(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Laneratzea hobetzea, hezkuntza sustatzea eta osasun arloko desberdintasunak murriztea dira Nafarroako ijitoen garapenerako Estrategiaren helburu nagusiak osteguna, 2018.eko abuztuak 30


Helburuen artean, arreta berezia emanen zaie gazte ijitoei, langabezian dauden 30 urtetik beherako biztanleen % 100engana iristeko asmoz


Ijitoen estrategia

Nafarroako Gobernuko kargudunak, kolektiboen ordezkariekin batera. ( irudia handitu )

Gizarteratzeko eta Babes Sozialerako zuzendari nagusi Gema Mañuk, Osasun Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaile Mari José Pérez Jarautak eta Hezkuntzako zuzendari nagusi Roberto Perez Elorzak aurkeztu dute ostegun honetan Nafarroako Biztanleria Ijitoaren Garapenerako 2018-2021ko Estrategiaren zirriborroa. Agiri honen bitartez, Nafarroako Gobernuak honako konpromiso hauek bereganatu ditu: ikasle ijitoen arrakasta akademikoa % 15 igotzea, eskola absentismoa gutxienez % 7 murriztea, 30 urtetik beherako pertsonei enplegurako sarbidea erraztea eta, hezkuntza arloko hainbat ekintzaren bitartez, osasun arloko desberdintasunak gutxitzea, kolektibo honen 3.000 pertsonarengana iritsiz. Aurkezpenean, Nafarroako ijitoen erakundeen ordezkariek ere parte hartu dute.

Agiria 2018-2020ko Gizarteratze Plan Estrategikoan ezarritakoaren arabera landu da. Hartara, Nafarroako biztanleria ijitoaren garapenerako Estrategiak, Gizarteratze Planean bildutako ekintza orokorrak Nafarroako biztanleria ijitoaren garapenerako ekintza-politika publikoetan ezarriko diren ekintza espezifikoekin uztartzea proposatu du. Gizarteratzearen ikuspegitik, aurreikusitako neurri eta ekintzek lehentasuna emanen diote herri ijitoaren gizarteratzeari, babes sozialeko sare normalizatuetarako sarbide eta erabileraren bitartez.

Aurrerapauso garrantzitsuak eman diren arren, biztanleria ijitoa erabat gizarteratzeko zailtasunek beren horretan dihardute. Horren harira, Administrazioak giltzarrizko zeregina bete dezake biztanleria ijitoari dagozkion desberdintasunak murrizteko: osasunean, hezkuntzan, enpleguan eta etxebizitzarako sarbidean, besteak beste, gazte eta emakume ijitoei arreta berezia emanez tratu berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren ikuspegitik.

Estrategian, honako jarduketa-esparru hauek zehaztu dira: hezkuntza, enplegua, etxebizitza, osasuna, tratu berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako borroka, partaidetza, herri ijitoaren aitorpen sozial eta instituzionala, eta horri buruzko ezagutzaren hobekuntza. Guztira, 11 helburu estrategiko eta 40 helburu espezifiko aurreikusi dira, eta horien bitartez, Estrategiaren indarraldia bukatzen denean, hobekuntza handiagoak lortu nahi dira enpleguan, etxebizitzarako sarbidean, hezkuntzan eta osasunean, besteak beste, gazte eta emakume ijitoei arreta berezia emanez.

Estrategiak lau urteko indarraldia izanen du eta horren eragina Foru Administrazioko zenbait departamentutara hedatuko da. Horren elaborazioan, Toki Erakundeek, Gizarte Ekimeneko Erakundeek, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek eta ijitoek parte hartu dute. Egun, jendaurreko erakusketa aldian dago Gobernu Irekiaren Atarian, onarpenari ekin baino lehen.

Lanerako eta etxebizitzarako sarbidea

Horrez guztiaz gain, enpleguaren arloan, berariazko prestakuntza-estrategiak aurreikusi dira prestakuntza-baliabide orokorretarako sarbidearekin batera. Helburuetan, arreta berezia eman zaie gazte ijitoei, langabezian dauden 30 urtetik beherako biztanleen eta errenta bermatua jasotzen dutenen % 100engana iristeko asmoz, 2021ean kolektiboaren % 70engana iritsiz.

Era berean, komunitate ijitoarekiko esku-hartzean diharduten erakundeen partaidetza bermatu da plangintzako lurralde batzordeetan, Gizarteratze Plan Estrategikoan jasota zegoen bezala.

Azkenik, kalezko kaleko merkataritza eta hondakin solidoen bilketa arautzen eta normaltzen laguntzeko programa abian jartzea proposatu da.

Etxebizitzaren esparruan garatuko den programaren barnean, hainbat lan ildo aurreikusi dira familiekin etxebizitzarako sarbidea izan baino lehen, baita gizarte-akonpainamendua ere higiezinaren barnean beharrezkoa den kasuetan. Helburua, gutxienez 150 pertsonarengana iristea da. Horrekin batera, etxebizitzarako sarbideari nahiz zaharberritzeari dagozkien baliabide orokorrei buruzko ezagutza eta sarbidea bultzatu nahi da.

Hezkuntza eta osasuna

Hezkuntzaren arloan, desberdintasunak ageri-agerikoak dira bereziki haur hezkuntzan matrikulatzen diren ikasle ijitoen kasuan: % 62,7, biztanleria osoaren % 96aren aldean, eta haien arrakasta akademikoa askoz ere murritzagoa izan ohi da lehen hezkuntzan nahiz bigarren hezkuntzan. Horren karietara, ikastetxeetan laguntzarako neurriak sendotzeko ekintzen bitartez nahiz pedagogia eta laguntzaren mesedeko neurriak eta matrikulazioaren jarraipenerako neurriak abian jarriz, eskola abandonua ahalik eta gehien murrizteko neurriak ere indartuz, desberdintasun horiek guztiak murriztu nahi dira.

Osasun arloari dagokionez, desberdintasun handi-handiak egiaztatu dira. Hori dela eta, Komunitate ijitoarekin osasuna sustatzeko landutako programaren bitartez, kolektibo honen 3.000 pertsona baino gehiagorengana iritsi nahi da, Osasun Publikoaren, Osasunbidearen, Gizarte Zerbitzuen eta sektoreko entitateen arteko lankidetzaren bidez. Haurren osasun programa betetzen laguntzea da ekintzen xede nagusia, txertaketak eta aho-hortzetako osasuna barne harturik, eta horretarako, Osasun Eskolak indartuko dira, tabakismoa, elikadura, ariketa fisikoa eta obesitatea, zahartze aktibo eta osasungarria, ongizate emozionala eta gurasotasun positiboa lehenetsiz. Era berean, kolektibo honi zuzendutako arreta espezializatua sustatu nahi da, bereziki sexu eta ugalketa osasunean eta osasun mentalean, bularreko eta koloneko minbiziaren detekzio goiztiarrerako programetan duten parte-hartzea eta droga-mendekotasunen prebentzioa hobetuz

.

Partaidetza, tratu berdintasuna eta diskriminazioaren aurkako borroka

Ikuspegi orokorretik, Estrategiak giltzarrizko neurriak bildu ditu diskriminaziorik ezaren eta tratu berdintasunaren aldeko ekintzen ildotik, eta horretarako, komunikabideen inplikazioarekin batera, ijito herriari buruzko ezagutza xede duten ekintzak sustatu nahi ditu.

Horrez gain, ijitoek berariazko elkarrizketa-organoetan duten presentzia areagotu nahi da, partaidetzarako kontseilu sektorialen % 50etan gutxienez horien presentzia bermatuz eta ijitoen elkarteak bultzatuz, bereziki gazteei eta emakumeei dagokienez.

Estrategian bildutako neurrien artean, Nafarroako Herri Ijitoaren Kontseilua eratuko da Foru Administrazioaren, Toki Erakundeen, biztanleria ijitoarekin lan egiten duten gizarte erakundeen eta ijitoen elkarteen ordezkarien partaidetzaz. Kontseilua aholku-emailea izango da Nafarroako Komunitate Ijitoari buruzko politiketan eta proposatutako ekintzen jarraipena egiteaz arduratuko da.

Azkenik, Estrategian izaera integraleko programa pilotu baten sorrera aurreikusi da Iruñerako eta Iruñerrirako, Errumaniako ijitoen gizarteratzea errazteko.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Dokumentazioa:
Presentación
Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa