Alerta 3: aldamio gurpildun batetik, altueratik, erori eta aldamioa eraistea
2017ko maiatza
Istripua:
- Kanpoan, etxebizitza-eraikin batean, egindako pintura-lanak.
- Lurretik 6,5 metro gora dagoen eremura iristeko, langileak normalizatu gabeko aldamio gurpildun bat erabiltzen du –aldamio hori betiko horietako bat da, egiturazko elementuak falta zaizkio eta laneko dorre mugikor moduan erabili ohi da.
- Langilea aldamioaren plataformaren bazterretik erori da eta erortzearekin batera aldamioa desegonkortu eta eraitsi da. Langileak zauri larriak izan ditu.
Zergatiak:
- Aldamioa desegonkorra da, ez delako altuera/zabalera erlazioa kontuan hartu eta ez direlako gurpilak balaztatu.
- Aldamioa oker muntatu da; zenbait elementu (gurutzetak eta barandak) falta zaizkio.
- Laneko ekipamendu desegokia aukeratu da; ez da bete altuerako aldi baterako lanetarako laneko ekipamenduak erabiltzeari buruzko 1215/1997 Errege Dekretuan ezarritakoa.
- Ez da altueratik erortzeko arriskua identifikatu dagoen arrisku-ebaluazioan.
Prebentziozko gomendioak:
- Egin beharreko lanak planifikatzea, hots: altueran aldi batean lan egiteko laneko ekipamendu segurua aukeratzea (plataforma jasotzailea, zuzen instalatutako aldamio normalizatua...).
- Kontuan izan behar dira laneko ekipamenduak aukeratzeko orduan egin beharreko lanen ezaugarriak eta ingurua, ez soilik irizpide ekonomikoak. Halako lanak egiteko izan badira bestelako alternatibak, hala nola pertsonak mugitzeko plataforma jasotzailea, aldamio normalizatuak... Enpresak justifikatu beharko du zein alternatiba aukeratzen duen eta, betiere, bermatu beharko du haren erabilerarekin lotutako arriskuak kontrolpean daudela.
- Enpresaren arrisku-ebaluazioan enpresako langileek egiten dituzten lan guztiak sartuko dira.