Castellano | Euskara | Français | English
Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa: navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.
Ikusi egun honetako albiste gehiago
Foru Exekutiboak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektua onartu du gaurko bileran
Transcripción textual del video
Foru Gobernuak Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektua onartu du gaurko bileran, horrelako tokiak izendatu, babestu, kontserbatu eta ezagutzera emateko, eta horrela, memoriaren transmisiorako esparrutzat baliatuz, bake eta bizikidetzaren aldeko kultura sustatzen laguntzeko, tolerantziaren eta Giza Eskubideen errespetuaren balioei loturik.
Proiektu honen bitartez, Exekutiboak toki horiek babestu, seinaleztapena eta kontserbazioa arautu eta horien ezagutza sustatu nahi du, antzinako leku izugarri horiek oroimenaren babesleku eta bake eta bizikidetzaren balioen transmisiorako esparru bihurtzeko xedez.
Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok Gobernuaren bileraren ondoko prentsaurrekoan azaldu duenez, bizikidetza Exekutiboaren helburu nagusietakoa izanik, “memoriak protagonismo osoko eginkizuna bete behar du”. Testuinguru honetan, “memoriaren tokiei buruzko lana Memoria Historikoaren arloko lan-ildoetako bat izan da” gaineratu du. Lege proiektu hau, haren esanetan, “beste urrats bat baizik ez da, Gobernu honek memoriaren nahiz 1936ko kolpe militarraren ondoko bidegabeko indarkeria jasan zutenekiko oroimenaren alde hartu duen konpromisoaren barnean”.
Lege honek areago finkatuko du Nafarroaren erreferentzialtasuna gai honi dagokionez, joan den martxoan 13 autonomia-erkidegoren parte-hartzeaz Nafarroan antolatu zen Memoria Historikoaren Autonomia-arteko Sarearen I. Topaketan argi geratu zenez.
Luze gabe Nafarroako Parlamentura igorriko den arau honen testua parte-hartze bidezko prozesu baten bitartez landu da, erakunde, gizarte-eragile nahiz herritarren inplikazioarekin.
Memoriaren Tokiak
Foru Lege proiektuaren arabera, Memoriaren Tokia izanen da Nafarroan finkatu eta aintzat aldarrikatu eta erregistratutako esparru fisikoa, memoriaren ondare historikotzat Foru Komunitatearen interesekoa dena, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eta gerokoko errepresio frankistan zehar herritarrei eragindako errepresio eta indarkeriazko gertakari garrantzitsuekin loturikoa.
Hortaz, halakotzat aldarrikatu ahalko dira 1936ko kolpe militarraren ondoren fusilatu edo desagertutako pertsonen banakako zein taldekako hilobiak eta ehorzketa-lekuak; indarkeria eta errepresio frankista jasan zuten pertsonak atxilotzeko eta hiltzeko erabili zituzten tokiak; frankismoan preso hartutako pertsonen bortxazko lanaz eraikitako obra publikoak, eta geroztik, frankismoaren biktimen oroimen, errekonozimendu nahiz erreparaziorako esparrutzat sortutako memoriaren lekuak.
Belaunaldien arteko transmisioa
Toki horiek eta horietan gertatutakoa bildu eta Memoria duten Eskolak programan txertatzea da arau berri honen berritasun nagusietako bat. Horrekin batera, Administrazioak memoria historikorako sarbidea erraztuko du Informazio eta Komunikazio Teknologien laguntzaz, eta hauexen bitartez emango du ezagutzera Nafarroako memoriaren tokiei buruzko informazio guzti-guztia. Honek esan nahi du, memoriaren ondare historikoaren ikuspegitik garrantzi handikotzat jotzen diren tokien kasuan, bisita birtualak egiteko aukera izanen dela.
Edukia
Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko Foru Lege proiektuak bost titulutan banatutako 25 artikulu ditu.
Berritasunen artean, II. Tituluak Memoriaren Toki izendatzeko eta toki horien erregistroa sortzeko prozedurak zehaztu ditu.
III. Tituluak tokien babesa eta kontserbazioa ditu ardatz, eta IV. Tituluan horiek zabaldu eta ezagutzera emateko lanak zehaztu dira. Nafarroako memoria historikoaren tokiak bildu eta Memoria duten Eskolak programan txertatuko dira, irakaskuntza-maila guztietan. Gainera, memoriarako sarbidea erraztuko da teknologiaren bitartez.
Azkenik, V. Tituluan Zigor Araubidea zehaztu da. Hartara, Foru Lege honetan ezarritako betebeharrak haustea dakartzan ekintzak edo ekintzarik ezak titulu honetan jasotakoaren arabera zigortuko dira.
Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen