(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

195/1993 Foru Dekretua, ekainaren 21ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek euskarazko ikastaroak egiteko, ordu eta diru konpentsazioak eguneratzen dituena

 

(1993ko 84. NAOn argitaratutako testua, uztailaren 9an)

Atarikoa

Lehendakaritza Idazkari Nagusiak 1988.eko ekainaren 9an eman Ebazpenaren bidez, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen euskalduntzea sustatzeko ekintzak burutzeko behar ziren neurriak onetsi ziren behin-behinekoz. Haren barnean, erakunde sindikalekin erdietsiriko akordioak gauzatuz, ordu eta diru konpentsazioak ezarri ziren euskarazko ikastaroak egin ahal izateko.

Geroago, Hizkuntz Politikarako Zuzendaritza Nagusia sortu eta berak prozesu hori gauzatzea bere gain hartu ondoan, ekintza horiei zuzenketak eginez eta diren beharrei egokituz joan dira.

1992.eko otsailaren 27an erakunde sindikalekin sinaturiko akordioek langileen euskalduntzea sustatzeko gaurko ekintzei eustea jasotzen duela eta urte hauetan hartutako eskarmentua kontutan harturik, bidezko da behar den arauteria ematea, ekintza horien ondoriozko ordu eta diru konpentsazioak eta hauek baimentzeko Departamentu eta erakunde autonomo bakoitzak duen eskumena biltzeko, ekainaren 19ko 121/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen opor, lizentzia eta baimenei buruzko Erregelamenduak ezarritakoaren ildotik.

Hori horrela, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritza Kontseilariak proposaturik, eta mila bederatziehun eta lauretan hogeita hamahiruko ekainaren hogeita batean egin bilkuran harturiko erabakiari jarraikiz, dekretatu dut:

1. artikulua

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileek euskarazko ikastaroak egiteko, ordu eta diru konpentsazioak Foru Dekretu honen Eraskinean zehazten direnak dira.

2. artikulua

Ekainaren 19ko 121/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatuari jarraikiz, kasu bakoitzean oporrak, lizentziak eta baimenak emateko esku duen organo berari dagokio Eraskinean biltzen diren baimen ordainduak emateko eskumena, beti ere zerbitzuko betebeharrak begiratzen badira eta, langilea ordezkatu behar denekoetan, aurrekontuetan diren kontsignazioen baldintzapean.

Baimen hauek emateko, lehentasuna izanen dute destinoagatik edo lanpostuaren ezaugarriengatik, ikastaroetara joateko behar haundiagoa duten langileek, bereziki iraupen luzeko ikastaro trinkoak egiteko badira.

3. artikulua

Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari dagokio Eraskinean biltzen diren diru konpentsazioak onartu eta ordaintzeko eskumena, aurrekontuetako kontusailetan kasuan kasuan den kontsignazioaren barnean.

4. artikulua

Foru Komunitateko Administrazioak nahiz bertzelako entitateek antolatuak izan, Eraskinean biltzen diren euskarazko ikastaroak egiteko baimenak berarekin dakar haietara joatea. Administrazioak bere esku izanen du asistentzia eta probetxamenduaren kontrola, eta baldintza horiek betetzen ez badira bertan behera uzten ahalko du joateko baimena.

5. artikulua

Oro har, euskararen inguruan Foru Dekretu honek aipatzen dituen prestakuntza ekintzetariko batean parte hartzen duten langileei eskatzen ahalko zaie beren eginkizunak hizkuntza horretan bete ditzaten, beti ere atxikirik dagoen Departamentuaren beharren arabera eta kontutan harturik bai buruturiko ikastaro mota, bai lortutako ezagupen maila ere. Horren ondorioz ez da inola ere lanpostu aldaketarik ez bizitokitik lekutzea lekarkeen nahitaezko lekualdatzerik izanen.

Xedapen Gehigarri Bakarra

Hezkuntza eta Kultura Departamentuari atxikiriko langile irakasleei ez zaie Foru Dekretu honetan xedatutakoa aplikatuko, Departamentu horrek ematen duen arauteriari lotuko baitzaizkio.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Esku ematen zaio Lehendakaritza Kontseilariari Foru Dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Foru Dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERASKINA

1.-Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak antolatu ikastaroak:

A) Ikastaro estentsiboak.

Ezaugarriak: Urritik ekainera bitarte, astelehenetik ortziralera, ordutegiak: 7etatik 9etara, 14etatik 16etara eta 16etatik 18etara.

Ordu konpentsazioa: Ordubete lanorduen kontura eta bertzea langilearen aisialdiaren kontura.

Lantokia Iruñetik kanpo duten langileen kasuan, ikastaro hauetara joaten ahal ez badira, bertze erakundeek antolatutako euskarazko eskoletara joan daitezke eta atal honetan finkaturiko ordu konpentsazio bera izanen dute, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak ikastetxearen egokitasunari eta gainerako baldintzak betetzeari buruz aldez aurretik aldeko txostena egiten badu. Halaber, matrikula finantzatzeko eskubidea izanen du, gehienez ere urteko 22.000 pezetatan.

B) Ikastaro trinkoak.

Ezaugarriak: Lau astekoak, astelehenetik ortziralera, egunean sei ordu, baimena emateko eskumena duen organoak egiten duen balorazioaren arabera beren lanpostuaren gorabeherengatik aitzineko ataleko ikastaro estentsiboetara joaten ahal ez diren langileendako.

Ordu konpentsazioa: Ikastaroa lanorduen kontura izanen da erabat.

C) Birtziklaiarako ikastaro trinkoak.

Ezaugarriak: Urritik ekainera bitarte, edo otsailetik ekainera bitarte, ikaslearen ezagupen maila zein den, astelehenetik ortziralera, egunean sei ordu. Hizkuntzaren ezagupen altua (7. urratsa, gutti goitibeheiti) duten langileendako.

Ordu konpentsazioa: Erabat lanorduen kontura.

D) Udako ikastaroak.

Ezaugarriak: Lau asteko iraupena, abuztuan eta irailean, astelehenetik ortziralera, 8etatik 14,30etara.

Ordu konpentsazioa: ikastaroko 13 egun, lanorduen kontura eta gainerako 7ak, langilearen oporren kontura.

E) EGA aurreko ikastaro trinkoak.

Ezaugarriak: Bi asteko iraupena, astelehenetik ortziralera, egunean sei ordu, Administrazioak EGA mailarako antolatzen dituen ikastaroetara joaten diren langileendako.

Ordu konpentsazioa: Erabat lanorduen kontura.

2.-Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak antolatzen ez dituen euskarazko ikastaroak:

A) Euskaltegietan matrikulatzea.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, entitate edo euskaltegiek antolatzen dituzten euskarazko ikastaroetara lanorduetatik kanpora joaten badira, banan banako dirulaguntza eska dezakete eskola horietarako. Matrikula gehienez ere 22.000 pezetatan finantzatzeko eskubidea izanen dute, beti ere, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, behar diren baldintza teknikoak dituzten ikastetxeak badira.

Zenbateko horren pagamendua hiruhilabeteoro eginen da, aldi horretako irakaskuntza gastuak aurkeztu ondoan.

B) Kanpo erregimeneko ikastaro trinkoak.

Ezaugarriak: 120 orduko iraupena gehienez, ekainaren 15etik irailaren 30a bitarte garatzekoak, beti ere, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, behar diren baldintza teknikoak dituzten ikastetxeak badira.

Ordu konpentsazioa: Ikastaroko orduen 2/3 lanorduen kontura izanen da eta gainerakoa langilearen aisialdiaren kontura.

Diru konpentsazioa: Ikastaroko matrikularen ordainketa, gehienez ere 25.000 pezeta.

C) Barnetegian egiteko ikastaro trinkoak.

Ezaugarriak: Bi astetik seira bitarteko iraupena, guttienez ere ezagupeneko 3. maila egiaztatzen duten langileendako, beti ere, Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren iritziz, behar diren baldintza teknikoak dituzten ikastetxeak badira.

Ordu eta diru konpentsazioak, ondoko moduluen araberakoak:

-Sei asteko ikastaroak: 18 eguneko baimen ordaindua; matrikularen ordainketa, gehienez ere 60.000 pezeta.

-Bortz asteko ikastaroak: 15 eguneko baimen ordaindua; matrikularen ordainketa, gehienez ere 50.000 pezeta.

-Lau asteko ikastaroak: 12 eguneko baimen ordaindua; matrikularen ordainketa, gehienez ere 40.000 pezeta.

-Hiru asteko ikastaroak: 9 eguneko baimen ordaindua; matrikularen ordainketa, gehienez ere 30.000 pezeta.

-Bi asteko ikastaroak: 5 eguneko baimen ordaindua; matrikularen ordainketa, gehienez ere 20.000 pezeta.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa