(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Erresumaren hastapenak

Historiaurrea

Koskobillo, Urbasa, Lizarra, Lezaun, Irunberri eta Vianako aztarnek, behe-paleolitokoek (K.a. 600.000 K.a. 40.000 bitartean) Nafarroako lehen biztanleen berri ematen digute. Geroago, neolitoko kulturak nekazari eta artzain bilakarazi zituen orduko ehiztariak, eta Brontze Aroan artzain lekuak trikuharriez eta silex-lantegiez josita geratu ziren. Garai haietan ere, kultura megalitikoa lurralde osora zabaldu zen, Biana, Zirauki eta Artaxonatik Pirinioetako gailurretaraino, Urbasan eta Aralarren zehar.

Burdin Aroan lehen baskoiek beretzat berriak ziren teknikak eta bizi-ikusmoldeak eskuratu zituzten, Erdialdeko Europako zeltek eta zeltiberiarrek ekarriak.

Erromanizazioa

Iparraldeko mendi eta ohian aldean (saltus vasconum) Erromaren kulturak eragin ahula izan zuen, arrasto gutxi utzita, eta bertakoek berezko hizkuntza zen euskarari eutsi zioten. Hegoaldeko ager vasconum-en, aldiz, erromanizazioa sendo finkaturik zegoen K.a. II. mendeaz geroztik, hango aldea irisgarriagoa zelako eta bertako baliabide naturalak ugariagoak. Izan ere, K.a. 75. urtean Ponpeiok euskaldunen hiri nagusia zena, Iruña, bereganatu zuen, eta hantxe bere izena hartuko zuen hiri erromatarra (Pompaelo) eraikiarazi.

Erromatar Inperioa sakabanatzean, euskal tribuak berriro nagusitu ziren erromanizatutako ager-ean, eta gainera, eraginpean hartu zituzten inguruko eskualdeak. Garai beretan, horratik, bisigodoen erasoei aurre egin behar izan zieten, berauen erregeak penintsulako iparraldean zeukaten boterea indartu nahian baitzebiltzan. Hala ere, ez ziren bisigodoak euskaldunek borrokatu beharreko etsai bakarra, Pirinioen bestaldetik frankoen arriskua iristen zitzaien eta. Orreagako guduan, frankoen errege boteretsuek Pirinioen alde honetarako zeuzkaten asmoak indargabeturik geratu ziren, 778. urtean hain zuzen ere.

Lehen dinastia nafarra

Musulmanekin beste arrisku bat etorri zen, 714. urtean Ebroko ibarretan kokatu ziren eta. Alabaina, musulmanak ez ziren erabat finkatu, ez zituztelako erro sendorik egin orduko politikan eta gizartean. Gainera, berehala eratu zen gune kristau bat musulmanen aurrean, eta IX. mendean bertakoek Nafarroako lehen dinastia, Iñigotarrena, sortu zuten. Haren mendean geratuko zen politikoki aurreneko nukleo kristau hura.

Ondorengo dinastiak, Ximenotarrenak, egitura politiko sendoagoa izanen zuen. Antso Gartzez haren lehen erregeak (905-925) gogotik ekin zion lurraldeak bereganatzeari, musulmanen aurka, eta asmo horrekin loturak ezarri zituen beste erresuma kristauekin. Antso Gartzezek Lizarra aldea hartu zuen, eta 914an Naiara eta Kalagorri, Ebroren bestaldean. Dena den, musulmanek mende batez jarraitu zuten Erriberan, eta 1119. urtera arte Tutera beren eskuetan egon zen.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa