(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

306/2014 Foru Agindua, maiatzaren 13koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, Ekintza Boluntarioko Entitateen Errolda arautzen duena

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2014ko 135. NAOn argitaratua, uztailaren 11n. Akats zuzenketa, 2014-09-08koa)

Zioen Azalpena

Martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearen bidez, Nafarroako Foru Komunitateko boluntarioen lana arautu zen, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44. artikuluko 17., 14. eta 18. zenbakiek Nafarroari erabateko eskumena esleitu baitzioten gizarte laguntzaren, aisialdiaren erabilera egokiaren, komunitatearen garapenaren eta hirugarren adinekoen politikaren arloetan.

Herritarrak gero eta sentsibilizatuago daude gizartearen gaur egungo arazoekin, eta horren ondorioz, aipatu arazoek eragindako ondorio negatiboak arintzeko lan boluntarioa areagotu da. Boluntarioek beren ohiturak eta, bereziki, beren aisialdia aldatu dituzte: haien eguneroko jarduerei ekinbide sozialean parte hartzea gehitu diote, eta horren ondorioz, gizartearen erantzukizuna eta gizarte konpromisoa nabarmen areagotu dira.

Parte-hartze hori handitzearen ondorioz, boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dituzten entitateak areagotu dira. Entitate horiek 2/1998 Foru Legearen 5.2 artikuluan zerrendatutako arloetan gauzatzen dituzte beren jarduerak. Erakundeak boluntariotza entitate gisa egituratzeak berarekin dakar, batetik, martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legean jasotako baldintzak bete behar izatea, eta bestetik, Nafarroako Gobernuak konpromisoa hartzea boluntarioekin eta ekintza boluntarioko entitateekin.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko boluntariotzaren errealitatea zehazteko, beharrezkoa da beren jarduerak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean gauzatzen dituzten entitateak eta egoitza soziala edo delegazioa ere bertan duten ekintza boluntarioko entitateak ezagutzea.

Nafarroako Gobernuak administrazioa sinplifikatzeko zenbait prozesu abiarazi ditu, besteak beste, pertsonentzat, fisikoak nahiz juridikoak izan, karga handiagoa duten ekintzetarako, eta horretarako, ekintza horiek administrazio prozeduretatik kenduko dira.

Aurreko bi paragrafoetan jasotako helburu bikoitza betetzeko asmoz, Nafarroako Gobernuak Ekintza Boluntarioko Entitateen Errolda sortu du, non ahal den gehiena sinplifikatu den inskribatzeko prozedura, honela: eskabide orokor bat eta erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko dira, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 12ko 2006/123/EE Zuzentarauarekin eta Zerbitzu Jardueretarako Sarbide Libreari eta Haietan eari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearekin bat.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Politiketako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 25eko 73/2012 Foru Dekretuak emandako eskudantziak erabiliz,

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru agindu honen xedea da Boluntariotza Entitateen eta Boluntariotza Programak dituzten Entitateen Errolda arautzea (hemendik aurrera, “Errolda”).

2. Errolda hori boluntariotza entitateak eta boluntariotza programak dituztenak ezagutzeko, arautzeko eta ezagutzera emateko oinarrizko tresna izanen da.

2. artikulua. Inskribatzen ahal diren entitateak.

1. Honako hauek inskribatzen ahalko dira Boluntariotza Entitateen eta Boluntariotza Programak dituzten Entitateen Erroldan:

a) Boluntariotza entitateak, publikoak nahiz pribatuak, beren jarduerak Nafarroako Foru Komunitatean gauzatzen dituztenak.

b) Boluntariotza programa jarraiak eta egonkorrak dituzten entitateak.

2. Inskribatzen diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legez eratutako entitateak izanen dira, beren izaera juridikoaren araberakoak, eta dagokien administrazio erregistroan inskribatuta egon beharko dute.

b) Irabazi-asmorik gabeko entitate gisa eratuta egotea legez.

c) Sozietatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitatean izatea.

d) Parte-hartze aktibo, aske, solidario, altruista eta arduratsua sustatzea herritarren artean, behar sozialen konponketari dagokionez, eta horretarako, ekintza boluntarioak abiaraztea.

e) Ezaugarri horietako programa edo jarduera jarraiak antolatzea Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

f) Boluntarioen alten eta bajak jasotzeko liburu eguneratua izatea, horretarako egokitutako formatu berezian, euskarri informatikoan, eta entitateen eskura egonen da Navarra.es web-orriko zerbitzuen katalogoan.

g) Konpromisorako hitzarmen bat finkatzea, non boluntarioen eta haien jarduera garatzeko erakundearen arteko loturaren terminoak eta mugak jasoko diren.

h) Aseguru-poliza indarduna izatea, boluntarioek boluntario lanetan aritzen diren bitartean izaten ahal dituzten istripu arriskuei aurre egiteko, eta beren jardueraren ondorioz eragin ditzaketen kalte-galerengatik hirugarrenen aurrean erantzukizuna hartzeko.

i) Urtero oroitidazki justifikatu bat prestatzea boluntarioek gauzatutako jarduerari buruz.

j) Boluntarioak prestatzea esleitzen zaizkien eginkizunen arloan, gauzatzen duten ekintza boluntarioa etengabe hobetze aldera.

3. artikulua. Erroldaren ondorioak.

1. Inskripzioak eta inskripzio hori deuseztatzeak bata edo bestea ebazten duen ebazpena ematen den egunetik izanen ditu ondorioak.

2. Inskripzioak ez du izanen inolako ondoriorik entitatea eratzeari edo baimentzeari dagokienez. Erroldako inskripzioak eta idazpenak interesdunei ematen dieten eskubide bakarra da inskribatzeko eman behar diren ekintzak eta datuak garbi islatuta geratzekoa.

II. KAPITULUA. Erroldaren antolaketa

4. artikulua. Erroldaren kudeaketa.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetza Nagusia arduratuko da Erroldaren kudeaketaz.

5. artikulua. Erroldaren egitura.

Erroldak bi atal izanen ditu:

1. Boluntariotza Entitateen Erroldako Atala. Atal horretan inskribatuko dira ekintza boluntarioak soilik gauzatzen dituzten entitateak, eta horiei buruz oinarrizkotzat jotzen diren datu hauek bilduko dira:

a) Idazkunaren data.

b) Idazkunaren zenbakia.

c) Entitatearen izena.

d) Entitate titularraren eta haren izaera juridikoaren identifikazioa.

e) Zer zerbitzu arlotan gauzatzen duen bere jarduera, Nafarroako Boluntariotzari buruzko 2/1998 Foru Legearen 5.2 artikuluak ezarritakoaren arabera.

f) Entitatearen boluntario kopurua, sexuen arabera.

g) Boluntariotza programak.

h) Aseguru-polizaren erabilgarritasuna, Nafarroako Boluntariotzari buruzko 2/1998 Foru Legearen 11.2 artikuluaren arabera.

2. Boluntariotza Programak dituzten Entitateen Erroldako Atala. Artikulu honen 1. atalean eskatutako datuez gain, jarraian adierazten direnak ere oinarrizkotzat joko dira:

a) Entitatearen programa berariazkoak, boluntarioen parte-hartzea dutenak.

b) Programei esleitutako boluntario kopurua.

6. artikulua. Idazkun motak.

Erroldako ataletan idazkun mota hauek egiten ahalko dira:

a) Inskripzioak: entitate bat erroldan sartzea dakarten idazpenak dira, dagokien zenbakia emanda.

b) Oharrak: egindako inskripzioak ukitzen dituzten geroko egintzak agerrarazten dituzte, bata bestearen atzetik, zenbakia sortu gabe.

c) Deuseztapenak: entitate baten inskripzioa indarrik gabe uzten duten idazpenak dira, dagokien zenbakia galtzea ekartzen dutenak.

7. artikulua. Zenbakia eta fitxa.

1. Inskribatzen den entitate bakoitzerako fitxa bakarra eginen da, eta denboran zehar egiten diren erregistroko oharrak agertuko ditu.

2. Inskripzio bat deuseztatzen denean, haren zenbakia ez zaio emanen entitate berri bati. Kasu horretan, jarduketak artxibatuko dira eta inskripzio berriari dagokion zenbaki korrelatiboa emanen zaio.

III. KAPITULUA. Erroldan inskribatzeko prozedura

8. artikulua. Inskribatzeko eskaera.

1. Entitate batek Nafarroako Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan izena emateko, interesdunak aldez aurretik eskaera egin beharko du.

2. Inskribatzeko eskaera Gizarte Politiketako Departamentuko Erregistroan aurkeztuko da, edo bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan. Horretarako, entitatearen ordezkariak izenpetutako eskabide orokorra aurkeztuko da eta foru agindu honen I. eranskineko erantzukizuneko aitorpena erantsiko zaio.

3. Eskaerak ez baditu aipatu baldintzak betetzen, entitate interesdunari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzendu edo agindutako agiriak aurkezteko eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera geldituko dela, ebazpena eman ondoren.

4. Gizarte Politiketako Departamentuak eskatzen ahalko du erantzukizuneko aitorpenean emandako informazioa egiaztatzeko, eta horretarako, horren egiazkotasuna frogatzen duen dokumentazioa eskatzen ahalko du.

9. artikulua. Inskripzioari buruzko ebazpena.

1. Aurkeztutako agiriak ikusirik, arlo horretan eskumena duen zuzendari nagusiak inskripzioaren gaineko ebazpena emanen du, eta entitate eskatzaileari dagokion zenbakia esleitu eta inskripzioa jakinaraziko dio.

2. Entitate eskatzaileak foru agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, inskripzioa ebazpen arrazoitu bidez ukatu eta halaxe jakinaraziko zaio.

3. Izen-ematearen ebazpena erroldan jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, inskripziorako eskaera baietsitzat joko da.

10. artikulua. Datu aldaketak komunikatzea eta eguneratzea.

1. Inskribatutako entitateek urtero komunikatu beharko dizkiote Erroldaren kudeaketaz arduratzen den organoari haien oinarrizko datuetan izandako edozein aldaketa.

2. Aurreko atalean ezarritakoa ezertan galarazi gabe, Erroldari emandako datuak urtero eguneratu beharko dira. Horretarako, urtarrilean, Erroldaren organo kudeatzaileak eguneratzeko eskaera igorriko die bertan inskribatutako entitateei. Urteko martxoaren 1a baino lehen, entitateek itzuli beharko dute dokumentu hori, sinatuta, urteko urtarrilaren 1ean izan daitezkeen datu aldaketak adierazita.

3. Inskribatu diren datuen aldaketei eta eguneratzeari buruzko oharrak ofizioz eginen dira, 1. eta 2. ataletan ezartzen diren idazkiak jaso ondoren.

11. artikulua. Inskripzioak aldi baterako etetea eta deuseztatzea.

1. Inskripzioa aldi baterako etetea ofizioz eginen da 1. ataleko 10. artikuluan ezarritako betebeharra bete ezean.

2. Inskripzioa entitateak eskatuta edo ofizioz deuseztatuko da foru agindu honetan Erroldan sartu ahal izateko betebeharrak bete ezean.

3. Inskripzioa deuseztatzen duen ebazpena Erroldan inskribatzeko eskumena duen organoak emanen du, entitateari entzutea eman ondoren, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

IV. KAPITULUA. Informazioa eskuratzea

12. artikulua. Erroldako datuak eskuratzea eta horien publikotasuna.

1. Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan sartzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoa beteko da.

2. Boluntariotza Entitateen eta Boluntariotza Programak dituzten Entitateen Erroldan inskribatuta ageri diren datuak publikoak izanen dira. Publikotasun hori gauzatzeko, edukien ziurtagiriak edo baliabide informatikoak edo telematikoak erabiliko dira, datu pertsonalak babesteko arloan indarra duen araudian ezarritako betebeharrei doituta.

3. Aurreko atalean ezarritakotik kanpo geratuko dira pertsonen intimitateari eragiten dioten datuak eta datu pertsonalak arautzeko legeriak berariaz babesten dituenak.

Azken Xedapenetan Lehena. Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

ERANTZUKIZUNEKO AITORPENAREN EREDUA

Izen-deiturak: ..............................., adinez nagusia, bizitokia: ................................... kalea, ...... zenbakia; NANa edo AIZ: ......................, bere izenean edo ............. entitatea ordezkatuz ( identifikazio fiskaleko zenbakia: ...............), ................................ gisa, eta Nafarroako Foru Komunitatean Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribatzeko ondorioetarako.

ADIERAZTEN DUT:

–Ordezkatzen dudan entitatea legez eratuta dagoela, beren izaera juridikoaren arabera, eta dagokion administrazio erregistroan inskribatuta dagoela.

–Ordezkatzen dudan entitateak sozietatearen helbidea edo haren ordezkaritza iraunkorraren helbidea Nafarroako Foru Komunitatean duela.

–Ordezkatzen dudan entitatea irabazi-asmorik gabea dela.

–Ordezkatzen dudan entitateak betetzen dituela Ekintza Boluntarioko Entitateen Errolda arautzeko Gizarte Politiketako kontseilariak maiatzaren 13an eman 306/2014 Foru Aginduan eskatutako baldintzak, eta, Nafarroako Bolondres Lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legearekin bat, bide ematen diela herritarrei aktiboki, libre, elkartasunez eta arduraz parte hartzeko behar sozialen konponbidean, jarduera boluntarioen bidez.

–Ordezkatzen dudan entitateak ezaugarri horietako programa edo jarduera etengabeak antolatzen dituela Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan.

–Ordezkatzen dudan entitateak boluntarioen altak eta bajak jasotzen dituen liburu eguneratua duela, eta, aitorpen honen egunerako, ............ boluntario daudela (....... emakume eta ....... gizon).

–Ordezkatzen dudan entitateak konpromisorako hitzarmen bat duela, non boluntarioen eta haien jarduera garatzeko erakundearen arteko loturaren terminoak eta mugak jasoko baitira.

–Ordezkatzen dudan entitateak aseguru-poliza indarduna duela, boluntarioek boluntario lanetan aritzen diren bitartean izaten ahal dituzten istripu arriskuei aurre egiteko, eta beren jardueraren ondorioz eragin ditzaketen kalte-galerengatik hirugarrenen aurrean erantzuteko.

–Ordezkatzen dudan entitateak urtero oroitidazki justifikatu bat prestatzen duela boluntarioek gauzatutako jarduerari buruz.

–Ordezkatzen dudan entitateak boluntarioak prestatzen dituela esleitzen zaizkien eginkizunen arloan, gauzatzen duten ekintza boluntarioa etengabe hobetze aldera.

Eta horrela ager dadin eta behar diren ondorioak sor ditzan Nafarroako Foru Komunitateko Ekintza Boluntarioko Entitateen Erroldan inskribatzeko, honako hau sinatzen da, 2014ko ............(a)ren .......(e)an.

Stua.: .........................................

Gizarte Politiketako Departamentuak eskatzen ahalko du erantzukizuneko aitorpenean emandako informazioa egiaztatzeko, eta horretarako, horren egiazkotasuna frogatzen duen dokumentazioa eskatzen ahalko du.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa