(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Kulturgintza

Oparoa eta era askotakoa

María Bayo

María Bayo sopranoa.

Komunitate txikia eta biztanle gutxikoa izan arren, gaur egun Nafarroan era askotako jarduera kulturalak antolatzen dira. Parte hartzen dute haietan unibertsitateek, udalek, erakunde publiko eta erdi-publiko ugarik, hala nola erakunde pribatuek, hainbat eta hainbat alor bultzatzen baitituzte, besteak beste musika, artea, euskara, literatura, argitalpenak, antzerkia eta ikus-entzunezkoak.

Vianako Printzea Erakundeak, Nafarroako Gobernuaren kulturgintzaz arduratzen denak, ondoko zeregin hauetan jarduten du batez ere: monumentuen eta dokumentuen kontserbazioa eta lehengoratzea, argitalpenak, museo eta liburutegi publikoak eta kultur zabalkuntza.


Leyre

Leireko Monasterioa: Elizaren barrualdea.

Mende erdiz etengabeko lanak egin dira arte-ondarea zaharberritzeko eta kontserbatzeko, eta horri esker orain monumentu-multzo paregabeak ditugu ikusteko. Horra hor, besteak beste, Erriberriko gaztelua, Iruña eta Tuterako katedralak, Artaxonako hiribildua, monasterioak (Leire, Oliba, Irantzu, Iratxe edo Tulebras) eta Orreagako kolejiata.

Gainera, Nafarroa osoan han-hemenka dauzkagu jauregiak, komentuak, elizak, eraikin zibilak, organoak, erretaulak, pinturak eta urrezko lanak.

Azpiegiturak

Azken hamarkadan inbertsio handiak egin dira kultur azpiegiturak hobetu eta ugaltzeko. Ahalegin horien erakusgarri, 2003an zabaldu zen Nafarroako Baluartea, Iruñeko erdigunean eraikitako Auditorio eta Biltzar Jauregia.


Bestalde, XX. mendeko artista plastikorik adierazgarrienetakoa den Jorge Oteizaren lanak erakusgai jarri da haren izena duen Fundazio Museoan. Eraikinaren proiektua, Francisco Sáenz de Oiza arkitektoak egina, Iruña ondoko herri batean gauzatu da, Altzuzan, hantxe baizeuzkan artistak etxea eta tailerra.

Bestalde, Rafael Moneo arkitektoaren proiektuari jarraituz, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia Nafarroako Erregeen Jauregian kokatu zen, Iruñeko ipar-harresiaren gainean.

Horretaz gain, Foru Komunitateak liburutegi eta museoen sare zabal bat dauka. Hona aipagarrienetako batzuk: Nafarroako Museoa, Iruñean; Museo Etnologikoa; Elizbarrutikoa, berau ere Iruñekoa; Eliz Artearen Museoa, Corellan, eta Gustavo de Maezturena Lizarran.

Jaialdiak, biltzarrak eta lehiaketak        

Nafarroako Gobernuak kultur zabalkuntzaren arloan bultzatzen dituen jarduera nagusietako batzuk dira Nafarroako Jaialdiak, Musika Zaharraren Astea eta Erdi Aroari buruzko Ikerketa Astea –biak Lizarran– eta Judaismoari buruzko Biltzarrak, Tuteran.

Halaber, "Punto de Vista" Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia aipatu behar da, Kultura eta Turismo Departamentuak antolatua dagoena.

Azpimarratzekoak dira, halaber, Vianako Printzea Erakundeak ondoko alor hauetan antolatzen dituen lehiaketak: kantua (Julian Gayarre), biolina (Pablo Sarasate), eskultura eta pintura, eta literatur sorkuntzarako sariak. Kultur jarduera horien guztien lagungarri, udalerri nagusietako berrogei kultur etxeek ere ikastaroak eta erakustaldiak antolatzen dituzte.

Bestelakoak

Musika arloan nabarmentzeko erakundeak dira Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Iruñeko Elkarte Filarmonikoa, Iruñeko Orfeoia, Iruñeko “La Pamplonesa” musika banda, Ganbarako Abesbatza eta Katedraleko Musika Kapera. Gainera, herri nagusien artean ez dago abesbatza edo musika banda ez duenik, eta musika eskolek, udaletakoek zein pribatuek, ikasleak bidaltzen dituzte Pablo Sarasate Musika Kontserbatoriora.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa