

V. KAPITULUA. Kontrola eta jarraipena

10. artikulua. Hitzarmenen kontrol eta jarraipena.

1. Hitzarmena edo ituna formalizatzeko agiria artxibatu eta gordetzea departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiei dagokie edo, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei lotutako erakunde publiko edo entitateen kasuan, haietan idazkaritza lanak egiten dituztenei.

2. Aurreko idatz-zatian aipatutako organoek erregistroari jakinarazi beharko dizkiote inskribatutako hitzarmen edo itunetan gertatzen diren aldaketa eta gorabehera guztiak, aldaketen, gehigarrien edo luzapenen eta itun berariazko edo osagarrien kopia konpultsatu bat igorriz, hori gertatu eta 15 egun balioduneko epean. Berdin jokatuko da bukaera iragartzeko egintzekin eta hitzarmenak indargabetzeko akordioekin.

3. Aurreko idatz-zatian aipatutako aldaketa eta gorabeherak erregistroan jasoko dira.

11. artikulua. Hitzarmenen Erregistroa eguneratzea.

Aurreko artikuluan ezarritako erantzukizunak galarazi gabe, Erregistroa behar bezala eguneraturik izateko, haren ardura duen zuzendaritza nagusiak hitzarmenen eta itunen indarraldiari buruzko edo haien edukiari buruzko informazioa noiznahi eska dezake.

Lehenengo Xedapen Iragankorra. Tramitatzen ari diren hitzarmen eta itunak.

Foru dekretu honek indarra hartzean tramitatzen ari diren hitzarmen eta itunak hemen xedatutakoari egokitu beharko zaizkio.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Foru dekretu honen aurretik izenpetutako hitzarmen eta itunen inskripzioa.

1. Foru dekretu honek indarra hartu eta sei hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak indarra hartu zuenetik izenpetutako hitzarmen eta itun guztiak Erregistroan inskribatu behar dira. Horiez gainera, urtebeteko epean, lehenago sinatu ziren hitzarmenak ere inskribatu beharko dira, indarrean segitzen badute.

2. Horretarako, departamentuetako idazkaritza teknikoek edo, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei lotutako erakunde publiko edo entitateen kasuan, haietan idazkaritza lanak egiten dituztenek foru dekretu honek indarra hartzen duenetik hiru hilabeteko epea izanen dute aurreko idatz-zatian aipatutako hitzarmen eta itunak 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz inskribatzeko.

Azken Xedapenetan Lehena. Garatzeko eta betearazteko gaikuntza.

Ahalmena ematen zaio Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari eta Gobernuaren eledunari foru dekretu hau garatu eta betearazteko beharrezkoak diren xedapenak eman ditzan.

Azken Xedapenetan Bigarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa