Castellano | Euskara | Français | English
Istripua:
Langile batek solairuarte batean zegoen zerra eskuairatzaile bat erabili behar zuen. Makinaren inguruak zikin eta desordenaturik zeuden, zerrak eragindako txirbilez, ebakinez eta hormaren kontra pilatutako materialen hondakinez estaliak. Langilea ingurua garbitzen eta txukuntzen ari zela, zurezko zorua hautsi eta 3 metro behera erori zen, beheko solairura, zuloan barna.
Solairuartea enpresa espezializatu batek eraiki zuen; metalezko egitura bat zuen eta, haren gainean, zurezko plaka aglomeratuen zoru bat, 3 zentimetroko lodierakoa. Zuloak bi plaka aglomeratu hartu zituen eta hormaren kontra zegoen, nabearen estalki pean. Eremu horretan eta estalki pean ezarritako plaka isolatzaileetan, iragazitako urak eragindako orbanak hedatu ziren. Orbanak solairuarteko zoruaren eremu zabal batean ere ikusgai ziren eta txirbilak, ebakinek eta bertan bildutako materialek estaltzen zituzten. Orbanak eta zoruaren deformazioak (kasu honetan, sabaiarenak) agerikoak ziren beheko solairutik eta aurrez ere hautsi izan ziren plaka aglomeratuak eta, ondorioz, erori goian bildutako materialetako zenbait.
Arrazoiak:
Zurezko zorua kaltetua zegoen, nabearen estalkitik euri ura iragazi zelako. Langileak zapaltzean hautsi zen.
Solairuartearen antolamendu eta garbiketa baldintzak eskasak ziren: zurezko zoruan pilatutako zikinak (zerrautsa, txirbilak, ebakinak, materialak, etab.) eta anabasak ez zuten ikusten uzten zenbateraino kaltetua zegoen zorua. Beheko solairutik bai, handik ikusgarriak ziren solairuarteko zoruko kalteak.
Nabearen mantentze-lanen egoera urria zen. Litekeena da iragazketa gertatzea inguruko zorrotena edo nabe horren eta ondokoaren arteko erretena buxatu delako. Horrek ondorioz, ura pilatu bide zen, mailaz igo zen eta estalkiko plaken azpira iragaziko zen. Horman eta solairuarteko zoruan zeuden hezetasun arrastoek erakusten zuten iragazketak denbora tarte luze batez gertatu zirela eta aldi horretan ez zirela konpondu ez iragazketa ezta zurezko zoruan eragindako kalteak ere.
Prebentziozko gomendioak:
Laneko tokiek aldizkako mantentze-lanak behar dituzte, erabilera baldintzek bete ditzaten beti proiektuaren zehaztasunak, langileen segurtasunari eta osasunari eragin diezaieketen gabeziak azkartasunez konponduz; horretarako antolamendu, garbiketa eta mantentze-lanetarako plan egokiak izan beharko dituzte.
Kasu jakin honetan, solairuartea garbi eta txukun izan beharko da, ez da baimenduko zerrautsa, txirbilak, ebakinak edo materialak pilatzea zoruan. Partikulak arnastearen ondoriozko higiene arriskuez gain, maila berera erortzea edo, oraingoan bezala, zurezko zorua kaltetzea edo narriatzea, sute arriskua ere handitzen duen faktorea da, eta zaildu egiten du balizko ebakuazio bat.
Era berean, eraikinen mantentze prebentiborako plan bat egin behar da, aldizkako ikuskapenak eta jarduketak eginez, ura ateratzeko elementuak zaintzeko eta estalkiak egoera onean eta garbi izateko, balizko beste kalte batzuk ikusgai eginez. Nolahai ere, lehen iragazte zantzuak azaldu zirenean berehala jokatu beharko zen, jatorria identifikatzeko eta azkar konpontzeko. Mantentze plan bera zabalduko da lan ekipoetan, kasu honetan, zerran dagoen erauzketa gailua konponduz eta behar bezala mantenduz.