(Edukira Joan)

Logotipo navarra.es

Castellano | Euskara | Français | English

Edukirako tresnak

Ezagutzera eman

  • Meneame
  • Delicious
  • Twitter
  • Google
  • Facebook

contacto de esta sección

Herritarren Arreta
Telefonoa: 948 012012
012*
Ordutegia:
  astelehenetik ostiralera, 8:00ak eta 19:00ak artean.
Helbide elektronikoa:
navarra@navarra.es
* Deiaren balioa: 0,34 euro, iraupena edozein dela ere.

Ikusi egun honetako albiste gehiago

Ingurumeneko Departamentuak Nafarroa guztiko ekitaldi jasangarrietarako baxera berrerabilgarriak aurkeztu ditu Leitzan, 2018ko ekainaren 23an, larunbatarekin larunbata, 2018.eko ekainak 23


13.000 bazkaltiarrek baino gehiagok erabiliko dituzte, irailera arte programaturik dauden 28 ekitaldi baino gehiagotan


Elizalde kontseilaria, erdian, baxera berrerabilgarriaren aurkezpenean. ( irudia handitu )

Larunbat honetan, ekainak 23, Leitzako San Juanetako festetako herri afarian aurkeztuko da jendaurrean Hondakinen Prebentziorako Bulegoak Nafarroako herritar ororen eskura uzten duen baxera berrerabilgarria, ekitaldi jasangarriak egin ahal izateko eta festa eta ospakizunetan hondakinen sorrera prebenitu ahal izateko. Leitzako San Juanetako baxera erabilgarridun herri afaria 1.100 bazkaltiarrendako prest egonen da.

Ekimena Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoak eta Hondakinen Partzuergoak sustatu dute, GAN-NIKen laguntzarekin, eta xedea du praktikan jartzea Hondakinei buruzko Foru Lege onetsi berriaren printzipioak, hots, hondakinen prebentzioa eta murrizketa, legeak debekatuko baitu 2020tik aitzina erabili eta botatzeko baxerak erabiltzea.

Horrela, Prebentziorako Bulegoak talde, elkarte, udal edo kontzejuen esku uzten du berrerabilgarria den baxera kit oso bat, hemendik aitzina festa eta ospakizunak iraunkorragoak izan daitezen eta hondakinen sorrera ahal bezain beste txikiagotzeko.

Baxera sortak honakoak ditu: plater sakona, plater zapala, entsalada-ontzia, azpil sakona, altzairu herdoilgaitzezko mahai-tresnak (koilara, koilaratxoa, sardexka, labana), edalontzia, kafea hartzeko edalontzia eta urarendako pitxerrak.

Baxera berrerabilgarriaren kanpainaren aurkezpena Leitzako Udalean eginen da, 19:30ean, eta bertan izanen dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizalde, Mendialdeko Zerbitzuen Mankomunitateko buru Unai Loiarte, Leitzako alkate Mikel Zabaleta, Nafarroako Hondakinen Partzuergoko kudeatzaile Iñaki Urrizalki eta, horiekin batera, hainbat talde, hondakinen prebentzioarekin jasangarritasun praktika arduratsuak izateko konpromisoa adierazten duten hainbat belaunalditako lagunak.

Varazdin Fundazioa arduratuko da baxera kudeatu eta hornitze lanez, eta, horrekin batera, jaso, higienizatu eta garbitzeaz. Varazdin irabazi asmorik gabeko lan eta gizarteratze zentro bat da, Nafarroako Gobernuaren aitorpena duena 2.000 urteaz geroztik. Gaur egun, Varazdineko plantilla bestelakotasun funtzionala duten eta gizarte bazterketako arrisku egoeran dauden 70 pertsonek osatzen dute.

Festa jasangarriak ekainetik irailera

Prebentzio bulegoak jada jaso ditu baxera berrerabilgarriendako eskaerak Nafarroako hainbat herrigunetatik, eta jada itxiak dauden akordioek adierazten dute osotara 13.000 bazkaltiarrek parte hartuko dutela 2018ko ekaina eta iraila bitartean eginen diren 28 ekitaldi jasangarrietan.

Zehazki, asteburu honetan baxera berrerabilgarriak erabiliko dira Lekunberrin (200 lagun), Obanosko San Juanetan, Garesko Arrieta abesbatzaren urteroko ospakizunean eta piraguismoaren Gares sarian, Berbintzanako euskararen festan eta Lesakako Tantirumairu ikastolako festan. Ondoko asteburuan, San Pedrotan, Betelun (Araxesgoieneko Mankomunitatea), Murchanteko gazteriaren festan (Erriberako Mankomunitatea) eta Orbaizetako festetan (Bidausi).

Baxera uztailean ondoko festetan erabiliko da: Elizondo eta Baztandarren Biltzarra; Arribe eta Uztegi (Araxesgoiena); Petilla Aragoi (Zangozako Mankomunitatea); eta Doneztebe eta Ituren (Malerrekako Mankomunitatea).

Abuztuan, baxera erabiliko da Artzibarko eta Urrozko festetan (Iratiko Mankomunitatea), Bera eta Etxalarren (Bortzirietako Mankomunitatea), Aurizberrin (Bidausi) eta Ribaforadako motozaleen kontzentrazio batean (Erriberako Mankomunitatea) eta Berbintzanan (Izarbeibar).

Azkenik, irailean programaturik dago erabiliko direla Obanosko festetako kaldereteetan (Izarbeibar); Urrozko festetan (Malerreka), Zangozako Auroroen kontzentrazioan eta Altsasuko festetan. Programazio ixteko, urrian Altsasun (Sakana) eginen den Nafarroa Oinez festan ere erabiliko dira.

Uztail-abuztuetarako baxera jasangarrien kupoa betea dago; irailerako, interesa duten pertsona eta kolektiboek eskaera egin dezakete Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoaren https://oprec-navarra.com/ webgunearen bidez, galde-sorta erraz bati erantzunez. Materiala doan uzten da eta garraioa, garbiketa eta galdu edo hondaturiko tresnak talde eskatzailearen konturakoak dira.

 

Prentsa oharra:

Albiste hau osorik izan nahi baduzu PDF artxibo batean sakatu hemen

Nafarroako Gobernua

Jar zaitez gurekin harremanetan | Erabilerraztasuna | Lege abisua | Webaren mapa