(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Bilatzaile erabili!

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Technorati
  • Google
  • Facebook
  • Yahoo

Erresuma

Sorrera eta bilakaera

Sortu zenean, IX. mendean, Nafarroako Erresumaren izena Iruñeko Erresuma zen, eta hasieratik haren gobernu-tresna izan zirenak, Foruak alegia, bertakoen antzinako ohituretan oinarrituta zeuden. Litekeena da geroago, Erdi Aroan, erromatarren eta bisigodoen zuzenbidearen kutsua baitaratu izana.

Nafarroan, boterean parte hartzen zuten agintariak (Erregea, Auzitegiak, Gorteak) eta kontrol erakundeak (Gorteak, Erresumako Diputazioa) oinarri teorikoak izan ziren Erresumako jardun politikoa egituratzeko. Gizartea, Erregimen Zaharrean ohikoa zenez, estamentuetan antolatua zegoen, eta horrenbestez, ezin esan liteke Nafarroako erregimena "demokratikoa" zenik, hitz horrek gaur duen adieraren arabera. Dena den, demokratikoa ez bazen ere, bazen, ordea, konstituzionala, agintarien eta agindupekoen artean gauza guztiz argia baitzen aginte politikoa Erresumako oinarrizko arauen menpe zegoela eta Erresumak kontrol erakundeak izan behar zituela.

Nafarroako autogobernuak historian izan duen bilakaera azterturik, lau aldi bereiz daitezke: 1) IX. mendetik 1515era bitartean Nafarroa erresuma independente bat izan zen; 2) 1515tik 1839ra bitartean Nafarroa Espainiako Koroak bereganatutako erresuma bat izan zen, eta Erregea izan ezik, gainontzeko instituzio guztiak atxiki zituen; 3) 1841etik 1982ra arte Nafarroa Espainiako probintzia bat izan zen, autonomoa administrazio eta zerga alorretan, eta 4) 1982tik, 1978ko Konstituzioaren eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen ondorioz -azken hori Nafarroako autonomia estatutuak duen izena da- Nafarroak, Foru Komunitate bilakatua eta Espainiako autonomien estatuaren osagai, bere instituzio demokratikoak ditu, eta autogobernu maila jasoa dauka.

Garai horietan Erresumako ordezkaritza-instituzioak ondoko hauek izan ziren:

1. Erresuma independentea: Erregea, Gorteak, Errege Kontseilua, Gorte Nagusia (Cort orokorra) eta Kontuen Ganbara.

2. Espainiak bereganatutako erresuma: lehengo instituzio berberak, haietako bat salbu, Erregea Espainiakoa baita, eta Erregeorde baten bidez gobernatzen du. Gorteek garrantzi handiagoa dute, eta Erresumako Diputazioa sortzen da.

3. Espainiako probintzia: Probintzi Diputazioa dauka, eta geroago Foru Kontseilu Administratiboa ere bai.

4. Foru Komunitatea: Lehendakaria, Gobernua eta Parlamentua.

Cortes de Navarra

Nafarroako Gorteen batzarraldia.

Diputación de Navarra

Foru Diputazioa irudi zahar batean.

1512an gerra galduta, Nafarroa Gaztelaren eskuetara pasatu zen, baina erresuma izaerari eutsiz eta berezko instituzioak gordez. Erregearen ordezkaria, erregeordea, Iruñean egonen zen, eta Erresumak beste instituzio politiko batzuk izanen zituen: Errege Kontseilua, goi mailako justizia organoa izanen zena; Gorte Nagusia, auzitegi tekniko gisa jardunen zuena, eta Kontuen Ganbara, Ogasun eta Ondare auziez arduratuko zena.

Erdi Aroko monarkiatik Aro Modernora iragateak eta erregearekiko urruntasunak -fisikoa eta psikologikoa- Erresumako Gorteen garrantzia areagotu zuten, eta nafarren ordezkari bilakatu zuten Erregearen asmoen aurrean. Izan ere, Nafarroako Gorteek Espainiako beste erresumetakoek baino ahalmen handiagoa izan zuten, batez ere Koroaren esku utzi beharreko diru kopuruari zegokionez (dohaintza). Gorteek Koroaren arau guztiak aztertu behar zituzten, haietan bidegaberik edo kontraforurik ote zegoen jakiteko.

Bi bide zeuden Erregearengandik zetozkeen bidegabekeriei aurre egiteko: foru-baimena eta legeak argitaratzea. Tresna horietako lehenaren arabera, erregearen zedulek foru-baimena jaso behar zuten Erresumako Errege Kontseiluaren partetik, lehenago Erresumako Diputazioari entzunda. Hala ere, legeak berrestean erregeak aldaketak egin zitzakeen Gorteen erreguan, Erresumaren interesen kaltean. Horrelakoetan Gorteak argitaratzeko eskubideaz balia zitezkeen, tramite hori betetzen ez bazen legeak ez zuelako indarrik.

Gaztelan sartzean, Nafarroan dinastia berri bat ezarri zen, eta nazioartean zuen entzutea galtzearekin batera, Erresumak gerra eta bakea deklaratzeko eskubidea ere galdu zuen. Hala ere, Nafarroak erresuma izaten jarraitu zuen, Estatu baten bereizgarri diren instituzioekin: botere legegilea (Gorteak), botere betearazlea (Errege Kontseiluaren eta Erresumako Diputazioen esku) eta botere judiziala, azken auzialdia Nafarroan gauzatzen zen eta. 

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa