(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

39/2005 Foru Dekretua, Nafarroako Gobernuaren jardunbideari buruzkoa

 

(2005eko 25. NAOn argitaratutako testua, otsailaren 28an)

Atarikoa

Nafarroako Gobernuari eta bere lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak arautzen du Lehen Tituluko III. Kapituluko 3. artikuluan eta hurrengoetan, Nafarroako Gobernuaren jardunbidea. Haren erabakiek bere borondatearen adierazpen bateratua osatzen dute, foru legeak berak azalpen aldeko 3.ean eta 10. artikuluan jartzen duen bezala.

2005eko martxoaren 1ean Nafarroako Gobernuari eta bere lehendakariari buruzko Foru Legeak indar hartzeak, azken xedapenetako 4.ean ezarritakoaren arabera, Nafarroako Gobernuaren jardunbidea foru lege berriaren eskakizunetara egokitu beharra dakar; beraz, indargabetu egin baita hura, beste bat behar da Nafarroako Gobernuaren Barne Araubideari buruzko Erregelamenduaren ordez.

Horiek horrela, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko otsailaren hogeita lauan egindako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat, dekretatu dut:

1. artikulua. Bilkurak.

1. Nafarroako Gobernuak aldian-aldian izanen ditu bilkurak, lehendakariak aldez aurretik haietara dei eginik. Bilkura-deiari gai-zerrenda erantsiko zaio.

2. Nafarroako Gobernuak bilkura egin dezake lehendakariak erabakirik edo arrazoi larriak direnean, eguneko gai-zerrendarik bidali beharrik gabe.

3. Kontseilariak beharturik daude Nafarroako Gobernuaren bilkuretara agertzera, arrazoi justifikatua salbu.

4. Gobernuko lehendakariak zilegi du bere eledunari, kontseilaria ez bada, bilkuretan egoteko baimena ematea, eta, kasu horretan, behartua da, Gobernuko gainerako kideak bezala, sekretua gordetzera.

5. Aferak bideratzean, lehendakariak, kontseilariek eskaturik edo bere burutik, eman dezake baimena kontseilariak ez diren beste pertsona batzuk bertan egon daitezen, eta, kasu horretan, Gobernuko kideak bezalaxe daude behartuak sekretua gordetzera.

2. artikulua. Deialdia eta gai-zerrenda.

1. Lehendakariak bilkura noiz eta non eginen den adierazi behar du deialdian.

Deialdiari aurreko bilkurako akta eta gai-zerrendako gorabeherak gehituko zaizkio, eta zilegi da bide telematikoz bidaltzea.

2. Gobernuko kideek lehendakariari gai-zerrendan sartzeko igortzen dizkioten gaiak Gobernuaren Idazkaritzara bidali behar dira aldez aurretik.

3. Gai-zerrendak, deialdian sartuko baita, honako atalak izanen ditu, nahiz eta lehendakariak baduen ahalmena edozein unetan egitura edo edukia aldatzeko:

a) Egoera politikoaren azterketa.

b) Xedapen arau-emaileak.

c) Afera administratiboak.

d) Beste afera batzuk.

4. Lehendakariak badu ahalmena edozein unetan gai-zerrenda aldatzeko.

5. Gobernuaren Idazkaritzak igorriko die deialdiarekin batera Nafarroako Gobernuko kideei gai-zerrenda, hari baitagokio artxibatzea eta zaintzea.

3. artikulua. Bilkuren nondik norakoa.

1. Lehendakariak eztabaidak zuzendu eta antolatuko ditu, eta aferak bideratuko, eta egoki iruditzen zaionean eten eta bukatutzat emanen ditu bilkurak.

2. Lehendakariak eten egiten badu bilkura, zehaztuko du zer ordutan izanen duen jarraipena, eta ondorio guztietarako bilkura bera eta bakarra dela kontsideratuko da.

4. artikulua. Kontseilari idazkaria.

1. Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria izanen da Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkaria.

2. Kontseilari idazkaria falta denean, hil denean edo gaixorik dagoenean, Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatzen duen kontseilariak hartuko du haren lekua, edo inor izendatu ezean, kontseilarietan gazteenak.

5. artikulua. Erabakiak nola hartzen diren.

1. Nafarroako Gobernuak baliozko erabakiak hartu ahal izateko, ezinbestekoa da bilkuran lehendakaria edo legez haren ordezko dena egotea, eta gutxienez kontseilarien erdiak. Erabakiak bertan direnen gehiengoz erabakiko dira, eta berdinketa kasuan lehendakariaren botoa erabakigarria izanen da.

2. Nafarroako Gobernuak hartutako erabakien ziurtapena kontseilari idazkariari dagokio, eta Gobernuaren Idazkaritzak eginen ditu.

3. Nafarroako Gobernuaren jarduketak, baldin eta bidali behar badira Nafarroako Parlamentura edo Nafarroako Aldizkari Ofizialera argitaratzeko, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari dagokio bidaltzea.

6. artikulua. Abstentzioa.

1. Nafarroako Gobernuko kideak gaiaz arduratzetik abstenitu eginen dira, baldin eta beren jarduera pribatuetan, kasuan kasuko gaiaren inguruan parte hartu badute edo hartzen badute. Gauza bera eginen dute gaiak enpresa edo sozietate bat ukitzen badu eta hartan parte hartu badute edo parte hartzen badute, dela zuzendaritza taldean, aholkularitzakoan, ordezkari gisa, administrazio taldean edo kapital sozialean diru-ekarle gisa. Arauak berdin balio du parte hartu dutenak beraiek ez baizik eta ezkontideak edo maitasun-harreman antzekoaren bidez lotuta dauden pertsonak direnean, baita odolkidetasuneko laugarren mailara bitarteko ahaideak edo ezkontza bidezko bigarren mailara bitarteko ahaideak direnean ere.

2. Abstentziorako arrazoiak izanen dira, orobat, araubide juridikoaren eta administrazio-prozeduraren oinarrizko legerian ezarritakoak.

3. Nafarroako Gobernuak onetsi edo ebatzi beharreko gai zehatz baterako proposamena egitea dagokion departamentuko titularraren abstentzioaren kasuan, kontseilari horren lekua Gobernuko kontseilari idazkariak hartuko du proposamen hori egiteko, eta abstentzioa egin duena horixe bera baldin bada, karguan antzinatasun handiena duen kontseilariak hartuko du haren lekua. Antzinatasunean berdinak badira, zaharrenak. Abstentzioa idatziz aurkeztuko zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari, Gobernuko kontseilari idazkariaren bitartez, behar den bezala adierazi eta jaso dadin. Eta hark Gobernuko lehendakariaren foru dekretuz erabakiko du zer den bidezko.

7. artikulua. Bai eztabaidak bai dokumentazioa isilpekoak izanen dira.

1. Nafarroako Gobernuaren eztabaidak isilpekoak dira, sekretuak, eta Gobernuko kide guztiak daude sekretuari eustera behartuak, baita kargua utzi eta gero ere.

2. Nafarroako Gobernuak aztertzeko aurkezten den dokumentazioa ere sekretua da, harik eta gobernuak jendaurrera ateratzea erabakitzen duen arte.

8. artikulua. Nafarroako Gobernuaren erabakien formalizazioa.

1. Legegintzako foru dekretuei eta foru dekretuei numerazio banatua esleituko zaie, eta Nafarroako Gobernuko lehendakariak sinatuko ditu, baita proposamen hori egiteko eskumena duen kontseilariak ere.

2. Nafarroako Gobernuaren erabakiak idazkari kontseilariak sinatuko ditu.

9. artikulua. Liburuak.

Legegintzako foru dekretuekin eta foru dekretu soilekin liburuak osatuko dira, eta honako izen hauek izanen dituzte: "Nafarroako Gobernuaren legegintzako foru dekretuen liburua" eta "Nafarroako Gobernuaren foru dekretuen liburua", hurrenez hurren, eta Gobernuaren Idazkaritzari dagokio haien zaintza.

10. artikulua. Aktak egitea eta formalizazioa.

1. Gobernuko kontseilari idazkariak Nafarroako Gobernuaren bilkuren akta eginen du. Aktan, bilkura noiz eta non egin den eta nor zegoen adierazteaz gain, hartutako erabakiak agertuko dira.

2. Aktak hurrengo bilkuran aurkeztuko dira, ontzat emateko, salbu eta bilkuran berean onartzea erabakitzen bada, eta Nafarroako Gobernuko kontseilari idazkariak eta lehendakariak sinatuko dituzte.

3. Aktekin "Nafarroako Gobernuaren akta-liburu" bat osatuko da eta Gobernuaren Idazkaritzari zaintzapean geldituko da.

11. artikulua. Azken aktaren onarpena.

Nafarroako Gobernuak, bere jarduna utzi aurretik, bilkura bat eginen du egindako azken bilkuraren akta onartzeari buruz hartu beharreko erabakia hartzeko.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru dekretu honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta berezik Nafarroako Gobernuaren Barne Araubideari buruzko maiatzaren 7ko 35/1984 Foru Dekretua.

Azken Xedapenetariko Lehena. Araugintzarako ahalmena.

Ahalmena ematen zaio Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Azken Xedapenetariko Bigarrena. Indar hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 2005eko martxoaren 1ean hartuko du indarra.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa