(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ayerdi eta Elizalde kontseilariek Urbasa Andia bisitatu dute, Nafarroako naturagune bisitatuena osteguna, 2018.eko abuztuak 9


Ikusi zuten zer hobekuntza egin diren Parke Naturaleko kanpineko ur-hornikuntzan. Parke Naturalak laster lizitatuko du bere Erabilera Publikoko Planaren idazketa


Ayerdi eta Elizalde kontseilariak eta Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusia, kanpineko langileekin eta bi sailetako teknikariekin.

Ayerdi eta Elizalde kontseilariak eta Turismoko eta Merkataritzako zuzendari nagusia, kanpineko langileekin eta bi sailetako teknikariekin. ( irudia handitu )

Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek Urbasako kanpineko instalazioak eta Urbasa Andia Parke Naturala bisitatu dituzte ostegun honetan. Nafarroako gune horrek 150.000 lagun jasotzen ditu urtean, gutxi gorabehera, eta, horrenbestez, Foru Komunitateko gune natural bisitatuena da.

Urbasa Andia Parke Naturala Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak kudeatzen du, Patronatuaren gainbegiradapean, eta, aurten, bere kudeaketa berrirako baldintzak osatu ditu. Baldintzok erabilera publikoko plan batean zehaztuko dira, eta haren idazketa laster lizitatuko da. Landa Garapeneko sailak 400.000 euroko inbertsioa aurreikusten du 2018an egin beharreko lanetarako.

Instalazio turistikora egin duten bisitan, ur-bilketarako obrak ikusi dituzte. Turismoko Zuzendaritza Nagusiak 225.000 euro inbertitu ditu obra horietan, hornikuntzan lehen zeuden okerrak konpontzeko. Izan ere, oker horiek zailtasun handiak eragin zituzten kanpinaren funtzionamenduan.

Obra horietan, Ayerdik azaldu duenez, bilketa berrirako putzu bat induskatu da, 270 metroko sakoneran, eta bulkatzeko ponpa bat instalatu da. Bigarren fasean, aurrez fabrikatutako andel bat instalatu da, poliester-erretxinan egina. 65.000 litroko edukiera du, eta bi ganberatan zatituta dago, bakoitza 32.500 litrokoa. Honako hauek ere instalatu dira: balbuleria hartzen duen ekipamendu-etxetxoa, presio-multzoko bi ponpako hodiak, koadro elektrikoa eta kloragailua, bai eta ura hornitzeko sare orokorrera konektatzeko hodia ere.

Ayerdi lehendakariordeak adierazi du, halaber, instalazio berriak aurrekoa ordezten duela, zeinak Urbasako Jauregitik gertu dagoen putzu batetik hartzen baitzuen ura, 9 kilometro egiten baitzituen kanpinera, eta konponketa garestiak egin behar izan baitzitzaizkion —eta, hala ere, ezin izan zen konpondu kanpina urez hornitzeko ezintasuna, eta aldi baterako itxita egon behar izan zuen, gainera, 2015. urtearen amaieran—.

Lanak Jocal SL eta Lakita SL enpresek egin dituzte; lehenak putzua zulatu du, eta bigarrenak ur-andela instalatu du.

Urbasako kanpina 1990eko hamarkadaren hasieran inauguratu zen, eta Urbasara iristen zen turismo “berdea” ordenatu eta kontrolatzeko bitarteko bat izan zen. Izan ere, paraje hori Parke Natural izendatu zen 1997an, kontrolik gabe. Establezimenduak zenbait ostatu-modalitate ditu, eta 556 laguni eman diezaieke ostatu. Taberna-jatetxe bat du, eta aukera ematen du naturan jarduerak egiteko. Bisitariei zein bizilagunei eta parkean lan egiten duten langileei ematen die zerbitzua. Balio turistiko ukaezina du, baina baita ingurumen-balioa ere, kanpaldi libreak eragiten zituen inpaktuak kontzentratzen baititu. Haren instalazioek gune horretako garapen ekonomikoari laguntzen diote —gogoan izan Sakanako haranetik zein Ameskoetatik gertu dagoela, Lizarrerrian). Sei langile finko ditu, eta beste sei langile hartzen ditu goi-denboraldian. Jarduera turistikoa sortzen du gune horretan, eta merkataritza aktibatzen du tokiko hornitzaileetan.

11.000 ostatu-gau egiten dira, gutxi gorabehera, modalitate batzuetan eta besteetan (kanpaldi-eremua, aterpetxea, gela anizkoitzak edo bungalowak), eta kopuru hori sendotu egin da azken urteetan. Horri sukaldaritza-jarduera gehitu behar zaio, eta hura ere gorabidean da. Goranzko joera horri eusten laguntzea dute helburu ura hornitzeko oinarrizko instalazio batzuk bermatzeak (hala nola oraintsu gaitu direnak) eta enpresak berak egin dituen mantentze-lanek eta inbertsioek.

Parkearen barruan, Urederraren Iturburuko Natur Erreserbak 150.000 bisitari inguru jaso zituen 2017an, 2016an baino pixka bat gutxiago, eta Foru Komunitate osoko naturagune bisitatuena izaten jarraitzen du. Urbasara 40.000 lagun baino gehiago etorri ziren bisitan uztailean eta abuztuan bakarrik.


Ezkerretik eskuinera: kanpineko kudeatzaile Miguel Eugui, Elizalde kontseilaria, Obra Publikoetako geologo León Zudaire, Maitena Ezkutari eta Manu Ayerdi.

Ezkerretik eskuinera: kanpineko kudeatzaile Miguel Eugui, Elizalde kontseilaria, Obra Publikoetako geologo León Zudaire, Maitena Ezkutari eta Manu Ayerdi. ( irudia handitu )

Turismoa dinamizatzeko programak

Naturan egiten diren paseo gidatuen barruan, ‘Iturrien ibilbidea’ eta ‘Urederraren Iturbururako’ bisita daude. Bideak dinamizatzeko programa horri esker, bigarren urtez ezagutu daitezke Nafarroako zenbait gune natural, 16 mendi-bidetan ibiliz. Lehenengo ibilbidean, 3 ordukoa bera, mapak irakurtzeko eta orientatzeko lantegi bat ematen du Las Montañas de Abril enpresak, eta, horri esker, xehetasunez jakin daiteke nola funtzionatzen duen urak Urbasako lur karstikoan, eta nola sortzen den iturburuetatik. Landa lauetan, pagadietan eta ginebral-guneetan barrena igarotzen da, interpretazio-mugarriekin. Bigarrenak Urederra ibaiaren (ur turkesakoa) ibilgua ibiltzen du, Bakedanotik gora, eta ur-jauzi eder batean amaitzen da. Hori da Nafarroako naturagune bisitatuena, eta, ibilbidea amaitzeko, bisita gidatu bat egiten du Nattura enpresak Gollanora. Jarduerek 7 € besterik ez dute balio.

Halaber, Urbasa mendilerroa ‘Aktore egun batez’ programaren agertokietako bat da. Programa hori Turismoko eta Merkataritzako Zuzendaritza Nagusiak jarri du martxan, eta berriro ematen die aukera bisitariei egun batez aktore bihurtzeko, ‘Robin eta Marian’ filmaren filmazioan parte hartuz, zeinak “Sherwood”-eko basoa islatu baitzuen paraje natural honetan. Hurrengo hitzorduak abuztuaren 26an eta irailaren 2an izango dira. 10 €-ren truke (6 € 18 urtetik beherakoentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta langabeentzat), turistek bertako artisau-produktuz egindako menu eder bat dastatu ahal izango dute grabazioa amaitzean, eta, oroigarri gisa, emaitza editatu egingo da, eta filma posta elektronikoz bidaliko zaie.

Erabilera Publikoko Plana, eta ikerketak Kontserbazio Bereziko Eremuan (KBE)

Bisitan zehar, Elizalde kontseilariak nabarmendu du zenbaterainoko ahalegina ari diren egiten Parke Naturalak kudeatzeko tresnak berritzeko. Batetik, Urbasako eta Andiko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) kudeaketa-plana berrikusiko da, zeina 2007an onetsi baitzen eta iraungita baitago 2013tik, eta arreta berezia jarriko da beste erabilera eta jarduera batzuk babestu eta kontserbatzearekin bateragarri egiten, beharrezkoa baita hori. Bestetik, erabilera publikoko plan bat idatziko da —laster lizitatuko da—, eta patronatuan sartuta dauden eragileek (toki-erakundeak, administrazioak, bazka-batzarrak, toki-garapeneko agentziak eta kirol-elkarte eta -federazioak, besteak beste) elkarrekin egin dituzten oinarrietatik abiatzen da. Horretarako, hiru lan-mahai sektorialek funtzionatzen dute, 2017az geroztik, eztabaida-foro gisa: Abeltzaintza, Baso Kudeaketa Integrala eta Turismoa eta Erabilera Publikoa. Plan horren helburuak dira hautematea zer jarduera eta erabilera egiten diren eta zer inpaktu sortu diren erabilera publikoaren eta turismoaren arloan; jarduera horiek ordenatzea, arautzea eta bateragarri egitea; naturan ahalik eta inpaktu txikiena izatea; eta balioak kontserba daitezen bermatzea, bai eta egin daitezkeen beste jarduera batzuk ere.

Isabel Elizalde da Urbasako Patronatuaren lehendakaria, kontseilaria den aldetik, eta parkearen urteko memoriaren zenbait alderdiri eta 2018rako aurreikusitako plangintzari buruz hitz egin du. Plangintza horretan, aipatutako planak berrikusteko, KBEan orain arte hartu diren neurrien laburpen-txostenen ikerketa bat sartzen da, eta nola baloratzen duen hark, besteak beste, Sakanako korridorearekiko konektibitatea. Horren helburua da iragazkortasun ekologikoa hobetzea eta harrapatzeak murriztea, ugatzak irrati bidez markatzea, linea elektrikoak zuzentzea eta pagadian bigarren mailako espezieak ikertzea eta ezartzea. Zeregin horietarako, 400.000 euro baino gehiagoko inbertsioa aurreikusten da.

Urederraren Iturburuko Natur Erreserbari dagokionez, aurreikusten da aztertzea zer kalte jasan dituen sarrerako mendi-bideak, eta inbertsioak egitea irisgarritasuna hobetzeko eta bisitarien etorrerak bereziki zaurgarria den eta balio ekologiko handia duen ingurune fisikoan eragiten duen inpaktua minimizatzeko.

Horrez gain, Bakedanoko Kontzejuak ere zenbait inbertsio egingo ditu iturburuaren eremuan, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak KBEaren barruan dauden toki-erakundeentzat egingo duen laguntza-deialdiaren bidez. Laguntza horiek bideratuko dira zaintzaren eta erabilera publikoa kudeatzearen gastuetara, hezkuntzara, ingurumen-informaziora, eta jendearentzako arreta eta olgeta-erabilerak hobetzera.

15.000 hektarea baino gehiagoko bazka ekologikoak Urbasan eta Andian

Parkeko abere-kudeaketari dagokionez, kontseilariak nabarmendu du bi mendilerroetako bazketako 15.637 hektareako azalera Nafarroako ekoizpen ekologikoaren ziurtagiriaren barruan sartu dela, Foru Gobernuak bere garaian bi ondare-mendietarako egin zuen eskaeraren ondoren. 15.794 hektarea horietan, Nafarroako ganadu ekologikoa bazkatu ahal izango da, baina horrek ez die mugarik jarriko ekoizpen konbentzionaleko profesionalei.

Ziurtagiriak bermatzen du aprobetxamendu horien kudeaketak betetzen duela ekoizpen ekologikoaren araudia (Europako 834/07 eta 889/08 erregelamenduetan jasoa). Araudi horrek nekazaritza-kudeaketaren eta elikagaiak ekoiztearen sistema orokor bat definitu eta deskribatzen du, zeinak ingurumen-jardunbide egokienak, biodibertsitate-maila altua eta baliabide naturalen zaintza uztartzen baititu.

Baso-esparruan, urtean 11.000 m3-raino igotzea aurreikusten da Urbasako egur markatuaren bolumena, mendi horretako antolamendu-proiektuaren berrikuspenean ezartzen den aukera berriaren arabera.

Elizaldek funtsezkotzat jo du, orobat, parkeko bisiten eta gozamen turistikoaren gaia, erabilera publikoko plan berriaz hitz egiterakoan. Alde horretatik, Urbasa Andiko zaindaritzak egiten duen lana nabarmendu du, zeinak kontrol-, ikuskaritza- eta kontserbazio-lanak egiten baititu parkearen esparru guztian, eta mugaketako sei profesional baititu —Lizarrako eta Aiegiko lantaldeen laguntza jasotzen dute—.

Hondakinen kudeaketa, eta parkean hondakinak murrizteko sentsibilizatzea

Kontseilaria parkeko hondakinen kudeaketaz ere mintzatu da, eta zehaztu du zer ekintza ari diren egiten kudeaketa hori hobetzeko, helburu honekin: hondakinak prebenitzea eta murriztea, eta kudeaketa arrazionalagoa eta eraginkorragoa egitea, dauden espazioko ingurumen-babeserako balioekin bat.

Hondakin Planeko jarraibideei jarraikiz, bisitari asko hartzen dituen naturagune babestua denez, abuztuaren amaieratik aurrera, gaika bilduko dira beirazko ontziak eta bestelako ontziak. Horri lotuta, hondakin organikoen tokian tokiko kudeaketa ere jarri da martxan, sorgailu handien autokonpostaren bidez (ostalaritza-guneetan: kanpina edo bentak).

Ildo beretik, pizgarri baten truke ontziak biltzeko makina bat instalatu da kanpinean, kontzientziazio-elementu gisa, eremuan ontzi gutxiago botatzeko eta jendearen erantzuna testatzeko. Testatze hori lagungarria izango da Hondakinen Foru Legeak planteatzen dituen gordailu-, itzulketa- eta bihurtze-sistemen esperientziak abiarazteko etorkizunean.

Makina uztailetik urrira egongo da jarrita, eta Nafarroako Emausko Trapuketariak arduratuko dira hura artatzeaz. Haiek informazioa emango diete erabiltzaileei, eta makinaren mantentze- eta garbiketa-lanak egingo dituzte. Ontziak Azkoiengo plantara eramango dira, tratatzeko. Azarotik aurrera, esperientzia pilotu horren emaitzak aztertuko dira. Halako beste makina bat ere instalatuko da Lerateko kanpinean, Allotzen.


Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Argazki galeria.

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa