(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Osasun Departamentuak azken hamarkadan Sexu-Transmisiozko Infekzioetan izandako gorakadari aurre egiteko kanpaina abiarazi du astelehena, 2018.eko urriak 22


CON lemapean, kanpainak sexu-hezkuntzarako, preserbatiboak bezalako prebentzio-produktuetarako nahiz osasun-zerbitzu egokietarako sarbidea du ardatz, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) prebentzioa sustatzeko xedez egin dituen gomendioen harira


Fernando Domínguez kontseilaria, María José Pérez eta Leire Blasquiz. ( irudia handitu )

Osasun kontseilari Fernando Domínguezek Osasun Sektorearen Sexu-Transmisiozko Infekzioen aurkako 2016-2021eko Munduko Estrategiaren barnean eta Osasunaren Mundu Erakundearen babespean antolatutako kanpaina aurkeztu du gaur. Harekin batera izan dira María José Pérez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, eta Leire Blasquiz, Hegoak erakundeak, HIESaren aurkako Nafarroako Herritarren Batzordeak, Andraize sexu eta ugalketako osasun zentroak, Kattalingorrik eta GIB/HIESari laguntzeko SARE elkarteak antolatutako Gozamenez/Con mucho gusto programaren koordinatzailea.

Jendaurreko agerraldian, Domínguezek Sexu-Transmisiozko Infekzioek (STI) Nafarroan nahiz Espainian eta inguruko beste herrialde batzuetan hartu duten goranzko joera nabarmendu du, bereziki klamidia, gonokozia eta sifilisarena, baina GIB/HIESa ahantzi gabe. Eta horri erantzuteko Nafarroan abian jartzen ari diren ekintza-ildoak zehaztu ditu, 2019an STIak prebenitzeko programa berri batean bildu eta indartuko direnak.

Ekintza-ildo horiei atxikita daude informazio eta zainketa epidemiologikoko sistema; eritasun horietako batzuen aurkako Txertaketa Programa (sexua gizonekin praktikatzen duten gizonendako A hepatitisaren aurkako txertaketa kanpaina espezifikoa barne hartuta); adituen arteko lan-taldeen sorrera (Sexu-Transmisiozko Infekzioei buruzko Lan Batzordea tarteko); diagnosi eta tratamendu goiztiarra, osasun zentroetako nahiz sexu eta ugalketako osasun zentroetako arreta-protokolo berezia duena.

Halaber, ekintza-ildoen artean sartu dira, sexu eta ugalketako osasun zentroetan, osasun zentroetan, osasun eskoletan, ikastetxeetan eta kanpainari atxikitako gainerako gizarte-esparruetan hedatutako sexualitateari buruzko informazio, sentsibilizazio eta hezkuntza ekintzak.

Kanpaina

“Ebidentzia zientifikoan oinarritutako sexualitate-hezkuntzari buruzko 2018ko nazioarteko orientazio teknikoak” (OME, ONUSIDA, UNICEF) eta UNESCOren, Gaixotasunen Kontrol Zentroen (CDC) eta abarren aholkuak aintzakotzat hartuz, gaur aurkeztu den kanpainaren bitartez, STIetan izandako hazkundeaz eta horiei atxikitako konplikazioez sentsibilizatu nahi dira herritarrak, oro har, eta gazteak, bereziki, eritasun horien sintomen berri emanez, susmoa izanez gero nora joan azalduz eta preserbatiboaren erabilera sustatuz, arras metodo eraginkorra baita eritasun horiek eta nahigabeko haurnaldiak saihesteko, betiere sexualitate positibo, osasungarri, seguru eta anitzaren ikuspegitik eta STIen joerari buelta emateko, gizon-emakumeen osasun sexuala sustatzeko eta pertsona guztien ongizatea bultzatzeko helburuari jarraiki.

Horretarako, kanpainak 4 ardatz garatu ditu edukiei dagokienez: STIei buruzko informazioa; susmoa eragin dezaketen sintomak identifikatu eta horrelakorik izatekotan nora jo daitekeen zehaztea; sexu-jardun seguru eta osasungarriak sustatzea; eta sexualitate positibo, osasungarri eta eta segurua bultzatzea, norberaren zainketaren ikuspegitik zein harremanei buruzko etikaren, bestea zaindu beharraren, tratu onaren eta gizon, emakume, sexualitate eta abarren aniztasunaren ikupegitik.

CON lemapekokanpaina 2018ko eta 2019ko hainbat unetan egingo da Nafarroako geografian zehar, honako ekintza hauek barne harturik:

· material elebidunen edizioa eta banaketa (saltokietan, sexu eta ugalketako osasun zentroetan, osasun zentroetan, oinarrizko gizarte zerbitzuetan, gazteen zentroetan, kirol eta aisialdirako gizarte espaparruetan…),

· bideoak sare sozialetan eta zinema-aretoetan

· irrati-iragarkiak

· kartelak autobusetan eta markesinetan

· kontsultak egiteko web-atalaren sorrera

Eskuliburuak STIei buruzko informazio orokorra bilduko du –zer diren eta nola kutsatzen diren–, klamidiei, gonokoziari, sifilisari eta bereziki GIBari arreta berezia ematez –sintomak eta tratamendua–, eta osasun zentroetara, sexu eta ugalketako osasun zentroetara HIESaren aurkako Herritarren Batzordera edo SAREra jotzeko gomendioa eginez, arriskuko praktikak izan edo infekzioa hartu izanaren sintomak agertzekotan.

10 karteletan nahiz bideotan eta irrati-iragarkietan, aipatutako ardatzak landu eta honelako testuak txertatuko dira: “Bizi/Vive CON”, “Zaren modukoa zarela/Seas como seas CON”, “Gozatu/Disfruta CON”, “Sentitu/Siente CON”, “Giro ona/Buen rollo CON”, “Kankanea CON”, “Parrandan/De fiesta CON”, “Mugidarik ez/Cero movidas CON”, “Errespetua/Respeto CON” eta “Osasuna/Salud CON”.

Horietan guztietan, halaber, Nafarroan Sexu-Transmisiozko Infekzioetan zein nahigabeko haurdunaldietan izandako hazkundea nabarmenduko da.

STIak ezagutzea, susmoak eta nora jo

STIak, besteak beste, bakterioek, birusek edo onddoek eragindako infekzioak dira, eta bagina, uzki edo aho bidezko koitoa tarteko duten harremanen bitartez kutsatzen dira, baldin eta pertsonetako batek infekzioa badu eta prebentzio-neurririk hartzen ez bada.

Kutsatuta egoteko susmoa sor daiteke, era horretako praktika sexualak izan eta sintoma hauetakoren bat agertzen denean:

- Zauriak edo ultzerak alde genitalean, minarekin zein minik gabe.

- Zornezko sekrezioak genitaletan (baginan, zakilean) edo uzkian.

- Mina edo erresumina pixa epitean.

- Ohi ez bezalako fluxu genitala edo uzkiko fluxua.

- Mina sabelaren beheko aldean.

- Barrabiletako mina, gizonengan.

- Mina sexu-harremanak izatean, emakumeengan.

- Hilekoen arteko odol-ateratzea.

- Lesioak ahoan edo orbanak larruazalean.

Baina STIak sintomarik gabekoak ere izan daitezke. Gehienek, garaiz antzemanez gero, oso tratamendu egokia dute antobiotikoen laguntzaz.

Zalantzarik edo susmorik izanez gero, Osasun Departamentuak osasun zentrora, sexu edo ugalketako osasun zentrora, SAREra nahi HIESaren aurkako Herritarren Batzordera jotzea gomendatzen du.


Domínguez, Pérez eta Blasquiz Gozamenez / Con mucho gusto osatzen duten elkarteetako ordezkariekin. ( irudia handitu )

Preserbatiboaren erabilera: abantaila bikoitza

Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) esanetan, ebidentzian oinarritutako prebentzioak hobeto funtzionatzen du STIen nahiz prebentzio-metodo primarioen ulermena barne hartzen duten portaerari buruzko ikuspegien eta ikuspegi biomediko eta estrukturalen arteko konbinazio estrategikoa dagoenean, STIk kalteturiko pertsonei nahiz kalte hori pairatzeko arriskuan dauden gazteei eta nerabei arreta berezia emanez.

Portaeraren arloan prebentzioa eraginkorra izan dadin har daitezkeen neurrien artean, OMEk gizonezko nahiz emakumezkoentzako preserbatiboen erabilera sistematikoa sustatzea aipatu du, baita sexu-hezkuntza, sexu-bikoteen kopuruaren murrizketa, STIak detektatzeko probak egiten dituzten pertsonen kopurua areagotzea, sexuan hasteko adina atzeratzea eta sexu-ongizatearen sustapena ere.

Horrez gain, nerabe eta gazteengan preserbatiboaren erabilera sustatzeak abantaila bikoitza duela nabarmendu du, STIak eta nahigabeko haurdunaldiak saihesten laguntzen baitu. Horren harira, gizartean STIei buruzko ezagutza indartzen denean, estigmatizazioa eta diskriminazioa murrizten dira, eritasun horiei atxikitako zerbitzuen erabilera egokiaren mesedetan.

Preserbatiboaren erabilera nazioarteko, estatuko zein tokiko hainbat erakundek ere gomendatzen dute; hala nola, Espainiako Epidemiologia Elkarteak (EEE), Familia eta Komunitate Medikuntzaren Espainiako Elkarteak (semFYC), Lehen Mailako Arretako Medikuen Elkarteak (SEMERGEN), etab.

STIen egoera Nafarroan

STIak eta nahigabeko haurdunaldiak etengabe hazten ari dira azken hamarkadan, Nafarroan ere bai. Hazkunderik handiena klamidietan, gonorrean eta sifilisean gertatzen ari da. STIen ondorioz, atxikitako mobimortalitatearen karga areagotzen ari da (uretritisa, baginitisa, hanturazko gaixotasun pelbikoa, antzutasuna, zerbixeko nahiz umetokiko minbiziak…).

Hazkunde hau Espainian eta inguruko herrialdeetan ere ematen da eta, antza denez, ondoko faktore hauek eragiten dute: informaziorik eza eta sexu-hezkuntzarik eza, babesik gabeko sexu-praktiken eta sexu-bikoteen hazkundea eta azken urteotako jardun klinikoaren hobekuntza, lehen diagnostikatzen ez ziren kasu asko agerian utzi dituena.

Infekzio hauek, nagusiki, 20 eta 34 urte bitarteko bi sexuetako gazteei eragiten die. Gehiago diagnostikatzen dira gizonengan eta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren arabera, hau icerbergaren tontorra baizik ez da, izan ere, kasu askotan ez da sintomarik ageri, bereziki emakumeengan (STIek sintoma gehiago ematen dituzte gizonengan).


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa