(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Ohiturak eta usadioak

Gurasoetatik seme-alabetara

Danzantes

Otsagiko dantzariak.

Herria gertaera apalen gordelekua izaten da, eta historia xumea, tradizioak eta ohiturek mamitzen dutena eta testu liburuetan lekurik ez duena, gurasoetatik seme-alabetara igarotzen da. Nafarrek, historiaren zaintzaile harroak ere, beren herria bezain oparoak eta aldakorrak diren ohiturak gorde dituzte. Jokaera horren adierazgarri, Nafarroako foruan ere ohitura arau idatziei gailendu izan zaie.

Gabonak: Olentzero eta uraren erritoa

Eguberrietan ohikoak diren jaiotzak, afariak eta gabon-kantak Nafarroan bestelako ohitura zaharrekin nahasten dira. Lesakan sortu eta baserri zein kaleetara zabaldutako ospakizun batean, Olentzero, ikazkin tripandi eta zurruteroa, menditik jaisten da Gabon gaueko berria ematera eta haurrentzako opariak banatzera.

Urteko azken gauean, Urdiain eta beste leku batzuetako gazteek uraren erritoa egiten dute: iturriko ur berria pitxerretan bildu eta, gabonsariaren truke, agintariei eta auzokoei eskaintzen diete.

Babaren Erregea

Urtarrilaren bostean Errege eguneko kabalgata ikusgarriak antolatzen dira Nafarroa osoan. Biharamun goizean, Zangozan, “Erregeen Misterioa” izeneko auto sakramentala antzezten da kalerik kale, eta Iruñeko Katedraleko klaustroan gurgarri erakusten dituzte hiriko sainduen eta gizon prestuen erlikiak.

Errege egunaren bezperan ume askok aurkitzen dute, zirrarak harturik, “baba” bat edo opari txiki bat beren Errege-errosko puskan sartuta. Ohitura zahar honen atzean dagoen haur jaian umeetako bat koroatzen zuten errege antzera. Gaur egun ere hala egiten da, eta urtarrilean, jauregi, eliza edo gaztelu batean, “baba” irten zaion herriko haurra Nafarroako Errege izendatzen dute, Erdi Aroko zeremonia berarekin.

Inauteriak

Inauteriak, batik bat Nafarroako iparraldekoak, bereziak dira. Ituren eta Zubietako jendeak, mozorroturik, joaldun edo zanpantzarrekin batera joaten dira herri batetik bestera. Ospetsuena, ordea, Lantzeko inauteria da: bertan, Miel Otxin izeneko bidelapurra irudikatzen duen lastozko panpina handi bat erretzen dute.


Romería

Erromes bat, gurutzea daramala, Uxueko erromerian.

Xabierraldia

Martxo haizetsuko bi asteburutan, milaka erromes biltzen dira Xabierko Gazteluan, Nafarroako leku guztietatik oinez etorriak. Erlijioa eta ohiturak uztartuz, herri ospakizun hau, “Xabierraldia”, Nafarroako zaindari den Frantzisko Xabierkoaren sorlekuan biltzen da, isilik eta jendetsu.

Ostiral Santuko arratsalde partean prozesioak ateratzen dira Iruña, Corella, Lizarra eta beste hainbat herri eta hiritatik. Prozesio horietan airea ere “ikusten da” zutoihal batean irudikaturik.

Larunbat Santuko goizean, El Volatin jiraka ari da etengabe Tuterako Foruen Plazan; bertan ume eta heldu andana daude zain, Erlojuaren Etxetik puxika eta gozokiak noiz botako zain, eta azkenean haien artean eroriko dira El Volatin-en jantzi zarpailduaren puskak ere.

Gauean, Iruñeko Katedraleko klaustroan egiten den prozesioan Kristo Berpiztua eta Haren Amaren arteko Elkartzea irudikatzen da.   

Aingeruaren Jaitsiera

Hurrengo egunean, Tuterako Pazkoan ospatzen den Aingeruaren Jaitsieran ume bat iristen da airez, Andre Mariari dolu-oihala aurpegitik eranzteko. Handik hurbil, Cabanillasen, Jesukristo eta Andre Doloretakoa elkartzen diren prozesioaren ondoren, bertakoak Judasi segika doaz, lepoa egiteko asmoz. Nafarroako kontrako aldean, Luzaiden, bolantek dantzan egiten diote Pazko Loratuari, eta eske ibiltzen dira auzo batetik bestera eta baserririk baserri.

Erromeriak

Udaberrian, ermita eta santutegietara doazen erromeri ugariak hasi aurretik, Aralarko Aingerua bisitan doa soroetara, herrietara eta Iruñera, askotan euri onuragarria berekin dakarrela. Nafarroa osoan erromerian nonahi egiten dira, adibidez Uxuen, Oskian, Orreagan, Sorladan, Kodesen, Katalainen, Arguedasen (El Yugo), Irunberrin, Labianon eta Altsasun. Herrietako plazetan Maiatzeko Zuhaitza paratzen dute: enbor luze hau, buruko adarretan salbu soildua, udaberri emankorraren iragarlea da.


Encierro

San Ferminetako entzierroak.

San Ferminak eta udako jaiak

Udaberria San Joan gaueko suekin hasten da. Urteko gaurik labur eta argitsuena den horretan traste zaharrak erretzen dira, oztopo direlako urteko sasoi onenean norbera nahi bezala bizitzeko. Aldi berean, hain zuzen, Nafarroako herrietako jaiak hasten dira, eta haietako ezagunena mundu zabalean: San Ferminak.

San Saturnino eta San Frantzisko

Udazkena datorrenean ehiztariak basurde eta usotara ateratzen dira. Etxalarren usoak abatak erabiliz joanarazten dituzte sareetara.

Azaroaren 29an Iruñeko zaindaria den San Saturninoren eguna ospatzen da. Herrialdeko saindurik ezagunenak, San Frantzisko Xabierkoak, abenduaren 3a du bere eguna, eta horixe da, hain zuzen Nafarroaren eguna ere.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa