(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

10/1996 Foru Legea, uztailaren 2koa, Fundazioen eta babes ihardueren tributu araubidea erregulatzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 1996ko 86. NAOn argitaratua, uztailaren 17an; akats zuzenketa, 1996-10-9ko NAO. Aldaketak: 22/2008 Foru Legea, abenduaren 24koa; 19/2004 Foru Legea, abenduaren 29koa; 17/2009 Foru Legea, abenduaren 23koa;  19/2005 Foru Legea, abenduaren 29koa; 18/2006 Foru Legea, abenduaren 27koa; 20/2011 Foru Legea, abenduaren 28koa; 3/2002 Foru Legea, martxoaren 14koa; 35/2003 Foru Legea, abenduaren 30ekoa; 4/2010 Foru Legea, apirilaren 6koa; 2/2008 Foru Legea, urtarrilaren 24koa; 14/2013 Foru Legea, apirilaren 17koa; 18/2013 Foru Legea, maiatzaren 29koa; 38/2013 Foru Legea, abenduaren 28koa; 29/2014 Foru Legea, abenduaren 24koa; 8/2014 Foru Legea, maiatzaren 16koa)

Atarikoa

Foru Legeak bi Titulu izanen ditu; lehena, "fundazioen tributu araubidearena" eta bigarrena, "fundazioei egindako dohaintzen eta interes orokorreko ihardueretan lankidetzan egindako bestelako iharduketen tributu araubidearena."

Fundazioa antolamenduak ezagutzen duen pertsona juridiko pribatua da; subjektu eskubidedun batek, fundatzaileak, ondasun batzuk etorkizunerako eskuragarri jartzen ditu, interes orokorreko helburu baterako etengabeko zerbitzuan.

Esan daiteke fundazioak helburu baten pertsonifikazioa direla. Ez dute elkartekide edo kiderik eta behin eratu ondoren, pertsona horien modura duten izatea eta konfigurazioa ez dago beste pertsona fisiko edo juridiko baten borondatearen menpe, fundatzaileak esleitu zien helburuaren iraupenaren menpe baizik.

Gaur egun maiz sortzen dira horrelako entitateak Administrazioak garatzerik ez dituen interes publiko edo orokorreko eginkizunak edo iharduerak gauzatzeko asmotan. Beraz, legezkoa eta arrazoizkoa da pentsatzea entitate horiek Administrazioarekin lankidetzan ari direla, usadioz egiten dituzten ihardueretan edo eginkizunetan eta, hori dela medio, zerga aldetik aldeko tratamendua behar dutela, alde batera utzita ahalmen ekonomikorik duten edo ez, helburu orokorrei edo onura publikokoei afektatuak izate horrek baitie galarazten beren gaitasun ekonomikoak zerga- ahalmenaren berezko ezaugarriak hartzea.

Foru Lege honetako I. Tituluan araututako tributu araubideak, I. Kapituluan ezartzen den bezala, bere egiten ditu fundazioak, batetik, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen edo Foru Berriaren babesean eratutakoak eta, bestetik, Fundazioei eta Interes Orokorreko Ihardueretan Partehartze Pribatuari eman beharreko Pizgarri Fiskalei buruzko azaroaren 24ko 30/1994 Legearen arabera edo gai horretan eskumenak dituzten Autonomi Komunitateen berezko arauteriaren arabera eratutakoak.

Foru Legeak galdatzen du fundazioek irabazi asmorik gabekoak izan behar dutela eta beren ondarea II. Kapituluan zerrendatzen diren interes orokorreko iharduerei etengabe afektaturik eduki beharko dutela. Halaber, ezartzen da onuradunak nahitaez pertsona kolektibo orokorretako edo zehazgabeetako partaideak izanen direla.

I. Tituluko III. Kapituluak ezartzen ditu entitatearen eraketarako betebehar formalak, horien estatutuen edukia eta fundazioaren zuzkidura, kenduezina eta atzeraezina izanen dena; esanguratsua da fundazioak duen zuzkidura nahikoa izanen dela dituen helburuak betetzeko.

Bertzalde, IV. Kapituluak fundazioek behin eraturik dituzten beharkizunak arautzen ditu, hau da, iharduteko beharkizunak eta horien artean fundazioaren onuradunak zehaztean printzipio batzuk errespetatu behar direla, hain zuzen ere, zabalkuntzarena, diskriminaziorik ez egitearena eta inpartzialtasunarena. Halaber, errenten %70, guttienik, fundazioaren helburuak gauzatzeko erabili beharko da.

Azkenik, kontularitzari, auditoretzari eta aurrekontuei dagozkien alderdiak zehatz-mehatz arautu dira.

V. Kapituluak entitateko patronatukideen karguak doakoak izanen direla dio, baita bateraezinak ere ordaindutako zerbitzuen edozein prestaziorekin.

VI. Kapituluak zehazten du nola eskuratzen edo galtzen den tributu-araubide berezia eta ezartzen du administrazio espediente bat izapidatu beharko dela eta Ekonomi eta Ogasun Departamentuak ebatzi beharko duela, zehazki edo tazituki. Departamentu horren esku geldituko da hasierako zein ondorengo betebeharrak, araubide berezia aplikatzea justifikatuko dutenak, frogatzeko ahalmena.

VII. Kapituluak fundazioei aplikagarri zaien tributu araubidearen erregulazio zehatza ezartzen du.

Lehenik eta behin, Sozietateen gaineko Zergari dagokion gaia aipatzen da 1. Sekzioan; bertan zerrendatzen dira errenta salbuetsiak, zerga oinarriaren zehaztapena, kengarriak ez diren kontusailak, berrinbertsioagatiko salbuespena, likidazio oinarria, karga-tasa, kuota osoa eta kenkariak.

2. Sekzioan Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan aplikagarri diren onurak ezartzen dira eta, orobat, zehazten fundazioak egindako eskurapenak salbuetsita egonen direla, beti ere ondasunak edo eskubideak fundazioaren berariazko helburua osatzen duten iharduerei etengabe afektaturik gertatzen badira.

3. Sekzioak Lurralde Kontribuzioaren eta Iharduera Ekonomikoen gaineko Zergaren edo Lizentzia Fiskalaren salbuespena, kasu zehatzetan, arautzen du.

Bertzalde, Foru Lege honen II. Tituluak kontuan hartzen du fundazioei egiten zaizkien dohaintzei aplikagarri zaien tributu-araubidea, baita interes orokorra duten ihardueretan lankidetzan aritutako iharduketei dagokiena ere.

Titulu honetako I. Kapituluan arautzen diren fundazioen mesedetan egindako dohaintzek bide ematen diote dohaintza emaileari, pertsona fisikoari, Errentaren gaineko Zergaren kuotan dohaintzaren %20 kentzeko; dohaintza emailea pertsona juridikoa bada, dohaintzaren zenbatekoa kengarria den kontusailtzat hartuko da Sozietateen gaineko Zergan. Foru Legeak zehatz arautzen ditu dohaintza horren xede izan daitezkeen ondareko elementuak, baita Pertsona Fisikoen Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergetan gehienez ere zer kopurutan aplikatu behar den ere.

Interes orokorreko ihardueretan egindako lankidetza iharduketetan, II. Kapituluan, fundazioei ordaindutako zenbatekoak kengarritzat hartzen dira Sozietateen gaineko Zergan edo Errentaren gaineko Zergan, enpresariak edo profesionalak edo pertsona fisikoak badira, eta kolaboratzailearen parte hartzea hedatzen duten lankidetza hitzarmenen bidez egiten badira.

III. Kapituluak, artelanak eskuratzeko jartzen diren zenbatekoen kenkariak ezartzen ditu, artelan horiek halako erakunde eta entitateei dohaintzan eskaintzen bazaizkie, baita zinema, antzerkia, musika, dantza eta liburu eta bideoen argitalpena sustatzeko ikuskizun publiko zehatzak antolatzeko gastuei dagozkienak ere.

Xedapen Gehigarrien artean Lehena nabarmentzen da, Fundazioen Erregistroa, izaera publikokoa, sortzen baitu; Foru Lege honetako 1. artikuluak aipatzen dituen entitateek Erregistro horretan eman beharko dute izena.

Xedapen Iragankorrak, orain arte eratutako fundazioei 1996eko abenduaren 31 arteko epea ematen die Foru Lege honetan araututako tributu-araubidean sartzeko.

Xedapen Indargabetzaileak, Foru Diputazioak 1976eko abenduaren 2an hartu zuen Erabakia, interes sozialeko deklaraturiko fundazioak arautzen zituena, ondoriorik gabe uzten du.

I. TITULUA. FUNDAZIOEN TRIBUTU ARAUBIDEA

I. KAPITULUA. Aplikazio eremua

1. artikulua. Aplikazio eremua.

Foru Lege honetan erregulatzen den tributu araubidea Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen babesean eratutako fundazioei zaie aplikagarri, beti ere hurrengo artikuluetan ezartzen diren beharkizunak eta baldintzak betetzen badituzte.

II. KAPITULUA. Fundazioen helburuak eta horien onuradunak

2. artikulua. Fundazioen helburuak.

1. Fundazioek ez dute irabazteko asmorik izanen eta beren ondarea interes orokorreko helburu hauek egiteari afektatuko zaio beti:

a) Helburu zibikoak, hezkuntzakoak, kulturalak, zientifikoak, kirolekoak, osasunekoak eta gizarte laguntzakoak.

b) Garapenerako lankidetza.

c) Ingurumenaren defentsa.

d) Gizarte ekonomiaren edo ikerketaren sustapena.

e) Boluntariotza sozialaren sustapena.

f) Antzeko izaera duten interes orokorreko beste helburu batzuk.

2. Ez dira irabazi-asmorik gabeko entitatetzat hartuko helburuen fundatzaileak eta horien ezkontideak edo ahaideak, laugarren gradua barne, entitateek egiten dituzten jardueren hartzaile nagusiak badira edo haien zerbitzuen onura hartzeko baldintza bereziak badituzte.

Letra honetan xedatutakoa ez zaie aplikagarri izanen gizarte laguntzako edo kirol jarduerak egiten dituzten entitateei baldin eta Balio Erantsiaren gaineko Zergatik salbuetsita badaude, ezta Espainiako ondare historikoko ondasunak mantentzea eta berreskuratzea xede esklusibo edo nagusia dutenei ere, betiere Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen eskakizunak betetzen badituzte.

3. Fundazioek jarduera ekonomikoak izaten ahalko dituzte baldin eta horien helburua fundazioaren xedeekin loturik badaude edo horien osagarriak nahiz gehigarriak badira.

4. Halaber, era guztietako jarduera ekonomikoetan esku hartzen ahalko dute sozietateetan duten parte-hartzearen bidez, foru lege honen 10. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3. artikulua. Onuradunak.

Fundazioen onuradunak, pertsonek osatutako kolektibo orokorrak eta zehazgabeak izanen dira eta horrelakotzat hartuko dira enpresa bateko edo batzuetako langileek eta horien familikideek osatutako kolektiboak.

III. KAPITULUA. Eratzeko betebeharrak, Estatutuak eta zuzkidura

4. artikulua. Eratzeko betebeharrak.

1. Fundazioa bizien arteko egintzen bidez eratzen bada, eskritura publikoak, Foru Berriko 44. Legean aurreikusitako zehaztapenez eta fundatzaileak ezartzen dituen klausula eta baldintza zilegizkoez gain, alderdi hauek ere hartuko ditu kontuan:

a) Fundatzaileen izen-abizenak, adina eta egoera zibila, pertsona fisikoak badira, eta izena edo helbide soziala, pertsona juridikoak badira; bi kasuetan nazionalitatea eta helbidea jarri beharko dira.

b) Fundazioa eratzeko borondatea, Foru Berriko 44. Legean xedatutakoaren babesean.

c) Fundazioaren zuzkidura, horren balorazioa eta horri ekarpenak egiteko modua eta errealitatea.

d) Fundazioaren Estatutuak; edukia hurrengo artikuluko baldintzei egokituko zaie.

e) Gobernu organoa osatzen duten pertsonen izen- deiturak, baita horien onarpena ere, fundazioa egiteko unean gauzatzen bada behinik behin.

2. Fundazioa hil ondorengo egintzen ondorioz eratzen bada, behar den agiriak aurreko zenbakiak aipatzen dituen alderdi guztiak bete beharko ditu.

5. artikulua. Estatutuak.

Fundazioaren Estatutuetan honako hauek agertuko dira:

a) Entitatearen izena, zeinetan Fundazioa izena agertuko baita.

b) Fundazioaren helburuak.

c) Fundazioaren helbidea eta horren iharduerak nagusiki garatuko diren lurraldearen esparrua.

d) Fundazioaren helburuak bete eta onuradunak zehazteko, baliabideak erabiltzeko oinarrizko erregelak.

e) Ondarearen destinoa, Fundazioa iraungitzen bada.

f) Gobernu eta ordezkaritza organoa, horren osaketa, fundazioko kideak hautatu eta ordezkatzeko erregelak, kargua uzteko arrazoiak, horren eskurantzak eta erabakiak eztabaidatu eta hartzeko modua.

6. artikulua. Aldaketak.

Fundazioaren eraketa eskritura edo Estatutuena aldatu nahi bada, horren berri eman beharko zaio Ekonomi eta Ogasun Departamentuari; horretarako eskrituraren kopia baimendua ekarri beharko da.

7. artikulua. Fundazioaren zuzkidura.

1. Zuzkiduran edozein motatako ondasunak eta eskubideak sartuko dira; zuzkidura kentzezina eta atzeraezina izateaz gainera, egokia eta nahikoa izan beharko du fundazioaren helburuak bete daitezen; behar den ikerketa ekonomikoarekin egiaztatuko da hori.

2. Ondarearen zuzkidura jarraian osa daiteke; horrela egiten bada, hasierako ordainketa ez da fundazioaren borondateak aurrikusita duen zenbateko osoaren ehuneko hogeita bortza baino ttikiagoa izanen; fundazioa eratzeko eskritura publikoa ematen den egunetik hasi eta bortz urteko epean ekarri beharko da gainerakoa. Hori hala izanik ere, eskubideak direnean, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak epe hori handi dezake eskubide horien izaeraren arabera, beti ere ekarpen hori ziurtatzeko beharrezkoak diren bermeak eman ematen badira.

Halaber, legez zuzkiduratzat hartuko dira Fundazioa izaten den bitartean fundatzaileak edo patronatuak fundazioaren helburuei etengabe afektatutako ondasun eta eskubideak.

3. Zuzkidura esku-dirutan egiten bada, zenbatekoa pezetatan emanen da. Diruz egiten ez diren ekarpenak berdin kuantifikatuko dira eta erabili diren balorazio irizpideak zehaztuko dira.

4. Artikulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, hirugarrenek engaiatutako ekarpenak zuzkiduratzat har daitezke, beti ere bermaturik badaude. Inolaz ere ez da emariak biltzeko asmo soila horrelakotzat hartuko.

IV. KAPITULUA. Iharduteko betebeharrak

8. artikulua. Iharduteko printzipioak, onuradunei eta interesatuei dagokienez.

Fundazioak beharturik daude:

a) Beren helburuen eta ihardueren berri ematera eta horien zabalkuntza egitera, egon daitezkeen onuradunek eta gainerako interesatuek ezagut ditzaten.

b) Fundazioaren onuradunak zehazterakoan irizpide hauek kontuan hartzea: inpartzialtasuna eta ez diskriminatzea.

9. artikulua. Errenten destinoa.

1. Fundazioak erdiesten dituen dirusarreren garbien %70 guttienez erabili beharko da fundazioaren helburuak gauzatzeko. Ondareko zuzkidura modura egindako ekarpenak, fundazioa eratu zenean nahiz geroago, zenbaki honetan aurrikusitakoaren ondorioetarako ez dira konputagarri izanen.

2. Dirusarrera horien gainerakoa fundazioaren zuzkidura handitzeko erabiliko da, behin administrazio gastuak kendu ondoren.

3. Fundazioak lau urteko epea du, 1. idatz-zatiak aipatzen duen proportzioan, lortutako errenten helburua gauzatzeko.

4. Foru Lege honen ondorioetarako, administrazio gastutzat hartuko dira Fundazioaren ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak administratzeak gobernu organoei zuzenean sortutakoak; Foru Lege honetako 13. artikuluaren arabera, patronatukideek gastu horiek ordainetan hartzeko eskubidea izanen dute.

Administrazio gastuok inoiz ez dira fundazioak ohiko ihardueretatik ateratako dirusarrera garbien %10 baino gehiago izango.

5. Salbuespen gisa, artikulu honetako 1. zenbakiak aipatzen duen gutxieneko %70 txikiagoa izaten ahalko da entitatearen zuzkidura fundazionala gehitu nahi denean eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako baimena ematen duenean, bere aurrean eskaera aurkeztu eta gero.

Beste alde batetik, 3. idatz-zatian aurreikusten den lau urteko epea luzatzen ahal da errenten helburua egokitzen zaionean fundazioak prestaturiko eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onarturiko plan bati.

Zenbaki honetako aurreko bi lerroaldeek aipatzen duten plana edo eskaera egin eta hiru hilabete pasatu direnean ebazpen berarizkoa izan gabe, entitateak bere proposamena onartutzat jo dezake.

10. artikulua. Merkataritzako elkarteetan parte hartzea.

1. Fundazioek ezin izanen dute merkataritzako elkarteetan parte hartu, nork bere izenean elkarteko zorren kargu egin behar badu.

Aurreko lerroaldeak aipatzen dituen elkarteetako partaidetzak zuzkiduran sarturik badaude eta partaidetza hori handiena bada, Fundazioak partaidetza horiek eraldatzeko behar diren iharduketak egin beharko ditu, horien erantzukizuna mugaturik geldituko den forma juridikoren bat hartzearren.

2. Aurreko zenbakiko lehen lerroaldean aipatzen diren merkataritzako elkarteetako partaidetzak ez diren beste batzuen titularrak, zuzenean edo zeharka, badira, Ekonomi eta Ogasun Departamentuan egiaztatu beharko dute partaidetza horien titulartasunak fundazioaren helburuak hobeki betetzen laguntzen duela eta ez dela Foru Lege honetan ezarritako araubidea hausten.

Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Foru Lege honetan araututako zerga-araubidearen gozamendua uka dezake arrazoitu ondoren, partaidetza horiek arestion aipatutako beharkizunak betetzen ez dituztela frogatzen bada.

11. artikulua. Kontularitza, auditoretza eta aurrekontuak.

1. Foru lege honetako tributu araubideari atxikitzen zaizkion fundazioei derrigorrez aplikatuko zaizkie Kontabilitate Plan Orokorra irabazi asmorik gabeko entitateei egokitzeko arauak, Nafarroako Foru Komunitateak ezar ditzakeen espezialitateak gorabehera.

Sozietateen gaineko zergan salbuetsi gabe dauden ustiategietatik errentak lortzen dituzten fundazioek Merkataritza Kodean eta zerga horren arau erregulatzaileetan aurreikusitako kontabilitate-betebeharrak izanen dituzte. Entitate horien kontabilitatea eramanen da halako moduz non modua egonen den identifikatzeko zein diru-sarrera eta gastu dagozkien salbuetsi gabeko ustiategiei.

2. Fundazioaren Patronatuak urtero burutuko ditu inbentarioa, egoeraren balantzea eta emaitzen kontua, zeinetan Fundazioko ekonomiaren, finantzen eta ondarearen egoera agertuko baita, eta fundazioaren ihardueren eta kudeaketa ekonomikoaren berri zehatza emanen duen oroit idazkia prestatuko du, zeinetan finantzazio koadroa eta fundazioaren helburuen betetze maila agertuko baitira. Horiez gainera, oroit-idazkian agertuko dira ondareko aldaketak eta gobernu, zuzendaritza eta ordezkaritza organoetan eman direnak.

3. Halaber, Fundazioaren gobernu organoak aurreko urteko dirusarreren eta gastuen aurrekontuaren likidazioa eginen du.

4. Aurreko 2. eta 3. idatz-zatiek aipatzen dituzten agiriak Nafarroako Zerga Ogasunean aurkeztuko dira hurrengo ekitaldiko lehen sei hilabeteetan, salbu eta egoera-balantzea eta emaitza-kontua, horiek sozietateen gaineko zergari dagokion aitorpenean aurkeztuko baitira.

5. Fundazioetako kontuei kanpoko auditoretza eginen zaie, ekitaldia ixten den egunean, bi urtez jarraian hurrengo alderdietako bi guttienez gertatzen badira:

a) Aktiboko kontusailen kopurua hirurehun milioi pezetatik gorakoa bada.

b) Dirusarreren urteko kopuru garbia seiehun milioi pezetatik gorakoa bada.

c) Ekitaldian lana ematen zaien langileen kopurua batez-beste berrogeita hamarretik gorakoa denean.

Halaber, kanpoko auditoretza eginen zaie beste kontu batzuei ere, Fundazioaren Patronatuaren edo Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren iritziz eta beti ere, ondarearen edo kudeatutako ihardueren bolumenaren kopuruari dagokionez, horien egoera bereziak hala eskatzen badu.

Auditoretzako txostenak Ekonomi eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira, horiek luzatu eta hiru hilabeteko epean.

6. Era berean, Patronatuak hurrengo urteari dagokion aurrekontua eta hori azaltzen duen oroit-idazkia prestatuko ditu eta Ekonomi eta Ogasun Departamentura bidaliko, ekitaldi bakoitzaren urriaren 1 eta urtarrilaren 31 artean.

7. Aurreko 2., 3. eta 6. zenbakietan aipatzen diren dokumentuak Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enpleguko kontseilariak ezartzen duen moduan eta tokian aurkeztuko dira, eta hark erabakiko du zer prozedura erabili eta zer baldintzatan aurkeztu, baita baliabide informatiko edo telematiko bitartez aurkeztu behar diren edo ez.

12. artikulua. Fundazioaren desegitea.

Elkarketaren kasuetan izan ezik, Fundazioa desegiten bada, haren ondarea erabiliko da interes orokorreko beste helburu batzuetarako, Fundazioak berak egindakoen antzekoetarako, alegia.

V. KAPITULUA. Patronatukideak

13. artikulua. Doakotasuna.

Foru lege honetan aurreikusitako araubideaz gozatzeko, fundazioetako patronatukide karguak doakoak izanen dira, inolaz ere galarazi gabe beren lanak sortutako gastu behar bezala egiaztatuak itzultzeko duten eskubidea. Kontzeptu horrengatik jasotzen diren diru kopuruek ez dute gaindituko pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren araudian ezarritako mugak kargarik gabeko dietatzat jotzeko.

Pertsona horiek, gainera, ezin izanen dute partaidetzarik izan entitatearen emaitza ekonomikoetan, ez beraiek zuzenean ez tarteko pertsonen edo entitateen bitartez.

14. artikulua. Bateraezintasuna.

Patronatukidearen kargua entitateari edozein zerbitzu ordaindu ematearekin bateraezina izanen da.

Fundatzaileak eta bere ezkontideak ere bateraezintasun hori izanen dute.

VI. KAPITULUA. Tributu araubide berezia eskuratu eta galtzea

15. artikulua. Eskaria.

1. Foru Lege honetan araututako tributu araubidea erdietsi nahi duten Fundazioek eskaria egin beharko dute Ekonomi eta Ogasun Departamentuan; eraman beharreko agiriak hauek dira: 4 eta 5. artikuluak aipatzen dituzten agiriak, fundazioaren helburuak azaltzen dituen oroit-idazkia eta Fundazioen Erregistroan izena emanda daudela dioen agiria.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak, fundazioaren eta horren estatutuen klausulen norainokoa zehatz-mehatz ezagutzeko beharrezkoak diren azalpenak eta datuak eska diezaizkieke interesatuei.

16. artikulua. Eskariaren ebazpena.

1. Eskariaren ebazpenaren ondorioetarako, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak kontuan edukiko du entitate eskatzaileak, eskatu zaizkion formazko betebeharrak eta, orobat eta bereziki, Fundazioaren funts nagusia, hots, 2. artikuluak aipatzen duen interes orokor horren helburuak betetzen dituen ala ez; besteak beste neurtuko dira entitatearen xedea eta helburuak, dituen baliabideak, antzeko beste erakunde batzuekin edo Administrazio Publikoarekin batera lan egiteko aukera eta fundazioaren ihardueren, prestazioen eta zerbitzuen proiekzioa, pertsonala zein lurralde mailakoa.

2. Dokumentazioa azterturik eta kontuan hartuta aurreko zenbakian xedatutakoa, Ekonomi eta Ogasun Departamentuak behar den erabakia emanen du, Fundazioari tributu araubide berezia aplikatzeko baimena edo ukoa adieraziko duena.

3. Eskaria aurkeztu eta sei hilabeteko epean luzatu beharko den erabakia aldekoa bada, ebazpenean tributu araubide berezi hori noiztik izanen den aplikagarri ezarriko da.

Epe hori iragaten bada eskariaren gaineko erabaki zehatzik eman gabe, entitateak aipatu araubide hori aplikatzen ahal duela usteko du, eskaria egin duen egunetik aitzina eta beti ere, Foru Lege honetan aurreikusitako baldintzak eta beharkizunak betetzen baditu.

17. artikulua. Tributu araubidea frogatu eta galtzea.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak tributu araubide berezi horretaz baliatzeko beharrezkoak diren beharkizunak betetzen direla frogatuko du eta, hala behar denean, fundazioaren tributu egoeraren ondoriozko erregularizazioa eginen du.

Foru lege honetako baldintzak betetzen ez badira, entitateak araua hautsi duen ekitaldiko kuotak, ondoko zergei dagozkienak, oso-osorik pagatu beharko ditu, tributu horiek erregulatzen dituzten arauak hala agintzen baitute: sozietateen gaineko zerga, toki-tributuak eta ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga. Halaber, berandutza-interesak eta, bidezko izanez gero, zehapenak ere ordaindu beharko ditu.

Aurreko lerrokadako betebehar hori gaizki aplikatutako emaitzak eta dirusarrerak lortu ziren ekitaldiko kuotei dagokie, baldin eta foru lege honetako 9. artikuluan ezarritako eginbeharra bada. Legearen 12. artikuluan agindutakoa izanez gero, berriz, urraketa egin den ekitaldia eta aurreko laurak hartuko dira kontuan; hori hala ere, ez da eragozpen izanen bidezko izan daitezkeen zehapenak ezartzeko.

VII. KAPITULUA. Tributu araubidea

1. sekzioa. Sozietateen gaineko Zerga

18. artikulua. Salbuetsita dauden errentak.

1. Fundazioek erdietsitako errentak salbuetsita egonen dira kasu hauetan:

a) Fundazioaren xede soziala edo haren berariazko helburua osatzen duten ohiko jardueretatik ateratakoak badira, ustiapen ekonomiko baten bidez edo bestela.

b) Ondasunen edo eskubideen eskuraketen edo eskualdaketen ondorio direnean, edozein tituluren bidez, entitatearen desegitea edo likidazioa dela-eta lortutakoak barne.

c) kenduta

d) Hirugarrenei lagatako ondare-elementuen ondoriozkoak, konparazio batera, sozietateen dibidenduak eta mozkinetako parte-hartzeak, interesak, kanonak eta alokairuak.

2. Bere xede berariazkoari ez dagokion ustiapen ekonomiko batekin lortutako etekin arruntak kargatu eginen dira, baina Ekonomia eta Ogasun Departamentuak arestian aipatutako salbuespena etekin horiei ere aplikatzen ahalko die, baldin eta etekin horiek sortu dituzten ustiapen ekonomikoak salbuetsita dauden ustiapen ekonomikoen ustiapen lagungarri edo osagarriak badira edo entitatearen estatutuetan ezarritako helburuak lortzeko jardueren ustiapen lagungarri edo osagarriak.

Salbuespen hori aplikatzeko beharrezkoa izanen da aldez aurretik ustiapen ekonomiko horren jardueraren berri ematea Ekonomia eta Ogasun Departamentuari, eta hark egiaztatzen ahalko du aurreko paragrafoak aipatutako baldintzak betetzen diren.

19. artikulua. Zerga oinarria.

1. Zerga oinarria zergaldian dagoen errentaren zenbatekoa izanen da.

2. Zerga oinarria zuzeneko zenbatespenaren araubidearen bidez zehaztuko da eta, subsidiarioki, zeharkako zenbatespenaren bidez.

3. Zuzeneko zenbatespenaren araubidean, zerga-oinarria lortuko da osagai hauen batuketa algebraikoa egin ondoren:

a) Kargatuta dagoen ustiapen ekonomiko baten jardunean erdietsitako etekinak, positiboak nahiz negatiboak.

b) Kargatuta dauden ondare-gehitzeak eta gutxitzeak.

Errentaren zenbatekoa erdiesteko Sozietateen gaineko Zergaren arauak aplikatuko dira, atal honetan xedatutakoa galarazi gabe.

20. artikulua. Gastu ez-kengarriak.

Sozietateen gaineko Zergaren arauterian aurreikusitakoez gainera, honako gastu hauek ez dira gastu kengarritzat hartuko:

a) Errenta salbuetsiei zuzenean edo zeharka egotzitakoak.

b) Iharduera salbuetsiei afektatutako ondareko elementuen amortizaziorako erabilitako zenbatekoak.

Afektazio hori partziala bada, iharduera hori egiteari afektatutako ondareko elementuaren zatiaren amortizaziorako erabilitako zenbatekoak ez dira kengarriak izanen.

c) Emaitzetarako erabilitako zenbatekoak eta, bereziki, iharduera salbuetsiak sustengatzeko erabiltzen diren gerakinak, iharduera ekonomikoetatik ateratakoak.

d) Atxikipenei dagokienez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan deklaratutako zenbatekoaren gainean jasotako lan prestazioei esleitutako balioaren soberakina.

21. artikulua. Berrinbertsioagatiko salbuespena.

Ondare elementuetako kostubidezko eskualdaketetan agerian jarritako ondare-gehikuntza zergagai direnak salbuetsirik geldituko dira, baldin eta eskualdaketa horien zenbatekoa Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 36. artikuluan xedatu bezala eta bertan ezarritako baldintzak beterik berrinbertitzen bada.

22. artikulua. Likidazio oinarri negatiboen konpentsazioa.

Likidazio oinarri negatiboak konpentsatzen ahalko dira, ondoz-ondoko hurrengo hamabost urteetan bukatzen diren zergaldietako likidazio oinarri positiboekin. Aurretik bidezkoa den likidazioa edo autolikidazioa beharko dute likidazio oinarri negatibo horiek.

23. artikulua. Karga tasa.

Aurreko artikuluetan xedatutakoaren arabera zehazturiko likidazio oinarriaren karga tasa %10 izanen da.

24. artikulua. Kuota osoa.

Kuota osoa likidazio oinarriari karga tasa aplikatzearen ondorioz sorturikoa izanen da.

25. artikulua. Kuota likidoa eta kontura egindako ordainketen kenkaria.

1. Kuota likidotzat hartuko da kuota osoari sozietateen gaineko zergan ezarritako kenkari eta hobarien zenbatekoa kentzearen emaitza.

2. Kuota likidotik honako kenkariok eginen dira:

a) Kontura egindako atxikipenak.

b) Kontura egindako dirusarrerak.

c) Ordainketa zatikatuak.

Kontzeptu horien zenbatekoa kuota likidoa baino altuagoa denean, Administrazioak itzuliko du soberakina, besterik gabe.

3. Ez da atxikipenik ez konturako dirusarrerarik ere eginen foru lege honen ondorioz salbuetsita dauden errentengatik, ezta hirugarrenei lagatzen zaizkien ondare elementuen ondoriozkoengatik ere, zeinen artean sartzen baitira sozietate, interes, kanon eta alokairuetatik datozen irabazietako dibidendu eta partaidetzak, ez eta inbertsio kolektiboko erakundeen akzio eta partaidetzen eskualdaketa edo itzulketen ondoriozko ondare-gehikuntzengatik ere.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa betetzeko, fundazioek, atxikipenaren egilearen edo konturako sarrerak egin behar dituenaren aurrean, egiaztagiri gisa aurkeztuko dute foru lege honetako tributu araubidea haientzat aplikagarria dela aitortzen duen ebazpenaren kopia.

26. artikulua. Kuota gutxiagotua.

Aurreko artikuluak ezarritakoaren arabera zehaztutako kuota likidoa 200.000 pezeta gutxiagotuko da zerga honen subjektu pasiboa Fundazio bat denean, Fundazioa Titulu honetako aplikazio-eremukoa denean, eta prestazio debaldekoak egiten dituenean, gutxiagotze hau aplikatu eta gero ateratzen den zenbatekoa inoiz ere negatiboa izango ez delarik.

27. artikulua. Aitorpena aurkeztu beharra.

Titulu honetan aipaturiko entitateek zergaldi honetan lorturiko errenta guztiak aipatu beharko dituzte Elkarteen gaineko Zergaren Aitorpenetan, baita kargarik ez dutenak ere, halakorik bada.

28. artikulua. Ordezko xedapenak.

Sekzio honek arautzen ez duen orotan, Elkarteen gaineko Zergaren inguruko xedapenak aplikatuko dira, hala badagokio.

2. sekzioa. Ondare Eskualdaketa eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zerga

29. artikulua. Salbuespenak.

Fundazioak eskuratzen dituen ondasun eta eskubideak salbuetsiak izanen dira, haren xede sozial edo helburu nagusiari betiko lotuak egon behar baldin badute eta fundazioaren helburu edo xede nagusiari lotuta ez dauden ustiapen ekonomikoetan ez badira erabili behar, ezertan baino lehen.

Gainerako egintza eta kontratuak ere salbuetsiak izanen dira, Zergaren subjektu pasiboa Fundazioa baldin bada eta haiek afektatu eta erabiltzeko, arestiko lerroaldean zehazturiko baldintzak betetzen badira.

3. sekzioa. Toki tributuak

30. artikulua. Lurraldearen kontribuzioa.

Fundazioak bere izenean dituen ondasunak salbuetsiak izanen dira, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 137. artikuluan aurreikusitako moduan, beti ere kontraprestazioen bidez hirugarrenei lagatako ondasunak ez badira, fundazioaren xede sozial edo helburu nagusia lortzeko iharduerei lotuak baldin badaude eta, ezertan baino lehen, fundazioaren helburu edo xede nagusiari lotuta ez dauden ustiapen ekonomikoetan ez badira erabiltzen.

31. artikulua. Iharduera ekonomikoen gaineko zerga edo lizentzia fiskala.

Fundazioen xede sozial edo helburu nagusiaren inguruan egiten diren iharduerak salbuetsiak izanen dira, erregelamendu bidez aginduko den moduan.

32. artikulua. Prozedura. Konpentsazioa.

1. Sekzio honetan arautu diren onura fiskalez baliatu ahal izateko, Fundazioek Udal eskudunei eskaera egin beharko diete, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean aurreikusitakoari jarraikiz, eta horrekin batera Foru Lege honen 16. artikuluak aipatzen duen erabaki zehatz edo tazitua aurkeztu beharko dute.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak kasuan kasuko toki entitateari jakinaraziko dio foru lege honetako 17. artikuluan aipatzen den egiaztapenaren emaitza, kasuko toki-tributuak ukitzen dituen heinean, bai eta artikulu horretan xedatutakoa aplikarazten duen edozein gorabehera ere.

2. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 57.2 artikuluan xedaturiko konpentsazio ekonomikoaren ondorioetarako, toki entitateek jakinaraziko dizkiete Ekonomia eta Ogasun Departamentuari aurreko artikuluetan ezarritakoaren ondorioz Fundazioei ematen zaizkien zerga-onurak.

Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren bidez, konpentsatuko ditu ekonomikoki eta bere osotasunean toki entitateek, sekzio honetan aipatzen diren zerga-onurak ematearen ondorioz jasotzen ez dituzten kopuruak.

Zenbaki honetan aipatzen diren konpentsazioak gauzatzeko prozedura erregelamenduz zehaztuko da.

II. TITULUA. FUNDAZIOEI EGINDAKO DOHAINTZEN ETA INTERES OROKORREKO IHARDUERETAN LANKIDETZAN EGINDAKO BESTELAKO IHARDUKETEN TRIBUTU ARAUBIDEA

I. KAPITULUA. Foru Lege honen I. Tituluan arauturiko fundazioei egindako dohaintzen tributu araubidea

1. sekzioa. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan subjektu pasibo direnek egindako dohaintzak

33. artikulua. Dohaintzen kenkariak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergako subjektu pasiboek eskubidea izanen dute ondoren aipatzen diren dohaintzen eta doan emandako zerbitzuen ehuneko 25 zergaren kuotatik kentzeko, bai hasierako dotazioa egiten denean, bai ondoren egiten denean.

1. Entitate jasotzaileak bere helburuak lortzeko egiten dituen iharduerak burutzeko asmoz ematen diren dohaintzak.

2. Interes kulturaleko ondasunen Erregistro orokorrean inskribaturiko ondasunei buruzko urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean, zehazki eta banan-banan Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen dohaintza garbi eta soilak edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatzen duen Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunenak.

3. Kalitate ziurtatua duten artelanen dohaintza garbi eta soilak, museoetako iharduerak egitea eta arestiko zenbakian aipaturiko ondasunak sustatu eta zabaltzea helburu duten fundazioei egindakoak, beti ere artelan horiek jendaurrean jartzeko baldin badira.

Artelan horren kalitatea Ekonomi eta Ogasun Departamentuan egiaztatu beharko da eta honek emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuaren txostena eskatzen ahalko du.

4. Entitate jasotzailearen aktiboaren zati izan behar duten eta haren helburuak lortzeko jardueretan lagungarri diren ondasunen edo eskubideen dohaintza garbi eta soilak.

5. Artikulu honen 2. zenbakiak aipatzen dituen kategoriaren batean sartzen diren ondasunak zaindu, konpondu edo eraberritzeko egindako diru-dohaintzak, ondasun horiek dirua jaso duen fundazioarenak direnean.

6. Zerbitzuak doan ematea.

34. artikulua. Kuotako kenkarien oinarria.

1. Aurreko artikuluko 2 eta 3. zenbakiek aipatzen dituzten kasuetan, kenkariaren oinarria Ekonomi eta Ogasun Departamentuak finkaturiko balioa izanen da. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.

2. Arestiko artikuluko 4. zenbakian aurreikusitako kasuan, kenkariaren oinarria ondasunaren edo eskubidearen eskurapen balioa izanen da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren arauterian ezarritakoaren arabera kalkulatua. Dohaintza hori emaileak berak egin edo ekoiztu badu, ekoizpenaren kostua hartuko da, behar bezala egiaztatu eta gero, betiere merkatuan duen balioa gainditu gabe.

3. Aurreko artikuluaren 6. idatz-zatian aurreikusitako kasuan, kenkariaren oinarria zerbitzuak ematearen kostua izanen da, lagatako ondasunen amortizazioa barne, behar denean.

35. artikulua. Kenkarien muga.

Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bateginaren 64.1 artikuluan ezartzen den mugaren ondorioetarako zenbatuko da. Testu bategina ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

36. artikulua. Ondarearen gehikuntza eta urripenak.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren ondorietarako, ez dira aintzat hartuko Foru Lege honen 33. artikuluak aipatzen dituen dohaintzen ondorioz ondarean sorturiko gehikuntzak edo urripenak.

2. sekzioa. Sozietateen gaineko Zergan subjektu pasibo direnek egindako dohaintzak

37. artikulua. Dohaintzengatiko kenkariak.

Sozietateen gaineko Zergaren zerga-oinarria kalkulatzeko, kenkaria egiteko modukotzat hartuko dira ondoren adierazten diren dohaintzen zenbatekoa eta dohainik ematen diren zerbitzu hauek:

1. Entitate jasotzaileak bere helburuak lortzeko egiten dituen iharduerak burutzeko asmoz ematen diren dohaintzak.

2. Interes kulturaleko ondasunen Erregistro orokorrean inskribaturiko ondasunei buruzko urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren babesean, zehazki eta banan-banan Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen dohaintza garbi eta soilak edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatzen duen Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunenak.

3. Kalitate ziurtatua duten artelanen dohaintza garbi eta soilak, museoetako iharduerak egitea eta arestiko zenbakian aipaturiko ondasunak sustatu eta zabaltzea helburu duten fundazioei egindakoak, beti ere artelan horiek jendaurrean jartzeko baldin badira.

Artelan horren kalitatea Ekonomi eta Ogasun Departamentuan egiaztatu beharko da eta honek emanen du horren askiespena. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuaren txostena eskatzen ahalko du.

4. Entitate jasotzailearen aktiboaren zati izan behar duten eta bere helburuak lortzeko jardueretan lagungarri diren ondasunen edo eskubideen dohaintza garbi eta soilak.

5. Artikulu honen 2. zenbakiak aipatzen dituen kategoriaren batean sartzen diren ondasunak zaindu, konpondu edo eraberritzeko egindako diru-dohaintzak, ondasun horiek dirua jaso duen fundazioarenak direnean.

6. Zerbitzuak dohainik ematea.

38. artikulua. Kenkariaren oinarria.

1. Aurreko artikuluko 2 eta 3. zenbakiek aipatzen dituzten kasuetan, kenkariaren oinarria Ekonomi eta Ogasun Departamentuak finkaturiko balioa izanen da. Horretarako, arlo horretan eskumena duen Departamentuari txostena eskatzen ahalko dio.

2. Arestiko artikuluaren 4. idatz-zatian aurreikusitako kasuan, ondasunen eta eskubideen balorazioa irizpide hauen arabera eginen da:

a) Dohaintza egiten duen entitateak ekoizturiko ondasun berriak badira, horien fabrikazio kostua, baina ez da izanen merkatuko batez besteko prezioa baino handiagoa.

b) Hirugarrenei erosi ondoren berriak ematen diren ondasunak badira, horien erosketa prezioa, betiere merkatuan duen batez besteko prezioa gainditu gabe.

c) Dohaintza egiten duen entitateak aurretik erabilitako ondasunak badira, horien kontabilitate-balio garbia, betiere dagozkion gutxieneko amortizazioak aplikatuta aterako litzatekeen prezioa gainditu gabe.

d) Eskubideak badira, horien kontabilitate-balio garbia, betiere merkatuan duen batez besteko prezioa gainditu gabe.

3. Arestiko artikuluaren 6. idatz-zatian aurreikusitako kasuan, kenkariaren oinarria zerbitzuak ematearen kostua izanen da, lagatako ondasunen amortizazioa barne, behar denean.

39. artikulua. Kenkarien gehieneko kopurua.

1. Dohaintza egiten duen entitatearen kasuetan, 37. artikuluko 2 eta 3. zenbakietan ezarritako kenkarien zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:

a) Kenkari horiek eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 42 eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %30.

b) Dirusarreren muntaren 1000ko 3.

2. 37. artikuluaren 1., 4., 5. eta 6. idatz-zatietan ezarritako kenkarien zenbatekoak ezin izanen du gainditu muga hauetako handiena:

a) Kenkari hauen aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 10 eta, hala behar denean, 42. eta 47. artikuluetan aipatzen direnena.

b) Diru-sarreren bolumenaren 1000ko 1.

3. Aurreko zenbakietako b) letran xedatutakoa aplikatu ondoren ezin izanen da zerga oinarri negatiboa atera.

4. Artikulu honetan adierazi diren kenkarien mugak Foru Lege honen 42 eta 47. artikuluetan aurreikusitakoekin bat etorriko dira.

5. Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen 66. artikuluan ezarritako kenkaria diruzko dohaintzei aplikatuko zaie, baldin eta dohaintza horiek ikerketa erakunde publikoetako edo berrikuntza eta teknologia zentroetako jarduerak bezalakoak egiten dituzten fundazioei ematen bazaizkie.

40. artikulua. Dohaintzen ondorioz ateratako errenta positibo edo negatiboak.

Sozietateen gaineko Zergaren ondorioetarako, ez dira aintzat hartuko Foru Lege honen 37. artikuluan azaltzen diren dohaintzen ondorioz sortzen diren errentak, positiboak edo negatiboak izan.

3. sekzioa. Dohaintzen justifikazioa

41. artikulua. Egindako dohaintzen justifikazioa.

Titulu honetan ezarritako kenkariak egin ahal izateko, dohaintzak benetan gauzatu direla egiaztatu beharko da, dohaintza jaso duen entitateak luzatutako ziurtagiriaren bidez. Honako datu hauek azaldu beharko dira ziurtagiri horretan:

a) Dohaintza emailearen eta entitate jasotzailearen izen-abizenak edo izen soziala eta Identifikazio Fiskaleko Zenbakia.

b) Entitate jasotzailea Foru Lege honetan arautzen direnen artean dagoela adierazten duen idazkia, 16. artikuluak aipatzen duen ebazpenaren berri emanez, halakorik badago.

c) Dohaintzaren eguna eta zenbatekoa, dirubidezkoa izan bada.

d) Diru bidezko dohaintza ez denean, dohaintza gauzatu dela frogatzen duen agiri publikoa edo bestelako agiri egiaztatua, edo doan emandako zerbitzuen balorazioa.

e) Entitate jasotzaileak dohaintzari eman nahi dion destinoa, haren helburu nagusien artean.

f) Dohaintza kenduezina eta erabaki hori atzeraezina dela adierazten duen idazkia.

II. KAPITULUA. Interes orokorreko ihardueretarako, enpresek ematen dituzten laguntzen tributu araubidea

42. artikulua. Interes orokorreko ihardueretan laguntzeagatiko kenkaria.

1. Sozietateen gaineko Zergaren likidazio oinarria kalkulatzeko, interes orokorreko ihardueretan lankidetzan aritzeko hitzarmenaren indarrez ordaindutako zenbatekoa kenkarien artean sartzen ahalko da.

Kenkari honen zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:

a) Kenkari hori eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 37 eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %5.

b) Entitatearen dirusarreren muntaren 1000ko 0,5. Kenkari hau aplikatu ondoren ezin izanen da zerga oinarri negatiboa atera.

2. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Errentan subjektu pasibo direnen kasuan, zuzeneko zenbatespeneko araubidean, iharduera enpresarial edo profesionalen batean aritzen badira, arestiko zenbakian xedatutakoa aplikatuko zaie eta iharduera horietatik datozen etekin garbiei dagokien zerga oinarriaren zatiaren gainean, %5 konputatuko da, gehienez ere.

3. Kenkarien muga Foru Lege honen 37 eta 47. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriko da.

43. artikulua. Lankidetza hitzarmena.

Interes orokorreko ihardueretako lankidetza hitzarmena, Foru Lege honen I. Tituluak aipatzen dituen fundazioek, beren helburuak lortzeko dirulaguntza hartzearen truk, laguntzailearen partaidetza zabaltzeko idatzizko konpromezua jasotzen duen hura izanen da.

Laguntzailearekiko konpromezu hori ezin izanen da gauzatu, inolaz ere, errenta edo mozkinetatik datozen diru kopuruak banatuz.

III. KAPITULUA. Bestelako ihardueretarako, enpresek ematen dituzten laguntzen tributu araubidea

1. sekzioa. Dohaintza gisa eskaintzeko eskuratzen diren artelanak

44. artikulua. Artelanak eskuratzeagatiko kenkaria.

1. Sozietateen gaineko Zergaren zerga oinarria kalkulatzeko orduan, artelanen eskurapenaren edo tasazioaren balioa kenkarien kontusailen artean sartzen ahalko da, baldin eta artelan horiek Foru Komunitateari, Estatuari, beste Administrazio Publiko bati edo Unibertsitate Publikoei zein erregelamendu bidez adieraziko diren bestelako entitateei, dohaintza gisa, eskaintzeko eskuratu baldin badira.

2. Eskurapen balioa ondorengo artikuluan ezarritakoaren arabera kalkulaturiko tasazioaren balioa baino altuagoa bada, kenkaria egiteko azken hori hartuko da aintzat. Horrelako kasuetan, enpresak hala nahi badu, dohaintza gisa emateko eskaintza bertan behera uzten ahalko du.

3. Kenkaria dohaintza onesten den zergaldi berean egin beharko da, baina ez da zerga oinarri negatiborik onartuko.

4. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Errentan subjektu pasibo direnen kasuan, zuzeneko zenbatespeneko araubidean, iharduera enpresarial edo profesionalen batean aritzen badira, kenkaria iharduera horietatik datozen etekin garbiei dagokien zerga oinarriaren zatiari aplikatuko zaio.

5. Artikulu honetan aurreikusitako kenkaria eta Foru Lege honen 33. eta 37. artikuluetan aurreikusitakoak bateraezinak dira, ondasun berari baldin badagozkio.

45. artikulua. Beharkizunak.

Aurreko artikuluak aipatzen duen kenkaria lortu ahal izateko, beharkizun hauek bete beharko dira:

a) Artelana, gehienez ere, urte bateko epean eman beharko zaio entitate jasotzaileari, eskaintza onartzen denetik hasita.

b) Eskaintza onartu baino lehen Departamentuak txostena emanen du, ondasunaren balorazioari eta artelanaren kalifikazioari buruzkoa. Horretarako, arlo horretan eskumen duen Departamentuaren laguntza eskatzen ahalko du.

c) Dohaintza egiteko eskaintza, ondasuna erosi eta hilabeteko epearen barruan egin beharko da.

d) Eskaintza egin eta eskualdaketa gauzatu bitarteko epean, dohaintza emaileak ezin izanen ditu artelanaren balioa jaisteagatiko zuzkidurak egin.

46. artikulua. Artelana zer den.

Kapitulu honetan xedatutakoaren ondorioetarako, artelantzat hartuko dira Balio Erantsiaren gaineko Zerga arautzen duen arauterian horrela sailkaturiko artegai, antzinako gai eta bildumatzeko gaiak, balio historiko edo artistikoa baldin badute.

2. sekzioa. Interes orokorreko ihardueretan eta artea sustatzekotan egindako gastuak

47. artikulua. Gastuen kenkaria.

1. Sozietateen gaineko zergaren zerga oinarria kalkulatzeko, honako ihardueretan erabilitako dirua kenkarietan adierazten ahalko da:

a) Laguntza, hezkuntza, kultura, zientzia, ikerketa eta kirol iharduerak, boluntariotza soziala sustatzekoak edo antzeko izaera duten interes orokorreko bestelako iharduera edo ikuskizun publikoak antolatzea edo burutzea, erregelamendu bidez adieraziko diren baldintzetan.

b) Zinea, antzerkia, musika eta dantza sustatu eta garatzeko iharduerak burutzea eta liburuak, bideoak eta fonogramak argitaratzea, erregelamendu bidez adieraziko diren baldintzetan.

2. Kenkari honen zenbatekoak ez du muga hauetan altuena gaindituko:

a) Kenkari hori eta, halakorik balitz, Foru Lege honen 37. eta 42. artikuluek aipatzen dituztenak, aplikatu aurretik dagoen zerga oinarriaren %5.

b) Entitatearen dirusarreren muntaren 1000ko 0,5. Kenkari hau aplikatu ondoren ezin izanen da zerga oinarri negatiboa atera.

3. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Errentan subjektu pasibo direnen kasuan, zuzeneko zenbatespeneko araubidean, iharduera enpresarial edo profesionalen batean aritzen badira, artikulu honetan xedatutakoa aplikatuko zaie eta iharduera horietatik datozen etekin garbiei dagokien zerga oinarriaren zatiaren gainean, %5 konputatuko da, gehienez ere.

4. Kenkariaren muga Foru Lege honen 37 eta 42. artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriko da.

IV. KAPITULUA.–Onura fiskalak aplikatzeko baldintza komunak.

48. artikulua. Onura fiskalak aplikatzeko baldintza komunak.

Titulu honetan aurreikusitako onura fiskalen aplikazioak honako baldintza izanen du: entitate onuradunek Zerga Administrazioari informazioa ematea, zerga-araudian ezarritako epeetan, jasotako dohaintzei eta ekarpenei buruz.

Lehen Xedapen Gehigarria. Fundazioen erregistroa.

1. Lehendakaritza Departamentuan Fundazioen Erregistroa eratu da. Erregistro horretan Foru Lege honen 1. artikuluak aipatzen dituen fundazio guztiak inskribatu beharko dira.

Inskripzio hori erregelamendu bidez emanen den epearen barruan egin beharko da eta horrekin batera Foru Lege honen 4. artikuluak aipatzen dituen alderdiak adierazi beharko dira.

Erregistroa publikoa izanen da.

2. Ekonomi eta Ogasun Departamentuak Fundazioen Erregistroari adieraziko dio nork eskuratu edo galdu duen tributu araubide berezia, hantxe ager dadin, baita eraketa eskrituran edo estatutuetan egindako aldaketak ere.

3. Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren Fundazioen Erregistroan inskribatu ahalko dira, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioko 44. legearen babesean sortutako fundazioez gainera, Estatuko edo arlo horretan eskumenak dauzkaten autonomia erkidegoetako araudiaren arabera eratu eta beren estatutuak geroan aldatu dituztenak, hain zuzen ere beren sozietate-helbidea Nafarroan ezartzeko eta beren jarduerak nagusiki Foru Komunitatean gauzatzeko.

Halaber, atzerriko fundazioak inskribatu ahalko dira Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Fundazioen Erregistroan, baldin eta beren jarduera gehiena Foru Komunitatearen lurralde eremuan garatzen badute.

4. Erregistroaren egitura eta funtzionamendua erregelamendu bidez finkatuko dira.

Bigarren Xedapen Gehigarria.

1. Foru lege honetan arauturiko tributu araubidea honako hauei aplikatuko zaie:

1. Bertan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen dituztela, Estatuko edo gai honetan eskumena duten autonomia erkidegoetako araudiari jarraituz eratu diren fundazioei.

2. Martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan edo gai honetan autonomia erkidegoek dituzten xedapenetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen dituzten elkarte onura publikoko deklaratuei.

3. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Erregistroan inskribatuak nahiz erregistro horretan inskribatu gabe egon arren inskribatzeko eskabide formala egin dutenak, fundazioaren edo elkartearen forma juridikoa badute eta foru lege honetan ezarritako betebehar eta baldintzak betetzen badituzte.

Inskribaturik ez daudenen kasuan, inskribatzeko eskabidea egiten denetik sei hilabete igarota inskripziorik egin ez badute, lortutako onura fiskalak eta eskubideak ezeztatuko zaizkie.

2. Tributu araubide hau aplikatzeko, Nafarroako Zerga Ogasunaren aurrean frogatu beharko da kasu bakoitzean eskatzen diren baldintzak betetzen direla, aurreko 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat, eta idatz-zati horretan aipatzen diren entitateek 10. eta 11. artikuluetan fundazioei ezartzen zaizkien eskakizunak bete beharko dituzte.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

Irabazi asmorik gabeko entitateak foru lege honetan ezarritako baldintzetako edozein betetzen ez badu, ez dira aplikatuko bertako II. tituluan ezarritako kenkariak, ez-betetze hori gertatzen den ekitaldiari dagozkionak.

Laugarren Xedapen Gehigarria. Baldintzak ez betetzea.

Fundazioek eta foru lege hau aplikatu beharra duten gainerako entitateek ez badituzte lege honetan ezarritako baldintzak betetzen, legearen 17. artikuluan eta hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitako ondorioak izateaz gain, ez zaizkie aplikatuko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 150.d) eta e) eta 173.2 c) artikuluetan aurreikusitako salbuespenak.

Bosgarren Xedapen Gehigarria

Foru Lege honen I. Tituluaren VII. Kapituluko 1 eta 3. Sekzioetan aurreikusitako araubidea honako hauei aplikatuko zaie:

-Eliza katolikoa eta Espainiako Estatuarekin elkarlanerako akordioak sinatuta dituzten eliza, aitorpen talde eta erlijio erkidegoak.

-Gurutze Gorria eta Espainiako Itsuen Erakundea.

Seigarren Xedapen Gehigarria

Foru Lege honen 33. artikulutik 43.era bitartean, biak barne, aurreikusitako araubidea aplikatuko zaie ondoko entitateei egindako dohaintzei eta horiekin sinaturiko lankidetza hitzarmenei:

Foru Komunitatea, Estatua, autonomi komunitateak, toki entitateak eta unibertsitateak.

Eliza katolikoa eta Espainiako Estatuarekin elkarlanerako akordioak sinatuta dituzten eliza, aitorpen talde eta erlijio erkidegoak.

Espainiako Gurutze Gorria.

Espainiako Itsuen Erakundea.

Erregelamenduz zehaztutako beste batzuk.

Zazpigarren Xedapen Gehigarria

Foru Lege honek indarra hartzen duenetik aurrera, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko maiatzaren 14ko 6/1992 Foru Legearen 39. artikuluko 7. zenbakiko b) letraren eta 74. artikuluko 7. zenbakiaren edukina aldatuko da, honela esanen baitute:

Bat.-39.7.b) artikulua.

b) Foru Lege honen 74. artikuluko 7. zenbakiak aipatzen dituen dohaintzak.

Bi.-74.7 artikulua.

7. Dohaintzengatiko kenkariak.

Fundazioen eta Babes Ihardueren tributu araubidea erregulatzen duen Foru Legean aurreikusitakoak.''

Zortzigarren Xedapen Gehigarria

1. Oinordekotzaren, Ondarearen, Pertsona Fisikoen Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen tributu zorraren ordainketa egiten ahalko da urriaren 3ko 217/1986 Foru Dekretuan xedatutakoaren arabera zehazki eta banan-banan Interes Kulturaleko Ondasun deklaraturiko ondasunen bidez, Espainiako Ondare Historikoa osatzen duten ondasunen bidez edo Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legeak aipatzen duen Inbentario Orokorrean sarturiko ondasunen bidez, erregelamendu bidez adieraziko diren baldintzetan.

Tributu zorra ordaintzen ahalko da, halaber, Nafarroako Gobernuak ondorio honetarako soilik, interes kulturalekoak deklaratzen dituen beste ondasunen bidez.

2. Pertsona Fisikoen Errentaren eta Sozietateen gaineko Zergen ondorioetarako, ez dira aintzat hartuko ondasun horiek ematearen ondorioz sortzen diren ondare gehikuntza edo urripenak, ez eta errenta positibo edo negatiboak ere.

Bederatzigarren xedapen gehigarria. Alderdi politikoentzako dohaintzak.

Pertsona fisiko edo juridikoek alderdi politikoei emaniko diruzko nahiz ondasunezko dohaintzei, alderdi politikoen finantzaketari buruzko uztailaren 4ko 8/2007 Lege Organikoak ezarritako mugen barrenean, Fundazioen eta babes jardueren tributu araubidea erregulatzen duen uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legeko II. tituluko 1. kapituluan aurreikusitako dohaintzengatiko kenkariak aplikatuko zaizkie, hartan ezarritako beharkizun eta baldintzen arabera.

Hamargarren xedapen gehigarria. “Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duen proiektuei aplikatzekoak zaizkien pizgarri fiskalak.

1. Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako Departamentuak “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua eman ahal izanen die Nafarroako Foru Komunitatean antolatzen diren proiektuei, hain zuzen ere gizarte zerbitzuen, garapenerako lankidetzaren eta berdintasunaren arloko jarduerak gauzatzen dituzten proiektuei, baldin eta betetzen badituzte ezarriko diren eraginkortasun-, efizientzia- eta gardentasun-baldintzak.

“Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua ematen duen ebazpenean zehaztuko da irabazi-asmorik gabeko zein entitatek gauzatuko duen kasuan kasuko proiektua, bakarka nahiz beste batekin edo batzuekin elkarlanean. Entitate horiek egiaztatu beharko dute “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen saiatzen den proiektutik independentea eta desberdina den jarduna dutela.

Urtero foru agindu bat onetsiko da non lehentasunezko jarduketa-ildoak ezarriko baitira, gizarte-entitateen parte-hartzearekin zehaztuak; ildo horiek “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lor dezaketen gizarte-elkartasuneko programa eta proiektuetan gauzatuko dira.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilariak foru agindu bidez zehaztuko ditu aipatutako baldintzak, eraginkortasun, efizientzia eta gardentasunekoak, bai eta “konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzeko prozedura ere.

“Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzen duten proiektuak Nafarroako Parlamentuko Gizarte Politiketako Batzordeari igorri eta aurkeztuko zaizkio, onetsi eta hiru hilabeteko epean gehienez ere, azaltzeko zer ezaugarri jo diren erabakigarritzat kalifikazio hori emateko.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboek eskubidea izanen dute dohaintzan emandako zenbatekoen ehuneko 40 kentzeko zergaren kuotari, kopuruak ezeztaezinak, garbiak eta soilak baldin badira, baita aurreko atalean aipatutako entitateekin izenpetutako lankidetza hitzarmenen ondorioz ordaindutako zenbatekoen portzentajea bera ere, proiektu horiek finantzatzeko erabili badira.

Kenkarien oinarria Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen 64. artikuluko 1. idatz-zatian aipatzen den mugaren ondorioetarako kontatuko da.

3. Sozietateen gaineko zergaren subjektu pasiboek diru-dohaintzak egiten badituzte, ezeztaezinak, garbiak eta soilak, edo, aurreko 1. idatz-zatian aipatzen diren lankidetza hitzarmenen ondorioz, diru-kopuruak eskudirutan ordaintzen badituzte aipatutako proiektuen finantzaketarako, honako onura fiskal hauek izanen dituzte:

a) Zerga-oinarria zehazteko, ordaindutako zenbatekoak kengarritzat hartuko dira.

b) Horrez gain, kuota likidoari zenbatekoaren ehuneko 20ko kenkaria egiteko eskubidea izanen dute.

Zerga-oinarriari kendu ahal zaion zenbatekoak ez ditu muga hauetako altuena gaindituko:

–Murrizketa hori eta, kasua bada, foru lege honen 37., 42. eta 47. artikuluek aipatzen dituztenak egin aurreko zerga-oinarriaren ehuneko 30.

–Negozio zifraren zenbateko garbiaren milako 3.

Bestetik, kuotaren kenkaria sozietateen gaineko zergari buruzko foru legearen 72. artikuluaren 3., 6. eta 7. idatz-zatietan ezarritako araubidearen eta mugen arabera aplikatuko da.

Atal honetan araututako onura fiskalak ez zaizkie inola ere aplikatuko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboei.

4. Bateraezina izanen da xedapen gehigarri honetan araututako onura fiskalak eta foru lege honetan ezarritako gainerakoak zenbateko berberetarako jasotzea.

5. Aurreko 2. eta 3. ataletan aurreikusitako onura fiskalak aplikatzeko, ekarpenen eta dohaintzen entitate onuradunek beharkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Behar diren egiaztagiriekin frogatu beharko dute ekarpenak eta dohaintzak egiazkoak direla, eta benetan erabili direla “konpromiso sozialeko proiektu” bat gauzatzeko.

Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketako kontseilariak foru agindu bidez arautuko ditu entitate onuradunek luzatu beharreko egiaztagiri horien edukia eta ezaugarriak.

b) Emandako egiaztagirien edukia jakinarazi beharko diote Zerga Administrazioari, tributuen gaineko arauetan ezarritako eredu eta epeekin.

6. “Konpromiso sozialeko proiektuaren” zigilua lortzeko deialdirako urteko foru aginduan jasota egonen da zer prozedura aplikatuko den baldin eta ekarpenen onuradun izan diren entitateek gutxienekotzat jotako funtsak ez jasotzeagatik ezin badituzte proiektuak ekitaldi horretan abian jarri. Prozedura horrek ezarria izanen du zer mekanismo erabiliko den proiektua birformulatu eta hasiera-data, epea edo helburua aldatzeko, edota proiektua beste entitate batekin nahiz batzuekin batera gauzatzea ezartzeko, horrela proiektua abian jartzeko aukera emateko; proiektua, edozein modutan, abian den ekitaldiko deialdian ezarritako lehentasunezko jarduketa-ildoei egokitu beharko zaie, eta kasuan kasuko organo kudeatzailearen onespena beharko du.

7. Gizarte Politiketako kontseilariak, urtero, ekainaren 30a baino lehenago, aurreko urteko emaitzei buruzko oroitidazki bat igorriko dio Nafarroako Parlamentuari, non jasoko baita, gutxienez, finantzaketa lortu duten proiektuen zerrenda, horien zenbatekoa eta onura fiskalen zenbatekoa, figura tributarioka eta kontzeptuka xehakatua.

Hamaikagarren xedapen gehigarria. Foru lege honen zerga-onuren bateraezintasuna.

Foru lege honen artikuluetan eta xedapen gehigarrietan araututako zerga onurak bateraezinak izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga pizgarriak arautzen dituen foru legean zenbateko berberetarako ezarritakoekin. Ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutako Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginaren 22 B) Bigarrena artikuluan ezarritako onurekin dagoen bateraezintasun hori aplikatuko zaie, halaber, Nafarroako Administrazio Publikoei edo irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei Nafarroako Gobernuak ondorio hauetarako interes sozialaren deklarazioa jaso duten proiektuak egiteko dohaintzan emandako diru kopuruei.

Hamabigarren xedapen gehigarria.–Babesletza kontratuek eragindako publizitate gastuen zerga-onurak.

Sozietateen gaineko Zergari buruzko xedapenen Testu Bateginean, ekainaren 13ko 153/1986 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onartutakoan, 22 B) Hirugarrena artikuluan ezarritako zerga-onurak aplikatuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentu eskudunek interes sozialeko deklaratutako kirol, kultur eta gizarte laguntzako jardueren babesletza kontratuek eragindako publizitate gastuengatik ordaindutako diru kopuruetarako.

Xedapen Iragankor Bakarra

1. Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren Bildumaren 44. Legearen babesean eraturiko fundazioek 1996ko abenduaren 31ra arte izanen dute Foru Lege honetan arautzen den tributu araubideari atxikitzeko, beti ere Legean zehazten diren beharkizun eta baldintzak betetzen badituzte.

Horretarako, 15. artikuluan azaldu den eskaera egin beharko dute.

2. Arestiko 1. zenbakian emandako epearen barruan eskaera aurkezten ez duten fundazioak ezin izanen dira Foru Lege honetan aurreikusitako tributu araubideaz baliatu.

Kasu horietan, tributu araubide hori eskaeraren egunetik aurrera aplikatuko da.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra

Foru Lege honek indarra hartzearekin batera baliorik gabe geldituko dira bertan adierazitakoari kontra egiten dioten lerrun bereko eta baxuagoko xedapen guztiak eta bereziki honako hauek:

-Foru Diputazioak 1976ko abenduaren 2an harturiko Erabakia.

-Sozietateen gaineko Zergaren inguruko xedapenak biltzeko, ekainaren 13ko 153/1986 Foru Dekretu Legegilearen bidez onetsi zen Testu Birbilduaren 9.m) artikulua, Foru Lege honek indarra hartzen duenetik aurrera ixten diren zergaldietarako.

-Irailaren 2ko 277/1992 Foru Dekretua, zerga ondorioetarako, fundazioak interes sozialekoak deklaratzeari dagokion orotan.

Azken Xedapen Bakarra

Foru Lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

Aurreko lerroaldean esandakoa gorabehera, I. Tituluaren VII. Kapituluko 1. Sekzioan bilduriko xedapenek aipatu egunetik aurrera ixten diren zergaldietan izanen dute ondorioa, eta II. Tituluaren I. Kapituluko bildurikoek, 1996ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa