(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Ingurune naturalak

Nafarroako ingurune naturalak bi sare gainjarri eta osagarritan antolatzen dira: Nafarroako Ingurune Natural Babestuen Sarea (NINB) eta Natura 2000, aniztasun biologikoaren kontserbaziorako Europa Batasunak sortutako sarea. Lehenengoaren hedadura Foru Komunitateko lurraldearen %8koa da gutxi gorabehera, eta bigarrenarena %25ekoa.

NINBren barruan daude Erreserba Integralak, Erreserba Naturalak, Toki Naturalak, Aisialdirako Natur Guneak, Natur Monumentuak, Babes Eremuak eta Parke Naturalak. Natura 2000 sarean, berriz, Batasun mailako Garrantziko Lekuak eta Babes Bereziko Eremuak daude.

Sare hauen barruan daude Nazioarteko Garrantzia duten bi Hezegun: Pitillasko Aintzira eta Vianako Las Cañas Aintzira.

Parque Natural de Bardenas

Errege Bardeako Parke Naturala.

Nafarroako hiru Parke Naturalek (Bertiz, Urbasa-Andia eta Errege Bardea) berezko aipamena behar dute, beren azalera handiagatik eta duten garrantziagatik.

Bertiz

Nafarroako iparraldean, Bertizaranako udal mugartean, Bertizko Parke Naturala dago; 2.040 Ha ditu eta Bidasoa ibai-ertzeraino zabaltzen da. Parke honetako paisaia berezi samarra da inguruko haran gehienen aldean, basoak sarri eta soilgunerik gabe iraun duelako. Altitude-gradientea maldatsua du, eta Bidasoatik Aizkolegiko tontorreraino, sei kilometroko tartean hain zuzen, garaiera-aldea 700 m-koa da. Landareak eta animaliak Pirinioetako haran atlantikoetakoak dira, baina ez du berezko espezierik.

Urbasa eta Andía

Urbasa eta Andia mendilerroek (bertako Parke Naturalak 20.950 Ha ditu) balio handiko elementuak eta paisaiak dauzka, ugariak eta era guztietakoak: geologikoak, biologikoak, ekologikoak eta arkeologikoak, baita gizarte edo kultur arlokoak ere. Urbasa eta Andia Nafarroako mendebaldean daude, ipar-mendebaldeko Nafarroa Hezearen eta erdi-mendebaldeko Nafarroaren (Lizarra aldea) artean. Goi-lautada bat osatzen dute, eta han bat egiten dute giro iparretik heltzen den atlantikoak eta hegoaldetik iristen den mediterraniarrak. Elkartze horren ondorioz hazten diren landareek (haritzak, pagoak, erkametzak, arteak eta larreak) inguru liluragarria sortzen dute, eta bizilekua eskaintzen diete mota askotako animalia interesgarriei.


Parque Natural Urbasa-Andía

Urbasa- Andiko Parke Naturala.

Parkeak, inguru karstikoen eredu, Nafarroako ur asko biltzen du barruan, bere baitan urtegi handi bat baitago, eta lur azpira berez iragazten den ura Urederran eta beste iturburu paregabeetan isurtzen da kanpoaldera.

Errege Bardeak

Errege Bardeak eremu handia hartzen du Nafarroako Hego-ekialdean, eta bertako Parke Naturalak 40.000 Ha ditu luze-zabal. Uda bero-beroa izaten da, eta negua hagitz hotza, eta botatzen duen euri urria erauntsika egiten du. Landareak estepakoak dira, mediterraniarrak. Ebroko sakonuneko klimaren ezaugarriek berezitasuna ematen diete Bardeako landare eta animaliei. Maiatzaren 21eko 92/43 EEE-Zuzentarauak, Habitatei buruzkoak, Estatuko Habitaten Zerrenda sortzea ekarri zuen, eta Bardea jasota dago zerrenda horretan. Gainera, 2000n Munduko Biosferaren Erreserba izendatu zuten.

Eskualdean mota askotako arrainak, anfibioak eta narrastiak daude, baina hegaztiak dira lekuari berezkotasuna ematen diotena, haietako batzuek –sai zuria, kasu– Europan ere baitute interesa.

 

Informazio gehiagorako, hemen sakatu.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa