(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Mendialdea

Hiru azpi-eskualde

Nafarroako iparraldea osatzen dute, eta haien muga, hegoaldean, ondoko mendilerroak dira: Urbasa, Andia, Sarvil, Erreniega, Alaiz, Izko eta Leire. Mendialdeak hiru azpi-eskualde ditu: Nafarroa Hezea ipar-mendebaldean, Pirinioetako Ibarrak eta Pirinioen aurreko Arroak.

Roncesvalles

Orreaga.

Ipar-mendebaldea: Nafarroa Hezea

Klima itsasaldekoa du, epela eta hezea. Urteko batez besteko tenperatura 11 eta 14,5ºC bitartekoa izaten da, euria 1.400 eta 2.500 mm artekoa, eta ibaiak ere emari erregularrekoak dira. Geologia eta morfologia aldetik, ordea, hagitz inguru desberdinak daude.

Ibarretako batzuek –Bortziri, Urumea, Leitzaran, Araitz, Basaburua Txikia, Doneztebe/Santesteban, Bertizarana eta Baztan- Kantauri aldera isurtzen dute, eta besteek Mediterranio eta Ebrorantz: Burunda, Aranatz, Arakil, Larraun, Basaburua Nagusia, Imotz, Atez, Odieta, Ultzama eta Anue.

Ibai nagusietatik, Bidasoa Baztanen sortzen da, eta berarekin batera Urumea, Leitzaran eta Araxes Kantauri aldera doaz, eta Arakil, Larraun eta Ultzama Mediterranio aldera. Landarediari dagokionez, nagusi dira hostozabaleko zuhaitzak –haritzak, pagoak eta gaztainondoak-, larreak, sasiak –oteak eta txilarrak- eta iratzeak.

Pirinioetako Ibarrak

Nafarroako ipar-ekialdean zabaltzen dira: iparraldean Pirinioetatik, eta hegoaldean Leireko mendilerroraino eta Irunberri-Agoitz eta Iruñerriko arroetaraino; hegoaldetik ekialderantz Arga arrotik Aragoiko Ansoraino. Alde honetan morfologia ez da hain aldakorra, eta Pirinioetatik hegoalderantz luzatzen diren bailarek osatzen dute (Arga edo Esteribar, Erro, Artzi, Aezkoa, Nabaskozeko Almiradioa, Zaraitzu eta Erronkari).

Garaiera gora doa Mendebaldetik Ekialderantz goazela –Adik 1.459 m ditu, eta Hiru Erregeen Mahaiak 2.438m- eta horregatik, klima aldatu egiten da leku batetik bestera: Iparraldean klima kontinentala, hezea eta hotza da, muturreko tenperaturak ere gordinagoak, eta elurra egiten du maiz. Hegoalderantz jo ahala, ordea, klima mediterraniar eta hotz bihurtzen da. Urteko batez besteko tenperatura 7 eta 12ºC bitartekoa da, eta euri kopurua 900 eta 2.200 mm artekoa. Ibai nagusiak (Arga, Erro, Urrobi, Irati, Zaraitzu eta Eska) plubionalak dira, emaritsuak eta nahiko erregularrak. Landareetan ugariak dira pinu gorria –iparraldean pagoekin eta izeiekin nahasirik-, ezpelak, elorriak eta goi-mendietako larre naturalak.

Pirinioen aurreko Arroak

Mendialdeko hirugarren azpi-eskualdea Nafarroa Hezetik eta Pirinioetako Ibarretatik beherago zabaltzen da. Pirinioen aurreko sakonune hau Aragoiko Berdun kanalekoaren jarraipena da, eta osatzen duten bi arroetako batek, Irunberri-Agoitzekoak, Irati ibaiko ura eta haren adarretakoa jasotzen du; beste arrora, Iruñerrikora, Arga ibaiko urak doaz. Eskualde honetako beheko mugan Andia, Erreniega eta Izkoko mendilerroak luzatzen dira, eta ekialdean Leirekoa.


Arbayún

Arbaiungo Arroila.

Bestalde, Pirinioen aurreko Arroetan klima, mediterraniarra, aldaera batetik beste batera iragaten da, hotzetik epelera hain zuzen: Plubiositatea 700 eta 1.400 mm bitartekoa da, eta urtean batez besteko tenperatura 10 eta 13ºC bitartean aldatzen da. Mendialde honetako ibai nagusiei arroak esaten zaie Arga eta Irati ibai nagusietara isurtzen dutelako. Azken bi horiek emaritsuak dira, eta erregimena plubionala eta plubial ozeanikoaren artekoa da.

Klimak eskualdean duen aldaketaren adierazgarri, bertako landare ugarienak: hostozabal mediterraniarrak –arteak eta erkametzak-, pinu gorriak eta sasiak –ezpelak eta otea-.

 

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa