(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa

 

Testu bateratua

Jatorrizkoa: 2005eko 136. NAO, azaroaren 14koa.

Aldaketak: 15/2006 Foru Legea, abenduaren 14koa; 16/2009 Foru Legea, abenduaren 23koa; 5/2014 Foru Legea, apirilaren 14koa; 14/2014 Foru Legea, ekainaren 18koa; ; 25/2014 Foru Legea, abenduaren 2koa

Atarikoa

Nafarroako Foru Komunitatea aitzindaria izan zen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide juridikoaren erregulazioan, ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea onetsiz.

Gaur egun, gastu publikoaren zati handi bat dirulaguntzetan egiten da, hau da, administrazio publikoak inolako ordainik jaso gabe egiten dituen diru ekarpenetan. Funts publikoak ematen dituen entitateak aintzat hartutako interesek justifikatu behar dituzte halako transferentziak.

Bistan denez, botere publikoek komenigarritzat jo dute herritarrei zenbait ondasun eta zerbitzu pribaturen kostua osorik edo zati bat finantzatzea, dirulaguntzak emanez, ondasun eta zerbitzu horiek eskuratu ahal izan ditzaten.

Beste batzuetan, sektore estrategikoetan inbertsio pribatuak egiteko pizgarria ematea izan da transferentzia publiko horien helburua, hazkunde ekonomikoa eta produkziorako baliabideen erabilera sustatu nahi izan direlako.

Hala, bada, administrazio publikoen aurrekontuetan dirulaguntzek leku nabarmena izan ohi dute, eta ezaugarri hori bereziki agerikoa da gure foru erkidegoan.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legea onetsi zenetik hutsune batzuk agertu dira orduan diseinatu zen marko juridikoan. Hain zuzen ere, Comptos Ganberak alderdi zehatzei buruzko gomendioak eman ditu fiskalizazio-txostenetan. Nafarroako Gobernuak gomendio horiek jaso ditu foru lege honen testuan, administrazioaren jarduera garrantzitsu honen erregulazioa hobetzeko.

Foru lege berri honek bereziki azpimarratzen du dirulaguntza emateko jarduera publizitatearen eta lehiaren printzipioei lotu behar zaiela, ahalik gardenena izan dadin.

Halaber azpimarratzekoa da testu berrian kezka berezia ageri dela baliabide publikoak ahalik modu efizienteenean erabiltzeko. Hori dela eta, kudeaketa-prozedura egokiak ezarri dira baliabideak zertarako eman hartarako erabil daitezen eta jatorrizko xedeetatik desbideratu ez daitezen.

Foru legeak homogeneizatu egiten du dirulaguntzei aurrekontuetan eta kontabilitatean ematen zaien tratamendua, eta zenbait kasutan bide ematen du dirulaguntza aurreratua jasotzeko. Atariko titulua eta beste lau titulu ditu; guztira 46 artikulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta azken xedapen bat.

Atariko tituluan dirulaguntzei buruzko xedapen orokorrak daude. Titulu hori bi kapitulutan banatuta dago. I. kapituluan foru legearen esparru objektiboa eta subjektiboa mugatzen dira. II. kapituluan xedapen orokorrak daude: dirulaguntzak emateko printzipio eta betekizunak, dirulaguntzak emateko eskumena, onuradunen eta entitate laguntzaileen betebeharrak, onuradun edo entitate laguntzaile izateko baldintzak, dirulaguntza arautzeko oinarrien onespena eta edukia, eta emandako dirulaguntzen publizitatea, besteak beste.

Dirulaguntza kontzeptua antzeko beste batzuetatik bereizteko, foru legearen aplikazio-esparru objektiboan ezaugarri hau sartzen da: funts publikoak xede jakin bati lotuta ematen dira, alegia, gauzatuta dagoen edo gauzatzekoa den proiektu, jarduera edo jokamolde bati lotuta. Horrelako loturarik izanez gero, funtsak ematea dirulaguntzatzat joko da eta foru lege hau aplikatuko da.

Aplikazio-esparru objektibo horretatik kanpo uzten dira terrorismo ekintzengatiko prestazioak eta dirulaguntzei buruzko araudiarekin homologatu ezin diren araudi bereziak dituztenak, adibidez, ondare erantzukizunagatiko kalte-ordainak, zerga onurak edo hezkuntza arloko itunak.

Azkenik, foru legearen esparru objektibotik at uzten dira administrazio publikoek jendaurreko deialdia eginda ematen dituzten sariak eta onuradunak aurrez eskatu gabe ematen diren beste sari batzuk, bai eta hauteskundeetako dirulaguntzak eta alderdi politiko edo talde parlamentarioei ematen zaizkienak ere, azken horiek badutelako beren araudia.

Berariaz adierazten da, gainera, Europar Batasunaren arauetan eta horiek garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionaletan ezarritako dirulaguntzak ematerakoan foru lege hau osagarri gisa aplikatuko dela. Bestalde, Europar Batasunetik datozen funtsen kudeaketak ekar dezakeen finantza-erantzukizunaren araubidea ezartzen da.

Beharrezkotzat jo da dirulaguntza emateko jardueraren oinarri izan behar duten printzipio orokorrak foru lege honetan jasotzea. Hala, foru legean jaso dira dirulaguntzak kudeatzeko printzipioak (berdintasuna, publizitatea, gardentasuna, objektibotasuna, eraginkortasuna, efizientzia eta kontrola), dirulaguntza eman dadin nahitaez bete beharreko betekizunak eta onuradun edo entitate laguntzaile izateko bete behar direnak.

Onuradunen betebeharren zerrenda handitu egin da. Kontabilitate eta erregistro arloko betebeharrak berariaz erantsi dira, egiaztapenak eta finantza-kontrolak behar bezala eginen direla bermatzeko.

Entitate laguntzaileek funts publikoen kudeaketan eta banaketan parte hartzen dutenean, betiere lankidetza-hitzarmena egin beharko da entitate laguntzailearen eta dirulaguntza ematen duen organoaren artean. Hitzarmenean arautuko dira entitate laguntzaileak onartu behar dituen baldintzak eta betebeharrak. Foru legean bertan zehazten da lankidetza-hitzarmen horien gutxieneko edukia.

Entitate laguntzailea zuzenbide pribatuko entitatea denean, publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioen arabera aukeratu behar da. Hala ere, lankidetza-hitzarmenean itundutakoak laguntza teknikorako kontratuaren xedearen barnean badaude, edo kontratu publikoei buruzko araudian erregulatutako beste edozein kontraturen xedeak barnean hartzen baditu, orduan kontratu publikoei buruzko araudia aplikatuko da oso-osoan, eta ez goian aipatutako printzipioak bakarrik, bai entitatea hautatzeko eta bai lankidetzaren araubide juridikoa eta ondorioak zehazteko ere.

Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileen gutxieneko edukia arrazionalizatu egin da, argiagoa izan dadin eta hobeki moldatu dadin foru legean jasotako kudeaketa-eredura.

Dirulaguntzak eman eta kudeatzeko prozedurak arautzen dituzten xedapenak I. tituluan daude, bost kapitulutan banatuta.

Dirulaguntzak emateko araubide orokorra norgehiagoka izanen dela ezartzen da I. kapituluan. Araubide horrek bidea eman beharko du dirulaguntzak emateko printzipioak, foru legean ezarritakoak, aplikatzeko. Salbuespenez, dirulaguntzak onuradunei zuzenean emateko prozedura batzuk erabili ahalko dira, betiere behar adinako lege-oinarria dagoenean edo, dirulaguntzaren xedea dela eta, interesdun gehiagoren arteko lehia ezinezkoa denean.

II. kapituluan arautzen da dirulaguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedura, eta malgutasun handia ematen zaio. Lehendabizi gutxienekoen prozedura eratzen da, hau da, goian aipatutako kudeaketa printzipioak bete daitezen nahitaez egin behar diren jarduketa eta izapideen multzoa. Aukera ematen da oinarri arautzaileetan fase gehiago ezartzeko, beharrezkotzat jotzen badira dirulaguntzaren izaera, xede edo helburuengatik.

Prozedura ebazteko gehieneko epea ezartzen da, eta hura oinarri arautzaileetan zehaztuko da. Epe hori iraganik berariazko ebazpenik eman ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

Dirulaguntzak zuzenean emateko prozedura III. kapituluan arautzen da. Prozedura hori foru legean aurreikusitako kasuetan baino ez da aplikatuko, eta ez du publizitatearen eta lehiaren printzipioak bete beharrik izanen. Batzuetan, dirulaguntzaren xedea dela-eta onuradun bat hautatuz gero beste edozein interesduni dirulaguntza eskuratzeko aukera kentzen zaio. Halakoetan, Nafarroako Gobernuaren baimena beharko da dirulaguntza emateko.

IV. kapituluan hauxe arautzen da: onuradunak eta, egonez gero, entitate laguntzaileak nola kudeatu eta justifikatu behar dituzten emandako dirulaguntzak. Berariaz ezartzen da onuradunari aukera ematen zaiola hirugarrenekin hitzarmenak egiteko dirulaguntzaren xede den jardueraren zati bat egin dezaten, baldin eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusita badago, eta foru legean bertan ezarritako mugaraino betiere, oinarri arautzaileetan ez bada beste muga bat jartzen.

Justifikazioari dagokionez, foru legeak dio gastuaren egiaztagiriak baliozkotu eta zigilatzeko sistema ezarriko dela erregelamendu bidez, iruzurrak eragozteko eta egiaztapen eta kontrol jardueren eraginkortasuna areagotzeko.

Halaber kapitulu honetan arautzen dira dirulaguntzaren xedetzat har daitezkeen gastuak, eta dirulaguntzaren zenbatekoa inoiz ez dela izanen gastuen merkatu-balioa baino handiagoa ezartzen da.

V. kapitulua dirulaguntzen kudeaketa ekonomikoari eta aurrekontu-kudeaketari buruzkoa da. Dirulaguntzen kudeaketaren fase guztietako kontabilitate alderdiak biltzen ditu. Bertan arau orokor hau ezartzen da: dirulaguntza ordain dadin, aurretik onuradunak frogatu egin behar du dirulaguntzaren xedea bete duela. Hala ere, onuradunek errazago bete dezaten dirulaguntzaren xedea, ordainketak aurreratzeko aukera ematen da. Dirulaguntzen ordainketa aurreratzeko baldintzak eta kasuak ezartzen dira, bai eta derrigorrez eskatu behar diren bermeen araubidea ere.

II. titulua dirulaguntzen itzulketari buruzkoa da. Haren edukia bi kapitulutan egituratuta dago.

Itzulketen araubide orokorra ezartzen da I. kapituluan. Lehendabizi, dirulaguntza emateko erabakia baliogabetuz gero egin behar diren itzulketak arautzen dira, eta gero itzulketaren arrazoiak azaltzen dira.

Itzulketaren arrazoi horietako batzuk administrazioak egin edo baimendutako jarduketen ondorio dira; halakoetan ezin izanen da berandutza-korriturik eskatu. Beste batzuetan itzulketa egin behar da onuradunek eta entitate laguntzaileek ez dituztelako bete beren betebeharrak, eta kasu horietan bai, dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa erabakitzen den egunera arte sortutako berandutza-korrituak aplikatuko dira.

Gainerako betebeharrak ez betetzea eta kontrolei itzuri edo uko egitea dirulaguntza itzuli beharra dakarten arrazoiak izanen dira, jokaera horien ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak dagokien xederako erabili direla, edo xedea bete dela eta dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin direla, edo xede bererako dirulaguntza, dirusarrera nahiz baliabide gehiago pilatu ote den jakiterik ez badago.

Hartutako dirulaguntzaren zati bat baino ez itzultzeko aukera aurreikusten da, onuraduna betebehar guztiak betetzetik nahiko gertu gelditzen den kasuetarako.

Kapitulu honetan, azkenik, administrazioak itzulketa eskatzeko duen eskubidearen preskripzioa arautzen da, eta zehaztu egiten da zein diren itzuli beharra dutenak eta erantzuleak: dirulaguntza itzuli beharra dagoenean, erantzule izanen dira, onuradunak eta entitate laguntzaileak ez ezik, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak, desegin eta likidatutako entitateetako bazkideak eta haien kapitalean partaide direnak, eta jaraunsle edo legatu-hartzaileak, legean aurreikusitako moduan eta eran.

III. titulua dirulaguntzen jarraipenari eta kontrolari buruzkoa da. Atal honetan berrikuntza garrantzitsuak sartu dira, kontrola eraginkorra izan dadin eta onuradunen eta entitate laguntzaileen eskubideak berma ditzan.

Kontrola egiteko eskumena eta kontrolean laguntzeko beharra ezarri dira titulu honetan. Laguntzeko beharra dutenak ez dira onuradunak eta entitate laguntzaileak bakarrik; dirulaguntzaren xedearekin edo onuradunen, entitate laguntzaileen eta hirugarrenen justifikazioarekin zerikusia dutenei ere kontrolean laguntzeko betebeharra ezartzen zaie. Gainera, finantza-kontrola egiteko prozeduraren ildo nagusiak eta txostenen ondorioak ezartzen dira.

Foru lege honen helburuetako bat dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak egoki sailkatzea da. Arau-hauste administratiboak jokaera zigorgarriaren arabera mailakatzen dira, eta zehapenen araubide juridikoa ezartzen da arau-haustearen izaerari erreparatuta. Hain zuzen ere IV. tituluan jaso da dirulaguntzen arloko arau-hauste eta zehapenen araubidea. Titulu horren edukia bi kapitulutan banatuta dago.

Onuradunen, entitate laguntzaileen eta dirulaguntzaren xedearekin edo justifikazioarekin zerikusia duten hirugarrenen arau-hauste administratiboak sailkatzen dira I. kapituluan. Arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke. Gainera, arau-haustearen erantzulea nor den zehazten da eta arau-hausteen preskripzio epea ezartzen da.

II. kapituluan zehapen motak eta zehapenak mailakatzeko irizpideak agertzen dira, eta arau-haustearen sailkapenaren arabera, hots, arina, larria edo oso larria den kontuan hartuta, zein zehapen jarri behar den zehazten da. Halaber, zehapenen preskripzio epea ezartzen da.

Kapitulu honetan, azkenik, diru-zehapenei dagokienez, zenbait kasutan erantzukizun subsidiarioa eta solidarioa ezartzen zaie merkataritza-sozietateen administratzaileei edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenei, baita legean aurreikusitako moduan eta eran desegin eta likidatutako entitateetako bazkideei nahiz kapitaleko partaideei ere.

Zioen azalpen honetan adierazitako irizpideak testuaren artikuluetan jaso dira, beraz. Horrela, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen bitartez, erantzun egokia eman nahi zaie administrazio publikoen dirulaguntzak direla-eta hainbat arlotan sortu diren beharrizanei.

ATARIKO TITULUA. XEDAPEN OROKORRAK

I. KAPITULUA. Foru legearen aplikazio esparrua

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honen xedea da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra erregulatzea.

2. artikulua. Dirulaguntza kontzeptua.

1.-Foru lege honi dagokionez, dirulaguntzatzat joko da pertsona publiko edo pribatuei dirua ematea, betekizun hauek betetzen direnean:

a) Dirua ez onuradunen, ez hirugarren pertsonen zuzeneko kontraprestaziorik gabe ematea.

b) Dirua emateko baldintza izatea xede jakin bat bete dadila, edo proiekturen bat gauzatu, jardueraren bat egin nahiz jokabide berezia har dadila (xede horiek jada burutuak izan daitezke nahiz oraindik burutu gabeak), edo inguruabar jakin batzuk gertatzea; eta onuradunari betebehar material eta formal batzuk ezartzea.

c) Finantzatzen den proiektu, ekintza, jokabide edo egoeraren helburuak onura publikoko edo gizarte intereseko jardueraren bat sustatzea edo xede publikoren bat sustatzea izan behar du.

2.-Sektore publikoko entitateek beren eskumeneko esparruan egiten dituzten jarduerak osorik finantzatzeko Nafarroako aurrekontu orokorretatik egiten zaizkien diru ekarpenak ez daude sartuta foru lege honen aplikazio esparruan. Halako ekarpenei beren araudian ezarritakoa aplikatuko zaie.

3.-Honako hauek ez dira dirulaguntzak:

a) Terrorismo ekintzengatiko prestazioak

b) Zerga onurak

c) administrazioaren ondare erantzukizunagatiko kalte-ordainak

d) Hezkuntza arloko itunak

e) Gizarte Zerbitzuen Foru Legean aipatu eta gizarte zerbitzu orokorren zorroan bermatutzat jotzen diren prestazio ekonomikoak, pertsona fisikoen edo familien bizi premiak asetzeko xedea dutenak.

3. artikulua. Foru legearen aplikazio esparrutik kanpo utzitakoak.

Honako hauek foru lege honen aplikazio esparrutik kanpo daude:

a) Jendaurreko deialdia eginda Nafarroako administrazio publikoek ematen dituzten sari ofizialak, eta onuradunak aurrez eskatu gabe ematen direnak.

b) Hauteskundeei buruzko legeetan aurreikusitako dirulaguntzak.

c) Alderdi politikoen araudiari jarraituz haiek finantzatzeko ematen diren dirulaguntzak, eta talde parlamentarioei ematen zaizkienak.

4. artikulua. Europar Batasuneko funtsekin finantzatzen diren dirulaguntzen araubide juridikoa.

1.-Europar Batasuneko funtsekin finantzatzen diren dirulaguntzak Europar Batasuneko aplikatzekoak diren arauei lotuko zaizkie, bai eta Europako arauak garatzen dituzten edo haien transposizioa diren arau nazionalei ere.

2.-Europar Batasuneko funtsekin finantzatzen diren dirulaguntzei zuzenean aplikatu behar zaizkien arauek osagarri izanen dituzte foru lege honetan dirulaguntzak eman eta kontrolatzeko ezarri diren prozedurak.

II. KAPITULUA. Dirulaguntza publikoei buruzko xedapen orokorrak

5. artikulua. Printzipio orokorrak.

1.-Foru lege honetan arautzen diren dirulaguntzak ondoko printzipioei jarraituz kudeatuko dira:

a) Publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, bereizkeriarik eza eta kontrola.

b) Dirulaguntza ematen duen administrazioak ezarritako helburuak betetzeko eraginkortasuna.

c) Baliabide publikoak esleitu eta erabiltzeko efizientzia.

2.-Dirulaguntzak ezartzea proposatzen duten organoek aldez aurretik adierazi beharko dute zein xede eta onura publiko edo sozialeko eragin lortu nahi diren, zenbat denbora behar den horiek lortzeko, ustez zenbateko kostuak izanen diren eta zein finantzabide erabiliko diren, eta, betiere, aurrekontu-kontsignazioa egotearen menpe jarriko dute dirulaguntza.

3.-Lortu nahi diren xedeak merkatua ukitzen baldin badute, argi eta garbi identifikaturiko akatsak zuzentzera bideratu behar dira eta haien ondorioek ahalik distortsiorik txikiena eragin behar dute.

5. bis artikulua. Plangintza.

1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak diru-laguntzen plan estrategiko orokor bat ezarriko du hiru urtetik behin, departamentuen eta jarduketa lerroen arabera xehakatuta. Plan horrek, onetsia izan aurretik, arlo ekonomikoan eskumena duen departamentuaren baimena lortu beharko du.

Diru-laguntzen plan estrategiko hori urtero berrikusiko da, eta bertan gehituko dira beharrezkotzat jotzen diren aldaketak edo doikuntzak.

Diru-laguntzen plan estrategikoa Nafarroako Parlamentuko ekonomiaren arloko batzorde eskudunari aurkeztu beharko zaio urtero, apirilaren 30a baino lehen.

2. Urte bakoitzeko lehen lauhilabetekoan, departamentu eta erakunde autonomoek aurreko ekitaldiko deialdien ebaluazio-txostenak prestatuko dituzte. Txosten horietan aztertuko dira deialdi bakoitzean banaka planteatutako helburuen betetzea eta diru-laguntza emateko prozeduran ezarritako epeen betetze-maila, bai eta deialdiei lotutako gai garrantzitsuak ere.

3. Aurreko idatz-zatian aipatzen diren txostenak Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzaren dokumentu gisa igorriko zaizkio, onetsi ondoren eta ezarritako epearen barruan, Nafarroako Parlamentuan ekonomiaren arloko eskumena duen batzordeari.

6. artikulua. Dirulaguntzak emateko betekizunak.

1.-Dirulaguntzak ematen direnean, horretarako erabiltzen den bitartekoa edozein izanik ere, oinarri arautzaileak onetsi behar dira eta beraiei jarraitu behar zaie, foru lege honetan ezarritako moduan.

2.-Zenbaitetan, Europar Batasuneko araudiak hala aginduta, dirulaguntza ezarri, eman edo aldatzeko proiektuak jakinarazi behar direnean, dirulaguntza ematen duen organoak proiektuaren berri eman behar dio Europar Batasuneko Batzordeari, kasuan kasuko araudiari jarraituz, dirulaguntza bateragarria dela adieraz dadin. Horrelakoetan dirulaguntza ezin izanen da gauzatu harik eta merkatu bateratuarekin bateragarria dela adierazi arte.

7. artikulua. Eskumena.

1.-Kasuan kasuko gaiari buruz administrazio ebazpenak emateko eskumena duen administrazio organoa izanen da dirulaguntzak emateko organo eskuduna.

2.-Aurreko idatz-zatian aipatutako eskumena erabili ahalko da baldin eta horretarako aurrekontu-kontsignaziorik badago.

3.-Artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritako eskumenak ezertan ukatu gabe, Nafarroako Gobernuaren erabakia beharko da milioi bat eurotik gorako dirulaguntzak emateko eta foru lege honen 17. artikuluko 2.c) idatz-zatian xedatutakoaren araberako dirulaguntzak emateko. Nafarroako Gobernuaren aurretiazko baimen horrek ez du berekin ekarriko gastua egiteko baimena, Nafarroako ogasun publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 55. artikuluan aipatzen den hori.

8. artikulua. Onuradunak.

1.-Dirulaguntzaren onuraduntzat joko da dirulaguntzaren xede den jarduera egin behar duen pertsona, edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen dena.

2.-Onuraduna pertsona juridikoa denean, eta oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, honakoak ere onuraduntzat joko dira: onuradunaren bazkide izanik haren izenean eta kontura dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean egiteko konpromisoa hartzen dutenak.

3.-Oinarri arautzaileetan berariaz hala aurreikusiz gero, onuradun izan ahalko dira pertsona fisiko edo juridiko, publiko nahiz pribatuen elkarteak, ondasun erkidegoak eta bestelako unitate ekonomikoak edo ondare bereiziak, nortasun juridikorik ez izanik ere, baldin eta dirulaguntzaren xede diren proiektu, jarduera edo jokabideak gauzatu ahal badituzte edo dirulaguntza ematea zilegi egiten duen egoeran aurkitzen badira. Horrelakoetan, dirulaguntzaren eskaeran eta dirulaguntza emateko ebazpenean berariaz adierazi behar da elkarteko kide bakoitzak zer egiteko konpromisoa hartu duen eta zenbateko dirulaguntza aplikatuko den kide bakoitzeko. Kideok ere onuraduntzat joko dira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan. Elkartea ezin izanen da desegin harik eta foru lege honetan ezarritako preskripzio epea iragan arte.

9. artikulua. Onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira onuradunaren betebeharrak:

a) Dirulaguntzaren xede den helburua, proiektua edo jarduera gauzatzea edo dirulaguntzaren oinarria den jokabidea hartzea.

b) Dirulaguntza ematen duen organoari edo entitate laguntzaileari frogatzea betekizunak eta baldintzak bete dituela eta dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera egin duela edo helburua bete duela.

c) Organo emaileak edo entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapenak onartzea, eta Estatuko edo Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere bai, eta halako jarduketak egiteko eskatzen dizkioten informazio guztiak ematea.

d) Helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri ematea organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Bestelako laguntza horiek lortu direla jakin bezain laster egin behar da jakinarazpen hori, eta betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa frogatu baino lehen.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beterik izatea dirulaguntza emateko ebazpen proposamena ematen denean.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, dirulaguntza arautzeko oinarrietan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Jasotako funtsen aplikazioaren egiaztagiriak, agiri elektronikoak barne direla, behar adina denbora iragan arte gordetzea, egiaztapen eta kontroletan erabili ahal izan daitezen.

h) Foru lege honen 15. artikuluan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzea.

i) Foru lege honen 35. artikuluan azaltzen diren kasuetan, hartutako funtsak itzultzea.

10. artikulua. Entitate laguntzaileak.

1.-Onuradunei funts publikoak ematea edo banatzea entitate laguntzaile baten bitartez egin dadila ezarri ahal izanen da dirulaguntzak arautzeko oinarrietan.

2.-Foru lege honen ondorioetarako, eta ematen zaien izena ematen zaiela ere, honakoak joko dira entitate laguntzailetzat: dirulaguntzari dagokion guztian organo emailearen izenean eta haren kontura dihardutelarik, onuradunei funts publikoak eman eta banatzen dizkietenak, oinarri arautzaileetan hala ezarrita dagoen kasuetan, edo, aurretiaz funtsak eman eta banatu gabe, dirulaguntzaren kudeaketan laguntzen dutenak. Funts horiek ez dira inoiz hartuko entitate laguntzailearen ondaretzat. Halaber, Batasuneko araudiari jarraituz onuradun izendatutakoak entitate laguntzailetzat joko dira baldin eta aurreko lerrokadan aipatutako eginkizunak soil-soilik bete behar badituzte.

3.-Entitate laguntzailetzat jo ahalko dira organismo eta gainerako ente publikoak, administrazio publikoren bat partaide bakarra edo nagusia duten merkataritza-sozietateak, zuzenbide publikoko organismo edo enteak, fundazio publikoak eta toki entitateek beren interes komunak sustatu eta babesteko eratutako elkarteak, baita ezartzen diren kaudimen eta eraginkortasun baldintzak betetzen dituzten gainerako pertsona juridikoak ere, publikoak izan nahiz pribatuak.

11. artikulua. Lankidetza-hitzarmena.

1.-Dirulaguntza ematen duen administrazio organoaren eta entitate laguntzailearen arteko lankidetza-hitzarmena eginen da eta bertan arautuko dira entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak eta betebeharrak.

2.-Entitate laguntzailea administrazio publikoren bat izanez gero, dirulaguntza emateko eskumena duten organoek onetsiko dute lankidetza-hitzarmena Nafarroako Foru Komunitatearen aldetik.

3.-Lankidetza-hitzarmenak gehienez ere lau urteko indarraldia izanen du. Hala ere, dirulaguntza maileguen korrituetarako ematen denean, hitzarmenaren indarraldia maileguak erabat kitatu arte luzatu ahal izanen da.

4.-Lankidetza-hitzarmenean ondokoak jaso behar dira gutxienez:

a) Lankidetzaren xedea eta entitate laguntzailearen identifikazioa.

b) Entitate laguntzaileak kudeatuko dituen dirulaguntzei buruzko araudi bereziaren identifikazioa.

c) Lankidetza-hitzarmenaren indarraldia.

d) Administrazio organo emailearentzat jarri behar diren bermeak, eta berme horiek eratzeko bideak eta kitatzeko prozedurak.

e) Dirulaguntzak kudeatzeko faseetan entitate laguntzaileak bete eta betearazi behar dituen betekizunak.

f) Funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, entitate laguntzaileari funtsak zein epetan emanen zaizkion, eta onuradunei banatu arte funts horiek gordailuan edukitzeko bete behar dituen baldintzak.

g) Funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, administrazio organo emaileak emandako dirulaguntzak onuradunei emateko baldintzak.

h) Onuradunek nola justifikatu behar duten dirulaguntzak jasotzeko betekizunak betetzen dituztela, eta justifikazio hori nola egiaztatu behar den.

i) Zein epetan eta nola aurkeztu behar diren onuradunek emandako justifikazioak eta, funts publikoak banatzeko lankidetza izanez gero, entitate laguntzaileak funtsak onuradunei eman izanaren frogagiriak.

j) Funtsak itzuli egin beharko direla, dirulaguntza emateko ezarritako betekizunak eta betebeharrak betetzen ez badira edo foru lege honen 35. artikuluan azaltzen diren balizkoak gertatzen badira.

k) Entitate laguntzaileak onartu egin beharko dituela foru lege honen 12. artikuluko d) letran aurreikusitako egiaztapen eta kontrol jarduketak.

l) Entitate laguntzaileari emanen zaion diruzko konpentsazioa, hala denean.

m) Entitate laguntzaileak eraman behar dituen liburuak eta kontabilitate erregistroak zehaztea, dirulaguntza behar bezala justifikatzeko eta ezarritako baldintzen betetzea egiaztatzeko.

5.-Entitate laguntzaileak zuzenbide pribatuaren menpeko eta Nafarroako Foru Komunitateko sektore publikotik kanpoko pertsonak izanez gero, aurretiaz aukeratuko dira, publizitatearen, lehiaren, berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioei lotutako prozeduraren bitartez, eta hitzarmen bidez formalizatuko da lankidetza, salbu eta, lankidetzaren xedea dela eta, Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko legeria guztiz aplikatzekoa den kasuetan. Kontratuan nahitaez jaso behar da artikulu honetako 3. idatz-zatian azaldutako gutxieneko edukia, bai eta administrazio kontratuei buruzko araudian eskatutakoa ere, eta berariaz adierazi behar da kontratistak onartu egiten dituela foru lege honetan entitate laguntzaileei ezarritako gainerako betebeharrak.

12. artikulua. Entitate laguntzaileen betebeharrak.

Entitate laguntzaileak betebehar hauek ditu:

a) Funtsak onuradunei ematea, dirulaguntza arautzeko oinarrietan eta entitate emailearekiko hitzarmenean ezarritako irizpideei jarraituz.

b) Dirulaguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak eta betekizunak betetzen direla egiaztatzea. Halaber, dirulaguntzaren xede den jarduera egin dela eta helburua bete dela egiaztatzea.

c) Hartutako funtsak banatu dituela egiaztatzea dirulaguntza ematen duen organoari, eta onuradunek aurkeztutako justifikazioa berari ematea, bidezko denean.

d) Organo emaileak funtsen kudeaketari buruz egin beharreko egiaztapenak onartzea, eta kontrol organo eskudunek, Europar Batasunekoak barne, egin beharreko egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere bai, eta halako jarduketak egiteko eskatzen dizkioten informazio guztiak ematea.

13. artikulua. Onuradun edo entitate laguntzaile izateko betekizunak.

1.-Onuradun edo entitate laguntzaile izan daitezke dirulaguntza jaso ahal izateko moduko egoera duten pertsona edo entitateak, edo oinarri arautzaileetan eta deialdietan adierazitako egoera dutenak.

2.-Ondotik aipatzen diren pertsona edo entitateak ezin dira foru lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile izan, betiere entitate publikoak ez badira, eta, dirulaguntzaren izaera kontuan izanik, dirulaguntzari buruzko araudian salbuespenen bat egiten ez bada:

a) Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz dirulaguntza edo laguntza publikoak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak.

b) Konkurtsoaren deklarazioa eskatu dutenak, edozein prozeduratan kaudimengabe deklaratu dituztenak, konkurtsoan egotearen deklarazioa jaso dutenak, kontu-hartze judizialaren pean daudenak, eta Konkurtsoari buruzko Legearen arabera ezgaiturik daudenak, konkurtsoa kalifikatzeko epaian ezarritako ezgaitasun aldia amaitu ez bazaie.

c) Administrazioarekin egindako edozein kontratu behin betiko suntsitzeko bide eman dutenak, suntsipenaren kausaren errudun deklaratu badituzte.

d) Pertsona fisikoak, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkariak, indarra duen araudian ezarritako bateraezintasunak izatea.

e) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete gabe dituztenak, eta Nafarroako Foru Komunitateari edo haren erakunde autonomoei ordaindu beharreko zorrak itzultzeko betebeharra ordaindu gabe dutenak.

f) Egoitza fiskala erregelamendu bidez paradisu fiskaltzat jotako herrialde edo lurralde batean dutenak.

g) Ebazpen irmoan ezarritako zehapenaren ondorioz, foru lege honetan edo zergei buruzko lege orokorretan aurreikusitakoaren arabera dirulaguntzak lortzeko gaitasunaz gabeturik daudenak. Foru lege honen 8. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako elkarteak ezin izanen dira onuradun izan haien kideetako edozeinek aurreko debekuetakoren bat badu.

3.-Elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. idatz-zatietan ezarritako debekuak dituzten elkarteak ezin dira inola ere izan foru lege honetan araututako dirulaguntzen onuradun edo entitate laguntzaile. Halaber, elkarteak ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan, erregistroan inskribatzeko administrazio prozedura etenik badute, lege-hauste penala egin izanaren arrazoizko zantzuak agertu eta aipatutako lege organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoa aplikatu zaielako. Erregistroan inskribatzea ahalbidetzen dien ebazpen judizial irmoa ematen ez den bitartean elkarte horiek ezin izanen dira onuradun edo entitate laguntzaile izan.

4.-Artikulu honetako 2. idatz-zatiko b), d), e) eta f) letretan eta 3. idatz-zatian dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira, eta haien kausak desagertu arte iraunen dute.

5.-Artikulu honetako 2. idatz-zatiko a) eta g) letretan dauden debekuak automatikoki aintzatetsiko dira. Haien iraupena epaian edo ebazpen irmoan zehaztutakoa izanen da. Besterik ezean, erregelamenduz ezarritako prozeduraren bidez zehaztuko da debekuaren iraupena. Epai irmoaren ondorio ez bada, debekuak gehienez ere bost urte iraunen du.

6.-Artikulu honetako 2. idatz-zatiko c) letran dagoen debekuaren aintzatespena eta iraupena Nafarroako administrazio publikoen kontratuei buruzko araudiari jarraituz zehaztuko dira.

7.-Pertsona edo entitateek, onuradun edo entitate laguntzaile izateko artikulu honetako 2. eta 3. idatz-zatietan ezarri diren debekuetako bat bera ere ez dutela frogatzeko, erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu ahalko dute, eskatzaileak egiletsia. Gainera, oinarri arautzaileetan bestelako frogabideak ezarri ahalko dira. Betiere administrazioak ahalmena izanen du aurkeztutako aitorpen edo justifikazioak egiazkoak ote diren ikertzeko.

8.-Ez da eskatuko artikulu honetan aipatutako betekizunak edo baldintzak betetzen direla froga dadila, baldintza horiek foru erkidegoko administrazioko organoek ziurtatu beharrekoak badira edo egiaztagiriak haren esku badaude, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 9.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.

14. artikulua. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak.

1.-Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileek ondokoak bilduko dituzte, gutxienez:

a) Dirulaguntzaren xedearen definizioa. Dirulaguntzari ezarri zaion onura publikoko edo gizarte onurako xedea azalduko da.

b) Dirulaguntzaren zenbatekoa, edo banakako dirulaguntzen zenbatekoa zehazteko modua, aldez aurretik zehaztu ahal bada.

c) Onuradunek eta, egonez gero, foru lege honen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan adierazitako entitateetako kideek dirulaguntza eskuratzeko bete behar dituzten betekizunak.

d) Aurreko letran aipatutako betekizunak betetzen direla nola frogatu behar den, eta betekizunok noiz arte bete behar diren, halako eperik ezartzen bada.

e) Eskaera egiteko eta ezarritako betekizunak betetzen direla frogatzeko epeak.

f) Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak, irizpide objektiboak eta, oro har, dirulaguntza emateko aintzat hartu behar diren parametroak.

g) Foru lege honen 20. artikuluko 3. idatz-zatian aipatzen den organo kolegiatuaren osaera, halako organorik egonez gero. Dirulaguntzaren kudeaketari lotutako hiru pertsonak osatu behar dute, gutxienez.

h) Dirulaguntza emateko prozedura antolatu, izapidatu eta ebatzi behar duten organo eskudunak, eta ebazpena jakinarazteko epea.

i) Onuradunak eta, halakorik bada, foru lege honen 10. artikuluan definitutako entitate laguntzaileek izanen dituzten betebeharrak, eta horiek ez betetzearen ondorioak.

j) Onuradunak edo entitate laguntzaileak zein epetan eta nola frogatu behar duen dirulaguntzaren helburua bete dela eta hartutako funtsak beren xederako erabili direla, hala egindako gastuari nola funtsen ordainketari dagokionez, foru lege honen 16. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritako mugaraino.

k) Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epeak, eta onuradunei eskatu ahal zaizkien bermeen mota eta zenbatekoa, halakorik eskatzen baldin bazaie, emandako dirulaguntzaren ordainketa aurreratuak egitea aurreikusten denean.

l) Interes publikoak zaintzeko beharrezkotzat jo daitezkeen berme-neurriak, eta emandako dirulaguntzak berrikusi ahalko diren kasuak, halakorik bada.

m) Dirulaguntzaren bateragarritasuna, edo bateraezintasuna, hala zehazten denean, administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste ente publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, Estatukoek nahiz atzerrikoek, eman ditzaketen beste dirulaguntza batzuekiko.

n) Onuradunen betebeharrak, dirulaguntzaren xede den jardueraren finantzaketari buruzko publizitatea dela eta.

ñ) Dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileen kontratazioaren efizientzia eta ekonomia nola frogatu behar diren, foru lege honen 28.3 artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako.

o) Zein inguruabarrek eman dezaketen ebazpena aldatzeko bidea, dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzearen ondorioz.

p) Dirulaguntzak ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, ez-betetzeak mailakatzeko erabiliko diren irizpideak. Irizpide horiek aplikatuko dira onuradunak azkenean hartuko duen zenbatekoa zehazteko edo, hala denean, itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko, eta proportzionaltasun irizpideari lotuko zaizkio.

q) Oinarri arautzaileen eta deialdiaren aurka jarri ahal diren administrazio errekurtsoak.

r) Emandako dirulaguntzei eta dirulaguntzen onuradunen zerrendari emanen zaien publizitate-araubidea eta publizitate-maila.

2.-Oinarri arautzaileak onesteko proposamena bideratzen duen espedienteak txosten juridikoa eduki beharko du, oinarriak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duena, eta kontu-hartzailetzak fiskalizatuko du aurretiaz, funtzio horri buruzko araudian ezartzen den moduan.

3.-Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira dirulaguntzei buruzko arauak eta, halakorik izanez gero, dirulaguntzen deialdiak eta haien oinarri arautzaileak, foru lege honen 17. artikuluko 2. idatz-zatian aipatutakoak izan ezik; betiere, diruz lagundutako jarduerarako epea hasi baino lehenago argitaratuko dira, eta dirulaguntzarekin lortu nahi zen onura publikoaren xedea kaltetu gabe.

15. artikulua. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

1.-Dirulaguntzak ematen dituzten organo administratiboek emandako dirulaguntzak argitara emanen dituzte, eta ondoko datuak zehaztuko dituzte: deialdia, dirulaguntza egozten zaion aurrekontu-programa eta -kreditua, onuraduna, emandako diru kopurua eta dirulaguntzaren xedea.

Ondoko kasuetan, dirulaguntzen ematea ez da argitara eman beharko:

a) Foru lege honetako 17.2 artikuluko b) eta c) idatz-zatietan ezarritakoak.

b) Kasuko dirulaguntzaren xedea dela-eta onuradunaren datuen argitaratzea ohorearen errespetuaren eta babesaren aurkakoa edo pertsona fisikoen intimitate pertsonal eta familiarraren aurkakoa izan, Ohorea, intimitate pertsonala eta familiarra eta norberaren irudia izateko eskubidearen babes zibilari buruzko maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, eta erregulazio-arauetan aurreikusita dagoenean.

2.-Onuradunek, publizitate egokiaren bidez, aditzera eman behar dute dirulaguntzaren xede diren programek, jarduerek, inbertsioek eta edozein motatako ekintzek finantzaketa publikoa dutela.

3.-Dirulaguntza arautzeko oinarrietan zehaztuko da nola egin behar den publizitate hori.

16. artikulua. Dirulaguntzaren xede diren jardueren finantzaketa.

1.-Dirulaguntzaren xede den jarduera zati batean funts propioekin finantzatu dadila eskatu ahal izanen da dirulaguntzari buruzko araudian. Dirulaguntzaren xede den proiektu edo ekintzarako funts propioak jarri izana foru lege honen 27. artikuluan adierazitako moduan frogatu beharko da.

2.-Dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak ezertan aldatzen badira eta, betiere, aldi berean haiekin ezin bateratu den beste dirulaguntzarik eskuratzen bada, aldatu eginen da haiek emateko ebazpena.

3.-Onuradunari jarduera bera egiteko beste dirulaguntza bateragarri batzuk ematen bazaizkio, horien zenbatekoa ez da inola ere izanen, berez edo beste dirulaguntza, laguntza eta dirusarrera batzuk eta dirulaguntzaren xede den jardueraren baliabide propioak gehituta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

4.-Onuradunek jasotako funtsetatik sortzen diren finantza-etekinak dirulaguntzaren zenbatekoari gehituko zaizkio eta dirulaguntzaren xede den jarduerarako erabiliko dira horiek ere, salbu eta, behar bezala arrazoituta, dirulaguntza arautzeko oinarrietan besterik xedatzen bada. Onuraduna administrazio publiko bat izanez gero, idatz-zati hau ez da aplikatuko.

I. TITULUA. DIRULAGUNTZAK EMAN ETA KUDEATZEKO PROZEDURAK

I. KAPITULUA. Dirulaguntzak emateko prozedura

17. artikulua. Dirulaguntzak emateko prozedurak.

1.-Dirulaguntzak emateko prozedura arrunta norgehiagokaren araubideari jarraituz tramitatuko da, salbu eta Nafarroako Gobernuak, behar adinako arrazoiak tarteko, banakako ebaluazioa egiteko baimena ematen duenean. Foru lege honi dagokionez honakoa joko da norgehiagokatzat: dirulaguntzak emateko aurkezten diren eskaerak alderatzea, lehentasunaren arabera ordenatzeko, oinarri arautzaileetan eta deialdian ezarri diren balorazio irizpideei jarraituz, eta irizpide horien arabera balorazio onena lortu duten eskaerei dirulaguntza esleitzea, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarriarena gainditu gabe. Prozedura horretan, instrukzio organoak aurkeztuko dio dirulaguntzak emateko proposamena organo emaileari. Salbuespenez, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero, dirulaguntzetarako jarritako gehieneko zenbateko osoa dirulaguntzaren onuradunen artean hainbanatzea proposatu ahalko da. Banakako ebaluazioaren araubidetzat ulertuko da, berriz, eskaerak ebaluatzeko eta bakoitzari bere ebaluazioaren araberako dirulaguntza emateko irizpideak araudian edo deialdiaren oinarrietan ezartzen direnean. Eskaerak jaso ahala espedienteak izapidatu eta ebatziko dira, eta dirulaguntzak emanen dira horretarako aurrekontu-krediturik dagoen bitartean.

2.-Dirulaguntza hauek zuzenean eman ahalko dira:

a) Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legean berariaz izendatutakoak, Parlamentuak onetsitako zenbatekoarekin. Diru-laguntzaren xedea eta onuradun jakin batentzako kontsignazioa agertu beharko dira.

b) Lege mailako arauren batek aginduta edo zenbatekoa zehaztuta administrazioak ematen dituenak. Kasuan kasuko prozedura aplikagarria erabiliko da dirulaguntza horiek emateko, bakoitzaren araudiari jarraituz.

c) Salbuespenez, hartzaile bat hautaturik beste edozein interesduni dirulaguntza eskuratzeko aukera kentzen zaionean, dirulaguntzaren xedea dela eta.

3. Diru-laguntzak emateko prozedurak, oro har, urte bakoitzeko urtarrilean zehar hasi beharko dira, eta gehienez ere hiru hilabeteko epean amaitu, diru-laguntza horiek emateari buruzko ebazpenak emanez, behar bezala justifikatutako kasuetan izan ezik; justifikazio hori urte bakoitzeko otsailaren 28a baino lehen frogatu beharko da, ekonomiaren arloaz arduratzen den Nafarroako Parlamentuko batzordearen aurrean.

4. Gizarte ekintzako entitateentzako diru-laguntzen kasuan, horiek emateko prozedura urte bakoitzeko urtarrilean hasiko da, eta organo eskudunak diru-laguntza emateko ebazpena urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen eman beharko da.

II. KAPITULUA. Dirulaguntzak norgehiagoka bidez emateko prozedura

18. artikulua. Aurretiazko jarduketak.

Dirulaguntzak emateko prozedura hasi baino lehen, organo eskudunak dirulaguntzari buruzko araua edo dirulaguntzaren deialdia ezarri behar du, bai eta oinarri arautzaileak ere, ez baldin badaude lehendik ezarrita.

19. artikulua. Hasiera.

1.-Dirulaguntzak emateko prozedura administrazioaren kabuz hasiko da.

2.-Interesdunak eskaera aurkeztu beharko du, arauan edo deialdian ezarritako ereduaren eta sistema normalizatuaren arabera egina. Eskaerarekin batera, dirulaguntza ezartzen duen arauan edo dirulaguntzaren deialdian eskatutako agiriak eta informazioak aurkeztuko dira.

3.-Eskaerak ez baditu betetzen aurreko idatz-zatian adierazitako betekizunak, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hogeita hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko dio hala egin ezean eskaera bertan behera utzi duela ulertu eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi egin behar zaio interesdunari.

20. artikulua. Instrukzioa.

1.-Oinarri arautzaileetan izendatutako organoak eginen du dirulaguntzak emateko prozeduraren instrukzioa.

2.-Instrukzio organoak bere kabuz ebaluatuko ditu eskaerak, arauetan edo oinarri arautzaileetan ezarritako irizpideak, balorazio bideak eta lehentasunak aintzat harturik.

3.-Eskaerak ebaluatzeko organo kolegiatua eratu ahalko da, deialdian hala aurreikusiz gero. Haren irizpena loteslea izanen da. Instrukzio organoak, ebaluazioa ikusirik, ebazpen proposamena eginen du.

4.-Dirulaguntzak emateko espedienteari instrukzio organoaren txostena erantsiko zaio. Bertan agertu beharko da onuradunek dirulaguntzak jasotzeko betekizun guztiak betetzen dituztela.

20. bis artikulua. Eskaerak berregitea.

1. Diru-laguntzaren xedea denean eskatzaileak garatu beharreko jarduerak finantzatzea, eta instrukzioa egin duen organoak proposatzen duen diru-laguntza txikiagoa denean aurkeztutako eskaeran ageri dena baino, onuradunari eskatzen ahalko zaio, oinarri arautzaileetan hori aurreikusi bada, eskaera berregin dezala, konpromisoak eta baldintzak doitu ditzan balizko diru-laguntzaren zenbatekoaren arabera. Doitze horrek berekin ekar dezake, kasu bada, diru-laguntza jaso dezakeen jarduerarako aurreikusitako diru-sarrerak gutxitzea modu proportzionalean.

2. Berregindako eskaerak instrukzioa egiten duen organoaren adostasuna lortu duenean, eskaera hori, egindako jarduera guztiekin batera, organo eskudunari igorriko zaio, ebazpena eman dezan.

3. Nolanahi ere, eskaerak berregiten direnean, diru-laguntzaren xedea, baldintzak eta helburua errespetatu beharko dira, bai eta eskaera edo eskariak direla-eta ezarritako balorazio-irizpideak ere.

21. artikulua. Ebazpena.

1.-Ebazpen proposamena ikusirik, organo eskudunak dirulaguntzak emateko ebazpena emanen du.

2.-Ebazpena arrazoitua izanen da. Ematen den ebazpenaren oinarriak azaldu beharko dira betiere.

3.-Gutxienez ere, dirulaguntza eman zaien eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta gainerako eskaerak ezetsi direla adieraziko da, hala denean; horien artean, aurrekontu-baliabideen muga dela-eta ezetsitako eskaerak ere aipatu behar dira.

22. artikulua. Ebazpena jakinaraztea.

Prozeduraren ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie administrazio prozedura erkideari buruzko legerian adierazitako moduan. Ebazpena jakinarazteko, legeria horren arabera, Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarkia argitaratu ahalko da, edo bestela dirulaguntzari buruzko arauan nahiz haren deialdian adierazitako komunikazio bidea erabili ahalko da.

23. artikulua. Ustezko ezespena.

Dirulaguntzari buruzko arauan edo dirulaguntzaren deialdian prozedura ebazteko ezarritako epea iraganik, berariazko ebazpenik ez badago, eskaera ezetsitzat jo ahalko da. Ebazpena emateko eperik ezarri ezean, eskaera ezetsitzat jo ahalko da eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabetera.

24. artikulua. Errekurtsoak.

Dirulaguntzari buruzko arauan edo deialdian adieraziko da zein errekurtso mota jarri ahal den berariazko edo ustezko ezespenaren aurka.

III. KAPITULUA. Dirulaguntzak zuzenean emateko prozedura

25. artikulua. Dirulaguntzak zuzenean ematea

1.-Dirulaguntzak 17.2 artikuluko a) eta c) letretan adierazitako moduan ematen direnean, haiek bideratzen dituzten administrazio egintzetan ezarriko dira oinarri arautzaileak, eta foru lege honetako xedapen guztiak beteko dira, lehia printzipioari dagozkionak izan ezik.

2.-Dirulaguntzak 17.2 artikuluko c) letraren babesean eman ahal izateko, dirulaguntzaren onuragarritasuna eta interes soziala edo xede publikoaren lorpena arrazoitu beharko dira, eta lehia printzipioa zergatik ezin den aplikatu azaldu beharko da.

3.-Dirulaguntzak hitzarmenen bidez gauzatzen direnean, dirulaguntza emateko eskumena duen organoak onetsiko du hitzarmena.

IV. KAPITULUA. Dirulaguntzen kudeaketa eta justifikazioa

26. artikulua. Onuradunek dirulaguntzaren xede diren jarduerak azpikontratatzea.

1.-Foru lege honi dagokionez, onuradunak azpikontratua egiten duela ulertuko da, hirugarrenekin ituna egiten badu dirulaguntzaren xede den jarduera osorik edo zati batean egin dezaten. Dirulaguntzaren xede den jarduera berez egin ahal izateko onuradunak egin behar dituen gastuen kontratazioa kontzeptu horretatik kanpo gelditzen da.

2.-Onuradunak jarduera azpikontratatu ahal izanen du, osorik nahiz zati bat, baldin eta dirulaguntzari buruzko araudian hala aurreikusten bada.Dirulaguntzaren xede den jardueratik onuradunak hirugarrenei azpikontratatzen dien portzentajea ez da izanen dirulaguntzari buruzko oinarri arautzaileetan ezarritakoa baino handiagoa. Halako portzentajerik ageri ez bada, onuradunak dirulaguntzaren xede den jardueraren zenbatekoaren 100eko 50erainoko portzentajea azpikontratatu ahalko du.Inola ere ezin izanen da azpikontratatu dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua handitu baina haren edukiari balio erantsirik ekarriko ez dion jarduerarik.

3.-Hirugarrenekin itundutako jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren 100eko 20 gainditzen badu eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa bada, idatzizko kontratuaren bidez egin beharko da azpikontratazioa.

4.-Ezin izanen da kontratua zatikatu bere zenbatekoa gutxitu eta aurreko idatz-zatian ezarritako betekizuna saihesteko.

5.-Kontratistek onuradunarekiko betebeharrak izanen dituzte soilik; onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduera behar bezala burutzeko erantzukizun osoa izanen du administrazioaren aurrean.

6.-Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren ildotik, onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin behar dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, foru lege honen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute, hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek gainditzen ez direla.

7.-Onuradunak inola ere ezin izanen du itunik egin honako hauekin, dirulaguntzaren xede diren jarduerak osorik edo zati batean burutzeko:

a) Foru lege honen 13. artikuluko debekuren bat duten pertsona edo entitateekin.

b) Kontratazioaren xede den jarduera egiteko beste dirulaguntza batzuk jaso dituzten pertsona edo entitateekin.

c) Eragiketaren kostu osoaren portzentaje bat kobratzen duten bitartekari edo aholkulariekin, non eta ordainketa hori egindako lan edo zerbitzuaren merkatuko balioa erreferentzia hartuta justifikatzen ez den.

d) Onuradunarekin lotura duten pertsona edo entitateekin, baldintza hauek bete ezean:

-Kontratazioa merkatuko baldintza normalen pean egitea.

-Aldez aurretik organo emailearen baimena eskuratzea, oinarri arautzaileetan ezarritako moduan.

e) Deialdi eta programa berean laguntza edo dirulaguntza eskatu eta, betekizunak ez betetzeagatik edo behar adinako baloraziorik ez izateagatik, dirulaguntzarik lortu ez duten pertsona edo entitateekin.

27. artikulua. Dirulaguntza publikoen justifikazioa.

1.-Dirulaguntza ematerakoan ezarri ziren baldintzak eta helburuak bete direla frogatzeko, erregelamendu bidez zehazten den dokumentazioa erabiliko da. Egindako gastua frogatzen duen kontua izan daiteke dokumentazio hori, edo bestela, gastua moduluka frogatu ahalko da, edo kontabilitate orriak aurkeztuz, araudi erregulatzailean xedatzen denaren arabera.

2.-Gastua frogatzeko kontu-ematea derrigorrez egin behar du onuradunak edo entitate laguntzaileak. Kontu horretan sartu behar dira, aitortzailearen erantzukizunaren pean, gastuaren egiaztagiriak edo dirulaguntza publikoaren xedea bete dela egiaztatzeko balio juridikoa duen beste edozein agiri. Dirulaguntza publikoei buruzko kasuan kasuko oinarrietan zehaztuko dira gastua frogatzeko kontuaren forma eta hura aurkezteko epea. Oinarri arautzaileetan halako aurreikuspenik ez badago, kontuan ondokoak bildu beharko dira: dirulaguntzarekin finantzatu diren jarduera burutuen eta haien kostuen aitorpena, eta egindako gastuak, banakaturik; eta aurkeztu, jarduera burutzeko epea amaitu eta ondoko hiru hilabeteen barnean aurkeztuko da.

3.-Gastuak frogatzeko, fakturak aurkeztuko dira, eta gainerako egiaztagiri baliokideak, merkataritzako trafiko juridikoan balioa dutenak edo indar administratiboa dutenak, erregelamenduz ezartzen den eran. Gainera, faktura elektronikoen bidez frogatu ahalko dira gastuak, baldin eta zergen arloan onartuak izateko betekizunak betetzen badituzte. Erregelamendu bidez, gastuen egiaztagiriak baliozkotu eta zigilatzeko sistema ezarriko da, dirulaguntzen lehiaren kontrola ahalbidetzeko.

4.-Baldin eta, dirulaguntzaz gain, funts propioak edo bestelako dirulaguntza nahiz baliabideak erabiltzen badira jarduerak finantzatzeko, frogatu egin beharko dira halako funtsen zenbatekoa, jatorria eta dirulaguntzaren xede diren jardueretan izan duten aplikazioa.

5.-Ondasun higiezinak eskuratzen badira, artikulu honetako 3. idatz-zatian adierazitako egiaztagiriez gainera, ondare eskualdaketen gaineko zergaren likidazioa aurkeztu beharko da. Bertan eskuraketaren zenbatekoarekiko adostasuna agertu beharko da.

6.-Foru lege honen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren entitateetako kideek justifikazioaren arloko betekizunak bete beharko dituzte onuradunaren izenean eta haren kontura egindako jarduerei dagokienez, aurreko idatz-zatietan zehazturiko moduan. Dirulaguntza eskatu duen onuradunak aurkeztu behar duen justifikazioaren atal izanen da dokumentazio hori.

7.-Dirulaguntzak hartzailearen egoera jakin bat aintzat harturik ematen direnean, dirulaguntza eman baino lehen hartzailea egoera horretan aurkitzen dela frogatu beharko da besterik gabe, zuzenbidean onargarria den edozein frogabide erabiliz, eta ez da bestelako justifikaziorik eskatuko, baina egoera hori egiaztatzeko kontrolak ezarri ahalko dira.

8.-Kapitulu honetan ezarritako eran dirulaguntza justifikatzen ez bada, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege honen 35. artikuluan aurreikusitako baldintzak betez.

28. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

1.-Dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira, foru lege honetan ezarritakoaren ondorioetarako, dirulaguntzaren xede den jardueraren izaerarekin zalantzarik gabe bat datozenak, baldin eta dirulaguntzei buruzko kasuan kasuko oinarri arautzaileetan ezarritako epean egiten badira. Dirulaguntza jaso dezaketen gastuetan, erosketa-kostua inoiz ez da izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

2.-Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan kontrakorik espresuki xedatu ezean, egindako gastutzat honakoa joko da: dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako justifikazio-epea amaitu aurretik benetan ordaindu dena.

3.-Dirulaguntza jaso dezakeen gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa denean (obraren exekuzioaren kostua izanez gero), edo 12.000 eurotik gorakoa denean (ekipamendu ondasunen horniduraren edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuen kostua izanez gero), onuradunak frogatu egin beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu duela, salbu eta, dirulaguntza jaso dezaketen gastuen ezaugarri bereziengatik, merkatuan hornidura edo zerbitzua egin dezaketen entitateak behar adina ez badira, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada. Kasuan kasuko oinarri arautzaileetan zehaztutako moduan frogatuko da baldintza hori bete dela.

4.-Ondasun inbentariagarriak eskuratu, eraiki, zaharberritu edo hobetzen direnean, ondoko arauak beteko dira:

a) Oinarri arautzaileetan zehaztuko da onuradunak noiz arte erabili beharko dituen ondasunok dirulaguntzaren xederako. Gutxienez zazpi urte iragan arte erabili beharko ditu xede horretarako, erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak badira, edo bi urte iragan arte, bestelako ondasunak badira. Erregistro publikoan inskribatu ahal diren ondasunak izanez gero, eskrituran adierazi beharko da inguruabar hori, bai eta emandako dirulaguntzaren zenbatekoa ere; halaber, erregistro publikoko inskripzioan zehaztasun horiek jasoko dira.

b) Aurreko letran ondasunen xedeari buruz ezarri den baldintza betetzen ez bada, eta, betiere, ondasuna besterentzen bada edo kargaren bat ezartzen bazaio, dirulaguntza itzuli beharko da, foru lege honen II. tituluko I. kapituluan ezarritako moduan. Ondasuna itzulketaren ordainketari atxikita egonen da, zein ere den haren edukitzailea, salbu edukitzaile hori erregistroko fede publikoak babesturiko hirugarren bat denean edo frogatzen denean ondasunak fede onez eta titulu justuz eskuratu direla edo merkataritza- zein industria-establezimendu batean eskuratu direla, ondasun higigarri inskribaezinen kasuan.

5.-Ondoko kasuetan ez da bete gabekotzat joko aurreko idatz-zatian ondasunen xedeari buruz ezarritako baldintza:

a) Erregistro publikoan inskribatu ezin diren ondasunak beste batzuez ordezten badira, dirulaguntza eman duen administrazioak horretarako baimena emanda, eta ordezko ondasun horiek dirulaguntzaren xederako erabili ahal badira lehengoen antzera, eta erabilera horrek behar adina denbora irauten badu, lehengo ondasunei ezarritako epea bete arte alegia.

b) Dirulaguntza eman duen administrazioak baimena ematen badu erregistro publikoan erregistratu ahal diren ondasunak besterentzeko, edo xedea aldatzeko edo kargaren bat ezartzeko. Kasu honetan, eskuratzaileak bere hartuko du bere gain ondasunen xedeari buruzko baldintza bete beharra, epea amaitu arte, eta, bete ezean, dirulaguntza itzuli beharra ere bai.

6.-Dirulaguntzen oinarri arautzaileetan ezarriko dira, behar izanez gero, ondasun inbentariagarrien amortizazioari buruz egokitzat jotzen diren arau bereziak. Hala ere, amortizazio-gastua dirulaguntza jaso dezakeen gastua izan dadin, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Dirulaguntzak ondasunen erosketarako ekarpen gisa erabili ez izana.

b) Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.

c) Kostua dirulaguntzaren xede den aldikoa soilik izatea.

7.-Finantza-gastuak, lege- edo finantza-aholkularitzako gastuak, notario eta erregistro gastuak, dirulaguntza jaso duen proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, horiek guztiak dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xede den jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz burutzeko, betiere, oinarri arautzaileetan hala aurreikusiz gero. Salbuespen gisa, banku-bermearen gastuetarako dirulaguntza eman ahalko da, dirulaguntzari buruzko araudi erregulatzailean hala aurreikusiz gero. Ondokoak ez dira inola ere izanen dirulaguntza jaso dezaketen gastuak:

a) Banku kontuetako korritu zordunak.

b) Korritu, errekargu eta zehapen administratibo eta penalak.

8.-Tributuak dirulaguntza jaso dezaketen gastuak dira dirulaguntzaren onuradunak benetan ordaintzen dituenean. Ez dira inola ere dirulaguntza jaso dezaketen gastutzat joko berreskuratzen edo konpentsatu ahal diren zeharkako zergak, ezta errentaren gaineko zerga pertsonalak ere.

9. Zeharkako kostuetatik, onuradunak dirulaguntzaren xede den jarduerari egotziko dio zati egokia, guztiek onartzen duten kontabilitateko printzipio eta arauei jarraituz kalkulatua, eta, betiere, halako kostuak jarduera benetan egin den aldiari dagozkion heinean.

28. bis artikulua. Inbertitu gabeko gerakinak.

1. Diru-laguntza eman zeneko helburuak bete ondoren eta baliabideak efizientziaz erabiltzearen poderioz gerakin inbertitugabeak baldin badaude, horren barne direla diruz lagundutako jarduerari aplikatu ez zaizkion balizko finantza-etekinak, zilegi izanen da diru-laguntza eman duen organoari eskatzea, oinarri arautzaileetan hori aurreikusten denean, haiek erabili ahal izatea izaera bereko edo antzeko izaerako beste jarduera batzuetan; hain zuzen ere, oinarri arautzaile horien arabera diruz laguntzeko modukoak izan eta onuraduna egiten ari den jarduerak.

2. Eskaeran zehaztuko da amaitutako edo bidean dagoen –kasuan kasu– proiektuaren helburuen zabalpena, bai eta horri dagokion aurrekontua ere.

3. Diru-laguntza ematen duen organoak ebazpena emanen du, gerakina aplikatu behar zaion diru-laguntza emateari buruzko ebazpena aldatuz, edo deskribatutako gerakinak itzul daitezen erabakiz.

29. artikulua. Inbertsioak egiaztatzea.

1.-Kapital-dirulaguntzak 60.000 eurotik gorakoak direnean, haiek ordaindu ahal izateko, beharrezkoa izanen da organo kudeatzaileak inbertsioaren egiaztapen materiala egitea. Espedientean egiaztapenaren berri jaso beharko da, aktaren bidez edo egiaztapen txostenaren bidez.

Salbuespen gisa, aurreko egiaztapen materialaren ordez dokumentu bidezko egiaztapena egin liteke, baldin eta dokumentuek modu zentzuzkoan eta behar adina justifikatzen badute diruz lagundutako jarduera egin dela.

2.-Dirulaguntzen oinarrietan aurreikusita baldin badago kapital-dirulaguntza zatika ordaintzea edo aurrerakinak ordaintzea, aurreko idatz-zatian aipatzen den egiaztapena eginen da likidazioarekin eta azken ordainketarekin batera.

V. KAPITULUA. Dirulaguntzen kudeaketa ekonomikoa eta aurrekontu-kudeaketa

30. artikulua. Deialdiak.

1.-Dirulaguntzen deialdiek berekin ekarriko dute gasturako baimena, Nafarroako ogasun publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 55. artikuluan ezarritako moduan. Deialdiaren testuan adierazi beharko da zenbateko gastua egiteko baimena eman den, eta, dirulaguntza urteka banatu behar bada, urteko zenbateko guztiak jarriko dira.

2.-Aurrekoa gorabehera, modu arrazoituan deialdi batek aurrekontu-ekitaldiari aurrea hartu eta aurreko idatz-zatian aipaturiko kredituak ezagutzen ez badira, Nafarroako aurrekontu orokorretan sortzekoak diren kredituen aipamen orokorra eginen da, eta dirulaguntzak ematea ekitaldi horretan kredituak izateko baldintzapean jarriko da. Halakoetan, gasturako baimena emanen da aurrekontu orokorretan horretarako onetsitako kreditu osorako, eta ezin izanen da aurrekontuko aldaketen bidez gutxitu harik eta deialdia ebatzi arte.

3.-Dirulaguntzaren izaerak ondorengo ekitaldietarako eragiten baditu gastuak, horietarako baimena Nafarroako ogasun publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 41. artikuluan ezarritakoaren arabera emanen da, eta berariaz adieraziko da aurrekontu-ekitaldi horietako bakoitzean aitortu beharreko obligazioen muga.

Hala ere, diruz lagundutako jarduera gauzatu ohi bada aurrekontu-ekitaldiarekin bat ez datorren urtaldi batean, nola izan baitaitezke kirol denboraldia edo ikasturtea, jarduera horretarako diru-laguntzak urtaldi horretara egokitzen ahalko dira, eta, horretarako, organo eskudunak aukera izanen du, Nafarroako Gobernuaren baimenik behar gabe, behar den gastu-konpromisoa hartzeko hurrengo ekitaldiaren kargura.

4.-Dirulaguntzak eman aurretik Gobernuaren baimenaren beharrik ez dagoen kasuetan, ondorengo aurrekontuaren kargura gastua egiteko konpromisoa ez da izanen aurreko ekitaldian horretarako kontsignatu den zenbatekoa baino handiagoa.

31. artikulua. Dirulaguntzak ematea.

1.-Foru lege honetan ezarritako edozein prozeduraren bidez dirulaguntzak emateko, beharrezkoa izanen da gastu-konpromisoa hartzea. Nafarroako foru ogasunari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legean ezarritako moduan kontabilizatuko da gastu-konpromisoa.

2.-Ezin izanen da deialdian zehaztutako zenbatekoa baino dirulaguntza handiagoa eman, ez eta urte bakoitzeko aurrekontuari gehienez egotzi ahal zaion zenbatekoaren muga gainditu ere. Aurrekontua aski ez izateagatik ezin bete diren eskaerak ezetsi eginen dira.

32. artikulua. Ordainketa.

1.-Oro har, dirulaguntzak ematea eragin zuen jarduera burutu dela edo jokabidea hartu dela egiaztatu ondoren ordainduko dira dirulaguntzok.

2.-Akreditazioa eta ondoriozko ordainketa, dena batera egin liteke jarduera bukatutakoan, edo zatika, justifikazio partzialen ondoren, oinarri arautzaileetan agertzen diren baldintzak eta betekizunak betez.

3.-Organo kudeatzaile egokiak txostena erantsiko dio ordainketa-proposamenari edo, bestela, gastuaren justifikazioari, dirulaguntzaren ordainketa aurreratua izan bada; txosten horren bidez egiaztatuko da dirulaguntza ematean ezarri ziren helburuak eta hura kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak bete direla.

33. artikulua. Dirulaguntzen aurrerapena.

1. Arau orokor modura, aldez aurretik ordainduko dira irabazi asmorik gabeko entitateei edota horien federazio, konfederazio edo elkarteei ematen zaizkien diru-laguntzak, gizarte ekintzako proiektu edo programak finantzatzera bideratuak, baldin eta diruz lagundutako jardueraren gauzatzea aldi baterako finantzatzeko baliabide nahikorik ez badute eta inguruabar hori behar adina frogatzen badute.

Aurrerakinak modu honetan ordainduko dira:

a) Emandako diru-laguntza 60.000 eurokoa edo txikiagoa bada, ordainketa bakarrean ordainduko da, aurrerakin gisa, diru-laguntza emateko ebazpena ematearekin batera.

b) Emandako diru-laguntza 60.000 euro baino gehiagokoa bada, gutxienez bi zatitan ordainduko da: horietako lehena diru-laguntza ematea ebaztearekin batera, eta hurrengoa (edo hurrengoak) ebazpen horretan ezarritako epeetan edo epemugetan. Zatitutako ordainketa bakoitza ez da izanen, inolaz ere, 30.000 euro baino gutxiagokoa, azkenekoa izan ezik, diru-laguntza osatzera arteko zenbatekoa ez bada kopuru horretara iristen. Nolanahi ere, beharrezkoa izanen da exekuzioari buruzko agiri bidezko justifikazio ekonomikoa aurkeztea, aurretik ordaindutako zenbatekoari dagokiona, diru-laguntzaren hurrengo ordainketa egiteko.

2. Gainerako onuradunentzat, emandako diru-laguntzaren ordainketak aurreratu ahal izanen dira diru-laguntzaren oinarri arautzaileetan hori berariaz aurreikusten denean soilik, oinarriok ezarritako muga, betekizun eta, hala egokituz gero, bermeekin, eta, betiere, diru-laguntzaren xedeak betetzeko funts-horniduraren beharra justifikatzen baldin bada.

3. Lehenengo idatz-zatian aurreikusten ez diren onuradunen kasuan, nahitaez ezarriko dira bermeak aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak direnean, hurrengo kasuetan salbu:

a) Onuraduna administrazio publiko bat edo sektore publikoko entitate bat denean.

b) Etengabeko prestakuntzako programetan kasuko eskubidea aitortua duten enplegu zentro bereziei defizita konpentsatzeko ordainak ematen zaizkienean.

4. Halaber, zilegi izanen da aurreko idatz-zatian aipatutako bermea ez eskatzea sindikatuei eta enpresa-erakundeei, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Epaimahaia fundazioari eta irabazteko asmorik gabeko kultur entitateei, kasu bakoitzaren inguruabar bereziak kontuan izanik ekonomiaren eta ogasunaren arloko kontseilariak hala erabakitzen duenean.

5. Diru-laguntzen aurrerakinak oinarri arautzaileetan ezartzen diren epeetan justifikatu beharko dira, eta diru-laguntzen justifikazioari eta ordainketari buruz oro har adierazitako betekizun berberak bete beharko dira, foru lege honen 32. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako txostena barne dela
.

33. bis artikulua. Exekuzio-epeak.

Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak zenbatzerakoan, oro har, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren data hartuko da hasierako datatzat. Ekintza horiek gauzatzeko epeak hasieran emandako denbora halako bi luzatzen ahalko dira gehienez, oinarri arautzaileetan ezarritakoari baldintzetan.

Edonola ere, gizarte entitateak hala eskatzen badu, hasierako data, behin ebazpena jaso ondoren, diru-laguntza emateko ebazpena bera baino lehenagokoa izan daiteke, betiere deialdia egin den urte naturalaren barruan izanez gero.

II. TITULUA. DIRULAGUNTZAK ITZULTZEA

I. KAPITULUA. Itzulketa

34. artikulua. Dirulaguntzak emateko ebazpenaren baliogabetasuna.

1.-Hauek dira dirulaguntza emateko ebazpenaren deuseztasuna dakarten arrazoiak:

a) Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62.1 artikuluan adierazitakoak.

b) Krediturik ez izatea edo gutxiegi izatea, Nafarroako foru ogasunari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.-Antolamendu juridikoaren kontrako gainerako arau-hausteek eta, bereziki, foru lege honen aurkakoek, dirulaguntza emateko ebazpenaren deuseztagarritasuna ekarriko dute, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 63. artikuluan xedatutakoarekin bat.

3.-Dirulaguntza emateko egintza aurreko idatz-zatietan aipatutako kasuren batean gertatzen bada, organo emaileak egintza hori berrikusiko du bere kabuz, edo, bidezkoa izanez gero, kaltegarri deklaratu eta gero inpugnatu eginen du, Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 53 eta 54. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

4.-Deuseztasunaren edo deuseztapenaren deklarazio judizial edo administratiboa eginez gero, hartutako kopuruak itzuli egin beharko dira.

5.-Hurrengo artikuluan azaltzen diren arrazoiengatik dirulaguntza itzuli behar den kasuetan, ez da bidezkoa izanen dirulaguntza emateko egintza administrazioaren kabuz berrikustea.

35. artikulua. Itzultzeko arrazoiak.

1.-Bidezkoa izanen da eskuratutako kopuruak osorik edo hein batean itzultzea hurrengo kasu hauetan:

a) Dirulaguntza lortzen denean horretarako baldintzak bete gabe, administrazioari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

b) Dirulaguntza emateko baldintzak aldatzen badira administrazioak onartzen dituenean.

c) Berariazko arau edo oinarrietan araututako beste kasu batzuetan.

2.-Hurrengo kasu hauetan ere bidezkoa izanen da hartutako kopuruak itzularaztea, eta dirulaguntza ordaindu zenetik itzulketa bidezkoa dela erabakitzen den egunera arte sortutako berandutza-korrituak ere eskatu ahalko dira:

a) Dirulaguntza lortzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo hori eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua burutu gabe uzten denean, osorik nahiz hein batean, edo hartu behar zen jokabidea hartzen ez denean.

c) Foru lege honen 27. artikuluan edota dirulaguntza arautzen duten oinarrietan eskatzen den justifikazioa aurkezteko betebeharra betetzen ez denean, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez denean.

d) Foru lege honen 15. artikuluko 2. idatz-zatian adierazitako zabalkunde-neurriak hartzeko betebeharra betetzen ez denean.

e) Foru lege honen 9 eta 12. artikuluetan aurreikusitako egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihesten direnean edo uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzen zaizkienean, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak betetzen ez direnean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturengandik edo nazioarteko erakundeengandik.

f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak betetzen ez dituztenean, baldin eta konpromiso horiek zerikusirik badute dirulaguntzaren xede diren helburuak lortzeko, jarduera egiteko, proiektua burutzeko edo jokabidea hartzeko erabili behar den moduarekin.

g) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak betetzen ez direnean, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak, aurrean esandakoez bestelakoak, betetzen ez dituztenean, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako funtsak zertarako erabili diren, helburua lortu ote den, dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta behar adinako maiztasunaz egin diren, edo xede bererako beste dirulaguntza, laguntza, dirusarrera nahiz baliabide bateraezin batzuk lortu ote diren Estatuko edo Europar Batasuneko edozein administrazio edo erakunde publiko zein pribaturengandik edo nazioarteko erakundeengandik.

h) Europar Batasuneko araudian ezarritakoaren arabera dirulaguntza itzuli beharra dakarren erabakiren bat hartzen denean.

i) Dirulaguntzari buruzko araudian aurreikusitako gainerako kasuetan.

3.-Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badute beren konpromisoak betetzen ahalegindu direla, foru lege honen 14. artikuluko 1. idatz-zatiko p) letran aipatutako irizpideak erabiliko dira itzuli behar duten zenbatekoa zehazteko.

4.-Era berean, foru lege honen 16. artikuluko 3. idatz-zatian azaltzen den kasuan bidezkoa izanen da dirulaguntza jaso duen jardueraren kostuaren gainetik lortutako soberakina itzularaztea, bai eta dagozkion berandutza-korrituak eskatzea ere.

5.-Itzuli beharreko kopuruak zuzenbide publikoko dirusarreratzat joko dira eta horiek kobratzeko Nafarroako ogasun publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1988 Foru Legearen 17 eta 18. artikuluetan aurreikusitakoa aplikatuko da.

6.-Dirulaguntza eman duen organoak berak emanen du hura itzularazteko ebazpena. Aurretik espedientea izapidatuko da eta bertan, zentro kudeatzailearen proposamen arrazoituarekin batera, behar diren txostenak eta frogak bilduko dira, bai eta onuradunaren alegazioak ere, halakorik badago. Espedientea hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

7.-Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio. Dirusarrera egiteko tokia, modua eta epea adieraziko zaizkio, eta ohartaraziko zaio itzulketa ezarritako epean egiten ez badu premiamendu bideko dirubilketa prozedura aplikatuko dela.

36. artikulua. Zorren konpentsazioa.

1.-Dirulaguntza baten onuraduna Nafarroako ogasun publikoaren zorduna bada, dirulaguntzaren ordainketa harekin dituen zorren konpentsazioaren bidez egin ahalko da.

2.-Nafarroako toki entitateei ordaindutako dirulaguntzak itzuli behar direnean, itzuli beharreko kopurua banaketa kontuan kargatu ahalko da.

37. artikulua. Itzuli beharra dutenak.

1.-Onuradunek eta entitate laguntzaileek, foru lege honen 35. artikuluan adierazitako kasuetan, hartutako kopuruak osorik edo hein batean itzuli beharko dituzte, dagozkien berandutza-korrituak gehituta. Itzuli behar horretatik aparte, bidezko diren zehapenak ezarri ahalko dira.

2.-Foru lege honen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatzen diren pertsona juridiko eta entitateetako kideek erantzun solidarioa emanen diote onuradunaren itzuli beharrari, hartutako konpromisoaren ondorioz egin behar zituzten dirulaguntzapeko jarduerak direla eta. Onuradunak jarduteko gaitasunik ez badu, haren legezko ordezkariek erantzun solidarioa emanen itzuli beharrari. 8. artikuluko 3. idatz-zatian aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzukizun solidarioa izanen dute, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun komunitate bat izanez gero, edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero.

3.-Itzultzeko betebeharrari erantzun solidarioa emanen diote merkataritza-sozietateen administratzaileek eta beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek, ez badituzte egiten beren esku dauden egintzak burutu gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez-betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo beren menpekoen ez-betetzeak eragozten ez badituzte.

Halaber, beren jarduerari utzi dioten pertsona juridikoak, aplikatzekoak diren lege eta estatutuetako xedapenen arabera, legez ordezkatzen dituztenek, subsidiarioki hartuko dute, betiere, haien itzuli beharren erantzukizuna.

4.-Sozietateak edo entitateak desegin eta likidatzen direlarik, haien itzuli behar burutu gabeak bazkideei edo kapitaleko partaideei pasatuko zaizkie, eta horiek solidarioki hartuko dute erantzukizun hori, esleitu zaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

5.-Itzuli beharra duena hiltzen bada, itzuli gabe dauden kopuruak ordaindu beharra haren kausadunei pasatuko zaie, ezertan ukatu gabe zuzenbide zibil arruntetik, zuzenbide zibil berezitik edo foru zuzenbide zibiletik zenbait kasutan oinordetzari aplikatu behar zaizkien xedapenak; bereziki, jaraunspena inbentario-emaitzaren arabera onartzen denean aplikatu behar direnak.

III. TITULUA. DIRULAGUNTZEN JARRAIPENA ETA KONTROLA

I. KAPITULUA. Organo kudeatzaileek egin beharreko jarraipena

38. artikulua. Jarraipena.

Dirulaguntza ematen duten organoek justifikazio geroratua duten dirulaguntzen jarraipena eginen dute, galdaturiko betekizunak ezarritako epean bete ditzaten eskatzeko onuradunei, eta behar diren egiaztapenak egiteko. Nafarroako Gobernuak dirulaguntzak ematen dituenean, dirulaguntza emateko espedientearen instruktoreak eginen du jarraipena, dirulaguntza emateko erabakian besterik adierazi ezean.

Hori dela eta, organo horiek dirulaguntzen jarraipena behar bezala egiteko behar diren erregistroak erabiliko dituzte.

39. artikulua. Laguntzeko betebeharra.

1.-Entitate laguntzaileek, onuradunek eta dirulaguntzaren xedearekin edo horren justifikazioarekin zerikusirik duten hirugarrenek foru erkidegoko administrazioko eta haren erakunde autonomoetako organoei dagozkien kontrol-eginkizunak betetzea errazteko betebeharra dute, bai eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ahal dituzten egiaztapen eta finantza-kontrol guztiak errazteko betebeharra ere; bereziki, ikerketaren xede diren lokaletara sartzen utziko diete, dokumentazioa eskuratuko diete eta horren kopia erdiesteko aukera emanen diete.

2.-Betebehar hori betetzeari uko egitea erresistentzia, aitzakia, oztopo edo ukotzat joko da foru lege honen 35. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, ezertan ukatu gabe bidezkoak izan litezkeen zehapenak.

II. KAPITULUA. Finantza-kontrola

40. artikulua. Dirulaguntzen finantza-kontrola.

1.-Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Kontu-hartze Orokorraren bitartez, emandako dirulaguntzen finantza-kontrola burutuko du, deusetan galarazi gabe organo kudeatzaileek egiten dituzten jarraipen eta kontrol jarduerak eta kontrol ekonomiko-finantzarioari buruzko araudi orokorra aplikaturik bidezkoak izan daitezkeen fiskalizazio jarduera arruntak.

2.-Aurreko idatz-zatian aipatutako finantza-kontrolaren barnean honako jarduketak egin ahalko dira:

a) Dirulaguntzen onuradunek dirulaguntzak emateko betekizun, baldintza eta betebeharrak betetzen ote dituzten eta jasotako funts publikoak beren xederako behar bezala erabiltzen ote dituzten begiratzea.

b) Beharrezkoa izatera, dirulaguntzak onuradunen kontabilitatean edo erregistro liburuetan behar bezala jasotzen ote diren begiratzea.

c) Erregelamendu bidez ezarri ahal diren gainerako jarduketa guztiak.

3.-Baldin eta, jarraipen eta kontrol eginkizunen ondorioz, jasotako dirulaguntzaren lorpen, helburu edo justifikazio okerren zantzuak antzematen badira, horiek egiteko ardura duten agenteek beharrezkotzat jotzen diren kautelazko neurriak hartu ahalko dituzte, eginkizun haiei dagozkien dokumentuen desagerpena, deuseztapena edo aldaketa eragozteko. Hartzen diren neurriek inola ere ez diote kalterik eraginen onuradunari eta, edonola ere, lortu nahi den helbururako egokiak izanen dira.

41. artikulua. Ogasun publikoaren aurkako delituaren zantzuak.

Egiaztapenak egiteko eskudunak diren organoek egindako edozein egiaztatze-jarduketaren ondorioz, onuradunak Nafarroako ogasun publikoaren kontrako balizko delituren bat egin ahal duela agerian geratzen bada, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta departamentu edo organismo autonomo emaileari emanen zaie horren berri, behar diren neurriak har ditzaten.

IV. TITULUA. ARAU-HAUSTEAK ETA ZEHAPENAK

I. KAPITULUA. Arau-hausteak

42. artikulua. Arau-hausteak.

1.-Portaera hauek dira dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboak:

1.1. Onuradunenak.

a) Dirulaguntza bat eskuratzea hori hartzeko baldintzak faltsutuz edo eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz.

b) Dirulaguntzaren xedeaz bestelako helburuetarako erabiltzea jasotako kopuruak, osorik edo hein batean.

c) Onuradunari egotzi ahal zaizkion arrazoiak direla eta, dirulaguntza ematerakoan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

d) Administrazio emaileak edo, halakorik bada, entitate laguntzaileak egin beharreko egiaztapen eta kontrol jarduketei uko egitea edo oztopoak jartzea.

e) Administrazio emaileari edo, halakorik bada, entitate laguntzaileari ez jakinaraztea helburu bera duten beste dirulaguntza edo laguntza batzuk eskuratu dituztela, edozein administrazio publiko edo ente publikorengandik datozenak, Estatukoak izan nahiz atzerrikoak, eta dirulaguntza emateko funtsezko arrazoi izan den beste edozein gorabehera aldatzea.

f) Funts publikoei emandako erabilera ez justifikatzea, osorik edo hein batean.

g) Administrazio emailearen aurrean edo, halakorik bada, entitate laguntzailearen aurrean, dirulaguntza ematean ezarritako betebeharrak bete direla ez frogatzea.

1.2. Entitate laguntzaileenak.

a) Dirulaguntzari buruzko arauetan ezarririko irizpideen arabera harturiko funtsak onuradunei ez ematea.

b) Harturiko funtsen kudeaketaz Administrazio emaileak egin ahal dituen egiaztapen eta kontrol jarduketei uko egitea edo oztopoak jartzea.

c) Dirulaguntza ematea eragin duten baldintzak betetzen direla eta eraginkorrak direla ez egiaztatzea, hala bada.

d) Administrazio emailearen aurrean harturiko funtsen aplikazioa ez justifikatzea, edo onuradunek aurkezturiko justifikazioa hari ez ematea.

2.-Foru lege honetan tipifikatutako arau-hauste administratiboak oso larriak, larriak edo arinak izan daitezke.

2.1. Onuradunen kasuan, artikulu honetako 1.1 idatz-zatiko a), b) eta c) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 idatz-zatiko a) letran aipatzen dena joko dira arau-hauste oso larritzat.

2.2. Onuradunen kasuan, artikulu honetako 1.1 idatz-zatiko d) eta e) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 idatz-zatiko b) eta c) letretan aipatzen direnak joko dira arau-hauste larritzat.

2.3. Onuradunen kasuan, artikulu honetako 1.1 idatz-zatiko f) eta g) letretan aipatzen direnak eta, entitate laguntzaileen kasuan, aurreko 1.2 idatz-zatiko d) letran aipatzen dena joko dira arau-hauste arintzat.

3.-Lehen aipaturiko portaerak dituzten onuradun eta entitate laguntzaileak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

4.-Arau-hausteak lau urteren buruan preskribatuko dira. Preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasita kontatuko da. Preskripzioa administrazioaren kabuz aplikatuko da; edonola ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatu ahalko du.

II. KAPITULUA. Zehapen araubidea

43. artikulua. Zehapenak.

1.-Arau-hauste administratiboek honako zehapen hauek izanen dituzte:

1.1. Arau-hauste oso larriek:

Behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru-kopurua edo entitate laguntzaileak hartu duen diru-kopurua halako bitik hirura bitarte egiten duen isuna.

Eskudun den agintaritza zehatzaileak, gainera, zehapen hauek ezartzea erabaki ahalko du:

a) Administrazio publikoengandik eta bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Foru lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

c) Administrazio publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, bost urteko epean gehienez.

1.2. Arau-hauste larriek:

Behar bezala eskuratu edo erabili ez den diru-kopurutik edo entitate laguntzaileak hartu duen diru-kopurutik halako bira bitarte egiten duen isuna.

Eskudun den agintaritza zehatzaileak, gainera, zehapen hauek ezartzea erabaki ahalko du:

a) Administrazio publikoengandik eta bestelako erakunde publikoengandik dirulaguntzak, laguntza publikoak eta abalak hartzeko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

b) Foru lege honetan araututako dirulaguntzei dagokienez, entitate laguntzaile gisa jarduteko aukerarik ez izatea, bost urteko epean gehienez.

c) Administrazio publikoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea, bost urteko epean gehienez.

1.3. Arau-hauste arinek:

Behar bezala eskuratu edo justifikatu ez den edo, entitate laguntzailearen kasuan, hartu den diru-kopuruaren adinako isuna.

Eskudun den agintaritza zehatzaileak, gainera, zehapen hauek ezartzea erabaki ahalko du:

a) Bai onuradunaren kasuan, bai entitate laguntzailearen kasuan ere, urtebeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarengandik eta haren erakunde autonomoengandik dirulaguntzak hartzeko edo entitate laguntzaile izendatua izateko eskubidea galtzea.

b) Urtebeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioarekin eta haren erakunde autonomoekin kontratuak izenpetzeko debekua izatea.

2.-Foru lege honetan aurreikusitako arau-hauste administratiboengatik aurreko zehapen horiek ezartzeko, kontuan hartuko da:

a) Arau-haustea egiteko asmorik izan den edo behin baino gehiagotan egin den.

b) Eragindako kalteak nolakoak diren.

c) Berrerori den, hau da, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin den, administrazio bideko ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

3.-Zehapenak ezartzea eta foru lege honek aipatzen duen moduan arau-hausleari dirua itzultzeko eskatzea egintza independenteak izanen dira.

4.-Zehapenak lau urteren buruan preskribatuko dira. Zehatzeko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasita kontatuko da preskripzio epea. Preskripzioa administrazioaren kabuz aplikatuko da; edonola ere, interesdunak preskripzioaren deklarazioa eskatu ahalko du.

44. artikulua. Zehatzeko ahalmena erabiltzeko eskumena duten organoak.

Dirulaguntza eman duten organoak dira zehapen prozedura abiarazteko eta ebazteko eskudunak.

Arau-hauste oso larrien kasuan, Nafarroako Gobernuari dagokio ebaztea.

45. artikulua. Erantzukizunak.

1.-Foru lege honen 8. artikuluko 2. eta 3. idatz-zatietan aipatutako entitateetako kide, partaide edo titularkideek erantzun solidarioa emanen diote diru-zehapenenari, bakoitzak bere partaidetzaren neurrian, haien entitatea ondasun komunitate bat edo beste edozein motatako unitate ekonomiko edo ondare bereizia izanez gero.

2.-Merkataritza-sozietateen administratzaileek eta lege edo estatutuetako xedapen aplikagarrien arabera beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenek diru-zehapenaren erantzukizun subsidiarioa izanen dute, ez badituzte egiten beren esku dauden egintzak bete gabeko betebeharrak bete daitezen, edo ez-betetzea ahalbidetzen duten erabakiak hartzen badituzte, edo beren menpekoen ez-betetzeak eragozten ez badituzte.

3.-Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna mugatzen badu, zehapen burutu gabeak horiei pasatuko zaizkie, eta zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute, esleitu zaien edo esleitu behar zitzaien likidazio kuotaren balioa muga dutela.

4.-Desegin eta likidatutako sozietate edo entitateen kasuan, legeak ez badu mugatzen bazkide, partaide edo titularkideen ondare-erantzukizuna, zehapen burutu gabeak horiei pasatuko zaizkie, eta zehapena betetzeko betebehar solidarioa izanen dute.

46. artikulua. Zehapen prozedura.

1.-Dirulaguntzen arloko zehapenak erregelamenduz zehazten den prozeduraren bidez ezarriko dira, eta, halakorik ezean, Foru Komunitateko administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan xedatutakoari jarraituko zaio.

2.-Prozedura administrazioaren kabuz hasiko da, organo emaileak edo entitate laguntzaileak egindako egiaztapen-jardueraren ondorioz, bai eta kontrol eginkizunak esleituta dituzten organoen jarduketen ondorioz ere.

Lehen Xedapen Gehigarria. Finantza entitateekiko hitzarmenak.

Nafarroako Gobernuak, Gizarte Ekintzako Hirugarren Sektoreko entitateei likidezia izateko eta kredituak eskuratu ahal izateko erraztasunak emateko, lankidetza hitzarmenak sustatuko ditu Nafarroan jarduten duten finantza entitateekin.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Gerakina.

Edozein arrazoi tarteko, esleitu gabeko gerakinik geldituko balitz Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gizarte entitateetarako aurreikusitako diru-laguntzetarako kredituetan, premiazko deialdi bat onetsiko da aurrekontu-ekitaldi beraren barruan, foru lege honetan aurreikusitakoari jarraikiz

Hirugarren Xedapen Gehigarria. Nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzak.

1. Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak proposatuta, foru dekretu baten bitartez, nazioarteko lankidetzarako dirulaguntzak arautzen dituzten arau bereziak onetsiko ditu.

2. Arauketa horrek, oro har, foru lege honetan ezarritakoaren araberakoa izan beharko du, salbu eta publizitate edo lehia printzipioak edo kontrol, itzulketa edo zehapenen araubideari dagozkion beste gai batzuk salbuetsi behar direnean, dirulaguntzak beren hartzaileekin edo izaerarekin bateragarriak diren heinean.

Lehen Xedapen Iragankorra. Hasitako prozedurak.

Foru lege honek indarra hartu baino lehen dirulaguntzak emateko hasitako prozeduretan ez da foru lege hau aplikatuko, lehengo araudia baizik.

Bigarren Xedapen Iragankorra. Europar Batasuneko arauen mendeko laguntzak.

Europar Batasuneko arauen indarrez 2006ko abenduaren 31n amaituko diren laguntza-erregimenek orain duten araudiaren mende segituko dute.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. Indargabeturiko xedapenak.

1. Foru lege honek indarra hartzen duenean indargabetu eginen dira hemen xedatutakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak, eta, bereziki, uztailaren 9ko 8/1997 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta haren organismo autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duena.

2. Aurreko idatz-zatian xedatutakoak ez du galarazten foru lege honen lehen xedapen iragankorrean ezarritakoa.

Azken Xedapen Bakarra. Erregelamenduzko baimenak.

1. Ahalmena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honen edukia erregelamendu bidez garatzeko.

2. Nafarroako Gobernuak eguneratu ahalko ditu foru lege honetan betekizun edo betekizunak aplikatzeko mugatzat ematen diren zenbatekoak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa