(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

47/2014 Foru Dekretua, ekainaren 11koa, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko Batasunaren Garrantzizko Lekua, eta haren kudeaketa plana onesten duena

(2014ko 125. NAOn argitaratutako testua, ekainaren 27an)

Zioen Azalpena

“Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, Baztango udal mugapean. Gune horretan badira Nafarroako aniztasun biologikoaren adierazgarri diren habitat naturalak eta basa flora eta fauna; gainera, zenbait kasutan horiek galzorian daude haien banaketa naturaleko eremuan, edo banaketa naturaleko azalera murritza daukate, bai atzera egiten ari direlako bai berez dutelako eremu murritza. Horregatik, eremu batzuk hautatu behar dira, non bermatuko baita habitat natural eta basa espezie horiek epe luzean iraunen dutela, kudeaketa aktiborako eta prebentziorako sistema eraginkor eta eragingarrien bidez.

Habitat natural nahiz espezie horietako batzuk sarturik daude Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Natur habitatak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43/EEE Zuzentarauan, edo Basa hegaztiak kontserbatzeari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009/147/EE Zuzentarauan. Horrenbestez, balio handia dute ez bakarrik Foru Komunitatean, baita Europar Batasunean ere. Bi zuzentarau horiek dira Europar Batasunak naturaren kontserbazioaren arloan duen tresna nagusia. Horretarako, lekuen sare ekologiko bat sortu zen, Natura 2000 Sarea, non Batasunaren intereseko habitat natural eta basa florako eta faunako espezie guztien ordezkariak lehengoratu edo egoki kontserbatu behar baitira.

92/43/EEE Zuzentaraua abenduaren 7ko 1997/1995 Errege Dekretuaren bidez sartu zen Espainiako ordenamendu juridikoan.

Zuzentarauak irizpide zientifiko batzuk eta egutegi bat ezarri zituen Natura 2000 Sarea eratzeko. 4. artikuluaren arabera, Europar Batasuneko estatuek lekuen zerrenda bat proposatu behar diote Batzordeari, eta adierazi leku bakoitzean dauden natur habitat motak eta Batasunaren intereseko espezieak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Gobernuak 2000ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen ahal diren lekuen zerrenda behin-behinekoz onetsi zuen, gero Natura 2000 Europako sare ekologikoan sar zitezen. Horien artean, “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko ES22000023 gunea dago.

Batasunaren Intereseko Leku gisa onetsirik, Europar Batasuneko estatuak ahalik eta lasterren deklaratu behar du Kontserbazio Bereziko Eremu, gehienez ere sei urteko epean. Horretarako, kudeaketa plan baten bidez, behar diren kontserbazio neurriak ezarri behar dira, Batasunaren Intereseko Leku izatearen arrazoi diren natur habitatak eta espezieen populazioak kontserbazio-egoera onean mantentzeko, edo egoera hori berriz ezartzeko.

2004ko abenduaren 29ko 2004/813/EE Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen zerrenda onetsi zuen. Horrenbestez, Europako zuzentaraua aplikatzearen ondorioetarako, Kontserbazio Bereziko Eremu izendatuko dira leku horiek.

“Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” gunerako Kudeaketa Plana Europar Batasuneko araudiaren betebeharrekin bat prestatu da, eta, beraz, bertan jaso dira Lekuan dauden habitat eta taxonen eskakizun ekologikoei dagozkien ekintza, neurri eta jarraibideak, aipatutako 92/43/EEE Zuzentarauan biltzen direnak.

Nafarroako Gobernuak 1990eko abenduaren 27an hartutako Erabakiaren arabera, “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” gunea Hegaztien Babesgune Berezia da (HBB B-122).

HBB horren mugak berraztertu ondoren eta doikuntza kartografikoak oinarri hartuta, egokia dirudi horiek berriz ere definitzea, “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” gunearen mugekin bat etor daitezen.

Apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuaren bidez, Hegaztien Babesgune Berezien (HBB) barneko basa fauna babesteko eremuak (BFBE) deklaratu ziren, horien artean BFBE-1 eremua, “Iparla” izena daukana eta aurretik aipatu den HBBn dagoena.

Bere garaian BFBE deklaratzea eragin zuten balioak eta haren kontserbazioa bermatzeko beharrezko araudi esparrua “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” eremuan sartzen dira modu zabalagoan, eta, beraz, ez dirudi beharrezkoa babes mota horri eustea.

Hori dela eta, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak proposaturik, 2014ko ekainaren 11n egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat, Nafarroako Gobernuak, dekretatu dut:

1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea hauxe da:

1. Batasunaren Garrantzizko ES0000122 Lekua, “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izenekoa, Kontserbazio Bereziko Eremutzat jotzea.

2. “Aritzakun-Gorramendi” izeneko B-122 Hegaztien Babesgune Bereziaren (HBB) mugak berriz zehaztea eta Kontserbazio Bereziko Eremuko mugekin bat etorraraztea.

3. “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko ES0000122 Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta “Aritzakun-Gorramendi” izeneko B-122 HBBren kudeaketa plana (foru dekretu honi erantsi zaio) onestea.

2. artikulua. Planaren aplikazio eremua eta lurralde mugaketa.

“Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko gunea Nafarroako ipar-ekialdeko muturrean dago, eta 6.032,48 hektareako azalera dauka.

Hona hemen haren lurralde mugak:

Ekialdean eta iparraldean:

Mugaketa tziarekiko mugan zehar hedatzen da, Aintziagatik Iparlako kordalean barrena Meatseko leporaino. Handik, Iduzkimendiren eta Gorospilen arteko mugatik, Mugako leporaino.

Mendebaldeko eta hegoaldeko mugak:

Mendebaldetik, Mugako lepotik aurrera, mugak Lizartzutik, Artxisuritik eta Urlegitik jarraitzen du Amaiurreraino. Hortik aurrera, Gorramendi mendigunearen hegoaldeko maldetatik jarraitzen du tziako mugaraino, Aintziagan.

Foru dekretu honek onetsitako planaren aplikazio eremuaren mugaketa ofiziala bertan jaso den kartografiak ezarri du.

Nafarroako Onura Publikoko Mendien (OPM) Katalogoa onetsi zuen Nafarroako Gobernu Zibilaren 1912ko maiatzaren 14ko Zirkularraren arabera, eremu horrek 569. OPMa ukitzen du, 811,21 hektareako azaleran.

3. artikulua. Zuzendaritza Batzordea.

1. Zuzendaritza Batzordea sortuko da. “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” gunearen kontserbazioa kudeatzeko kontsulta eta partaidetza organoa izanen da. Mendien titularrak diren entitateetako ordezkariek eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko ordezkariek osatuko dute.

2. Zuzendaritza Batzordeak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Kudeaketa planean jasotako neurriak bete daitezela sustatzea. Aurreikusitako egutegia betetzen saiatuko da eta planaren neurriak aplikatzeko ahalmena duten eskualdeko eragile guztien lankidetza eta koordinazioa bultzatuko du.

b) Planaren lan-programa dauden aukeretara egokitzea, Planaren neurriak ahalik eta errazen eta modurik eraginkorrenean aplikatzen direla errazteko.

c) Proposamenak egitea Planean ezarritako ekintzak eraginkorragoak izan daitezen, aurreikusitako helburuak betetzeari begira.

d) Foru Komunitateko Administrazioari adieraztea Kudeaketa Planaren garapena baldintza dezaketen ekintzak edo mehatxuak.

e) Planaren betetze-maila aldian behin ebaluatzea, eta entitate, administrazio eta organo eskudunei neurriak garatzeko behar diren konpromisoak betetzeko eskatzea.

f) Natur baliabideen azterketa eta ikerketa bultzatzea, baita gizarteak baliabide horiek ezagut ditzatela eta haiekin goza daitezela ere, betiere haien balioekiko errespetua eta ingurumen hezkuntza sustatuz.

Lehen Xedapen Gehigarria. Gaikuntza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio behar diren tramiteak egin ditzan foru dekretu hau eta, bidezkoa bada, plana aplikatzeko behar den kostu ekonomikoaren kalkuluak Europar Batzordeari igortzeko, 92/43/EEE Zuzentarauaren 8. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.

Bigarren Xedapen Gehigarria. Lotutako araudia.

1. Itxusiko eta Irubetakaskoko (NE-4) Natur Erreserbei dagokienez, “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” lekuan sartutako espazioak baitira, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Onura publikoko mendia den Lekuko azaleran, Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Xedapen Indargabetzaile Bakarra. “Iparla” izenekoaren BFBE-1 deklarazioa indarrik gabe uztea.

Basa fauna babesteko eremuak (BFBE) deklaratu zituen apirilaren 3ko 86/1995 Foru Dekretuan ezarritakoa indargabetuko da, “Iparla” izenekoari (BFBE-1) dagokionez.

Azken Xedapenetako Lehena. Kudeaketa planaren indarraldia.

1. Hauxe da foru dekretu honen bidez onesten den Kudeaketa Planaren indarraldia:

a) Mugagabea, funtsezko elementuei, azken helburuei, arauei eta jarraibideei dagokienez.

b) 10 urtekoa, espero diren emaitzei eta jarduketei (neurriak) dagokienez. Epe hori bukatutakoan, plana berraztertuko da.

2. Hala ere, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak uste baldin badu planean aurreikusirik ez zegoen funtsezko gorabeheraren bat gertatu dela, gunearen balioen zainketan eragina izan dezakeena, plana berraztertzen edo aldatzen ahalko da.

3. Kudeaketa Plana ukitzen ahal duen edozein aldaketa edo berrikuspen foru dekretu bidez tramitatu beharko da.

Azken Xedapenetako Bigarrena. Beste plan batzuekiko erlazioa.

1. Foru dekretu honek onesten duen plana bat etorriko da aniztasun biologikoaren kontserbazioari buruz ezartzen diren maila goragoko planekin, eta zehazki, Nafarroako Naturgune Babestuen Sarerako jarduketa-ildo orokorrak finkatzeko onesten direnekin.

2. Dena dela, Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legearen 7. artikuluan xedatutakoaren arabera, kudeaketa plan honetako zehaztapenak zuzenean aplikatu beharrekoak dira, eta tokiko entitateen hirigintzako udal planeamenduan sartuko dira, planeamendua egitean edo berraztertzen denean. Hori horrela, oraingo lurralde antolamendurako edo antolamendu fisikorako tresnak, kudeaketa plan honen aurkakoak badira, egokitu beharko dira, lehenbizikoz aldatzen edo berrikusten direnean.

Azken Xedapenetako Hirugarrena. Garatzeko gaikuntza.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari ahalmena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken Xedapenetako Laugarrena. Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANSKINA. “Aritzakun-Urritzate-Gorramendi” izeneko ES0000122 Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) eta “Aritzakun-Gorramendi” izeneko B-122 HBBren kudeaketa plana

Aurkibidea

I.–Planaren helburua.

II.–Kontserbatu beharreko balio naturalak.

III.–Planaren azken helburuak.

IV.–Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

V.–Araudia.

VI.–Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

VII.–Jarduketak.

VIII.–Kudeaketa planaren finantzaketa.

IX.–Mugak.

X.–Jarraipen-programa.

XI.–Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

I.–Planaren helburua.

Plan honen helburua da behar diren neurri aktiboak eta prebentzio neurriak ezartzea hurrengo atalean adieraziko diren habitat naturalak, espezieak, prozesu ekologikoak eta osagai natural eta kulturalak kontserbazio-egoera onean mantentzeko edo egoera onera berriz ekartzeko (kasua zein den).

Kudeaketa plan honen arabera hartzen diren neurrien azken helburua da gunearen osotasun ekologikoa bermatzea eta Nafarroako Natura 2000 Sareari batasuna ematea. Kontserbazio Bereziko Eremua ukitzen ahal duen beste edozein plan, programa edo proiektuk bat etorri beharko du helburu horrekin.

Hala ere, plan honen bidez hartzen diren neurriek eta haren ondoriozkoek kontuan hartuko dituzte betebehar ekonomiko, sozial eta kulturalak, eta, ahal den neurrian, saiatuko dira bateragarri egiten gaur egungo erabilera eta aprobetxamenduak eta gizartearen eskari berriek ekar ditzaketenak, hala nola, aisialdia, ingurumeneko hezkuntza eta ikerketa. Era berean, eremu hau babestea ekarri duten balioak galtzea ekar dezaketen aldaketak saihestuko dira.

II.–Kontserbatu beharreko balio naturalak.

Landare formazio naturalek eta erdi-naturalek Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) azalera osoaren %94 inguru okupatzen dute. Formazio horien azaleraren zatirik handiena (ia %98) Europar Batasunaren interesekoak diren habitatei dagokie. Hamar mota ezberdindu dira, eta horietatik hiru lehentasunezko habitat naturalak dira.

Lurraldean sastrakadiak eta larreak dira nagusi (gune irekiak), eta azaleraren %63 okupatzen dute. Eremuan larre azidofilo kantabriarrak eta txilardi-otadi atlantikoak daude. Azken horien artean, garrantzia berezia dute txilardi higrofiloek, lurraldean bereziak baitira eta lehentasunezko habitatak baitira. Ezaugarri edafikoak aintzat hartuta, bertako pagadiak azidofiloak dira eta Europar Batasunaren intereseko espezie gisa katalogatuak daude. Haritz kandudunen basoak ere nabarmentzekoak dira, haritz handi eta zaharrak baitaude. Gehienak interes ekologiko handiko lepatuak dira, eta Habitaten Zuzentarauaren II. eranskineko faunako espezieen habitata dira. Ibaiertzeko haltzadiez gain, Irubelakaskoaren ipar isurialdean mendi-hegaletako haltzadiak daude. Berezitasun handiko komunitatea da Pirinio eta Kantauri arteko eremuan eta Nafarroan dauden bi komunitateetako bat da. “Landaredi kasmofitikoa, kaltzikola azpimotakoa” motako komunitateen kasuan, noizean behin agertzen dira harkaitz azaleramenduetan, hots, Nafarroaren erakusgarritzat har daitezkeen harkaitzetan. Gorramendi eta Gorramakil mendien hegaletan, hartxingadiak daude eta liken eta iratze ugari dituzten blokeak. “Hartxingadietako landaretza” gisa tipifikatuak daude. Erreka buruetan eta urte osoan zehar istilduak egoten diren eremuetan, orokorrean sastrakadiz eta larrez okupatutako eremuetan kokatuak, honako hauek ageri ohi dira: interes botaniko handia duten komunitate higroturbosoak, Sphagnum motako goroldioz estaliak; landare karniboro txikiak, eta istiltze handia jasan dezaketen beste batzuk. Komunitate berezi horiek Europar Batasunaren intereseko habitat gisa katalogatuak daude.

KBE interes botaniko handiko gunea da eta errekei edo ingurune hezeei lotutako flora nemoralaren espezieen komunitate interesgarriak ditu. Nafarroako Landare Espezie Mehatxatuen Katalogoaren zenbait espezie daude (Hymenophyllum tunbrigense, Soldanella villosa, Stegnogramma pozoi, Pinguicula lusitanica, Lycopodiella inundata eta Cystopteris diaphana eta Prunus lusitanica). S. villosa ere Europar Batasunaren intereseko espezie gisa jasoa dago. Berriki, mehatxatutako bi iratze mota aurkitu dira: Vandesboschia speciosa eta Woodwardia radicans, biak Habitaten Zuzentarauan sartuak.

Faunari dagokionez, eta zehazki ugaztunen kasuan, KBEan aipatutako espezie garrantzitsuena muturluze iberikoa dago (Galemys pyrenaicus). Habitaten Zuzentarauan sartua dago. Hegazti talde nagusiena, berriz, harrapari errupikoloena da. Hona nabarmentzen direnak: ugatza (Gypaetus barbatus), sai zuria (Neophron percnopterus), sai arrea (Gyps fulvus), arrano beltza (Aquila chrysaetos) eta belatz handia (Falco peregrinus). Horiek guztiak Hegaztien Zuzentarauan sartuak daude. Ugatza, gainera, “Galtzeko zorian” katalogatua dago Nafarroan. Hontz handia (Bubo bubo) gaueko harraparia da, bertako harkaitzetan ibiltzen dena. Espazio honetako sare hidrografikoak ezaugarri salmonikolak ditu. Errobi ibaiaren arrora Aritzakun eta Urritzate errekek isurtzen dituzte beren urak, eta bertan, zarboa dago (Gobio lozanoi), Nafarroan “interes bereziko” espezie gisa katalogatua, eta mazkarra (Barbatula quignardi). Anfibioei dagokienez, espezie nabarmenena uhandre piriniotarra da (Calotriton asper). Fauna ornogabearen kasuan, arkanbelea (Lucanus cervus) eta Quimper barraskiloa (Elona quimperiana) daudela frogatu da, bi espezieak Habitaten Zuzentarauaren II. eranskinean sartuak.

Aurreko balioak kontuan hartuta, habitat batzuk, eta KBE honetan dauden edo egon litezkeen flora eta faunako espezie batzuk hautatu dira, lurraldearen adierazgarri diren balio natural guztiak ordezkatzen dituztenak. Habitat eta espezie horiei “funtsezko elementu” esaten zaie. Izan ere, KBEaren kontserbazio “aktiboa” oinarritzeko ardatz gisa erabiltzen dira. Hori horrela, funtsezko elementu guzti-guztietarako proposatutako helburuetatik abiaturik, gaur egungo kontserbazio-egoera baldintzatzen duten faktoreak aztertu ondoren, arauak, kudeaketako jarraibideak eta jarduketak proposatu dira, KBE osoaren balio naturalak mantentzeko eta hobetzeko aukera ematen dutenak.

Hona hemen KBEa kudeatzeko “funtsezko elementuak”:

1. Sastrakadiak eta larre azidoak.

2. Pagadiak eta harizti azidofiloak.

3. Errekak eta haltzadiak.

4. Harkaiztiak eta hartxingadiak.

5. Flora mehatxatua.

6. Ugatza.

Gainera, lan-arlo hauek zehaztu dira:

–A. Erabilera publikoa.

III.–Planaren azken helburuak.

Kudeaketak, aurreko atalean aipatutako funtsezko elementu guztien kontserbazio-egoera ona ahalik eta lasterren lortzeko, bilatu behar dituen xede edo helmugak dira azken helburuak.

1. Sastrakadiak eta larre azidoak:

1.1. Azken helburua: larre eta sasidien habitaten kontserbazio-egoera ona bermatzea.

2. Pagadiak eta harizti azidofiloak:

2.1. Azken helburua: basoen habitatak kontserbazio-egoera onean egotea.

3. Errekak eta haltzadiak:

3.1. Azken helburua: haltzadien habitatak kontserbazio-egoera onean egotea.

3.2. Azken helburua: erreken egoera ekologiko ona bermatzea.

4. Harkaiztiak eta hartxingadiak:

4.1. Azken helburua: harkaiztiei eta hartxingadiei lotutako habitaten eta espezieen kontserbazioa segurtatzea.

5. Flora mehatxatua:

5.1. Azken helburua: flora mehatxatuaren espezie guztien populazio guztien bideragarritasuna mantentzea.

6. Ugatza:

6.1. Azken helburua: ugatzaren ugalketaren arrakasta berreskuratzea.

–A. Erabilera publikoa:

A.1. Azken helburua: tokiko balio naturalen kontserbazioarekin bateragarria den erabilera publikoaren eredu bat zehaztea eta finkatzea.

IV.–Planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak.

Gerta liteke ezinezkoa izatea planaren azken helburuak edo helmugak lortzea haren indarraldia bitartean, arrazoi ekologiko, sozial edo ekonomikoengatik. Horregatik, indarraldi horretan planaren aplikazioaren ondorioz espero diren emaitzak zehazten dira. Emaitza horiek proposatu diren azken helburuak lortzen lagundu behar dute. Hona hemen, bada, espero diren emaitzak funtsezko elementuei eta azken helburuei emandako zenbakien arabera:

1. Sastrakadiak eta larre azidoak:

1.1.1. Helburu operatiboa: larren/sastrakadien mosaikoaren gaur egungo azalera mantentzea.

1.1.2. Helburu operatiboa: eremu higroturbosoen kontserbazioa bermatzea.

2. Pagadiak eta harizti azidofiloak:

2.1.1. Helburu operatiboa: gaur egungo pagadi eta harizti autoktonoen masen azalera mantentzea.

2.1.2. Helburu operatiboa: interes ekologikoko zuhaiztien kontserbazioa bermatzea eta lotutako fauna baliotsua ezagutzea.

3. Errekak eta haltzadiak:

3.1.1. Helburu operatiboa: gaur egungo haltzadien azalera ezagutzea eta kontserbatzea.

3.1.2. Helburu operatiboa: haltzadien osasun egoera ezagutzea.

3.1.3. Helburu operatiboa: flora espezie aloktonoak gutxitzea.

3.2.1. Helburu operatiboa: erreken ingurumen kalitatea hobetzea.

3.2.1. Helburu operatiboa: errekei lotutako intereseko faunaren espezie batzuk hobeki ezagutzea.

4. Harkaiztiak eta hartxingadiak:

4.1.1. Helburu operatiboa: harkaiztiei eta hartxingadiei lotutako habitaten eta espezieen gaineko ukipenak saihestea.

4.1.2. Helburu operatiboa: harkaiztiei lotutako harrapari errupikolen populazioaren bilakaera ezagutzea.

4.1.3. Helburu operatiboa: harkaiztien eta hartxindagien ezaugarri diren landare komunitateak eta floraren espezieak ezagutzea.

5. Flora mehatxatua:

5.1.1. Helburu operatiboa: flora mehatxatuaren espezieen populazioaren kontserbazioa bermatzea.

6. Ugatza:

6.1.1. Helburu operatiboa: ugatzarentzat beharrezkoa den eskaintza trofikoa mantentzea.

6.1.2. Helburu operatiboa: gizakiaren eraginez ugalketa eremuetan izandako kalteak murriztea.

–A. Erabilera publikoa:

A.1.1. Helburu operatiboa: tokiaren erabilera publikoko jarduerak eta azpiegiturak antolatzea eta arautzea.

A.1.2. Helburu operatiboa: erabilera publikoko jarduerek natur balioetan sortzen dituzten zuzeneko inpaktuak prebenitzea eta, hala bada, zuzentzea.

V.–Araudia.

–Araudi orokorra:

1. Baso-zoruan egin nahi den edozein jarduketa otsailaren 21eko 3/2007 Foru Legeak aldatutako Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen bidez arautuko da. Aipatutako foru legearen arabera, mendi katalogatuetan onura publikoko mendiaren edo mendi babeslearen izaerarekin bateragarriak diren jarduerak baino ez dira baimenduko.

2. Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen menpe egonen dira haren eranskinetan ageri diren titulartasun publiko nahiz pribatuko plan, programa, proiektu eta jarduerak, haiek sortzean, abian jartzean edo gauzatzean ingurumenaren baldintzak aldatzen ahal dituztenak, edo ingurumenari, pertsonen osasunari edo segurtasunari eta haien ondasunei kaltea eragiten ahal dietenak.

3. Ematen den edozein baimenek bermatuko du Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legean ezarritakoa betetzen dela eta ez dituela ukitzen Kontseiluak 1992ko maiatzaren 21ean emandako Habitat naturalak eta basa fauna eta flora kontserbatzeari buruzko 92/43 Zuzentarauaren II. eranskinean zerrendatutako Batasunaren intereserako animalia eta landare espezieak, ez haien habitatak, ez eta Kontserbazio Bereziko Eremua kontserbatzeko garrantzi handia duten paisaiako elementuak ere.

4. Ematen diren baimen guztiek bermatuko dute honako arau hauek beteko direla: Natur Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legea eta Babes bereziko araubidea duten basa espezieen zerrenda eta espezie mehatxatuen katalogoa garatzeko otsailaren 4ko 139/2011 Errege Dekretua.

–Berariazko araudia:

1. Itxusiko Natur Erreserba (RN-2).

1.1. Itxusiko Natur Erreserbako edozein jarduera edo jarduketa Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

2. Irubetakaskoko Natur Erreserba (RN-4).

2.1. Irubetakaskoko Natur Erreserbako edozein jarduera edo jarduketa Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legean eta Nafarroako natur erreserbak erabili eta kudeatzeko plan zuzentzaileak onesten dituen uztailaren 6ko 230/1998 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera arautuko da.

3. Larreak eta sastrakadiak:

3.1. 92/43/EEE Zuzentarauan dauden eta kontserbazio-egoera onean dauden larreek eta sastrakadiek hartutako azaleretan ez da luberritzerik edo ereiterik eginen.

3.2. Eremu higroturbosoak eta horien eragin eremuak ukitzen dituzten erabilera eta aprobetxamenduetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira.

4. Errekak eta haltzadiak:

4.1. Ibai bazterreko habitatak eta mendi-hegaleko altzadiak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

4.2. Debeku da Lekuan eta haren inguruetan espezie exotiko inbaditzaileak landatzea, Lekuan dauden espezie autoktonoen eta habitat naturalen kontserbazioari kalte egiten ahal badiote.

4.3. Ez da onartuko ur ibilien erregimen naturala aldatzea dakarren jarduketa edo proiekturik, salbu eta herriak hornitzeko edo nekazaritzako eta abeltzaintzako erabileretarako ezinbestekoak direnak.

4.4. Ibilguaren alterazio morfologikoa dakarten jarduketak ez dira onartuko, salbu eta tartean giza-osasunari, segurtasun publikoari edo natur balioen kontserbazioari lotutako arrazoiak badaude.

5. Harkaiztiak eta hartxingadiak:

5.1. Harkaiztiak eta hartxingadiak ukitzen dituzten erabilera eta aprobetxamenduetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira.

6. Intereseko fauna:

6.1. Intereseko fauna duten guneak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

7. Flora mehatxatua:

7.1. Flora mehatxatuko guneak ukitzen dituzten erabilera eta jarduketetan, habitat horien kontserbazioa bermatzeko behar diren baldintzak jaso beharko dira, salbu eta tartean giza-osasunari eta segurtasun publikoari lotutako arrazoiak badaude.

7.2. Mehatxupeko florari dagokionez, Nafarroako Flora Mehatxatuaren Katalogoa sortu eta katalogatzen den basa flora kontserbatzeko neurriak ematen dituen apirilaren 7ko 94/1997 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.

VI.–Kudeaketarako jarraibide edo orientazioak.

Kudeaketarako jarraibide edo orientazio hauek gomendiotzat jo behar dira. Aplikatu beharko dira, kontrakoa justifikatzen duen arrazoi oinarriturik ez badago.

1. Larre eta sastrakadietarako jarraibideak:

1.1. 92/43/EEE Zuzentarauaren habitatak agertzen diren eremuak ongarritzeko eta/edo zuzentzeko, tratatu beharreko eremuak, osagaiak eta erabiliko den dosia zehaztuko dira. Nolanahi ere, bermatu beharko da landaretza naturala ez dela ukituko, ez eta lurzoruaren eta uren ezaugarriak ere. Gainera, iraganean jada gauzatu diren jarduketei dagokienez proiektu zehatz batek izan dezakeen metatze efektua aintzat hartu eta aztertuko da.

1.2. Abereak kudeatzeko eremutzat hartutako herrilurretan, ez da basoko landaketarik eginen, salbu eta abeltzaintza estentsiboa mantentzeko edo laguntzeko egiten direnak.

1.3. Erreketek baimena beharko dute, indarra duen araudiaren arabera. Espediente horiek tramitatzean, Mendi Zerbitzuak eskatu den erreketa egitea komeni den hausnartuko du, eta, hala denean, behar dena ezarriko du, erreketak ukipenak ahalik eta txikienak izateko baldintza egokietan egin dadin.

1.4. Sastrakadiak kentzen badira, geratzen den paisaiaren egitura larreen eta sastrakadien mosaiko heterogeneoa eta orekatua izanen da.

1.5. Larreak hobetzeko ez da belar-sastrakarik garbituko edo erreko %50etik gorako maldetan. Gainera, jarraibide hori aldatzen ahalko da eta murriztaileagoa izan eremu ahulenetan.

1.6. Belar-sastrakak garbitu edo erre beharreko guneetan, babestu beharreko elementu ekologiko interesgarriak mugatuko dira.

1.7. Ez da belar-sastrakarik garbituko edo erreko sakanetatik edo erreketatik 10 metroko tartea baino gutxiago badago.

2. Zuhaiztietarako jarraibideak:

2.1. Gaur egungo pagadien eta hariztien azalerak gutxienez kontserbatzen direla bermatuko da.

2.2. Interes ekologikoa duten zuhaitzek irautea bermatuko da.

2.3. Basoetan lurrean zein zutik dagoen egur hila errespetatuko da.

3. Beste jarraibide batzuk:

3.1. Pistak hobetzeko eta eraikitzeko proiektuek paisaiara egokitzeko neurriak barne hartuko dituzte.

3.2. Baliabide trofikoen hornikuntza bermatuko da, halako moduz non ugatzak eta gainerako hegazti nekrofagoek elikagaiak izanen dituzten urte osoan zehar.

3.3. Oinezkoen zirkulazioa mugatu edo murriztuko da, behin-behinekoz edo modu iraunkorrean, Iparlako amilburuen goiko ertzetan baldin eta ugatzaren ugalketa prozesu bat hautematen bada.

3.4. tziako administrazioekin koordinatuta, Iparlako ugatza kontserbatzeko balizko arauen gaineko zabalkunderako eta sentsibilizaziorako jarduketak abiaraziko dira.

3.5. Pertsonei haitzebakien goiko bazterretik pasatzeko erraztasunak ematen dizkieten ildo, ibilbide edo interes turistikoko puntuen instalazioa edo diseinua saihestuko da. Betiere, kasuan kasuko jarduketa aztertu beharko da.

VII.–Jarduketak.

Plan honek indarra duen eperako, jarduketa hauek ezarri dira:

1. Larre eta sastrakadiei lotutako neurriak:

1.1. Europar Batasunaren intereseko larreak eta sastrakadiak kontserbatzeko plan bat prestatzea, hain zuzen ere habitat horiek dauden eremu nagusietarako, habitat horiek kontserbatzeko ezarritako helburuekin eta adierazleekin bat.

1.2. Abeltzaintzari laguntzeko jarduketak egitea.

1.3. Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (ITGG) eta Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpenaren Kontseiluaren laguntzaz (NNPEK), entitate titularren eta abeltzainen artean sustatzea larreak “produkzio ekologikoko eremutzat” jotzea, interesa duten ekoizleek horiek erabili ahal izatea bermatzeko.

1.4. Inbentario bat egitea eskala zehatzean, eremu higroturbosoei buruzko informazio zehatzarekin.

2. Zuhaiztiei lotutako neurriak:

2.1. Interes ekologikoko zuhaiztiei buruzko inbentario osoa prestatzea (tamaina handiko zuhaitz helduak edo zuhaitz lepatuak).

2.2. Interes ekologikoko zuhaitzak dituzten eremuak kontserbatu eta sustatzeko jarduketak egitea.

2.3. Ibai ertzeko haltzadiek okupatutako azaleraren inbentarioa eta kartografia.

2.4. Haltzadien osasun egoerari buruzko azterlana egitea.

2.5. Florako espezie exotiko inbaditzaileak poliki-poliki desagerraraztea.

3. Faunari lotutako neurriak:

3.1. “Habitaten Zuzentarauan” sartutako ornogabe saproxilikoen espezieen populazioak aurkitzeko prospekzioak egitea.

3.2. Okil beltzaren (Dryocopus martius) zentsua egitea.

3.3. Bisoi europarrik (Mustela lutreola) baden/ez den zehazteko laginketa egitea eta bisoi amerikarraren (Mustela vison) balizko kolonizazioa hautematea.

3.4. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak bost urtean behin egiten dituen igaraben (Lutra lutra) laginketak egiten jarraitzea.

3.5. Muturluze piriniotarraren (Galemys pyrenaicus) presentzia eta ugaritasuna erreketan ezartzeko zentsu bat egitea.

3.6. Burtainaren (Cottus aturi) presentzia eta ugaritasuna ezartzeko zentsu bat egitea.

3.7. Uhandre piriniotarraren (Euproctus asper) presentzia eta ugaritasuna zehazteko prospekzioak egitea.

3.8. Quimper barraskiloaren (Elona quimperiana) presentzia eta ugaritasuna ezartzeko prospekzioak egitea.

3.9. Martin arrantzaleen (Alcedo atthis) eta ur-zozoen (Cinclus cinclus) zentsua prestatzea.

3.10. Nafarroako Gobernuak urtean behin eremu horretan ugatzari egiten dion jarraipen-lanarekin jarraitzea.

3.11. Sai arrearen (Gyps fulvus), sai zuriaren (Neophron percnopterus), arrano beltzaren (Aquila chrysaetos) eta belatz handiaren (Falco peregrinus) monitorizazioari jarraipena ematea, Nafarroako Gobernuak ezarritako protokoloarekin eta maiztasunarekin bat.

3.12. Hontz handiaren (Bubo bubo) zentsua egitea.

3.13. Ugatzarentzako elikadura osagarriko gune bat instalatzea eta hornitzea.

3.14. Gorramendiko hegaztientzako bazkalekuaren mantentze-lana.

4. Florari lotutako neurriak:

4.1. Eremuko harkaitzetako eta hartxingadietako espezie nagusien diagnostikoa egitea, hauena bereziki: Asplenium septentrionale, Hupercia selago eta Petrocoptis pirenaica.

4.2. Flora mehatxatuaren espezieen populazioen aldizkako monitorizazioa, barnean sartuta horien eboluzio demografikoaren eta haien habitatak ukitzen dituzten kalteen azterketa.

4.3. Hymenophyllum tunbrigense-aren kontserbazio-egoerari buruzko diagnostikoa egitea.

5. Erabilera publikoari lotutako neurriak:

5.1. Lekuaren erabilera publikorako plan bat prestatzea.

VIII.–Kudeaketa planaren finantzaketa.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak honako hauek hartuko ditu bere gain:

–Guneko kontserbazio-egoera ona bermatzen duten mantentze eta lehengoratze proiektuak gauzatzeko behar diren diru-zenbatekoak.

–Ekipamenduak eta kudeaketarako egitura mantentzeko behar diren zenbatekoak.

–Erabilera eta jardueren murrizketek behar dituzten ordainak eta ingurumenaren arloko borondatezko kontratuak ordaintzeko behar diren kontu-sailak.

–Plana gauzatzeko eta haren helburuak lortzeko behar diren bestelako kontu-sailak.

Hori guztia ordainduko da horretarako kreditu egokia baldin badago. Beraz, behar diren konpromisoak hartuko dira unean-unean aurrekontuan dagoen diruaren arabera.

Nafarroako Gobernuko departamentuek beren politika sektorialak ingurumenean integratzeko sustatzen dituzten jarduketek, baita toki entitateek sustatzen dituzten ekintzek eta ekarpen pribatuekin edo Europar Batasunaren ekarpenekin egiten direnek ere, laguntzen ahal dute plan hau garatzen.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak oso-osorik finantzatzen ahalko ditu partikularrek edo tokiko entitateek beren herrilurren ondarea administratzeko sustatzen dituzten jarduketak, baldin eta horien helburua plan hau garatzea bada, irabazi asmorik gabe, eta KBEaren kontserbazio-egoera ona mantentzen laguntzen badute. Inguruko herriguneen garapen sozioekonomikoa sustatzeko asmoz, departamentu honen menpeko beste edozein laguntzatan, ahal denean, lehentasuna emanen zaie Kontserbazio Bereziko Eremu honen barnean proposatzen diren jarduketei, guneen kontserbazioarekin bateragarriak badira. Gainera, laguntzaren portzentajea handiagoa izanen da, eremu horretatik kanpo edo beste edozein naturgunetatik kanpo proposatzen diren beste jarduketa batzuekin alderatuta. Halaber, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua aurrekontuetatik kanpoko funtsak aplikatzen saiatuko da, haien helburua plan honetan aurreikusitako ekintzetako baten bat garatzea bada.

IX–Mugak.

Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/96 Foru Legearen 28. artikuluan xedatu bezala ordainduko dira erabilerak eta jarduerak murriztearen ondoriozko ordainak. Hala ere, bestelako ordainak ere hitzartzen ahalko dira, hala nola laguntzak, diru-laguntzak, zerbitzuak edo bestelako sustapenak.

X.–Jarraipen programa.

Jarraipena egiteko programa ezartzen da, plana ongi gauzatzen dela eta haren helburuak lortzen direla bermatzeko. Programa horrek helburu bakoitzerako objektiboki egiaztatzen ahal den adierazle bat izanen du, gutxienez.

Programa horren emaitzen eta, oro har, planaren gauzatze-mailaren berri emanen zaio urtero Zuzendaritza Batzordeari.

Lortutako emaitzen arabera, espero ziren emaitzen aldean desbiderapena gertatu dela edo aurreikusten zen epean lortu ezin direla ikusten denean, kudeaketaren eragingarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko behar diren neurri guztiak hartzen ahalko dira planaren barnean.

FUNTSEZKO ELEMENTUA

AZKEN HELBURUA

HELBURU OPERATIBOA

JARRAIPENERAKO ADIERAZLEA

HASIERAKO BALIOA

ARRAKASTA IRIZPIDEA

1. Sastrakadiak eta larre azidoak.

1.1. Larre eta sasidien habitaten kontserbazio-egoera ona bermatzea

Kontserbazio-egoera onean dauden larre eta sastrakadien azalera

1.1.1. Larren/sastrakadien mosaikoaren gaur egungo azalera mantentzea

Larreen eta sastrakadien azalera

Abeltzaintzari laguntzeko jarduketak

Zenbait jarduera egin dira abeltzaintzari laguntzeko

Abeltzaintzari laguntzeko jarduerak indartu dira

1.1.2. Eremu higroturbosoen kontserbazioa bermatzea

Eremu higroturbosoen kopurua

Ezezaguna

Lekuko eremu higroturbosoen %100 ezagutzen dira

Ukipen kopurua

Ezezaguna

0

2. Pagadiak eta harizti azidofiloak

2.1. Basoen habitatak kontserbazio-egoera onean egotea

Kontserbazio-egoera onean dagoen baso autoktonoaren azalera

Gaur egungo azalera mantendu edo handitu da

2.1.1. Gaur egungo pagadi eta harizti autoktonoen masen azalera mantentzea

Pagadien, hariztien eta gaztainondo zaharren azalera

Pagadien azalera: Hariztien azalera: Gaztainondoen azalera:

Gaur egungo azalera mantendu edo handitu da

2.1.2. Interes ekologikoko zuhaiztien kontserbazioa bermatzea eta lotutako fauna baliotsua ezagutzea

Inbentarioan sartutako interes ekologikoko zuhaiztien unada kopurua

0

Interes ekologikoko zuhaiztien unaden %100 hautemanak

Zuhaitz bilepatuak

0

100

Ornogabe saproxilikoen laginketak

Ornogabe saproxilikoen laginketak egin gabe

Ornogabe saproxilikoen laginketak eginak

3. Errekak eta haltzadiak

3.1. Haltzadien kontserbazio-egoera ona lortzea

Kontserbazio-egoera onean dauden haltzadien (ibai ertzetakoak eta mendi-hegaletakoak) azalera

Haltzadien azalera ezezaguna, 1:10.000 eskalan

Kontserbazio-egoera onean dauden haltzadien azalera mantentzea

3.1.1. Gaur egungo haltzadien azalera ezagutzea eta kontserbatzea

Haltzadien azalera

Haltzadien azalera ezezaguna, 1:10.000 eskalan

Haltzadien azalera ezaguna, 1:10.000 eskalan

Ukipen kopurua

Ezezaguna

0

3.1.2. Haltzadien osasun egoera ezagutzea

Haltzadien osasun azterketa

Azterlana egin gabe

Azterlana egina

3.1.3. Flora espezie aloktonoak gutxitzea

Espezie aloktono inbaditzaileen unada kopurua

zenbait

Espezie aloktono inbaditzaileen unada kop.=0

3.2. Erreken egoera ekologiko ona bermatzea

Ukipen kopurua

Ezezaguna

0

Espezie bereizgarrien kontserbazio-egoera

Ezezaguna

Ona

3.2.1. Erreken ingurumen kalitatea hobetzea

Ukipen kopurua

Ezezaguna

0

3.2.2. Errekei lotutako intereseko faunaren espezie batzuk hobeki ezagutzea

Igarabaren laginketa

Laginketa bat, 5 urtean behin

Laginketa bat, 5 urtean behin

Bisoi europarraren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat, 5 urtean behin

Muturluzearen laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat, 5 urtean behin

Martin arrantzalearen eta ur-zozoaren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat, 5 urtean behin

Cottus aturi-aren laginketak

Laginketa egin gabe

Laginketa bat, 3 urtean behin

Elona quimperianaren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat, 5 urtean behin

Uhandre piriniotarraren laginketa

Laginketa egin gabe

Laginketa bat, 5 urtean behin

4. Harkaiztiak eta hartxingadiak

4.1. Harkaiztiei eta hartxingadiei lotutako habitaten eta espezieen kontserbazioa segurtatzea

Kontserbazio-egoera onean dauden habitaten azalera

4.1.1. Harkaiztiei eta hartxingadiei lotutako habitaten eta espezieen gaineko ukipenak saihestea

Habitat horietan atzemandako ukipen kopurua

Ezezaguna

0

Harkaiztien eta hartxingadien azalera

4.1.2. Harkaiztiei lotutako harrapari errupikolen populazioaren bilakaera ezagutzea.

Harrapari errupikolen populazioen jarraipena

Arrano beltzaren, sai zuriaren eta belatz handiaren jarraipen bat 10 urtean behin; sai arrearen jarraipen bat 5 urtean behin; hontz handiaren 0 zentsu hamar urtean behin

Arrano beltzaren, sai zuriaren eta belatz handiaren jarraipen bat 10 urtean behin; sai arrearen jarraipen bat 5 urtean behin; hontz handiaren zentsu bat 10 urtean behin

4.1.3. Harkaiztien eta hartxindagien ezaugarri diren landare komunitateak eta floraren espezieak ezagutzea

Harkaiztietako eta hartxingadietako landare-komunitateen inbentarioak

0

Harkaiztietako landare-komunitateen inbentario bat; hartxingadietako landare-komunitateen inbentario bat

5. Flora mehatxatua

5.1. Flora mehatxatuaren espezie guztien populazio guztien bideragarritasuna mantentzea

Kontserbatutako populazio ezagunen kopurua

Soldandella villosa (21), Lycopodiella inundata (3), Woodwardia radicans (1), Trichomanes speciosum (3), Stegnogramma pozoi (2), Cystopteris diaphana (4), Hymenophyllum tunbrigense (5), Pinguicula lusitanica (1), Prunus lusitanica (1)

Ezagutzen diren populazioen %100 kontserbatu dira eta bideragarriak dira

5.1.1. Flora mehatxatuaren espezieen populazioaren kontserbazioa bermatzea

Monitorizatutako mehatxupeko florako populazioen kop

0

Mehatxupeko florako 16 populazio monitorizatuak

Hymenophylum-aren kontserbazio-egoeraren diagnostikoa

Ezezaguna

Diagnostiko ezaguna

Ukipen kopurua

Egun daudenak

0

6. Ugatza

6.1. Ugatzaren ugalketaren arrakasta berreskuratzea

Ugalketarako lurralde kop.

0

Ugalketarako lurralde 1 finkatua

6.1.1. Ugatzarentzat beharrezkoa den eskaintza trofikoa mantentzea

Elikatzeko gune egokiak

Hegaztientzako bazkaleku 1, baldintza txarretan

Hegaztientzako bazkaleku 1 baldintza onetan eta elikadura osagarriko gune bat ezarria

6.1.2. Gizakiaren eraginez ugalketa eremuetan izandako kalteak murriztea

Kalteak habietan

Egun daudenak

0

A. Erabilera publikoa

A.1 Tokiko balio naturalen kontserbazioarekin bateragarria den erabilera publikoaren eredu bat zehaztea eta finkatzea

Erabilera publikoaren ondorioz Lekuko osagai funtsezkoei eragindako kalte kop.

Egun daudenak

Kalte kop.= 0

A.1.1 Tokiaren erabilera publikoko jarduerak eta azpiegiturak antolatzea eta arautzea

Erabilera publikorako plana

0

Bada erabilera publikorako plan bat

A.1.2 Erabilera publikoko jarduerek natur balioetan sortzen dituzten zuzeneko inpaktuak prebenitzea eta, hala bada, zuzentzea

“Harkaiztiak eta Hartxingadiak” funtsezko osagaiaren xede operatiboari eta “Ugatza” funtsezko osagaiaren 6.1.2 xede operatiboari dagozkien adierazleak aplikatuko dira

XI.–Mugaketa-mapa eta barnean dauden entitateak.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa