(Edukira Joan)

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren
Institutua

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

11. Alerta: Kontaktu zuzena goi tentsioko aire linearekin teilatu gaineko lanak egitean

 

2021eko ekaina

Istripuaren deskribapena:

- Lantoki baten teilatuan itoginak konpontzea zen lanaren helburua.

- Azpikontratatutako enpresa bateko langilea arduratu zen lan hori egiteaz.

- Teilatuaren gainetik, goi tentsioko aire linea elektriko bat pasatzen zen.

- Langilea aluminiozko eskailera mugikor batetik igo zen teilatura, bi fasetan: lehenengo eta behin, markesina baten goiko aldera igo zen, eta, bertan zegoenean, eskailera eskuz igo zuen, teilaturaino heldu ahal izateko.

- Une horretan, langilearen kontaktu elektrikoa hasi zen, eskaileraren eta bere gorputzaren bidez.


Istripuaren arrazoiak:

- Eskaileraren goiko aldea linea elektrikoaren inguruan sartzean, arku elektriko bat sortu zen.

- Esku hartu zuten enpresetako batek ere ez zuen aurretik identifikatu goi tentsioko linea elektriko bat zegoenik, eta, beraz, ez zituen linea horrekin lotutako arriskuak antzeman.

- Lanak planifikatu gabe zeuden, eta, ondorioz, langileek unean bertan hartu behar izan zituzten erabakiak.

- Langileei emandako eskailerak ez zuen altuera aski lan horiek egin ahal izateko eta, ondorioz, langileak aldez aurretik markesinara igo behar izan zuen, ondoren teilatura iristeko.

- Eskaileraren altuera ez zenez aski, lan prozedura desegokia izan zen.

- Enpresa jardueren artean koordinazioa ez zen eraginkorra izan, dokumentu orokor huts batean oinarritu baitzen. Bertan, ez zen jasotzen linea elektrikoa zegoenik, eta, halaber, ez zen zehazten teilatuan egin beharreko lanak zein ziren.

- Lantokiaren titularra den enpresak egindako arriskuen ebaluazioa osatu gabe zegoen, ez baitzen linea elektrikoa zegoenik jasotzen. Ebaluazio hori funtsezkoa da enpresa jardueren koordinazioa eraginkorra izan dadin.

- Istripua izan zuen langilearen enpresak egindako arriskuen ebaluazioa osatu gabea eta orokorra zen, ez baitzituen jasotzen istripua izan zuen langileak egin beharreko lanak (teilatuko itoginak zigilatzekoak), eta, gainera, ez baitzituen identifikatzen lantokiaren ezaugarri zehatzak.

- Ez ziren bete eskailerak erabiltzeko jarraibideei buruzko eskuliburuan erabilera seguruaren gainean ezarritako neurriak.

- Ez ziren hartu kontaktu elektrikoen aurrean babesteko neurriak (hesiak, balizamendua, seinalizazioa…).

- Langileak prestakuntza falta zuen. Linea elektroniko bat zegoela jakin arren, lanak egin zitzakeela uste zuen, ez baitzekien zein den linea elektrikora arte egon behar den gutxieneko segurtasun tartea.


Prebentziozko gomendioak

- Edozein lan egin baino lehenago, planifikatu egin behar da, besteak beste, alderdi hauek kontuan hartuta: tokia, baldintzak, beharrezko ekipoak, izan ditzakeen arriskuak eta hartu beharreko prebentzio neurriak.

- Lantokiaren titularra den enpresak arrisku guztiak identifikatu behar ditu, enpresa jarduerak modu eraginkorrean koordinatu ahal izateko. Arrisku horiek enpresaren arriskuen ebaluazioan aurreikusita egon behar dira.

- Horretaz gainera, enpresa jarduerak benetan eta eraginkortasunez koordinatu behar dira, eta informazioa aldez aurretik trukatu behar da, jakiteko zein diren baldintzak eta arriskuak, eta prebentzio neurririk baden edo ez.

- Istripua izan duen langilearen enpresak egindako arriskuen ebaluazioan lan guztiak jaso behar dira, kasuan kasuko lantoki guztietako arrisku zehatz guztiak identifikatuta eta ebaluatuta. Horrez gain, prebentzio eta babes neurriak ezarri behar dira, arrisku horiek gauzatu ez daitezen.

- Enpresariak langileen esku jarri behar ditu lanak egin ahal izateko beharrezkoak eta egokiak diren ekipoak, langileen segurtasuna eta osasuna bermatu dadin.

- Tentsio elementuetatik hurbil egin behar bada lan, beharrezko neurri teknikoak hartu behar dira (oztopo fisikoak, balizamendua, seinalizazioa eta abar), langileen kontaktu elektrikoa saihesteko. Gainera, lan horiek pertsona eskudunaren zaintzapean eta kontrolpean egin behar dira.

- Era berean, laneko ekipoen fabrikatzaileek ezarritako segurtasun neurriak bete beharko dira.

- Laneko arriskuen prebentzioaren gaineko prestakuntza egokia eta nahikoa eduki behar da. Horren barruan sartzen da, hala badagokio, arriskuen gaineko nahiz arriskuak saihesteko hartu beharreko babes eta prebentzio neurrien gaineko prestakuntza teorikoa eta praktikoa. Prestakuntza hori aldian-aldian eguneratu behar da.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa