(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Hazkundea eta gainbehera

Nafarren agintea

Arqueta de Leyre

1004ko kutxatila hispanoarabiarra: xehetasunak (Nafarroako Museoa).

Antso Gartzez III.a Nagusiak, (1004-1035) bere agindupean zeuzkan Iruña, Naiara eta Aragoi, Sobrarbe, Ribagortza, Gaztela eta Leon, hau da, Penintsulako orduko eremu kristau zabalenak; asmoak zerabiltzan, orobat, Gaskoniaren eta Bartzelonako konderriaren gainean. Haren erregealdian, bada, Iruñeko Erresumako politikak, ekonomiak eta gizarteak hedapen handiena izan zuten, Erresumako eremuak ere nabarmen hazten zirela. Santiago Bidea antolatzeaz gain, Errege honek erromanikoa eta Clunyko kultura ekarri zituen bere lurraldeetara.

XI. mendearen amaieran, haatik, Iruñeko Erresumaren zabalpena etenik geratu zen, aldamenetatik horretara behartzen baitzuen Gaztela eta Aragoi ahaltsuen hedapenak. Erresuma, beraz, Hegoalderantz handitu ezinik zegoen, eta aldi berean, beti zuen buru gainean beste batek bereganatua izateko arriskua.

Ondorioz, Nafarroaren independentzia kolokan zegoen etengabe, Frantzia, Gaztela eta Aragoiko erregeen politikaren eraginpean geratuko ote zen. Hala igaro zuen Erresumak, estu, Berant Erdi Aroa.

Aragoiko koroaren menpe

1076tik 1134ra arte Aragoiko koroari erantsita, Gartzia Ramirezen erregealdian (1134-1150) hartatik bereiziko zen, independentzia berriro lorturik. Ondorengo erregearekin, Antso Azkarrarekin (1150-1194), Iruñeko Erresuma Nafarroako Erresuma bihurtu zen. Izen aldaketaren atzean lurralde soberania adierazpen bat atzematen da, botere politikoa Penintsulako beste erresumen aurrean azpimarratu nahian, bereziki Gaztelatik zetorren bereganatze arriskua zela eta.

Hala eta guztiz ere, lurralde murrizketak ez ziren eten, eta 1200ean, Antso Azkarra errege zelarik (1194-1234), Erresumak Araba, Gipuzkoa eta Durango aldea galdu zituen, Gaztelako erregeak eskuratuta. Harrezkero Nafarroa hertsirik egonen zen Mendebaldean, Gaztelarekiko mugan, eta horren ondorioz beste aldeetara zabalduko zen, bereziki Bortuz bestaldera iparralderantz eta Aragoiko muga tartera ekialderantz.

Frantziaren eraginpean

Antso VII.a Azkarra hil zenean, 1234an, desagertu zen Nafarroako dinastia, eta Erresumak Frantziaren eraginpera jo zuen, aliatuen beharra baitzeukan Gaztela eta Aragoiren presioari euste aldera. Hurrengo dinastietako lehena Champagneko etxea izan zen (1234-1274), eta haren ondoren Capetotarren leinua, 1274tik 1328ra bitartean Frantziako eta Nafarroako tronuak batera eskuratuko zituena.

Evreuxeko etxeak (1328-1425) gogoz jardun zuen Penintsulako eta Europako politikagintzan, batez ere Karlos II.aren erregealdian, Frantziako tronua eskuratzeko irrikan zegoen eta; Karlos III.a Noblearekin (1387-1425) Erresumak garai oparoa bizi izan zuen, baita kulturan ere, eta horren erakusgarri dira Nafarroako gotikoaren loraldian egindako lanak, adibidez Oliteko errege jauregia eta Karlos III.aren hilobia, Iruñeko katedralean eraikia.

Ondorengotza borrokak eta inbasioa

Karlos III.a Noblea hil orduko, ondorengotza gatazka latzak hasi ziren. Haien azpian instituzioen eta gizartearen krisi larria zegoen, eta azken batean gerra zibilera iritsiko zen. Agramondarren burua, Juan II.a, Nafarroako tronua jaso beharko zuen emakumearekin ezkonduta zegoen, Blancarekin alegia, eta 1458an Nafarroako eta Aragoiko errege bilakatu zen. Bere semeorde Karlos, Vianako Printze ospetsua eta beaumondarren burua, aurkari jarri zitzaion Nafarroako tronua eskuratzeko, baina ez zuen lortuko.

Bere baitan ahuldurik, Erresumak egoera berean jarraitu zuen mende erdiz. Azkenean, Fernando Katolikoak, beaumondarren laguntzaile, Nafarroa inbaditu zuen 1512an, eta Gaztelako Koroan sarrarazi. Borroka betiko galdurik, Juan eta  Katalina Albretekoa, Nafarroako azken errege-erreginak, Pirinioez bestaldera ihes egin zuten babes bila, eta berriro itzuli ez baziren ere, dinastiari eutsi zioten. Hortik eratuko zen, 1555az geroztik, Borboitarren etxea, 1789ko iraultzara arte Frantzian eta 1700etik Espainian erreinatuko zuena.

Konkista bukaturik, Gaztelak Erregeorde bat ezarri zuen Iruñean, errege agintea bermatzeko, eta hala izanen zen lau mendetan. Horrekin batera, ordea, Erresumako instituzioek ere iraunen zuten, batik bat Gorteek, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan batzartu izan baitziren arauak emateko eta Erresumak monarkia espainiarraren ekimenetarako jartzen zuen diru partea erabakitzeko; 1576an Erresumako Diputazioa eratu zen, gobernu organo iraunkor gisa eta Gorteek saiorik egiten ez zuten aldietan haien ordez jardun zezan. Bost mendetan instituzio hau Nafarroako bertako administrazioaren titularra izan da, XIX. mendeaz geroztik izena hainbat aldiz aldatuta: Probintziako Diputazioa, Nafarroako Foru Diputazioa eta, 1982tik aurrera, Nafarroako Gobernua.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa