(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Fran├žais | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Google
  • Facebook

5/2001 Foru Legea, martxoaren 9koa, Garapenaren aldeko lankidetzari buruzkoa

 

(Testu bateratua. Jatorrizkoa 2001eko 34. NAOn argitaratua, martxoaren 16an. Aldaketak: 4/2010 Foru Legea, apirilaren 6koa)

Zioen Azalpena

Txirotasuna, demografia eta migrazio arloetako presioak, ingurumenaren hondatzea, etnien artean ugaltzen doazen gatazkak, izurriteen hedapena, arma nuklearrak ugaltzea, baita nazioetako mugak gainditzen dituzten bestelako arazoak ere, mundu mailan globalizatzen ari dira, gero eta gehiago; globalizazio prozesu horrek nazioarteko erkidegoaren kide guztien arteko lankidetza eskatzen du, lortu ahal izateko irtenbide eraginkorrak eta guztiontzat zuzenak. Bestalde, herrialde industrializatuenen arteko aldeak, garapen ekonomiko eta sozialen mailan, handitu egin dira azken urte hauetan, kasu gehienetan. Azpigarapenaren kontrako lanean bide eta modu eraginkor bati heltzea arazo larri honi aurre egiteko konponbideen saioak askotan mugatzen eta baldintzatzen dituzten elkarloturak onartzea da. Azpigarapena desegiteak gaur egun dakar pentsatzea haren ondorioak hondamendizkoak izan ahal direla gizateriarentzat.

Gertaera horiei erantzun beharrez, Nazioarteak aspaldi baditu abiaturik garapenaren aldeko nazioarteko lankidetza bultzatzeko politikak eta planak, bi osagairen inguruan eratuak: batetik, herri horiei finantza baliabideak helaraztea, garapenerako laguntza ofizial gisa Nazio Produktu Gordinaren ehuneko 0,7ko kuota emanez, desiratzekoa den kuota, alegia; eta bestetik, giza garapena bultzatzea (pertsonek gizarte jakin batean dituzten aukera eta paradak berretzeko prozesua: bizialdi luze osasuntsua izatea, norbere burua ezagupenez janztea, bizi maila itxurazkoa izateko baliabideak erdiestea, libertate politiko, ekonomiko eta sozialak bere esku izatea, sortzaile eta emankor izateko aukera izatea, norbere buruaren errespetua eta giza eskubide bermatuak izatekoa). Horrekin guztiarekin, eurt eragin nahi zaio pobreak bazterreratzeko joerari, eta giza garapeneko helburu errealisten bidean aurrera egin, besteak beste honelako programak abiatuz: elikagaiak bermatzeko programak, oinarrizko hezkuntza, osasun edo etxebizitza zerbitzuak erdiestekoak eta kreditua edo teknologia bezalako produkzio baliabideak lortzekoak, instituzioak sendotzeko eta parte-hartze politikorako programak, gizon- emakumeen arteko berdintasuna iristeko programak edo ingurugiroa lehengoratzeko programak.

Ildo horretatik, Europako Batasuna Eratzeko Itunaren XVII. tituluak (Garapenaren aldeko Lankidetza), helburutzat finkatzen du garapen bideko herrialdeen garapen ekonomiko eta sozial iraunkorra, bereziki behartsuenena; munduko ekonomian pixkanaka eta orekatuki integratzea: herri horietan pobreziari borroka egitea; eta demokrazia sendotzea. Bestalde, Nazioarteko Lankidetzari buruzko uztailaren 7ko 23/1998 Legearen Zioen Azalpenak adierazten duen bezala, "Garapenaren aldeko lankidetza gaietan Espainiak duen politikak 1978ko Konstituzioaren hitzaurreko deklarazioa du oinarri, zeinean Espainiako nazioak aditzera ematen baitu asmoa duela Lurreko herri guztien arteko harreman bakezkoak eta lankidetzazkoak sendotzen laguntzeko. Politika hori, hain zuzen, funtsezko osagaia da estatu demokratikoek garapen maila berera iritsi gabeko herriekiko izaten duten kanpo ekintzan, zeinak nazioarteko gizartearen eta bertan gertatzen diren harremanen ikuskera elkarkoi eta solidario batean oin hartzen baitu."

Espainiako lankidetzari dagokionez, guztiz aipagarria da zein bilakaera azkarra izan duen lankidetza deszentralizatua deritzanak, bai autonomia erkidegoak eta toki entitateak bai gizarte zibila bertan inplikatu direlako, gizartean ere nazioarteko lankidetzaren eta elkartasunaren aldeko sentimenduak gero eta hedatzenago baitira. Gauzak horrela, Nafarroako lankidetzak toki gailena hartu du: 1998an garapen deszentralizatu guztiaren ehuneko 11 Nafarroatik heldu zen eta Nafarroa autonomia erkidegoen buru zen per capitako garapenaren aldeko laguntza ofizialean. Nafarroak bere lankidetzaren aldeko programaren bitartez nazioartean lortu duen presentzia ukaezina da, eta halaxe ageri da Nafarroako Gobernuak programa hori abiatu zenetik finantzatu dituen mila inguru proiektuetan: Afrikako 35 herrialdetan, Hego Amerikako 20tan, Europako 7tan eta Asiako 7tan.

Lankidetza deszentralizatua delakoak, halakoa baita Nafarroatik hotsemandakoa, bost osagai bereizgarri ditu estatuen lankidetza sistema alde biko eta alde anitzekoen aldean: garapenaren aldeko aktore eta eragile guztien parte hartze aktiboa, gizarte politika horien hartzaileak berak aurrena direla; aktore desberdinen arteko abenikoa eta osagarritasuna bilatu nahia; kudeaketa deszentralizatua, subsidiariotasunaren printzipioan oinarritua; Prozesu gisako hurbilbidea nahiago izatea ohiko proiektu gisakoa baino; eta gaitasun sendotzeari eta instituzio garatzeari lehentasuna ematea. Osagai horiek guztiek hartu dute nolabaiteko lekua Nafarroako lankidetzan, zeinaren ibilera instituzionala laurogeiko hamarkadako erdi aldera hasi baitzen, orduan abiatu zirelarik Nafarroako diru publikoaz finantzatutako lehenbiziko proiektuak garapenaren alde.

Garapenaren aldeko lankidetzaz denaz bezainbatean, beharrezkoa da proposamen berriak luzatzea merkataritza, ekonomia, finantza-merkatuen araupetze eta politika sozialen eta aberastasuna birbanatzekoen abiarazteari dagokienez, garabideko herrialdeetan taxutzen ari diren gizarteetako hazkuntza-prozesuari begira.

Halaber, euren garapenean bertan protagonismoa duten populazioek parte har dezaten eta horiek programei atxiki dakizkien lortzea lehentasunezkoa izanen da, eta helburu eraldatzaileak ezarriko dira, laguntzaren xede diren herrialdeetan demokrazia gehiago indartzeko eta garapen instituzionala bizkortzeko.

Uztailaren 7ko 23/1998 Legeak, Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzari buruzkoak, oinarri komun batzuk finkaturik ere, autonomia erkidegoak eta toki entitateak ezartzen ditu lankidetza lanaren hasburutzat, aurrekontu autonomia eta garapen-burutzapenetako erantzukizunaren printzipioak gidari. Halaber, hainbat alderdi arautzen ditu, hala nola garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeen araubide fiskala edo boluntarioen lana, gai horietako eskumenak bere baititu Nafarroako Foru Komunitateak.

Gaur egun, Nafarroako lankidetzari buruzko arau eta erregelamenduak barreiaturik daude hainbat lege testutan, hala nola Dirulaguntzei buruzko Foru Legea, Boluntarioen lanari buruzko Foru Legea, Fundazioen tributu araubideari buruzko Foru Legea, Garapenaren aldeko Gobernuz kanpoko erakundeen tributu araubidea arautzen duen Foru Legea, 95/1992 Foru Dekretua, zer dirulaguntza-araubide izanen den garapenaren aldeko lankidetza gaietan ezartzen duena, edo 222/1996 Foru Dekretua, zeinak Nafarroako Garapenaren aldeko Kontseilua sortzen baitu.

Hori guztia gogoan, bada, beharrezkoa da arau bakarra izatea lankidetzaren printzipio, eragile eta baliabideen osotasunari egitura eta batasuna emateko, eta horixe da foru lege honen helburu oinarrizkoa.

Foru lege honen lehenbiziko kapituluan, legearen printzipioak, helburuak eta aplikazio eremua ageri dira, zeinek Nafarroaren lankidetza arestian aipatu lankidetza deszentralizatuaren ereduan sailkatzen duen. Aipagarriak dira parte-hartze sozialaren printzipioa, bai Nafarroan eta bai lankidetzaren helburu diren herri eta eskualdeetan; herriek beren garapena finkatzeko duten eskubidea errespetatzeko printzipioa eta Nafarroak herri horiekin dituen politika eta ekintza guztiekin koherentzia gorde beharraren printzipioa; helburu nagusia pobreziari, gertaera multidimentsionala den partez, aurre egitea da, giza garapen jasangarria bultzatzeko joeraren barrenean. Xedapen orokor horien osagarri, II. kapituluaren edukia heldu da, lehentasun geografiko eta sektorialen gainekoa, zeinaren ezaugarri nagusia baita plangintza estrategiko baten oinarriak ezartzea. Plangintza hori, ondoren. V. kapituluko artikuluetan ezartzen diren plan eta programen bidez gauzatuko da.

Ondoren, III. kapituluak instituzioen gaiari ekin eta finkatzen du zer eginkizun dituzten gai honetan Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta toki entitateek, eta bai Nafarroako Garapenaren aldeko Kontseiluak ere, zeina baita gai honetarako Nafarroako Gobernuak duen kontsulta- aholku organoa eta zeinaren bidez gauzatuko baita parte hartze sozialaren printzipioa.

IV. kapituluak ekintza eremuak finkatzen ditu (garapenaren aldeko lankidetza programa eta proiektuak adiera hertsian, larrialdietako laguntza humanitarioa eta Nafarroako gizartea gai honi buruz sentikortzeko eta eskolatzeko kanpainak). Administrazio publikoek ekintza horiek gauzatzeko zer baliabide izanen dituzten finkatzen du. Halaber, kapitulu honetan aipagarriak dira efizientzia, kontrol eta plangintza printzipioak.

Gobernuz kanpoko lankidetzaren eremuan jarduteko baldintzak, Nafarroako lankidetzaren ardatza baita, V. kapituluak arautzen ditu. Kapitulu honetan lankidetza- eragileak zein diren ezartzen da, GKEen erregistroa sortzen da -horren bidez eskuratu ahal izanen dituzte funts publikoak-, eta horien araubide fiskala ezartzen da, fundazioenarekin parekatzen baita. Kapitulu honek, gainera, hainbat baldintza baditu: GGKEez eta administrazio publikoez beste eragile sozialak garapenaren aldeko lankidetza ekintzetan inplikatzeko bermeak.

VI. kapituluak eta xedapen gehigarriak Nafarroako lankidetzarako giza baliabideen inguruko arauak finkatzen dituzte. Bereizi egiten dira administrazio publikoen zerbitzuko langileen egoera administratibo edo laboral desberdinak, batetik, eta beste entitate batzuen giza baliabideak, bestetik. Kasu horretan, langile kontratatuak (23/1998 Legeko 38.2 artikuluak aipatzen duen Kooperanteen Estatutua izanen baitute araubide) eta boluntarioak bereizi behar dira. Azken kasu horretan, eta beren lana zuzenean egiten dutelarik garabideko herrientzako lankidetza proiektuetan, Nafarroatik bidali dituen erakundeak hainbat eskubide bermatu behar dizkie, kapitulu honetako artikuluetan xehetzen direnak. Eta azkenik, foru legearen bukagarri, azken kapitulua heldu da, ekintza sozialaren arlo honi, Garapenaren aldeko Nazioarteko Lankidetzari, aplikatzeko zaizkion arau-hauste eta zehapenak jasotzen baititu.

I. KAPITULUA. Xedapen orokorrak

1. artikulua. Helburua.

Foru lege honen helburua da Nafarroako Foru Komunitateak beste herrialde batzuekin lankidetzan aritzeko erantzukizuna bere gain hartuz burutzen dituen ekintzak arautzea. Lankidetza horren helburua da, herrialde horietako biztanleen bizi-baldintzak hobetzen laguntzea eta pobretasun egoerak samurtu eta zuzentzea, betiere, giza-garapen solidario eta egonkorrari bidea emanez, askatasun kuota handiagoak eta garapen ekonomikoaren emaitzen banaketa bidezkoagoa barneratuz.

2. artikulua. Lankidetzaren helburuak

Foru lege honek araututako lankidetzaren oinarrizko helburua da herrialde pobretuenen garapena laguntzea, eta bereziki:

a) Garapen bideko herrialdeak laguntzea ingurumenarekiko begirunea duen garapen iraunkor eta jasangarria erdiets dezaten, parte hartzekoa eta giza eskubideekiko begirunea gordetzen duen marko demokratiko batean, betiere, ukitutako herrien parte-hartzearekin beren garapen prozesu propioan.

b) Nazioarteko erkidegoko harreman komertzial, politiko eta estrategikoetan oreka handiagoa lortzen laguntzea, nazioarteko justizia eta bakea sustatuz.

c) Herritarren parte-hartzea sustatzea garapenerako lankidetza ekintzetan, garapen bideko herrialdeetako herriekiko konpromiso sozial handiagoaren alde gizartean sortzen diren ekimenak babestuz.

d) Garapen bideko herrialdeen giza-baliabideak sendotzea, haien ekoizpen egiturak eta erakunde publikoak indartzea, eskualdeko integrazio-prozesuak babestea eta beregaina den garapena faboratzea.

e) Garapen bideko herrialdeetan gertatzen diren larrialdi egoerei aurre egiten laguntzea, laguntza humanitarioaren bidez.

3. artikulua. Printzipio gidariak.

Nafarroako Foru Komunitateak bultzatzen duen garapenaren aldeko lankidetzak, historian zehar eta azpiegitura aldetik pobretutako herriengana Nafarroako gizarteak duen elkartasunaren agerkaria baita, honako printzipioak izanen ditu gidari:

a) Herrien subiranotasun osoa errespetatzea.

b) Ekintzak planifikatu eta gauzatzeko, haien eragina hartuko duten herriekin adostutako helburuak begiratuko dira.

c) Lankidetzaren jomuga izanen da pertsona eta familien premia oinarrizkoak asetzea, eta orotara txertatuko da bai ekintza sozialetan, kulturaletan, ekonomikoetan eta teknikoetan, botere publikoek bultzatuak nahiz erakunde pribatuek abiatuak izan.

d) Foru Komunitateko administrazioak bultzatuko du gizarte zibilaren sektore esanguratsuek parte har dezaten garapenaren aldeko lankidetza mamitzen eta gauzatzen.

e) Garapenaren aldeko lankidetzak bultzatu eginen ditu behar diren baldintzak herri guztietan pertsonen arteko berdintasuna benetakoa eta eragingarria izan dadin, eta aldi berean errespetatu eginen ditu herri bakoitzaren ezaugarriak, norbanakoak beren erkidegoan osoki integraturik egon daitezen.

f) Garapenaren aldeko lankidetzak bere gain hartuko du demokraziaren aldeko konpromisoa eta lagun eginen die herri pobretuei erabide politiko parte-hartzaile batean gara daitezen, giza eskubide eta libertate guztien erabilera oinarri.

g) Garapenaren aldeko lankidetza ekintza guztiak ez dira izanen lankidetzaren helburu diren herrien ahaleginen osagarri eta lagunbide besterik, garapen jasangarria eta norberak jasateko modukoa lortzeko.

h) Garapenerako lankidetzaren arloan eskumenak dituzten Nafarroako administrazio publiko guztiak elkarlanean arituko dira, guztiek batera eskura dituzten baliabide publikoak ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.

i) Garapenaren aldeko lankidetzako ekintzak doakotasunaren printzipioak gidatuko ditu, eta hartara, garapenaren aldeko lankidetza ez da bideratuko, ez zuzenean ez eta zeharka ere, Nafarroako erakunde, organizazio eta enpresen aldetik kontraprestazio ekonomikoa jasotzera.

j) Koherentzia printzipioa errespetatu beharko da; horrela, Nafarroan garatzen diren politika orokor eta sektorial guztiak bat etorriko dira garapenaren aldeko printzipio eta helburuekin.

II. KAPITULUA. Lehentasun geografiko eta sektorialak

4. artikulua. Garapenaren aldeko lankidetzaren lehentasunak. Garapenaren aldeko Nafarroako lankidetzak bi lehentasun izan behar ditu antolagarri, foru lege honetako 17 eta 18. artikuluetan aipatzen diren plan eta programetan ageri den moduan:

a) Lehentasun geografikoa: Nafarroako lankidetzaren helburu lehenbizi izanen diren herrialde eta eremuak definitzea.

b) Lehentasun sektoriala: lankidetza garatuko den ekintza-eremuek ezarria.

5. artikulua. Lehentasun geografikoa.

Nafarroako lankidetzaren ikuskerak mundu osoa hartzen du helburu, baina pobrezi indize altuenak dituzten herri- eskualdeei emanen die lehentasuna.

6. artikulua. Lehentasun sektorialak.

Foru Komunitatetik eratzen den lankidetzak honako ekintza eremuetara joko du nagusiki:

a) Oinarrizko giza garapenari dagozkion programa eta proiektuak: elikagaiak bermatzekoak, oinarrizko hezkuntza eta giza baliabideak gertutzekoak, birziklapena, toki- profesionalen prestakuntza eta espezializazioa, osasun laguntza, ura hornitu eta edateko ontzeko programak eta bestelakoak.

b) Pobrezia gutxitzeko, enplegu emankorra izateko aukerak gehitzeko eta soberakinak sortzeko estrategiak.

c) Haurren eta beste sektore bereziki zaurgarrien aldeko ekintzak.

d) Indigena talde autoktonoen garapena faboratzeko programa eta proiektuak.

e) Giza eskubideak sustatzeko, garapen bideko herrialdeetan sistema demokratikoak sortu eta indartzeko, instituzio deszentralizatuei laguntzeko eta gizarte zibila sendotzeko ekintzak.

Beti ere, lehentasuna emanen zaie garapenean jeneroaren egoera eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aintzat hartzen dituzten ekintzei. Bereziki baloratuko dira emakumeek beraiek edo haien erakundeek abiarazitako proiektuak, beren oinarrizko beharrak eta behar estrategikoak asetzekoak. Azken helburua izanen da emakumeen botere jabetzea delakoa faboratzea.

Halaber, kasu guztietan lehentasuna emanen zaie ingurumena eta baliabide naturalen zainketa eta erabilera jasangarria aintzat hartzen dituzten ekintzei.

7. artikulua. Gizarte sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza.

1.-Gizarte sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntzatzat jotzen da gizarteak garapen bideko herrialdeen arazoak hobeki hautemateko eta solidaritatea eta haiekiko lankidetza aktiboa bizkortzeko jardueren multzoa. Horretarako bideak izanen dira: zabalkunde kanpainak, informazio zerbitzuak, prestakuntza programak, garapen bideko herrialdeetatik datozen produktuekiko bidezko merkataritzaren eta kontsumo arduratsuaren aldeko ekimenak laguntzea.

2.-Nafarroako administrazio publikoek garapenaren aldeko lankidetzarako egiten dituzten programetan sartuko dute gizarte sentsibilizazio eta garapenerako hezkuntza ekintzak egitea, zuzenean edo garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeekin lankidetzan.

III. KAPITULUA. Esparru instituzionala

8. artikulua. Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernuak lau urtetik behin finkatuko du zer lerro eta jarraibide nagusi izanen dituen bere garapenaren aldeko lankidetza politikak eta nola mamituko diren lege honek politika horretarako finkatzen dituen helburu eta lehentasunak. Hori guztia, foru lege honetako 17. artikuluak finkatzen duen moduan.

Departamentu eskudunak, Nafarroako Gobernuaren jarraibideekin bat, lankidetza politika hori programatu eta gauzatuko du, Nafarroako Garapenaren aldeko Kontseilua lagun duela, foru lege honetako 10-12 artikuluek xedatzen duten moduan.

9. artikulua. Nafarroako toki entitateak.

Nafarroako toki entitateek zilegi izanen dute, beren eskumenak erabiliz, bidezko iruditzen zaizkien garapenaren aldeko lankidetza ekintzak egitea, foru lege honetako I eta II. kapituluetako printzipio gidariak, lehentasunak eta helburuak begiratuz. Garapen bideko herrialdeen udal- sistema sendotzen eginen dute eginahala, aukeran.

10. artikulua. Nafarroako Garapenaren aldeko Kontseilua.

Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseilua Administrazioaren kide anitzeko organo aholku-emaile eta parte-hartzailea da, Nafarroako Foru Komunitatearen nazioarteko garapenerako lankidetzaren arloko politika zehazterakoan.

11. artikulua. Kontseiluan ordezkariak izanen dituzten entitateak edo organoak.

1. Kontseiluak departamentu eskuduneko kontseilaria izanen du buru eta honakoek izanen dute eskubidea bertan ordezkaritza izateko: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa, zeinak ez baitu inolaz ere izanen kideen gehiengoa; Parlamentuko taldeak (Nafarroako Parlamentuko kide diren edo ez diren ordezkarien bidez); Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa; Nafarroan dauden unibertsitateak; Foru Komunitatean ordezkaritza handiena duten sindikatuak eta enpresa elkarteak eta Nafarroako garapenerako lankidetzako gobernuz kanpoko erakundeak.

Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen kasuan, haien ordezkaritza Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen Koordinakundearen barruan hautatuko da.

Kontseiluko kideak izendatzean, gizonen eta emakumeen ordezkaritza paritarioa sustatuko da.

2. Kontseiluak lehendakariorde bat ere izanen du, kontseiluak berak hautatuko duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ordezkari ez direnen artetik.

3. Kontseiluaren barruan Batzorde Iraunkorra eratuko da. Beste batzorde edo lan taldeak ere eratu ahalko dira.

4. Kontseiluaren osaketa, antolamendua eta jardunbidea erregelamendu bidez ezarriko dira, Kontseiluan ordezkaritza duten erakundeak entzun ondoren.

5. Batzorde Iraunkorraren eta, kasua bada, batzordeen eta lan taldeen osaketa, antolamendua eta jardunbidea Kontseiluaren erabaki bidez ezarriko dira, lehendakariaren proposamenari jarraikiz.

6. Kontseilua biltzen ahal izanen da gizarte entitateen ordezkaritzak eskatuta, erregelamendu bidez ezarriko denari jarraikiz.

7. Kontseiluak zilegi izanen du garapenerako lankidetzaren arloko adituen aholkularitza eskatzea.

12. artikulua. Kontseiluaren eginkizun oinarrizkoak.

Kontseiluak honako eginkizunak izanen ditu:

a) Nafarroako administrazio publikoei aholku eta laguntza ematea garapenaren aldeko nazioarteko lankidetzaren gaietan.

b) Garapenaren aldeko lankidetza plan eta programen gaineko txostenak egitea, Nafarroako Gobernuari bidali baino lehen. Lau urteko plana informatu eta onestea.

c) Garapenaren aldeko lankidetza ukitzen duten lege aurreproiektuen gaineko txostenak aurrez egitea.

d) Lagun egitea epez epe jarraipena eta ebaluazioa egiten bai proiektuen betetzeari eta bai garapenaren aldeko laguntza ofizialaren osotarako betetze mailari buruz.

e) Jendea garapenari buruz sentikortu eta hezitzeko ekimenak proposatu eta bultzatzea.

f) Administrazio publikoen eta Nafarroako Foru Komunitatean garapenaren aldeko lankidetzan ari diren eragileen artean elkarlana egon dadin bultzatzea.

g) Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren departamentuentzako txostenak egitea, haiek eskatuta, jakin ahal izateko garapen bideko herrialdeekiko harremanetan eragina duten Nafarroako Gobernuaren beste politika batzuk bat datozen garapenerako nazioarteko lankidetzaren helburuekin.

h) Garapenaren aldeko lankidetza gaietan Nafarroako Gobernuak eskatu edo legeek agintzen dizkioten beste eginkizun guztiak.

IV. KAPITULUA. Baliabideen esparrua

13. artikulua. Garapenerako lankidetzaren modalitateak

Nafarroako administrazio publikoak, garapenerako lankidetzaren esparruan, modalitate hauen bidez arituko dira:

a) Lankidetza ekonomikoa: funts ekonomikoak erabiltzea giza garapen integral, parte-hartzaile eta jasangarrirako programak eta proiektuak sustatzeko, honako arlo hauetan: soziokulturala, instituzionala, ekonomiko-finantzarioa, zientifiko-teknikoa, hezkuntzakoa eta ingurumenekoa; horietan gizarte zibilaren sendotzea bultzatuko da eta giza eskubideak errespetatuko dira.

b) Lankidetza teknikoa: milurte honetako garapen helburuak lortzeko beharrezkoak diren gaitasunak sendotzea bultzatzen duten proiektuetan laguntzea, bai eta herrialde pobretuen garapen endogenoan zuzenean edo zeharka aritzen diren pertsonen eta antolakundeen gaitasuna sendotzeko proiektuetan ere, aholkularitza teknikoaren, prestakuntzaren eta trebakuntzaren eta ikerketa aplikatuaren bidez, eta hori guztia Nafarroako eta herrialde bazkideetako profesionalen eta adituen artean ezagutza trukatuz eta transferituz.

c) Laguntza humanitarioa: laguntza ekonomikoa ematea dela hondamendi naturalengatik dela giza ekintzagatik larrialdian edo berehalako arrisku larrian dauden giza taldeak lagundu eta birgaitzeko proiektuei. Gainera, egoera horietan dauden giza talde zaurgarrien bizitza babesteko helburua ere badu, xede bereizezinak baitira laguntza, babesa eta prebentzioa.

d) Garapenerako hezkuntza: garapenerako hezkuntzako programak eta proiektuak egitea, bai eta iritzi publikoa eta Nafarroako gizartea oro har sentsibilizatzeko ekintzak eta kanpainak ere. Horiek guztiak garapen bidean dauden herrialdeen egoera ulertzera eta haiekiko elkartasuna bultzatzera bideratuta egonen dira. Eragin eta konpromiso politiko eta sozialeko ekintzak ere sartzen dira, bai erakunde publikoenak bai gizarte zibilarenak; eta jarrera etiko eta arduratsuak bultzatzen dituzten ekintzak.

14. artikulua. Jarduteko baliabideak.

Aurreko artikuluan deskribatu diren garapenerako lankidetza modalitateak gauzatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoek honako baliabide hauek izaten ahalko dituzte jarduteko, eta horiek erregelamendu bidez garatzen ahalko dira:

a) Garapenerako lankidetza ekintzak sustatzeko funts publikoak erabili ahal izatea.

b) Nafarroako administrazio publikoen lankidetza teknikoa, dela bakarka arituz dela Espainiako aldebiko lankidetzarekin eta alde askotako lankidetzarekin batera arituz.

c) Erakundeen adierazpenak, eta garapen orokor, iraunkor eta harmonikoa sustatzen duten herri ekimenei laguntza ematea.

15. artikulua. Eraginkortasuna eta ekitatea.

1. Diru-laguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 5.1 artikuluan ageri diren printzipioez gainera, garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko diru-laguntzak ekitatearen printzipioari eta aberastasuna birbanatzearen printzipioei jarraikiz emanen dira, foru lege honen 3. artikuluan aipatzen den izaera solidarioarekin bat.

2. Helburuak hobeki erdiesteko eta baliabideei etekin handiagoa ateratzeko, Nafarroako administrazio publikoek kofinantziazio araubidean eginen dituzte ekintzak, lehentasunez; zilegi izanen dute zenbait administrazioren ekarpenekin funtsak eratzea programa edo proiektu komunetarako, eta, bestalde, garapenerako lankidetzan ari diren eragileen arteko informazio trukea bultzatuko dute."

16. artikulua. Garapenerako lankidetzan aritzeko diru-laguntzak.

1. Garapenerako lankidetzan aritzeko diru-laguntza guztiak azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoaren araberakoak izanen dira, eta espezialitate hauetakoak:

a) Diru-laguntzak arautzen dituzten oinarrietan kontrakorik agertzen ez bada, aurrerakin gisa ordainduko dira.

b) Baldin eta diru-laguntzen aurrerakinak 1.000.000 eurokoak edo handiagoak badira urtean, beharrezkoa den kalifikazioa eduki beharko da edo, bestela, bermeak ezartzea eskatu ahalko da. Kopuru txikiagoak izanez gero, ez da beharrezkoa izanen bermeak ezartzea.

c) Diruz lagundutako ekintzak gauzatzeko epeak zenbatzerakoan, diru-laguntza ematen duen ebazpenaren data hartuko da hasierako datatzat.

Ekintza horiek gauzatzeko epeak hasieran emandako denbora halako bira bitarte luzatzen ahalko dira, oinarri arautzaileetan ezarritako baldintzetan.

d) Baldin eta, Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzaz gain, funts edo baliabide berekiak nahiz pribatuak edo bestelako diru-laguntza publikoak erabiltzen badira jarduerak kofinantzatzeko, frogatu egin beharko dira funts horien zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueretara aplikatu izana, entitateak berak emandako ziurtagiriaren bidez funts pribatuen kasuan edo zenbatekoa eta proiektua zehazten dituen aldeko ebazpenaren kopiaren bidez diru-laguntza publikoen kasuan.

e) Tokiko bazkidea nazioarteko erakunde bat bada, Espainiak izenpetutako nazioarteko akordio edo itunetan legez ezarritako moduan eman beharko ditu kontuak.

f) Laguntzak hartzen dituzten herrialdeetako toki entitateen agiriak egiaztatzeari dagokionez, elkarrekikotasun printzipioa errespetatuko da, haien baliabide fisiko eta materialen errealitatea aintzat hartuta. Ez da inolaz ere eskatuko Espainiako administrazio publiko bati eskatzen zaiona baino agiri gehiago, non eta Kanpo Arazoetarako Ministerioak kontrakoa gomendatzen ez duen.

g) Deialdietako oinarrietan ezarri ahalko da frogagiri gisa onartzea kontabilitateko auditoretzak, baldin eta kontuen zinpeko aztertzaileek eginak badira.

Kontu-auditoreek atzerrian aztertzen badituzte justifikazio-kontuak, azterketa egiten den herrialdean jarduten duten auditoreek egin ahalko dute azterketa hori, baldin eta herrialde horretan lanbidean jarduteko habilitazio-araubidea badago.

Herrialde horretan lanbidean jarduteko habilitazio-araubiderik ez badago, han kokatutako auditore batek egin ahalko du idatz-zati honetan aurreikusitako azterketa, baldin eta Administrazioko organo emaileak berresten badu, hartzailearen proposamenari jarraikiz, haren izendapena, behar bezalako kalitatea ziurtatzen duten irizpide teknikoekin bat.

2. Edozer arrazoi dela eta, Nafarroako aurrekontu orokorretan ezarritako lankidetza-funtsaren gerakin bat baldin badago esleitu gabe, diru-laguntzetarako presako deialdia onetsiko da berriz ere, Nafarroako foru lege honetan ezarritakoan oinarrituz.

Epeei dagozkien arrazoiengatik nahiz beste inguruabar batzuengatik beste deialdi hori egitea ezinezkoa baldin bada, gerakineko kopuru esleitu gabea Garapenerako Lankidetzaren Zerbitzuak kudeatuko du zuzenean.

3. Deialdietako oinarrietan zehaztu beharko dira gehieneko epeak, emandako diru-laguntzen balorazioa, ebazpena, azken txostena eta ordainketa egiteko. Prozesu eta epe horiek egokiak eta duden lankidetza-tresnei eta errealitateei egokituak izan beharko dute.

4. Deialdian ezarritako ebazpen- eta ordainketa-epeak betetzen ez badira, emandako kopurua handitu beharko du Administrazioak, entitateek ordaindu behar izan dituzten banku-abalen kostua jaso arte hain zuzen ere.

5. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak behar diren kontrol eta ebaluazio tresnak ezarriko ditu funts publikoak erabiltzean legezkotasuna eta eraginkortasuna berma daitezen, Comptos Ganberak legez bere dituen eskumenak ezertan galarazi gabe".

17. artikulua. Plangintza.

1.-Nafarroako Gobernuak urte anitzetako plan zuzentzaileak onetsiko ditu zehazteko, foru lege honek ezarritako arauen barnean, zer lehentasun eta helburu izanen dituzten garapenaren aldeko lankidetzaren ekintzek. Plan horiek Nafarroako Parlamentura igorriko dira eztabaidatu eta horiei buruzko irizpena emateko.

2.-Nafarroako Parlamentuak urtero ezagutuko du, ezartzen den moduan eta Gobernuaren proposamen eta ekimenez, garapenaren aldeko lankidetza politika. Horretarako, Nafarroako Gobernuak Biltzarrera igorriko du onets dadin hurrengo artikuluan aipatzen den urteko plana.

3.-Gobernuak Nafarroako Parlamentuko batzorde eskudunari informatuko dio plan zuzentzailean eta urteko planean jasotako programa, proiektu eta ekintzen exekuzio maila eta betetze graduari buruz. Halaber, batzordeak lankidetzaren ebaluazioari buruzkoen berri jasoko du, bai eta aurreko ekitaldiko urteko programaren kudeaketari buruzko oroit-idazkiak jasotzen dituen emaitzen berri ere.

18. artikulua. Urteroko ekintza programa.

Urtero, departamentu eskudunak programa bat prestatuko du lau urteko ekintza planak garatzeko, eta bai urteko programaren kudeaketari buruzko oroit-idazkia ere. Biak Nafarroako Gobernuak onetsi beharko ditu.

V. KAPITULUA. Lankidetza-eragileak

19. artikulua. Lankidetzaren eragileak.

Foru lege honen ondorioetarako, lankidetzaren eragileak ondoko hauek izanen dira:

-Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa.

-Nafarroako toki administrazioak.

-Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak, hau da, legez eratuta dauden eta irabazi asmorik ez duten entitate pribatuak, baldin eta bere helburuen artean edo berariazko xede gisa -beraien estatutuen edo dokumentu baliokidearen arabera- badute garapenerako nazioarteko lankidetzaren jarduketa esparruekin -foru lege honen seigarren artikuluan aipatuekin- lotutako jarduerak gauzatzea. Erakunde horiek Nafarroako Foru Komunitateak garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan dituen solaskide iraunkorrak eta lehentasunezkoak dira; solaskidetasun hori foru lege honen 11. artikuluan xedatutako arloan da eragingarria.

-Entitate eta pertsona juridikoak, beren berariazko helburuen artean garapenerako lankidetza bada, nahiz eta xedeetan irabazi asmoa izan; dena den, irabazi asmoa ez dute aplikatzen ahalko garapenerako lankidetzaren jardueretan, foru lege honen 3. artikuluko i) atalean ezarritako doakotasunaren printzipioari jarraikiz.

-Garapen bideko zein herrialderekin ezarri den lankidetza, herrialde horietako tokiko bazkideak edo kontraparteak.

 20. artikulua. Nafarroan garapenaren aldeko lankidetzan aritzeko baldintzak.

Lankidetza-eragileek, nortasun juridiko publikoko entitateek salbu, eta Nafarroan garapenerako lankidetzaren esparruan jardun nahi duten entitate pribatuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lege indardunen araberako nortasun juridikoa izatea.

b) Nafarroako Foru Komunitatean sozietatearen egoitza edo delegazio iraunkorra izatea, foru lege honen barrenean antolatzen diren ekintzei dagozkien erabaki eta kudeaketen gertaleku benetakoa izateko.

c) Irabazi asmorik gabekoak izatea. Irabazi asmoko enpresa, gremio edo antzeko erakunde pribatuen kasuan, baldintza horrek adierazten du erakundeak ez duela beretuko foru lege honen babesean egindako garapenaren aldeko lankidetza ekintzen ondorioz izandako irabazi edo onura enpresariala. Nolanahi ere, ekintza horietan izandako dirusarrera guztiak erabat gardenki kontabilizatu beharko dira eta garapen ekintzetan berrinbertitu, edo laguntza humanitarioetan edo garapenaren aldeko hezkuntzan, kasuan kasuko administrazioaren oniritzi espresua dagoela.

d) Tokiko bazkide edo erkide bat izatea proiektuak burutu behar diren eremuan.

Foru lege honek agintzen dituenetarako, tokiko bazkide edo erkidetzat joko da programa edo proiektua materialki gauzatzen duen erakundea, laguntza hartzen duen herriko legeen arabera nortasun juridikoa duena. Nortasun juridikoarena baldintza izanen da baldin eta herrialde horretan erkidea legeztatzea uzten badute.

e) Bere programa eta proiektuetarako funtsak eskuratzeko, funts horiek eskuratzeko oinarrietan eskatzen diren betebeharrak bete beharko dituzte.

21. artikulua. Nafarroako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen erregistroa.

Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloan eskuduna den Ministerioko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatzea ezinbesteko baldintza da administrazio publikoek ematen dituzten diru-laguntzak edo garapenerako laguntza ofizial gisa konputatzen direnak jasotzeko."

 22. artikulua. Garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen eta haientzako ekarpenen zerga araubidea.

1. Fundazioen tributu araubidea, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean arautzen dena, aplikatuko zaie, Sozietateen gaineko Zergari, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari eta Toki Tributuei dagokienez, foru lege honen 21. artikuluan aipatzen den erregistroan inskribaturik dauden garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei.

2. Foru lege honen 6. artikuluak ezartzen dituen ekintza arloetako jarduerak gizarte laguntzatzat hartzen dira Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 19/1992 Foru Legearen 17.1.17 artikuluan ezartzen den salbuespena izateari begira.

3. Pertsona fisiko eta juridikoek 21. artikuluan aipatutako erregistroan inskribatuta dauden garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei egiten dizkieten ekarpenek eskubidea emanen dute uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legearen II. tituluko I. eta II. kapituluetan aipatzen diren pizgarriak izateko, bigarren eta hirugarren xedapen gehigarrietan ezarritakoa kontuan hartuta.

4. Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, 21. artikuluan aipatzen den erregistroan inskribatutako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei aplikatu beharreko zerga araubidea, uztailaren 2ko 10/1996 Foru Legean eskatutako baldintzak betetzen ez direnean, Sozietateen gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legearen X. tituluko XII. kapituluan ezarritakoa izanen da.

VI. KAPITULUA. Garapenaren aldeko lankidetzaren langileak

23. artikulua. Xedapen orokorrak.

Garapenaren aldeko lankidetza programetako helburuak eta kudeaketa betetzeko, zilegi izanen da administrazio publikoen zerbitzuko edo Nafarroako garapenaren aldeko lankidetzan aritzen direnetako edozein erakundetako langileak erabiltzea.

24. artikulua. Administrazio publikoetako langileak.

1. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileek zilegi izanen dute garapenerako lankidetza ekintzetan parte hartzea, bai administrazio horien beren programetan edo proiektuetan bai garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen, nazioarteko erakundeen edo beste administrazio publiko batzuen programa edo proiektuetan.

2. Langile horiek beren administrazio publikoaren programa edo proiektuetan parte hartzen dutenean, aldi baterako zerbitzu eginkizuna emanen zaie, eta jarduneko zerbitzuan jarraituko dute ondorio guztietarako, non eta horrek ez dakarren beren lanpostuan ordezkatu beharra.

Kasuan kasuko administrazioak garapenerako nazioarteko lankidetzari begira jartzen dituen kontu-sailen kargura ordainduko dira langile horien parte-hartzeak sortzen dituen joan-etorri, mantenu eta material kostuak.

Administrazio publiko bakoitzak komeni diren aseguru osagarriez hornituko ditu langileak, kasuan kasuko programen edo proiektuen aurrekontuaren kargura.

3. Langile horiek boluntario edo borondatezko lankide gisa parte hartzen badute Nafarroako administrazio publikoen funts publikoekin finantzatutako garapenerako gobernuz kanpoko erakundeen proiektuetan, nazioarteko erakundeen proiektuetan edo beste administrazio publiko batzuen proiektuetan, eta parte-hartze horrek urtean hilabete baino gehiago irauten badu, lanpostuan ordezkatu beharra izan edo ez, zerbitzu berezietara pasatuko dira, aplikatzekoa den araudian administrazio egoera horretarako ezarritako ondorioekin; eta parte-hartze hori urtean hilabete edo gutxiago irauten badu, aldi baterako zerbitzu eginkizuna emanen zaie langileei antolamendu arloko beharrizanek horretarako bide ematen badute, eta ezezkoa ematen bada, berriz, behar bezala arrazoitu beharko da.

Langile horiek zein departamentukoak diren, departamentu horrexek hartu beharko ditu bere gain egoera horietatik heldu diren langile-kostuak, eta nazioarteko erakundeek definitutako Nafarroako Gobernuaren garapenerako laguntza ofizial gisa hartu ahalko dira.

25. artikulua. Beste entitate batzuen zerbitzuko langile kontratatuak: kooperanteak.

Kooperanteen eskubide-betebeharrak, eta haien bateraezintasunen araubidea, prestakuntza, ematen dituzten zerbitzuen homologazioa, aurreikuspen sozialeko modalitateak eta haien araubide juridikoko beste alderdiak, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzari buruzko uztailaren 7ko 23/1998 Legeko 38.2 artikuluak aipatzen duen estatutuan finkatzen direnak izanen dira.

26. artikulua. Beste entitate batzuen zerbitzuko langile boluntarioak.

Garapenaren aldeko langile boluntarioak dira beren burua libreki behartzen duten pertsona fisikoak interes orokorreko jarduerak modu altruista eta solidarioan egitera, nortasun juridikoa duten eta garapenaren aldeko programa konkretuak kudeatzen edo burutzen parte hartzen duten irabazi asmorik gabeko erakundeetan integraturik. Zilegi izanen da aldi berean langile boluntario eta erakunde bereko kide izatea.

27. artikulua. Erbesteko langile boluntarioak.

Nafarroako garapenaren aldeko gobernuz kanpoko erakundeak, bertan integraturik dauden eta erbestean ari diren langile boluntarioei dagokienez, beharturik daude honako eskubideak begiratzera (eskubide horiek langileak eta erakundea lotzen dituen hitzarmen edo itun formalaren gutxieneko edukia izanen dira):

a) Helburuko herrialdean mantendu eta ostatatzeko premiei eta joan-etorrien gastuei aurre egiteko behar diren baliabideak eta esleitu zaien jarduera betetzeko gauza baliabideak izatea.

b) Pertsona horien eta beraiekin joaten diren ahaide zuzenen aldeko asistentzi aseguru bat, erbestealdi osoan gutxienez eritasun eta istripu arriskuak hartzen dituena, eta bai etxeratze gastuak eta hirugarrenei egindako nahiz hirugarrenengandik hartutako kalteen erantzukizun zibila ere.

c) Langile boluntarioa dela frogatzeko moduko kreditazioa izatea.

d) Prestakuntza aldi bat, halakorik behar bada.

28. artikulua. Langile boluntario guztientzako xedapenak.

Lankidetza erakundeak adierazi behar die bere menpeko langile boluntarioei zein diren bere ekintzaren helburuak, ekintza hori zein eremutan gertatzen den, ze eskubide- betebehar dituzten, eta helburuko herriaren legeak begiratu behar direla.

Aurreko kapituluetan aurreikusi gabeko guztirako, Boluntario lanari buruzko martxoaren 27ko 2/1998 Foru Legeak agintzen duena aplikatuko zaie lankidetzako langile boluntarioei.

VII. KAPITULUA. Arau-hausteak eta zehapenak

29. artikulua. Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak.

1. Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak dira foru lege honetan eta berau garatzeko arauetan xedatutakoari kontra egiten dioten egite edo ez-egite guztiak.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke, nolako izaera, garrantzia eta eragina izan duten.

30. artikulua. Arau-hauste arinak.

Hauek dira arau-hauste arinak:

a) Erbesteko langile boluntarioei ez ematea langile boluntario direla frogatzeko moduko kreditaziorik.

b) Ez ematea erbesteko langile boluntarioei behar duten prestakuntza.

c) Erbesteko langile boluntarioei ez ematea bere gain duten lankidetza-eginkizuna burutzeko behar dituzten gauza baliabideak.

d) Ez sinatzea foru lege honetako 27. artikuluak aipatzen duen hitzarmen edo itun formala, artikulu hartantxe ezartzen den gutxieneko edukiarekin.

e) Foru lege honek edo berau garatzeko xedapenek agintzen dutena urratu eta arau-hauste larri edo oso larri ez diren egite edo ez-egite guztiak.

31. artikulua. Arau-hauste larriak.

Hauek dira arau-hauste larriak:

a) Ez ematea erbesteko langile boluntarioei helburuko herrian mantendu eta ostatatzeko gastuei eta joan-etorrien gastuei aurre egiteko behar dituzten baliabideak.

b) Ez aseguratzea erbesteko langile boluntarioak foru lege honetako 27. artikuluko b) idatz-zatiak ezartzen duen moduan.

c) Administrazioari kontrol eta ebaluazio lana galarazi edo trabatzea.

d) Izaera bereko hiru edo gehiago arau-hauste metatzea.

32. artikulua. Arau-hauste oso larriak.

Hauek dira arau-hauste oso larriak:

a) Izaera bereko hiru edo gehiago arau-hauste metatzea.

b) Erbesteko langile boluntario edo kontratatuen osotasun fisikoarentzat edo osasunarentzat arrisku edo kalte handia sortzen duten egite edo ez-egite guztiak.

33. artikulua. Zehapenak.

1. Garapenerako nazioarteko lankidetzaren arloko arau-hausteak ondokoaren arabera zehatuko dira:

1.1. Arau-hauste oso larriek 10.000 eurotik 150.000 eurora bitarteko isuna izanen dute. Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintaritzak erabaki dezake, horrez gain, foru lege honen 6. artikuluari dagozkion jardueren finantziaziorako diru-laguntzak lortzeko eskubidea kentzea hiru urtetik bost urtera bitarteko epean.

1.2. Arau-hauste larriek 6.000 eurotik 9.999 bitarteko isuna izanen dute. Zehapenak ezartzeko eskumena duen agintaritzak erabaki dezake, horrez gain, foru lege honen 6. artikuluari dagozkion jardueren finantziaziorako diru-laguntzak lortzeko eskubidea kentzea urte batetik hiru urtera bitarteko epean.

1.3. Arau-hauste arinek 600 eurotik 5.999 eurora bitarteko isuna izanen dute, eta gainera ohartarazpena.

34. artikulua. Preskripzioa.

Arau-hauste oso larriek hiru urteren buruan preskribituko dute; larriek bi urteren buruan eta arinek sei hilabeteren buruan, arau-haustea egin den egunetik kontatuta.

Arau-hauste oso larrien zehapenek hiru urteren buruan preskribituko dute; arau-hauste larrienek bi urteren buruan eta arinenek urte baten buruan, zehapena ezartzen duen ebazpena irmotu eta biharamunetik kontatuta.

35. artikulua. Zehatzeko eskumena duten organoak.

Unean-unean nazioarteko garapenaren aldeko lankidetzaren gaietako eskumenak dituzten organoak dira zehapen prozedura hasteko eskumena dutenak.

Arau-hauste larri eta arinen zehapen prozedura ebazteko eskumena, unean-unean nazioarteko garapenaren aldeko lankidetza gaietako eskumenak dituen departamentuaren titularrak izanen du.

Arau-hauste oso larrien kasuan, Nafarroako Gobernuari dagokio ebaztea.

36. artikulua. Zehapen prozedura.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen V. tituluan ezarritakoa izanen da.

 Lehenbiziko Xedapen Gehigarria

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateratuaren 24. artikuluko 1. idatz-zatiko i) letrako testua aldatu eta honela uzten da:

..........

Bigarren Xedapen Gehigarria. Salbuespenezko eta lehentasunezko laguntzak.

Edozein motatako hondamenditatik heldu diren salbuespenezko inguruabarrak edo egoerak gertatzen baldin badira, Nafarroako Gobernuak bereziki hartuko ditu kontuan inguruabar horiek garapenerako lankidetzara bideratutako laguntzak eta herrialdea berreraikitzen laguntzen duten proiektuak sustatzera kudeatzerakoan.

Hirugarren Xedapen Gehigarria

17. artikuluan aipatutako planetarik lehena foru lege honek indarra hartu eta gehienez ere urtebeteko epean prestatuko du Nafarroako Gobernuak.

Azken Xedapenetan Lehenbizikoa

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege hau garatu eta betearazteko behar diren xedapen guztiak emateko.

Azken Xedapenetan Bigarrena

Baimena ematen zaio garapenerako lankidetzaren arloko kontseilari eskudunari, Nafarroako Garapenerako Lankidetzaren Kontseiluari entzun ondoren, epez epe berritzeko foru lege honetan ezarri diren isunen zenbatekoak.

Azken Xedapenetan Hirugarrena

Foru lege honek agintzen duenari kontra egiten dioten xedapen maila bereko edo apalagoko guztiak indargabetzen dira.

Azken Xedapenetan Laugarrena

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean indar hartuko du.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa